Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2026ko urtarrilaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
164

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko (Gipuzkoa) A.E. 19 – Iturripe eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2025eko irailaren 9an, Arrasateko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, «Arrasateko (Gipuzkoa) A.E. 19 – Iturripe eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren» (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko urriaren 15ean, eta espedientean jasota dago emaitza. Horrez gain, Arrasateko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak irizpen-elementu nahikoak dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2.c) artikuluko kasuen artean dago, zehazki, honi dagokionez: «Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuetan, aurreko paragrafoan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituztenean». Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 3. puntuko II.B eranskinaren 72.2 artikulua aplikatzen da, «etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta programak, II.A eranskineko 6. eta 7. idatz-zatietako baldintzak betetzen ez dituztenak».

Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Ez die, halaber, Natura 2000 Sareko espazioei ere eragiten, ezta Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrasateko (Gipuzkoa) A.E. 19 – Iturripe eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehaztutako terminoen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremuaren azalera 12.365 m2-koa da eta Arrasateko (Gipuzkoa) hirigunean dago; iparraldean eta mendebaldean Aramaio ibaiarekin muga egiten du, eta ekialdean eta mendebaldean, berriz, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoaren instalazioekin.

Partzelaren hirigintza-sailkapenaren arabera, hiru-lurzoru finkatugabea da (A1). Planaren xedea da antolamendu xehatu hori aldatzea, kiroldegi berriaren proiektua eta etorkizuneko beharrak egin ahal izateko.

Eremuaren hirigintza-fitxaren arabera, guztizko azalera 14.342 m2-koa da, eta horren barruan eremuari lotutako Aramaio ibaiaren azalera barne hartzen du, bai eta kirolerako zuzkidura-partzela ere (guztira, 12.365 m2). Zuzkidura-partzela horren baitan, udal-partzelaren azalera 4.110 m2-koa da, eta egungo kiroldegiaren oinplanoa 1.828,00 m2-koa da. Partzelaren gainerako zatia titulartasun pribatukoa da, 8.255 m2-ko azalera du, eta oinplanoa 540 m2-koa da. Neurri hori egungo frontoiei dagokie.

Planaren bidez udalerriko klub eta kirol-erakundeen beharrei erantzuteko instalazio egokiak eskainiko dira, eta azpiegitura berdean eta urdinean jasangarritasun-irizpideak gehitu nahi ditu, etorkizuneko ingurumen- eta klima-erronkei erantzuteko. Halaber, kirolaren esparruan inklusiboa izango den proiektua diseinatzea du helburu, desgaitasuna duten pertsonek parte hartzea bermatzeko eta genero-berdintasuna sustatzeko.

Frontoien eraikina eta egungo kirol-pabiloia eraistea erabaki denez, eraikin berriak eraitsi diren elementuak barne hartuko ditu.

Hortaz, behar nagusiak izango dira bi kirol-pistak (49 x 32 x 9 m) eta bi frontoiak (30 x 14 x 13 m). Instalazio horiei lotutako harmailek, erabilera anitzeko gelek eta aldagelek eragina izango dute azken bolumenean. Hortaz, hiru bolumen aurreikusten dira:

– Ekialdeko bolumena: bi mailatan gainjarritako kirol-pistak, harmailak atxikita (39,5 m x 51 m, sestra gaineko altuera 18 m).

– Erdiko bolumena: sarbide nagusiak, zirkulazioak eta dorre-instalazioak, erabiltzaile ororentzat (33 x 25 m, sestra gaineko altuera 21,8 m).

– Mendebaldeko bolumena: frontoien arauzko irekiera eta itxitura harmailekin (33 x 30,50 m, sestra gaineko altuera 15,50 m).

Hiru bolumenak gehieneko eraikin-profil baten baitan egingo dira, eta profil horrek sotoa, beheko solairua eta hiru solairu tipo izango ditu (S + B + 3S); halaber, profil horren azpian bolumenak sartzea proposatuko da.

Azkenik, honako hau da kalifikazio xehatuaren banaketa: 8.890 m2 kirol-ekipamendurako; 3.475 m2 eremu libre eta berdeguneetarako; eta 1.977 m2 ibaietarako.

Iturripeko kiroldegi berrirako eraikin bat aurreikusi da eta kontsumoa ia nulua izango da. Arkitektura pasiboko oinarria izango du eta energia-eskaria murrizteko baliabide naturalak erabiliko ditu, bai eta klimatizazio-sistema mekanikoak ere. Diseinuak argiztapen naturala aurreikusten du; izan ere, beirazko azalera handiak ditu, aireztapen gurutzatua leiho motorizatuekin eta klimatizazio-sistema efizienteak, barneko erosotasuna eta jasangarritasuna lortzeko.

