Arautegia

Inprimatu

40/2008 DEKRETUA, martxoaren 4koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen araubideari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 55
  • Hurrenkera-zk.: 1685
  • Xedapen-zk.: 40
  • Xedapen-data: 2008/03/04
  • Argitaratze-data: 2008/03/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriarekin, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoarekin (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuta), Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearekin eta lan-arloko legediarekin batera, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak euskal erakundeei esleitzen dien eskumenen esparruaren barruan onetsi da honako Dekretu hau. Halaber, Konstituzioaren 27.10 artikuluak aitortzen duen unibertsitateen autonomiaren printzipioa errespetatuz onetsi da.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuta) eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak xedatutako esparruaren barruan, Dekretu honek unibertsitateko irakasleen erregimen juridikoa arautzen du, autonomia-erkidegoak dituen eskumenen arabera.

Hartara, estatuari, autonomia-erkidegoari eta unibertsitateei dagozkien eskumenak uztartu behar dira, jakina denez, Konstituzioak bermatzen duen unibertsitateen autonomia-printzipioari jarraituz.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako konstituziokontrakotasun-helegitearen gainean Konstituzio Auzitegiak emandako 26/1987 epaia gogoratu behar da, han askatasun akademikoa errespetatzean biltzen baitzuen unibertsitateen autonomia, hau da, irakasteko, ikasteko eta ikertzeko askatasuna errespetatzean. Askatasun horiek kanpoko esku-hartzeetatik babestea da autonomiaren funtsa eta, horretarako, ezinbestekoa da banakoei zein taldeei zientziaren arloan jarduteko askatasuna bermatzea, antolakuntza-eredua edozein dela ere. Laburbilduz, Konstituzio Auzitegiaren iritziz, autonomia askatasun akademikoaren dimentsio instituzionala da, eta horrek bermatu eta osatu egiten du autonomiaren banakako dimentsioa, Konstituzioak katedra-askatasunean jasotakoa, hain zuzen.

Halaber, unibertsitateari buruzko Brincall txostenak irakasleei buruzko seigarren atalean gogora dakarrenez, komenigarria da unibertsitateen finantzazioaz, kontrolaz eta mantenuaz arduratzen diren administrazio publikoek berek beren plangintza estrategikoa abiatu, garatu eta bultzatzea; plangintza horren arabera ezartzen da, hain zuzen, langile taldea.

Abenduaren 21eko 6/2001 Legeak argi eta garbi aitortzen die autonomia-erkidegoei kontratatutako irakasleen erregimena arautzeko eskumena; araubide horren oinarriak Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean garatzen dira, eta Dekretu hau lantzeko esparrua osatzen dute. Hala, Lege Organiko horrek bide berria sortu du karrera akademikoan: lan-kontratua izango du ardatz, eta unibertsitate publikoak hautatuko ditu irakasleak zuzenean, Dekretu honek ezarriko dituen betekizunen eta prozeduren arabera.

Lan-legepeko irakasleen karrera akademikoak trebakuntza, irakaskuntza eta ikerketa bereizi behar ditu argi eta garbi. Trebakuntzan lehen urratsak egin ahala, unibertsitateko bekadunak adskribatu ahal izango dira, eta, ondoren, aldi baterako lan-kontratua egin ahal izango zaie, praktikaldiko kontratu batekin edota laguntzaile edo atxikitako irakasle moduan. Irakaskuntza, halaber, unibertsitateko taldeen ardura izateaz gain, irakasle laguntzaileei, irakasle elkartuei eta irakasle kontratatu doktoreei (atxikiak, agregatuak zein osoak izan) egokituko zaie. Azkenik, ikerketa irakasle doktore guztiei dagokie lehentasunez, baita irakasle emerituei eta irakasle bisitariei ere; dena den, aipatutako irakasleen zuzendaritzapean, bekadunek, irakasle laguntzaileek eta gainerako irakasle kontratatuek ikerketa-jarduera hasi edo jarraitu ahal izango dute. Horren osagarri, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen arabera, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak lan-erregimenean kontratatu ahal izango ditu irakasle ikertzaileak eta doktore ikertzaileak.

Lan-legepeko irakasle eta ikertzaile guztiak hautatzean eta lanpostuak hornitzean, publizitate-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak hartu behar dira oinarri, erreferentziatzat eta abiapuntu orokortzat eta, ahal dela, lanpostu horiek unibertsitatean dagokien irakasle funtzionarioen taldearekin parekatzen saiatu behar da. Hartara, behar den osagarritasuna eta bateratzea aurkituko dituzte irakasleen eta ikertzaileen gaitasun profesionaletan, baita arduran, betebeharretan, ordainsarietan, eskatutako merezimenduetan eta plazen horniduran ere.

Hori guztia dela-eta, Dekretu honek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle kontratatuen erregimen juridikoa arautzea du helburu; lehenengo kapituluan, xedeari eta erregimen juridikoari buruzko xedapen orokorrak ezarriko dira, eta, ondoren, bigarren kapituluan, irakasleen zein ikertzaileen kontratu-kategoriak aztertuko dira. Hirugarren kapituluan, kontratazioari, bateraezintasunei eta arduraldiari buruzko beste xedapen komunak zehaztuko dira.

Azkenik, laugarren kapituluan, irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza-gaitasunaren oinarriak ezarriko dira, euskararen erabileraren normalizazioaren arloan autonomia-erkidegoak duen eskumena baliatuta, hala adierazten baitute Autonomia Estatutuaren 6. artikuluak eta hura garatzeko legediak, baita Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak ere; hala, titulu ofiziala lortzeko irakaskuntza guztietan, euskaraz ikasteko eskubide osoa bermatu ahal izango da pixkanaka.

Halaber, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 33.1 artikuluak ezarri bezala, emakumeek eta gizonek, bai irakasle-ibilbidean bai erabakiak hartzeko esparruetara heltzeko bidean, aukera berak izan ditzaten sustatuko du Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak.

Horrenbestez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako izapideak beteta daudela, Euskadiko Unibertsitate Kontseilua jakinaren gainean dagoela, Euskal Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak aldeko txostena eman duela, Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa entzunda eta Gobernu Kontseiluak 2008ko martxoaren 4ko bilkuran erabaki eta onetsi ondoren, hauxe

Autonomia-erkidegoak unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen arloan dituen eskumenak garatzea da dekretu honen helburua. Hain zuzen, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak lan-legepean kontratatutako irakasleen eta ikertzaileen araubide juridikoa zehaztuko du.

  1. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle kontratatuen plaza guztiek unibertsitateko lanpostuen zerrendan agertu behar dute, beste plaza bateko irakaslea ordezkatzea helburu dutenak izan ezik; hartara, irakasleen eta ikertzaileen kostu guztiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aldez aurreko baimena izango dute.

  2. – Lanpostuak banan-banan agertuko dira zerrendan, eta taldetan zein kontratu-motaren arabera egongo dira sailkatuta; halaber, gutxienez, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 99.2 artikuluak ezarritakoaren berri eman beharko du zerrendak.

Lanpostuen zerrendaren barruan, eta aurrekontuan baliabiderik bada, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak lan-kontratu iraunkorrak egin ahal izango ditu, irakasle kontratatuen bi kategoriatan: irakasle osoak eta irakasle agregatuak.

  1. – Aurrekontuan baliabiderik badago, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak aldi baterako lan-kontratuak egin ahal izango ditu, irakasle kontratatuen honako kategoria hauetan: irakasle atxikiak, laguntzaileak, irakasle elkartuak, irakasle emerituak eta irakasle bisitariak.

  2. – Langileren batek lanpostua aldi baterako uzten duenean edo lanpostuen zerrendan plaza hutsik dagoenean, lanpostuok betetzeko arauzko prozedura bideratzen den bitartean, beste irakasleren bat kontratatu ahal izango da bitarteko kontratua eginez, baldin eta lanpostuari dagokion ezagutza-arloko irakasleek hutsunea bete ezin badute, eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 25. artikuluak dioena aintzat hartuta.

Lanpostuen zerrendaren barruan, eta aurrekontuan baliabiderik bada, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak lan-kontratu iraunkorrak egin ahal izango ditu, ikertzaileen bi kategoriatan: ikerketa-irakasleak eta doktore ikertzaileak.

Doktoreei dagokienez, Dekretu honek arautzen ez dituen arloetan, irakasle osoei edo irakasle agregatuei ezarritakoa aplikatuko zaie, kategoriaren arabera.

Behin betiko ikertzaileek sinatutako kontratuek izango duten klausula baten arabera, bost urtetik behin Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren ebaluazioan parte hartzeko konpromisoa adieraziko dute ikertzaileek, agentziak ezarritako baldintzetan. Aipatutako ebaluazioaren ostean, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko araudiak ezarriko ditu langile horien baldintzak.

  1. – Aurrekontuan baliabiderik dagoenean, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa zientifiko edo teknikoko egitasmoak garatzeko ikertzaileak, teknikariak edo bestelako langileak kontratatu ahal izango ditu, lan edo zerbitzu jakin baterako kontratuen bidez, halaxe ezartzen baitute Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Sustapen eta Koordinazio Nagusiari buruzko apirilaren 14ko 13/1986 Legearen 17.1.a) artikuluak, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 48.1 artikuluak eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legearen 14.2 artikuluak. Langileen Estatutuaren Legeko testu moldatua onartu zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 15.1 artikuluak ezartzen du aplikatu beharreko araubide juridikoa.

  2. – Prestakuntzarako kontratuen bidez, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu trebakuntza zientifikoa eta teknikoa jaso dezaten, 13/1986 Legearen 17.1.b) artikuluak ezarritakoaren arabera. Langileen Estatutuaren Legeko testu moldatua onartu zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.1 artikuluak eta Prestatzen ari diren Ikertzaileen Estatutua onetsi zuen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuko seigarren xedapen gehigarriak ezartzen dute aplikatu beharreko araubide juridikoa. Kontratazioa doktoreentzako ikerketarako laguntza programa baten barruan badago, programan bertan zehaztuko dira ordainsariak, eta deialdia egiten duen erakundeak laguntzaren zenbateko osoa ordainduko dio Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari, gizarte-segurantzaren kostua barne.

  3. – Halaber, ikerketarako laguntza esleitu zenetik hirugarren eta laugarren urteetan dauden ikertzaileak ere kontratatu ahal izango ditu Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, trebatzen ari den lan-taldearen barruan. Langileen Estatutuaren Legeko testu moldatua onartu zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.1 artikuluak ezartzen du aplikatu beharreko araubide juridikoa.

  1. – Irakasle osoak lanaldi osoan jardungo dira.

    Lan-hitzarmen kolektiboak zehaztuko du lanaldiaren iraupena, eta irakaskuntza- eta ikerketa-jardueren artean zein norbere sail, zentro edo unibertsitateko kudeaketa- edota administrazio-beharrizanen artean banatuko da denbora hori; ikerketa-jarduerek, baina, lanaldiaren heren bat hartuko dute gutxienez.

  2. – Irakasle osoek zortzi irakastordu eta ikasleen laguntzarako edo tutoretzarako sei ordu bete beharko dituzte astean.

  3. – Irakasle osoak publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuz hautatuko dira, lehiaketa bidez. Deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

  4. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak arautuko du hautaketa-prozesua nola egin eta lehiaketa epaitu behar duten batzordeak nola osatu.

  1. – Irakasle agregatuak lanaldi osoan jardungo dira.

    Lan-hitzarmen kolektiboak zehaztuko du lanaldiaren iraupena, eta irakaskuntza- eta ikerketa-jardueren artean zein norbere sail, zentro edo unibertsitateko kudeaketa- edota administrazio-beharrizanen artean banatuko da denbora hori; ikerketa-jarduerek, baina, lanaldiaren heren bat hartuko dute gutxienez.

  2. – Irakasle agregatuek zortzi irakastordu eta ikasleen laguntzarako edo tutoretzarako sei ordu bete beharko dituzte astean.

  3. – Irakasle agregatuak publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuz hautatuko dira, lehiaketa bidez. Deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

  4. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak arautuko du hautaketa-prozesua nola egin eta lehiaketa epaitu behar duten batzordeak nola osatu.

  1. – Irakasle atxikiak lanaldi osoan jardungo dira.

    Lan-hitzarmen kolektiboak zehaztuko du lanaldiaren iraupena, eta irakaskuntza- eta ikerketa-jardueren artean zein norbere sail, zentro edo unibertsitateko kudeaketa- edota administrazio-beharrizanen artean banatuko da denbora hori; ikerketa-jarduerek, baina, lanaldiaren heren bat hartuko dute gutxienez.

  2. – Irakasle atxikiek zortzi irakastordu bete beharko dituzte astean (ahal dela, irakaskuntza-ikaskuntza ereduan laguntzeko), baita ikasleen laguntzarako edo tutoretzarako sei ordu ere.

  3. – Irakasle atxikiak publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuz hautatuko dira, lehiaketa bidez.

  4. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak arautuko du hautaketa-prozesua nola egin eta lehiaketa epaitu behar duten batzordeak nola osatu.

  1. – Laguntzaileen lan-kontratua lanaldi osokoa izango da, gutxienez urtebeterako eta gehienez bost urterako; urte horiek, ordea, ez dute zertan elkarren jarraian egon. Denboraldi hori amaitu baino lehen doktore-titulua lortuz gero, unibertsitateak zuzenean irakasle atxiki moduan kontratatzeko aukera izango du, baldin lanpostuan hasteko legezko eskakizunak betetzen baditu. Edonola ere, laguntzaile eta irakasle atxiki lanpostuetan guztira jardun daitekeen denbora zortzi urte da gehienez.

  2. – Lan-hitzarmen kolektiboak zehaztuko du lanaldiaren iraupena, eta irakaskuntza- eta ikerketa-jardueren artean zein norbere sail, zentro edo unibertsitateko kudeaketa- edota administrazio-beharrizanen artean banatuko da denbora hori; ikerketa-jarduerek, baina, lanaldiaren heren bat hartuko dute gutxienez.

  3. – Laguntzaileek bi irakastordu praktiko bete beharko dituzte astean; irakaskuntzan eta ikerketan trebatzen direla bermatu behar da.

  4. – Laguntzaileak publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuz hautatuko dira, lehiaketa bidez.

  5. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak arautuko du hautaketa-prozesua nola egin eta lehiaketa epaitu behar duten batzordeak nola osatu.

  1. – Irakasle elkartuak lanaldi partzialean jardungo dira; gehienez, sei irakastordu eta, gutxienez, hiru irakastordu bete beharko dituzte astean, baita ikasleen laguntzarako edo tutoretzarako beste horrenbeste ordu.

  2. – Irakasle elkartuak publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuz hautatuko dira, lehiaketa bidez.

  3. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak arautuko du hautaketa-prozesua nola egin eta lehiaketa epaitu behar duten batzordeak nola osatu.

  4. – Irakasle elkartuen plazak eta izendapenak apirilaren 25eko Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorraren 105.2 artikuluan oinarrituta badaude, unibertsitateko irakasle elkartuei dagozkien berezko arauak ezarriko zaizkie irakasle horiei. Hala ere, kontzertu bidez ezarri diren berezitasunak errespetatuko dira, eta abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarria abian jartzen ez den bitartean, aurreko araubide juridikoak jarraituko du indarrean.

  1. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, bere Estatutuen arabera, irakasle emeritu gisa kontratatu ahal izango ditu unibertsitatean kulturaren, zientziaren edo lanaren arloan ospe handia duten pertsona erretiratuak, funtzionarioak edo kontratatuak.

  2. – Unibertsitateko sailek, unibertsitatearen araudiaren arabera, gainerako irakasleei ez bezalako araubidea ezarri ahal izango diete irakasle emeritu gisa aldi baterako kontratatutakoei, irakasteko, unibertsitatean geratzeko eta ikerketa-lanak egiteko betebeharretan, eta, bereziki, mintegiak eta doktoretza-ikastaroak emango dituzte.

  3. – Unibertsitateak, bere autonomia aintzat hartuta, erabaki behar du irakasle emerituak kontratatzeko prozedura eta hautagaiek izan behar dituzten merezimenduak zein diren.

Irakasle bisitariak, ahal dela, lanaldi osoan kontratatuko dira; unibertsitate-araudiak ezarriko ditu hautaketa-irizpideak, unibertsitateko ikastetxe, zentro edo sailetan plazak esleitzeko ezarritakoaren barruan eta aurrekontuak aintzat hartuta, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 16.2 artikuluak zehaztutakoaren arabera betiere.

  1. – Dekretu honetako 4.2 artikuluan xedatu bezala, bitarteko irakasleak kontratatu ahal izango dira, baldin eta lanpostuari dagokion ezagutza-arloko irakasleek irakaskuntza-beharrizana bete ezin badute, honako egoera hauetakoren bat gertatzen denean:

    1. Irakasle funtzionarioren edo lan-legepeko irakasleren batek hutsik utzitako plaza aldi baterako betetzeko (aurrekontuan baliabiderik badago), lanpostua behin betiko hornitzeko arauzko prozedura bideratzen den bitartean.

    2. Irakasleen hutsuneak betetzeko, irakasleek lanpostua utzi baina hura gordetzeko eskubidea dutenean (gaixotasun-baja edo -baimena, amatasun- eta aitatasun-baja edo baimena, zerbitzuak betetzea, zerbitzu bereziak, lizentzia sabatikoak, eszedentziak, lanaldi murrizketak eta abar), edo irakaskuntza-betebeharrak murriztea edo horietatik salbuetsita egotea dakarten kargu akademikoetan jarduten dutenean, edozein dela irakasleak unibertsitatearekin duen lotura profesionala, funtzionarioak barne.

  2. – Bitarteko irakasleek ordezkatzen duten irakasleari edo betetzen duten lanpostuari dagokion lanaldi bera edukiko dute gehienez.

  3. – Ezin izango dira bitarteko irakasleak kontratatu irakasle laguntzaileen, irakasle bisitarien eta irakasle emerituen hutsuneak betetzeko, edo kategoria horietako irakasleak ordezkatzeko.

  1. – Ikerketa-irakasle izateko, hautagaiek egiaztatu beharko dute burututako irakaskuntza eta ikerketa jarduerek edo doktoratu ostean batez ere ikerketan egindako lanek aldeko balioespena jaso dutela, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo Uniqualekin onarpen-hitzarmenik duen ebaluazio-agentzietako batek egindako txostenaren bidez.

    Halaber, ikerketa-irakasleen kategorian sartzeko, aurretik doktore ikertzaile edo irakasle agregatu gisa kontratatuta egon behar du, gutxienez hiru urtez. Salbuespen gisa, baina, aipatutako eskakizunak betetzen ez dituen pertsona bat kontrata daiteke, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren aldeko balioespena jaso baldin badu.

  2. – Ikerketa-irakasleak lanaldi osoan jardungo dira.

    Lan-hitzarmen kolektiboak zehaztuko du lanaldiaren iraupena, eta, batez ere, ikerketan lan egingo dute. Hala ere, lanaldian zehar, irakaskuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute, baita beren sail, zentro edo unibertsitateko kudeaketa- edota administrazio-beharrizanetan ere.

  3. – Ikerketa irakasleei irakaskuntza betebeharrak esleitu ahal izango zaizkie, urtean 12 kreditukoak gehienez ere; proposatutako ikerketa-jarduerarekin (ahal dela, hirugarren ziklokoa) lotutako irakaskuntza jardueretan laguntzea izango da, batez ere, betebeharron helburua.

  4. – Ikerketa-irakasleek irakasle osoen eskubide berak edukiko dituzte.

  5. – Ikerketa irakasleak publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuz hautatuko dira, lehiaketa bidez. Deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

  6. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak arautuko du hautaketa-prozesua nola egin eta lehiaketa epaitu behar duten batzordeak nola osatu.

  1. – Doktore ikertzaile izateko, hautagaiek egiaztatu beharko dute irakaskuntzan edota ikerketan gutxienez hiru urtez jardun dutela eta burututako irakaskuntza eta ikerketa-jarduera horiek (doktoratu osteko ikerketa-lanek batez ere) aldeko balioespena jaso dutela, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo Uniqualekin onarpen-hitzarmenik duen ebaluazio-agentzietako batek egindako txostenaren bidez.

  2. – Doktore ikertzaileak lanaldi osoan jardungo dira.

    Lan-hitzarmen kolektiboak zehaztuko du lanaldiaren iraupena, eta, batez ere, ikerketan lan egingo dute. Hala ere, lanaldian zehar, irakaskuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute, baita beren sail, zentro edo unibertsitateko kudeaketa- edota administrazio-beharrizanetan ere.

  3. – Doktore ikertzaileei irakaskuntza-betebeharrak esleitu ahal izango zaizkie, urtean 12 kreditukoak gehienez ere; proposatutako ikerketa-jarduerarekin (ahal dela, hirugarren ziklokoa) lotutako irakaskuntza-jardueretan laguntzea izango da, batez ere, betebeharron helburua.

  4. – Doktore ikertzaileek irakasle agregatuen eskubide berak edukiko dituzte.

  5. – Doktore ikertzaileak publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuz hautatuko dira, lehiaketa bidez. Deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

  6. – Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak arautuko du hautaketa-prozesua nola egin eta lehiaketa epaitu behar duten batzordeak nola osatu.

  1. – Irakaskuntza-kategoria eta kontratu molde bakoitzera heldu ahal izateko bete behar diren baldintzez gain, unibertsitateko irakaskuntza- eta ikerketa-plaza bat izan nahi duten hautagaiek Langileen Estatutuak dakartzan eskakizun orokorrak bete beharko dituzte; halaber, hautagaien irakaskuntza- eta ikerketa-zerbitzuez hornituko den erakundearen ezaugarriak aintzat hartuta, enplegu publikoko legediak ezarritako baldintzak ere bete beharko dituzte, hala dagokienean. Ez zaie inoiz herritartasun-betekizunik eskatuko.

  2. – Lehiaketek deialdiaren oinarrietan ezarritakoari jarraituko diote; oinarriotan, honako hau jaso behar da gutxienez: deitutako plaza kopurua eta horien ezaugarriak, lanpostuok esleituko dituen saila eta ezagutza-arloa, lanpostuaren eginkizunak, hautagaiek bete behar dituzten eskakizunak eta baldintzak, hautaketa-batzordeak nola osatu, kontratua iraunkorra edo aldi baterako izango den, lanaldi-erregimena, zein hizkuntzatan irakatsiko den edo lanpostua elebiduna izango den, aurkeztu beharreko eskabide-eredua eta dokumentazioa, non eta noiz arte aurkez daitekeen, zein organotara bidali behar diren eskabideak eta, halakorik balego, oinarrien aurkako helegiteak, eta horiek zein organotan eta zein epetan aurkeztu behar diren.

  3. – Oinarriek unibertsitate-legedian, Dekretu honetan, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen araudian eta aplikatu beharreko administrazio- eta lan-arloko araudian ezarritakoa bete beharko dute beti. Oinarrietan zehaztutako deialdien eta administrazio-ekintzen zein hautaketa-batzordeen jardunbideen aurka egin ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak ezarritako egoeretan eta moduan.

  4. – Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean xedatu bezala, irakasle kontratatuak hautatzeko batzordeen akordioak lotesleak izango dira unibertsitateko administrazioarako, baina Unibertsitateko Estatutuek akordio horien aurkako erreklamazioetarako administrazio-araubidea ezarri behar dute; hartara, aipatutako akordioak baliogabetu daitezke, legezko irizpide eta oinarri zorrotzak erabiliz.

