Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2026ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4911

AGINDUA, 2026ko urriaren 9koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

2023ko uztailaren 19an, orduko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sartu zen Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera. Aldatzen den testua Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2015eko maiatzaren 5eko Aginduaren bidez onartutakoa da. Agindu horren bidez, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen da, eta agindu horren eranskin gisa argitaratu zen 2015eko abuztuaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (158. zk.).

Estatutuak aldatzeko erabakia 2023ko ekainaren 29an onartu zen, elkargo horretako Gobernu Batzordearen ezohiko batzarrean, organo horretako idazkariak emandako ziurtagirian jasota dagoen bezala.

Elkargoak ordezkatzen duen lanbidearen arloko eskumena duen Osasun Saileko nahitaezko txostena jaso zen. Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzari txostena eskatu eta eman zitzaion.

2026ko urtarrilaren 28an txostenak elkargoari jakinarazi zitzaizkion. Elkargoak espedientea aurrera jarraitzea eskatu du hasierako testuan aldaketarik egin gabe.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkideagoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, Tituludun Lanbideen, Profesionalen Elkargoen eta Profesionalen Kontseiluen Erregistroaren Erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikuluan eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 11.1.m) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Tituludun Lanbideei eta Profesionalen elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33 artikuluan eta otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Horregatik guztiagatik, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala izeneko elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa onartzea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Aldatutako estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, agindu honen eranskin gisa, eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak eta haren aurka, amaiera ematen baitio administrazio-bideari, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 9a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

ERANSKINA
EUSKADIKO BIOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
ELKARGOAREN IZAERA, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK

1. artikulua.– Izaera juridikoa.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, Konstituzioaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala sortzen duen uztailaren 8ko 167/1997 Dekretuaren babesean eratzen dena eta barne-egitura demokratikoa duena. Ez du loturarik Administraziorekin, eta ez dago haren barruan, harekin legez izan behar dituen zuzenbide publikoko harremanak gorabehera.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak berezko nortasun juridikoa du, eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa. Horregatik, indarrean dauden legeen arabera, honako hauek egin ditzake Biologoen Elkargo Ofizialak bere helburuak betetzeko: edozein motatako ondasun eta eskubideak erosi, saldu, besterendu, eduki, erreibindikatu, trukatu eta kargatzea; kontratuak egitea; bere burua obligatu eta akzioak egikaritzea; eta bide eta jurisdikzio guztietan errekurtsoak aurkeztea.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren helburua da lanbidea eta elkargokideen interes profesionalak ordezkatzea eta defendatzea, gizartearen interes eta behar orokorrekin bat etorriz Haren eskumenek eta jarduerek ez dute mugatuko jarduera sindikala.

2. artikulua.– Kontseilu Profesionalaren eskumenak eta eginkizunak hartzea.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 41.4 artikuluari jarraituz, bere gain hartzen ditu kontseilu profesional gisa ematen zaizkion eta 18/1997 Legearen beraren 42. eta 43. artikuluetan adierazten diren eskumen eta eginkizun guztiak, helburutzat duela biologoaren lanbidea ahalik eta ondoen defendatzea eta haren ordezkaritza gorena izatea, gizartearen interes eta behar orokorrekin bat etorriz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialari dagokio Biologoen Elkargo Ofizialen Estatuko Kontseilu Nagusiak Espainiako Estatuaren eremurako une bakoitzean esleituak dituen eginkizunak betetzea. Hori kontuan izan beharko da bi entitateen artean kuotak, erantzukizun ekonomikoak edo bestelakoak daudenerako.

3. artikulua.– Administrazioarekiko eta beste entitate batzuekiko harremanak.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak sail eskudunaren bitartez izango du harremana Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin; horrek ez du esan nahi gaiak hala eskatzen duenean beste edozein sailen bitartez harremanik izango ez duenik.

Akordioen bidezkoak izango dira, berriz, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak lanbide berekoak eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak diren beste entitate, elkargo edo kontseiluekin dituen harremanak.

4. artikulua.– Lurralde-eremua.

Haren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoarena da. Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Bilbon izango du egoitza nagusia (Rekalde zumar kalea 27, 8. solairua, 4. departamentua), baina Gobernu Batzordeak edozein aldaketa egiteko aukera izango du, Bilbao barruan betiere, eta bulegoak ezarri ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde historikoetan.

5. artikulua.– Helburuak.

Elkargoak funtsezko eta oinarrizko helburu hauek ditu:

1.– Biologo-lanbidearen forma eta espezialitate guztiak antolatzea bere eskumenen esparruan eta legeek agintzen duten eran.

2.– Lanbide honen ordezkaritza esklusiboa izatea, indarrean dagoen legediaren arabera.

3.– Elkargokideen interes profesionalak defendatzea, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoek funtzionario-harremanagatik dituzten eskumenak eta sindikatuek eta patronalek beren eginkizunen eremu espezifikoan dituztenak.

4.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea elkargokideek ematen dituzten zerbitzuetan.

5.– Biologo-lanbidearen printzipio deontologikoak eta etikoak eta haren duintasuna eta ospea sustatzea, babestea eta gordetzea.

6.– Biologiaren aurrerabidea, lanbidearen garapen zientifiko eta teknikoa, elkartasun profesionala eta lanbideak gizarteari ematen dion zerbitzua sustatzea eta bultzatzea.

7.– Botere publikoei laguntzea Konstituzioak aitortzen dituen eskubide indibidual eta kolektiboak lortzen.

6. artikulua.– Eginkizunak.

Bere helburuak lortzeko, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak eginkizun hauek beteko ditu:

1.– Elkargokideei lanbidean jardutea erraztea.

2.– Lanbidea eta hala eskatzen duten elkargokideak ordezkatzea eta defendatzea Administrazioan, erakundeetan, auzitegietan, entitateetan eta partikularren aurrean, interes profesionalei eragiten dieten auzi guztietan alderdietako bat izateko legitimatuta, haien lanek eragindako eskubideen eta ordainsarien alde egiteko, bai eta legearen arabera eskaera-eskubidea erabiltzea ere.

3.– Administrazio publikoetako kontseiluetan edo kontsulta-organismoetan parte hartzea bere arlo profesionaleko gaietan, haien arauek horretarako aukera ematen dutenean, eta ordezkaritza izatea parte-hartze sozialerako dauden organoetan.

4.– Gai judizialetan aditu gisa esku hartzeko deia jaso dezaketen elkargokideen zerrenda eskuratzea justizia-auzitegiei.

5.– Administrazioak agintzen dizkion eginkizun guztiak betetzea, bai eta harekin lankidetzan aritzea ere, azterlanak eginez, txostenak eginez, estatistikak sortuz, eta bere helburuekin zerikusia duten beste jarduera batzuk eginez, hala eskatzen bazaio edo bere ekimenez hala egitea erabakitzen badu.

6.– Berari dagokion esparruan, eta legeekin bat etorriz, elkargokideen jarduera profesionala antolatzea, etika eta duintasun profesionala zainduz eta partikularren eskubideak behar bezala errespetatzen direla zainduz eta, ahal bada, diziplina-ahalmena erabiliz lanbidearen eta elkargoaren arloan.

7.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak behar den bezala babestea elkargokideek ematen dituzten zerbitzuetan.

8.– Oniritzia ematea biologiako profesionalek lanbidean dihardutela egindako proiektuei borondatez hala eskatzen bada, txostenei, irizpenei, balorazioei, peritu-txostenei eta gainerako lanei, eta gobernu-organoek eginkizun horretarako onartzen dituzten ziurtagiri ofizialen inprimakiak editatu eta banatzea, hori guztia bat etorriz indarrean dagoen legediarekin.

9.– Adiskidetzearen, bitartekaritzaren edo arbitrajelarien bidez esku hartzea arrazoi profesionalengatik elkargokideen artean sortzen diren auzietan, eta, oro har, haien arteko harmonia, lankidetza eta elkartasuna lortzen saiatzea eta lanbidean lehia desleiala eragozten saiatzea.

10.– Laudo bidez ebaztea, alderdi interesdunek eskatuta, elkargokideek lanbidean egindako lanek dakartzaten betebeharrak betetzeari buruz sortzen diren desadostasunak.

11.– Biologiako profesionalei eta lanbidearen jardunari eragiten dieten intrusismo profesionaleko kasu guztiak Administrazioari salatzea, baita auzitara eramatea ere.

12.– Informazio-zerbitzu aktibo eta eraginkor bat izatea biologoek bete beharreko lanpostuei buruz, lan-jardunean eraginkorragoak izan daitezen.

13.– Lanbide-jardunaren baldintza orokorrei buruzko lege-proiektuen eta bestelako xedapenen gaineko txostenak egitea, barnean direla eskatutako titulazioari edo bateraezintasunei buruzko lege-proiektuak eta bestelako xedapenak.

14.– Zerbitzu-sari profesionalak eztabaidatzen diren prozedura judizialetan edo, hala badagokio, administratiboetan txostenak egitea, eta, hala badagokio, kostuak tasatzeko soilik ezarritako irizpideei buruz.

15.– Elkargoaren antolaketa eraginkorra dela bermatzea, indarrean dauden legeen araberako parekotasun-irizpideak betez, atal espezializatuen funtzionamendua bultzatuz eta prestakuntza, kultura, administrazio, laguntza eta aurreikuspen-arloetan elkargoaren eta lanbidearen intereseko jarduera eta zerbitzu komunak sustatuz. Horretarako, beste elkargo profesional batzuekin eta legez eratutako beste entitate batzuekin elkarlanean aritzea erabaki daiteke.

16.– Elkargoaren ekonomia administratzea, kargak ekitatez banatuz, beharrezkoak diren ekarpen-kuotak finkatuz, bilduz, zainduz eta aurrekontuaren eta beharren arabera banatuz, kontabilitate argi eta zorrotza eginez, balantze ekonomikoa kanpoko zinpeko kontu-auditoreen mende jarriz; eta hori guztia elkargo profesionalak egin beharreko urteko memorian islatu behar da.

17.– Ikastaroak antolatzea elkargoko kideei eta biologian interesa duten beste profesional batzuei ere etengabeko prestakuntza emateko lanbiderako.

18.– Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste lurralde-eremu batzuetako biologoen arteko harremanak sustatzea eta lanbidea ordezkatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

19.– Lege orokorrak eta bereziak, lanbide-estatutuak eta barne-araubideak eta gobernu-organoek beren eskumeneko gaien gainean onartzen dituzten arauak eta erabakiak betetzea eta elkargoko kideei betearaztea.

20.– Indarrean dauden legezko xedapenek esleitzen dizkioten eta elkargokideen edo lanbidearen interes profesionalen mesederako diren beste eginkizun guztiak.

II. KAPITULUA
ELKARGOKIDE IZAERA HARTZEA, UKATZEA ETA GALTZEA

7. artikulua.– Elkargokideak.

1.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko edozein estatutako herritarrak bilduko ditu, bai eta beste atzerritarrak ere, baldin eta, legez ezarritako moduen bidez, Biologiako graduko edo lizentziako goi-mailako unibertsitate-titulu ofizial bat dutela egiaztatzen badute, edo titulu horrekin homologatzen diren titulu ofizialak dituztela egiaztatzen badute irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera (irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretua tituluak Unibertsitateko Titulu Ofizialen Katalogokoekin homologatzeari buruzkoa da, eta katalogo hori, berriz, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren bidez sortu zen). Era berean, elkargoko kide izan daitezke aipatu berri diren biologiaren ezagutza-eremuko tituluen banakatzetik datozen goi-mailako unibertsitate-titulu ofizialen bat duten pertsonak. Elkargokide izan daitezke, halaber, atzerriko unibertsitate batek emandako goi-mailako unibertsitate-titulu ofizial bat dutela egiaztatzen dutenak, baldin eta hezkuntza-agintaritza eskudunek atzerriko unibertsitate horrekin elkarrekikotasun akademikoko hitzarmen bat sinatua badute aurreko paragrafoetan aipatutako tituluei dagokienez, edo, bestela, Biologiako lizentziadunaren edo gradudunaren titulu ofiziala edo Biologiaren ezagutza-eremuari buruzkoa ofizialki homologatzen bazaie.

2.– Halaber, martxoaren 15eko 2/2007 Legean ezarritakoaren babesean eratutako sozietate profesionalak ere elkargoko kide izango dira, baldin eta lehen aipatutako tituludunetakoren bat badute bazkide profesionalen artean, eta elkargoak ordezkatzen dituen jarduera profesionalak amankomunean egitea bada haien helburuetako bat. Bai jarduera hori esklusiboa bada, bai bateraezina ez den jarduera profesional batekin batera egiten bada. Haien egoitza sozialak, betiere, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren lurralde-eremuan behar du.

3.– Elkargokide izateko, arestian aipatutako titulazioak egiaztatzeaz gain, Gobernu Batzordeari eskaera egin behar zaio, eta inskripzio-kuota eta urteko kuota arruntaren zati proportzionala ordaindu beharko dira.

4.– Erregelamendu bidez, elkargokide izan aurreko figura arautuko da.

8. artikulua.– Sozietate Profesionalen Erregistroa.

Elkargoaren egoitzan Sozietate Profesionalen Erregistro bat eratuko da. Erregistro hori Gobernu Batzordearen mende egongo da, eta hor inskribatuko dira helburuetako bat elkargoak ordezkatzen dituen lanbide-jarduerak amankomunean egitea duten eta egoitza elkargoaren lurralde-eremuan duten sozietate profesional guztiak.

Hauek dira erregistroan sartu beharreko datuak, 2/2007 Legearen 8.2 artikuluan xedatzen denaren arabera:

a) sozietatearen izena eta helbidea.

b) Eraketa-eskrituraren eguna eta identifikazio-oharra, eta notario eskueslea, eta sozietatearen iraupena, epe jakin baterako eratzen bada.

c) Sozietatearen xedea diren lanbide-jarduerak.

d) Bazkide profesionalen eta profesionalak ez direnen izenak, eta, lehenengo horiei dagokienez, elkargokide-zenbakia eta kide diren elkargo profesionala.

e) Administratzeko eta ordezkatzeko zereginak betetzen dituztenen izenak; horietako bakoitza bazkide profesionala den ala ez adierazi behar da.

Bazkide eta administratzaileen eta kontratu sozialaren aldaketa oro Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatu beharko da.

Sozietate profesionala eratu ondoren sortzen den edozein gorabeheraren berri emango dio elkargoak Merkataritza Erregistroari, baldin eta gorabehera horrek sozietateko bazkide eta elkargoko kide direnen lanbide-jarduna eragozten badu.

Elkargoaren erregistroa publikoa da. Hilero, inskripzioak bidali behar dira Justizia Ministeriora, Interneteko atari baten bidez, eta hori egindakoan emango da argitara erregistroan sozietate profesional bakoitzari irekitako erregistro-orriaren edukia. Publikoa, doakoa eta iraunkorra izango da atari hori, eta ministerioak ezarriko du nola kudeatuko den.

Horretaz gain, horren gainean Euskal Autonomia Erkidegoak ezartzen duenari ere jarraituko zaio.

9. artikulua.– Elkargoko kide egiteko betebeharra.

Biologoen lanbidean aritzeko, nahitaezkoa da Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko kide izatea, baina horrek ez dio eragingo sindikatzeko eskubideari.

Era berean, nahitaezkoa izango da martxoaren 15eko 2/2007 Legean ezarritakoaren babesean eratutako sozietate profesionalak propio eratutako erregistroan inskribatzea.

Artikulu honetan xedatutakoak bat etorri behar du abenduaren 22ko 25/2009 Legearen laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoarekin eta, ondorioz, eta era berean, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 30.1 artikuluan xedatutakoarekin (25/2009 Legea, abenduaren 22koa, zenbait lege aldatzekoa da, Zerbitzu Jardueretan Aske Sartzeari eta Aritzeari buruzko Legera egokitzeko, eta 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, berriz, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa).

10. artikulua.– Elkargoko kide egitea.

Elkargokide izateko eskaerak honela izapidetuko dira:

1.– Elkargoan sartzeko eskaera bitarteko elektronikoen bidez edo elkargoko idazkaritzan egin ahal izango da, dekanoari zuzendutako eskabidearen bidez, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean edo hura ordeztuko lukeen arau-testuan aurreikusitako gainerako bideen bidez.

2.– Eskaera horretaz Gobernu Batzordeak erabakiko du, hiru hilabete igaro baino lehen aurkezten denetik, edo, hala badagokio, interesdunak behar diren dokumentuak aurkezten dituenetik edo eskaeraren akatsak zuzentzen direnetik. Epea amaitzen bada eta elkargoan sartzeko eskaerari buruzko ebazpenik ez bada eman, eskaera onartutzat jo ahal izango da, administrazio-prozeduraren legedian ezarritako eran.

3.– Elkargoan sartzeko eskaerari ezezkoa emanez gero, ebazpena behar den bezala arrazoituta jakinarazi behar zaio eskatzaileari. Ebazpenaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Batzordeari, elkargoan sartzeko ukapena jakinarazten denetik hilabete igaro baino lehen, eta horrek ez du eragozten administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea jurisdikzio honetarako ezarritako eran eta epeetan.

11. artikulua.– Ukapenak.

Kasu hauetan eman dakioke ezezkoa elkargoko kide egiteari:

1.– Aurkeztutako dokumentuak nahikoak ez direnean edo benetakoak diren zalantzak sortzen dituztenean.

2.– Justizia-auzitegiek eskatzailea kondenatu dutenean eta kondena horrek lanbidean aritzeko desgaikuntza-zigor osagarria dakarrenean berekin.

3.– Biologoen beste elkargo batek eskatzaileari lanbidean aritzeko aukera eten dionean eta oraindik birgaitu gabe dagoenean.

4.– 7. artikuluko betekizunak egiaztatzen ez dituenean (7. artikulua, Elkargokideak).

12. artikulua.– Elkargokide izateari uztea.

Kasu hauetako edozeinetan uzten zaio elkargokide izateari:

1.– Norberak eskatzen duenean. Posta ziurtatu bidez edo bitarteko elektronikoen bidez eskatu behar da, edo elkargoko idazkaritzan, eta kasu guztietan dekanoari zuzendu behar zaio eskabidea, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean edo hura ordezkatzen duen arau-testuan aurreikusitako gainerako bideetatik eskatu behar da. Eskaera horrek ez du salbuetsiko interesduna eskaera egin aurretik elkargoarekin hartu dituen betebeharretatik.

2.– Lanean jarduteko baldintzak betetzen ez direnean. Halakoetan, egitate eragozle hori gertatzen den unean bertan utziko zaio elkargokide izateari.

3.– Elkargoaren kuota arrunta sei hilabetean nahiz sei hilabetetan ordaintzen ez denean. Aldez aurretik, ordaintzeko errekerimendua egin beharko da, eta hilabete emango da, jakinarazten denetik, zor guztia ordaintzeko.

4.– Elkargokidea hiltzen denean.

5.– Nolanahi ere, elkargokide-izaera artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan adierazitako arrazoiengatik galtzen bada, bitarteko fede-emaileen bidez eman beharko da horren berri, eta une horretatik aurrera izango ditu ondorioak. Elkargokideei jakinarazi beharko zaie nork galdu duten elkargokide-izaera, erabakiak ondorioak izan eta hurrengo Batzar Orokorraren bidez, eta arrazoiak azaldu beharko dira.

6.– Diziplinazko espediente baten ebazpen irmoa ematen denean eta elkargokide-izaera galtzea dakarrenean diziplina-araubidea erregulatzen duten legeetan eta arauetan ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Berriro kidetzea.

Biologoen Elkargo Ofizialeko kide izateari utzi zioten eta berriz ere elkargoan sartu nahi duten haiek estatutu hauetan 10. artikuluan xedatzen denari lotu beharko zaizkio (10. artikulua. Elkargoko kide egitea).

Bajaren arrazoia estatutu hauen 12. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa izan denean (12. artikulua. Elkargokide izateari uztea), ordaindu gabeko zorra ordaindu beharko du eskatzaileak, bai eta zorraren ordaintze-aginduaren egunetik sortutako legezko interesak ere.

14. artikulua.– Ohorezko elkargokideak.

Gobernu Batzordeak Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko ohorezko elkargokide izendatu ahal izango ditu beren merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalengatik biologiaren edo lanbidearen garapenean nabarmen lagundu duten pertsonak, edozein titulazio akademiko dutela ere.

Izendapena ohorezkoa izango da bakarrik, baina ez da eragozpena izango elkargoko bizitzan eta zerbitzuetan parte hartzeko, estatutu hauen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera (15. artikulua. Elkargokideen eskubideak), alde batera utzita elkargoaren gobernu-organoetan parte hartzeari dagokiona.

Gobernu Batzordeko kideak, hautatuak izan diren kargua betetzen duten bitartean, ezin dira aurkeztu, ezta proposatu ere, ohorezko elkargokide izendatuak izan daitezen.

III. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

15. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

Hauek dira elkargokideen eskubideak:

1.– Biologoaren lanbidean jardutea.

2.– Elkargoak elkargokidea laguntzea, aholkatzea eta defendatzea beraren lanarekin loturiko gai guztietan, elkargoaren baliabideen arabera eta erregelamendu bidez ezartzen den eran.

3.– Bere lan profesionalarekin lotutako dokumentuak aurkeztea erregistratzeko eta ikus-onesteko. Lan profesionalak, zer sozietate profesionalek edo zer profesional elkargokidek egin dituen, haren izenean ikus-onetsiko dira, interesdunak eskatu ahala eta indarrean dagoen legediaren arabera.

4.– Elkargoaren Gobernu Batzordeak elkargokidea ordezkatzea haren lanarekin loturiko erreklamazio guztietan, hala eskatzen duenean.

5.– Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea erregelamenduz ezartzen den eran.

6.– Elkargoaren esparruan antolatzen diren hauteskunde guztietan parte hartzea, hautesle eta hautagai gisa; elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea; informazioa jasotzea; informatzea, eta batzar orokorretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.

7.– Sortzen diren batzorde edo ataletan parte hartzea.

8.– Aurreikuspeneko erakundeetan sartzea, halakorik sortzen bada, erregelamenduz ezartzen den eran.

9.– Lan-jardunari edo elkargoaren martxa onari buruzko eskaerak, kexak edo iradokizunak aurkeztea Gobernu Batzordeari idatziz.

10.– Elkargoaren jarduerari buruzko informazioa eta interes profesionalekoa erregulartasunez jasotzea posta elektronikoaren, informazio-buletinen edo elkargoaren beste edozein barne-zirkular bidez.

11.– Edozein gairi buruzko erreferendum-deialdia lortzea, bai eta kide anitzeko gobernu-organoen deialdiak eta gai-zerrendako gaiak ere, erregelamenduz ezartzen den moduan.

12.– Elkargoaren jardunari buruzko eta lanbideko jardunari lotutako gaiei buruzko informazioa jasotzea.

13.– Elkargoan izapidetzen ari den espediente batean sartuta egoteagatik interesduna izanez gero, jarduketak ikustea.

14.– Sekretu profesionala gordetzea lanbideko jardunean ezagutzen diren datuei eta informazioari dagokienez.

16. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

Hauek dira elkargokideen betebeharrak:

1.– Lanbidean etikoki jardutea eta, bereziki, estatutuetan ezarritako arau deontologikoak eta elkargoaren gobernu-organoek erabakitzen dituztenak betez.

2.– Elkargoaren inguruko ibilbidea zuzentzen duten arauak betetzea, bai eta elkargoaren gobernu-organoek hartutako erabakiak ere, hargatik eragotzi gabe dagozkion errekurtsoak jartzea.

3.– Deklarazio profesionalak, kontratuak eta eskatzen zaizkien gainerako dokumentu guztiak aurkeztea elkargoari, estatutuetako edo erregelamenduzko xedapenei jarraituz.

4.– Hogeita hamar egun igaro baino lehen jakinaraztea elkargoari egoitzaren edo helbidearen aldaketak eta beste datu pertsonal batzuenak. Era berean, telefono-zenbaki bat, posta-helbide bat eta helbide elektroniko bat jarri behar dituzte beren zerbitzuen hartzaileen eskura, horiek erreklamazioak edo informazio-eskaerak egin ahal izan ditzaten emandako zerbitzuari buruz, eta beren legezko helbidea jakinarazi behar dute, helbide hori ez badator bat korrespondentziarako ohiko helbidearekin.

5.– Elkargoaren gobernu-organoek ezarritako kuotak eta ekarpenak ordaintzea, ordaintze-agindua ematen denean. Inskripzio-kuota ezin da izan inskribatzeko izapidetzearen kostua baino handiagoa.

6.– Elkargoko bizitzan modu aktiboan esku hartzea, batzar orokorretara eta beren espezialitateagatik bertaratzea eskatzen zaien batzorde edo atalen saioetara joanez.

7.– Betetzeko hautatuak izan diren karguak arretaz eta eraginkortasunez betetzea eta gobernu-organoek ematen dizkieten enkarguak egitea.

8.– Beste elkargokideen eskubide profesionalak edo elkargokide-eskubideak errespetatzea.

9.– Batzar Orokorrarekin eta Gobernu Batzordearekin lankidetzan aritzea, elkargoarentzat interesgarriak diren gaietan informazioa emanez eta deklarazioa eginez, betiere sekretu profesionala gordez.

10.– Lanbidearentzat jakingarriak diratekeen gertakari guztiak jakinaraztea elkargoaren gobernu-organoei, bai partikularrak, bai kolektiboak.

11.– Nortasun-agiri profesionala izatea.

12.– Sekretu profesionala zorrotz gordetzea lanbideko jardunean ezagutzen diren datuei eta informazioari dagokienez.

13.– Bazkide profesionalak direnek sozietate profesionala inskribatzea horretarako propio eratutako sozietate profesionalen erregistroan, legez eta erregelamenduz ezarritako moduan. Elkargoak, sozietate profesionalak erregistroan sartzen direnetik, pertsona fisikoak diren elkargokideei dagokienez legez eta estatutuz aitortuak dituen eskumen berberak ditu sozietate horiei dagokienez. Zehazki, diziplina, deontologia, bateraezintasun eta desgaikuntza araubideari buruzkoak. Horrek ez du esan nahi profesional jarduleek diziplina-erantzukizunik ez dutenik, sozietate profesionalak ez ezik haiek ere bai baitute. Sozietatea erregistroan inskribatzeak ez du esan nahi haren bazkide profesionalek elkargokide izan beharrik ez daukatenik lanbidean jarduteko.

Hala ere, kuota espezifikoak ezarriko dira sozietateentzat, horietako bakoitzean sartzen den elkargokide kopuruaren arabera, eta elkargokide horiek kuota ordaintzeko betebeharretik salbuetsita geratuko dira, baina horrek ez du esan nahi erantzukizunik izan ez dezaketenik.

IV. KAPITULUA
LANBIDE-JARDUNA ARAUTZEN DUTEN OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

17. artikulua.– Lanbideko eskumen funtzionalak.

1.– Konstituzioaren 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, legeak biologo tituludunaren lanbidearen jarduna arautuko du, bai eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko kide izatea nahitaezkoa den jarduerak ere.

2.– Aurrekoa alde batera utzi gabe, eta beste lanbide batzuk arautzen dituzten legeetan jasotako eskumen profesionalak eta elkargoko kide egiteko arauak alde batera utzi gabe, hauek dira azalpen modura, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren arabera, biologiako profesionalak bere jarduera profesionalean bete ditzakeen eskumen funtzionalak:

a) Organismo bizidunak eta haien gorpuzkiak eta haien jardueraren seinaleak aztertzea, identifikatzea eta sailkatzea.

b) Prozesu biologiko industrialak ikertzea, garatzea eta kontrolatzea (bioteknologia).

c) Jatorri biologikoko materialak ekoiztea, eraldatzea, manipulatzea, kontserbatzea, identifikatzea eta haien gaineko kalitate-kontrola egitea.

d) Mota guztietako material eta produktuen kontserbazioan eragina duten agente biologikoak identifikatzea, aztertzea eta kontrolatzea.

e) Osasunaren arloan, nekazaritzan, industrian eta zerbitzuetan erabiltzen diren produktu kimiko eta biologikoei buruzko azterketa biologikoak egitea eta produktu horien eragina kontrolatzea.

f) Agente biologiko patogenoak eta horien produktu toxikoak identifikatzea eta aztertzea. Infekzioak eta izurriak kontrolatzea.

g) Janaria ekoiztea, eraldatzea, kontrolatzea eta kontserbatzea.

h) Lagin biologikoen azterketa eta analisi fisikoak, fisiologikoak, biokimikoak, zitologikoak, genetikoak, histologikoak, mikrobiologikoak eta immunologikoak egitea, giza jatorrikoak barne, eta analisi klinikoetarako.

i) Mota guztietako lagin biologikoak erabiltzea, tratatzea, kontserbatzea, izoztea, artxibatzea eta banatzea, giza laginak barne.

j) Azterketa demografikoak eta epidemiologikoak egitea.

k) Aholku genetikoa eta familia-plangintza.

l) Osasun eta ingurumen hezkuntza; bereziki, giza elikaduraren arloko hezkuntzari buruzkoa.

m) Lurreko eta uretako baliabide natural berriztagarrien plangintza egitea eta baliabide horiek (kontinentalak eta itsasokoak) zentzuz ustiatzea.

n) Uraren analisi biologikoak egitea eta ura kontrolatzea, tratatzea eta araztea.

o) Alderdi ekologikoak eta naturaren kontserbazioa. Lurralde-antolamenduaren alderdi ekologikoak.

p) Naturagune babestuak, parke zoologikoak, lorategi botanikoak eta natura-zientzietako museoak antolatzea eta kudeatzea. Aisialdiko biologia.

q) Industria, nekazaritza eta hiri-kutsadurari buruzko azterlanak, analisiak eta tratamendua. Biologiari eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanak.

r) Biologia irakastea, hezkuntzari buruzko legeek agintzen duten eran.

s) Lagundutako ugalketarekin zerikusia duen jarduera oro.

t) Biologiari buruzko gaietan aholkularitza zientifikoa eta teknikoa ematea.

u) Biologiarekin zerikusia duten jarduera guztiak.

18. artikulua.– Lanbidean jarduteko erak.

Biologo-lanbidean modu liberalean jardun daiteke, banaka edo besterekin elkartuta; edo enpresa publiko edo pribatu batean, harekin lan harremana izanda, edo administrazio-zuzenbideari lotutako harremanen bidez.

Nolanahi ere, lanbidean jardutean, irizpide profesionalaren independentzia errespetatzea da oinarria, eta muga bidegaberik edo arbitrariorik ez jartzea lanean eta komunitateari zerbitzua ematean.

Elkargoak, sozietate profesionalen arloan indarrean dagoen araudiak agindutakoa betez, erregistro profesional bat sortu du, lege testu horretan aurreikusten diren ondorioetarako.

19. artikulua.– Lan profesionalak erregistratzea eta ikus-onestea.

Elkargoak lan profesionalak erregistratzeko eta ikus-onesteko arauak eta baldintzak jarriko ditu, indarrean dagoen legediaren arabera. Arau horiek Batzar Orokorrak onartu behar ditu, Gobernu Batzordeak proposatuta eta aldez aurretik elkargoan informazioa zabalduta.

Isilpekoak izateagatik erregelamendu bidez erregistratu eta ikus-onetsi ezin diren lanak, berriz, isilpeko izateari uzten zaionean erregistratu eta ikus-onetsiko dira.

Hala, elkargokideek eska dezakete, arrazoi justifikatuengatik, erregistratzeko edo ikus onesteko aurkeztutako dokumentuak zaintzapean gera daitezela eta ez daitezela zabaldu harik eta zaintzapean egoteko halako arrazoirik ez dagoen arte.

20. artikulua.– Erabiltzaileentzako eta elkargokideentzako arreta zerbitzua.

Elkargoak erabiltzaileentzako eta elkargokideentzako arreta zerbitzu bat izango du, kexak izapidetzeko edo haiei erantzuteko, kontsumitzaileak behar bezala babestuta egon daitezen.

Elkargokideek ematen dituzten zerbitzuen kalitatea areagotzeko neurriak sustatuko dira.

21. artikulua.– Publizitatea.

Biologoek lehia desleial oro saihestuko dute, eta beren publizitatean men egingo diote indarrean dagoen legediari.

V. KAPITULUA
GOBERNU ORGANOAK, HAIEK ERATZEKO ETA FUNTZIONATZEKO ARAUAK ETA HAIEN ESKUMENAK

22. artikulua.– Elkargoaren organoak.

Hauek dira Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren ordezkaritza, araugintza, kontrol, gobernu eta administrazio organoak:

Batzar Orokorra.

Gobernu Batzordea.

Dekanoa.

23. artikulua.– Batzar Orokorra.

Batzar Orokorra arauak garatzeko eta Gobernu Batzordearen kudeaketa kontrolatzeko organoa da. Batzar Orokorra elkargoaren organo gorena da, eta elkargokide guztiek osatzen dute, guztiek ere boto eskubide berdina dutela. Erabakiak gehiengoaren printzipioaren arabera hartu behar ditu, estatutu hauekin bat etorriz.

Batzar Orokorraren bilkurak ohikoak eta bereziak izan daitezke. Ohiko bilkuretarako deialdiak bilkura egin baino gutxienez hogeita bat egun lehenago egin behar dira, elkargokide guztiei komunikazio elektronikoa edo posta bidezkoa bidalita. Deialdian, hauek adierazi behar dira: bilkura zer egunetan eta zer ordutan den, non egingo den, bideokonferentzia bidez parte hartzeko aukera dagoen eta gai zerrenda zein den. Estatutu hauen 24. artikuluan aipatzen den informazio osagarria (24. artikulua. Batzar Orokorraren eskumenak), beranduenez, hogeita bat egun lehenago jarri behar da elkargokideen eskura, bitarteko elektronikoen bidez. Batzar Orokorraren presako bilkura berezien deialdiak modu berean egin behar dira, bost egun lehenago beranduenez, eta dokumentazioa, beranduenez, bost egun lehenago jarri beharko da Batzar Orokorraren esku. Bi kasuetan, deialdiak elkargoaren webgunean argitaratu behar dira, han sartzeko aukera mugatu gabe.

Batzar Orokorrean, deialdian adierazitako lekura joanda edo, hala badagokio, bideokonferentzia bidez parte hartu daiteke. Batzar Orokorraren bilkurak mistoak izan daitezke, hau da, pertsona batzuek hara joanda eta beste batzuek bideokonferentzia bidez parte hartu dezakete. Gobernu Batzordeak behar diren bitartekoak jarriko ditu bideokonferentzia bidezko sarbideak berma dezan bertaratuak behar bezala identifikatzen direla eta aukera eman dezan parte hartzeko, botoa emateko eta estatutuetan jasotako beste alderdi batzuk betetzeko.

Batzar Orokorra, ohikoa izan, berezia izan, balio duena izango da lehen deialdian, baldin eta hura eratzeko jarritako orduan elkargokideen gutxienez % 25 bertaratzen badira, bideokonferentzia bidez konektatutakoak ere kontuan hartuta, bideokonferentziaz konektatutakorik badago behintzat.

Kopuru hori lortzen ez bada, bigarren deialdia lehenengo deialditik ordu erdira izango da, eta bilkura balio duen moduan eratuta geratuko da, bertaratutako elkargokideen kopurua edozein dela ere (bideokonferentzia bidez konektatutakoak ere kontuan hartuta, halakorik badago), eta haren erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat.

Gobernu Batzordeak, Galde eskeak atalean, elkargokideek idatziz edo elkargoaren leihatila bakarraren bidez egindako galde eske guztiak jasoko ditu. Galde eske horiek bilkura egin baino gutxienez bost egun lehenago egin beharko dira, bilkura ohikoa bada, eta bi egun lehenago, bilkura berezia bada. 24. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuez eztabaidatzen denean (24. artikulua. Batzar Orokorraren eskumenak), beharrezkoa izango da aldez aurretik ahalik eta informazio zehatzena ematea elkargokideei.

24. artikulua.– Batzar Orokorraren eskumenak.

1.– Gaiak onartzea eta erabakiak hartzea.

a) Estatutuen proposamena eta horiek aldatzeko proposamenak onartzea, eskumena duen sailaren bidez Eusko Jaurlaritzari helarazteko. Halaber, barne araudiak, haien aldaketak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak sustatutako erakundeen estatutuen proiektuak eta sorrera oinarriak onartzea.

b) Elkargoaren eskumeneko gaietan jarraitu beharreko arau orokorrak eta Biologoaren Estatutu Profesionala onartzea.

c) Aurreko urteko diru sarreren eta gastuen kontu orokorra onartzea, horretarako aukeratutako aztertzaileek txostena egin ondoren eta estatutu hauen arabera.

d) Ohiko edo ezohiko aurrekontuak onartzea. Horretarako, aurrekontu horiek elkargokide bakoitzaren esku jarri behar dira, bitarteko elektronikoen bidez, Batzar Orokorraren eguna baino gutxienez hogeita bat egun lehenago.

e) Elkargoaren ondasunak inbertitzeko proposamenez erabakitzea.

f) Gobernu Batzordearen kudeaketari buruzko erabakia hartzea.

g) Gobernu Batzordearen ekimenez gai-zerrendan iragarritako gaiei buruzko erabakiak hartzea.

h) Elkargoak aurkeztutako erreklamazioen eta errekurtsoen berri jakitea, bai eta elkargoaren aurkakoen berri ere.

i) Lurralde bulegoak irekitzea onartzea.

j) Langileen plantilla organikoari dagokionez Gobernu Batzordeak hartutako erabakiak onartzea, aldatzea edo baliogabetzea.

k) Aurreko Batzar Orokorraren akta onartzea.

l) Batzarreko gehienek Gobernu Batzordearen kudeaketa oro har onartzen ez badute, Batzar Orokor berezi batera deitu beharko du batzordeak, hogeita hamar egun baliodun igaro baino lehen, berresteko edo ez.

2.– Elkargoa desegitea edo elkargoaren izena aldatzea eragitea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

3.– Gobernu Batzordearen edo edozein elkargokideren ekimenez egiten diren eta elkargoaren ekintza-eremukoak eta interesekoak diren proposamen guztiak aztertzea, eztabaidatzea eta, hala badagokio, onartzea. Elkargokideen ekimenez egindako proposamenak, beranduenez, hamar egun lehenago aurkeztu beharko dira, gai-zerrendan puntu espezifiko gisa sartzeko. Proposamen horiek, elkargokideen % 10ek gutxienez aurkezten badituzte, nahi eta nahi ez sartu beharko dira gai zerrendan.

4.– Gobernu Batzordeari berariaz eman ez zaizkion gainerako eskumenak.

25. artikulua.– Batzar Orokorrean parte hartzea eta ordezkatzea.

Elkargokide guztiek dute Batzar Orokorrean izateko eskubidea eta betebeharra, bertaratuz nahiz bideokonferentzia bidez, eta hitz egiteko eta botoa emateko aukera izango dute.

Behin Batzar Orokorra balio duen moduan eratuz gero, haren erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat.

Elkargokideek ordezkari baten bidez parte hartu dezakete Batzar Orokorrean. Ordezkaritza beste elkargokide bati eman beharko zaio, berariaz, eta saio jakin baterako. Horretarako, inprimaki bat bete beharko da, eta biek sinatu behar dute. Sinadurek jatorrizkoak izan behar dute, paperean eginak edo sinadura elektroniko baliozkotuak, eta inprimakia dekanoari zuzendu behar zaio, eta bertan argi eta garbi adierazi beharko da ordezkaritza duenaren izena. Idazkaritzak Batzar Orokorraren bilkura hasi aurretik jaso dituen inprimakiei lotutako ordezkaritzek bakarrik balio izango dute.

Elkargokide bakar batek ezin izango ditu inola ere ordezkatu 25 elkargokide baino gehiago aldi berean.

26. artikulua.– Batzar Orokorraren funtzionamendua.

Dekanoak egingo du Batzar Orokorraren bilkuretako buru, Gobernu Batzordeko kideak ondoan dituela.

Dekanoak gidatu eta koordinatuko ditu bilkurak, hitza emanez edo kenduz eta eztabaidak eta bozketak ordenatuz.

Gobernu Batzordeko idazkaria izango da Batzorde Orokorreko idazkaria, eta bilkuraren akta egingo du, dekanoaren oniritziarekin. Batzar Orokorrak hurrengo bilkuran onetsi beharko du akta hori.

Emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Hala ere, emandako botoen bi hereneko gehiengoa beharko dute erabaki hauek: estatutuak aldatzea, ezohiko kuotak onartzea, Gobernu Batzorde osoaren aurka edo kideren baten aurkako zentsura mozioa onartzea eta elkargoa desegitea edo izena aldatzea.

27. artikulua.– Batzar Orokorraren ohiko bilkuren araubidea.

Batzar Orokorrak ohiko bilkura egingo du urtero apirileko azken eguna baino lehen, gutxienez gai hauek aztertzeko:

1.– Aurreko bilkuraren akta.

2.– Aurreko ekitaldiko balantzea eta abian den urteko ekitaldiko aurrekontua.

3.– Gobernu Batzordeak aurreko ekitaldian egindako kudeaketaren memoria eta abian den urteko kudeaketaren ildo nagusiak.

4.– Galde-eskeak.

28. artikulua.– Batzar Orokorraren bilkura berezien araubidea.

Batzar Orokorrak bilkura bereziak egingo ditu:

1.– Gobernu Batzordearen ekimenez.

2.– Elkargokideen % 20k edo jarduneko % 10ek baino gehiagok eskatzen badute, aztertu beharreko gaiak zehaztuta.

3.– Gobernu Batzordearen aurka edo bertako kideren baten aurka zentsura mozioa aurkezten denean.

29. artikulua.– Gobernu Batzordearen izaera eta osaera.

Gobernu Batzordea elkargoa zuzentzen, administratzen eta ordezkatzen duen kide anitzeko organoa da. Hauek osatzen dute: dekanoak, dekanordeak, idazkariak, diruzainak eta gutxienez hiru bokalek. Gobernu Batzordeko kideak estatutu hauen VI. kapituluan ezarritako prozeduraren arabera hautatuko dira (VI. Kapitulua. Elkargokideek gobernu batzordean duten parte hartzea eta hauteskunde araubidea).

Gobernu Batzordeko kideren batek kargua uzten badu edozein arrazoirengatik, Gobernu Batzordeak bere kideen artean ordezko bat izendatu ahal izango du behin-behinean, hurrengo ohiko batzar orokorrean izendapena berretsi arte.

Kargua utzitakoa dekanoa, idazkaria edo diruzaina bada eta ordezkorik izendatzen ez bada, horren berri eman beharko da batzar orokor berezi batean. Batzar horretara presaz deitu beharko du kargu aktiboren bat duten kideetako edozeinek, hauteskundeak egiteko, aurreratuta.

Gobernu Batzordeak inoiz ez ditu izango zazpi kide baino gutxiago, eta, halakorik gertatuz gero, Batzar Orokor Bereziari jakinarazi beharko zaio. Batzar horretara presaz deitu beharko du kargu aktiboren bat duten kideetako edozeinek, hauteskundeak egiteko, aurreratuta.

30. artikulua.– Erabakiak betearaztea eta akta-liburuak.

1.– Hala Batzar Orokorraren erabakiak nola Gobernu Batzordearenak berehala bete beharrekoak dira, non eta batak edo besteak, dagokionaren arabera, kontrako erabaki arrazoiturik ez duten hartzen.

2.– Elkargoak bi akta-liburu izango ditu nahi eta nahi ez, eta, horietan, Batzar Orokorrari dagozkionak eta Gobernu Batzordeari dagozkionak transkribatuko dira, bereizita.

Akta horiek dekanoak sinatu behar ditu, edo batzordearen bilerako buru egin duenak, bai eta idazkariak ere, edo bileran haren eginkizunak bete dituenak.

Gobernu Batzordeko kideak hartzen diren erabakien erantzule dira, nahiz eta erabakiok hartzen diren bileran ez izan. Aurkako botoa eman dutela berariaz jasota geratzen denean bakarrik ez dute izango erantzukizunik.

31. artikulua.– Gobernu Batzordearen eskumenak.

Hauek dira Gobernu Batzordearen eskumenak:

1.– Elkargoaren ordezkari izatea.

2.– Batzar Orokorraren erabakiak betetzea.

3.– Elkargoaren estatutuak eta erregelamenduak betetzea eta betearaztea, baita bere erabakiak ere.

4.– Elkargoa kudeatzeko eta administratzeko lana zuzentzea, haren helburuak betetzeko.

5.– Interes profesionala duten gaietan elkargoaren iritzia ofizialki eta jendaurrean adieraztea.

6.– Elkargoaren komunikatzeko bideak zuzentzea; hori erregelamendu bidez garatuko da.

7.– Interes profesionalak botere publikoen aurrean ordezkatzea eta lanbidearen izen ona eta eskubideak defendatzea.

8.– Azterlanak, txostenak eta irizpenak aurkeztea entitate publikoek edo pribatuek eskatzen dizkiotenean. Gobernu Batzordeak, horretarako, lan-batzordeak izendatu ahal izango ditu, edo azterlan edo txosten horiek egiteko egoki uste dituen elkargokideak.

9.– Administrazio publikoetako kontsulta-organoetan elkargoak izango dituen ordezkariak izendatzea legez edo erregelamenduz hala dagokionean.

10.– Akzioak egikaritzea eta errekurtso administratiboak eta jurisdikzionalak aurkeztea erabakitzea.

11.– Elkargoarentzat interes orokorrekoa den edozein gai Batzar Orokorrari aurkeztea, hark eztabaidatu eta erabakia hartu dezan.

12.– Elkargokide egiteko, elkargokide izateari uzteko, kuotak ordaindu eta beste ekarpen batzuk egiteko eta ordainsariak kobratzeko prozedurak arautzea, estatutu hauen II. kapituluan ezarritakoaren arabera.

13.– Gobernu Batzordeari dagokion diziplina-ahalmena arautzea eta erabiltzea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.

14.– Kulturaren, lanbidearen, laguntzaren eta aurreikuspenen arloko jarduera eta zerbitzuak antolatzea elkargokideen mesedetan.

15.– Batzorde irekiak sortzea, norberaren edo elkargokideen ekimenez, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

16.– Ezarritako kuotak eta ekarpenak biltzea, urteko aurrekontua eta urteko balantzea prestatzea, aurrekontua exekutatzea eta elkargoaren zerbitzu orokorren funtzionamendua antolatu eta zuzentzea.

17.– Elkargokideei elkargoaren jardueren eta erabakien berri ematea, eta haren kudeaketaren urteko memoria prestatzea.

18.– Elkargoko administrazioko eta zerbitzuetako langileak izendatzea eta postutik kentzea.

19.– Elkargokideen Erregistroko datu-baseak sortzea eta aldian behin eguneratzea.

20.– Elkargoaren Gobernu Batzordearen egintzen edo erabakien aurkako errekurtsoak ebaztea, hala dagokionean.

21.– Elkargoaren administrazio-organoen artean sortzen diren gatazkak ebaztea, eta hartutako erabakia Batzar Orokorrera eramatea.

22.– Batzar Orokorraren ohiko bilkuretara eta bilkura berezietara noiz deitu erabakitzea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

23.– Gobernu Batzordeko karguak hautatzeko deialdia egitea hala dagokionean, estatutu hauen 6. kapituluan ezarritakoaren arabera.

24.– Aurreko bileraren akta onartzea.

25.– Elkargoaren edozein ondasun erostea edo besterentzea, indarrean dagoen eta Batzar Orokorrak onartu duen aurrekontuaren arabera.

26.– Sozietate Profesionalen Erregistroari buruzko arauak erregulatzea eta interpretatzea, 2/2007 Legean aurreikusitakoaren arabera.

27.– Hala badagokio, Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatzeko eta mantentzeko tasak eta kuotak ezartzea, erregistro horretan izena ematen duten, egintza inskribagarriak dakartzaten edo ziurtagiriak eskatzen dituzten sozietateei eskatzekoak.

32. artikulua.– Gobernu Batzordearen bileretako araubidea.

Dekanoak deialdia egiten duen aldiro egingo du Gobernu Batzordeak bilera; dekanoak bere ekimenez edo gutxienez Gobernu Batzordeko kideen ehuneko hogeik eskatuta egingo ditu deialdiak. Edonola ere, hiru hilean behin bilduko da gutxienez.

Deialdiak elektronikok jakinarazi behar zaizkie kide guztiei, bilera egin baino hamabost egun lehenago beranduenez, eta gai-zerrenda adierazi beharko da eta bilera presentziara, bideokonferentzia bidezkoa edo mistoa izango den zehaztu (mistoa: kide batzuk bertan eta beste batzuk urrutitik). Presazkoa baldin bada, beranduenez bost egun lehenago deitu ahal izango da bileretara.

Ezin izango da erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz. Aldez aurretik gai zerrendan sartu ez den gairen baten inguruan bozkatzeko beharra badago, botazioa egingo da gaia gai-zerrendan sartu ala ez erabakitzeko, bileraren hasieran bertan.

Lehenengo deialdian, kideen bi herenak bertaratzen direnean geratuko da Gobernu Batzordea balio duen moduan eratuta (hara joandakoak edo bideokonferentzia bidezkoak kontuan hartuta); bigarren deialdian, berriz, bertaratutakoen kopurua edozein dela ere balioko du. Bi deialdien artean, gutxienez, hogeita hamar minutu igaro behar dira.

Idazkariak bileren aktak egin behar ditu, eta Gobernu Batzordeak onartu egin behar ditu.

Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, dekanoaren botoaren baitan egongo da zer erabaki hartu.

Gobernu Batzordearen bileretara ez joatea estatutu hauen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko da (33. artikulua. Gobernu Batzordeko kide izateari uztea).

Gobernu Batzordeak, aukeran, bertan izatea komenigarritzat jotzen duen pertsonak gonbida ditzake bileretara, botorik gabeko aholkulari gisa.

33. artikulua.– Gobernu Batzordeko kide izateari uztea.

Hauek dira Gobernu Batzordekoa izateari uzteko arrazoiak:

1.– Heriotza.

2.– Epe baterako aukeratuak izan zirela kontuan izanda, epe hori amaitzea.

3.– Karguan aritzeko ezgaitzen dituen gaixotasun bat izatea.

4.– Ezinbestean utzi beharra.

5.– Elkargoaren lurralde-eremutik kanpo bizitzera joatea.

6.– Batzorde Orokorrak haien aurkako zentsura-mozioa onartzea.

7.– Diziplina-espedientea irekitzea, ebazpen irmoa eman arte (kautelazko baja).

8.– Diziplina-espediente batean edozein neurritako zehapena ezartzea dakarren ebazpen irmoa.

9.– Elkargokide izateari uztea.

10.– Gobernu Batzordearen ondoz ondoko hiru bilera huts egitea, justifikatu gabe, edo ondoz ondokoak ez diren sei bilera, justifikatu gabe.

34. artikulua.– Dekanoaren eskudantziak.

Dekanoak eskudantzia hauek ditu:

1.– Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen ohiko bilkuretara eta bilkura berezietara deitzea, bilkurak hastea eta amaitzea, hango buru egitea eta hango eztabaidak zuzentzea.

2.– Gobernu Batzordeko kideen hauteskundeetara deitzea eta haietako buru egitea.

3.– Bozketetan gertatzen diren berdinketak kalitatezko botoarekin erabakitzea.

4.– Elkargoaren organoek beren eskudantzien eremuan hartzen dituzten erabakiak gauzatzea.

5.– Presa handi-handikoa denean, behar diren erabakiak hartzea, eta dagokion organoari berehala jakinaraztea, egiten den lehenengo bilkuran erabakia onartu, aldatu edo bertan behera utz dezan.

6.– Elkargoaren eta haren organo erabakitzaileen ordezkaria izatea eta elkargoaren gaiak agintarien eta entitate publiko edo pribatuen aurrean kudeatzea. Nolanahi ere, kasu jakin batzuetan, Gobernu Batzordeak, elkargoaren izenean, elkargokide jakin batzuei edo propio eratutako batzordeei agindu ahal izango dizkie eginkizun horiek.

7.– Gobernu Batzordeko kideen jarduketak koordinatzea, alde batera utzi gabe kide horiek beren kudeaketa-lanean duten eskumen eta erantzukizun zuzena.

8.– Idazkariak ematen dituen ziurtagiri guztiak ikus onestea.

9.– Ordainketa-aginduak edo igorpenak baimentzea.

10.– Sinatuta, kontabilitate liburuak eta beste edozein liburu ofizial legitimatzea, alde batera utzi gabe legeak agindutako legeztatzeak.

11.– Elkargoak agintariei eta entitate publiko zein pribatuei ofizialki zuzentzen dizkien txostenak eta komunikazioak ikus onestea. Baimena ematea, berak eta diruzainak sinatuta, elkargoaren kontu korronteetan edo aurrezki kontuetan dirua sartzeko edo ateratzeko.

12.– Gobernu Batzordeak berariaz hala erabakitzen badu, ahalmena eman ahal izango die letraduei eta auzitegietako prokuradoreei, elkargoaren izenean, elkargoa nahitaez edo aukeran ordezka dezaten edozein mailatako edo jurisdikziotako edozein justizia auzitegitan, horietan egin beharreko edozein ekintza, salbuespen, errekurtso (kasaziokoa barne) eta gainerako jarduketa guztietarako, elkargoa eta lanbidea defendatzeko.

13.– Dekanoaren egintzen edo erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.

35. artikulua.– Dekanordearen eskudantziak.

Dekanordeak dekanoa ordezkatuko du hura ez dagoenean edo gaixorik dagoenean edo haren kargua hutsik dagoenean, eta Gobernu Batzordeak agintzen dizkion edo dekanoak beraren esku uzten dituen eginkizun guztiak beteko ditu; horretarako, Gobernu Batzordeak aurrez jakin beharko du aipatutako eskuordetze horren berri.

36. artikulua.– Idazkariaren eskudantziak.

Hauek dira idazkariaren eskudantziak:

1.– Gobernu Batzordeko kideen hauteskundeetako aktak idaztea eta haien fede ematea.

2.– Batzorde Orokorreko eta Gobernu Batzordeko ohiko bilkuretako eta bilkura berezietako aktak idaztea eta haien fede ematea.

3.– Elkargoaren dokumentazioa eta elkargokideen espedienteak zaintzea.

4.– Dekanoaren oniritzia jaso ondoren ofiziozko ziurtagiriak edo interesdunak eskaturiko ziurtagiriak egitea.

5.– Jakinarazpenak eta dokumentuak egitea eta izapidetzea eta Gobernu Batzordeari eta dagokion organo eskudunari haien berri ematea.

6.– Elkargoaren eginkizunak betetzeko behar diren teknikarien eta administrarien buru egitea dekanoarekin batera, eta administrazio-zerbitzuak, lokalak eta behar den materiala materialki antolatzea funtzionatzeko.

7.– Lan profesionalen gaineko ikus oniritzien erregistro liburua eramatea, eta oniritzi hori ez ematea, baldin eta lan horietan forma akatsik atzematen bada duintasun profesionalaren kontra edo eskuduntza eta eskumen profesionalen arloan indarrean dauden xedapenen kontra doanik.

8.– Urteko kudeaketa memoria idaztea Batzar Orokorraren bilkuran onartua izan dadin.

9.– Sozietate Profesionalen Erregistroaren zuzeneko kudeaketa, hau da, erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua, idazkariari dagokio, horretarako behar diren langileen laguntzarekin.

37. artikulua.– Diruzainaren eskudantziak.

Hauek dira diruzainaren eskudantziak:

1.– Elkargoaren funtsak biltzea eta zaintzea eta horien arduraduna izatea.

2.– Ordainagiriak sinatzea, kobrantzak jasotzea eta dekanoak agindutako ordainketak egitea.

3.– Gobernu Batzordeari jakinaraztea zer elkargokidek ez dituzten ordainketak egunean, zor dituzten zenbatekoak erreklamatzeko edo estatutu hauen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera (12. artikulua. Elkargokide izateari uztea) baja izapidetzea onar dezan.

4.– Elkargoaren aurrekontuen aurreproiektua idaztea, Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrari aurkeztuko diona onar dezan.

5.– Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren balantzea prestatzea, Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrari aurkeztuko diona onar dezan.

6.– Gobernu Batzordeari kredituak eta diru sarreren gehigarriak, gehikuntzak edo murrizketak gaitzeko proiektuak proposatzea beharrezkoa denean.

7.– Dagozkion kontabilitate-liburuez arduratzea.

8.– Gobernu Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen kutxako kontaketak egiaztatzea.

9.– Gobernu Batzordearen berariaz hala erabakita, kontu korronteak edo aurrezki kontuak irekitzea dekanoarekin batera, elkargoaren izenean, eta kontu horietatik dirua ateratzea, baimendutako bi pertsonek sinatuta.

10.– Elkargoaren ondasunen inbentario zehatza egitea; ondasun horien administratzailea bera izango da.

38. artikulua.– Bokalen eskudantziak.

Bokalek eskudantzia hauek dituzte:

1.– Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak edo dekanoak Gobernu Batzordeari jakinarazi ondoren ematen dizkien eginkizun guztiak betetzea, eta elkargoaren Gobernu Batzordearen baimenarekin sortutako batzordeak garatzea eta haien buru egitea, estatutu hauen 31. eta 34. artikuluetan ezarritakoaren arabera (31. artikulua, Gobernu Batzordearen eskumenak, eta 34. artikulua, Dekanoaren eskudantziak).

2.– Gobernu Batzordeko gainerako karguen titularrekin lankidetzan aritzea eta haiek ordeztea, baldin eta ez badaude, gaixorik badaude edo kargu horiek hutsik badaude, estatutu hauen 29., 35., 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz (29. artikulua, Gobernu Batzordearen izaera eta osaera; 35. artikulua, Dekanordearen eskudantziak; 36. artikulua, idazkariaren eskudantziak, eta 37. artikulua, Diruzainaren eskudantziak).

39. artikulua.– Batzorde sektorialak.

1.– Elkargoak, Gobernu Batzordearen edo elkargokideen ekimenez, lan-batzordeak ezar ditzake lanbidearen barruko gai sektorialetarako edo interes orokorreko gaietarako.

2.– Batzorde sektorialak elkargoaren barruko taldeak dira, lanbide-eremu bera duten eta arazo komun batean parte hartzen duten elkargokideenak.

3.– Batzordeen oinarrizko helburuak aholkularitza, dibulgazioa, eztabaida, prestakuntza eta defentsa dira, bai eta beren eremu profesionalak sustatzeko balio duten beste alderdi guztiak ere.

4.– Batzorde sektorialak modu autonomoan antolatu behar dira, eta beren barne-araudia egin behar dute.

5.– Gobernu Batzordeak batzordeen funtzionamendurako barne-araudia onartu behar du.

6.– Batzorde bakoitzak koordinatzaile bat izan behar du, eta bera izango da Gobernu Batzordearekin harremanetan jarriko den pertsona, horretarako hautatutako bideen bidez.

7.– Batzorde sektorialen jardueren finantzaketa elkargoaren urteko aurrekontuan jaso beharko da.

VI. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEK GOBERNU BATZORDEAN DUTEN PARTE HARTZEA ETA HAUTESKUNDE ARAUBIDEA

40. artikulua.– Gobernu Batzordearen hauteskundeen maiztasuna.

Lau urtean behin, Gobernu Batzordeak ohiko hauteskundeak egingo ditu, eta, horietan, Gobernu Batzordeko kargu guztiak beteko dira. Ohiko edo ezohiko hauteskundeen deialdia jakinarazpen elektroniko baten bidez edo posta bidez egingo zaie elkargokide guztiei, hauteskundeen eguna baino bi hilabete lehenago beranduenez, eta elkargoaren webgunean argitaratuko da, han sartzeko aukera mugatu gabe. Deialdian, berdinketa hausteko formula aurreikusi beharko da, agintaldien iraupena zehaztu eta hauteskunde prozesu osoaren egutegi zehatza azaldu.

41. artikulua.– Elkargokide hautesleak, hautagarriak eta hauteskunde mota.

Elkargokide guztiek eskubidea dute Gobernu Batzordeko kideen hautaketa demokratikoan hautesle izateko eta hautagarri izateko, bai bakarka eta bai baterako hautagaitzaren batean, baldin eta hauteskunde deialdia egiten den egunean zigortuta ez badaude elkargokide eskubideak etenda.

Elkargokide guztiek hautatuko dituzte Gobernu Batzordeko kideak, sufragio unibertsal aske, zuzeneko eta sekretu baten bidez, eta elkargokide bakoitzak boto bat du, boto guztiek balio bera dute eta ez da onartzen botoa eskuordetzea.

42. artikulua.– Hautagaitzak aldarrikatzea.

Gobernu Batzordeak hauteskundeak egin baino hogeita hamar egun lehenago arte aurkeztutako hautagaitzak aldarrikatuko ditu. Hautagaitza horiek zein diren idatziz jakinaraziko zaie elkargokide guztiei, bozketa egin baino hamabost egun lehenago beranduenez.

Hautagaitza bakarra aldarrikatzen bada, ez da bozketarik egingo, eta hautagai guztiak aldarrikatuko dira hautetsi, aldarrikapen-ekitaldi berean.

43. artikulua.– Hautesleen zerrenda.

Hauteskundeak egin baino gutxienez hogeita hamar egun lehenago, Gobernu Batzordeak hautesleen zerrenda erakutsi beharko du Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko idazkaritzan, hamabost egunean, eta elkargoaren webgunean ere bai, elkargokideentzako eremu mugatuan.

Zerrenda horri buruzko erreklamazioa egin nahi duten elkargokideek hirurogeita hamabi ordu izango dituzte horretarako, zerrenda ikusgai egoteko epea amaitu ondoren. Erreklamazioak postaz edo elkargoaren webguneko leihatila bakarraren bidez egin beharko dira, Gobernu Batzordeko dekanoari zuzenduta, eta hirurogeita hamabi ordu baino lehen ebatziko dira. Ukatzeko ebazpenaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurretik, legez ezarritako moduan eta epeetan.

44. artikulua.– Hauteskunde-mahaiak.

Bozketa hasi baino bost egun lehenago, hauteskunde-mahaia osatuko da Gobernu Batzordearen egoitzan. Mahai horrek presidente bat, bi bokal eta idazkari bat izan behar ditu, hautagai ez direnak, eta Gobernu Batzordeak izendatuak guztiak.

Hauteskunde-mahaia eratzeko iragarritako tokian eta orduan eratuko da, eta zigilatutako hautestontzi bat eta boto-emaileen zerrenda izango ditu.

45. artikulua.– Artekariak.

Bozketa egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago, dekano izateko hautagaiek hala hautagaitza osoetakoek nola banakako hautagaiek Gobernu Batzordeari jakinaraz diezaiokete hauteskunde-mahaietarako artekariak izendatu dituztela; bi dira hautagaitza oso bakoitzeko, eta bat banakako hautagaitza bakoitzeko.

Artekari horiek bozketa guztian eta boto-zenbaketa guztian parte hartu dezakete, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak eginez. Erreklamazio horiek mahaiko lehendakariak ebatzi behar ditu, eta boto-zenbaketaren aktan jaso.

46. artikulua.– Bozketa.

Elkargokideek boto-paper bat bakarrik erabiliz eman behar dute botoa hauteskunde-mahaian, eta, boto-paper horretan, kargua eta kargu horretarako aukeratutako pertsona agertu behar dira. Modu hauetakoren batean eman daiteke botoa:

1.– Elkargokideak boto-papera mahaiburuari emanez, mahaiburuak hautestontzian sar dezan beraren aurrean. Horretarako, aurrez, elkargokidea identifikatu behar da. Kasu horretan, mahaiko idazkariak elkargokideen zerrendan adieraziko du nork ematen duten botoa.

2.– Posta ziurtatu bidez, boto papera hauteskunde mahaiko buruari bidalita gutun azal itxi batean; gutun-azal horrek beste gutun-azal baten barruan egon behar du. Hori ere itxi egin behar da, nortasun agiri nazionalaren fotokopia barruan duela, eta bidaltzailea argi eta garbi adierazi behar da gutun-azal horretan.

Elkargokideak bi gutun-azalak sinatu behar ditu, sinadurak hegala gurutzatzen duela. Posta bidezko botoak hauteskunde-mahaiko buruari bidali behar zaizkio, eta bozketa amaitzeko jarritako ordua baino lehen jaso behar dira.

47. artikulua.– Boto-kontaketa.

Bozketa amaitutakoan, emandako botoak kontatuko dira, behin-behinean, estatutu hauen 46. artikuluaren 1. apartatuan adierazitako prozeduraren arabera (46. artikulua, Bozketa). Boto-kontaketa hori jendaurrean izango da, eta hauteskunde-mahaiko idazkariak akta egingo du. Akta horretan, hautagai bakoitzak zenbat boto lortu dituen eta zenbat boto baliogabe eta zenbat zuri izan diren adierazi behar du.

Gero, egiaztatu behar da posta ziurtatuz bidalitako botoak boto-eskubidea duten elkargokideenak direla eta elkargokide horiek ez dutela bertaratuz emana botoa dagoeneko. Kasu horretan, mahaiko idazkariak posta bidezko botoa ematen dutenak markatu behar ditu elkargokideen zerrendan. Hori egin eta gero, mahaiburuak gutun-azalak zabaldu behar ditu eta boto-paperak honetarako propio prestatutako hautestontzi batean sartu, eta hautestontzia zigilatu egin beharko da.

Gutun-azal batek boto-paper bat baino gehiago baditu, ez da sartuko boto-paper horietako bat bera ere hautestontzian, eta botoa baliogabetzat joko da.

Gero, behin betiko kontaketa egingo da, jendaurrean, eta mahaiko idazkariak akta egingo du. Akta horretan, guztira zenbat boto eman diren, hautagai bakoitzak zenbat lortu dituen eta boto baliogabeak eta boto zuriak zenbat izan diren adierazi behar du.

Botoak honela kontatu behar dira:

1.– Hautagaitza osoek lortutako botoak kontatuko dira, eta boto bana esleituko zaie hautagaitza osoan agertzen diren pertsona guztiei.

2.– Osatu gabeko edo aldatutako hautagaitzen botoak aurrekoei gehituko zaizkie.

3.– Aurkezten den karguan boto gehien lortzen duen hautagaia hautatua izango da. Bi hautagairen artean berdinketa gertatuz gero, antzinatasun handiena duen elkargokidea izendatu behar da. Baliogabetzat joko da hautaketara aurkezten ez den pertsona bati kargu jakin bat esleitzen dion boto-papera.

48. artikulua.– Emaitzen aldarrikapena.

Gobernu Batzordeak, bozketaren aktak eta boto-emaileen zerrendak jaso ondoren, behin betiko ebatziko ditu artekarien erreklamazioak, halakorik jarri badute behintzat, eta, bozketa baliogabetu dezakeen eduki edo forma-akatsik ikusten ez badu, hauteskundeetako emaitza aldarrikatuko du, eta elkargokideei jakinaraziko die, berrogeita zortzi ordu igaro baino lehen, elkargoaren idazkaritzan eta webgunean ikusgai jarriz.

49. artikulua.– Erreklamazioak.

Bozketaren emaitzak argitaratu ondoren, bost eguneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko. Epe hori betetakoan, Gobernu Batzordeak erreklamazioak aztertuko ditu, halakorik egonez gero, eta horiei buruz erabakiko. Hauteskundeak baliogabetzeko arrazoirik ez dagoela uste badu, botoak kontatzeko erabilitako sistemaren arabera dagokiona aldarrikatuko du Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzorde behin betiko.

Gobernu Batzordeak, aurkeztutako aurkaratzeak ikusita hauteskundeak baliogabetzea erabakitzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunari jakinaraziko dio, eta epe berri bat jarriko du, adierazitako prozedura bera erabiliz berriro hauteskundeetara deitzeko, hauteskundeak baliogabetzen diren egunetik bi hilabete igaro baino lehen.

50. artikulua.– Karguez jabetzea.

Aldarrikapena egiten denetik hamar egun igaro baino lehen eratu behar da hautatutako Gobernu Batzordea, hautatutako kideak karguez jabetuz. Horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari, eta elkargoaren webgunean argitaratuko da.

51. artikulua.– Errekurtsoak.

Elkargokide orok legeetan aurreikusten den errekurtsoa aurkeztu dezake, berraztertzeko errekurtsoa, Gobernu Batzordeak hauteskunde-prozesu osoari dagokionez behin betiko emandako ebazpenen aurka, hala badagokio, bai eta administrazioarekiko auzi errekurtsoa ere, legez aurreikusten diren epeetan.

VII. KAPITULUA
ZENTSURA MOZIOAK

52. artikulua.– Zentsura mozioa aurkeztea.

Zentsura mozioak aurkeztu daitezke Gobernu Batzordeko kide baten edo batzuen aurka edo batzorde osoaren aurka.

Elkargokideen ehuneko hamarrek aurkeztu ditzakete zentsura mozioak:

Zentsura-mozio bat aurkeztu dutenek ezin izango dute beste zentsura moziorik aurkeztu Gobernu Batzorde beraren edo haren kideen kontra urtebeteko epean.

53. artikulua.– Zentsura mozioaren izapidetzea.

Zentsura mozioa aurkezten dutenek komunikazio idatzi edo elektroniko frogagarri bat aurkeztu behar diote dekanoari, mozioa aurkezteko arrazoiak eta aurkezten duten guztien izenak azaltzen direna.

Dekanoak, zentsura mozioa jaso ondoren, baldin eta 52. artikuluan eskatutakoa betetzen bada (52. artikulua, Zentsura mozioa aurkeztea), batzar orokor berezi batera deitu beharko du bi hilabete igaro baino lehen.

54. artikulua.– Zentsura mozioa ebaztea.

Zentsura-mozioa berariaz antolatutako Batzar Orokor Berezian ebatziko da.

Zentsura-mozioa onartzeko, 26. artikuluan ezarritako gehiengoa beharko da (26. artikulua. Batzar Orokorraren funtzionamendua).

Gobernu Batzordeko kideen aurkako zentsura mozioa onartzen bada, kide horiek kargutik kenduko dira, eta hauteskundeak egingo dira hutsik geratutako karguak betetzeko, indarrean dauden estatutuek horretarako xedatzen dutenari jarraituz.

Gobernu Batzorde osoaren aurkako zentsura mozioa onartzeak Gobernu Batzordea berehala desegitea ekarriko du. Mozioa onartu duen Batzar Orokorrak berak Adin Batzorde bat izendatuko du, hogeita hamar egun baino lehen hauteskundeetara deitu beharko duena hutsik dauden karguak betetzeko.

VIII. KAPITULUA
EKONOMIA ETA ADMINISTRAZIO ARAUBIDEA

55. artikulua.– Ahalmen juridikoa ekonomiaren eta ondarearen arloan.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak ahalmen juridiko osoa du ekonomiaren eta ondarearen arloan.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak behar diren baliabideak izan beharko ditu agindutako helburu eta eginkizunei eta elkargokideen zerbitzu-eskaerei behar bezala erantzuteko, eta elkargokideek gastuei aurre egiten lagundu beharko dute, araudian ezartzen den moduan.

Elkargoaren ondarea bakarra da.

56. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak honela lortuko ditu baliabide ekonomikoak:

1.– Elkargokideen nahitaezko ekarpenak, orokortasun-printzipioen eta elkargoaren zerbitzuen erabileraren araberakoak. Hauek dira:

a) Kidetzeko kuotak eta berriro kidetzekoak; ezin dira inola ere izan izapidetzearen kostua baino handiagokoak.

b) Urteko kuota arrunta. Batzar Orokorrak erabakiko du zer modalitate dauden.

c) Batzar Orokorrak onartutako kuota bereziak.

d) Lan profesionalak eragindako ordainsarien ondoriozkoak, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

e) Ikus oniritzia emateko errekarguak, indarrean dagoen legediaren araberakoak, eta edozein kontzepturen ordainketan berandutzeagatik erregelamenduari jarraituz ezarritako errekarguak.

f) Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatzeko eta mantentzeko tasak eta kuotak, bertan inskribatzen diren sozietateei ezartzen zaizkienak Gobernu Batzordearen erabakiz, baldin eta egintza inskribagarriak eskatzen badituzte edo ziurtagiriak eskatzen badituzte.

2.– Beste diru iturri batzuk:

a) Elkargoaren ondareko ondasun eta eskubideetatik eta argitalpenetatik datozenak.

b) Administrazio publikoek, entitate publiko edo pribatuek, elkargokideek edo beste pertsona juridiko edo fisiko batzuek elkargoari ematen dizkioten dirulaguntzak, dohaintzak eta abar.

c) Gobernu Batzordeak egiten dituen edo hark batzordeei eskuordetzen dizkien azterlan, txosten eta irizpenengatik sortutako eskubideak.

d) Gobernu Batzordeak ezarritako zerbitzuak erabiltzeagatik sortutako eskubideak.

e) Elkargoaren jardueratik edo haren bitarteko digital edo elektronikoen ustiapenetik eratorritako beste edozein diru sarrera, baldin eta lanbidearen izen onarekin eta indarrean dagoen araudiarekin bat badatoz.

Baliabide ekonomikoak biltzea Gobernu Batzordearen eskumenekoa da, baina eskuordetu ditzake eskumenak, berariazko akordioen bidez.

57. artikulua.– Kuotak.

Kuota-aldaketa guztiak argi eta garbi jaso behar dira urteko aurrekontuan, eta Batzar Orokorrak onartu behar ditu.

58. artikulua.– Aurrekontua.

Biologoen Elkargo Ofizialaren aurrekontua Gobernu Batzordeak egingo du, eraginkortasun, ekitate eta ekonomia-printzipioen arabera, eta aurrekontuak diru-sarrera eta gastu guztiak bildu beharko ditu, eta urte naturalarekin bat etorri. Batzar Nagusiak onartu beharko du aurrekontua, estatutu hauen 24. artikuluan azaldutakoaren arabera (24. artikulua. Batzar Orokorraren eskumenak), baina onartu aurretik elkargokideei txostena egin behar zaie. Edozein arrazoirengatik aurrekontua behin betiko onartuta ez badago ekitaldi ekonomikoa hastean, aurreko ekitaldiari dagokiona egongo da indarrean behin-behinean.

59. artikulua.– Elkargoaren funtzionamendu ekonomikoa.

Elkargoaren funtzionamendu ekonomikoa urteko aurrekontuaren araubidera egokitu behar da, eta kontabilitate ordenatua izan beharko du.

Elkargoaren kontabilitatea unean bertan indarrean dagoen Kontabilitate Plan Orokorrera egokitu behar da.

Gobernu Batzordeak norbait izendatuko du kontuen auditoria bat egiteko, elkargoaren kontabilitatea egiaztatzeko.

60. artikulua.– Ondasunen likidazioa.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala bere helburuak bertan behera uzten baditu bakarrik desegin ahal izango da, Batzar Orokorrak hura desegiteko erabakia hartu ondoren eta estatutu hauetan ezartzen den arauzko prozeduraren arabera.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala deseginez gero, Gobernu Batzordeak batzorde likidatzaile gisa jardungo du, betebeharrak likidatu ondoren geratzen diren ondasunen norakoa proposatuz Batzar Orokorrari, eta biologiarekin zerikusia duten eta gizartearen interesekoak diren egitekoak betetzen dituen edozein entitateri esleituz ondasunok. Entitate horrek, betiere, irabazi-asmorik gabekoa izan beharko du.

61. artikulua.– Teknikariak eta administrariak.

Elkargoak behar diren teknikariak eta administrariak izango ditu, eta horien ordainsariak dagozkien aurrekontuetako gastuen kapituluan jasoko dira.

Langileak Gobernu Batzordearen mende egongo dira hierarkian. Gobernu Batzordeak erabakiko du, une oro, zenbat pertsona behar diren, zer tipologia eta zer titulazio behar dituzten eta zer eginkizun dituzten.

Erregelamendu bidez ezarriko dira haien baldintza orokorrak eta haiek lanerako hartzeko modua.

IX. KAPITULUA
DIZIPLINA ARAUBIDEA

62. artikulua.– Diziplina-araubidea.

Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen IV. kapituluan xedatutakoari men egin beharko zaio (18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa; 14. 20. artikuluak).

Aipatutako 18/1997 Legean aurreikusitako zehapenak alde batera utzi gabe, oso falta astuntzat hartuko da elkargoko kideek elkargoko zereginak betetzean beste kide batzuen aurka eta elkargoko langileen aurka laneko jazarpeneko, sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabideak izatea.

X. KAPITULUA
ELKARGOAREN EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA

63. artikulua.– Elkargoaren egintzen araubide juridikoa.

Elkargoaren erabakiak eta arauak argitaratu egin behar dira, elkargoaren webgunean edo elkargokide guztiei posta elektronikoz bidaliz.

Era berean, Gobernu Batzordeak banan-banan jakinarazi beharko ditu erabaki horien hartzaileen eskubideei eta zuzeneko interesei eragiten dieten egintzak. Jakinarazpena elkargokideak adierazitako helbidean egingo da, jakinarazpena jaso dela eta noiz jaso den egiaztatzeko aukera ematen duen edozein bitartekoren bidez, edo elkargoaren bulegoetan bertan, interesduna han agertuz.

Gobernu Batzordeak behar diren arauak eta neurriak ezar ditzake jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez egin daitezen, teknologiaren egoeraren arabera. Are gehiago, jakinarazpenak egiteko bitarteko horiek elkargokideentzat esklusiboak eta nahitaezkoak izatea xeda dezake, eta, kasu horretan, horren guztiaren publizitate egokia egin behar du. Elkargoaren organoetatik datozen egintzek, administrazio-zuzenbideari lotuta daudenean, amaitu egiten dute administrazio-bidea, eta errekurtsoa jarri ahal izango zaie zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, indarrean dagoen legedian xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea.

Diziplina arloan, Gobernu Batzordearen erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kontseilu Autonomikoari, edo Kontseilu Nagusiari, hark bere eskumena eskuordetzen badio.

Elkargoaren organoen erabakiak eta egintzak, administrazio zuzenbideari lotu gabeko gaietan, berehala bete beharrekoak dira, erabakietan edo egintzetan bertan bestelakorik xedatzen ez bada behintzat.

Administrazio zuzenbidearen mendeko erabakiak eta egintzak baliozkotzat joko dira eta ematen diren egunetik aurrera sortuko dituzte ondorioak, non eta haietan ez den beste zerbait xedatzen edo ez diren diziplina gaiei buruzkoak.

Administrazio-zuzenbidearen mendeko egintzak eta erabakiak etenez gero, administrazio-prozedura erkidearen erregulazioari jarraitu beharko zaio. Diziplina arloan, hala ere, ebazpen erabakitzaileak eten egingo dira administrazio-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen bada, ebazpenak irmo bihurtu arte.

64. artikulua.– Gardentasuna.

Elkargoa abenduaren 9ko 19/2013 Legearen mende dago (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko Legea) edo horren ordez ematen den legediaren mende, zuzenbide publikoko korporazioa den aldetik, administrazio zuzenbidearen mendeko jarduerei dagokienez.

Gobernu Batzordea izango da legean ezarritako publizitate aktiboko betebeharrak betetzeaz eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzen dela bermatzeaz arduratuko den organoa, legean ezarritako eran.

Gobernu Batzordeak urteko memoria bat egin behar du, eta bertan, gutxienez, informazio hau eman behar du:

a) Kudeaketa ekonomikoaren gaineko urteko txostena. Besteak beste, langileen gastuak azaldu behar dira, eta Gobernu Batzordeko kideek karguaren arabera jaso dituzten ordainsariak zehaztu, halako ordainsaririk jaso badute behintzat.

b) Gobernu Batzordeko kideen kopurua, sexuaren arabera banatuta.

c) Kuoten zenbatekoa, eta hura kalkulatzeko arauak.

d) Informazio erantsia eta estatistikoa, instrukzio fasean diren edo dagoeneko irmoak diren informazio eta zehapen prozedurei buruzkoa. Arau haustea, haren izapidetzea eta ezarritako zehapena ere adierazi behar dira, datu pertsonalak babesteari buruzko legedia betez betiere.

e) Informazio erantsia eta estatistikoa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek edo haiek ordezkatzen dituzten antolakundeek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruzkoa, eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legedia betez.

f) Aplikatu beharreko eta elkargoaren webgunean argitaratutako kode deontologikoaren edukian egindako edozein aldaketa.

g) Bateraezintasunei buruzko arauak eta Gobernu Batzordeko kideek dituzten interes gatazkak, halakorik badute behintzat.

h) Ikus onesteko jarduerari buruzko informazio estatistikoa.

2.– Urteko memoria webgunearen bidez argitaratuko da, urte bakoitzeko lehen seihilekoan, eta aplikatu beharreko legediaren arabera, halakorik badago behintzat.

65. artikulua.– Tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

Denak berdin tratatzeko eta inor ez diskriminatzeko printzipioari jarraitu behar zaio biologoaren lanbidean sartzeko eta jarduteko zehazki, arraza edo etnia jatorriagatik, erlijioagatik edo sinesteengatik, ezgaitasunagatik, adinagatik edo sexu-orientazioagatik ez diskriminatzeko printzipioari, abenduaren 30eko 62/2003 Legearen II. tituluaren III. kapituluaren III. atalean agintzen den eran jarraitu ere (62/2003 Legea, abenduaren 30ekoa, Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko Legea).

XI. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA

66. artikulua.– Estatutuak aldatzea.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren Batzar Nagusiak erabaki dezake, Gobernu Batzordearen ekimenez, estatutu hauek aldatzeko proposamena aurkeztea Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzari eskumena duen organoaren bidez. Erabakitakoak balio izateko, emandako botoen bi herenek gutxienez aldekoak izan behar dute, estatutu hauen 26. artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitakoaren arabera (26. artikulua, Batzar Orokorraren funtzionamendua).

XII. KAPITULUA
EUSKADIKO BIOLOGOEN ELKARGO OFIZIALA DESEGITEA

67. artikulua.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala desegitea.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala desegiteko, Eusko Legebiltzarraren lege bat beharko da, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 31. artikuluaren arabera (18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa).


Azterketa dokumentala