UBS ekoizteko, ekialdeko bolumeneko estalkian hegoaldera orientatutako eguzki-panel termikoak erabiliko dira, biomasa-galdararen eta bero-ponpen laguntzaz, eta panel fotovoltaikoekin batera. Sortutako energia eraikinera bideratuko da eta bestelako udal-instalazioekin partekatu ahal izango da.

Kanpoko eremuaren birnaturalizazioak klima-aldaketaren ondoriozko muturreko bero-boladak arinduko ditu.

Plana garatzeko, eraikuntza-proiektu bakarra idatziko da, eta bertan beharrezkoak diren urbanizazio-obrak jasoko dira. Aurrekoaz gain, dagokion proiektuko instalazioak eraisteko prozesua jasoko da. Eremuaren egikaritzea ekimen publikotik sustatuko da (Arrasateko Udala).

Eraikin berriaren euri-urak ibaira bideratuko dira, egungo sistema jarraituz, Aramaio ibaiaren gaineko zubiaren bi aldeetan dauden hustubideen bitartez. Bestalde, instalazio berrietan sortzen diren hondakin-urak kolektore orokorrera bideratuko dira.

Alternatibak:

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, bi alternatiba planteatu dira: alde batetik, ez jarduteko alternatiba, eta, bestetik, 1. alternatiba. Ez jarduteko alternatibaren kasuan, egungo egoerari dagokio, hots, ekipamendua zaharkituta dago eta egiturazko arazoak zein arazo sanitarioak eta funtzionalak daude eta A.E. 19 – Iturripe eremuaren garapena eta egikaritzea oztopatzen dute. Bestetik, 1. alternatiba planak garatzen du eta erabileren antolamenduari, hirigintza-parametroei eta erabilera xehatuko azpieremuei aplikatu beharreko baldintzei dagokie, horiei esleitzen baitie plangintzan aurreikusitako eraikigarritasunaren banaketa.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Arrasateko (Gipuzkoa) A.E. 19 – Iturripe eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia; gaur egun garatzeke dago, egiturazko eraikigarritasun-zehaztapenak aldatu gabe, indarrean dagoen Plan Berezian aurreikusitako eremu publikoak birdefinituta. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; izan ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta plana garatuz etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plan Bereziaren eremua Arrasate udal-mugartearen hirigunean dago. 12.365 m2-ko azalera du eta hiru-lurzoru finkatugabe gisa sailkatuta dago (A1), ekipamendu-erabilera orokorrarekin.

Eremua «Debako unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Deba-B (ES111R040010) ur-masaren isuri-arroan dago. Eremuak iparraldean muga egiten du Aramaio ibaiko erdiko-beheko zatiarekin, oso aldatuta eta kanalizatuta dagoen eremua. Uraren kalitateari dagokionez, 2024. urtean ur-masaren egoera ekologikoa «potentzialki neurrizkoa» zen, egoera kimikoa «ona» eta egoera globala «ona baino okerragoa». 2020-2024 aldian, egoera globala ona baino okerragoa zen. Plan Hidrologikoko Zona Babestuen Erregistroari dagokionez, eremuan Deba B ur-masa dago, hornidurara bideratutako ur-bilketak egiten dituen ur-masa gisa gehituta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari dagokionez, hidraulika-osagaiaren arabera, eremuarekin bat datorren Aramaio ibaiaren zatia I. mailakoa da; hots, arroaren azalera 10 eta 50 km2-koa da. Hirigintza-osagaiaren arabera, garatutako eremuetako ertzak dira. Bestalde, eremuarekin bat egiten duten ertzak ez daude zonifikatuta, ingurumen-osagaiaren arabera.

Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Hego Antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006), zeinak 2024. urtean egoera global «ona» baitu, eta bat dator Arrasate sektore kuaternarioarekin. Eremuan badago hidrogeologia-intereseko lekurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua handia da.

Eremuko litologia bat dator alubialen eta alubio-kolubialen deposituekin, eta iragazkortasun handia du. Proiektuaren xede den eremuan ez dago «EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan» sartutako interes geologikoko lekurik.

Landarediaren ikuspegitik, eta ingurumen-dokumentuaren arabera, kirol-instalazioen garapenak haltzadi kantauriarraren landaredi potentziala alboratu eta ezki-lerrokaduretarako bidea utzi du zuhaitz- eta zuhaixka-espezie hauen ondoan, bideratzearen oinarrian: Alnus glutinosa (haltz beltza), Fraxinus excelsior (lizarra), Acer campestre (astigar arrunta), Salix atrocinerea (sahatsa), Ficus carica (pikondoa), Sambucus nigra (intsusa) eta abar. Planaren eremuak ez du barne hartzen kartografiatutako Batasunaren Intereseko Habitatik. GeoEuskadi bisorearen arabera, planaren eragin-eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik. Ingurumen-dokumentuaren arabera, eremuan ez dago landare-espezie aloktonorik.

Planaren ezarpen-eremua ez dago EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren eremuetan, ezta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremuetan ere. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA).

Ingurumen-dokumentuaren arabera, Aramaio ibaiko arrain-komunitatean honako hauek nabarmentzen dira: Phoxinus phoxinus (ezkailua), bai eta Barbatula barbatula (mazkarra) ere, eta, batzuetan, Salmo trutta (amuarraina).

Proiektuaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko eremuekin, babestutako ingurune-eremuekin, ez eta inbentarioan sartutako beste eremu babestu edo natura-interesekoekin ere. Era berean, ez daude naturaguneen katalogoetan dauden beste zenbait espazio, LAGen azpiegitura berdean sartutako elementuak eta Onura Publikoko Mendiak (OPM).

Eremua Arrasateko arroaren barruan dago, eta paisaia-balioa txikia eta ohikoa da. Halaber, ez dago Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuan jasota (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Planaren eremuak ez die eragiten ondare kulturaleko elementu eta higiezinei, 153 elementuak dauden arren. Iturripeko frontoia 1 eta 154. Iturripeko frontoia 2, tokiko babes-proposamena du.

Gainerako ingurumen-arriskuez ari garela, baztertu egin dira sismikotasunarekin eta baso-suteekin zerikusia dutenak, bai eta SEVESO araudiaren mendeko enpresen hurbiltasunari lotutako arrisku kimikoa ere. Benetako higaduraren RUSLE ereduaren arabera, eremuan batez ere higadura-maila txikiko eremuak daude. Hala ere, lehen adierazi den bezala, badaude akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eremuak.

Salgai arriskutsuen garraioari lotutako arriskuari dagokionez, Uribarri etorbidea eremuaren iparraldean dago eta arriskua oso txikia izateaz gain, aipatutako kalearen eraginaren 100 bandaren barruan dago. Salgai arriskutsuen garraioak ez du trenbiderako arriskurik eragiten.

Uholde-arriskuari dagokionez, eremua bat dator Arrasate uholde-arrisku handiko eremuarekin (UAHE), zeinak ES017-GIP-DEB-09-01 kodea baitu (II. taldea). Eremuko iparraldeko eta ipar-mendebaldeko mugak 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneen baitan daude, eta, ondorioz, lehentasunezko fluxu-gunean.

Erantsitako azterlan akustikoaren arabera, planaren eremuan gaur egun zein etorkizunean (20 urteko aurreikuspena), bete egiten dira kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak, lurzorutik 2 metroko altueran eta leihodun eraikuntzen fatxada eta garaiera guztietan. Administrazio-eraikin bat aurreikusten da, eta araudiaren arabera eraginpekoa denez eta barruan muga-balioak kontuan hartu behar direnez, fatxada isolatuko da bermatzeko eraikinaren barruan kalitate akustikoko helburuak betetzen direla.

Arrasate udalerriko klima-aldaketari dagokionez, arrisku eta kalteberatasun txikia dago bero-boladen eraginari eta jarduera ekonomikoetan (nekazaritza eta abeltzaintzakoa) dauden lehorte handiagoko aldien gorakadari lotuta. Bestalde, ibai-uholdeekiko kalteberatasuna txikia den arren, arriskua oso handia da (Klima-aldaketaren aurrean udalek duten kalteberatasunaren eta arriskuaren indizeak, Ihobe, 2017).

Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, egun dauden eraikinak eta egiturak eraitsiko direlako, eraikuntza- eta urbanizazio-obra osagarriak egingo direlako eta espazio libreak sortuko direlako. Beraz, jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak, hondeaketa-soberakinak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Horrek guztiak baliteke airearen, uren eta lurzoruen kalitatean eragina izatea.

Ingurumen-dokumentuak bi frontoiak eraistearen ondoriozko ondare kulturalaren gaineko inpaktua larri gisa kalifikatzen du, baina arindu egin da diseinatutako kirol-esparru berrian berriro ere bi frontoi integratu direlako, Iturripen duten kultura-berezitasuna eta identitate-dimentsioa kontuan hartuta. Halaber, administrazio eskudunak ezarritako eginbideak beteko dira; horien arabera, ondasun-azterlan bat egitea gomendatzen da, eta, horretarako frontoien planoak, argazkiak eta dokumentazio osagarria bilduko dira. Gainerako ondoreak bateragarritzat edo ertaintzat jo dira.

