
9. zk., 2026ko urtarrilaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (219 KB - 8 orri.)
- EPUB (139 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
162
ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak 2025eko azaroaren 6ko bilkuran hartutakoa, behin betiko onesten duena Basauriko Udaleko 2023ko ekitaldiko fiskalizazio-txostena.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak, 2025eko azaroaren 6an egindako bilkuran, honako hau
ERABAKI DU:
Behin betiko onestea Basauriko Udaleko 2023ko ekitaldiko fiskalizazio-txostena; txostena erabaki honen eranskin modura jaso da.
Xedatzea ezen, HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusitakoa betez, txostenaren ondorioak argitara daitezela dagozkion aldizkari ofizialetan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 6a.
HKEEko lehendakaria,
ANA HELGUERA LÍBANO.
HKEEko idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
BASAURIko UDALeko 2023KO EKITALDIko FISKALIZAZIO-TXOSTENA
Laburtzapenak.
20/2021: Legea 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa.
ABBA: Administrazioko Baldintza Berezien Plegua.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
BTP: Baldintza Teknikoen Plegua.
EA: Erakunde Autonomoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.
EPE: Enplegu Publikoaren Eskaintza.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
KPI: Kontsumorako Prezioen Indizea.
LPZ: Lanpostuen zerrenda.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
SPKL: 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzkoa.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak kontuan hartuta berau arautzen duen otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Urteko Lan Programa, Basauriko Udaleko 2023ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio mugatuaren txosten hau mamitu du.
HKEEk Basauriko Udaleko Kontu Orokorrerako aurretik gauzatutako fiskalizazio-lana 2016ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek hartzen ditu kontuan:
– Legezkoak: egiaztatzea ea betetzen den ezargarria den araudia, honako alor hauetan soilik: pertsonala, obren kontratazioa, hornidurak eta zerbitzuak eta inbertsio errealen besterentzea; bai eta barne-kontrolarekin lotutako alderdiak ere.
– Kontularitzakoak: aztertzea zer desbideraketa izan den Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikinaren kalkuluan baliatutako finantzaketan eta zein diren nekez kobragarri diren saldoak eta konpromiso kredituen egoera, eta zein diren planteatutako baliabideen ondorioz kontabilitateko zuzkidura-beharrak.
Gainera, barnean hartu dira prozedurazko alderdiak, kudeaketa hobetzeko azaleratu direnak «Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko irizpenak» atalean.
Basauriko udalerriak 40.413 biztanle ditu 2023ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, eta haren egituran, udalaz gain, honako erakunde hauek hartzen ditu bere barnean:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Enpresa batek auditatu ditu Udalaren Kontu Bateratuak. Sozietate publikoetan, kanpoko auditoreek egiten dute urteko kontuen auditoretza eta auditoretza operatiboa, aztertzen duena ea betetzen den ekonomiaren eta finantzaren jarduera eta legezkotasuna. Gure lana auditoretzako txostenak berrikustea izan da, eta, horretarako, egoki iritzitako proba osagarriak eta auditoretzako beste zenbait prozedura gauzatu ditugu.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 13. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, lan honen behin-behineko emaitzak 2025eko irailaren 16an helarazi zitzaizkion Basauriko Udalari, egindako fiskalizazioari dagokionez egoki iritzitako alegazioak egin eta agiriak aurkez zitzaten.
Alegazio guztiak aztertu eta baloratu dira, eta txosteneko testua ezabatu edo aldatu egin da komenigarri iritzi zaionean, eta bere horretan eutsi zaio uste izan bada ezen txostenean deskribatutako egoera berresten duten azalpenak direla, edo justifikazioekin bat ez badatoz edo adierazitako adierazpenak ez badira justifikatzen dokumentu bidez. Alegazio horiek txosten honi txertatu zaizkio.
II.– Ondorioak.
II.1.– Legea betetzeari buruzko ondorioak.
Aztertutako legezko alderdiei dagokienez, zeinak I. atalean zehaztu baitira, ez da ez-betetzerik azaleratu, salbu eta Legea betetzeari buruzko ondorioen oinarria atalean zehaztutakoak.
II.2.– Urteko kontuei buruzko ondorioak.
Aztertu ditugun kontularitzako alderdiei dagokienez (I. atalean zehaztutakoak), ez dago adierazi beharreko gorabeherarik.
III.– Ondorioen oinarria.
Gure lana egiteko, aintzakotzat hartu ditugu Fiskalizazioaren oinarrizko printzipioak eta sektore publikora egokitutako Auditoretzako nazioarteko arauak.
Arau horien ondorioz gureak diren erantzukizunak aurrerago deskribatu ditugu HKEEren Erantzukizunak atalean.
Independenteak gara Basauriko Udaleko Kontu Orokorra osatzen duten erakundeekiko, otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta fiskalizazio publikoko jarduera arautzen duen araudian eskatutakoaren arabera gure fiskalizazio-lanari aplikatzekoak zaizkion etikako eta independentzia babesteko eskakizunei jarraikiz.
Gure ustez, eskuratu dugun auditoretza-ebidentziak oinarri nahikoa eta egokia ematen du legezkotasuna betetzeari eta urteko kontuei dagokienez atera ditugun ondorioak emateko, I. atalean jasotako lanaren luze-zabalari lotuta.
III.1.– Legea betetzeari buruzko ondorioen oinarria.
1.– Kultur Etxea erakunde autonomoak -aldez aurretik Kontseilu Errektoreak adostu ondoren- Udaleko funtzionario bat kontratatu du lan-kontratudun langile finko gisa zuzendari-lanposturako, deialdi publikorik gabeko izendapen askeko prozesu baten bidez, oinarritzat hartuta txosten juridiko bat, aintzat hartu ez zuena LPZn ezarritakoa, zeinak agintzen baitu lehiaketa bidezko prozesua dela lanpostu hori betetzeko sistema.
2.– Behargintza Basauri-Etxebarri SLk pertsona bat kontratatu du aldizkako langile finko gisa, aldez aurretik lan egin zuena aldi baterako ordezkapen-kontratu bidez, nahiz eta ez bete dagokion hautaketa-prozesua, bermatuko dituena enplegu publikora sartzeko printzipioak.
3.– Ez da EBAOn argitaratu bi futbol-zelaitan soropil artifiziala hornitzeko eta instalatzeko kontratuaren lizitazioa, Udalak 492.336 euroan esleitutakoa eta erregulazio harmonizatuari lotua dagoena, eta horrek SPKLren 135. artikulua urratzen du.
4.– Autonomia Pertsonalerako Laguntza Komunitarioko eta Egoitza Laguntzako Udal Zentroa erakunde autonomoak, sukaldaritza-zerbitzurako elikadura-produktuak hornitzeko eta kalitate-kontroleko zerbitzua emateko kontratuan – 86.945 euroan esleitutakoan-, ez du aplikatu ABBAn zehaztutako formula, baizik eta beste formula bat, modu automatikoan ebalua daitekeen irizpide bat baloratzeko, eta horrek aldatu egin du hautatutako eskaintza.
IV.– Gobernu- eta zuzendaritza-organoen erantzukizuna.
Basauriko Udalaren Kontu-hartzailetzak Kontu Orokorra egiteko obligazioa du, eta korporazioko, erakunde autonomoetako, enpresa-erakunde publikoetako eta sozietateetako administrazio-kontseiluetako buruak izango dira kontu-emaileak, haien ardura baita urteko kontuek erakustea ondarearen, finantza-egoeraren, emaitzen eta aurrekontuaren exekuzioaren irudi zuzena, aplikatzekoa den informazio finantzario publikoaren arau-esparrua betez (esparru hori memorietako oharretan identifikatzen da), bai eta beharrezkotzat jotzen duten barne-kontrola ere, urteko kontuak iruzurraren edo akatsen ondorioz oker materialik gabe prestatu ahal izateko.
Udalbatzak Kontu Orokorra 2024ko uztailaren 23an onartu zuen.
Gainera, Udalaren, erakundeen eta sozietate publikoen kudeaketa-, gobernu- eta zuzendaritza-organoek bermatu behar dute ekitaldian zehar egindako jarduerak, aurrekontuko eta finantzako eragiketak eta urteko kontuetan jasotako informazioa bat datozela aplikagarriak zaizkien arauekin; berebat, egoki iritzitako barne-kontroleko sistema bat ezarri behar dute, bermatzeko gauzatutako jarduerak ez duela legezko ez-betetzerik.
