Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko abuztuaren 9koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 176
  • Hurrenkera-zk.: 5094
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/08/09
  • Argitaratze-data: 2007/09/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 208. artikuluak dioenez, unibertsitateko ikerketa institutuek erautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Institutuko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarraiki. Bestalde, Ikerketa institutuen Oinarrizko Arautegiko 5.3. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak ekainaren 21ean egin zuen bileran jakinarazi zen Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Ikerketa institutuen Oinarrizko Arautegiko 5.3. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutua UPV/EHUren ikerketa-institutu bat da eta 1964ko azaroaren 12ko Ministerioaren Aginduaren bidez sortu zen (abenduaren 16ko BOE); beranduago, 1982ko irailaren 19an argitaratutako Agindu bidez (1982ko azaroaren 19ko BOE), Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutua izena eman zitzaion.

Zientziaren, teknikaren eta giza zientzien alorreko ikerketan dihardu gehienbat; gainera, ikasketa espezializatuetako eta hirugarren zikloko eta doktoregoko ikastaroetako irakaskuntza-lanak egin daitezke bertan. Halaber, institutuak aholkularitza teknikoa eman dezake bere eskumeneko esparruan.

Arautegi honek arautuko du EAEIko funtzionamendua eta erabakiak hartzeko modua. Nolanahi ere, UPV/EHUko Estatutuetan eta Unibertsitate Institutuen Oinarrizko Arautegian xedatutakoa eta aplikatu beharreko gainerako arauak errespetatuko dira.

Honako hauek dira Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuari dagozkion eginkizunak:

  1. Ikerketa-planak antolatu, gauzatu eta ebaluatzea.

  2. Indarrean dagoen legediaren esparruan, unibertsitateko graduondoko ikasketa ofizialak eta berezko tituluak eta titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta gauzatzea.

  3. Institutuko eta unibertsitateko kideen eguneratzea bultzatzea zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorrean, baita pedagogia mailan ere.

  4. Indarrean dagoen legediaren esparruan, zientziaren, teknikaren, artearen eta giza zientzien alorreko lanak kontratatu eta egitea pertsona fisikoekin eta erakunde publikoekin zein pribatuekin batera.

  5. Euren artean eta UPV/EHUko eta erakunde publikoetako zein pribatuetako ikastegiekin eta sailekin lankidetzan jardutea, irakaskuntza- eta ikerkuntza-lanak egiteko.

  6. UPV/EHUko gainerako organoei euren eginkizunak betetzen laguntzea.

  7. Indarrean dagoen legediaren arabera esleitutako beste edozein eginkizun edo UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak agindutakoak, beti ere bere eskumenen esparruan.

Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuaren irakaskuntza- eta ikerketa-lana ondoren adierazitako alorretara bideratuko da nagusiki: Finantza Ekonomia, Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerkuntza eta Enpresen Antolakuntza eta Zuzendaritza. Era berean, institutuko kideek Enpresaren Ekonomiarekin erlazionatutako gaiak ere aukeratu ahal izango dituzte, horiek ikertu, irakatsi eta horien gaineko aholkularitza emateko.

Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuaren administrazio-egoitza Zubiria Etxea eraikinean dago, hain zuzen ere, UPV/EHUren Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen ondoan (Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, Bilbao).

  1. – Honakoak dira Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuko kideak:

    1. Institutuan arautegian zehaztutako baldintzekin bat sartzen diren UPV/EHUko irakasleak.

    2. Indarrean dagoen legediaren esparruan, aldi baterako doktore ikertzaileak eta doktore ikertzaile iraunkorrak.

    3. Bere diruaz kontratatutako administrazioko eta zerbitzuetako langileak, eta institutuari atxikitakoak, halakorik balego.

    4. Doktorego-programetako ikasleak (prestatze-bidean dauden ikertzaileak barne) eta institutuak irakasteko baimena duen tituluetako ikasleen ordezkaritza.

  2. – Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuari lotuta egongo dira, institutuko kide izan gabe, institutuko jardunean laguntzen duten UPV/EHUko zein kanpoko kideak, baldin eta arautegi honetako 12. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte, bai eta bertako ikasketak egiten dituzten ikasleak ere.

