Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2026ko azaroaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4845

AGINDUA, 2026ko urriaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Call for transnational proposals 2025 – «Better care closer to home: Enhancing primary and community care» nazioarteko lehia-deialdian hautatu diren eta Euskal Autonomia Erkidegoren partaidetza duten I+G proiektuei laguntzak emateko deialdia, Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioarena, eta deialdi hori arautzen duten oinarriak onartzen baitira. Nazioarteko lehia-deialdi hori Horizonte Europa Esparru Programaren barruan Europar Batasunak sustatutako «European Partnership on Transforming Heatlh and Care System (THCS)» osasun-sistemak eraldatzeko Europako lankidetzaren esparrukoa da (101095654 zenbakiko dirulaguntza-akordioa).

BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa EAEko sistema sanitarioan berrikuntza eta ikerketa sustatzeko tresna da, Osasun Sailak sortutakoa. Fundazioa, halaber, lankidetza, komunikazio eta elkarlanerako esparru bat da, erkidegoan, Estatuan eta nazioartean osasun-alorreko ikerkuntza eta berrikuntzan diharduten sektoreen artekoa. Gainera, programa eta politika sanitarioak eta sektoreartekoak funtsatzen laguntzen du BIOEFek, sistema sanitarioak kalitate eta lehiakortasun handiagoa izan dezan. Urriaren 29ko 319/2024 Dekretuari jarraikiz (Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), BIOEF Osasun Sailari atxikitako sektore publikoko fundazio bat da.

Zenbait legek ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute: Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duen irailaren 5eko 17/2022 Legeak. Lege horiek, gainera, era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Arlo honetan, Osasun Sailak, Euskadi 2030 Osasun Planari jarraikiz eta Euskadiko Osasun Itunean gizartearekin hartutako konpromisoarekin bat etorriz, ikerketa eta berrikuntza sustatzen ditu esparru estrategiko horien bidez, eta modu aktiboan laguntzen du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2030 Plana (2030 ZTBP) birformulatzen, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan Estrategiko berria baita (RIS4 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategian oinarritua), non «osasuna politika guztietan» edo One Health baita ikerketa- eta berrikuntza-esparruetako edozein ekintzaren elementu aglutinatzailea. Helburua da EAEko gizartearen itxaropena, bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea, Euskadi 2030 urtean Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duen berrikuntza-politika baten bidez. Politika horren oinarriak dira abangoardiako ezagutza sortzea, ezagutza hori gizartearentzako soluzio bilakatzea, berrikuntza eta talentua erakartzea eta hari eustea. Esparru horretan, I+G nazioartekotzea ardatz estrategiko bat da nazioarteko posizionamendua eta lankidetzak indartzera bideratua, bai eta kanpo-finantzaketa erakartzera bideratua ere, ezagutza aitortua sortzeko eta Europako proiektuetan lidergoa izateko. Horretarako, laguntzak emango dira EAEk Horizonte Europa-ren programazio bateratuko deialdietan parte hartzea finantzatzeko, baldin eta deialdi horiek kofinantzaketa nazionala behar badute.

Laguntzak emateko prozedura honen xedea hau da: «European partnership on Transforming Health and Care Systems – THCS-» (aurrerantzean, THCS) osasun-sistemak eraldatzeko Europako lankidetzak egindako lehiaketa-deialdietan arrakastaz parte hartu duten EAEko entitateak finantzatzea. Osasun Sailak, BIOEFen laguntzarekin, finantzaketa-agentzia gisa esku hartzen du, deialdi horiek kofinantzatuz.

THCS lankidetzak 26 herrialdetako 64 bazkide biltzen ditu, Europar Batasunak kofinantzatzen du Horizonte Europa Esparru Programaren barruan, eta helburu hauxe du: pertsonak erdigunean jartzen dituzten osasun- eta asistentzia-sistema jasangarriago, erresiliente, berritzaile eta kalitate handikoak lortzeko trantsizioa bermatzea. JTC 2025 – «Better care closer to home: Enhancing primary and community care» deialdiaren helburua da lankidetzako ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatzea, Europako osasun- eta arreta-sistemak eraldatzen laguntzeko. Nazioz gaindiko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak bultzatu nahi ditu, osasun-sistemak eta arreta komunitarioa indartzeko, osasun-zaintzak eskuragarriagoak, ekitatiboagoak, jasangarriagoak eta pertsonengan zentratuak izan daitezen eta zaintza instituzionalizatuarekiko mendekotasun txikiagoa izan dadin. Etorkizuneko osasuna eta zainketak taxutzeko behar diren ezagutzak eman nahi ditu, eta konponbide berritzaileak eskala handiagoan aplikatzen lagundu.

Agindu honetako laguntzak emateko araubidea zuzeneko dirulaguntzena da, honako hauei jarraikiz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 28.1 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 66. artikulua, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak emandako gaikuntzaren arabera, zeinak Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua aldatzen baitu.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea aldez aurretik sartu zen Osasuneko sailburuaren 2025eko otsailaren 7ko Aginduan, zeinaren bidez onartu baitziren, batetik, 2025eko ekitaldiko Dirulaguntzen Urteko Plana eta, bestetik, Osasun Sailaren 2024-2028ko aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartua, Berrikuntza eta Ikerkuntza sanitariorako Euskal Fundazioari dagokionez, Osasun Sailaren egoitza elektronikoan argitaratuta.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarren bigarren apartatuak aldatu zuen xedapen hori–, sektore publikoko fundazioek dirulaguntzak eman ahal izango dituzte, baldin eta atxikita dauden administrazio-organoaren baimena badute.

Deialdiaren zuzkidurari dagokionez, aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean eta, haren barruan, BIOEFen ustiapen-aurrekontuan jasotakoaren arabera.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia eta objektibotasuna–, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoari jarraikiz, eta aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Deialdi honek ez du inolako jarduketarik behar Europar Batasuneko erakundeen aurrean; izan ere, diruz lagun daitezkeen jarduerek ez daukate izaera ekonomikorik, eta, beraz, Estatu-laguntzei buruzko Europako araudiaren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da deialdia, Europar Batasuneko I+G+Bko esparruaren babespean baitago.

Hori guztia dela eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan ezarritakoa betez, martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, 2.b) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eranskinean ezarritako moduan deialdia egitea Call for transnational proposals 2025 – «Better care closer to home: Enhancing primary and community care» nazioarteko lehia-deialdian hautatu diren eta EAEren partaidetza duten I+G proiektuei laguntzak emateko, eta onartzea deialdia arautzen duten oinarriak. Nazioarteko lehia-deialdi hori «European Partnership on Transforming Heatlh and Care System (THCS)» osasun-sistemak eraldatzeko Europako lankidetzaren esparrukoa da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENGOA

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarraian aipatzen diren lege-testuetan xedatutakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, EAEko Sektore Publikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 30a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.

ERANSKINA
LAGUNTZA HAUEK ARAUTZEN DITUZTEN OINARRIAK: CALL FOR TRANSNATIONAL PROPOSALS 2025 – «BETTER CARE CLOSER TO HOME: ENHANCING PRIMARY AND COMMUNITY CARE» NAZIOARTEKO LEHIA-DEIALDIAN HAUTATUTAKO ETA EAEREN PARTAIDETZA DUTEN I+G PROIEKTUETARAKO LAGUNTZAK. NAZIOARTEKO LEHIA-DEIALDI HORI «EUROPEAN PARTNERSHIP ON TRANSFORMING HEATLH AND CARE SYSTEM (THCS)» OSASUN-SISTEMAK ERALDATZEKO EUROPAKO LANKIDETZAREN ESPARRUKOA DA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da jarraian aipatzen den lehia-deialdian hautatutako proiektuetan EAEren parte-hartzea finantzatzeko zuzeneko laguntzak emateko deialdiaren oinarriak ezartzea. Deialdi horretan, Osasun Sailak organismo finantzatzaile gisa esku hartzen du, BIOEFen laguntzarekin. Honako hau da lehia-deialdia: «Better care closer to home: Enhancing primary and community care» proiektuetarako laguntzen nazioz gaindiko 2025eko deialdi bateratua.

«Better care closer to home: Enhancing primary and community care» 2025eko deialdiko kanpoko adituen taldeak hautatutako proiektua finantzatuko da. Deialdia 2024ko azaroaren 26an egin zen, eta argitara eman zen THCS (https://www.thcspartnership.eu/funding/jtc-2025-better-care-closer-to-home.kl) lankidetzaren webgunean.

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez-ekonomikotzat hartuko dira; beraz, bete egin beharko dira ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatuko laguntzei buruzko Esparru Batzordearen komunikazioan Europako Batzordeak ezarri dituen betekizunak (2022-10-28ko EBAO, C 414), 20.a) puntukoak (ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak eta jakintzaren transferentziarako jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa. Honako hauek hartuko dira jarduera ekonomikotzat:

1.– I+G-zerbitzuak ematea, eta enpresen kontura egindako I+G-a.

2.– Ikerketa-azpiegituren alokairua.

3.– Bestelako jarduera ekonomiko guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen diren baldintzak (2022-10-28ko EBAO, 414. K).

Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak errespetatuko dituzte (gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak) eta ikerketa biomedikoaren arloan indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak beteko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.