Kontratatutako irakasleak ezagutza-arlo eta sail edo unibertsitate-institutu banan adskribatuta egongo dira. Halaber, fakultate edo eskola batean egongo dira adskribatuta, nahiz eta hainbat zentrotan irakatsi ahal izango duten. Batzuetan, irakasle kontratatuek beren ezagutza-arloarekin lotutako ikasgaietako irakaskuntza-eginkizunak hartu beharko dituzte beren gain; Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen araudiak eta irakaskuntza-plangintzak zehaztuko dute zein abagunetan gertatuko den hori.

  1. – Kontratuen iraupena edozein izanda ere, idatziz formalizatuko dira. Unibertsitateak oro har erabili beharreko eredu ofiziala ezarriko du, baina kategoria bakoitzaren berezitasunak nabarmenduko dira. Kontratua formalizatu eta hautatua bere lanpostuan hasi arte, kontratatutako irakasleek ez dute ordainsari ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

  2. — Kontratuaren eredu ofizialak lan-legedian ezarritako gutxieneko edukiak jaso beharko ditu. Halaber, enplegu-bulego publikoari eta langileen ordezkariei kontratazioaren berri ematera behartuta dago unibertsitatea.

  1. – Irakasle kontratatu guztiak Administrazio Publikoetan Jarduten duten Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak eta hura garatzeko xedapenek ezarritako araubide juridikoaren eraginpean daude; dena den, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 83. artikuluak xedatutakoa ere bete behar dute.

  2. – Osasun-zientziekin lotutako arloetan kontratatutako irakasleei Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta osasun-erakundeen arteko kontzertuek xedatzen dutena aplikatuko zaie.

  3. – Unibertsitate pribatuetako irakasleek ezin izango dute Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean jardun behin betiko kontratatutako irakasle gisa.

Oro har, irakasle kontratatuek ezin izango dute irakasten duten fakultatean edo eskolan titulu ofizialik lortzeko matrikularik egin. Dena den, errektoreak aurretik hala baimentzen badu, edozein irakaskuntza-zentrotan egin ahal izango dute matrikula, lizentzia-programaren batean irakaslea diplomaduna bada, edo doktoretza-programaren batean irakaslea lizentziaduna bada.

Titulu ofizialak lortzeko irakaskuntza guztietan, autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza nahitaez jakitea eskatu ahal izango zaie Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle kontratatuei eta funtzionarioei, lanpostu elebidunetara heltzeko betekizun gisa, halaxe ezartzen baitute Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 11., 18.5 eta 99.2.e) artikuluek.

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 46.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, ondasun publikoekin finantzatutako titulu berriak jartzean, euskara lehentasunezko irizpidetzat hartuko da taldeak ezartzerakoan. Hala, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak neurriak hartuko ditu irakaskuntza eta graduetako ikasketa-plan guztiak enborreko eta derrigorrezko ikasgai guztietan euskaraz zein gazteleraz jaso daitezen. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren bidez garatuko dira neurri horiek. Era berean, hautazko eta aukera askeko ikasgaietan eleaniztasuna bultzatuko da, eta euskarazko ikasgaien eskaintza beste hizkuntzen horrenbestekoa izango da.

Graduko tituluak Europako Unibertsitate Eremuaren arabera ezartzen diren unean, euskarazko graduondoko ikasketen eskaintza gaztelerazkoaren baliokidea izango da oro har. Hortaz, irakaskuntza- eta ikerketa-lanpostu berrien hizkuntza-eskakizunak helburu horiek lortze aldera esleituko dira.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle funtzionarioen edo lan-legepeko irakasleen plazak hornitzeko lehiaketetan, plaza bat lanpostuen zerrendan eta, ondorioz, lehiaketaren oinarrietan plaza elebidunen multzoan sailkatuta badago, hautagaiek euskaraz dakitela egiaztatu beharko dute, nahitaez bete beharreko eskakizuna den aldetik. Gainerako plazetan, merezimendutzat hartuko da, eta hala adieraziko da lehiaketen oinarrietan, ofizioz.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean hizkuntza-eskakizun elebiduna duten irakasle- eta ikertzaile-lanpostuen proportzioak euskarazko ikasketen eskaerari erantzungo dio, eta Euskal Autonomia-erkidegoko errealitate soziolinguistikoari egokituko zaio. Hartara, gradu-ikasketak eta, pixkanaka, graduondoko ikasketak euskaraz eman daitezen bideratu behar du proportzio horrek.

Unibertsitate-araudiak zehaztuko ditu zein diren Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko plaza elebidunetarako euskarazko hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko tituluak edo frogak.

Irakasle osoen eta irakasle agregatuen kategorietan sartzeko hautaketa-batzordeak unibertsitate-katedradunez edo Europako Unibertsitate Eremuko unibertsitate publikoetako irakasle osoez egongo dira osatuta. Horietako bat, gehienez, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko lan-taldekoa izan daiteke. Plaza elebidunei dagokienez, behar diren neurriak hartuko dira batzordeak bere eginkizuna Euskal Autonomia-erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egin dezakeela bermatzeko. Irakasle titularrek ere irakasle agregatuen hautaketa-batzordeetan parte hartu ahal izango dute. Halaber, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikulua betetze aldera, ahaleginak egingo dira bi sexuek, gutxienez, % 40ko ordezkaritza izan dezaten.

Unibertsitate-irakasle kontratatuen zein unibertsitate-irakasle funtzionarioen doktore-tituluak gutxienez hiru urteko antzinatasuna duenean, irakaskuntza-betebeharretatik guztiz edo zati batean salbuetsita egon ahal izango dira irakasle horiek, lehentasunez ikerketetan jardun dezaten; hala ere, irakasle kontratatuen betebeharren gainean Dekretu honetan ezarritakoa bete behar da. Salbuespen hori bost urtekoa izango da gehienez; Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak salbuespen hori eskatzeko prozedura eta hura erabiltzeko baldintzak arautuko ditu.

Egoera berezietan, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak irakasle laguntzaileak kontratatu ahal izango ditu diplomadunen edo arkitekto zein ingeniari teknikoen artean, aurretik Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren aldeko txostena badago, eta estatuko Gobernuak kontratazioaren baldintzak eta epeak arautzen baditu, apirilaren 12ko 4/2007 Legearen bigarren xedapen iragankorrak araututakoaren arabera.

Lan-legepeko irakasleen diziplina-araubidea ezartzen ez den bitartean, irakasle funtzionarioentzat ezarritako lege-hausteen eta zigorren katalogoa aplikatuko zaie, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren maiatzaren 12ko 7/2007 Legearen VII. kapituluak dioen bezala.

Dekretu hau indarrean jartzean, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen arabera irakasle laguntzaile gisa kontratatuta daudenek bere irakaskuntza- eta ikerketa-eginkizunekin aurrera jarraitu ahal izango dute, lau urtean zehar gehienez ere.

  1. – Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen bigarren xedapen iragankorrak egun irakasle elkartu edo doktore elkartu gisa kontratatuta daudenei eragiten die; hartara, irakasle horiek aipatutako xedapenak ezarritako eskakizunak betetzen badituzte, irakasle laguntzaile iraunkor gisa (lanpostu hori desagertuko da) edo irakasle agregatu gisa (doktore titulua duten edo ez aintzat hartuta) kontratuko dira. Horretarako, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren berariazko txostena eskatuko zaie.

  2. – Egun irakasle elkartu edo doktore elkartu gisa kontratatuta daudenek bigarren xedapen iragankor horrek ezarritako eskakizunak betetzen ez badituzte, aldi baterako irakasle laguntzaile gisa (lau urtez, gehienez) edo atxikitako irakasle gisa (doktore titulua duten edo ez aintzat hartuta) kontratuko dira. Kasu bietan, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren berariazko txostena eskatuko zaie.

Indargabetu egiten da aldi baterako kontratatutako unibertsitate-irakasleei buruzko 247/2003 Dekretua, urriaren 21ekoa, baita Dekretu honen edukiaren aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen arau-emaile ere.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari Dekretu hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak ezartzeko baimena ematen zaio.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko martxoaren 4an.

Lehendakaria

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.