  3. – Institutuak Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari igorri behar dion urteko memoriaren barnean unibertsitateko ikerketa-institutuko kideen eta langileen zerrenda osoa txertatu behar da.

UPV/EHUko Unibertsitate Institutuen Oinarrizko Arautegiko 10. artikuluan xedatutakoari jarraituz sartuko dira UPV/EHUko irakasleak eta ikertzaileak Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutura. Xede horretarako:

  1. – UPV/EHUko irakasleek edota ikertzaileek Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuan ikertzaile gisa sartzeko eska dezakete, baldin eta parte hartzen badute institutuko ikerketa, laguntza teknikoko edo arte-sorkuntzako proiektuetan edo institutuko ikastaroak eta irakaskuntza antolatu eta gauzatzen.

  2. – Edonola ere, Gobernu Kontseiluak onartu behar du UPV/EHUko irakasleak Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuan sar daitezen. Proposamena Institutuko Kontseiluak egin behar du eta, horretarako, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak txostena egin behar du aldez aurretik. Batzordeak institutua atxikita dagoen sailaren txostena izan behar du kontuan, loteslea izan ez arren. Irakasle bat institutuan sartuagatik ere, sailak irakasleari esleitutako eskola-orduak ezin dira ez murriztu, ez aldatu. Salbuespena egiteko, sailak berak txostena egin behar du, eta eskola-ordu horiek berak hartuko dituela eta kalitatekoak izango direla bermatu. Gainera, Gobernu Kontseiluaren onespena ere behar da.

  3. – Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuan ezingo dira sartu UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile izanik unibertsitateko beste ikerketa-institutu bateko kide diren pertsonak.

  4. – Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuak bost urtean behin eguneratu behar du bertako kideen zerrenda, institutuko arautegia indarrean sartzen denetik hasita; horretarako, institutuan lanean jarraitzen duten UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen berri eman behar dio Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari. Hala badagokio, institutuan kide berriak sartzeko eska diezaioke.

Institutuko Kontseiluak kide bati baja eman diezaioke ondorengo kasuetan:

  1. Institutuko kideak berariaz eskatzen badu.

  2. Kideari dagozkion eginkizunak amaituta badaude.

  3. Denbora jakin batean, bi urte baino gehiago, kideak institutuaren helburuak eta funtzionamendua betetzeko ekarpen esanguratsurik egiten ez duela pentsatzen badu Kontseiluak.

    Erabakiak arrazoitua izan behar du, eta eragindako kideak hamar egun balioduneko epea edukiko du, bazkide izateari uzten diola jakinarazten dion komunikazioa jasotzen duenetik, EAEIren zuzendariaren edo idazkariaren aurrean aipatu erabakiaren aurka idatzizko alegazioa aurkezteko. Aipatu alegazioa EAEIren Kontseiluaren hurrengo ohiko bilkuran aztertu eta ebatziko da.

  1. – Institutura ikerketa-programak direla-eta atxikitako funtzionario edo lan-kontratuko lanpostu iraunkorretako irakasle eta ikertzaile doktoreek dagokien jakintza-esparruan aritu behar dute. Gainera, irakasle eta ikertzaile funtzionarioak sailetan sartu behar dira, dagokionean, lan guztia Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuan egin arren.

  2. – Lanpostu horietako saria dagokion programak hartu behar du bere gain eta Unibertsitateko aurrekontuen barnean sartu behar da.

  1. – Unibertsitateak Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuko edo diruz lagundutako proiektuetako diruaz ordaindu beharreko ikertzaileak kontrata ditzake institutuko zereginak egiteko. Ikertzaile horiek dagokien jakintza-arloan aritu behar dute.

  2. – Aipatutako langileak UPV/EHUk halako kontratuak egiteko xedatutako baldintzei eta prozedurei jarraiki kontratatu behar dira.

  1. – Bere eginkizunak gauzatzeko, Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuak Unibertsitateko lanpostuen zerrendan finkatutako administrazioko eta zerbitzuetako langileak izan behar ditu.

  2. – Unibertsitateak Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuko edo diruz lagundutako proiektuetako diruaz ordaindu beharreko administrazioko eta zerbitzuetako langileak kontrata ditzake aldi baterako, institutuko zereginak egin ditzaten.

  3. – Aipatutako langileak UPV/EHUk halako kontratuak egiteko xedatutako baldintzei eta prozedurei jarraiki kontratatu behar dira.

Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuak antolatutako doktorego-programetako ikasleak bertako kide dira, baita institutura atxikitako ikerketako bekadun ez-doktoreak ere.

Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutura lotuta egongo dira, kide izan gabe, institutuko jardunean laguntzen duten beste irakasle eta ikertzaileak (jardunean daudenak, bisitariak eta emerituak) eta ohorezko lankideak, baita bekadun lankideak eta bertako ikasketak egiten dituzten ikasleak ere.

  1. – Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuko gobernua bertako Kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuaren gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoa da institutuaren Kontseilua.

  3. – Zuzendaria eta idazkaria kide bakarreko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak dira.

  1. – Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuko kideak dira ondoren aipatutakoak:

    1. Institutura modu iraunkorrean atxikitako irakasle doktore guztiak.

    2. Ikasleen ordezkari bat. Kide hori doktoregoko, institutuak ematen dituen titulazioetan izena emandako edo institutura atxikitako bekadun ez-doktoreen artetik aukeratuko da.

    3. Institutura atxikitako administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

    4. Institutura atxikitako langile ikertzaileen ordezkari bat.

    5. Zuzendaria eta idazkaria Kontseiluko berezko kide dira.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Ordezkariak Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoarekin bat aukeratu behar dira.

  4. – Doktorego-programetako ikasleen ordezkariak (ikerketako bekadun ez-doktoreenak barne) eta institutuak irakasteko baimena duen tituluetako ikasleen ordezkariak institutuko zuzendaritzak abendu oro horretarako deituko dituen bileretan aukeratu behar dira, errolda ofizialetan oinarrituta.

  5. – Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko behar duten dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko. Horretarako, idatzizko eskaera bat bidali beharko diote zuzendariari edo idazkariari eta gehienez ere eskaera egiten denetik hamar eguneko epean emango zaie eskatutakoa.

  1. – Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira. Honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

    1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

    2. Hauteskundeak baliogabetzea.

    3. Agintaldia amaitzea.

    4. Dimisioa aurkeztea.

    5. Ordezkaria aukeratu zuen taldekoa edo institutukoa izateari uztea.

    6. Kontseiluaren bileretara behin eta berriro huts egitea: elkarren segidako hiru bileretara justifikatu gabe huts egitea.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte.

  1. – Arautegi honetan xedatutakoaren arabera, honako hauek dira institutuko Kontseiluaren eginkizunak:

    1. Institutuko zuzendaria hautatzea, arautegiak ezarritakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa eta institutuko urteko memoria eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Unibertsitateko berezko tituluak lortzeko balio duten eta ez duten ikasketa eta irakaskuntza-eskaintzak proposatzea.

    4. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, institutuko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita kudeaketa eragingarria bermatzeko ere Europa, Estatu eta Euskal Autonomia Erkidego mailako programen baitan.

    5. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-zeregin eta -ekimenetan laguntzea.

    6. Kideen eta institutuko gainerako langileen jardunari buruzko informazio arrazoitua ematea.

    7. Ohorezko lankideak izenda daitezen proposatzea.

    8. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailen eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ere ditu institutuko Kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari institutuko arautegiaren proiektua eta, halakorik balego, haren erreforma-proiektua aurkeztea, onar ditzan, eta ordezkariak hautatzeko beharrezko garapen-arauak ematea, arautegi honetan jasotako eskumenen esparruan. Institutuko zuzendaritzak deitu behar du hauteskundeetara.

    2. Dagokionean, Gobernu Kontseiluari lankidetza-hitzarmenak onar daitezen proposatzea, eginkizunak hobeto eramateko aurrera.

    3. Institutuko jarduerak ikastegiekin, sailekin eta UPV/EHUko beste institutuekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileei buruzko politikaren berri ematea. Politika hori Gobernu Kontseiluak onartu behar du, errektorearen proposamenari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Institutuko Kontseiluak ohiko bilera egin behar du sei hilabetean behin gutxienez.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia 24 ordu lehenago egin behar da gutxienez. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Zuzendaritza Kontseiluko buruak egin behar du bileretarako deia.

    Kontseiluko kideen % 33k eskatzen badute, Kontseiluaren bilerara deitu behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deiak kontseiluko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilerak baino gutxienez hiru egun lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztertu beharreko gaiei dagozkien dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, gai-zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, organoko kideen % 25ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak agertu beharko dira, betiere bilera baino 24 ordu lehenago adierazi badira. Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; bileran organoko kideen bi heren baino gehiago badaude, ordea, eta bozkatu eta gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Deialdiak jendaurrean egin behar dira, institutuko kide guztiek izan dezaten haien berri.

  1. – Kontseilua balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean 5 minutuko tartea egongo da. Edonola ere, Kontseiluko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Kontseiluko kide bakoitzak Kontseiluko beste kide bati eskuordetu ahal izango dio botoa. Kontseiluko kideek beste baten ordez baino ezin dute eman botoa. Organoak eratzeko quoruma dela-eta, ezin dira zenbatu organoetako kideek beste batzuen esku utzitako botoak.

    Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kontseiluko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, Kontseiluak bileraren ordena aldatzea ebatz dezake, bilerako buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Beharrezko jotzen badu, Kontseiluko buruak gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezake, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kontseiluko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  5. – Egoki deritzonean, Kontseiluko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bileretara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar da, Estatutuek, institutuko arautegiak edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egin behar da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartu behar da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartu behar da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, Kontseiluko buruak kalitatezko botoa erabili behar du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango Kontseiluak hartutako erabakietan, horretarako arrazoia jasota uzten badute. Halaber, abstenitzen direnak erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira. Horretarako, botazioak isilpekoak badira, interesdunek botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar diete Kontseiluko idazkariari, boto-txartelarekin batera. Boto-txartelak eta testuak aktei erantsi behar zaizkie.

  1. – Idazkariak bileretako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai-zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; gai-zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, Kontseiluko kideek hala eskatzen badute. Kontseiluko kideek euren parte-hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, Kontseiluko buruak adierazitako epean.

  4. – Kontseiluko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kontseilua aldatu baino lehen, biltzeko deia egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

    Behin onartu eta gero, aktak Kontseiluko kideei bidaliko zaizkie eta institutuko idazkaritzan jarriko dira institutuko kide guztien eskura; edozein kasutan, pertsonen intimitatea babestuko da beti.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoek hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. Hartutako erabakiak argitara emango dira iragarki-oholean, gehien dela hiru egun balioduneko epean, eta pertsonen intimitatea babestu behar da.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesdunei jakinarazi behar zaizkie. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina. Jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  1. – Kontseiluak hartutako erabakiek onartzen direnetik izango dute eragina, erabakian bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakiak publikoak dira eta kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarri behar dira.

  2. – Kontseiluak hartzen dituen erabakien kontra, gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari hilabeteko epean.

  1. – Institutuko pertsona bakarreko organoak dira: zuzendaria, idazkaria eta diruzaina.

  2. – Institutuko zuzendari- eta idazkari-karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuko zuzendaria institutuaren ordezkaria da eta institutuaren zuzendaritzaz eta gestio arruntaz arduratzen da.

  2. – Institutuko Kontseiluak aukeratu behar du zuzendaria, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktoreen artetik, eta errektoreak izendatu behar du.

  3. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa da.

  4. – UPV/EHUren Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiak direla-eta, zuzendariak zuzendari izateari utzi behar dio.

    Institutuko idazkaritzan idazki arrazoitu baten bidez adieraziko dira kargua uzteko arrazoiak, eta idazkiarekin batera, institutuko Kontseiluko kideen % 20 lortu beharko da gutxienez, eta zuzendari izateko beste izangai baten izena adierazi beharko da. Zentsura-mozioa aurkeztu eta eskatzen diren baldintzak betetzen direla baieztatu eta gero, zuzendariak, 72 orduko epean, institutuko Kontseiluaren bilera deituko du, eta zentsura-mozioa aurkezten denetik gehienez ere hamabost eguneko epean egingo da aipatu bilera. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren, hautagaiak hartuko du parte bere proposamena proposatzeko eta azaltzeko. Zentsura-mozioa jaso duenak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten Kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek.

    Zentsura-mozioa onartzeko, institutuko Kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Institutuko Kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela joko da.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu institutuetako zuzendariak:

    1. Institutuaren ordezkaria izatea.

    2. Institutuko Kontseiluaren buru izatea.

    3. Institutuko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Institutuko administrazioko eta zerbitzuetako langileak funtzionalki zuzentzea.

    5. Institutuaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa osatzea.

    6. Kontseiluak hartutako erabakiak betearazi eta institutuak eta bertako kideek euren eginkizun akademikoak behar bezala gauzatzen dituztela bermatzea.

    7. Institutuak zientzia, teknika, giza zientzia edo arte arloko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    8. Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina-espedienteak abiaraz daitezen proposatzea.

    9. Institutuko beste organoei agindu ez zaien, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetu ez dizkieten eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak egokitzen dien beste edozein eginkizun.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak ere sinatu behar dituzte, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  3. – Zuzendaria ez badago edo gaixo badago, institutuko Kontseiluak, kiderik zaharrena buru duela, ordezkaria aukeratuko du Kontseiluko kideen artetik. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  1. – Errektoretzak izendatu behar du idazkaria, institutuko zuzendariaren proposamenari jarraiki. Jardunean dauden irakasleak eta ikertzaileak izan daitezke idazkari. Institutuko Kontseiluak aukeratuko du institutuko idazkaria, zuzendariak proposatu eta gero.

  2. – Honako hauek kargua uzteko arrazoi dira: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, institutuko kide izateari uztea eta errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

  3. – Idazkariari dagokio institutuko idazkaritzak berezkoak dituen eginkizunak gauzatzea, baita bertako zuzendariari laguntzea ere.

  4. – Idazkariak eman behar du institutuko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen ekintzen eta erabakien fede. Halaber, akta-liburuak egin eta zaindu behar ditu, eta ziurtagiriak egin, hala erabakienak, nola Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuko dokumentazio ofizialean jasota dauden gertakarienak edo jardunenak.

  5. – Ikasturte bakoitzaren amaieran, idazkariak ikasturtean egindako ikerlanen eta ikertzaileak trebatzeko egindako jardueren eta euren emaitzen inguruko urteko memoria aurkeztu behar dio Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari, hark osatutako eredu orokorrarekin bat. Aldez aurretik, institutuko Kontseiluak memoria onartu behar du.

  1. – Institutuko Kontseiluak aukeratuko du diruzaina, zuzendariak proposatu eta gero.

  2. – Diruzainaren eginkizunak izango dira institutuko sarreren eta gastuen kontrola eta erregistroa eta institutuko egoera ekonomiko-finantzarioaren kontrola eta erregistroa.

  1. – Oro har, Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutua institutuak berak sortutako baliabideez finantzatzea bermatu behar da, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorretan sail berezia izan behar du, bere kabuz kudeatu behar duena.

  2. – UPV/EHUk aurrekontuetako sail bat erabili behar du ikerketa-gastuei aurre egiteko, langileen ordainsariei eta urte anitzerako inbertsioei izan ezik. Estatutuetako 139.2. artikuluaren arabera, aurrekontuetako sail horrek Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuari ikerlanean jarduteko beharrezko langileak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko balio behar du besteak beste, kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideak eta aurkeztutako eskarien kanpo-balioespena abiapuntu hartuta.

  3. – UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sailak egon behar dira, Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutuaren oinarrizko funtzionamendua bermatzeko ahal den neurrian eta, batik bat, UPV/EHUko programazio orokorreko irakaskuntza-lanak gauzatzeko.

  1. – Institutuko aurrekontu orokorra bertako Kontseiluak zehaztutako moduan banatu eta kudeatu behar da.

  2. – Institutuko aurrekontuko diru-sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Institutuak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.

    2. Zientzia-, teknika- eta arte-lanak egin, espezializazio ikasketak eman eta prestakuntzako ekimen espezifikoak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokion zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

Institutuko jarduera ekonomikoa UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoaren arabera eraman behar da aurrera, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  1. – Institutuko arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo Kontseiluko kideen % 25ari dagokio. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Atal honetan xedatutako azken kasuan, institutuko zuzendariak Kontseiluaren bilerara deitu behar du hilabeteko epean, erreforma horri buruzko iritzia eman dezan.

  2. – Arautegiaren aldaketa Kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.