Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2005eko azaroaren 3koa, Universidad del Paνs Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegia argitaratzeko agindua emateko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 231
  • Hurrenkera-zk.: 6004
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2005/11/03
  • Argitaratze-data: 2005/12/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren ondorioz, Gobernu Kontseilua da unibertsitateko gobernu organorik gorena, eta errektorea buru duela, kontseilu horrek zehaztuko ditu ildo estrategiko eta programatikoak ikasketa, ikerketa, giza baliabide eta ekonomiaren arlorako.

EHUren Estatutuetako 240. artikuluak dioenez, Gobernu Kontseiluak unibertsitateko politika orokorraren jarraibideak ezarri, garatu, gidatu eta betearazten ditu, bai eta jarraibideok aplikatzeko prozedurak ere, irakaskuntzaren, ikerketaren, giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen antolamenduaren arloan. Era berean, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzetako plana prestatzen du. Estatutuetako 241. artikuluak, berriz, Gobernu Kontseilua nortzuk osatuko duten zehazten du.

Aipatutako eginkizunak bete ditzan, Gobernu Kontseiluak hainbat eskumen dauzka bereganatuta. Eskumen nagusien zerrenda Estatutuetako 243. artikuluan azaltzen da, baina testuan zehar egiten diren hainbat aipamenek osatu egiten dute zerrenda hori.

Arautegi honek Gobernu Kontseiluaren funtzionamendua zehazten du. Gobernu Kontseiluak, lana arinago egin ahal izateko, Batzorde Iraunkorra eratuko du. Batzorde horrek berari eskuordetutako gaien gaineko erabakiak hartzeko eskumena izango du, gai horiek tramitatzean txosten guztiak aldekoak izan badira.

Bestalde, honako batzorde hauek arautzen dira: Ekonomia Batzordea, Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordea, eta bere eginkizunak hobeto betetzeko kontseiluak eratuko dituen gainerako batzordeak.

2005eko irailaren 29an EHUko Gobernu Kontseiluak erabaki zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegia onartzea, eranskinean jasotzen den moduan.

EHUren Estatutuetako 258.1 artikuluko d) atalak dioenez,berriz, idazkari nagusiak EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzen du. Horretarako, erabaki horiek oso-osorik argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak ezarritakoaren arabera.

Aipaturiko guztia kontuan hartuta, honakoa

EHUko GOBERNU KONTSEILUAREN

EHUren Estatutuetako 240. artikuluak dioenez, Gobernu Kontseiluak unibertsitateko politika orokorraren jarraibideak ezarri, garatu, gidatu eta betearazten ditu, bai eta jarraibideok aplikatzeko prozedurak ere, irakaskuntzaren, ikerketaren, giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen antolamenduaren arloan. Era berean, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzetako plana prestatzen du. Estatutuetako 241. artikuluak, berriz, Gobernu Kontseilua nortzuk osatuko duten zehazten du.

Aipatutako eginkizunak bete ditzan, Gobernu Kontseiluak hainbat eskumen dauzka bereganatuta. Eskumen nagusien zerrenda Estatutuetako 243. artikuluan azaltzen da, baina testuan zehar egiten diren hainbat aipamenek osatu egiten dute zerrenda hori.

Arautegi honek Gobernu Kontseiluaren funtzionamendua zehazten du. Gobernu Kontseiluak, lana arinago egin ahal izateko, Batzorde Iraunkorra eratuko du. Batzorde horrek berari eskuordetutako gaien gaineko erabakiak hartzeko eskumena izango du, gai horiek tramitatzean txosten guztiak aldekoak izan badira.

Bestalde, honako batzorde hauek arautzen dira: Ekonomia Batzordea, Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordea, eta bere eginkizunak hobeto betetzeko kontseiluak eratuko dituen gainerako batzordeak.

  1. – Gobernu Kontseiluko burua errektorea da.

  2. – Errektorea bileratik aterako balitz, hark bere ordez izendatuko duena jarriko da buru edo, bestela, errektorearen ordezko legala den errektoreordea. Eginkizunak eskuordetzeari buruz errektoreak emandako ebazpenean zehazten da errektoreorde hori nor izango den.

  3. – Errektorea hil, kargua utzi, gaixotu edo kanpoan balego, haren ordezko legalak egingo luke Gobernu Kontseilurako deia. Horren ezean, Gobernu Kontseiluan denbora gehien daraman dekanoak edo zuzendariak egingo du deia, unibertsitatearen gobernagarritasuna bermatzeko.

  1. – Gobernu Kontseiluko idazkaria EHUko idazkari nagusia izango da.

  2. – Idazkari nagusia bileratik aterako balitz, gerenteak ordezkatuko du edo, bestela, idazkari nagusiaren ordezko legalak.

  3. – Idazkari nagusia hil, kargua utzi, gaixotu edo kanpoan balego, haren ordezko legala izango litzateke kontseiluko idazkaria.

  1. – Gobernu Kontseiluko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari, edo kontseiluaren elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe egiten badu huts.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  3. – Errektoreak izendatutako kideren baten lekua hutsik geratuko balitz, beste kide bat aukeratu beharko luke errektoreak ahalik eta arinen.

  4. – Ordezkariek lau urteko agintaldia izango dute, ikasleen ordezkariak izan ezik. Azken horiek urtero aukeratuko dira.

  5. – Gizarte Kontseiluko ordezkarien kasuan organo horren arautegiak dioena beteko da edo, halakorik zehazten ez badu, osoko bilkurak dioena.

  1. – Gobernu Kontseiluko kideek kontseiluko bileretara eta partaide diren batzordeetako bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute. Gainera, unibertsitateko legeriak eta arautegi honek esleitzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte.

  2. – Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  3. – Ikasleen ordezkarien kasuan, Idazkaritza Nagusiak jakinaren gainean jarriko ditu kasuan kasuko ikastegiak, irakasgaien arduradunei horren berri eman diezaieten. Modu horretara, Gobernu Kontseiluko kide izateagatik joan beharreko bileretara joateak sortaraz ditzakeen arazoei eta gatazkei aurrea hartu eta konponbideren bat eman ahal izango zaie.

  4. – Gobernu Kontseiluko kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan dezaketen unibertsitateko dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Informazioa idatziz edo bide telematikoaren bitartez eskatuko diote Idazkaritza Nagusiari, eta idazkaritzak zazpi eguneko epean emango die, eskaera jasotzen duenetik kontatzen hasita. Idazkaritzak ez badauka eskura eskatu zaion informazioa, ahalik eta azkarren lortu beharko du, eskaera eginda kasuan kasuko organoari. Organo horrek aipatutako epea izango du informazioa emateko, edo zergatik ezin duen eman azaltzeko.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Batzorde Iraunkorrik ez badago, Gobernu Kontseilua gutxienez bi aldiz bilduko da hiruhilabetean; Batzorde Iraunkorra eratuta badago, hiru aldiz seihilabetean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia 24 ordu lehenago egin behar da gutxienez. Halakoetan, organoa balioz eratu ondoren, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar du bertaratutako kideen gehiengo osoak. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Gobernu Kontseiluko buruak egin behar ditu organoaren bileretarako deiak, berak hala erabakitzen duenean edo kideen % 25ek eskatzen duenean. Azken kasu horretan ezohiko bilera egingo da, eskaera aurkeztu eta gehienez ere zazpi egun balioduneko epean.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, behar bezala, bileraren data baino gutxienez lau egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein egun eta ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan.

    Gobernu Kontseiluaren osoko bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren kasuan, aztergaiei buruzko dokumentu garrantzitsuenak denboraz bidaliko zaizkie organoko kideei eta, edonola ere, bileraren eguna baino 48 ordu lehenago. Gaiei buruzko dokumentu guztiak kideen eskura egongo dira unibertsitateko Idazkaritza Nagusian, edo kasuan kasuko web helbidean, bilerarako deia egiten den egunean bertan.

  3. – Estatutuetako 242. artikuluak dioena betetzeko, bileretako deiak honako hauei ere bidaliko zaizkie: errektoreordeei, ikastegietako dekano eta zuzendariei, sailetako zuzendariei, ikerketa institutuetako zuzendariei, EHUn ordezkaritza daukaten sindikatuei eta EHUko Ikasleen Kontseiluari.

  4. – Unibertsitateko gainerako kideei ere deialdiaren berri emango zaie, horretarako jarriko den web orriaren bitartez.

  1. – Errektoreak prestatuko du aztergaien zerrenda, eta deialdiarekin batera bidaliko da.

  2. – Gobernu Kontseiluaren bileretako lehenengo aztergaia aurreko bileretako aktak onartzea izango da eta azkena, galde-eskeak. Kontseiluko kideen % 20k, gutxienez, aztergaien zerrendan punturen bat sartzea proposatzen badu kontseiluko buruari zuzendutako idatzi baten bidez, puntu hori ere jaso egin behar da zerrendan. Idatzi hori EHUko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da bilerarako deia egin baino lehenago, beharrezko dokumentazioarekin batera.

  3. – Aztergaien zerrendan errektoreak informazioa emateko puntua agertzen bada, Gobernu Kontseiluko kideek hitz egiteko eskubidea izango dute, errektoreak informazioa eman ondoren, baina behin baino ezingo dute hitz egin.

  4. – Ezingo da hartu aztergaien zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, bileran organoko kideen bi heren baino gehiago badaude, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  1. – Kide anitzeko organoa balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea bertan lehen deialdian, edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian (ordu erdi beranduago). Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezko legalak.

  2. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

  3. – Presazko bilerak lehenengo deialdian egingo dira beti.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Organoko buruak arautegi hau beteko eta betearaziko du bileran zehar, zalantzarik dagoenean interpretatu eta arautegian hutsunerik dagoenean horiek bete.

  3. – Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek euren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan, baina azalpen hori idatziz eman behar dute bilera bukatu baino lehen. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  5. – Egoki deritzonean, kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bileretara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  6. – Unibertsitateko kideek Gobernu Kontseiluaren bileretara joan ahalko dira, betiere leku nahikoa badago. Edonola ere, kontseiluko buruak bilera itxia egitea erabaki dezake, hala bilera osoa nola gairen bat aztertzeko tartea. Erabaki horren berri deialdia egitean edo bileraren hasieran eman dezake, bai eta bileran zehar ere.