V.– Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren erantzukizuna.
I. atalean adierazitako helburuei jarraiki, fiskalizazio-lan mugatua gauzatu dugu. Fiskalizazio mugatu hori gure araudi arautzailearen arabera egin dugu, fiskalizazio osoan zehar gure iritzi profesionala aplikatuta eta jarrera eszeptiko profesionala erakutsita.
Gure helburua da segurtasun mugatua izatea aztertutako kontularitzan eta egiaztatzeko legezko alderdiak bat etortzea ezargarria zaien araudiarekin, gure ondorioak jasoko dituen fiskalizazio-txosten bat egiteko helburua tarte.
VI.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan jasotzen dira da, batetik, zer akatsek ez duten nabarmen eragiten jarduera ekonomikoa eta finantzarioa arautzen duten printzipioak betetzeko orduan, eta, bestetik, zer prozedura-alderdi jartzen diren agerian kudeaketa hobetzeko.
VI.1.– Barne-kontrola.
– Udalak ez du ekintza-plana gauzatu 2020az geroztik, zehaztuko duena zer neurri hartu behar diren barne-kontroleko ondorioen laburpen-txostenean adierazitako ahuleziak, akatsak eta ez-betetzeak konpontzeko.
VI.2.– Pertsonala.
– Udalaren LPZk barnean hartzen ditu 17 lanpostu, aurrekontuan zuzkitu gabe daudenak (guztizkoaren gainean % 7), ez baita aurreikusi haiek ekitaldian zehar betetzea.
– Udalak eta erakunde autonomoek ez dute beren egoitza elektronikoan argitaratzen lanpostu-zerrendei buruzko informazio gaurkotua eta osoa.
– 2023ko abenduaren 31n, % 27 ingurukoa da Basauriko Udaleko sektore publikoko egiturazko behin-behinekotasun tasa. Data horretarako deitutako EPEak kontuan hartuta, tasa % 13ra jaitsiko litzateke. Komeni da onartutako eskaintzen deialdia egitea, egiturazko behin-behinekotasun tasak % 8tik beherakoa izaten jarrai dezan, 20/2021 Legean ezarritako helburuari jarraiki.
– Beste erakunde batzuetako lan-poltsen bidez bitarteko langileak hautatzeko Udalak dituen espedienteetan, jasota utzi behar da zer lanpostu eskaini diren lan-poltsak kudeatzeko araudian ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera egindako deialdietan, eta zer lanposturi uko egin zaion deialdi horietan.
– 2023an, Euskaltegia erakunde autonomoak 41.506 euroren produktibitate-osagarria ordaindu du, aurreko ekitaldikoa handituta gainerako ordainsarien ehuneko berean, aldez aurretik helbururik ezarri gabe. Osagarri horrek ordaindu behar ditu hala langile bakoitzak bere lanpostuan duen errendimendu berezia nola langile bakoitzaren aparteko jarduera eta interesa edo ekimena.
– Bidebi SLn dagoen goi-zuzendaritzako kontratua egokitu behar litzaioke Lan-merkatua eraberritzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legeari, enpresaburuak atzera egiteagatik ordaintzen diren kalte-ordainei dagokienez, kontratua iraungitzen zaion pertsona karrerako funtzionarioa denean.
VI.3.– Kontratazioa.
Kontsiderazio orokorrak.
– Udalak ez du ez gauzatu ez argitaratu Kontratazioko Urteko Plana, zeinak, gutxienez, barnean hartu behar baititu erregulazio harmonizatuari lotutako kontratuak. Hala ere, komeni da argitaratzea zer kontratu aurreikusten den egitea ekitaldian, gardentasun handiagoaren mesedetan eta ETEen lehia errazteko.
– Kontratatzailearen profilean ez da argitaratu zer kontratu esleitu duten Udalak eta Etxe Maitia erakunde autonomoak, baina argitara eman da zer datu duten formalizatu diren kontratu horiek.
Espedienteak.
Aztertu egin dugu 2022-2023 aldian esleitu ziren 14 kontratazio-espedienteren lagin bat, eta nola egikaritu diren aurreko ekitaldietatik datozen 2 kontratu, 2023ko ekitaldian gauzatu direnak edo eragin esanguratsua izan dutenak. Hona hemen azaleratu zaizkigun akatsak:
– Udalak ez du kontratatzailearen profilean argitaratu 5 milioi euroan esleitutako 2 obra-kontraturen justifikazio-memoria eta 3 zerbitzu-kontraturen justifikazio-memoria (1, 4, 6, 7 eta 8 zk. espedienteak).
– Berdeguneak kontserbatzeko eta mantentzeko zerbitzuen kontratuan, Udalak 2,4 milioi euroan esleitutakoan, kontratuaren memorian ez da justifikatu zer formula aplikatu zaion zerbitzu aldakorren prezioari, eta, horren ondorioz, lizitatzaile batek zero euro eskaintzen baditu, gainerako lizitatzaileek ez dute batere punturik lortuko (6 zk. espedientea).
– Udalak 3,6 milioi euroan esleitutako 4 obra-kontratutan, hornidurako kontratu batean eta zerbitzuko kontratu batean, eta Etxe Maitia erakunde autonomoak 86.945 euroan esleitutako hornidura-kontratu batean, kontratuak gauzatzeko baldintza berezietan ez dago jasota adjudikaziodunak betebeharra duela soldatak ordaintzeko, eta ez dago zigorrik ez-betetzeen kasuan (1, 2, 3, 4, 5, 9 eta 14 zk. espedienteak).
– Hona zer akats azaleratu diren ABBAetan ezarritako kaudimenarekin lotuta:
– Udalak 1,4 milioi euroan esleitutako 2 obra-kontratutan eskatzen den sailkapena txikiagoa da kontratuaren balio zenbatetsiaren arabera legokiokeena baino (2 eta 4 zk. espedienteak).
– Etxe Maitia erakunde autonomoak 86.945 euroan esleitu du sukalde-zerbitzurako elikagaiak hornitzeko eta kalitatea kontrolatzeko zerbitzuaren kontratua; kontratu horren ABBAek ez dute jasotzen nola egiaztatu behar den enpresa sortu berrien kaudimen teknikoa (14 zk. espedientea).
– Udalak 873.388 euroan esleitutako 2 obra-kontraturen ABBAek (2 eta 3 zk. espedienteak) ez dute behar bezala zehazten zer hobekuntzak egin behar den. Gainera, IMDk 626.950 euroan esleitutako zerbitzu-kontratuaren ABBAek haztapen handiagoa ematen diete balio-judizio baten mendeko balorazio-irizpideei formula bidez ebalua daitezkeen irizpideei baino, eta % 2,5etik gorako balorazioa ematen diete hobekuntzei (13 zk. espedientea).
– Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko kontratuan (10 zk. espedientea), zeina Udalak 4,8 milioi euroan esleitu baitzuen, balio-judizioari lotutako bi irizpideren balorazio-txosten teknikoak bere barnean jaso ditu alderdi batzuk, pleguetan hobekuntzatzat hartu beharko liratekeenak (egoitzetako egonaldiak, podologia-zerbitzuak, ekipo soziosanitarioaren orduak).
– EBAOn ez da argitaratu IMD erakunde autonomoak formalizatu duela 626.950 euroan esleitutako ur-jardueren eta sorospenaren zerbitzu-kontratua (13 zk. espedientea), baina argitaratu egin da kontratatzailearen profilean.
– Zerbitzua ematen hasi aurretik, Udalak ez du egiaztatu ea ABBAetan jasotako erantzukizun zibileko aseguru-polizarik zegoen 5,3 milioi euroan esleitutako 2 kontratutan (7 eta 10 zk. espedienteak) eta 1,1 milioi euroan esleitutako 2 sortako kontratuetan (6 zk. espedientea, 2. eta 3. loteak).
– Udalak 25,7 milioi euroan esleitutako 9 kontratutan, espedientean ez dago jasota ea egiaztatu den kontratua gauzatzeko baldintza berezi guztiak betetzen direla kontratua betetzeko aldian (1, 2, 3, 4, 5, 7, 8, 15 eta 16 zk. espedienteak). Kontratu horietatik bitan, Udalak 21,7 milioi euroan esleitutakoetan, jasota utzi behar da betearazpena Baldintza Teknikoen Agirien arabera egin dela, jarraipen-bilerak eta egindako ikuskapenak dokumentatuz eta baldintza-agiri horietan eskatutako txostenak eskatuz (15 eta 16 zk. espedienteak).
– Kaleak garbitzeko, hondakinak gaika biltzeko eta garraiatzeko eta hustubideak eta estolderiak garbitzeko zerbitzu-kontratuari aplikatutako prezioen berrikuspena, Udalak 17,5 milioi euroan esleitutakoa, hilekoaren guztizkoaren gainean egin da, baztertu gabe amortizazio-kostuei, gastu orokorrei eta industria-onurari dagokien zenbatekoa (15. espedientea).
– Atzerapenarekin formalizatu da Udalak 514.698 euroan esleitutako II. fasea (Pozokoetxe-Parkea-Bidea) gauzatzeko obra-kontratuaren harrera-akta, hain zuzen ere aurreikusitako amaiera-epea baino hilabete baino gehiagoko atzerapenarekin, onartutako epe-luzapenak kontuan hartuta (3 zk. espedientea).
– Foruak eta Kareaga kaleen artean igogailua jartzeko obra kontratatzeko espedientean, Udalak 1,1 milioi euroan esleitutakoan, eta elikagaiak hornitzeko obra kontratatzeko espedientean, Etxe Maitia erakunde autonomoak 86.945 euroan esleitutakoan, ez dago jasota ea egin diren esleipen-irizpide gisa baloratutako hobekuntza guztiak (4 eta 14 zk. espedienteak).
– San Miguel eta Basauri arteko metro-geltokira bidaiariak gerturatzeko garraio-zerbitzuaren kontratua izapidetzean -Udalak 456.189 euroan esleitutakoan-, ez da egin prestazio-proiekturik, zerbitzuaren kostu ekonomikoa jasoko duenik, eta ez da justifikatu zergatik ez den nahikoa erabiltzaileen desplazamendu-beharrei aurre egiteko jada zegoen zerbitzua; ez da eskuratu BFAren aldez aurreko adostasuna, ez bi zerbitzuak ustiatzeko koordinazio-planik behin-behinean onartu ere, herriko zerbitzuak herriarteko beste zerbitzu batzuekin batera ematen diren kasuetan egiten den moduan (7 zk. espedientea).
Beste batzuk.
– Erakunde autonomoek ez dituzte kontratatzailearen profilean argitara ematen kontratu txikiak.
– Behargintza SLk ez du ostatatu bere kontratatzailearen profilaren argitalpena, ez Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman, ez Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman.
– Diruzaintzako txostenek, zeinak aurreikusita baitaude Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 30/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legean, agerian utzi dute ezen Udalak 2023ko ekitaldian 1,4 milioi euro ordaindu zituela fakturatan, 60 egun baino gehiagoko epea igaro dela ordaindu zirenetik, eta ordainketa guztien % 5,3 direla.
– Bidebi SLren estatutuak egokitu egin beharko lirateke espresuki jasotzeko bitarteko propioa dela, barnean hartuta SPKLren 32.2.d) artikuluan ezarritako zehaztapenak.
Txostenaren ondorioei egindako alegazioak.
Aurretiazkoa.– Alegazioak egiten zaizkio «Legea betetzeari buruzko ondorioen oinarria» izeneko atalean jasotako ustezko ez-betetzeei -HKEEren txostenaren III.1 apartatuan dago atal hori–, txostenean adierazten den moduan, «Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko irizpenak» apartatuan bestelakoak jasotzen dira eta: batetik, ekonomia- eta finantza-jarduera zuzentzen duten printzipioak betetzeari nabarmen eragiten ez dioten hutsak, eta, bestetik, kudeaketa hobetzeko agerian jarritako prozedura-kontuak, zeinak Udalbatzak kontuan hartuko baititu.
Lehenengoa.– Kultur Etxeko zuzendari-lanpostua betetzeari dagokionez, formalki ez zen egon txosten juridikorik, HKEEk bere dokumentuan jasotzen duen zentzuan. Lege Aholkularitzak gerora 2025eko apirilaren 14ko txostenean adierazi zuenez, zuzena da HKEEk azaldutakoa, baina garai hartako jarduneko idazkari nagusiaren nahi gabeko akats baten ondorio izan zen, lanpostu hura lehenbailehen betetzeko beharrak eragindakoa. Ataka hartan, jarduneko idazkari nagusiak, erratuta, jo zuen lanpostua izendapen askekoa zela, Udalaren mendeko horrelako beste erakunderen batean den bezalaxe, eta ez zuen eragozpenik jarri lanpostua prozedura horren bitartez betetzeko: idazkaria ez zen ohartu lanpostua lehiaketa bidez bete behar zela. Gauzak horrela, proposamen bat idatzi zuen, adieraziz izendapen askeko lanpostua zela, Kontu-hartzailetzak ere aldeko fiskalizazioa egin zuen, eta, gero, proposamena Kultur Basauriko Kontseilu Errektorean aurkeztu zuten, onets zezaten.
Behin akatsa antzemanda, hura zuzendu egin da: Kontseilu Errektoreak, 2025eko uztailaren 29an, COD001 lanpostua, «Kultur Etxea erakunde autonomoko zuzendaria», sortu zuen, zeina estatutuetan aurreikusita baitago, eta zuzendaritza-postua izango da. Zuzendari zenak kargua utzi du, bere borondatez, eta martxan da lanpostu berria betetzeko prozedura: 2025eko irailaren 5eko BAOn (169. zk.) eta Gardentasunaren webgunean argitaratu zen deialdi publikoa, eta eskatutako ezaugarri eta gaitasun profesionalak zehaztu dira, meritu, gaitasun, publizitate eta lehia printzipioen eta izangaien egokitasunaren arabera (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 40. artikulua). Beraz, akats hori zuzentzeko prozesuan dago.
Bigarrena.– Txostenean Behargintzari buruz egindako oharrei dagokienez, kudeatzaileek adierazi dute ezen 2023an zehar sozietateak ez zeukala aurreikusita kontratu mugagabedun langilerik kontratatzea, eta, aitzitik, plangintzan jasota zeukatela bitarteko langile bat hartzea, administrazio-lan puntualetarako eta data zehatz batzuetan Administrazioko langileei laguntzeko. Alabaina, kontratazioa egiterakoan, legeetan izandako aldaketak tarteko, ohartu ziren ez zela egokia aldi baterako lan-kontratuak egitea: aldizkako lan-kontratu finkoa egin behar zen.
Kudeatzaileei ohartarazi diegu aurrera eramandako prozedura ez dela izan zuzena, eta Behargintzak bermatu digu beharrezko neurriak hartuko dituztela, ez dadin berriro horrelakorik gertatu.
Hirugarrena.– Txostenean jasotzen da EBAOn ez dela argitaratu udal futbol-zelai bietarako belar artifiziala hornitzeko eta hura instalatzeko kontratuaren lizitazioa. Bada, nahi gabeko akatsa izan da, eta, gainera, gure ustez, ez du eragin nabarmenik izan Udalaren ekonomia- eta finantza-jarduera zuzentzen duten printzipioen betetzean, lizitazioak ohiko publizitatea jaso du eta.
Laugarrena.– Bestalde, HKEEk jo du administrazio-klausulen agirian honako formula hau jaso dela: (Baremazioa * epe laburrena) / aztertu beharreko eskaintzaren epea.
Aldiz, 2022ko azaroaren 24ko aktan (4. zk.) jasotzen denez, Kontratazio Mahaiko kideek hornitzailearen «erantzun-epe laburrena» aipatzen dutenean, zera esan nahi dute: 0,01 frakzioa, 6 minutu, jotzen dutelako horixe dela erantzun-epe laburrena (ezinezkoa da-eta frakzio hori «0» izatea). Hortik eratortzen dira aktan bertan jasotako puntuazioak.
RSS