
9. zk., 2026ko urtarrilaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (138 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
158
824/2025 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Barakaldo-Sestaoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Bloke Kirurgikoko Erizaintza Unitateko gainbegirale lanpostu bat izendapen askez hornitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barakaldo-Sestaoko ESIan.
Barakaldo-Sestaoko ESIko Bloke Kirurgikoko Erizaintza Unitateko gainbegiralearen lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko betekizunak.
Deialdi honetan parte hartu dezakete baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Estatutupeko, funtzionario edo langile lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.
b) B1 lanbide-taldeko titulua edukitzea.
c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.
d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betekizunak.
2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.
– Unitatearen antolakuntza- eta kudeaketa-memoria egitea.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea erizaintzako unitateen kudeaketan.
– Taldeak eta prozesuak antolatzen eta kudeatzen esperientzia edota prestakuntza izatea.
– Bloke Kirurgikoko Ataletan edota kirurgia osteko pazienteen arloan esperientzia izatea.
– Baliabide materialen kudeaketan esperientzia edota prestakuntza izatea.
– Ofimatikako eta lanpostuari lotutako Osakidetzaren aplikazio informatikoetako ezagutzak (Osabide Global, Osanaia, SAP...).
Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkez daiteke.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barakaldo-Sestaoko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Antonio Miranda etorbidea 5, 48902 Barakaldo). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.
Interesdunek Barakaldo-Sestaoko Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Antonio Miranda etorbidea 5, 48902 Barakaldo), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.
Dokumentazioak honelakoa izan behar du:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.
– Unitateko memoria.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden edukiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
5.– Balorazio batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango zaie.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, zerrendatuko dira aurkeztutako izangaiak, gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
6.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu barik dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barakaldo-Sestaoko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, non eta bertan besterik xedatzen ez den.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Barakaldo, 2025eko abenduaren 15a.
Barakaldo-Sestaoko ESIko zuzendari-gerentea,
ENEKO GUTIÉRREZ COTERÓN.
RSS