  1. – Gobernu Kontseiluko eta Zuzendaritza Kontseiluko kideek hitz egiteko eta proposamenak aurkezteko eskubidea izango dute aztergaien zerrendako puntu bakoitzean. Dena dela, arautegi honetan jasotakoa eta kontseiluko buruak agindutakoa bete beharko dute.

    Kideek, oro har, hiru aldiz hartu ahal izango dute parte puntu bakoitzean. Lehenengo parte hartzea bost minutukoa izango da eta beste biak hirukoak, salbuespenak salbuespen.

  2. – Ikastegietako dekano eta zuzendariek, sailetako zuzendariek, ikerketa institutuetako zuzendariek, sindikatuetako ordezkariek eta EHUko Ikasleen Kontseiluko buruak ere hitz egiteko eskubidea izango dute aztergaien zerrendako puntu bakoitzean, baldin eta kontseiluko buruak horretarako baimena ematenbadie.

    Campusetako eta ikastegietako ikasleen kontseiluetako buruek behin hartu ahal izango dute parte, kasuan kasuko campusarekin edo ikastegiarekin zerikusi zuzena daukaten gaietan.

    Bilerako buruak eztabaidan parte hartzeko aukera emango die unibertsitateko gainerako kideei ere, baldin eta zerikusi zuzena badute erabaki proposamenarekin. Unibertsitateko kide horiek behin baino ezingo dute hartu parte.

  3. – Inork ezingo du hartu parte eztabaidan aurretik berba eskatu barik. Norbait berbetan dagoenean ezin izango zaio hizketa eten. Horretarako eskubidea izango duen bakarra errektorea izango da eta hori egingo du portaera aldatzea eskatzeko, harira ekartzeko, edo hitza kentzeko arrazoiak emanda.

  4. – Bilerako buruak alusioengatik hitz egiteko txanda eman ahal izango du eztabaidan, beharrezkotzat jotzen duenean.

  5. – Kontseiluko kideek ordena arazoak planteatu ahal izango dituzte, honako hauetarako: aztergaien zerrenda betearazteko, arautegia egokiro aplikatzea bermatzeko, eztabaida amaitzea eskatzeko, bilera behin-behinekoz bertan behera uztea eskatzeko, eta eztabaida atzeratzea nahiz harekin jarraitzea eskatzeko.

  6. – Gobernu Kontseiluko kideek aztergaien zerrendan jasotako puntuen inguruko proposamenak egin ahal izango dituzte baina, hala ere, arautegiak direnean bete egin beharko da horiek onartzeko prozedura.

  1. – Gobernu Kontseiluko kideek unibertsitatearen gobernuari buruzko interpelazioak eta galderak egin ahal izango dituzte, errektoreak, errektoreorderen batek, idazkari nagusiak, gerenteak edo batzordeetako buruek erantzun ditzaten.

  2. – Interpelazioak eta galderak ahoz egin ahal izango dira "Galde-eskeak" puntuan. Ahoz erantzun ahal izango dira, edo erantzuna idatziz bidali interesatuari beranduago, baina, edonola ere, organoaren hurrengo ohiko bilera amaitu baino lehen.

  3. – Interpelazioak eta galderak idatziz aurkezten badira Gobernu Kontseiluaren ohiko bilera baino 48 ordu lehenago unibertsitateko Idazkaritza Nagusian, erantzuna bileran bertan eman beharko da.

  4. – Unibertsitateko kideek interpelazioak eta galderak egin ahal izango dizkiote idatziz errektoreari. Horretarako, Gobernu Kontseiluko kideren baten babesa eta sinadura beharko da, eta kide hori izango da interpelazioaren edo galdera egitearen arduradun.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egin behar da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartu behar da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

  2. – Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; hala ere, berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  3. – Botazioak isilpekoa izan behar du, kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen badu. Dena dela, botazioak beti izan behar du isilpekoa pertsonei buruzkoa bada.

  4. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, horretarako arrazoia jasota uzten badute. Botazioa isilpekoa bada, botoa emateko unean eman beharko dio interesatuak boto txartela organoko idazkariari, eta orduantxe eman ahal izango dio aurkako botoa emateko arrazoia azaltzen duen testua edo, bestela, bilera amaitu baino lehen. Boto txartela eta aipatutako testua aktari erantsiko zaizkio.

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du, eta akta hori bilera horretan edo hurrengoan onartuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar dute.

  2. – Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen inguruko berariazko aipamena; gai zerrenda; bilera tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren ea emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoiaren azalpen laburra. Akta bi hizkuntza ofizialetan emango da argitara baina, edonola ere, parte hartze bakoitzean erabili den hizkuntza errespetatuko da.

  3. – Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, eskaria berariaz egin bada. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Epe horretan ez bada erreklamaziorik egiten, aktak onartutzat emango dira. Hala ez bada, organo berriaren hurrengo bileran onartu beharko dira.