Funtzionamendu-fasean, eremuko kirol-jardueraren gorakadaren ondoriozko inpaktua aurreikusten da, azpiegiturak hobetzearen eta berdeguneak eta paisaia erabiltzearen ondoriozkoak, eta positibotzat jo dira. Halaber, biodibertsitatearen gaineko inpaktua positibotzat jo da, eremu libreetako diseinua ikusita.

Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta garrantzi gabeak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa bereziki, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

C) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Arrasateko (Gipuzkoa) A.E. 19 – Iturripe eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari» ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:

– Kultura-ondarea babesteko neurriak:

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren 2025eko azaroaren 13ko txostenaren arabera, ondare-azterlan bat egingo da, eta horretarako frontoien planoak, argazkiak eta dokumentazio osagarria bilduko da.

Aurretik esandakoa eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Ibai-uren kalitatea babesteko neurriak.

Obrak egin bitartean solidoak Aramaio ibaiko uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak ezarriko dira, adibidez, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Makinen depositua betetzea, labaingarriak jartzea eta mantentze-lanak egitea ibilgutik urrun egingo da, betiere drainatze-saretik isolatutako eremuan.

– Ingurumen-integrazioari eta -lehengoratzeari buruzko neurriak.

Planean berariaz jasoko da oinarrizko proiektuak edo egikaritze-proiektuak «lehengoratze-proiektu» bat izatea; horren arabera, espazio libreak eta proiektua gauzatzeak eragindako eremu guztiak landareztatuko dira. Jarduketek xehetasun-maila nahikoa izango dute hirugarrenek egin ahal izateko, planoak eta aurrekontua barne.

i) Gune libreetan landareak jartzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua liburuxkan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin.

ii) Tokiko espezieak erabiltzea lehenetsiko da. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.

iii) Bermatu egingo da biodibertsitatearen galera garbirik ez dagoela (zero balantzea), eta txikiagoa bada ere, kendu beharreko zuhaitz-formazioen funtzionalitate ekologikoa berreskuratuko da.

iv) Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ez daitezen hedatu lur-mugimenduen bitartez. Hala badagokio, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera.

– Osasun publikoari buruzko neurriak:

Beren eragin-eremuan biztanleriarengan duten eragin negatibo edo positiboagatik garrantzitsuenak edo esanguratsuenak izan daitezkeen planeko ekintzak jasoko dira, eta honako hauek deskribatuko dira: eragindako biztanleria, eraikin kalteberen presentzia (ikastetxeak, zentro soziosanitarioak) eta pertsonak egon ohi diren eremuak (parkeak, jolas-eremuak). Kontuan hartu behar da plana aukera bat dela ingurunea aprobetxatzeko eta osasunaren gizarte-baldintzatzaileen gainean jarduteko (hiri-diseinua eta -kalitatea, oinarrizko baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea, pertsonen baldintza sozioekonomikoak, etab.).

– Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori posible ez bada, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balioesteari. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu bat izango da beti, eta arau hauetan xedatutakoa betez egingo da haien kudeaketa: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:

Aurreko neurriak alde batera utzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek jardunbide egokien eskuliburuarekin zerikusia izango dute zeregin hauetan guztietan: obrak egitea, lurrak eta soberakinak kudeatzea, hondakinak sortu eta kudeatzea, hondeatutako lurzoruak kontrolatzea, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

i) Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.

ii) Bai obrak eta bai lurzorua erabiltzea eskatzen duten eragiketa osagarriak proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barnean direla makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

iii) Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera.

iv) Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioesteko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere sortuko kontrolik gabeko efluenterik erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen 2006ko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

v) Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.). Ustekabeko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

vi) Pilatzeko guneak, instalazio osagarriak, garbiguneak eta makinak gordetzeko guneak eremu iragazgaitzetan egongo dira, eta, edonola ere, makinen depositua betetzeko, labaingarriak jartzeko eta mantentze-lanak egiteko operazioak plataforma iragazgaitz baten gainean egingo dira.

vii) Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko 2003ko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen 2007ko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua), eta, bereziki, hala badagokio, 2002ko otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua –2006ko apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua–).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Lanek 6 hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

viii) Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

ix) Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia aurrezteko eta energia-efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

a) Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.

b) Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.

c) Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

d) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

e) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.

f) Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bestalde, trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa babesteko neurriei dagokionez, eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektu osagarriaren proiektuak idazteko fasean Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, titulartasun publikoko azpiegitura eta ekipamenduei dagokionez. Halaber, erregai fosilak, ura eta zuzeneko eta zeharkako berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko alternatibak baloratu beharko dira bizitza baliagarri osoan zehar, bai eta dagokion kontsumo energetikoaren kostuari buruzkoa ere.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Arrasateko (Gipuzkoa) A.E. 19 – Iturripe eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Arrasateko (Gipuzkoa) A.E. 19 – Iturripe eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala