Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2006ko urriaren 6koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, filologia eta geografia-historia fakultatearen arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 5606
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2006/10/06
  • Argitaratze-data: 2006/11/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluak, bi mila eta seiko urriaren bosteko bileran, Filologia eta Geografia-Historia Fakultatearen Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

  1. – Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegia den eta bere egoitza Arabako Campusean duen Filologia eta Geografi-Historia Fakultatea unibertsitateko ikasketak antolatzen dituen eta titulu akademikoak edo bestelako eskaintza akademikoak lortzeko prozesu akademiko eta administratiboak gidatu eta gestionatzen dituen irakaskuntza zentroa da, horrez gain ikerkuntza bultzatzen duena.

  1. – Fakultatea honako hauen bidez arautuko da: indarrean dagoen legeria, Estatutuak, eta Oinarrizko Arautegiari jarraiki Ikastegiko Batzarrak burutu duen Ikastegiaren Arautegia (azken arautegi honetan arautzen ez den guztirako oinarrizkoa erabiliko da), eta aplika dakizkiokeen gainerako arautegiak.

  2. – Filologia eta Geografi-Historia Fakultateak Vitoria-Gasteizko Unibertsitateko Ibilbidea 5-en dagoen eraikinean du bere egoitza eta, gaur egun, eranskinean biltzen diren titulazioak irakasten ditu.

  3. – Fakultatean eskolak ematen dituzten sailen zerrenda, sail atalik ez dutenak barne (zerrendako azken seiak), honako hau da:

    1. Artea eta Musikaren Historia.

    2. Ekonomi Historia eta Erakundeak.

    3. Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia.

    4. Espainiar Filologia.

    5. Filosofia.

    6. Frantses Filologia.

    7. Garaiko Historia.

    8. Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia.

    9. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak.

    10. Ikasketa Klasikoak.

    11. Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazioa.

    12. Logika eta Zientziaren Filosofia.

    1. Balioen Filosofia eta Antropologia Soziala.

    2. Geodinamika.

    3. Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroarena.

    4. Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika.

    5. Pintura.

    6. Zuzenbide Zibila.

  4. – Irakaskuntza eta ikerkuntza laguntzeko azpian zerrendatzen diren zerbitzuak dauzka Fakultateak:

    1. Aldibereko Interpretaziorako Laborategia 1.

    2. Aldibereko Interpretaziorako Laborategia 2.

    3. Autoikaskuntzarako Multimedia-Laborategia.

    4. Fonetika Laborategia.

    5. Formazioan dauden Ikertzaileen Aretoa.

    6. Geografia, Historiaurrea eta Arkeologiako Laborategiak.

    7. Hizkuntza-Laborategia.

    8. Interpretaziorako eta Hizkuntzetarako Laborategia.

    9. Ikus-entzunezkoen Laborategia.

    10. Irakaskuntzarako Informatika-Gela.

    11. Irakaskuntzarako Multimedia Laborategia.

    12. Psikolinguistika Laborategia.

  5. – Fakultateko kideek euren kexak, erreklamazioak eta iradokizunak Dekanotza Taldeari helarazi ahalko dizkiote, Erregistrotik bidalitako idazkien bitartez. Eskariek gehienez zazpi egunen buruan jasoko dute erantzuna. Idazkiaren lehen sinatzaileari bidaliko zaion erantzunean hartu den erabakiaren berri emango da eta halaber, horren beharrik bada, erabakiaren motibazioa.

  1. – Fakultatea honako hauek osatzen dute: Ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

  2. – Hauek dira Ikastegiko kideak:

    1. Ofizialki Fakultatera atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Fakultatean irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Fakultatera atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Fakultatera lotuta egongo dira, baina kide izateke, Ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, Ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta Ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Hauek dira Ikastegiaren eginkizunak:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokienez, atxikiak dituen EHU/UPVko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakaskuntza eskaintza egitea, EHU/UPVko ikasketa programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinatuz.

  3. Ikasketa planak onetsi edo aldatzea proposatzea, eta EHU/UPVko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dionean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Ikastegian ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituzten jagotea.

  6. Fakultatearen aurrekontuko hornidura gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Fakultatearen urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteroko memoria egitea.

  9. Hizkuntza plangintza orokorra garatzea eta ikastegiari egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  11. EHU/UPVko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

  1. – Honako hauek dira Ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak: Ikastegiko Batzarra, Dekanoa, Dekanordeak, Idazkari Akademikoa eta Administratzailea.

Honako hauek dira kide anitzeko gobernu organoak: Fakultateko Batzarra eta Ikastegian sortutako batzorde guztiak, erabakiak hartzeko berezko eskumena dutenak zein eskumen hori eskuordetuta dutenak.

  1. – Fakultateko Batzarraren osakideak hauek izango dira: Dekanoa, Dekanordeak, Idazkari Akademikoa, Ikastegiko Administratzailea eta unibertsitateko kidegoen artean banatuko diren 75 ordezkari hautatu, EHU/UPVko Estatutuetan eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 8. artikuluan ezartzen diren ordezkaritza portzentajeen arabera.

  2. – Unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioek 38 kide hautatu izango dituzte.

  3. – Lan kontratudun irakasle eta ikerlariek 14 kide hautatu izango dituzte.

  4. – Ikasleek 15 kide hautatu izango dituzte.

  5. – Administrazio eta zerbitzuetako langileek 8 kide hautatu izango dituzte.

  6. – Dekanotza taldea izendatzeko Dekanoak egiten duen proposamenak Fakultateko Batzarreko kide guztien % 51a irakasle funtzionario izango delako beharra errespetatuko du.

  7. – Fakultateko Batzarrak bere arautegia izango du funtzionamendurako eta kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  8. – Ikastegiko Batzarreko kideak hautatzean Estatutuek xedatutakoa eta EHU/UPVko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura bete beharko dira.

  1. – Fakultateko Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa Ikastegian.

  2. – Ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartzea dagokio Fakultateko Batzarrari, batez ere honakoak:

    1. Fakultatearen Arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Fakultateko Dekanoa hautatu.

    3. Gobernu organoei irakasleen plantilan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantilan dauden beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak Ikastegira egokitzeko plana onartzea.

    5. Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko Ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark Errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    6. Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    7. Ikasketa planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta Ikastegiari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    9. Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen aldiro ebaluatuko den kalitatea bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea eta berauen kideak izendatzea. Kideok, Arautegi honetan biltzen diren gainerako batzordeetan bezala, ez dute nahitaez Fakultateko batzarkide izan behar.

    11. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena Fakultateko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    12. Ikastegiak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    1. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo EHU/UPVko beste gobernu organoek eskuordetzen dizkionak.

  3. – Fakultateko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizun plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek Dekanoak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon daitezen.

  1. – Fakultateak Batzorde Iraunkorra izango du. Batzordearen osaketak Fakultateko Batzarrean ordezkaturik dauden kidegoen ordezkaritza portzentaje berak mantenduko ditu. Horretarako, Batzorde Iraunkorra honako hauek osatuko dute: Dekanoak edo hark bere ordez izendatuko duen Dekanordeak, Idazkari Akademikoak, unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario direnen lau ordezkarik, lan kontratudun irakasle eta ikerlarien ordezkari batek, bi ikaslek eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kide batek.

  2. – Fakultateko Batzarrak eskuordetu ahalko dizkio Batzorde Iraunkorrari 8.2 artikuluan zerrendatzen diren eginkizunak, salbu eta a), b), i), eta j) paragrafoetan aipatzen direnak, EHU/UPVko Estatutuetako 276. artikuluko 1. atalean zehazten den bezala.

  1. – Honako hauek izango dira Fakultatearen berariazko batzordeak:

    1. Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.

    2. Euskararako Batzordea.

    3. Ekonomi Batzordea.

    4. Hedakuntzarako Batzordea.

    5. Bibliotekarako Batzordea.

  2. – Batzorde bakoitzaren lehenbiziko bileran organoaren idazkaritza zehaztuko da. Erabakia Idazkari Akademikoari adieraziko zaio.

  3. – Fakultateak Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea izango du. Batzordeko burua Dekanoa izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen Dekanordea. Gainerako kideak hauek izango dira: Idazkaria gehi bost irakasle eta hiru ikasle, titulazio bereko ordezkari bat baino gehiago egongo ez delarik estamentu bakoitzetik. Fakultateko Dekanotzak bermatuko du Ikastegiko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola Batzordeari. Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahalko zaizkio Errektoreari.

  4. – Fakultateak Euskararako Batzordea ere izango du, parte-hartze eta aholkularitza organoa izango delarik. Batzorde horren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea Ikastegian, EHU/UPVren plangintza orokorrari jarraiki. Euskararako Batzordea Dekanoak edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonak, hiru irakaslek, hiru ikaslek eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kide batek osatuko dute, Dekanoa edo bere ordez izendatutako pertsona buru delarik. Batzorde honen betekizunak honako hauek izango dira:

    1. euskararen planak informatzea, aholkatzea eta praktikara eraman daitezen proposatzea;

    2. Fakultatean elebitasuna mailaka lortzeko ekimen espezifikoak antolatu eta bultzatzea, Unibertsitateko Euskararako Batzordearekin elkarlanean;

    3. Sailen lanak koordinatzea euskarazko irakaskuntza eta ikerkuntza ahalbidetuko duen material oinarrizkoa prestatze aldera.

  5. – Ekonomi Batzordea, Administratzaileaz gain, Dekanoak edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonak, bost irakaslek, hiru ikaslek eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kide batek osatuko dute, Dekanoa edo bere ordez izendatutako pertsona buru delarik. Batzorde honen helburua aurrekontu eta ekonomi gestioari buruzko gaien inguruan sor litezkeen arazo guztietan Dekanoari eta Fakultateko Batzarrari laguntza eskaintzea da, eta bereziki:

    1. Urteroko aurrekontu-proiektua Fakultateko Batzarrari aurkeztu aurretik informatzea;

    2. Fakultatearen aurrekontu-funtsen gastua gainbegiratzea eta ekitaldiko azken kontuak informatzea, Fakultateko Batzarrari aurkezteko;

    3. Ikastegiko Administratzaileari Fakultatearen zuzendaritza, antolakuntza eta ekonomi gestioan laguntzea;

    4. EHU/UPVko ekonomi agintarien aurrean jardutea, Fakultate honetako Sailekiko, ikerkuntzarako hornidurari dagokionez Esperimentazio-Zientzien arloan aritzen ez direlakoan bereizkeria ekiditearren;

    5. Ikaslegoari, bere jarduerak finantzatzeko helburuaz, Unibertsitate-Hedakuntzarako Funtsak lortzen laguntzea.

  6. – Hedakuntzarako Batzordearen zeregina Ikastegian kultura eta kirolaren alorrean eginiko jarduerak bultzatu eta koordinatzea da. Berori Dekanoak edo hark izendatzen duen pertsonak, hiru irakaslek, hiru ikaslek eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kide batek osatuko dute, Dekanoa edo bere ordez izendatutako pertsona buru delarik.

    1. Batzordeak urtero aurrekontu-esleipen handia izango du, beste zenbait iturritatik jaso litezkeen laguntzez kanpo.

    2. Fakultateak unibertsitate-bizitzaren alderdi ludikoa bultzatuko du eta, ildo honetatik, ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen aisia-jarduerak lagunduko ditu, behar bezalako bideak jarririk.

    3. Jarduerak Euskal Autonomi Erkidegora ez mugatzeko ahaleginak egingo dira, atzerriko unibertsitateekiko harremanak, gainera, errazten saiatuz.

  7. – Bibliotekarako Batzordea Dekanoak edo hark bere ordez izendatuko duen Dekanordeak, Bibliotekako Zuzendariak, bost irakaslek, hiru ikaslek eta pertsonal tekniko bibliotekariaren ordezkari batek osatuko dute, Dekanoa edo bere ordez izendatutako pertsona buru delarik. Batzorde honen funtzioak dira:

    1. Funtsen erosketarako politika ezartzea, Ikastegiaren premietarako egokituriko bilduma osatze aldera;

    2. Fakultateari esleitutako Bibliotekaren aurrekontuaren banaketa burutzea;

    3. Unibertsitate-Bibliotekaren Arautegiak Ikastegiari utz diezaiokeen beste edozein betebehar;

    4. Bibliotekaren funtzionamendu hobera bideraturiko neurriak proposatzea;

    5. Fakultateari, bai etorkizunari begira zein atzeranzkotasunez, adskribaturiko irakasleen argitarapen guztien ale bat, gutxienik, Bibliotekaren Funtsetan izatea bermatzea;

    6. EHU/UPVko ekonomi agintarien aurrean jardutea, Fakultate honetako Sailekiko, Bibliotekarako hornidurari dagokionez Esperimentazio-Zientzien arloan aritzen ez direlakoan bereizkeria ekiditearren.

  1. – Fakultateko Batzarrak izaera aholku-emailea izango duen beste edozein batzorde sortu ahalko du aldi baterako. Horretarako batzorde berri bakoitzaren osaera, presidentzia, idazkaritza, lan esparrua eta betekizunak, bai eta, horren beharrik balego, bere funtzionamendu-erregimenaren berezitasunak, zehaztuko ditu.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Ikastegiko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, halaber, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena, bestelako gaiak, eta galde-erreguak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran, Arautegi honen 13.3-n zehazten den modu berean. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia. Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko Idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zein gai aztertuko diren bertan. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edonola ere, bileraren data baino 24 ordu lehenago.

  3. – Aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz eta mehatz jasoko dira beti deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahalko da.

  4. – Deialdia organoko kide guztiei helaraziko zaie posta elektronikoz eta organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsuneak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta Arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Dekanotza Taldeak lan hori ahalbidetuko du, dokumentazioa eta informazioa Dekanotzan eskuragarri eginez berehalakoan.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo absolutua egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean bost minutuko tartea izan beharko da. Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.

  2. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa izango den quoruma beharrezkoa izango da bozketa guztietan.

  1. – Kide anitzeko organoko buruari dagokio bilera behar bezala antolatzea eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahalko du.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahalko du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahalko dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira haiekin batera.

  5. – Kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahalko ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, baina ez dute botoa emateko eskubiderik izango.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila lortu beharko da, Estatutuek, Arautegiak honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Proposamen bakarra dagoenean, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo lehendabizikoan nagusi ateratako bien artean bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta berriro ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean eta, nolanahi ere, beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa eman dutenek eta horretarako arrazoia azal dezatenek ez dukete erantzukizunik kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Horrenbestez, botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto txartela emango dio organoko Idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira, eta hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko dira akten zirriborroak. Aktak, behin onartuta, idazkariak sinatuko ditu eta organoko buruak ontzat emango.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, hala balegokio, arrazoiketaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahalko du bere parte hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahalko dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak aldaketa proposamena egiaztatuko du, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo da.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, kide anitzeko organo berrituak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktak, onartu ondoren, Fakultateko iragarki oholean argitaratuko dira eta Ikastegiko kide guztiek eskuratu eta kontsultatu ahalko dituzte Fakultateko Idazkaritza Akademikoan.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiak Fakultateko iragarki oholean emango da argitara gehienez ere hiru egun balioduneko epean. Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko Errektoreari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak, Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adieraz ez baledi behintzat. Erabakiak publikoak dira eta Unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 6. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Dekanoa Fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa da.

  2. – Dekanoa Fakultateari atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako arduraldi osoko irakasle doktoreen artetik hautatzen da, eta Errektoreak izendatzen du.

  3. – Dekanoa Fakultateko Batzarrak hautatuko du barne botazioaren bitartez.

  4. – Dekano izateko hautagaitza aurkezpenarekin batera, Dekanotza Taldearen osaketa, Lehenengo Dekanordearen izendapena eta hautagaiaren programa agertuko dira.

  5. – Lehenengo botazioan gehiengo absolutua jasoko lukeen hautagaia hautetsiko da. Berori lortu ezean, botazioa egingo da bigarrenez, lehendabizikoan boto gehien lortu zuten bi hautagaien artean. Baten batek uko eginez gero, boto kopuruan atzetik letozkeenek hautagai jarrai dezakete.

  6. – Bigarren buelta honetan hautetsirik suertatzeko, balioz emandako botoen gehiengo soila beharko da, Batzarreko kideen erdia gehi bat presente egonez gero. Ezarritako gehiengo hauek lortuko ez balira, hauteskunde prozesu berria irekiko da.

  7. – Fakultateko Dekanoa Errektoreak izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da. Segidan egin daitezkeen agintaldiak gehienez ere bi izango dira.

  1. – Dekanoak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. hiltzen bada;

    2. legezko ezintasunagatik;

    3. dimisioa aurkezteagatik;

    4. Ikastegiko kide izateari uzteagatik;

    5. agintaldia amaitzean;

    6. Ikastegiko Batzarrak zentsura mozioa onartzeagatik.

  2. – Arautegi honen 23.f.) artikuluan aipatutako mozio zentsura Idazkaritzan aurkeztu ahalko da, gutxienez Fakultateko Batzarreko kideen % 20-aren sinadura daraman idazki arrazoitu baten bidez, eta Dekano izateko hautagai baten izena eraman beharko du. Zentsura mozioa aurkeztu ondoren, eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatu eta gero, Dekanoak 72 orduren buruan deitu du Fakultateko Batzarra, zeina mozio zentsura aurkeztu zenetik gehienez hamabost eguneko epean bilduko den. Mozio zentsura sinatu duten batzarkideetako batek hasiko du eztabaida. Gero, Dekano izateko hautagaiak hartuko du hitza bere proposamena aurkeztu eta azaltzeko. Honen ondoren, Dekanoak erantzungo du eta, gero, hitza eskatzen duten batzarkideek, alde eta kontrako txandetan. Zentsura mozioak aurrera egingo du Batzarrean jasotzen dituen aldeko botoak kontrako botoak baino gehiago badira. Fakultateko Batzarreak mozioa onartzen badu, Dekanoak berehalakoan aurkeztuko du dimisioa. Hala gertatuz gero, onartutako zentsura mozioaren aurkezleek Dekanotarako proposatu duten hautagaia Dekano berritzat emango da.

  3. – Ahal den kasuetan, Dekanoak jardunean jarraituko du Dekano berria izendatu arte.

  4. – Dekanoa gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi zehaztutako Dekanordeak egingo lioke ordezkotza. Halako izendapenik ez balego, Ikastegiko Batzarrak izendatuko du ordezkotza egingo duen Dekanotza Taldeko kidea. Ikastegiko Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko Dekanoak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  5. – Ikastegian kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan Ikastegiko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain Dekanoaren zereginak. Irakasle horrek Ikastegiko Dekanoa aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahalko du Dekanoa, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez karguan emanda hiru urte izan beharko ditu.

  1. – Hauek dira Dekanoaren eginkizunak:

    1. Ikastegiko ordezkaritza izatea, bai eta Ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala ere.

    2. Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Ikastegiko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Fakultateko Batzarraren, gobernu organo orokorren eta canpus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Fakultateko Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, Ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, EHU/UPVren Estatutuetako 102.2. eta 103.2. artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea Ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Fakultateko Batzarrak onartutako irizpideen arabera. Era berean, Ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zein diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon gabe, Ikastegiarekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, Fakultateko Dekanoak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Fakultateko Dekanotza Taldeko burua Dekanoa izango da eta honako hauek osatuko dute: Dekanordeek eta Idazkari Akademikoak.

  2. – Fakultateko Dekanotza Taldeak laguntza eman behar dio Dekanoari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • ikasketa planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere;

    • titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • Ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Dekanoak hala proposatuta, Errektoreak Dekanordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten Ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artean.

  2. – Dekanordeek Dekanoak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Ikastegiko Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Dekanordeen kopurua ez da izango EHU/UPVko ikastegien Oinarrizko Arautegiaren eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, Ikastegiko kide izateari uztea edo Errektoreak hala erabakitzea, Dekanoak proposatuta.

  5. – Dekanoak Dekanotza Taldean gertatuko aldaketen berri emango du Fakultateko Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahalko ditu Dekanordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte karguan emanda izan beharko dituzte.

  1. – Dekanoak hala proposatuta, Errektoreak Idazkari Akademikoa izendatuko du. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, EHU/UPVko kide izateari uztea edo Errektoreak hala erabakitzea, Dekanoak proposatuta.

Hauek dira Ikastegiko Idazkari Akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Fakultateko Batzarrean, Batzorde Iraunkorrean eta, betetzen duen karguagatik, dagozkion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Fakultateko Batzarrerako eta Batzorde Iraunkorrerako deia egitea, Dekanoaren agindua jaso ondoren.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo Ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Ikastegiko erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Fakultateko Batzarrak eta Batzorde Iraunkorrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea Ikastegiko Dekanoari; eta, baita ere, Ikastegiko Idazkari Akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahalko du Ikastegiko Idazkari Akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte karguan emanda izan beharko ditu.

  1. – Fakultateko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua Administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menpekotasun funtzionala izango du Dekanoarekiko eta Ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, Ikastegiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Fakultateko Administratzaileak eguneratuta izango du Ikastegiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Fakultateko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren Unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio Dekanotza Taldeari Ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Fakultateko Batzarrak.

Bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, Fakultateak behar beste langile izango ditu, eta EHU/UPVko aurrekontu orokorrean sail berezituak, autonomiaz gestionatuko dituenak.

EHU/UPVk urtero zehaztutako hornidurarako diru sailaz landa, Fakultatearen aurrekontuan sartuko dira honako hauek:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Fakultatearen jarduera ekonomikoa EHU/UPVren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta EHU/UPVko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Ikastegiak EHU/UPVren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, Dekanotza Taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek Ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Fakultateko Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegia eraldatzeko prozeduraren ekimena Dekanoari berari edo Fakultateko kideen % 25-ari dagokieke. Ekimen hau gauzatzeko, Dekanoari idazki bat aurkeztu beharko zaio, proposaturiko testu berria eta proposatzaileen identifikazioa bertan agertuz.

  2. – Dekanoak Fakultateko Batzarra deitu beharko du, ekimena aurkeztu zenetik aste beteko gehienezko epean, eraldaketa honen inguruko iritzia eman dezan. Erreformak aurrera egingo du Batzarraren gehiengo absolutuaren aldeko botoa lortuko balu. Aurrera egin duten aldaketak Gobernu-Batzarrari helaraziko zaizkio, beronen onarpena jasotzeko, legalitate kontrol derrigorrezkoaren ondoren.

  3. – Eraldaketarako proiektu bat galdurik, eskatzaileek ezingo dute ekimen hori berriro egin akademi ikasturte berean.

    Titulazioen eranskin gaurkotua (2005-2006) (EHU/UPVko ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 1.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, BOPV 2005-09-01).

    Egun (2005-2006 ikasturte akademikoa) Fakultateak honako titulazio hauek koordinatzen eta irakasten ditu:

    1. Aleman Filologian lizentziatua.

    2. Artearen Historian lizentziatua.

    3. Euskal Filologian lizentziatua.

    4. Filologia Klasikoan lizentziatua.

    5. Filologia Hispanikoan lizentziatua.

    6. Frantses Filologian lizentziatua.

    7. Geografian lizentziatua.

    8. Historian lizentziatua.

    9. Ingeles Filologian lizentziatua.

    10. Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.