Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2006ko urriaren 6koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen Arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 5605
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2006/10/06
  • Argitaratze-data: 2006/11/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluak, bi mila eta seiko urriaren bosteko bileran, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen arautegi honek hainbat alderdi arautzen ditu, hain zuzen ere ikastegiak esleituta dauzkan eginkizunak bete ahal izateko behar-beharrezkoak diren guztiak. Edonola ere, errespetatu egin dira EHUren Estatutuei [abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuaren bidez onartuak (2004ko urtarrilaren 12ko EHAA)] jarraiki garatu zen ikastegien oinarrizko arautegian jasotako norabideak.

Arautegi honen bidez gure ikastegian irakasten diren ikasketak antolatzeko kontuan izan behar diren gai guztiak arautu nahi dira, hala nola titulu akademikoak edo bestelako eskaintza akademikoak lortzeko prozesu akademiko eta administratiboen gestioa.

  1. – Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegi bat da, Leioako Campusean kokatua. Aipatutako fakultateak bertan irakasten diren ikasketak antolatzen ditu, eta titulu akademikoak edo bestelako ekintza akademikoak lortzeko prozesu akademiko eta administratiboak gidatu eta gestionatzen ditu.

  2. – Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen arautegian zehaztuko dira, eranskin batean, ikastegiak koordinatzen dituen titulazio ofizialak eta une honetan Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak irakasten dituenekin bat datozenak. Eranskin hori eguneratu egingo da aldian-aldian (1. eranskina).

    Era berean, arautegi honetan zehaztuko da ikastegian eskolak ematen dituzten sailen zerrenda eta (2. eranskina).

  1. – Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea honako hauen bidez arautuko da: Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuak, oinarrizko arautegiari jarraiki Fakultateko Batzarrak egingo duen ikastegiaren arautegia (azken arautegi honetan arautzen ez den guztirako oinarrizkoa erabiliko da), eta aplika dakizkiekeen gainerako arautegiak.

  2. – Ikastegiko irakasleek, ikasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren iradokizunak, kexak eta erreklamazioak helaraziko dituzte dekanotza taldera, unibertsitateko Erregistro Orokorrak fakultatean daukan bulegoaren bitartez. Kexak eta erreklamazioak aurkezten badira, Dekanotzak erantzunak idatziz bidaliko ditu, arrazoiak azalduta, hilabeteko epean.

  1. – Ikastegia honako hauek osatzen dute: ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

  2. – Hauek dira fakultateko kideak:

    1. Ofizialki ikastegira atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    3. Ikastegira atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Ikastegira lotuta egongo dira, baina kide izateke, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Honako hauek dira Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen eginkizunak:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Titulazioetako irakats eskaintza egitea urtero, EHUko ikasketa programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinazioan.

  3. Titulazioetako ikasketa planak onetsi edo aldatzea proposatzea, eta EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dienean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Fakultatean ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Ikastegiko irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eskubideak errespetatzen direna eta euren eginbeharrak betetzen dituztena jagotea.

  6. Ikastegiaren aurrekontuko hornidura gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Ikastegiaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteroko memoria egitea.

  9. Hizkuntza plangintza orokorra garatu eta fakultatera egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  11. EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

Honako hauek dira fakultateko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak: Fakultateko Batzarra, dekanoa, dekanordeak, idazkari akademikoa eta administratzailea.

Honako hauek dira kide anitzeko gobernu organoak: Fakultateko Batzarra, Akademi Antolakuntzako Batzordea, Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea eta Euskara Batzordea.

  1. – Hauek izango dira, gutxienez, Fakultateko Batzarraren osakideak: dekanoa (batzarreko burua izango dena), idazkari akademikoa, ikastegiko administratzailea, eta fakultatea osatzen duten unibertsitateko taldeek hautatutako 35 kide. Dekanordeak, hautatuak ez badira, batzarreko berezko kide izango dira.

    Dekanordeek ez dute emango botoa ez dekanoa aukeratzerakoan ez zentsura mozioa onartzean.

  2. – Fakultateko Batzarreko kide hautatuak honela banatuko dira:

    1. Irakasle katedradun eta titularrak, 18 kide (% 51).

    2. Irakasle kontratatuak, 6 kide (% 18).

    3. Ikasleak, 7 kide (% 20).

    4. Administrazio eta zerbitzuetako langileak, 4 kide (% 11).

      Dekanoak, dekanotza taldeko kideen izendapenak proposatzean, honako hau bete beharko du: Fakultateko Batzarreko kideen % 51ek irakasle funtzionarioa izan behar du.

  3. – Fakultateko Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  4. – Fakultateko Batzarrak bere arautegia izango du funtzionamendurako, eta kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  1. – Fakultateko Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa ikastegian.

  2. – Ikastegiko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Ikastegiaren arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Dekanoa hautatzea.

    3. Gobernu organoei irakasleen plantilan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantilan dauden beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

    5. Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta planoi jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

    6. Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    7. Ikasketa planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta ikastegiari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    9. Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dena bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    12. Ikastegiak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    1. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo EHUko beste gobernu organoek eskuordetzen dizkionak.

  3. – Fakultateko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizun plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek dekanoak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon daitezen.

    Era berean, ikastegiaren aurrekontua behin onartuta, jakinaren gainean jarriko da Fakultateko Batzarra.

Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea honako hauek osatuko dute: dekanoak edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak (batzordeko burua izango dena), bost irakaslek (titulazio bakoitzetik bat), eta bi ikaslek (bata Gizarte Zientzietakoa eta beste Komunikaziokoa). Irakasleak eta ikasleak Fakultateko Batzarrak hautatuko ditu. Batzordeko idazkaria idazkari akademikoa izango da eta aholkularitza teknikoa eskainiko du, beharrezko txostenak eskatuta kasuan kasuko organoei.

Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak, eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari.

  1. – Fakultateko Euskarako Batzordea parte-hartze eta aholkularitza organoa izango da. Batzorde horren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea ikastegian, EHUren plangintza orokorrari jarraiki.

  2. – Batzordea Fakultateko Batzarrak hautatuko dituen kide hauek osatuko dute: bost irakaslek (titulazio bakoitzetik bat), bi ikaslek (bata Gizarte Zientzietakoa eta beste Komunikaziokoa), eta administrazio eta zerbitzuetako langile batek. Lehen bileran aukeratuko dituzte batzordekideek haien artetik batzordeburua eta idazkaria.

  1. – Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Fakultateko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ez ohiko bileretako gai zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia 24 ordu lehenago egin behar da gutxienez. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Dekanoak egingo du Fakultateko Batzarraren bileretarako deia, bera baita organo horretako burua.

    Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, bilerak baino gutxienez hiru egun lehenago. Deialdia bidaliko die zuzenean batzarreko kideei idatziz eta bertan adieraziko die bilera non egingo den, zein egun eta ordutan, eta zein gai aztertuko diren. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Gai zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean egongo dira organoetako kideen gutxienez % 10ek dekanoari idatziz eskatutako gaiak.

  4. – Deialdia argitara emango da, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Eskaria idatziz egingo da, eta unibertsitateko Erregistro Orokorrak fakultatean daukan bulegoan aurkeztuko da. Informazio hori, gehienera ere, zazpi eguneko epean emango zaio kide anitzeko organoko kideari.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Bigarren deialdia lehenengoa baino ordu erdi beranduago izango da, gehienez ere, organoa ez bada eratu lehenengo deialdian. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek antolatu behar dituzte bilerak eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utz ditzakete.

  2. – Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Beharrezko jotzen badute, organoetako buruek gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezakete, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  5. – Egoki deritzonean, kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bileretara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar da, arautegi honek, Estatutuek edo aplika daitezkeen gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartu behar da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruek kalitatezko botoa erabili behar dute.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute izango kide anitzeko organoak hartutako erabakien erantzukizunik, aurkako boto horretarako arrazoia jasota uzten badute. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto txartela emango dio organoko idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio. Abstenitzen direnek ere ez dute erantzukizunik izango.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar dute.

  2. – Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, kide anitzeko organo aldatuak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  6. – Aktak, onartu eta gero, ikastegian horretarako egongo diren iragarki ohol ofizialetan jarriko dira ikusgai, gutxien ere hamabost egunean. Fakultatearen web orrian ere kontsultatu ahal izango dira, onartu eta hurrengo hiru hilabeteetan. Era berean, ikastegiko kide guztien eskura egongo dira kontsultetarako. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko da idazkaritzan.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Hartutako erabakiak argitara emango dira, bai ikastegian horretarako egongo diren iragarki ohol ofizialetan bai fakultatearen web orrian, gehien ere hiru egun balioduneko epean, eta pertsonen intimitatea babestuta. Organoko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko errektoreari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesdunei jakinarazi behar zaizkie. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dute eragina, erabakian bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 7. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Dekanoa fakultateko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa da.

  2. – Dekanoa fakultateari atxikitako unibertsitateko irakasleen kidegoetako arduraldi osoko irakasle doktoreen artetik hautatzen da, eta errektoreak izendatzen du.

  3. – Dekanoa hautatzeko prozedura:

    1. Dekanoak kargua utzi eta handik hilabetera, gehienez ere, Fakultateko Batzarrak ezohiko bilera egingo du, hauteskundeetako egutegia ontzat emateko.

    2. Hauteskundeetarako deia egiteko erabakia argitaratu eta handik hilabetera, gehienez ere, jarduneko dekanoak Fakultate Batzarraren ezohiko bilerarako deia egingo du, hurrengo dekanoa hautatzeko.

    3. Dekano izateko kandidaturak Erregistro Orokorraren fakultateko bulegoan aurkeztuko dira, fakultateko Hauteskunde Batzordeko buruari zuzenduta. Kandidatura aurkeztean dekanotza taldeko kideen zerrenda ere aurkeztuko da, eta Fakultateko Batzarreko kideen % 10en babesa izan beharko du.

    4. Hautagai zerrendak aurkezteko epea behin bukatuta, hauteskunde batzordeak zerrenda onartuak jendaurrean jarriko ditu, eta jarduneko dekanoari emango dio horren berri bost eguneko epean.

    5. Dekanoa aukeratzeko hauteskundeetako boto txarteletan hautagai bakar baten izena agertu beharko da, nahiz eta boto zuria emateko aukerarik ere izango den.

    6. Hautagai bat baino gehiago dagoenean, hautetsia izango da, lehenengo txandan, boto baliodunen gehiengo osoa lortzen duena. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren botazioa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatu ahal izango dira lehen botazioan boto gehien lortu duten hautagai biak. Bigarren txanda honetan boto gehien lortzen duena izango da hautetsia.

      Hautagai bakarra dagoenean, baiezko edo ezezko botoa emango da, eta lehenengo txandan hautetsia izango da, baldin eta gehiengo osoak aldeko botoa eman badu; bigarren txandan, ostera, nahikoa izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izatea.

    7. Edonola ere, dekano hautetsia aldarrikatzeko nahitaezkoa izango da Fakultateko Batzarreko kideen laurdenak aldeko botoa ematea.

      Aipatutako gehiengoak lortuko ez balira beste hauteskunde prozesu bat irekiko litzateke.

  4. – Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da. Dekanoak gehienez ere elkarren segidako bi agintaldi bete ahal izango ditu.

  5. – Fakultateko Batzarreko kideen gehiengo osoak hala erabakitzen badu, dekanoa sufragio unibertsal haztatuaren bidez aukeratuko da, arautegi honetako 36. artikuluan arautegia aldatzeko prozeduraz aipatzen denari jarraiki eta Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoaren arabera.

  1. – Dekanoak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. Hilez gero.

    2. Legezko ezintasuna izanez gero.

    3. Dimisioa aurkeztuz gero;

    4. Ikastegiko kide izateari utziz gero.

    5. Agintaldia amaituz gero.

    6. Fakultateko Batzarrak zentsura mozioa onartuz gero.

  2. – Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen arautegiaren 23.l.f) artikuluak aipatzen duen zentsura mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da Fakultateko Idazkaritzan, gutxienez, Fakultateko Batzarreko kideen % 10ek sinatuta, eta dekanoa izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Zentsura mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintzak betetzen dituela ikusita, dekanoak Fakultateko Batzarra biltzera deituko du 72 orduko epean, eta, gehienez, hamabost eguneko epean bilduko da, zentsura mozioa aurkezten denetik kontatzen hasita. Eztabaidari emango zaio hasiera Fakultateko Batzarreko kide sinatzaileetako batek zentsura mozioaren aldeko defentsa eginez. Ondoren, dekanogaia mintzatuko da proposamena egin eta bere proposamena adierazteko. Zentsuratuak egingo dio aurka, eta, segidan, hitz egiteko txanda eskatzen dutenak mintzatuko dira, aldeko eta kontrako txandez baliaturik.

    Zentsura mozioa onartu egingo da Fakultateko Batzarreko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago direnean. Fakultateko Batzarrak mozioa onartuz gero, dekanoak berehala aurkeztuko du dimisioa. Onartutako zentsura mozioan ageri den dekanogaia bihurtuko da dekano.

  3. – Ahal den kasuetan, dekanoak jardunean jarraituko du dekano berria izendatu arte.

  4. – Dekanoa gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi zehaztutako dekanordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Fakultateko Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen dekanotza taldeko kidea. Fakultateko Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko dekanoak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  5. – Fakultatean kide bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan ikastegiko arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain dekanoaren zereginak. Irakasle horrek ikastegiko dekano edo zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu dekanoak, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakats betebeharretatik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntza eta ikerketa arloetan eguneratze aldera. Horretarako, hiru urtez, gutxienez, iraun behar dute karguan.

  1. – Hauek dira dekanoaren eginkizunak:

    1. Ikastegiko ordezkaria izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Fakultateko kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Fakultateko Batzarraren, gobernu organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Fakultateko Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Fakultateko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Fakultatearen ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, EHUren Estatutuetan (102.2. eta 103.2. artikuluak) adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Fakultateko Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, ikastegiko azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, fakultatearekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, dekanoak sinatuko ditu lankidetza hitzarmenak, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Ikastegiko dekanotza taldeko burua dekanoa izango da eta honako hauek osatuko dute: dekanordeek eta idazkari akademikoak.

  2. – Ikastegietako dekanotza taldeek laguntza eman behar diote dekanoari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • ikasketa planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere;

    • titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, dekanoak proposatuta, dekanordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Dekanordeek dekanoak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Fakultateko Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Dekanordeen kopurua ez da izango Ikastegien Oinarrizko Arautegiko eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, dekanoak proposatuta.

  5. – Dekanoak dekanotza taldean gertatuko aldaketen berri emango du Fakultateko Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu dekanordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, dekanoak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, dekanoak proposatuta.

Hauek dira fakultateko idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Fakultateko Batzarrean, Batzorde Iraunkorrean, balego, eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Fakultateko Batzarrerako eta Batzorde Iraunkorrerako deia egitea, dekanoaren agindua jaso ondoren.

  3. Gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Ikastegiko erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Fakultateko Batzarrak eta Batzorde Iraunkorrak hartuko dituzten erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea ikastegiko dekano edo zuzendariari; eta, baita ere, fakultateko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du fakultateko idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Administratzailea izango da fakultateko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua.

  2. – Administratzaileak menpekotasun funtzionala izango du dekanoarekiko eta ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, ikastegiko organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Ikastegiko administratzaileak eguneratuta izango du ikastegiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Fakultateko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio dekanotza taldeari fakultatearen urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Fakultateko Batzarrak.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, fakultateak behar beste langile izan behar ditu, baita sail berezituak ere EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du sail horiek kudeatzeko.

EHUk urtero zehaztuko du fakultatearen aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Fakultatearen jarduera ekonomikoa EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Fakultateak EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, dekanotza taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek fakultatearen aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Fakultateko Batzarrean, ontzat eman dezan.

Arautegi hau aldatzeko ekimena dekanoari dagokio edo fakultateko kideen % 20ri.

Aldaketaren bat proposatu nahi dutenek idatzi bat aurkeztuko dute unibertsitateko Erregistro Orokorrak fakultatean daukan bulegoan, dekanoari zuzendua. Idatzi horretan aldaketa eskatzen duten pertsonen izenak eta proposatzen duten ordezko testua agertuko dira. Fakultateko Batzarreko kideak jakinaren gainean jarriko dira, gehienez ere astebeteko epean.

Ikastegiko Batzarrak horretarako beren-beregi deituko duen ezohiko bilera batean onartu beharko da proposatutako aldaketa (proposamena aurkeztu eta gehienez ere bi asteko epean), eta emandako botoen gehiengo absolutua lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  • Kazetaritzan Lizentziatua.

  • Publizitate eta Harreman Publikoetan Lizentziatua.

  • Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua.

  • Soziologian Lizentziatua.

  • Politika eta Administrazio zientzietan Lizentziatua.

  • Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea.

  • Soziologia I.

  • Soziologia II.

  • Politika eta Administrazio Zientzia.

  • Kazetaritza I.

  • Kazetaritza II.

  • Konstituzio Zuzenbidea eta Politika Pentsamenduaren eta Gizarte Mugimenduen Historia.

  • Historia Garaikidea.

  • Euskal Filologia.

  • Konstituzio Zuzenbidea, Administrazio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia.

  • Ekonomia Aplikatua I.

  • Espainiar Filologia.

  • Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia.

  • Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia.

  • Enpresa Zuzenbidea.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.