Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2026ko azaroaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4847

AGINDUA, 2026ko urriaren 20koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldietarako 2026. urteko laguntzak, minimis araubideari atxikitakoak.

Landa-ingurunearen Garapenaren ekainaren 30eko 7/2022 Legearen arabera, hauek dira landa-garapenaren printzipioak: «landa-ingurunearen jasangarritasuna eta funtzio-aniztasuna lortzea, lurralde-ikuspegi justu, orekatu eta jasangarri batetik; horretarako, landa-garapenaren ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arloetako dimentsioetan hainbat printzipio txertatuko ditu, besteak beste, landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko eta emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna, landa-eremuko emakumeen ahalduntzea, biodibertsitatea mantentzea, paisaiaren eta euskal landa-ingurunearen kultura-identitatearen zainketa, eta landa-eremu guztietan euskararen erabilerari eman beharreko bultzada».

Aipatutako legeak, orobat, landa-garapenerako helburu estrategiko hauek finkatzen ditu: «Erakundeen arteko beharrezko koordinazioa bermatzea EAEko landa-eremuen jarduera ekonomikoa sustatu eta dibertsifikatzeko, herrialdearen ekonomia jasangarria gara dadin laguntza emateko eta landa-eremu horietan biztanleria eta zerbitzuak ezarri daitezen, betiere landa-ingurunean funtsezkoa den lehen sektoreko jarduera errespetatuz»; eta, horrekin batera, «EAEko landa-biztanleen ongizate-maila hiri-biztanleen ongizate mailarekiko parekatzea, bai eta landa-ingurunearen despopulatzeari eta zahartzeari buelta ematea ere, funtsezko faktorea baita Euskadiko gizartearen eta lurraldearen kohesiorako».

Nekazaritza- eta arrantza-jarduerak alde batera uztea eta landa- eta itsasertz-eremuetan belaunaldi-erreleboa etetea gisako arazoek halako eremuetan bizi diren herritarren premiei eragiten diete, eta, beraz, eragin horren alderdi guztiak aintzat hartu behar dira, arazook aztertzeko orduan. Ildo horretatik, gizarte-ekitaldiak egitea garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremua biziberritzeko.

Izan ere, gizarte-ekitaldiek zeharkakotasuna eskaintzen diote landa- eta itsasertz-eremuari, hau da, energia endogenoak sortzeko eta askatzeko gaitasuna dute, gizarte- eta ekonomia-arloak zeharkatzeko gai direnak. Beharrezkoa da azpimarratzea bai gizarte-kohesioa eta identitatea, bai herri bateko edo landa- edo itsasertz-eremu bateko kide izatearen sentimendua. Alde horretatik, gizarte-ekitaldiak elementu intrintseko eta aglutinatzaileak dira. Hori dela-eta, garrantzitsua da landa- eta itsasertz-eremua dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzea, aldi berean nekazaritza-jarduera alde batera uztearen eta belaunaldi-erreleborik ezaren krisia aukera gisa jorratuz, arazoari aurre egiteko modu berriak ahalbidetzeko estimulu gisa, baita gizarte-arlotik ere, antolakuntza-diseinu malgu batean oinarritutako eredu ekonomiko berrien barnean, ekimena eta lidergo pertsonala (ekintzailetza) eta sare irekiak (Internet, lankidetza-plataformak) konbinatuz.

Laguntza-programa honen bitartez, landa-aldean eta itsasertzean jarduerak egin daitezela sustatu nahi da, orain arte ekitaldi gehienak hiriguneetan egin baitira. Horregatik, beharrezkoa da ahalegin bat egitea ekitaldiok landa- eta itsasertz-eremuetara eraman daitezen. Gainera, landa-garapenerako laguntzak areagotzeko aukera bat da, diziplina anitzeko ikuspegi berri batetik. Programaren helburu estrategikoa da landa- eta itsasertz-eremuetan bizi-kalitate altua mantentzea, zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez; jarduera ekonomikoa sortzen ere lagunduko luke.

Horrela, bada, agindu honen xedea da 2026. urterako laguntzen deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak sustatzeko. Laguntza horiek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude (agindu horren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2026, 2027 eta 2028rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen); eta, zehazki, hemen daude jasota: 5.1.2.6 neurria. «Landa-eremuko gizarte-ekitaldietarako laguntzak», Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila, Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetza, «Hazkuntza- eta ongizate-eredua» ardatz estrategikoa, «Lehen sektorea eta arrantza» helburu estrategikoa, Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritza, 7112 «Landa-garapena» programa, «Landa-eremuko gizarte-ekitaldietarako laguntzak» dirulaguntza-lerroa.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei. Era berean, agindu honetan aipatutako dirulaguntzak arau hauetan ezarritakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen araubidea erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzena –bertan jasota dago oinarrizko araudia–; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken horren erregelamendua onartzekoa.

Bestalde, aurtengo ekitaldiko laguntza-deialdia egitea ahalbidetzen dute 1/2011 Legegintzako Dekretuak (maiatzaren 24koa, zeinaren bitartez, batetik, onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina, eta, bestetik, arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena) eta 7/2025 Legeak (abenduaren 23koa, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorrak).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2026. urterako, EAEko landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak egiteko de minimis araubideari atxikitako laguntza-deialdiaren oinarriak. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 20a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala