Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko maiatzaren 8koa, Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 105
  • Hurrenkera-zk.: 3105
  • Xedapen-zk.: 46
  • Xedapen-data: 2007/05/08
  • Argitaratze-data: 2007/06/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del Paํs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, bi mila eta zazpiko apirilaren 26ko bileran, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola (EIUE) 1. eranskinean azalduta datozen titulu ofizialak lortzera daramaten akademi eta administrazio-prozesuak eta beste ikasketa-eskaintza batzuk antolatu eta gestionatzeko ardura duen ikastegia da.

  1. – EHUko Donostiako EIUE honako hauen bidez arautuko da: indarrean dagoen legeria, Estatutuak, arautegi hau, eta aplika dakizkiokeen gainerako arauak.

  2. – EHUko Donostiako EIUEk:

    1. Donostiako O๑ati plaza 1ean du egoitza.

      1. eranskinean agertzen diren titulazioak ematen ditu.

    1. Ikastegian eskolak ematen dituzten eta 2. eranskinean agertzen diren sailen lankidetza du.

      3. eranskinean azaltzen diren irakaskuntza laguntzeko zerbitzuak ditu.

  3. – EHUko Donostiako EIUEk kexak jartzeko eta iradokizunak proposatzeko sistema du, oro har eskolako kide guztiek, nahi izanez gero, erabil dezaten. Horretarako, bi prozedura daude:

    1. Eskolaren web gunean aurki daitekeen iradokizun postontzian dagoen inprimakia betetzea (formatu elektronikoa). Erabiltzailearen identifikazioa idatzi behar da.

    2. Ikastegiko Idazkaritzako sarreran aurki daitekeen iradokizun postontzian dagoen inprimakia betetzea. Ez da erabiltzailearen identifikazioa idatzi behar.

      Jasoko diren iradokizun, kexa eta erreklamazioei behar bezala arrazoitutako erantzuna ematea da helburua bai eta horien datuak gordetzea ere; horiek guztiak aztertuz, ikastegian eskaintzen diren zerbitzuak etengabe hobetzeko ekintzak identifikatu eta burutu ahal izango dira. Hilabeteko epean gehienez ere, eta zerbitzuko erabiltzailearen identifikazioa idatzi den kasuetan, zuzendaritzak horiek guztiak idatziz erantzun beharko ditu.

  4. – EHUko Donostiako EIUEk bere anagrama du (4. eranskina) eta EHUren anagrama ofizialarekin batera erabili ahal izango du.

  1. – EHUko Donostiako EIUE honako hauek osatzen dute: ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

  2. – Hauek dira EHUko Donostiako EIUEko kideak:

    1. Ofizialki ikastegira atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Ikastegira atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – EHUko Donostiako EIUEra lotuta egongo dira, baina kide izateke, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen Donostiako Ikastegiko Ataleko kideak, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Hauek dira EHUko Donostiako EIUEren eginkizunak:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, 1. eranskinean azalduta datozen tituluak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio-ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate- nahiz kultura-hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakats eskaintza egitea, EHUko ikasketa-programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa-planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinaturik.

  3. Ikasketa-planak onesteko edo aldatzeko proposatzea, eta EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dionean, ikasketa-planak onesteko edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Ikastegian ematen den titulazioaren funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

  6. Eskolaren aurrekontua gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratzea eta langileak gidatzea.

  7. Urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. Hizkuntza plangintza orokorra garatu eta ikastegira egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  11. EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

Honako hauek dira EHUko Donostiako EIUEko gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoak: Eskolako Batzarra, zuzendaria, zuzendariordeak, idazkari akademikoa eta administratzailea.

EHUko Donostiako EIUEk Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen Donostiako Atala du ikastegian kokatuta eta ataleko kideak ikastegira lotuta egongo dira. Ataleko koordinatzaileak, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak, ikastegiko batzorde guztietan parte hartuko du, hitzarekin baina botorik gabe. Atalari dagozkion tramite administratiboak eta aurrekontu gestioak ikastegiak egingo ditu.

Honako hauek dira EHUko Donostiako EIUEren kide anitzeko gobernu-organoak:

  1. Eskolako Batzarra.

  2. Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.

  1. – Hauek izango dira Ikastegiko Batzarraren osakideak: zuzendaria, zuzendariordeak, idazkari akademikoa, ikastegiko administratzailea, eta hogeita sei kide hautatu, unibertsitateko kidegoen artean banatuko direnak. Ikastegiko atalei atxikita ez dauden ataletako koordinatzaileak bileretara joan ahal izango dira, baina hitza besterik ez dute izango (botorik ez).

  2. – Batzarraren kide hautatuak sufragio unibertsalaren bidez aukeratuko dira, unibertsitateko kolektiboen artetik. Guztira, hogeita sei kide hautatuko dira, honela banatuta: unibertsitateko irakasleen kidegoetako hamalau funtzionario, administrazio eta zerbitzuetako hiru langile, sei ikasle, eta lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen hiru ordezkari.

  3. – Ikastegiko Batzarraren arautegia hau bera izango da eta, kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  4. – Eskolako Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  1. – Ikastegiko Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu-organoa ikastegian.

  2. – Ikastegiko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Ikastegiaren arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Ikastegiko zuzendaria hautatzea.

    3. Gobernu-organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

    5. Hizkuntza-normalkuntzarako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoria aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    6. Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    7. Ikasketa-planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak onartzea, kontuan hartuta ikastegiari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    9. Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    12. Ikastegiak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak sortu eta arautzea.

    1. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo EHUko beste gobernu-organoek eskuordetzen dizkiotenak.

  3. – Ikastegiko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizun-plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon daitezen.

  1. – Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea. Akademia Antolakuntzako zuzendariordeak (batzordeko burua izango denak), irakasleen lau ordezkarik eta ikasleen bi ordezkarik osatuko dute Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea. Idazkari lanak batzordeko irakasleen ordezkarietako batek egingo ditu; bilera bakoitzean bertaratuen artean aukeratuko da idazkaria, txandatze-sistemaz. Ikastegiko zuzendaritzak bermatuko du ikastegiko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari. Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, proposamen hauek egingo ditu: (1) urteko irakats eskaintza, (2) eskola egutegia eta (3) azterketen egutegia; guztiak ere Ikastegiko Batzarrari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan. Era berean, honakoak ebatziko ditu: (1) ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak, indarreko legeriari jarraiki, eta (2) azken azterketen zuzenketei eta berrikusketei buruz ikasleek ikastegiko zuzendariari aurkeztuko dizkioten erreklamazioak, Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Araudiak xedatzen duen bezala. Batzorde horrek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari.

  2. – Euskara Batzordea. Euskara zuzendariordeak (batzordeko burua izango denak), irakasleen bi ordezkarik, ikasleen bi ordezkarik, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkarik osatuko dute Euskara Batzordea. Idazkari lanak batzordeko irakasleen edo administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarietako batek egingo ditu; bilera bakoitzean bertaratuen artean aukeratuko da idazkaria, txandatze-sistemaz. Batzorde hau parte-hartze eta aholkularitza organoa izango da euskara gaietan. Eskolako Batzarrak eskuordetuko dizkion eginkizunez gain, batzorde honen helburua Ikastegian euskararen erabilera bultzatzea izango da, EHUren plangintza orokorrari jarraiki.

  1. eranskinean agertzen diren batzordeak ere Eskolako batzordeak dira, aholkularitza-organotzat hartuko direnak.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Ikastegiko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean. Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak ohiko bilera bat egingo du, gutxienez, urtean behin.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Zuzendariak egingo du Eskolako Batzarraren bilerarako deia eta, behar denean, beste organoetako buruek, berriz, organo horien bilerarako deia egingo dute. Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienez ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilerak baino gutxienez hiru egun lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Gai-zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, organoko kideen artean gutxienez % 10ek bilera egin baino 48 ordu lehenago behintzat eskatutakoek agertu behar dute. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. EHUren Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa, edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra daukate, bai eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa ere. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar izango, baina organoko buruak beharrezko neurriak hartu behar ditu betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezko izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa Zuzendaritzako Idazkaritzari eskatu eta eskuratzeko, eta hark haien eskura jarri beharko ditu.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da lehen deialdian kideen gehiengo osoa egotea, edo bigarren deialdian kideen gutxienez heren bat egotea. Lehen eta bigarren deialdiaren artean 15 minutuko tartea egotea beharrezkoa izango da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Kide anitzeko organoko beste kide batzuen esku utzi ahal izango da botoa. Kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoa eratzeko quorumerako ez dira zenbatuko organoko kideek beste batzuen esku utzitako botoak. Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Organoko buruak, beharrezkoa ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte-hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto bereziak beti agerrarazi beharko dira haiekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa kide anitzeko organoari eman diezaioten. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, EHUren Estatutuek, ikastegiaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere, berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Abstentzioa aurkeztu edo aurkako botoa ematen dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktari erantsiko zaizkio.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai-zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman beharko du.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, onartzeke dauden akta guztiak onartzeko bilera egin beharko da. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali beharko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Epe horren barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat eman beharko dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu beharko dira.

  6. – Aktak, behin onartuta, beren beregi jarritako iragarki oholean emango dira argitara eta ikastegiko kideek eskuratu ahal izango dituzte kontsultetarako, pertsonen intimitatea babestuta.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta dagozkion ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak, gehienez ere hiru egun balioduneko epean argitara emango dira, eta pertsonen intimitatea babestuta. Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan errektoreari kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko aukera egongo da.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  1. – Kide anitzeko organoak hartzen dituen erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 7. artikuluan aipatzen denez, kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Zuzendaria eskolako zuzendaritza, ordezkaritza eta administrazio-organoa da.

  2. – Zuzendaria Eskolari atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako arduraldi osoko irakasle doktoreen artetik hautatuko da, eta errektoreak izendatuko du. Halakorik ezean, eta Hauteskunde Arautegi Orokorrak dioenari jarraiki, unibertsitate eskoletan zuzendaria hautatuko da irakasle funtzionarioen edo irakasle kontratatu doktoreen artetik.

  3. – Ikastegiko Batzarrak aukeratuko du zuzendaria, Hauteskunde Arautegi Orokorrak dioenari jarraiki. Ezingo da botoa eskuordetu (arautegi honetako 16.2. artikuluan jasotako aukera).

  4. – Eskolako zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen, eta gehienez bi agintaldi egin ahal izango ditu segidan. Agintaldi bakoitza lau urtekoa izango da.

  1. – Zuzendariak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. Hilez gero.

    2. Legezko ezintasuna izanez gero.

    3. Dimisioa aurkeztuz gero.

    4. Eskolako kide izateari utziz gero.

    5. Agintaldia amaituz gero.

    6. Eskolako Batzarrak zentsura mozioa onartuz gero.

  2. – Ahal den kasuetan, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.

  3. – Zuzendaria gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi zehaztutako zuzendariordea izango litzateke ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Eskolako Batzarrak izendatuko du ordezkapena egingo duen zuzendaritza-taldeko kidea. Eskolako Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Zuzendariak sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egin beharko luke hilabeteko epean.

  4. – Eskolan pertsona bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan ikastegiko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek eskolako zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko du gehienez ere sei hilabeteko epean.

  5. – Arautegiaren 23.f) artikuluan azaltzen den zentsura mozioaren arrazoia azaltzen duen idazkia Ikastegiko Idazkaritzan aurkeztu behar da. Batzarreko kideen % 20k, gutxienez, sinatu behar du mozioa. Zentsura mozioa aurkeztu eta baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, zuzendariak Eskolako Batzarrari bilera baterako deia egingo dio hurrengo 72 orduetan. Bilera hori zentsura mozioa aurkezten denetik hasita, gehienez ere, hamabost eguneko epean egingo da. Eztabaidan lehenik eta behin, zentsura mozioa sinatu duten Eskolako Batzarreko kideetako batek mozioa defendatuko du. Ondoren, Eskolako Batzarreko kideek hitz egingo dute, hala nahi izanez gero. Aldeko eta aurkako txandak egongo dira. Zentsura onartzeko Eskolako Batzarreko kideen aldeko boto gehiago egon behar dira. Eskolako Batzarrak mozioa onartuz gero, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du segidan, eta Batzarraren bilera horretan, zuzendari berria hautatzeko prozesuari hasiera emango zaio.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du zuzendaria, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Hauek dira eskolako zuzendariaren eginkizunak:

    1. Ikastegiko ordezkariak izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Ikastegiko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Eskolako Batzarraren, gobernu-organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Eskolako Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Eskolako kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, EHUren Estatutuetako 102.2. eta 103.2. artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Eskolako Batzarrak onartuko dituen irizpideekin bat eginez. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu-organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, eskolako zuzendariak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Eskolako zuzendaritza-taldeko burua zuzendaria izango da eta honako hauek osatuko dute: zuzendariordeek eta idazkari akademikoak.

  2. – Eskolako zuzendaritza-taldeak laguntza eman behar dio zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • Titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • Ikasketa-planak eguneratzeko zereginean, horrela gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • Ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • Ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • Irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere;

    • Titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • Ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko gidari-lanean.

  1. – Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskolako Batzarrari eskuordetze horien berri emango zaio eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Zuzendariordeen kopurua ez da izango 6. eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

  5. – Zuzendariak zuzendaritza-taldean gertatuko aldaketen berri emango du Eskolako Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu eskolako zuzendariordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Eskolako Batzarrean eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Eskolako Batzarrerako deia egitea, zuzendariaren agindua jaso ondoren.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Ikastegiko erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Eskolako Batzarrak hartuko dituen erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea eskolako zuzendariari; eta, baita ere, ikastegiko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du eskolako idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Ikastegiko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menpekotasun funtzionala izango du zuzendariarekiko eta ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, eskolako organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Eskolako administratzaileak eguneratuta izango du eskolari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Eskolako Batzarrari, ontzat eman dezan, eta ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza-taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Eskolako Batzarrak.

Ikastegiak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile izango ditu, bai eta EHUko aurrekontu orokorrean partida berezituak ere, berak autonomiaz gestionatuko du dituena.

EHUk urtero zehaztuko du ikastegiaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru partida orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika eta arte lanak egin, espezializazio ikasketak eman eta prestakuntzako ekimen espezifikoak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagozkion zatia.

  1. – Ikastegiaren jarduera ekonomikoa EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Ikastegiak EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendaritza-taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztuko du Ikastegiko Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegia aldatzeko prozeduraren ekimena zuzendariari edo Eskolako Batzarreko kideen % 25ari dagokio. Ekimen hau zuzendariari idazki bat aurkeztuz gauzatuko da, bertan proposatutako testu alternatiboa eta proposamengileen identifikazioa adieraziz.

  2. – Ekimena aurkeztu denetik, gehienez ere, bi hilabetera, zuzendariak Eskolako Batzarrari ezohiko bilerarako deia egingo dio. Arautegia aldatzeaz iritzia eman behar duen ezohiko Eskola Batzarraren bilera-deia egiten denetik bilera egunera arte, hamabost egun natural igaro beharko dira gutxienez. Emandako botoen gehiengo absolutuaz proposatutako aldaketa onartuko da eta aurrera egingo du. Behin legaltasun kontrola eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  3. – Proiektua gaitzetsiz gero, proposamengileek ezin izango dute gai berberaz beste ekimenik egin handik eta bi urte iragan arte.

  4. – Ikastegiko Batzarrak horretarako beren-beregi deituko duen ezohiko bilera batean onartu beharko da arautegi honen eranskinen berrikuspena, eta emandako botoen gehiengo absolutua lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  1. – Ikasleen kontseiluen oinarrizko arautegia onartu artean, ikasleen kontseilua eratuko da. Kontseilu hori honako hauek osatuko dute: ikasleek Ikastegiko Batzarrean dauzkaten ordezkariek eta ikastegiko ikasleek Klaustroan dauzkaten ordezkariek.

  2. – Ikasleek aipatutako bi organoetan dauzkaten ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egin eta gero, ikastegiko zuzendaritza-taldeak ikasleen ordezkari hautetsi horiei egingo die dei urtero, abenduan. Bileran zehaztuko da kontseiluko burua noiz aukeratuko den, bai eta hautagaiak aurkezteko epea zein izango den ere. Kontseiluko kide guztiak izango dira hautesleak. Ikasleen kontseiluetako buru izateko hautagaiak aurkeztean idazkariaren izena ere adieraziko da. Hautagai-zerrenda horiek idatziz aurkeztuko dira ikastegiko erregistro orokorrean, ikastegiko zuzendariaren izenean. Dekano edo zuzendariak egiaztatu beharko du hautagai-zerrendek baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez eta, betetzen dituztenak, argitara emango ditu.

  3. – Ikastegiko ikasleen kontseiluak EHUko Ikasleen Kontseiluan daukan ordezkaria ikastegiko ikasleen kontseiluko burua izango da.

Arautegi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean.

Titulazio ofiziala:

1.– Enpresa Zientzietan diplomatua.

Berezko tituluak:

1.– Zentro Gerontologikoen eta Soziosanitarioen Zuzendaritzan eta Kudeaketan Unibertsitate Espezialista.

2.– Herri Erakundeen kudeaketa (HEREKU).

I Ekonomia Aplikatua I IX Finantza Ekonomia I

II Ekonomia Aplikatua II X Finantza Ekonomia II

III Ekonomia Aplikatua V XI Frantses Filologia

IV Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeak XII Ingeles eta Aleman Filologia

V Enpresen Kudeaketa eta Berrikuntzaren Balioespena XIII Hizkuntza eta Sistema Informatikoak

VI Enpresa Zuzenbidea XIV Soziologia

VII Enpresen Antolakuntza XV Zuzenbide Publikoa

VIII Euskal Filologia XVI Zuzenbide Zibila

Liburutegia.– Liburutegiaren xedea eta eginkizunak Unibertsitateko Liburutegiaren Arautegian jasota daude, Gobernu Batzarrak 1994ko otsailaren 4an egindako bileran onartu zuena. Liburutegiaren funtsezko xedea eskolako ikaste, irakaste eta ikertze lanen euskarria izatea da. Honako hauek dira liburutegiaren eginkizunak: bibliografia eta dokumentu fondoak eskuratzea; eskuratutako fondoen prozesu teknikoa egitea; bertako fondo guztien berri ematea eta erabil daitezen sustatzea eta baldintza egokietan gordetzea; eskuragarri ez dagoen informazio bibliografikoa eta dokumentazioa eskuratuko dela ahalbidetzea, beste liburutegi eta dokumentazio zentro batzuekin lankidetza gauzatuz; bertako zerbitzuak ezagutzera emango dituzten ekintzak antolatzea eta argitalpenak sustatzea; berezko zerbitzuak hobetzea helburu duten programa eta hitzarmenetan parte hartzea; erabiltzaileei prestakuntza ematea, liburutegia nola erabili eta jakintza arlo bakoitzaren berezko informazio iturriak zein diren jakin dezaten; lehen aipatutako helburuak bultzatuko dituzten informazio sare eta sistemetan integratzea; unibertsitateko liburutegi batek berezkoak dituen ikerketa ekintzak antolatzea, baita bere jarduera arloaren barruan zerbitzugintza hobetzen lagunduko duten gainerako eginkizunak ere.

Informatika gelak.– Ordenagailua laguntza bezala erabiltzen duten irakasgaietako eskola praktikoak emateko bakarrik erabiliko dira gela hauek.

Hizkuntza laborategia.– Multimediako hizkuntza laborategi interaktiboa eskola orduen osagarria izango da, ohiko ikasgelan behar bezala landu ezin diren zenbait hizkuntza trebetasunez jabetzeko. Era berean, norberak bere kabuz hizkuntzak ikasteko gela izango da.

Ekonomia Batzordea.– Ekonomia Batzordeko kideak izango dira: zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango dena); administratzailea (batzordeko idazkaria izango dena); irakasleen bi ordezkari eta ikasleen ordezkari bat. Eskolako Batzarrak esleituko dizkion edo arautegiak emango dizkion eskumenez gain, batzorde honek ikastegiko ekonomi eta aurrekontuaren gestioan lagunduko du, eta beharrizanen memoria onartu, aurrekontuaren aldizkako jarraipena egin eta urteko ekonomi eta aurrekontu txostena berresteko ardura izango du.

