Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko maiatzaren 8koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 105
  • Hurrenkera-zk.: 3106
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/05/08
  • Argitaratze-data: 2007/06/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Esukal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bi mila eta zazpiko apirilaren 26ko bileran, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren arautegi honek EHUko Estatutuetako eskakizunetara egokitu nahi du bere egoera, Estatutu horietako IV. kapituluko artikuluek (185.etik 191.era artekoek) arautzen baitituzte ikastegiei dagozkienak (EHUko Estatutuak abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuaren bidez onartu ziren eta 2004ko urtarrilaren 12ko EHAAn argitaratu).

  1. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa (EUP/UEP-D) Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean dagoen irakaskuntza eta ikerketarako ikastegia da.

  2. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa titulu akademikoak lortzera daramaten unibertsitate-ikasketen edo bestelako eskaintza akademikoen administrazio-gestio eta antolakuntzaz arduratzen da, dagozkion zuzendariordetzen eta sailen bidez, eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen laguntzaz.

  3. – Ikastegiaren izen ofiziala honakoa da: Escuela Universitaria Politécnica de Donostia-San Sebastián / Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa, eta helbide honetan du egoitza: Europa Plaza 1, 20018 Donostia-San Sebastián.

  4. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan (EUP/UEP-D) irakasten diren titulazioen zerrenda 1. eranskinean jasota dago.

  5. – Arautegi hau egin den unean, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak (EUP/UEP-D) ez du beste atalik beste ikastegi batzuetan.

  6. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan (EUP/UEP-D) irakasten duten sailen zerrenda arautegi honen 2. eranskinean jasota dago.

  7. – Arautegi hau egin den unean, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan (EUP/UEP-D) irakaskuntza eta ikerketa laguntzeko dauden zerbitzu osagarriak honakoak dira: Informatika Zerbitzua, Liburutegia, eta Erreprodukzio eta Argitalpen Zerbitzua. Zerbitzu guztien funtzionamenduak EHUko Errektoregoak zerbitzu guztietarako ezarrita duen arautegiarekin bat egingo du. Zerbitzuen organo arduradunek urteko memoria aurkeztu behar diote Eskolako zuzendariari.

  8. – Arautegi hau egin den unean, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak (EUP/UEP-D) zuzendaritza, administrazio eta zerbitzuen arloko kalitate-eskuliburua dauka.

  1. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa indarrean dagoen legeria honen bidez arautuko da:

    1. Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa (2001eko abenduaren 24ko BOEn argitaratua). Legearen 7. eta 8. artikuluak unibertsitate publikoetako ikastegiei buruzkoak dira.

    2. EHUko Estatutuak, abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuaren bidez onartu zirenak eta 2004ko urtarrilaren 12ko EHAAn argitaratuak. 185 eta 191 bitarteko artikuluek ikastegiak arautzen dituzte.

    3. Eskolako Batzarrak onartutako eskolaren arautegia. Azken horretan arautzen ez den guztirako Ikastegien oinarrizko arautegia erabiliko da.

    4. Aplika dakizkiokeen gainerako arautegiak.

  2. – Gobernu Kontseiluari dagokio eskolaren arautegiari behin betiko onespena ematea, legeak agintzen duen legezkotasun txostena egin eta gero.

  3. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko (EUP/UEP-D) kideek egokitzat jotzen dituzten kexak, erreklamazioak edo iradokizunak zuzendaritza-taldeko kideei helaraz diezazkiekete, Erregistroan aurkeztutako idazki baten bidez. Zuzendaritza-taldeak erantzun arrazoitua idatziz ere igorri beharko du, hilabeteko epean gehienez. Horrez gain, ikasleek Ikasleen Kontseiluaren bidez bidera ditzakete euren kexak, erreklamazioak edota iradokizunak.

  1. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa honako hauek osatzen dute: eskolako kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

  2. – Hauek dira Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko kideak:

    1. Ofizialki eskolara atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Eskolan irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Eskolara atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikora lotuta egongo dira, baina kide izateke, eskolara atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, eskolan egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta eskolan zerbitzuak ematen dituztenak.

Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak ondoko eginkizunak ditu:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakats eskaintza egitea, EHUko ikasketa programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinaturik.

  3. Ikasketa planak onetsi edo aldatzea proposatzea, eta EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dionean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Eskolan ematen den titulazioaren funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztela eta beraien eskubideak defendatzen direla jagotea.

  6. Eskolaren aurrekontuko hornidura gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Eskolaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. Hizkuntza plangintza orokorra garatu eta eskolara egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  11. EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituen gainerako eginkizun guztiak.

  1. – Honako hauek dira Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak: Eskolako Batzarra, zuzendaria, zuzendariordeak, idazkari akademikoa eta administratzailea, beraien eskumenen barruan.

Honako hauek dira kide anitzeko gobernu organoak: Eskolako Batzarra, Batzorde Iraunkorra eta Akademia antolakuntzako eta ikasketak baliozkotzeko batzordea.

  1. – Hauek izango dira Eskolako Batzarra osatzen duten kideak Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan: zuzendaria, idazkari akademikoa, eskolako administratzailea, eta 75 kide, unibertsitateko kidegoen artean banatuko direnak.

  2. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan Eskolako Batzarreko berezko kide izango dira zuzendariak bilerako aztergaien arabera hautatuko dituen 3 zuzendariorde.

  3. – Eskolako Batzarreko kide guztien % 51 (hautaturiko 38 kide eta berezko 4 kide) unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario izango da.

  4. – Eskolako Batzarrean lan kontratudun irakasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak egongo dira, banaketa honen arabera: lan kontratudun 14 irakasle (% 18), administrazio eta zerbitzuetako 8 langile (% 11), eta 15 ikasle (% 20).

  5. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan, Eskolako Batzarrak bere funtzionamendurako arautegia izango du eta, kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  6. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan, Eskolako Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  1. – Eskolako Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan.

  2. – Eskolako Batzarrak eskolaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan, batez ere honakoak:

    1. Eskolako arautegiaren proposamena onartu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Eskolako zuzendaria hautatzea.

    3. Gobernu organoei administrazio eta zerbitzuetako langileen eta irakasleen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak eskolara egokitzeko plana onartzea.

    5. Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko eskolak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    6. Eskolari atxikitako irakasle lanpostuen eskarien berri ematea.

    7. Ikasketa planak eta euren aldaketak egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta eskolari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    9. Eskolak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Campuseko Batzarrerako irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena eskolako Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    12. Eskolak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    1. Zuzendariak aurkeztutako urteko kudeaketa plana eta aurrekontu-proiektua onartzea.

    2. Eskolaren sarrera eta gastuen zerrenda zehaztasunez jasoko duen urteko txosten ekonomikoa eztabaidatu eta bozkatzea.

    3. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere esku uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo EHUko beste gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

  3. – Eskolako Batzarrak ohiko bileran onartuko ditu urteko memoria eta eginkizunen plana, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon daitezen.

  4. – Hiru hilez behin Eskolaren kontuen egoera eguneratuaren berri emango zaio Eskolako Batzarrari.

  1. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan, Eskolako Batzarrak Batzorde Iraunkorra hautatuko du bere kideen artetik, eta egokitzat jotzen dituen eginkizunak eskuordetuko dizkio. Edozelan ere, Batzarrak ezin izango ditu eskuordetu 8.2 artikuluko a), b), i), eta j) paragrafoetan aipatutako eginkizunak.

  2. – Hauek izango dira Eskolako Batzorde Iraunkorraren kideak: zuzendaria, azken horrek hautatutako zuzendariorde 1, idazkari akademikoa, administratzailea, eta 15 kide gehiago, honela banatuta: unibertsitateko irakasleen kidegoetako 8 funtzionario (% 51), beste irakasle eta ikertzaileen 2 ordezkari (% 18), 3 ikasle (% 20), AZPko 2 kide (% 11).

  3. – Batzorde Iraunkorreko kideak hautatzeko hautagai-zerrendak (itxiak eta ordenatuak) aurkeztu beharko dira eta bete egin beharko da EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura. Kideen hautaketa hondar handienaren sistema proportzionalaren bidez egingo da.

  4. – Batzarrak eskuordeturiko eginkizun hauek izango ditu:

    1. Irakaskuntza ekipamenduaren aurrekontuaren banaketa proposatzea baita eskolari esleitu dakizkiokeen ohiz kanpoko beste aurrekontu batzuena ere.

    2. Etengabeko prestakuntzako programak proposatzea.

  1. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea hautatuko du eta honako eginkizunak eskuordetuko zaizkio:

    1. Ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari.

    2. Akademia Antolakuntzako zuzendariordeari behar dituen gaietan aholkuak ematea.

    3. Eskatuko zaizkion gaiei buruzko txostenak egitea.

  2. – Batzordeko burua Eskolako zuzendaria izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Akademia Antolakuntzako zuzendariak, idazkari akademikoak, 7 irakaslek eta ikasleen ordezkari batek osatuko dute batzordea. Batzorde honetan aritzeko ez da beharrezkoa izango Eskolako Batzarreko kide izatea. Eskolako zuzendaritzak bermatuko du eskolako kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari.

  3. – Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeko kideak hautatzeko hautagai-zerrendak (itxiak eta ordenatuak) aurkeztu beharko dira eta bete egin beharko da EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura. Kideen hautaketa hondar handienaren sistema proportzionalaren bidez egingo da.

  1. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak Euskara batzordea hautatuko du, parte-hartze eta aholkularitza organoa izango dena. Batzorde horren helburua eskolan euskararen erabilera bultzatzea izango da, EHUren plangintza orokorrari jarraiki.

  2. – Batzordeko burua zuzendaritza-taldeko kideen artetik Euskara koordinatzaile funtzioa duena izango da. 7 irakaslek, ikasleen ordezkari batek eta AZPko kideen ordezkari batek osatuko dute batzordea. Batzorde honetan aritzeko ez da beharrezkoa izango Eskolako Batzarreko kide izatea. Euskara Batzordeak egingo duen lehenengo bileran, batzordekideen artean idazkari lanak egingo dituena aukeratuko da.

  3. – Euskara batzordeko kideak hautatzeko hautagai-zerrendak (itxiak eta ordenatuak) aurkeztu beharko dira eta bete egin beharko da EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura. Kideen hautaketa hondar handienaren sistema proportzionalaren bidez egingo da.

  1. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak Liburutegi batzordea hautatuko du, parte-hartze, orientabide eta aholkularitza organoa izango dena, eta honako eginkizunak izango dituena:

    1. Erosketa-politika ezartzea, Unibertsitateko Liburutegi batzordeak finkatu dituen ildoei jarraiki.

    2. Sailen edo liburutegiko erabiltzaileen proposamenak, iradokizunak eta erreklamazioak jaso, aztertu eta, behar izanez gero, ebaztea.

    3. Unibertsitateko Liburutegi batzordeari Eskolako liburutegiko mailegu zerbitzua eraenduko duten arauak proposatzea.

    4. Aurrekontua sailen artean banatzea, irizpide objektiboen arabera, ikasleen oinarrizko bibliografiarako eta erreferentzia-obretarako fondoak esleituko direla bermatuta.

    5. Interes orokorreko edozein arazoren ardura hartzea, Liburutegiaren arloaren barruan.

  2. – Batzordeko burua Ikastegiko zuzendaria izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen zuzendaritza-taldeko kidea, eta berarekin batera, liburutegiko arduradunak, hiru irakaslek, eta bi ikaslek osatuko dute batzordea. Liburutegiko Batzordeak egingo duen lehenengo bileran, batzordekideen artean idazkari lanak egingo dituena aukeratuko da.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Deialdiek ohiko bileretarako izan behar dute oro har. Eskolako Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ez ohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruak egin behar du bileretarako deia.

    Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ak hala eskatzen badu, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilerak baino gutxienez 72 ordu lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 48 ordu lehenago.

  3. – Gai zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, organoko kideen gutxienez % 10ek organoko buruari bilera egin baino 96 ordu lehenago idatziz eskatutakoek agertu behar dute. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea pertsonala eta besterenezina da. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari baita organoen elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara huts egiteagatik ere (utziko dio kide izateari).

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki, bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa, edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta beharra daukate, eta arautegi honek agintzen dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak betetzeko beharra izango, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek betetzea ahalbidetzeko eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezko izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa dagokion kide anitzeko organoaren Idazkaritzari eskatu eta eskuratzeko, hurrengo 48 orduetan gehienez ere.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean 15 minutuko tartea egon beharko da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto bereziak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, lehenengo botazioan emandako botoen erabateko gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, boto-kopuru berdina lortu duten proposamenak hartuta, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Abstentzioa aurkeztu edo aurkako botoa ematen dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan legezkotasuna hausten bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman beharko dio organoko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktari erantsi beharko zaizkio.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; bozkatzeko era eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman haien edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Epe horretan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; Erreklamaziorik aurkeztu gero, kide anitzeko organo aldatuak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktak, behin onartuta, eskolako kideek eskuratu ahal izango dituzte kontsultetarako Eskolako web orrian, pertsonen intimitatea babestuta.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Hartutako erabakiak, gehienez ere hiru egun balioduneko epean argitara emango dira eta onartutako akta argitaratu arte egongo dira argitaratuta jendaurrean Eskolako web orrian, pertsonen intimitatea babestuta.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 6. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Zuzendaria Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa da.

  2. – Zuzendaria eskolara atxikitako unibertsitateko arduraldi osoko irakasle doktoreen artetik hautatzen da, eta errektoreak izendatzen du. Hautagai bat ere aukeratzen ez bada, bigarren txanda egingo da eta oraingo honetan eskolari atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasle ez doktoreak eta irakasle kontratatu doktoreak hautagai izan daitezke.

  3. – Eskolako zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da eta ez da jarraikako berrautaketa bat baino gehiago onartuko.

  1. – Eskolako zuzendariak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. Hilez gero.

    2. Legezko ezintasuna izanez gero.

    3. Dimisioa aurkeztuz gero.

    4. Eskolako kide izateari utziz gero.

    5. Agintaldia amaituz gero.

    6. Eskolako Batzarrak zentsura mozioaren arrazoia azaltzen duen idazkia onartuz gero. Batzarreko kideen % 20k, gutxienez, sinatu behar du mozioa, eta Eskolako Idazkaritzan aurkeztu behar da. Zentsura mozioa aurkeztu eta baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, zuzendariak Eskolako Batzarrari bilera baterako deia egingo dio hurrengo 72 orduetan. Bilera zentsura mozioa aurkezten denetik hasita, gehienez ere, 15 eguneko epean egingo da. Eztabaidan lehenik eta behin, zentsura mozioa sinatu duten Eskolako Batzarreko kideetako batek mozioa defendatuko du. Zentsura jaso duenak erantzuteko eskubidea izango du eta ondoren, Eskolako Batzarreko kideek hitz egingo dute, hala nahi izanez gero. Aldeko eta aurkako txandak egongo dira. Zentsura onartzeko Eskolako Batzarreko kideen aldeko boto gehiago egon behar dira. Eskolako Batzarrak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du automatikoki eta hauteskundeetarako deialdia egingo du segidan.

  2. – Ahal den kasuetan, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.

  3. – Zuzendaria gaixorik edo kanpoan balego, Akademia Antolakuntzako zuzendariordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Eskolako Batzarrak izendatuko du haren ordez ariko den zuzendaritza-taldeko kidea. Eskolako Batzarreko burua, kasu horretan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  4. – Eskolan pertsona bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan eskolako arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek eskolako zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Errektoreak irakaslanak egitetik salbuetsi dezake zuzendaria, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Honako hauek dira eskolako zuzendariaren eginkizunak:

    1. Eskolako ordezkaria izatea eta eskolari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Eskolaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Eskolako kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Eskolako Batzarraren, gobernu organo orokorren eta campuseko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Eskolako Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, eskolako leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Eskolako kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Eskolaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Eskolari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, EHUren Estatutuetako 102.2. eta 103.2. artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea eskolan diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Eskolako Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, eskolako azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, eskolarekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, eskolako zuzendariak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Eskolako zuzendaritza-taldeko burua zuzendaria izango da eta honako hauek osatuko dute: zuzendariordeek eta idazkari akademikoak.

  2. – Eskolako zuzendaritza-taldeak laguntza eman behar dio zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • Titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • Ikasketa planak eguneratzeko zereginean, horrela gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • Ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • Ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • Irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere;

    • Titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • Eskolako jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten eskolako arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Eskolako Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Dekanorde edo zuzendariordeen kopurua ez da izango EHUko ikastegien oinarrizko arautegiaren eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, eskolako kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

  5. – Zuzendariak zuzendaritza-taldean gertatuko aldaketen berri emango du Eskolako Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu eskolako zuzendariordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, eskolako zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, eskolako kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

Hauek dira eskolako idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Eskolako Batzarrean, Batzorde Iraunkorrean eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Eskolako Batzarrerako eta Batzorde Iraunkorrerako deia egitea, zuzendariaren agindua jaso ondoren.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo eskolako dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Eskolako erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Eskolako Batzarrak eta Batzorde Iraunkorrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea eskolako zuzendaritza-taldeari; eta, baita ere, eskolako idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du eskolako idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

Eskolako administratzailea gerenteak izendatuko du, eskolako zuzendariak proposatuta. Administratzailea LPZn plaza horretarako ezarritako baldintzak betetzen dituen langile bat izango da.

Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, eta zuzendariaren proposamenari jarraiki gerentziak hala erabakitzea.

Hauek dira eskolako administratzailearen eginkizunak:

  1. Kide den batzordeetako bileretara joatea.

  2. Administratzaileak menpekotasun funtzionala izango du eskolako zuzendariarekiko eta Eskolako zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da, eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, eskolako organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. Eskolako administratzaileak eguneratuta izango du eskolari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Eskolako Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza-taldeari eskolaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Eskolako Batzarrak.

Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile izango ditu, bai eta EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak ere, eta autonomiaz gestionatuko ditu horiek.

EHUk urtero zehaztuko du Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoaren jarduera ekonomikoa EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Eskolak EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendaritza-taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek eskolaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztuko du Eskolako Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegi hau aldatzeko prozesuaren ekimena zuzendariari edo Eskolako Batzarreko kideen % 25i dagokie.

  2. – Arautegia aldatzeko ekimena gauzatzeko, zuzendariari idazki bat aurkeztu beharko zaio, proposaturiko testu alternatiboa eta proposamengileen identifikazioa bertan adieraziz.

  3. – Ekimena aurkeztu denetik eta, gehienez ere, hilabetera, zuzendariak Eskolako Batzarrari ezohiko bilerarako deia egingo dio, arautegia aldatzeari buruz erabakia hartzeko.

  4. – Proposatutako aldaketak, aurrera egin dezan emandako botoen gehiengo absolutua jaso beharko du, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da horrek ontzat eman dezan.

  5. – Arautegia aldatzeko proiektu bat gaitzetsiz gero, proposamengileek ezin izango dute gai berberaz beste ekimenik egin handik eta bi urte iragan arte.

  1. – Ikasleen kontseiluen oinarrizko arautegia onartu artean, ikasleen kontseilua eratuko da Eskolan. Kontseilu hau honek honako hauek osatuko dute: ikasleek Eskolako Batzarrean dauzkaten ordezkariek eta Eskolako ikasleek Klaustroan dauzkaten ordezkariek.

  2. – Abenduan, aipatutako bi organo horietan ikasleen parte-hartzea berriztatzen dutenean Eskolako zuzendaritza-taldeak behin betiko izendatutako ikasleei dei egingo die. Bileran zehaztuko da kontseiluko burua noiz aukeratuko den, bai eta hautagaiak aurkezteko epea zein izango den ere. Kontseiluko kide guztiak izango dira hautesleak.

    Ikasleen kontseiluetako buru izateko hautagaiak aurkeztean idazkariaren izena ere adierazi beharko da. Hautagai zerrenda horiek idatziz aurkeztuko dira Eskolako erregistro orokorrean, eta Eskolako zuzendariari bidaliko zaio. Zuzendariak egiaztatu beharko du hautagai zerrendek baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez eta, betetzen dituztenak, argitara emango ditu.

  3. – Eskolako ikasleen kontseiluak EHUko Ikasleen Kontseiluan izango dituen ordezkariak Eskolako ikasleen kontseiluetako buruak izango dira.

Industria Ingeniaritza Teknikoa, Elektrizitatea espezialitatea.

Industria Ingeniaritza Teknikoa, Industria Elektronika espezialitatea.

Industria Ingeniaritza Teknikoa, Mekanika espezialitatea.

Industria Ingeniaritza Teknikoa, Industria-Kimika espezialitatea.

Industria Antolakuntzan Ingeniaritza (2. zikloa).

Herri Lanetako Ingeniaritza Teknikoa, Garraio eta Hiri-Zerbitzuak espezialitatea.

Arkitektura Teknikoa.

033 Euskal Filologia.

054 Enpresen Antolakuntza.

057 Fisika Aplikatua.

066 Matematika Aplikatua.

103 Ingeles eta Alemaniar Filologia.

112 Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza.

136 Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak.

137 Arkitektura.

141 Hizkuntza eta Sistema Informatikoak.

142 Ingeniaritza Elektrikoa.

145 Ingeniaritza Mekanikoa.

146 Sistemen Ingeniaritza eta Automatika.

147 Elektronika eta Telekomunikazioak.

148 Makina eta Motor Termikoak.

149 Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.