Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko abenduaren 2koa, Herrizaingoko sailburuarena, Ertzaintzaren uniforme orokor eta bereizgarriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: ---
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 6311
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/12/02
  • Argitaratze-data: 2010/12/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa; Funtzio publikoa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriak Herrizaingoko sailburuari gaitasuna ematen dio Ertzaintzako funtzionarioei esleitutako jantziak, armak eta beren uniformeei dagozkien bestelako ekipamendu eta efektuak, beren nortasuna egiaztatzeko baliabideak eta kategoria bakoitzaren bereizagarriak zehazteko, baita berorien erabilera arautzeko ere. Hau guztia alde batera utzi gabe, era berean aurreikusten da Miñoi, Foral eta Mikelete Zeribitzuei atxikitako funtzionarien uniformeei dagozkien jantzi, ekipamendu eta efektuen deskribapena, diseinua eta ezaugarri teknikoak beti diputatu nagusi bakoitzak emandako aginduetara egokitu beharko direla.

Gaitasun horretaz baliatuz, agindu honen bidez Ertzaintzaren jantzi eta uniforme mota guztiak arautu eta publiko egiteko asmoa dago, baita beren erabilera ere. Hau garrantzitsua da uniformea Ertzaintzako funtzionarioen agintaritzaren agente izaera egiaztatzeko elementua delako, horregatik gomendagarria da bere zehaztapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako xedapen batean jasota geratzea, era horretan funtzionario horiek bakar-bakarrik erabiltzen dutela bermatzeko eta, gainera, denek haren berri izan eta herritarrek erraz ezagut dezaten.

Bestetik, agindu honetan onartzen diren uniformeek kontuan hartzen dituzte jantziak eta uniformeak erabiltzean jasotako esperientzia, jantziak egiteko material berriak eta laneko arriskuen prebentziotik sortutako beharrak; ondorioz, funtsean ikus-irudi korporatiboa gorde egin da, baina uniformeen jantzien eraginkortasuna, segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko ahaleginak egin dira.

Horrezaz gain, jantziekin batera, Ertzaintzaren bereizgarri orokorrak eta bereziak ere arautu dira. Hori hala izanik, azpimarratu behar dugu kategoriak eta eskalak bereizteko kolore, barra eta eguzki-loreetan oinarritutako sistema berri bat ezarri dela, bularreko ikurrean zein uniformearen sorbaldakoetan haritz-hosto sinbolikoarekin batera.

Ondorioz, bakar-bakarrik Ertzaintzan aplikatzekoa den xedapena denez, aztertzeko eta negoziatzeko derrigorrezko prozesuaren ondoren, Euskal Herriko Poliziari buruzko 103.2 artikuluak aipatzen duen mahaian 2010eko martxoaren 31ko bilkuran hartutako oniritziarekin, Ertzaintzaren Kontseilua entzunda eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat,

  1. Agindu honen helburua Ertzaintzako eta ikasle diren ertzaingaien uniforme orokorrak, beren ezaugarriak eta erabilera arautzea da. Honek ez du eragotziko Ertzaintzan uniforme propioak dituzten Unitate Bereziek, Zerbitzu Espezifikoek eta Sekzioek beraiekin jarraitu ahal izatea.

    Era berean, uniformean agertzen diren bereizgarri orokorrak eta bereziak ere arautuko dira.

  2. Bereizgarri orokorrei buruz arau honek dituen aurreikuspenak Ertzaintzako zerbitzu eta unitateetako kide guztiei aplikatuko zaizkie; Miñoi, Foral eta Mikelete Zerbitzuak barne hartuta.

  3. Agindu honek ez ditu arautzen Miñoi, Foral eta Mikeleteen Zerbitzuetako uniformeen jantzi, ekipamendu eta efektuen deskribapena, diseinua eta ezaugarri teknikoak, gai horiek diputatu nagusi bakoitzak xedatutakoaren arabera arautuko baitira.

  1. Ertzaintzaren uniforme orokorren barruan gala-uniformea eta laneko uniformea, kalekoa zein bulegokoa, daude. Biak ondorengo artikuluetan zerrendatu eta agindu honen eranskinetan deskribatzen diren jantziek osatzen dituzte.

  2. Ertzaintzaren uniformeek honako kolore korporatibo hauek errespetatu behar dituzte:

    1. Kaleko lan-uniformeak kolore gorria, urdin iluna, beltza eta gris marengoa erabiliko ditu.

    2. Bulegoko lan-uniformeak kolore gorria, urdin argia, urdin iluna, beltza eta zuria erabiliko ditu.

    3. Gala-uniformeak kolore gorria, urdin argia, urdin iluna, beltza eta zuria erabiliko ditu.

  1. Ertzaintzako funtzionarioen uniformeak agindu honetan zerrendatzen diren jantziek osatuta egongo dira. Horiez gain, polizia-unitate jakin batzuentzat, dagozkien xedapenetan ezarrita dauden edo etorkizunean ezarriko diren jantziak ere izango dituzte:

    1. Ertzaintzako funtzionarioen kaleko lan-uniformea osatzen duten jantziak jarraian zerrendatu eta I. eranskinean deskribatzen diren honako hauek dira:

      Txanoa.

      Neguko txanoa.

      Suaren kontrako tubular funtzioanitza.

      Jaka motza.

      Uretarako arropa.

      Suaren kontrako alkandora-niki mahuka-luzea.

      Suaren kontrako alkandora-niki mahuka-motza.

      Jantzi polarra edo antzekoa.

      Galtza taktikoak.

      Suaren kontrako neguko eta udako azpiko arropa.

      Uhaleria beltza osagai guztiekin.

      Suaren kontrako galtzerdi beltzak.

      Bota beltzak.

      Suaren kontrako lan-jantzia.

      Ebakien kontrako eskularru beltzak.

      Balen kontrako txalekoa.

    2. Ertzaintzako funtzionarioen bulegoko lan-uniformea osatzen duten jantziak jarraian zerrendatu eta II. eranskinean deskribatzen diren honako hauek dira:

      Ikurdun txapela.

      Alkandora. Mahuka-motza/luzea.

      Jertsea edo jaka irekia.

      Marra gorri estuko galtza urdinak.

      Galtzerdi beltzak.

      Zapata beltzak.

      Uhaleria beltza.

      Jaka.

    3. Ertzaintzako funtzionarioen gala-uniformea osatzen duten jantziak jarraian zerrendatu eta III. eranskinean deskribatzen diren honako hauek dira:

      Ikurdun txapela.

      Jaka gorria.

      Alkandora urdin argia.

      Marra gorri zabaleko galtza urdinak.

      Eskularru zuriak.

      Galtzerdi beltzak.

      Zapata beltzak.

      Uhaleria zuria.

  2. Agindu honetan xedatutakoa gorabehera, Ertzaintzako Unitate Berezi, Zerbitzu Espezifiko edo Sekzioei atxikitako funtzionarioen laneko uniformeen jantziek, baldin eta agindu honetan jasotzen ez diren jantzi propioak badituzte, beraiei aplikatzekoak diren xedapen bereziak izango dituzte jarraibide.

  3. Agindu honetan jasotako jantziez gain; funtzionarioek polizia-lanak bete bitartean beren segurtasuna bermatzeko, uniformeei beharrezko osagarriak, efektuak eta ekipamenduak erantsi ahalko zaizkie, betiere beraiei aplikatzekoak diren xedapenetan ezarritako baldintzetan.

Zerbitzuaren primiengatik bulegoan lanean aritzen den funtzionarioak kalean zerbitzuak egitea beharrezkoa denean, bere gain hartuko duen zerbitzuan egoki diren jantziak emango zaizkio; baina, aldi berean, operatiboan parte hartzen duten unitateko kide guztien uniformea errespetatu egingo da.

  1. Uniformea janzten duten Ertzaintzako funtzionarioek uniformean Ertzaintzaren ezkutu berezia, ikurrina eta beren eskalari eta lanbide-kategoriari dagozkien bereizgarriak eramango dituzte.

  2. Ertzaintzaren ezkutu berezia bularreko ikurrean agertuko da, zeinaren diseinua eta ezaugarriak agindu honen IV. eranskinean adierazten baitira.

  3. Eskalako eta lanbide-kategoriako bereizgarriak bularreko ikurrean eta uniformearen sorbaldakoetan agertuko dira, betiere agindu honen IV. eranskinean jasota dauden diseinuaren eta ezaugarrien arabera.

  4. Ikurrina: ezkerreko mahukaren goiko kanpoaldean Herrizaingoko sailburuaren 2009ko azaroaren 17ko aginduan adierazitako disienua eta ezaugarriak dituen bereizgarri bat agertuko da. Agindu horren bidez Ertzaintzako laneko uniformeen mahukako bereizgarria Eusko Jaurlaritzako Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan ezarritakora moldatzen da.

  5. Uniformeei buruzko ikurrak eta bereizgarriak jartzea aginduzkoa izango da kasu guztietan, gaikuntzetako maila-ikurrak barne, eta agindu honetan ezarritakora egokituko da, baita araudi osagarrian ezarritakora ere.

  1. Miñoien, Foralen eta Mikeleteen Sekzioen kasuan, aurreko artikuluko bigarren paragrafoak aipatzen duen bularreko ikurrean Ertzaintzaren ezkutu bereziak honako aldaketa hauek izango ditu:

    Erdiko ezkutua Lurralde Historiko bakoitzari dagokion ezkutuak ordeztuko du, bere foru-araudiaren arabera. Ertzaintza hitzaren ordez, hurrenez hurren, «Miñones», «Mikeletes» eta «Forales» edo «Miñoiak», «Mikeleteak» eta «Foralak» hitza jarriko da. Euskarazko eta/edo gaztelaniazko grafia Lurralde Historiko bakoitzeko organo eskudunek zehaztuko dute.

  2. Ertzaintzako Ekintza Unitate eta Taldeek laneko uniformeen bularrean bereizgarri bereziak eramango dituzte, Ertzaintzako funtzionarioen lanbide-kreditaziorako elementuei edo lanbide-eskala edo -kategoriaren bereizgarriei buruzko Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 31ko Aginduaren V. eranskinean zehazten denaren arabera.

  1. Ertzaintzako funtzionarioek uniformea erabiltzeak ziurtatuko du haiek duten agintaritzaren agente izaera; betiere, beren polizia-jarduerak direla eta, herritarrek eskatzen dietenean, lanbide-txartela erakusteko nahitaezkotasuna alde batera utzi gabe.

  2. Ertzaintzako kideen uniformea beraiek bakarrik erabil dezakete eta debekatuta dago beste pertsona, talde edo kidego batzuek erabiltzea, baita huts egitea edo nahasketa eragin dezaketen uniformeak janztea ere.

  3. Bere erabilera Ertzaintzaren zuzendariak eta Ertzaintzako atal eta unitateetako arduradunek zehaztuko dute, betiere zuzendariaren aginduei jarraituz, eta egin beharreko zerbitzuen izatasuna, beraiek egiteko inguruabarrak, burutu behar diren tokiko klimatologia eta erabili beharreko elementu, baliabide eta tresnak kontuan hartuz.

  4. Gala-uniformea beharrezkoa duten ekitaldi ofizial eta publikoetan jantziko da, baita Ertzaintzaren Zuzendaritzak zehaztuko dituen garrantzi bereziko polizia-jardunetan ere.

Lehenengoa. Agindu honetan jasotzen diren jantziak 2010eko martxoaren 26ko bileran Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak landutako uniforme-proposamenean ezarritakora egokituko dira.

Bigarrena. Uniformearen jantzi eta osagarrietan, ekipamendu eta efektuetan egin ahal diren aldaketak jantzi eta materialetarako batzorde teknikoak aurretiaz aztertuko ditu. Batzorde horren eraketa Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak bultzatuko du.

Hirugarrena. Ertzaintzaren uniformeak gaur egun arautzen dituzten xedapenetan jasota eta, aldi berean, Agindu honetan ezarrita ez dauden janzki eta osagarriek bere horretan jarraituko dute; gainera, beroriek aldatzeko jantzi eta materialei buruzko batzorde teknikoari iritzia eskatu egin beharko zaio. Hain zuzen, batzorde hori Segurtasun eta Osasuneko Batzordearen baitan sustatuko da.