  6. – Onartutako aktak Gizarte Kontseilura, campusetako errektoreordetzetara, ikastegietara, atal sindikaletara eta EHUko Ikasleen Kontseilura bidaliko dira, unibertsitateko kideek eskura izan ditzaten. Web orrian ere emango da horren berri, guztiek jakin dezaten.

  1. – Gobernu Kontseiluak eta bere organoek hartutako erabakien fede emango du idazkari nagusiak, eta ziurtagiriak egingo dizkie proposamenak aurkeztu zituzten unibertsitateko organoei edo Zuzendaritza Kontseiluko organo eskudunari.

  2. – Idazkari nagusiak, ondoren, kide anitzeko organoak hartutako erabakien testu osoa emango du argitara web orrian, pertsonen intimitatea behar bezala babestuta. Modu horretara unibertsitateko kide guztiek erabakien berri izan ahalko dute. Kasuan kasuko errekurtsoa jartzeko epea erabakia web orrian argitaratzen denean hasiko da.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesatuei jakinarazi beharko dizkie kide anitzeko organoari proposamena egin zion organoak. Pertsona horiek erabakiaren aurka egin ahal izango dute, Administrazio Prozedurari buruzko Legeak xedatutako moduan, erabakiaren berri ematen denetik hasita.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dute eragina, erabakian bertan beste ezer adierazi ezean. Zuzendaritza Kontseiluaren kasuan kasuko organoak izango du Gobernu Kontseiluaren erabakiak betearazteko ardura.

  2. – Hilabeteko epea egongo da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzeko Gobernu Kontseiluaren, Batzorde Iraunkorraren eta batzorde ordezkarien erabakien kontra. Errekurtsoa erabakia eman zuen organoari aurkeztu beharko zaio.

  1. – Gobernu Kontseilurako edo Batzorde Iraunkorrerako proposamena edo erabakia aurkeztu nahi duten unibertsitateko organoek, kasuan kasuko alorrean eskumenak dauzkan Zuzendaritza Kontseiluko kidearen bitartez emango diote hasiera prozedurari.

  2. – Hori dela eta, kide anitzeko organoaren bilera eguna baino hilabete lehenago bidaliko da Gizarte Kontseiluarentzako proposamena kasuan kasuko errektoreordetzara, Idazkaritza Nagusira edo Gerentziara. Erabaki proposamenari buruzko dokumentuak bi hizkuntzetan egongo dira; eta, ahal den neurrian, proposamen horien eranskinak ere bi hizkuntzetan egongo dira.

  3. – Arautegi honetako 7.2. artikuluan aipatzen diren Gobernu Kontseiluko kideen proposamenen kasuan 17.1. artikuluan xedatutakoa beteko da.

  1. – Zuzendaritza Kontseiluko kasuan kasuko kideak, beharrezkoa izanez gero, txostenak bildu eta Idazkaritza Nagusira bidaliko du espediente osoa (ahal izanez gero euskarri informatikoan), organoaren bilera eguna baino hamabost egun lehenago.

  2. – Idazkari nagusiak, errektorearen aginduz, kide anitzeko organoak aztertuko dituen gaien zerrenda egingo du. Bertan bilduko beharko dira epearen barruan bidalitako erabaki proposamenak eta gainerako gaiak.

  1. – Kapitulu honetan adierazitako epeak ezin dira luzatu eta, horrexegatik, epez kanpo heldutako erabaki proposamenak kide anitzeko organoaren hurrengo bilerarako geratuko dira.

  2. – Errektoreak ezagutzera emandako aztergaien zerrenda luzatu ahal izango du salbuespenezko kasuetan, baldin eta kide anitzeko organoko kideei dokumentazioa bidaltzeko epea, arautegi honetako 6. artikuluan zehaztutakoa, betetzen bada.

  1. – Arautegien proposamenak unibertsitateko Idazkaritza Nagusian aurkeztuko dira eta idazkaritzak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordera bidaliko ditu, txostenarekin batera.

  2. – Batzorde horrek Idazkaritza Nagusiak bidalitako proposamena aztertuko du eta, beharrezkoa izanez gero, aldaketak egingo ditu.

  3. – Testuaren lehen bertsio osoa Gobernu Kontseiluan aurkeztuko da, eta zuzenketak egiteko epea irekiko.

  1. – Gobernu Kontseiluko kide guztiek egin ahal izango dituzte zuzenketak horretarako egongo den epearen barruan, batzordeko buruari bidaliko dioten idatzi arrazoituaren bitartez. Unibertsitateko kideek ere zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, baina Gobernu Kontseiluko kideren batek babesa eman beharko die zuzenketa horiei bere sinadurarekin, eta kide hori izango da zuzenketak aurkezteko arduraduna.

  2. – Batzordeko buruak erabakiko du aurkeztutako zuzenketak onartuko diren ala ez. Zuzenketaren bat ez onartzea erabakiz gero, azaldu egin beharko du arrazoia.

  3. – Batzordeak, proposamenak tramitatzean, beharrezkotzat hartzen dituen egokitzapenak egin ahal izango ditu testuan, ikusitako akatsak zuzentzeko eta kontraesanak saihesteko. Egokitzapen horiek egin ahal izateko beharrezkoa izango da bertaratutako kide guztien adostasuna.

  1. – Osoko zuzenketa aurkeztu ahal izateko, Gobernu Kontseiluko kideen heren baten babesa izan beharko da, gutxienez, eta zuzenketarekin batera ordezko testu arrazoitua proposatu beharko da.

  2. – Batzordeak osoko zuzenketa horiek aztertuko ditu eta, ondoren, bere iritzia bidaliko dio Gobernu Kontseiluari.

  3. – Osoko zuzenketa onartzen den Gobernu Kontseiluaren bileran bertan epe bat irekiko da zuzenketak egiteko ordezko testuari. Dena dela, testu horri ezin izango zaio egin osoko zuzenketarik.

  1. – Artikuluei egindako zuzenketak, testua gehitu, aldatu edo kentzeko izango dira.

  2. – Tramiterako onartu diren zuzenketekin aurrera egin ahal izateko, batzordearen bileran bertaratutako batzordeko kideen bi herenen aldeko botoa beharko da. Berdinketarik egonez gero, batzordeko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

  1. – Zuzenketak aztertzen hasi baino lehenago, batzordeko buruak jakinarazi egingo dio Gobernu Kontseiluari zeintzuk diren 20.3. artikuluari jarraiki testuan egin diren egokitzapenak.

  2. – Batzordearen bilerara bertaratutako kideen bi herenek onartu ez dituzten zuzenketak aurkeztu zituztenek Gobernu Kontseiluak azter ditzala eska ditzakete.

  1. – Kapitulu honetan xedatutakoa nahitaez aplikatu beharko da EHUk erakunde publikoekin eta pertsona fisiko edo juridikoekin egingo dituen lankidetza hitzarmenetan, hau da, hitzarmen horien xedea alde guztien intereseko helburuetara iristea bada euren eskumeneko alorretan edota kontratu administratibo edo pribatuen helburuak ez direnak betetzea.

  2. – Edukiaren arabera, lankidetza hitzarmena hauxe izango da: hitzarmeneko aldeen arteko konpromisoa, alde horien guztien intereseko gaia aurrera eraman ahal izateko.

  3. – Tramiteak erraztea aldera, Idazkaritza Nagusiak hitzarmenak egiteko prozedura, motak eta ereduak ezarriko ditu, horretarako aukera ematen duten esparru guztietan.

  4. – EHUko Idazkaritza Nagusian hitzarmenen erregistroa egongo da.

Lankidetza hitzarmentzat hartu ahal diren arren, ondoren aipatzen diren itunei ez zaie aplikatuko kapitulu honetan xedatutakoa:

  1. Osasun erakundeekin egindako itunak (ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretua, unibertsitateen eta osasun erakundeen arteko itunak egiteko oinarri orokorrak xedatzen dituena).

  2. Unibertsitateko ikasketak irakasten dituzten ikastegiak atxikitzeko hitzarmenak (EHUren Estatutuetako 216. artikulua).

  3. Unibertsitate arteko sailak eratzeko beste unibertsitate batzuekin egindako hitzarmenak (unibertsitateetako sailei buruzko abenduaren 12ko 2360/1984 Errege Dekretuko 6. artikulua).

  4. Unibertsitateko ikerketa institutuak eratu, aldatu edo kentzeko egindako hitzarmenak (Estatutuetako 210. artikulua).

  5. Ikastetxe nagusiak eta unibertsitateko kideentzako egoitzak sortzeko egindako hitzarmenak (EHUren Estatutuetako 299. artikulua).

  6. Enpresekin egindako heziketarako lankidetza programak (uztailaren 19ko 1497/1981 Errege Dekretua eta irailaren 9ko 1845/1994 Errege Dekretua).

  7. Arautegi berezia duen beste edozein hitzarmen, bai unibertsitateari buruzkoa bai orokorra.

Hitzarmenek, gutxienez, honakoak zehaztu beharko dituzte:

  1. Hitzarmena zein organok sinatzen duten, zein ahalmen juridiko duten, eta alde bakoitza zein eskumenez baliatzen den. Era berean, berariaz jasoko da alde biek elkarri aitortzen diotela hitzarmenean egiteko ahalmena, eta alde bakoitzak bere erakundea behartzeko gaitasuna daukala.

  2. Hitzarmena finantzatzeko era eta, beharrezkoak izango badira, giza baliabideak eta baliabide materialak.

  3. Hitzarmena betetzeko adostuko diren jarduerak.

  4. Hitzarmena gestionatzeko erakunde bat sortu behar den ala ez. Erakunde horrek, besteak beste, hitzarmenaren inguruan sor litezkeen interpretazio eta betetze arazoak konpondu beharko lituzke.

  5. Hitzarmena noiztik noiz arte egongo den indarrean eta zelako luzapena izango duen, sinatzaileek halakorik adostuko balute.

  6. Hitzarmena amaitzeko arrazoiak, aurreko atalean esandakoaz gainera, bai eta kontratua amaituko balitz, aurrera eramaten ari diren zereginei bukaera emateko modua ere.

  1. – Hitzarmenak egin nahi badira, ondoren aipatzen diren errektoreordetzek tramitatuko dituzte euren ekimenak edo unibertsitateko ikastegiek, sailek, ikerketa institutuek eta zerbitzuek egindakoak:

    1. Kasuan kasuko campuseko errektoreordetzak, hitzarmena campus bakar bateko organoen bitartez garatuko denean.

    2. Arloan eskumena daukan errektoreordetzak, hitzarmenak campus batekin baino gehiagorekin badauka zerikusia.

  2. – Hitzarmenak campus batekin baino gehiagorekin eta gestio arlo batekin baino gehiagorekin daukanean lotura, Idazkaritza Nagusira bidaliko da, Zuzendaritza Kontseiluak esan dezan zein errektoreordetzak daukan eskumena hitzarmena tramitatzeko.

  3. – Errektoreordetza eskudunak espediente administratiboa tramitatuko du, eta bertan jasoko dira hitzarmena izenpetzeko beharrezkoak diren aurrekari guztiak. Hain zuzen ere, dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio espedienteari:

    1. Hitzarmena egiteko arrazoiak agertzen dituen memoria. Bertan jasoko dira, besteak beste, hitzarmena sinatzeko beharra edo abantailak, aurrera eramango diren jarduerak (iraupena eta egutegia zehaztuta, bai eta onuradunak ere, nortzuk izango diren jakiterik badago), aldeek euren gain hartzen dituzten konpromisoak, beharrezkoa izango den azpiegitura, eta hitzarmenean xedatutako helburuak betetzeko dauden langileak eta bitartekoak, besteak beste.

    2. Gerentziaren txostena, hitzarmenean jasotako eragiketak aurrekontuan sartzeari buruzkoa, bai eta hitzarmenean jasotako gainerakoei buruzkoa ere, horiek Gerentziaren eskumena den alorrekoak badira.

    3. Hitzarmenarekin zerikusia daukaten arloetako errektoreordetza guztien txostena edo, bestela, kasuan kasuko campuseko errektoreordetzarena.

    4. Hitzarmena abian jartzeak zuzenean eragiten dien gainerako ikastegi, sail, institutu eta zerbitzuen txostena.

    5. Lege Aholkularitzaren txostena.

    6. Hitzarmeneko testuaren zirriborroa, gutxienez 26. artikuluan zehaztutakoak jaso beharko dituena.

  1. – Campus bati lotutako hitzarmenak Campuseko Batzarrak eman beharko ditu ontzat.

  2. – Hitzarmenaren aplikazio eremua campusa baino haratago doanean, edo langileak kontratatu behar direnean, Gobernu Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak onartu beharko du hitzarmena.

  3. – Edonola ere, honako hauek Gobernu Kontseiluan aurkeztuko dira, ontzat eman ditzan:

    1. Hitzarmena egitearen alde ez dagoen txostenen bat daukaten espedienteak.

    2. Ondareari buruzko hitzarmenak, hitzarmenaren gaia honako hau denean salbu: ondasunaren erabilera lagatzea Euskal Herriko Unibertsitateari, edo ikerlanetako jabetza ukiezinen eta bestelako emaitzen administrazioa.

      90.000 euro baino gehiagoko konpromisoa dakarten hitzarmenak, langileen gastuak barne.

    1. Unibertsitateari 90.000 euro baino gehiagoko diru sarrera ekarriko dioten hitzarmenak.

      Edozein modutan ere, campusetako batzarrek eta Batzorde Iraunkorrak ontzat emandako hitzarmenen berri izan beharko du Gobernu Kontseiluak eta, horrexegatik, hitzarmenen zerrenda igorriko da organo horren bileretara.

  4. – Era berean, artikulu honetan jasotako arauak aplikatuko dira hitzarmenak modu agerian luzatu eta aldatuko direnean.

  1. – Hitzarmeneko testuan jaso ahal izango da hitzarmena proposamena egin duen organoko ordezkariak izenpetuko duela. Bestela, tramitazioaz arduratu den errektoreordetzak izenpetuko du. Arlo bati eta campus bati baino gehiagori lotutako hitzarmenak errektoreak izenpetuko ditu, edo hark bere ordez izendatuko duen pertsonak.

  2. – Dena dela, errektoreak hitzarmen guztiak izenpetu ahal izango ditu, aldeetako ordezkarien izena eta izana ikusita.

  3. – Arautegian jasota badago, organo eskudunak zuzenean izenpetu ahal izango du hitzarmena, Campuseko Batzarrari, Batzorde Iraunkorrari edo Gobernu Kontseiluari aurkezteke.

  4. – Oro har, hitzarmenaren tramitazioaz arduratu den Zuzendaritza Kontseiluko kideak betearaziko du hitzarmena; dena dela, proposamena egin zuen organoari eskuordetu ahal izango dio eginkizun hori.

  1. – Arautegi honetan aipatzen diren batzordeez gain, Gobernu Kontseiluak beste batzorde batzuk eratu ahal izango du, gaiak lantzeko hala egitea komenigarria dela iruditzen bazaio.

  2. – Batzorde horiek aldi baterako izan daitezke, edo iraunkorrak. Batzordeen osaera eta eginkizunak eurak eratzeko akordioan jasoko dira.

  3. – Dena dela, eta ez bada bestelakorik erabakitzen beren-beregi, erabakiak hartzeko ahalmena izango duten batzordeen kasuan errespetatu egin beharko dira Estatutuek Gobernu Kontseilurako ezartzen dituzten ehunekoak ordezkaritzetan. Halakoetarako, unibertsitateko ikerketa institutuen ordezkaria sailetako zuzendarien taldean sartuko da.

  4. – Gobernu Kontseiluak funtzionamendu arautegi espezifikoak onartu ahal izango ditu batzordeetarako baina, oro har, arautegi honetako I. tituluan jasotako xedapenak aplikatuko dira.

  1. – Batzorde guztietako burua errektorea izango da, eta hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Errektoreak batzordeko buru izateko izendatzen duen pertsona ez bada Zuzendaritza Kontseiluko kideetako bat, berak zehaztuko du pertsona hori zenbateraino salbuetsiko den irakaslanetik, bai eta bestelako xehetasunak ere, eta jakinaren gainean jarriko du Gobernu Kontseilua.

  2. – Bestelakorik zehazten ez bada, batzordeko idazkaria batzordeko kideetako bat izango da, batzordeak berak aukeratuko duena kideen artetik.

  1. – Batzordeetako kideak lau urterik behin hautatuko dira Gobernu Kontseiluko kideen artetik, ikasleen ordezkariak izan ezik. Ordezkariok urtero hautatuko dira.

  2. – Gobernu Kontseiluko batzordeak hautatzeko deialdian zehaztuko da zein izango den talde bakoitzaren hautagai zerrenda kolektibo, itxi eta ordenatuak aurkezteko epea eta prozedura.

  3. – Honako talde hauek osatzen dute Gobernu Kontseilua:

    • Ikastegietako dekano eta zuzendariak.

    • Sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendariak.

    • Ikasleen ordezkariak.

    • Unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario doktoreen ordezkariak.

    • Bestelako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak.

    • Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak.

    • Gizarte Kontseiluak izendatutako kideak.

    • Errektoreak izendatutako kideak.

  4. – Hautagai zerrenda bik edo gehiagok boto kopuru bera lortzen badute, beste botazio bat egingo da zerrenda horiek hartuta. Orduan ere berdinketa izanez gero, zozketa egingo da.

  1. – Gobernu Kontseiluak, Batzorde Iraunkorra eratu ahal izango du eta, egokitzat joz gero, desegin, gehiengo osoa alde badago.

  2. – Gobernu Kontseiluko Batzorde Iraunkorra honako hauek osatuko dute: batzordeko buru izango den errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak; idazkari nagusiak, batzordeko idazkari ere izango dena; gerenteak; eta beste 12 kidek, Gobernu Kontseiluko taldeetako kideek hautatuak euren artetik. Hamabi kide horiek honela banatuko dira:

    • irakasle funtzionario doktoreen bi ordezkari.

    • gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat.

    • ikasleen ordezkari bat.

    • Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

    • Ikastegietako dekano eta zuzendarien bi ordezkari.

    • Sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendarien ordezkari bat.

      Aipatutakoez gain, beste hauek ere Batzorde Iraunkorreko kide izango dira: errektoreak izendatutako hiru ordezkari, Gobernu Kontseilurako errektoreak izendatutakoen artetik aukeratuak (unibertsitateko kidego bakoitzeko bat: ikaslea, irakaslea, eta administrazio eta zerbitzuetako langilea); eta Gizarte Kontseiluak Gobernu Kontseilurako izendatutako kideen ordezkari bat.

  1. – Hauek dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:

    1. Ikastegien arautegiak onartzea, legeak agintzen duen legekoztasun txostena aldekoa bada.

    2. Batzordearen eskumenekoak diren hitzarmenak egitea onartzea.

    3. Irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrendetako edo administrazio eta zerbitzuetako lanpostuen zerrendetako aldaketak onartzea, legeak agintzen dituen txosten guztiak aldekoak badira, eta sindikatuen ordezkarien gehiengoa ez badago gai horiek Batzorde Iraunkorrean eztabaidatzearen aurka.

    4. Ohorezko lankideen izendapenak onartzea.

    5. Unibertsitatearen berezko tituluen eta ikastaro osagarrien luzapenak edo funtsezkoak ez diren aldaketak onartzea, baldin eta legeak agintzen dituen txosten guztiak aldekoak badira.

    6. Gizarte Kontseiluaren onespena behar ez duten aurrekontuko transferentziak onartzea, baldin eta Batzorde Ekonomikoak horien aldeko iritzia eman badu.

    7. Kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontuaren luzapena egokitzeko irizpideak onartzea, beharrezkoa izanez gero.

    8. Gobernu Kontseiluko kideen gehiengo osoak hala erabakita, organo horrek eskuordetuko dizkion gainerako guztiak.

  2. – Batzorde Iraunkorrak beti eraman ahal izango ditu bere eskumeneko gaiak Gobernu Kontseilura eta organo horrek, era berean, Batzorde Iraunkorraren eskumenen bat bereganatu ahal izango du unean unean.

  3. – Errektoreak Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakien berri emango dio Gobernu Kontseiluari.

  4. – Batzorde Iraunkorrean, kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da erabakiak hartzeko.

  1. – Batzorde Iraunkorra gutxienez bi aldiz bilduko da hiruhilabetean, eskolaldian zehar.

  2. – Arautegi honetako I. tituluan xedatutako guztia aplikatuko zaio Batzorde Iraunkorrari.

  3. – Batzorde Iraunkorra balioz eratzeko, gutxienez kideen erdiak egon beharko du bertan.

  4. – Batzorde Iraunkorrean, kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da erabakiak hartzeko.

  1. – Ekonomia Batzordeko burua errektorea edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona izango da, eta honako hauek osatuko dute:

    1. Gerenteak.

    2. Ikastegietako dekano eta zuzendarien bi ordezkarik.

    3. Sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendarien ordezkari batek.

    1. Unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario doktoreen bi ordezkarik.

    2. Gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari batek.

    3. Ikasleen ordezkari batek.

    4. Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek.

    5. Gizarte Kontseiluak izendatutako kideen ordezkari batek.

    6. Errektoreak izendatutako kideen ordezkari batek.

  2. – Batzordeko idazkari teknikoa Kontabilitate eta Aurrekontuetako gerenteordea izango da, eta hitz egin ahal izango du baina ez botoa eman.

Hauek dira Ekonomia Batzordearen eginkizunak:

  1. Urteko premien memoria, urte anitzerako programazioaren proiektua eta unibertsitatearen aurrekontuen proiektua prestatzeko zereginetan parte hartzea, eta dokumentu horiei buruzko iritzia ematea Gobernu Kontseiluan aurkeztu baino lehen.

  2. Kreditu transferentziak eta aurrekontua banatzeko irizpideak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari edo, behar izanez gero, Batzorde Iraunkorrari.

  3. Aurrekontua betearazteko arauei buruz egin beharreko txostena egitea. Arauok Gerentziak proposatuko ditu, eta Gobernu Kontseiluak onartuko.

  4. Kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontua luzatzeko irizpideei buruzko iritzia ematea, Gerentziak hala proposatzen badio.

  5. Gastua gainbegiratzea eta txostena egitea kontu orokorrez eta ekitaldiaren kitapenaz, bai eta urteko txosten ekonomikoa ere, Gobernu Kontseiluari eta Gizarte Kontseiluari aurkeztu aurretik eta beti ere urteko lehenengo seihilabetearen barruan.

  6. Gobernu Kontseiluak, diru kopuruagatik zein interes bereziagatik, zehaztuko dituen kontratazioen berri eman beharko zaio hiru hilabeterik behin Ekonomia Batzordeari; batzordeak, era berean, egokitzat hartzen dituenen berri emango dio Gobernu Kontseiluari.

  7. Txostena egitea balio handiko ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak saldu edo beste batzuen esku uzteko proposamenez.

  8. Inbentarioan jasotako ondasunak desafektatzeko prozedura onartzea, Gerentziak hala proposatzen badio.

  9. EHUren administrazio baldintza orokorren orriak onartzea, kontratazio administratiboan aplikatu beharreko legeriak arautzen dituen obra, hornigai eta zerbitzu kontratuetarako, Gerentziak hala proposatzen badio eta legezkotasun txostena jaso ondoren.

  10. Gobernu Kontseiluak ekonomia eta aurrekontu gaietan bere gain uzten dituen gainerako guztiak.

  1. – Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeko burua errektorea izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Idazkaria idazkari nagusia izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Idazkariak hitza eta botoa izango ditu.

  2. – Aipatutakoez gain, ondoren adierazten diren Gobernu Kontseiluko taldeek ordezkari bana izango dute Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordean:

    • Irakasle funtzionario doktoreek.

    • Gainerako irakasle eta ikertzaileek.

    • Ikasleek.

    • Administrazio eta zerbitzuetako langileek.

    • Ikastegietako dekano eta zuzendariek.

    • Sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendariek.

    • Gizarte Kontseiluak.

  3. – Errektoreak izendatutako kideak dagozkien taldeetan sartuko dira Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordea hautatzeko.

Hauek dira Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen eginkizunak: Estatutuak garatzeko arautegiak prestatzea eta arautegiei buruzko txostenak egitea, bai eta Estatutuetan zehaztutako batzordeek edo Gobernu Kontseiluaren batzorde ordezkariek tramitatu behar ez dituzten arautegi orokorrak ere.

  1. – Arautegi hau aldatzeko ekimena errektoreari dagokio, edo Gobernu Kontseiluko kideen heren bati.

  2. – Arautegia aldatzeko proposamena aurkeztu eta hilabeteko epean, errektoreak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen bilerarako deia egingo du, erreforma horri buruzko iritzia eman dezan.

  3. – Arautegi honetako III. tituluko II. kapituluan jasotako moduan tramitatuko da arautegia aldatzeko proposamena.

  4. – Gobernu Kontseiluko kideen gehiengo osoa arautegia aldatzeko proposamenaren alde agertu beharko da erreformak aurrera egin dezan.

Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.