Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2026ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4913

EBAZPENA, 2026ko urriaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Lemoako udalerrian (Bizkaia), Padura Generación S.L. enpresak sustatutako baterietan energia biltegiratzeko (BESS) «Bedia» proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena.

AURREKARIAK

2026ko uztailaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean osatu zuen Lemoako udalerrian (Bizkaia) baterietan energia biltegiratzeko (BESS) «Bedia» proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren hasiera. Proiektu hori Padura Generación S.L.k sustatu zuen. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatzeko, 2026ko irailaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioaren prozedurari lotu behar zaizkio, nahitaez, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzaketen planak, programak eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 4. taldeko n) epigrafean deskribatutakoarekin bat datorrelako: Stand-alone motako biltegiratze energetikoa, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lemoako udalerrian (Bizkaia), Padura Generación S.L. enpresak sustatutako baterietan energia biltegiratzeko (BESS) «Bedia» proiektua dela eta, ingurumen-inpaktuaren txosten hau formulatzea:

A) Proiektuaren xedea da energia elektrikoa bateria bidez biltegiratzea, 2 MW-ko potentzia izendatuarekin, eta instalazioa konektatzea, 3,8 m-ko luzera duen erdi-tentsioko lurpeko linea elektriko baten bidez. Linea horrek babes- eta neurketa-zentroa proiektatutako sekzionamendu-zentroarekin lotuko du, dagoen sare elektrikoan integratzea ahalbidetuz.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Lemoako udalerrian (Bizkaia), baterietan energia biltegiratzeko (BESS) «Bedia» proiekturako (hemendik aurrera, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da 2 MW-ko potentzia izendatua eta 8,35 MWh-ko edukiera izango dituen biltegiratze elektrokimikoko sistema bat ezartzea eta 3,8 m-ko luzera eta 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linea baten (aurrerantzean, ETLL) bidez konektatzea. Linea horrek babes eta neurketako transformazio-zentroa (aurrerantzean, BNTZ) sekzionamendu-zentroarekin (aurrerantzean, SZ) lotuko du, dagoen sare elektrikoan integratuz.

SZa eta hura 1. linearekin – Bedia-Amorebieta – 13,2 kV-ko CTO-1arekin konektatzen duen interkonexio-linea bikoitza ez dira ebaluatutako proiektuaren parte. Ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, aipatutako linea horretarako konexioak linearen euskarria egokitzea/ordeztea dakar (konexio-puntua).

Padura Generación S.L.k sustatutako instalazioak I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.ren sarbide- eta konexio-baimenak ditu.

2007ko urtarrilaren 17an behin betiko onartutako Lemoako Arau Subsidiarioen arabera, instalazioa hiri-lurzoru finkatuan dago (jarduera ekonomikoak). Hala BESSa nola ETLLa Lemoako 1001 poligonoko 5004 lurzatian daude, zeinak 3.579,11 m2-ko azalera baitu. Instalazioak aipatutako lurzatiaren 256,13 m2 hartzen ditu, 64,38 metroko perimetro-hesia du, eta Arau Subsidiarioek N-240 errepiderako (12 m) eta Ibaizabal ibairako (25 m) ezarritako lerrokadurak errespetatzen ditu.

Honako elementu hauek ditu biltegiratze-sistemak:

– Guztira, 8,35 MWh-ko ahalmen instalatua duten baterien 20 rack.

– SC210HX motako 10 inbertsore bidirekzional (200 kVA-ra mugatuta), guztira 2.000 kVA-ko potentzia izendatua batuz.

– Biltegiratze-estazioko zerbitzu osagarriak, operazio jarraitua modu seguruan egin ahal izateko.

LFP (litio-ferrofosfatoa) motako ion-litiozko bateriak edukiontzien barruko rack-etan instalatuko dira, eta horietan tenperatura kontrolatzeko sistema bat, aireztapen-sistema bat eta suteak itzaltzeko sistema automatiko bat egongo dira.

Bateriez gain, instalazioak potentzia bihurtzeko sistema bat (aurrerantzean, PBS) izango du, eta gailu horrek bateriak kontrolatuko ditu, beharrezkoa denean kargatzeko/deskargatzeko, korrontea zuzenduz/alderantzikatuz sareko korronte alternoko seinalera egokitzeko, sare horri konektatuta baitago, tentsioa eskatutako baliora igotzen duen transformadorearen bidez. Sistemak babes-sistemak ditu (gainberotzea, zirkuitulaburra, presioa arintzea eta suarekiko erresistentzia). Era berean, bateria-sistemak eta PBSak hozte likido integrala dute.