Unibertsitate Hedakuntzarako Batzordea.– Unibertsitate Hedakuntzarako Batzordeko kideak izango dira: Unibertsitate Hedakuntzarako zuzendariordea (batzordeko burua izango dena), irakasleen bi ordezkari, ikasleen bi ordezkari, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Idazkari lanak batzordeko irakasleen edo administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarietako batek egingo ditu; bilera bakoitzean bertaratuen artean aukeratuko da idazkaria, txandatze-sistemaz. Eskolako Batzarrak eskuordetzen dizkion eginkizunez gain, batzorde honen jarduera arloa beken, lan-poltsaren eta praktika-poltsaren gestioa izango da, baita kultur eta kirol ekintzen koordinazioa ere. Gestio horrek ikastegiko ikasle eta irakasleek aipatutako jarduera guztietan parte har dezaten sustatzea du helburu.

Hauteskunde Batzordea.– Hauteskunde Batzordeko kideak izango dira zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango dena); idazkaria (batzordeko idazkaria izango da); irakasleen bi ordezkari (bata unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario doktoreen ordezkaria, eta bestea beste irakasle eta ikertzaileen ordezkaria, biak ere zozketaz aukeratuko dira ikastegiko Batzarreko kideen artean); ikasleen ordezkari bat (zozketaz aukeratuko da ikastegiko Batzarreko kideen artean), eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat (zozketaz aukeratuko dena ikastegiko Batzarreko kideen artean). Bere agintaldia lau urtekoa izango da. Ikasleen ordezkariak, baina, urtero-urtero aldatuko dira. Hauteskunde batzordeko kideren bat hautagai bada, ordezkoa izendatu beharko da adierazitako prozedurari jarraiki. Hori egiterik ez badago, batzarrak edo saileko kontseiluak erabakiko ditu egin beharrekoak. Batzorde honen funtzionamenduak eta eskumenek EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrak xedatutakorekin bat etorri beharko dute.

Liburutegiko Batzordea.– Ondokoak izango dira Liburutegiko Batzordeko kideak: Zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango dena); idazkaria (batzordeko idazkaria izango dena); irakasleen hiru ordezkari (ikastegiko Batzarrak izendatu behar dituenak); ikasleen bi ordezkari (ikastegiko Batzarrak izendatu behar dituenak), eta liburutegiko arduraduna (batzordeko idazkaria izango dena). Hiru bilera egingo ditu urtean, eta horiez gain, batzordeko buruak edo kideen laurden batek eskatuta ere, bilera egingo du. Batzorde honen funtzionamenduak eta eskumenek Unibertsitateko Liburutegiaren Arautegiak xedatutakorekin bat etorri beharko dute. Gobernu Batzarrak 1994ko otsailaren 4an egindako bileran onartu zuen arautegia.

Azpiegitura eta Kanpoko Zerbitzuen Batzordea.– Ondoko hauek izango dira Azpiegitura eta Kanpoko Zerbitzuen Batzordea osatuko dutenak: zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango dena); administratzailea (idazkaria izango dena); irakasleen bi ordezkari; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta ikasleen ordezkari bat. Eskolako Batzarrak eskuordetzen dizkion eginkizunez gain, batzorde honek hurrengo zeregin hauek egiteko ardura izango du: (1) ikastegiko edozeinek erabiltzeko guneak eta irakaskuntza baliabideak erabili eta banatzeko arauak proposatzea, Eskolako Batzarrak onar ditzan; (2) azpiegiturako berrikuntzak eta aldaketak proposatzea, baita ikastegiko guneen banaketa- eta esleipen-aldaketak ere; (3) jarduera akademikoaren beraren eta, oro har, zerbitzuen beharrizanek eragindako inbertsioak proposatzea; (4) ikastegiko segurtasun eta higieneari lotutako faktoreak gainbegiratzea, eta segurtasun neurrietan hobetu beharrekoak proposatzea; eta (5) ikastegian dauden kanpoko laguntza zerbitzuak gainbegiratu eta horien berri ematea ikastegiko kide guztiei.

Informatika Batzordea.– Hauek dira Informatika Batzordea osatuko dutenak: zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango dena); irakasleen bi ordezkari; eta ikasleen bi ordezkari. Idazkari lanak batzordeko irakasleen edo administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarietako batek egingo ditu; bilera bakoitzean bertaratuen artean aukeratuko da idazkaria, txandatze-sistemaz. Eskolako Batzarrak eskuordetzen dizkion eginkizunez gain, Informatika Batzordea ikastegiko ekipamendu informatikoaren gestioaz eta mantentzeaz arduratuko da, baita ekipamendu berria erosteko beharrizanen memoria egiteaz ere. Gestio horrek jarduera akademiko arautuaren beraren beharrizanei erantzutea du helburu, baita prestakuntza osagarriaren jardueren ondoriozko beharrizanei ere, eta, oro har, eta ahal den neurrian, ikasleen, administrazio eta zerbitzuetako langileen eta irakasle nahiz ikertzaileen eskariei erantzutea.

Ikasketa-planaren Batzordea.– Ondoko hauek dira Ikasketa-planaren Batzordea osatzen dutenak: Zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango dena); akademia antolakuntzako zuzendariordea; irakasleen hamar ordezkari; eta ikasleen hiru ordezkari. Idazkari lanak batzordeko irakasleen edo administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarietako batek egingo ditu; bilera bakoitzean bertaratuen artean aukeratuko da idazkaria, txandatze-sistemaz. Eskolako Batzarrak eskuordetuko dizkion eginkizunez gain, Ikasketa-planaren Batzordea ikastegiak koordinatuko dituen titulu ofizialen ikasketa-planaren proposamenak egiteaz arduratuko da; ondoren Eskolako Batzarrari aurkeztuko dizkio, horrek onar ditzan.

Nazioarteko Harremanetarako Batzordea.– Batzorde hau osatzen dutenak hauek dira: Nazioarteko Harremanetarako zuzendariordea (batzordeko burua izango dena); irakasleen hiru ordezkari; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, eta ikasleen bi ordezkari. Idazkari lanak batzordeko irakasleen edo administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarietako batek egingo ditu; bilera bakoitzean bertaratuen artean aukeratuko da idazkaria, txandatze-sistemaz. Eskolako Batzarrak eskuordetuko dizkion eginkizunez gain, batzorde honek hurrengo zeregin hauek egiteko ardura izango du: (1) atzerriko unibertsitateekiko trukeak sustatzea; (2) Erasmus hitzarmenen gaietan aholkuak ematea eta (3) Eskolako ikasleek atzerriko unibertsitateetan egindako ikasketak baliozkotzea.

  1. irizpidea: 1. eta 2. zikloko titulazioetan matrikulatutako ikasleen kopurua.

    1 eta 1.000 artean: dekanorde edo zuzendariorde 1.

    1.001 eta 2.500 artean: 2 dekanorde edo zuzendariorde.

    2.501 eta 5.000 artean: 3 dekanorde edo zuzendariorde.

    5.000 baino gehiago: 4 dekanorde edo zuzendariorde.

  2. irizpidea: ikastegira atxikitako irakasleen kopurua guztira.

    1 eta 150 artean: dekanorde edo zuzendariorde 1.

    151 eta 300 artean: 2 dekanorde edo zuzendariorde.

    300 baino gehiago: 3 dekanorde edo zuzendariorde.

  3. irizpidea: titulazioen kopurua.

    3 titulazio edo gehiago: dekanorde edo zuzendariorde 1.

  4. irizpidea: nazioarteko harremanak.

    50 ikasle baino gehiago ikasleak trukatzeko nazioarteko programetan: dekanorde edo zuzendariorde 1.

  5. irizpidea: gehienezko kopuruak.

    Gehienezko kopurua: 7 dekanorde edo zuzendariorde.

  6. irizpidea: egoera bereziak.

    Indarrean dauden irizpideetako tarteak aplikatzean, tartearen aplikazio maila % 75era heltzen bada bi irizpideren kasuan, edo handiagoa bada, ikastegiak dekanorde edo zuzendariorde bat gehiago eduki ahal izango du. Ikastegiren batean aurreko irizpideetan jasota ez dagoen egoera bereziren bat gertatzen bada, Gobernu Kontseilura jo dezake irizpide orokorrak aplikatuta dagozkion dekanorde edo zuzendariordeen kopurua baino handiagoa onar diezaioten.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.