Agindu honetan jasotzen diren uniformearen jantzi berrien banaketa modu progresiboan eta aurrekontuko zuzkiduren arabera burutuko da.

Lehenengoa. Garapen-jarraibideak.

Segurtasuneko sailburuordeari baimena ematen zaio agindu hau garatu eta aplikatzeko behar diren ebazpen eta jarraibide guztiak emateko, bereziki orain arte erabiltzen ari diren jantzien eta bereizgarrien ordez agindu honetan aurreikusten direnak jartzeari dagokionez.

Era berean, Segurtasuneko sailburuordeari baimena ematen zaio Ertzaintzako Unitate Berezi, Zerbitzu Espezifiko eta Sekzioetako uniforme bereziei buruzko xedapenak emateko, hala behar badute, agindu honetan ezarritako zehaztapenak betez.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 2a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Txanoa: txanoaren osagaiak kaskoa, uhala, bisera eta sarea dira. Kaskoaren aurrealdean kidegoaren ikurra edo aginte-eskalen bereizgarriak jarriko dira (IV. eranskinean deskribatutakoak). Kolorea itsas urdin iluna izango da. Uhalean otxar koloreko xingola bat eramango du. Aginte-eskaletako biserak zilar koloreko hegi bat izango du muturrean, eta ikur eta bereizgarrien material berekoak izango da.

Neguko txanoa: bere kolorea itsas urdin iluna izango da. Erdialdean, behealdea tolestean ikusteko moduan, «Ertzaintza» hitza kolore zuriz brodatua ageriko tokian eramango du.

Suaren kontrako tubular funtzioanitza: bere kolorea itsas urdin iluna izango da. «Ertzaintza» hitza kolore zuriz brodatua ageriko tokian eramango du.

Jaka motza: erditik kremailera bidez irekitzen da. Suaren eragina atzeratzeko azpiko bat eramango du, baita negurako zein udarako azal desmuntagarri bat ere. Aurrealdean bi sakela izango ditu. Gorria izango da eta eskumuturrek zinta islatzaile ezkutagarri batzuk izango dituzte. Bizkarraldean «Ertzaintza» hitza eramango du eta bularraldean, ezkerrean, «Polizia» hitza, eta eskuinean polizia-kidegoaren ikurra.

Uretarako jantzia: bi jantzi izango ditu, galtzak eta jaka, gainezarrita egongo direnak. Goikoa gorria izango da eta behekoa itsas urdin iluna. Bi jantzietan erraz ikusteko moduko elementuak jarriko dira.

Suaren kontrako alkandora-niki mahuka-motza: poloak mahuka motzak, ukondoen gainetik, eta alkandora-lepoa izango ditu eta aurrealdeko erdialdean botoi bidezko itxiera. Bere kolorea urdin gaua izango da, sorbaldakoa eta kanezua izan ezik, gorriak izango baitira. Bizkarraldean, kanezuaren behealdearen ertzean xingola zuri bat eramango du. Bularreko eskuinaldean «Polizia» hitza izango du, Ertzaintzaren ikurra ezkerraldean eta «Ertzaintza» hitza bizkarraldean.

Suaren kontrako alkandora-niki mahuka-luzea: mahuka motzeko poloaren ezaugarri berberekin, baina mahukak luzeak izango dira eta aurrealdeko erdiko botoien ordez kremailera egongo da; hain zuzen, jantziaren lepoa ixtea ahalbidetuko duena.

Jantzi polarra edo antzekoa: suaren kontrako jantzi irekia izango da, aurrealdetik kremailera baten bidez itxiko dena. Kolore itsas urdin gaua izango du. Sorbaldakoaren hegia gorria izango da eta bere gainean haritz-hosto gorri brodatu bat egongo da. Jaka motzarekin batera erabiltzea ahalbidetuko du. Bizkarraldean «Ertzaintza» hitza eramango du eta bularraldean, ezkerrean, «Polizia» hitza, eta eskuinean polizia-kidegoaren ikurra.

Galtza taktikoak: suaren kontrako galtzak. Aurrean zein atzean kanpo-sakelak izango dituzte, gerritik hurbil, eta hegaletan bi sakela, galtza-zangoen alboetan kotatuta daudenak eta itxiera horizontala dutenak. Beren kolorea urdin gaua izango da, alboko sakelen itxigailuen hegalen ertzarena izan ezik, otxar koloreko xingola bat eramango dutelako. Alboko ezker-sakelaren hegalean «Ertzaintza» hitza agertuko da.

Suaren kontrako neguko eta udako azpiko arropa: jantzi-joko bakoitzak bi janzki termoegonkor izango ditu; burua, oinak eta eskuak salbu, gorputz osoa estaliko dutenak. Suaren kontrako azpiko arropak mahuka luzeko elasktiko zisne-lepoduna eta galtza luzeak izango ditu, biak itsas urdin ilun kolorekoak.

Udako azpiko arropa negukoa baino arinagoa izango da. Udakoan lehentasuna izango du transpirazioa bideratzeak; negukoan, ordea, beroa emateak.

Uhaleria beltza osagai guztiekin: gerriko zurruna, euspen-sistema eraginkorra duena. Arma eta polizia-lana egiteko ezinbestekoak diren gainerako tresnak eramateko beharrezko zorroak jartzeko balio izango du (kargagailua, eskuburdinak, polizia-makila, txilibitua,).

Suaren kontrako galtzerdi beltzak: jazteko galtzerdi beltzak izango dira. Zaingoari eusteko muturrean elastiko bat izango dute eta garrekiko eta txinpartekiko esposizioaren kontrako ezaugarriak izango ditu.

Zango-erdiko bota beltzak: bota beltzak izango dira. Boten zangoaldeak orkatila babestuko du. Zola suaren kontrakoa izango da eta diseinatuta egongo da agenteei zapaldu behar dituzten gainazaletan segurtasuna emateko. Transpiragarriak eta iragazgaitzak izango dira.

Zapata beltzak: larruzko «Blucher» motako zapatak. Lokarriak beltzak izango dira eta botek dituzten antzeko ezaugarriak izango dituzte, baina bien artean dauden erabilera-aldeak kontuan hartuz.

Suaren kontrako lan-jantzia: lan-jantzia itsas urdin gaua izango da, eta sorbaldakoaren inguruan hegi gorri bat izango du. Sorbaldakoaren gainean haritz-hosto gorri brodatu bat egongo da. Sorbalda luzatua duten alkandora-mahukak eramango ditu. Bularraldean bi sakela izango ditu eta beste bi galtza-hanken alboetan. Goiko eskuin-sakelan brodatuta «Polizia» hitza eramango du; beheko ezker-sakelan, ordea, «Ertzaintza». Bularraldean, ezkerrean, Ertzaintzaren ikur berezia izango du.

Ebakien kontrako eskularru beltzak: ebakien eta suaren kontrakoak izango dira, baita urarekiko eta beste likido batzuekiko irazgaitza. Mahukamuturraren itxierak ahalbidetuko du gaineko jantziei gainjartzea, era horretan eskumuturra agerian geratzea galarazteko. Beltzak eta bost hatzekoak izango dira.

Balen kontrako txalekoa: pertsona bakar batek erabiltzeko barne-txalekoa. Arina, malgua eta erosoa izango da, eta balen kontrako nazioarteko araudiekin bat datorren babesa eskainiko du.

Ikurdun txapela: ohiko euskal itxura duen txapela, kolore gorrikoa. Bere erdialdean Eusko Jaurlaritzaren ezkutua eramango du.

Mahuka motz/luzeko alkandora: alkandora kolore urdin argikoa da. Botoiaz ixten den Mao motako lepoa izango du. Alkandora aurretik botoi-zulo bidez lotzen da. Bularraldean bi sakela ditu. Ezkerreko sakelaren zorro barruan Ertzaintzaren plaka-ikurra jartzeko botoi bat darama. Mahukaren eranste-tokitik sortzen diren sorbaldakoak ditu, erpin forman amaitzen direnak, eta botoi-zulo eta botoi batez lotzen dira. Mahuka motza duen bertsioan sorbaldakoak banda zuri batekin errematatuta doaz eta mahuka luzeko bertsioan, ordea, erpin forman amaitzen dira eta botoi-zulo eta botoi batez lotzen dira. Behealdeak hegal modukoak dira.

Jertsea edo jaka irekia: kolore gorrikoa izango da, eta jantzi itxia edo kremailera bidez aurreko erdialdetik irekitzeko aukera izango du. Mahukak jostun erako mahuka itsatsiak izango ditu eta, erosotasun handiago lortzeko, hozkak zabalak izango dira. Luzera gerriraino helduko da. Bularraldearen eskuinean polizia-kidegoaren ikurra eramango du.

Marra gorri estuko galtza urdinak: janzteko galtzak dira, alderantzirik gabekoak. Alboko bi sakela ditu eta eskuinaldean erloju-sakela bat. Atzealdean bi sakela eramango ditu, binperrean zorroa eta botoi-zuloa dituela (emakumezkoentzako diseinuak ez dauka atzeko sakelarik). Galtzen alboetan kolore gorriko xingola bat izango du. Gerrikoa jartzeko tirak eramango ditu. Gainera, udarako galtza mota bat egongo da eta negurako berogarriago den beste bat.

Galtzerdi beltzak: janzteko galtzerdi beltzak izango dira, muturrean elastiko bat dutenak.

Zapata beltzak: «Blucher» motako larruzko zapata lokarridunak, bi zola motakoak izan ahalko direnak. Mota batek larruzko «Philips» zola izango du, takoiduna eta larruzko zoladuna, kautxozko zola-erdiarekin. Beste motak «gomazko zola» izango du, kautxo-blokezko zolarekin, takoia atxikita duela.

Uhaleria beltza: kolore beltzeko gerrikoa izango da eta plastikozko belarria eta ixteko larakoa izango ditu.

Jaka luzea: kolore gorrikoa, aurreko erdialdetik irekia eta barrutik forratua. Bularraldeko eskuinean Ertzaintzaren ezkutua izango du.

Ikurdun txapela: ohiko euskal itxura duen txapela, kolore gorrikoa. Bere erdialdean Eusko Jaurlaritzaren ezkutua eramango du.

Galako jaka gorria: jaka aurrealdetik botoi/botoi-zuloz itxiko da. Bularraldean bi sakela izango ditu. Ezkerreko sakelaren barrualdean Ertzaintzaren plaka-ikurra lotzeko botoi bat josita eramango du. Aurrealdearen ezkerrean pospolo-sakela bat izango du. Gainera, gerruntzerako tira batzuk eramango ditu galako gerriko zuria pasatzeko. Jaka honek alderen aldeko zulo bat izango du. Zulo horretatik krokagailu batez errematutako galtzarbe-uhal bat agertuko da pistola-zorroari lotzeko dena. Erabiltzaile ezkertiarrak egon daitezkeenez, jakak bi zirritu simetriko eramango ditu (ezker eta eskuinaldea). Ikurdun sorbaldakoa soingainari pasabide-pieza batez itsatsiko zaio eta horretatik sorbaldakoak duen zarrailu bat sartuko da. Lepo-zerrenda izango du, lepoa ixteko pieza batez botoituko dena. Mahuka itsatsia egongo da, galtzarbean zirrikitu bat duela errematatuta.

Alkandora urdin argia: alkandora kolore urdin argikoa da. Botoiaz ixten den Mao motako lepo zuria izango du. Alkandora aurretik botoi-zulo bidez lotzen da. Bularraldean bi sakela ditu. Sakelaren zorro barruan Ertzaintzaren plaka-ikurra jartzeko botoia du. Mahukaren eranste-tokitik hasten diren sorbaldakoak daramatza, erpin forman amaitu eta botoi-zuloz eta botoiz lotzen direnak. Mahuka motza duen bertsioan sorbaldakoak banda zuri batekin errematatuta doaz eta mahuka luzeko bertsioan, ordea, erpin forman amaitzen dira eta botoi-zulo edo botoi bidez lotzen dira. Behealdeak hegal modukoak dira.

Marra gorri zabaleko galtza urdinak: janzteko galtzak dira, alderantzirik gabekoak. Alboko bi sakela ditu eta eskuinaldean erloju-sakela bat. Atzealdean bi sakela eramango ditu, binperrean zorroa eta botoi-zuloa dituenak (emakumezkoentzako diseinuak ez dauka atzeko sakelarik). Alboetan kolore gorri biziko errasoko galoiak eramango ditu. Gerrikoa jartzeko tirak izango ditu. Gainera, udarako galtza mota bat egongo da eta negurako berogarriago den beste bat.

Eskularru zuriak: bost hatzeko bits zurizko eskularruak dira, gala-ekitaldietarako, gizonezko zein emakumezkoentzat.

Galtzerdi beltzak: janzteko galtzerdi beltzak izango dira, muturrean elastiko bat dutenak.

Zapata beltzak: «Blucher» motako larruzko zapata lokarridunak, bi motakoak izan ahalko direnak. Mota batek larruzko «Philips» zola izango du, takoiduna eta larruzko zoladuna, kautxozko zola-erdiarekin. Beste motak «gomazko zola» izango du, kautxo-blokezko zolarekin, takoia atxikita duela.

Uhal zuria: kolore zuriko gerrikoa izango da. Ertzaintzaren ikurra duen letoizko belarria izango du.

Herrizaingoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 31ko Aginduaren III. eranskina, Ertzaintzako funtzionarioen lanbide-kreditaziorako elementuei eta lanbide-eskala eta kategoriaren bereizgarriei buruzkoa, aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

«III. ERANSKINA

BULARREKO IKURRAK ETA SORBALDAKOAK

  1. Ertzaintzaren ezkutu bereziaren bularreko ikurraren deskribapena:

    60 x 55 mm-ko neurriak ditu. Bere oinarria Ertzaintzaren ezkutu profesionalak osatzen du eta haren koloreak errespetatzen ditu. Zilar kolorekoa den 2 mm-ko ertz batekin profilatuta dago eta kolore beltzeko oinarriarekiko 5 mm-ko tartea du.

  2. Mailari dagokion bularreko ikurraren deskribapena:

    Bere elementu bereizgarriak, eskala eta kategoriaren arabera, kopuru eta kolore desberdinetan agertzen diren angeluak eta barrak daramatza edo haritz-hosto bat, Ertzaintzan edo Fakultatibo edo Teknikarien Eskalan sartzeko ikasleen kasuan izan ezik, beren haritz-hostoa bakarrik profilatua baita (betegarririk gabe).

    66 x 41 mm-ko lauki beltza da. 2 mm-ko ludiera duen orla edo ertz batek inguratuta dago eta; eskala, kategoria eta/edo unitatearen arabera, berdea, gorria edo zilar kolorekoa dena eta ikurraren kanpoko ingurunetik 3 mm-ra dago kokatuta. Fakultatibo eta Teknikarien eskalaren kasuan, baita eskala horretan sartzeko ikasleentzat ere, laukiaren kolorea grisa da.

    Ikurra jartzeko albo batetik 65 x 20 mm-ko mihi laukizuzen bat ateratzen da, muturrean ikurraren atzeko alboarekin lotzeko gailu bat duena; halako moldez, non ahalbidetzen baitu ikurra bularraldean Ertzaintzaren jantzi batzuek duten zerrendari lotzea.

  3. Sorbaldakoaren deskribapena:

    Gizonezkoen ereduan 125 x 56 mm-ko neurriak ditu eta emakumezkoen ereduan, ordea, 112 x 50 mm-koak. Ebaketa-oinarria zuzena izango da eta beste muturra 90º-ko angeluan amaituko da. Sorbaldako osoa kanpoko aldetik inguratzen duen 3 mm-ko galoitxo bat darama, ertzetik 5 mm-tik kokatuta, zilar kolorekoa, aginte-eskala eta -kategoria guztientzat.

    Sorbaldakoa urdin gau kolorekoa izango da, Fakultatibo eta Teknikarien Eskalaren kasuan eta eskala horretan sartzeko ikasleentzat izan ezik, grisa izango baita. Sorbaldakoaren azalean kolore gorri edo berdean brodatutako haritz-hosto bat izango du. Ertzaintzan eta Fakultatibo eta Teknikarien Eskalan sartzeko haritz-hostoa bakarrik profilatua joango da, 3 mm-tan, betegarririk gabe eta kolore gorrian.

    Jantzietan jartzeko, sorbaldakoaren iruntziak eusteko neurri egokia duen oihalezko zumitza dauka, luzeran zentratua. Bere muturrean zarrailu baten arra erantsita darama eta emea sorbaldakoaren muturrean dago; halako moldez, non ahalbidetzen baitu ikurra bularraldean Ertzaintzaren jantzi batzuek duten zerrendari lotzea. Angelu-bukaera duen muturrean eta bere azalean kokatuta dagoen lokailuak haritz-hostoa grabatuta duen botoi itxura izango du. Sorbaldakoaren azalean kolore gorri edo berdean brodatutako haritz-hosto bat eramango du.

  4. Eskala eta kategorien araberako identifikazioa:

    Ondorengo koadroan, kolore eta angeluetan oinarritutako sistemaren arabera, Ertzaintzako funtzionarioen eskaletarako bularreko ikurren ezaugarriak eta zehazpenak definitzen dira, baita beren barruko kategorietarako ere.

    Kategoria Hondo-kolorea Ertzaren kolorea

    ErtzaintzaN SARTZEKO IKASLEA Beltza Haritz-hosto profilatua (betegarririk gabekoa) Gorria

    FAKULTATIBO ETA TEKNIKARIEN ESKALAN SARTZEKO IKASLEA Grisa Haritz-hosto profilatua (betegarririk gabekoa) Gorria

    OINARRIZKO ESKALA

    Agentea Beltza Haritz-hosto brodatua Gorria edo berdea

    Agente lehena Beltza Bazter zuria duen angelu 1 Zilar kolorekoa

    IKUSKAPEN ESKALA

    Ofizialondokoa Beltza Bazter zuria duten 2 angelu urdin Zilar kolorekoa

    Ofiziala Beltza Bazter urdina duen angelu zuri 1 Zilar kolorekoa

    EGITERAPENA ESKALA

    Komisariondokoa Beltza Bazter urdina duten 2 angelu zuri Zilar kolorekoa

    Komisarioa Beltza Bazter urdina duen barra zuri 1 Zilar kolorekoa

    GOI-MAILAKO ESKALA

    Intendentea Beltza Bazter urdina duten 2 barra zuri Zilar kolorekoa

    Superintendentea Beltza Bazter urdina duten 2 barra zuri eta urre koloreko eguzkilorea Zilaer kolorekoa

    FAKULTATIBO ETA TEKNIKARIEN ESKALA

    C2 taldea Grisa Haritz-hosto brodatua Gorria

    C1 taldea Grisa Bazter zuria duen angelu urdin 1 Zilar kolorekoa

    A2 taldea Grisa Bazter zuria duten 2 angelu urdin Zilar kolorekoa

    A1 taldea Grisa Bazter urdina duen angelu zuri 1 Zilar kolorekoa

  5. Ertzaintzaren ezkutu bereziaren xehetasun grafikoa.

  6. Sorbaldako-ikurraren xehetasun grafikoa (Ofizial kategoriaren ereduari jarraituz).

    Gizonezkoa.

    Emakumezkoa.

  7. Bularreko ikurraren xehetasun grafikoa (agente, ofizial eta superindentende kategorien ereduari jarraituz).

    Agentea.

    Ofiziala.

    Superintendentea.

  8. Bularreko ikurraren eta sorbaldakoen identifikazio grafikoa eskala eta kategorien arabera.

    Ertzaintzan sartzeko ikaslea.

    Fakultatibo eta teknikarien eskalan sartzeko ikaslea.

    Oinarrizko eskala.

    Agentea.

    Agente lehena.

    Ikuskapen eskala.

    Ofizialondokoa.

    Ofiziala.

    Egiterapen eskala.

    Komisariondokoa.

    Komisarioa.

    Goi-mailako eskala.

    Intendentea.

    Superintendentea.

    Fakultatibo eta teknikarien eskala.

    C2 taldea.

    C1 taldea.

    A2 taldea.

    A1 taldea.