Sistemak prebentzio-neurriak eta babes-neurriak ditu sute-arriskua minimizatzeko eta instalazioen segurtasuna bermatzeko (alarma automatikoa, gas sukoiaren detektagailua, larrialdietako aireztapena, suteak itzaltzeko sistema eta presioa arintzeko portua). Gainera, proiektuak suteen aurkako plan bat jasotzen du.

BNTZa hormigoizko etxola prefabrikatu batean instalatuko da, eta barruan erdi-tentsioko eta behe-tentsioko tresneria izango du. BNTZaren aireztapena fabrikako sareta kalkulatu eta doituen bidez egingo da, zentroaren ezaugarrien arabera. Instalatu nahi diren transformadoreek 50 litrotik gorako olio-bolumena duen dielektrikoa dute; erabilitako likido dielektrikoak 300 şC-tik gorako errekuntza-puntua izango du, eta, ondorioz, gutxienez 89B eraginkortasuneko itzalgailu bat egongo da, irisgarritasun errazekoa. Gainera, aipatutako likidoaren balizko isuriak biltzeko sistema bat egongo da, kanpora irten ez daitezen.

Aurkeztutako planoen arabera, BNTZa eta SZa lotzen dituen ETLLa hartuko duen zanga 60 cm-ko zabalerakoa eta 1 m-ko sakonerakoa izango da. Lineak baditu arlo horretan indarrean dagoen araudiak ezarritako babesak.

Proiektuak zehazten ditu sarera konektatutako biltegiratze-instalazioen mantentze prebentibo eta zuzentzaile egokirako gutxieneko baldintza orokorrak.

Obrek 7 asteko iraupena izango dute, eta, aurreikuspenen arabera, 9,75 m3-ko lur-soberakinak sortuko dira.

Obran sortutako eraikuntza- eta eraisketa-hondakinak (EEH) behar bezala kudeatzeko, honako instalazio hauek aurreikusten dira horiek biltegiratzeko eta maneiatzeko:

– Eraikuntza- eta eraispen- hondakin (EEH) mota desberdinen metaketak edo edukiontziak (harrizkoak, plastikoak...).

– Hormigoizko kanaletak/kubetak garbitzeko eremuak edo edukiontzia.

– Hiri-hondakinetarako edukiontziak.

Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak baztertu egiten du zero aukera, hau da, proiektua ez egitea, kontuan hartuta proiektatutako biltegiratze-sistemaren funtzionaltasuna eta erabilgarritasuna, trantsizio energetikoari egiten dion ekarpena eta azterketa-eremuaren barruan ezartzeko dauden alternatiba bideragarriak.

Ion-litiozko (NMC (nikel-manganeso-kobaltoa) eta LFP (litio-ferrofosfatoa) baterietan oinarritutako teknologien araberako alternatibak baloratzen dira; LFP teknologia jotzen da egokientzat, hainbat alderdi baloratu ondoren, hala nola segurtasuna, fidagarritasuna, iraunkortasuna, eraginkortasuna eta ingurumen-portaera.

BESSaren kokapenari dagokionez, hiru alternatiba baloratu dira, guztiak konexio-puntutik hurbil.

Planteatutako hiru alternatiben irizpide anitzeko azterketaren ondoren, 1. alternatiba hautatu da, zeinak ingurumen-baldintzatzaile nagusi gisa aurkezten baitu 500 urteko errepikatze-denborari dagokion uholde-arriskuko eremuaren barruan kokatzea, eta ondorioztatu da inguruabar hori konpentsatuta geratzen dela aldez aurretik eraldatutako eta industria-ingurune finkatu batean integratutako hiri-lurzoruan ezartzeagatik, gainerako alternatibetan dauden larreak eta natura-inguruneko beste elementu batzuk okupatzea saihestuz.

BNTZaren eta SZaren arteko konexio-lineari dagokionez, elementu horien arteko distantzia oso txikia denez, eta ibilbide osoa dagoeneko eraldatuta dagoen ingurune batetik igarotzen denez, ez da trazadura-alternatiba arrazoizkorik identifikatu, eta, beraz, bi alternatiba aurkezten dira eraikuntza-konponbiderako: airekoa (ETAL) edo lurpekoa (ETLL). Bi alternatibek 3,8 metroko luzera dute. Ondorioztatzen da bi alternatibek ingurumen-eragin oso txikia dutela, trazaduraren garrantzi txikiagatik eta eremua aldez aurretik eraldatuta egoteagatik, baina lurpeko aukera hobea da ingurumenaren aldetik; izan ere, ageriko aireko elementu berriak sartzea saihesten du, proiektuaren paisaia-integrazioa hobetuz, abifaunarekin izan daitekeen edozein interakzio ezabatzen du eta azpiegiturak kanpoko eragileen aurrean duen esposizioa murrizten du.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Bedia BESSa eta haren ebakuazio-linea Lemoako udalerrian daude, zehazki Mendieta auzoko hiri-lurzoru industrialean.

Proiektua Ibaizabal unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren erkidego arteko eremuan. Instalazioak «Ibaizabal IV» (ES068MAR002850) ur-masaren isuri-arroan daude; zehazki, Ibaizabal ibaiaren eskuinaldean, jabari publiko hidraulikotik 24 metrora, eta, beraz, haren polizia-eremuan.

EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eremuaren hegoaldean dagoen Ibaizabal ibaiaren zatia, osagai hidraulikoaren arabera, IV. mailakoa da (200 < A = 400 km2). Hirigintza-osagaiaren arabera, eremu garatuetako ertzetan dago, eta, ingurumen-osagaiaren arabera, ertzak lehengoratzeko beharra dago.

Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Hegoaldeko Antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006), zeinaren egoera orokorra «ona» baitzen, bai 2022. urterako, bai 2018-2022 aldirako.

Eremua guztiz antropizatuta dago, eta, beraz, dagoen landaredi bakarra lurzatiaren ertzean dago, non landaredi erruderal edo nitrofiloa baita nagusi, eta tximeleta-zuhaixken (Buddleja davidii) espezie inbaditzailearen aleak identifikatu dira.

Bisoi europarraren Bizkaiko Lurralde Historikoko Kudeaketa Planaren arabera, instalazioaren hegoaldetik doan Ibaizabaleko tartea «hobetu beharreko tartea» da (118/2006 Foru Dekretua, Bizkaiko Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa, Bisoi Europarraren, Mustela lutreola -Linnaeus, 1761- Kudeaketa Plana onesten duena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik).

Instalazioa ez dago EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren eremuetan, ezta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremuetan ere. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA).

Eremuan ez dago Natura 2000 Sareko natura-ondarearen eremu babesturik, ezta nazioarteko tresnak aplikatuz babestutako eremurik ere. LAGen azpiegitura berdeari dagokionez, Ibaizabal ibaia bilbe urdinaren parte da.

Paisaiari dagokionez, aztergai dugun eremua «Atlantikoko ibar-hondoak. Ibaizabal ibaia UP3.2» paisaia-unitatean dago, zeina Arratiako Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan jasotzen baita. Paisaiaren Intereseko Eremuei dagokienez, Ibaizabal ibaiaren tarte hori kategoria honetan sartzen da: «PIBE 2.1. Ur-paisaia. Ondo kontserbatutako ibaiertzak». Mendieta auzoa 4.2 PIBEaren barruan dago, «Hiriko eta hiri-inguruko jarraitutasuna». EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Inbentarioari dagokionez (Eusko Jaurlaritza, 2005), instalazioa Arraibiko ikus-arroan dago, paisaia-balorazio oso txikia du, eta ez dago Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan.

Geoeuskadiren informazioaren arabera, proiektuaren eremuak ez die eragiten ondare arkeologikoko eta arkitektonikoko ondasunei.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, instalazioa 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago, baina ez dator bat Uholde Arrisku Handiko Eremuekin (UAHE).

BESSaren kokalekua sartuta dago kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (48055-00015 kodea/Industria motakoa).

Eremutik gertu N-240 errepidea dago; oso arrisku txikia du salgai arriskutsuen garraioaren ondorioz, eta instalazioa 100 metroko afekzio-bandan dago.

Proiektuaren eremuak ez du sismikotasunari (V. eremua), baso-suteei eta lurzoruaren higadurari lotutako arrisku handirik. Akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna txikia da, interes hidrogeologikoko eremu batean egon arren. Arrisku kimikorik ere ez du (Seveso enpresa).

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Ondorio nagusiak obra-faseari lotutakoak izango dira, zehazki lur-mugimenduek (zangak irekitzea), makinen joan-etorriek, zimenduek, materialen pilaketak, instalazioek okupatutako azaleraren zoladurak eta perimetro-hesiaren instalazioak eragindakoak. Jarduketa horietatik inpaktu potentzialak eratorriko dira, hala nola zarata, partikula esekien emisioa, lurzoruan edo uretan noizbehinkako isurketak egiteko arriskua eta hondakinen sorrera. Nolanahi ere, aldi baterako inpaktuak, itzulgarriak eta, obren ezaugarriak kontuan hartuta, garrantzi txikikoak izango dira, betiere dagozkion prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatzen badira.

Kontuan izan behar da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (48055-00015 industria-tipologia) jasotako kokaleku baten gainean dagoela oso-osorik instalazioa, eta, beraz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

Eragin txikia izango da lurzorua okupatzearen eta landaredia kentzearen ondorioz, eta faunaren gaineko eragina ere txikia da, jadanik jarduera baterako erabiltzen den hiri-lurzoru artifizializatua delako. Proiektuaren eremuan landare-espezie exotiko inbaditzaileak daudenez, baliteke obren ondorioz espezie horiek sakabanatzea edo hedatzea.

Soberakinen bolumena 9,75 m3-koa dela kalkulatzen da, eta, beraz, horiek sortutako inpaktua ere txikitzat jotzen da, baldin eta behar bezala kudeatzen badira.

Instalazioa Ibaizabal ibaiaren polizia-eremuan dagoenez, proiektatutako jarduketetarako beharrezkoa izango da arroko organismoaren aldez aurreko administrazio-baimena lortzea. Gainera, instalazioa 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremu batean dago, eta, beraz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudia bete beharko da.

Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak bateriak biltegiratzeko plantaren presentziatik eta instalazioen mantentze-lanetatik eratorritakoak izango dira. Horrek inpaktu akustikoa eta paisajistikoa ekarriko du, jarduera antropikoa areagotuko du, hondakinak sortuko ditu, eta eremu elektromagnetikoak egongo dira; era berean, kontuan hartu behar da bateria-ekipoak haustearen edo ordeztearen ondoriozko arrisku potentziala.

Kontuan hartuta BNTZaren eta SZaren arteko konexio-linea lurpekoa izango dela, hegazti-faunaren gaineko inpaktuak baztertzen dira, ez baita talka-arriskurik egongo.

Eragindako eremuaren ezaugarriak eta instalazioaren perimetroan landare-pantaila bat jartzeko proposamena kontuan hartuta, paisaiaren kalitatearen gaineko eragina ez da esanguratsutzat jotzen.

Bestalde, ingurumen-dokumentuak adierazten du instalazioak sortutako zarata-mailak gutxi gorabehera 75 dezibelekoak (dB) izango direla. Zarata hori kanporantz ez hedatzeko, pantaila akustikoak jarriko dira instalazioaren perimetroan zehar (sartuta daude proiektuaren aurrekontuan).

BESS instalazio bati lotutako arrisku nagusietako bat istripuzko suteak direnez, suteen aurkako sistema bat ezarriko da.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Lemoako udalerrian (Bizkaia), Padura Generación S.L. enpresak sustatutako baterietan energia biltegiratzeko (BESS) «Bedia» proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

Jarduketa-esparrua mugatzea.

– Obrak, jarduketa osagarriak, sarbideak, pilaketak, instalazioak, maniobrak eta makina-zirkulazioak ezinbestekoa den gutxieneko azaleran eta proiektuan definitutako mugetan egingo dira bakarrik. Ez da posible izango kanpo-eraginik sortzea obraren zuzendaritzak baimenik eman gabe eta, hala badagokio, zuzenketa- eta ordezkapen-neurriak aplikatuko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Kontrol-neurriak hartuko dira hautemandako landare-espezie exotiko inbaditzaileak ezabatzeko eta ez hedatzeko.

Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

Jabari publiko hidraulikoa (JPH) eta haren babes-eremuak babestera bideratutako neurriak.

– Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.

– Ez dago baimenduta ingurune hidrikoa kutsa dezaketen substantziak zuzenean edo zeharka isurtzea, ez jabari publiko hidraulikora, ez lurrera, Uraren Euskal Agentziak kudeatutako Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimenik gabe.

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Ildo horretan, proiektuak neurriak zehaztuko ditu bateria-ekipoak ordeztean edo horiek hausten badira gerta daitezkeen istripuen ondorioz urak eta lurzoruak kutsatzeko arriskua minimizatzeko.

Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak.

Organo eskudunak nahitaezko obra-baimenaren esparruan ezartzen duenari kalterik egin gabe, honako hau bete beharko da:

– Indarrean dagoen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiaren 39.1 artikuluaren arabera, instalazio berriek ez dute eragingo ondasunen eta pertsonen segurtasunaren kalteberatasuna handitzea uholdeen aurrean, eta ez dute eragingo ingurunearen uholde-arriskua nabarmen handitzea, Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko obra-baimenak xedatutakoari kalterik egin gabe.

– Halaber, Plan Hidrologikoaren araudiaren 37.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, urak har dezakeen gunean ez da inolako hondakinik pilatuko. Era berean, ez dira baimenduko uholde-arriskua nabarmen handitzen duten betelanak.

Urak eta lurzoruak kutsaduratik babesteko neurriak.

– Oro har, eraikitzeko fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera; horrez gain, uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatu beharko da, eta beharrezkoak diren euste-sistemak ezarri beharko dira.

– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa izan beharko da, ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

– Beharrezkoa izanez gero, kutsatutako urak jaso eta tratatzeko gailuak instalatuko dira, eta dimentsio zuzenak izango dituzte solidoei eusten dietela bermatzeko. Debekatuta dago obran ateratzeko urak aldez aurretik tratatu gabe isurtzea eta hormigoi-makinak garbitzea; sortutako urak putzuetan tratatu beharko dira.

– Obrako instalazio osagarriak lanak amaitu ondoren kenduko dira.

Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.

– Baterien bidez energia metatzeko instalazioak bete egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan ezarritako zarata-foku akustiko berriei aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak, eta kontuan hartuko ditu, hala badagokio, aipatutako 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2. zatiko osagai tonalei (Kt) eta maiztasun txikikoei (Kf) dagozkien zuzenketak.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

– Garatu nahi den jarduera lurzorua kutsatu dezakeen jarduera gisa jasota dago (CNAE-2009, 35.12 Energia elektrikoa garraiatzea. Azpiestazio elektrikoak eta potentzia-transformadoreak edo erreaktantziak). Horrenbestez, sustatzaileak, egiaztatutako erakundearen partetik. 4/2015 Legean eskatzen den lurzoruaren egoera-txostena idatzi eta izapidetu beharko du (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa).

– Proiektuak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruei eragiten die (kod.: 48055-00015); ondorioz, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedurari hasiera eman beharko zaio, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada eta lege horren 24. edo 25. artikuluan araututako salbuespen-kasuren bat gertatzen ez bada. Horretarako, gauzatu beharreko lurzoruaren kalitatearen ikerketaren emaitzak aurkeztu beharko dira.

– Prozedura hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak lurzoruaren kalitatearen deklarazioa eginez amaituko da.

– Lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko entitateak egiaztatzeko sistema ezartzen duen urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera egiaztatutako entitateek egin beharko dituzte lurzoruaren kalitatearen ikerketak, eta ikerketa horien irismena eta edukia Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan kontsultatu ahal izango dute.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo eskudunari emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.

– Funtzionamendu fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babes-neurri sanitarioak ezartzen dituen erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketa horiek saihesteko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (A–EBA) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko ontziak edo bilgarriak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua beteko dira. Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Energia-efizientziara bideratutako neurriak.

– Kanpo-argiteria bakarrik ezinbesteko puntuetan instalatuko da. Kasu horietan, erabilera mugatzeko gailuak erabili beharko dira (mugimendu-sentsoreak, kamerak eta abar).

– Instalatutako argi-puntuak eta argi-mailak bereziki errespetuzkoak izan beharko dira, inguruan kalterik ez sortzeko eta gehieneko babesa duten eremuetara edo hargailu sentikorretatik hurbil dauden zonetara argi arrotzik ez sartzeko.

Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak.

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak igarotzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

Suteen aurkako babeserako neurriak.

– Instalazioak ur-hargunea izan beharko luke, ur-hargune edo sistema baliokide bat instalatu ahal izateko, bai eta suteetatik babesteko nahitaezkoak diren neurri aktibo guztiak ere.

Garbitzea eta obra amaitzea.

– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Jarduera uztea.

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira instalazioak desmuntatzeko lanetarako; hain zuzen, eraikitze-lanetarako ezarritakoen antzekoak izango dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu beharko dira.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten Lemoako udalerrian (Bizkaia), Padura Generación S.L. enpresak sustatutako baterietan energia biltegiratzeko (BESS) «Bedia» proiektua egikaritzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau indargabetu egingo da, eta ez du ondoriorik izango, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo lau urteko epean ez bada proiektua egikaritzen hasi.

Horretarako, ulertuko da proiektua egikaritzen hasi dela baldin eta, beharrezko baimen guztiak lortu ostean, proiektua egikaritzeko behar diren obrak egiten edo instalazioak muntatzen hasi baldin badira.

Ingurumen-organoak ez du berariazko ebazpenik eman beharko ingurumen-inpaktuaren txostenaren indarraldia galdu dela adierazteko.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 30a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala