Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2006ko azaroaren 13koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 238
  • Hurrenkera-zk.: 6245
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 2006/11/13
  • Argitaratze-data: 2006/12/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluak, bi mila eta seiko azaroaren biko bileran, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

  1. – Hauek dira ikastegiak: fakultateak, goi-eskola teknikoak, goi-eskola politeknikoak, unibertsitate-eskolak eta unibertsitate-eskola politeknikoak.

  2. – Ikastegiek unibertsitateko ikasketak antolatzen dituzte, eta titulu akademikoak edo bestelako eskaintza akademikoak lortzeko prozesu akademiko eta administratiboak gidatu eta gestionatzen dituzte.

  1. – Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea honako hauen bidez arautuko da: indarrean dagoen legeria, Estatutuak, eta UPV/EHUko ikastegien oinarrizko arautegiari jarraiki Fakultateko Batzarrak egindako arautegi hau (azken arautegi honetan arautzen ez den guztirako oinarrizkoa erabiliko da), eta aplika dakizkiokeen gainerako arautegiak.

  2. – Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegi bakoitzeko arautegiari behin betiko onespena ematea, legeak agintzen duen legezkotasun txostena behin egin eta gero.

  3. – a) Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Donostian du bere egoitza, Gipuzkoako Campusean. Haren posta-helbidea honako hau da: Tolosa Hiribidea 70, 20018 Donostia.

    1. Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gaur egun honako titulazio hauek irakasten ditu:

      Filosofiako Lizentziatura, Pedagogiako Lizentziatura, Gizarte eta Kultur Antropologiako Lizentziatura, Psikopedagogiako Lizentziatura eta Gizarte Hezkuntzako Diplomatura.

    2. Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean honako sail hauek daude kokatuta:

      Didaktika eta Eskola Antolakuntza, Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak, Hezkuntzaren Teoria eta Historia (horien irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduerak eta titulu akademikoen hornikuntza Hezkuntza Zientzien hezkuntza eta ikerkuntza arloetakoak dira), Filosofia, Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia, Logika eta Zientziaren Filosofia (horien irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduerak eta titulu akademikoen hornikuntza Filosofiaren eta Antropologiaren hezkuntza- eta ikerkuntza-arloetakoak dira). Fakultate honetan sail-atal bat ere kokatzen da, Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia (haren irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerak eta titulu akademikoen hornikuntza Hezkuntza Zientzien hezkuntza eta ikerkuntza arloei dagozkie).

      Fakultatean irakasten duten beste sail batzuk honako hauek dira: Matematikaren Didaktika, Euskal Filologia, Ikasketa Klasikoak, Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua, Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeak, Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia, Soziologia I, Soziologia II.

    3. Fakultatean dauden zerbitzuak honako hauek dira: 1) Idazkaritza, 2) Liburutegia, 3) IISIGeko ordezkaritza eta Informatika eta Ikus-entzuneko gelak. 4) Practicuma.

  4. – Fakultateko edozein kidek, erregistroan aurkeztutako idatzi baten bidez, bere kexuak, erreklamazioak edo iradokizunak helaraz diezazkieke dekanotza-taldeko kideei. Dekanotza-taldeak idatziz erantzun arrazoitua bidali beharko du, gehienez, hilabeteko epean. Hortaz gain, ikasleek Ikasleen Kontseiluaren bitartez bidera ditzakete beren kexuak, erreklamazioak edo iradokizunak.

  1. – Fakultatea honako hauek osatzen dute: fakultateko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

  2. – Hauek dira fakultateko kideak:

    1. Ofizialki fakultatera atxikita dauden irakasle eta ikertzaile guztiak.

    2. Fakultatean irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Fakultatera atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Fakultatera lotuta egongo dira, baina kide izateke, fakultatera atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, fakultatean egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta fakultatean zerbitzuak ematen dituztenak.

Hauek dira fakultatearen eginkizunak:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateari dagozkion (2. art. 3b) UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakats-eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa-programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa-planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinazioan.

  3. Ikasketa-planak onetsi edo aldatzea proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dienean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Fakultatean ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztena jagotea.

  6. Fakultatearen aurrekontuko hornidura gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Fakultatearen urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteroko memoria egitea.

  9. Hizkuntza-plangintza orokora garatu eta fakultatera egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  11. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate-hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate-arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

  1. – Honako hauek dira ikastegiko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak: Fakultateko Batzarra, dekanoa, dekanordeak, idazkari akademikoa eta administratzailea.

Honako hauek dira kide anitzeko gobernu organoak: Fakultateko Batzarra eta fakultatean sortutako batzorde guztiak, ebazpenak hartzeko berezko eskumena dutenak zein eskumen hori eskuordetuta dutenak.

  1. – Hauek izango dira, Fakultateko Batzarreko osakideak: dekanoa, dekanordeak, idazkari akademikoa, fakultateko administratzailea eta fakultateko 30 kide, honako era honetan unibertsitateko kidegoen artean banatuta: unibertsitateko irakasleen kidegoetako 16 funtzionario, administrazio eta zerbitzuetako 4 langile, 6 ikasle eta 4 kontratudun irakasle edota ikerlari.

    Dekanoak, dekanotza-taldea osatzeko egiten duen izendapen-proposamenean, kontuan izan behar du Fakultateko Batzarreko kide guztien % 51k unibertsitateko kidegoetako funtzionarioa izan behar duela.

  2. – Fakultateko Batzarrak bere arautegia izango du funtzionamendurako eta, kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  3. – Fakultateko Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  1. – Fakultateko Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu-organoa Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.

  2. – Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Batzarrak fakultatearen bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Fakultatearen arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Gobernu-organoei irakasleen plantilan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantilan dauden beharrizanak aurkeztea.

    3. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak fakultatera egokitzeko plana onartzea.

    4. Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko fakultateak dauzkan premien memoriak aurkeztea Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    5. Fakultateari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    6. Ikasketa-planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    7. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta fakultateari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    8. Fakultateak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dena bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    9. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    10. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Gipuzkoako Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    11. Fakultateak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    12. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu-organoek eskuordetzen dizkionak.

  3. – Fakultateko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizunen plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek dekanoak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Gipuzkoako Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkie, jakitun egon daitezen.

Batzordearen burua dekanoa edo bera ordezkatzen duena izango da eta idazkaria fakultateko idazkari akademikoa. Beraietaz gain, Fakultateko Batzordeko beste zazpi kidek osatuko dute Fakultateko Batzorde Iraunkorra, unibertsitateko kidegoen artetik honako era honetan aukeratuta: unibertsitateko irakasleen kidegoetako hiru funtzionario, (idazkari akademikoa funtzionarioa ez balitz, aukeratzen diren irakasle funtzionarioen kopurua laukoa izango da), administrazio eta zerbitzuetako langile bat, bi ikasle eta gainontzekoa kontratudun irakasle edota ikerlari. Batzordearen eginkizunak Fakultatearen Batzordearen berberak izango dira, a), h) eta i) ataletan azaltzen direnak izan ezik. Batzorde Iraunkorra premiazko baldintzak daudenean baino ez da bilduko, eta horretarako beharrezkoa da kideen erdia gehi bat egotea. Batzordeak balioz hartutako erabakiei buruzko informazioa Fakultate Batzarreko hurrengo ohiko bileran emango da eta, hala badagokie, hartutako erabakiak berretsiko dira.

  1. – Fakultateko Akademia Antolakuntza eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordearen burua dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona izango da. Batzordearen idazkaria fakultateko idazkari akademikoa izango da. Fakultatean kokatuta dauden sail edo sail-atal bakoitzeko ordezkari banak eta bi ikaslek osatuko dute batzordea. Ez da izango beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kide izatea batzorde honetan aritzeko. Fakultateko dekanoak bermatuko du ikastegiko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari.

    Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako ebazpenen aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari.

  2. – Fakultateko Euskarako Batzordea parte-hartze eta aholkularitza organoa izango da. Batzorde honen helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea fakultatean, UPV/EHUren plangintza orokorrari jarraiki. Batzordearen burua dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona izango da. Dekanoaz gain, fakultatean kokatuta dauden sail edo sail-atal bakoitzeko ordezkari banak, AZPko ordezkari batek eta bi ikaslek osatuko dute batzordea. Ez da izango beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kide izatea batzorde honetan aritzeko.

  3. – Fakultateko Batzarrak zentroan irakasten diren graduko titulu bakoitzeko Graduko Koordinazioko Batzorde bana sortuko du. Aholkularitza-organoak izango dira. Hauek izango dira haien ardurak: titulazioaren kalitatea zaintzea, Dekanotzak edota Fakultateko Batzarrak eskatu ahala titulazioari buruzko aholkularitza ematea eta haren gestiorako hobekuntza-proposamenak egitea, bai aspektu orokor eta ohikoetan (irakaskuntza-eskaintzaren koordinazioa eta egokitasuna, praktikak, gizartearen aurreko aurkezpena e.a) bai alderdi zehatz eta espezifikoetan (gizartearen aurreko irudia, hobekuntza planak, e.a).

    Batzordearen burua dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona izango da. Dekanoaz gain, fakultatean kokatuta dagoen eta titulazio horretan irakaskuntza duen sail edo sail-atal bakoitzeko ordezkari banak, AZPko ordezkari batek eta bi ikaslek osatuko dute batzordea. Ez da izango beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kide izatea batzorde honetako kide izateko. Batzordeak hala iruditzen bazaio, gonbitea luza diezaioke edozein pertsonari haren aholkua eman dezan.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Fakultateko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

    Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edonola ere, bileraren data baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz eta mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Horretarako, idatziz, eskaera egin ondoren, dekanotzara jo dezakete 48 ordutako epean.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da bertan kideen gehiengo absolutua egotea lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean 30 minututako tarteak egon beharko du. Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.

  2. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa izango den quoruma beharrezkoa izango da bozketa guztietan.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo sinplea beharko da, Estatutuek edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitu egiten direnek, eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto txartela emango dio organoko idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira, eta hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko dira akten zirriborroak. Aktak, behin onartuta, idazkariak sinatuko ditu eta organoko buruak ontzat emango.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak proposatu den aldaketa egiaztatuko du, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo da.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira. Erreklamaziorik aurkeztu gero, kide anitzeko organo aldatuak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktak, behin onartuta, argitaratuko dira eta dekanotzako idazkaritzan egongo dira, fakultateko kideek eskuratu ahal izateko dituzten kontsultetarako.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak, gehien ere hiru egun balioduneko epean, Dekanotzako iragarki taulan argitaratuko dira pertsonen intimitatea babestuta. Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko errektoreari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 7. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Dekanoak Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa da.

  2. – Dekanoa Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateari atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako arduraldi osoko irakasle doktoreen artetik hautatzen da, eta errektoreak izendatzen du.

  3. – Dekanoa sufragio unibertsal haztatuaren bidez aukeratuko da UPV/EHUren hauteskunde arautegi orokorrak xedatutakoa betez, hau da, besteak beste, hautagai-zerrendarekin batera programa eta gobernu-taldea aurkeztu beharko du.

  4. – Fakultateko dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da eta ezingo ditu bi agintaldi baino gehiago egin segidan.

  1. – Dekanoak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. Hilez gero;

    2. Legezko ezintasuna izanez gero;

    3. Dimisioa aurkeztuz gero;

    4. Fakultateko kide izateari utziz gero;

    5. Agintaldia amaituz gero;

    6. Fakultateko Batzarrak zentsura-mozioa onartuz gero.

  2. – Aurreko atalean aipatzen den zentsura-mozioa fakultateko idazkaritzan aurkeztu behar da, Fakultateko Batzordeko kideen % 30ek, gutxienez, sinatuta eta dekanoa izateko hautagai bat aurkeztuz. Zentsura-mozioak bete beharrekoa betetzen duela egiaztatu ondoren, dekanoak Fakultateko Batzarrerako deia egingo du 72 orduko epean. Zentsura-mozioa aurkeztu zenetik 15 eguneko epean bilduko da Fakultateko Batzarra. Zentsura-mozioa sinatutako batzarkide batek hasiko du eztabaida mozioa defendatuz. Ondoren, hautagaiak hitz egingo du bere proposamena azalduz. Zentsuratuak erantzuteko aukera izango du ondoren eta bukatzeko, hitza eskatzen duten fakultateko batzarkideek, aldeko eta kontrako txandetan. Batzarkideen aldeko boto kopurua kontrako kopuruarena baino handiagoa denean, zentsura mozioa onartua izango da.

    Zentsura-mozioa onartuko da baldin eta Fakultateko Batzarreko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Batzarrak mozioa onartuta, dekanoak dimisioa aurkeztu behar du berehala, eta mozioan agertzen den hautagaia jarduneko dekano aukeratu dela joko da. Zentsura-mozioa aurkeztu den egunetik hilabeteko epean hauteskundeetarako deia egingo du dekano berriak.

  3. – Zentsura mozio bat onartzen denean izan ezik eta ahal den kasuetan, dekanoak jardunean jarraituko du dekano berria izendatu arte.

  4. – Dekanoa gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi zehaztutako dekanordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Fakultateko Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen dekanotza-taldeko kidea. Fakultateko Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko dekanoak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  5. – Fakultatean kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan fakultateko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain dekanoaren zereginak. Irakasle horrek ikastegiko dekanoa aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du dekanoa, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Hauek dira fakultateko dekanoaren eginkizunak:

    1. Fakultateko ordezkariak izatea eta fakultateari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Fakultatearen jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Fakultateko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Fakultateko Batzarraren, gobernu organo orokorren eta Gipuzkoako Campuseko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Fakultateko Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, fakultateko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Fakultateko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Fakultatearen ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Fakultateari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, UPV/EHUren Estatutuetako 102.2. eta 103.2. artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea fakultatean diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Fakultateko Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, fakultateko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Lankidetza- eta koordinazio-programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu-organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, fakultatearekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, fakultateko dekanoak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Fakultateko dekanotza-taldeko burua dekanoa izango da eta honako hauek osatuko dute: dekanordeek, eta idazkari akademikoak.

  2. – Fakultateko dekanotza-taldeak laguntza eman behar dio dekanoari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • ikasketa-planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen lanbide-orientazioa eta laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakats-plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio-lanean ere;

    • titulazioen irakats-kalitatea sustatzeko lanean;

    • Fakultateko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, dekanoak proposatuta, dekanordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten fakultateko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Dekanordeek dekanoak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Fakultateko Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Dekanordeen kopurua ez da izango eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, fakultateko kide izateari uztea edo errektoreak hala ebaztea, dekanoak proposatuta.

  5. – Dekanoak dekanotza-taldean gertatuko aldaketen berri emango du Fakultateko Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu dekanordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko dituzte emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatu du, dekanoak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala ebaztea, dekanoak proposatuta.

Hauek dira fakultateko idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Fakultateko Batzarrean, Batzorde Iraunkorrean eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Fakultateko Batzarrerako eta Batzorde Iraunkorrerako deia egitea, dekanoaren agindua jaso ondoren.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo fakultateko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Fakultateko erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Fakultateko Batzarrak eta Batzorde Iraunkorrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea Fakultateko dekanoari; eta, baita ere, ikastegiko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du fakultateko idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Fakultateko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menpekotasun funtzionala izango du dekanoarekiko eta fakultateko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, fakultateko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Fakultateko administratzaileak eguneratuta izango du fakultateari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Fakultateko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio dekanotza-taldeari fakultatearen urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Fakultateko Batzarrak.

Fakultateak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile izango ditu, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak, eta autonomiaz gestionatuko du bere saila.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du Fakultatearen aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia-, teknika- edo arte-lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Fakultatearen jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Fakultateak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, dekanotza-taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek fakultatearen aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Fakultateko Batzarrean, ontzat eman dezan.

Fakultateko arautegia aldatzeko idatzi bat aurkeztu behar zaio dekanoari eskatzaileen izenekin eta proposatutako testu berriarekin. Aldatzeko eskaera egin ahal izateko sail baten akordioa edo gutxienez, Fakultateko Batzarreko partaideen % 25en eskaera beharko da.

Fakultateko Batzarrak horretarako beren-beregi deituko duen ezohiko bilera batean onartu beharko da proposatutako aldaketa, eta emandako botoen gehiengo absolutua lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  1. – Ikasleen kontseiluen oinarrizko arautegia onartu artean, ikasleen kontseilua eratuko da fakultatean. Kontseilu hori honako hauek osatuko dute: ikasleek Fakultateko Batzarrean dauzkaten ordezkariek eta fakultateko ikasleek Klaustroan dauzkaten ordezkariek.

  2. – Ikasleek aipatutako bi organoetan dauzkaten ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak egin eta gero, fakultateko dekanotza-taldeak hautatutako behin betiko ordezkariei dei egingo die abenduan. Bileran zehaztuko da hautagaiak aurkezteko epea zein izango den, bai eta kontseiluko burua noiz aukeratuko den ere. Kontseiluko kide guztiak izango dira hautesleak.

    Ikasleen kontseiluko buru izateko hautagaiak aurkeztean idazkariaren izena ere adieraziko da. Hautagai-zerrenda horiek idatziz aurkeztuko dira fakultateko erregistro orokorrean, ikastegiko dekanoaren izenean. Dekanoak egiaztatu beharko du hautagai-zerrendek baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez eta, betetzen dituztenak argitara emango ditu.

  3. – Fakultateko ikasleen kontseiluak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluan daukan ordezkaria fakultateko ikasleen kontseiluko burua izango da.

Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gaur egun honako titulazio hauek koordinatzen ditu: Filosofiako Lizentziatura, Pedagogiako Lizentziatura, Gizarte eta Kultur Antropologiako Lizentziatura, Psikopedagogiako Lizentziatura eta Gizarte Hezkuntzako Diplomatura.