Proiekturen batean beharrezkoa bada pertsonekin esperimentatzea edo giza jatorriko lagin biologikoak erabiltzea, ikerketa egingo den erakundearen Ikerketarako Etika Batzordeak (indarrean dagoen araudiaren arabera eratua izan behar da) emandako nahitaezko baimena aurkeztu beharko da. Etika Batzordearen baimen horri pazientearen baimen informatua eta pazientearentzako informazio-orria erantsiko zaizkio.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (ZTBES) sartuta dauden eta horretarako akreditatuta dauden eragileek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzeri eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan eta haren ondorengo eguneratzeetan ezarritakoarekin, eta, orobat, haren xedapen iragankorren edo laguntza-eskabidea aurkezten den egunean hura ordezkatzen duten xedapenen arabera.

2.– Ezinbesteko betekizuna da ikerketa-zentro sanitarioen kategorian egiaztatutako ZTBESko eragile batek, gutxienez, parte hartzea 2025eko «Better care closer to home: Enhancing primary and community care» proiektuetarako laguntzen nazioz haraindiko deialdi bateratuan aurkeztutako proiektuaren partzuergo onuradunean.

3.– Eragileek ZTBESn akreditatuta egon beharko dute agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.

4.– Deialdi honetan ezarritako baldintzak eta EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan jasotakoak betetzen dituzten entitateak izan daitezke onuradun.

5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan eskatzen denarekin bat etorriz, eragileek agindu honetako laguntzak ematea dakarren jarduera egin beharko dute.

6.– Ezin izango dira agindu honetako laguntzen onuradun izan egoera hauetariko batean dauden eragileak:

a) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso izana.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiaraztea eragin izana kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean egotea: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzupeko langileen bateraezintasunena (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean diren xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz xedaturiko moduan, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan adierazitakoari jarraikiz (otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.).

f) Egoitza fiskala araudiak zerga-paradisutzat jotako lurralde edo herrialderen batean izatea.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean ez izatea erregelamenduz xedatutako moduan, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan adierazitakoari jarraikiz (otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.).

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai eta Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.

i) Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota ez betetzea eta hura betetzeko ordezko neurriak hartzen hasi direla ez egiaztatzea.

k) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako elkarteak ezingo dira izan onuradun haien kideetako edozeinek aurreko debekuetakoren bat badu.

l) Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

7.– Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluari jarraikiz, ezin izango dira onuradun izan LGTBI pertsonen kontrako diskriminazio edo indarkeriazko ekintzak egiten, bultzatzen eta sustatzen dutenak.

8.– Aurreko puntuetan zehaztu diren debekuak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta haien helmenari dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko EAEko Legearen 13. artikulua aplikatuko da.

9.– Laguntza-eskabidea aurkeztuta, eragile eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko EAEko Legean eta betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako moduan. Hala ere, eragile eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, eginbehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako baldintzetan.

10.– Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak berekin dakar jarduera behar bezala egiten laguntzeko konpromisoa, baldin eta laguntza ematen bazaio, eta eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko eta berresteko konpromisoa. Era berean, eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraztea dakar berekin, eta ikerketa-jardueretan aplikatzekoa den araudia ere betetzen duela.

3. artikulua.– Talde eskatzailearen betekizunak.

1.– Talde eskatzailetzat hartuko da ZTBESko eragileak osatutako taldea (2. artikuluaren arabera onuradun direnak, zehazki), 4. artikuluan ezarritako modalitatean ikerketarako laguntza eskatzen duena. Taldeko kideek kasuan kasuko jarduera gauzatzen parte hartuko dute, zein bere zereginez arduratuta, proposatutako lan-planari jarraikiz.

2.– Ezinbesteko betekizuna da ikerketa-zentro sanitarioen kategorian egiaztatutako ZTBESko eragile batek, gutxienez, parte hartzea 2025eko «Better care closer to home: Enhancing primary and community care» proiektuetarako laguntzen nazioz haraindiko deialdi bateratuan aurkeztutako proiektuaren partzuergo onuradunean.

3.– Talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo lan-lotura formalizatua izan beharko dute, bai onuradun den ZTBESko eragilearekin (agindu honen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat), bai proiektua egiteko zentroarekin, bai beste entitate batzuekin, baldin eta eragileak indarreko hitzarmen bat badauka beste entitate horiekin ikertzailearen lotura babesteko. Lotura proiektuaren egikaritze-aldi osorako ez bada, entitate horren legezko ordezkariak adierazpen bat sinatu beharko du. Adierazpen horren bidez, proiektuan ikertzaile nagusi (IN) edo laguntzaile gisa parte hartzeko baimena emango zaio eta loturari eusteko konpromisoa hartuko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik proiektua gauzatzeko epea amaitu arte.

4.– Ikertzaile nagusiek eskabide bakar batean parte hartu ahal izango dute rol horretan. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu batean baino gehiagotan parte hartzeko.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen laguntzen ezaugarriak eta emateko araubide juridikoa.

1.– Agindu honen xede diren laguntzak zuzeneko dirulaguntzen modalitatean emango dira, honako hauei jarraikiz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 28.1 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 66. artikulua, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak emandako gaikuntzaren arabera, zeinak Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua aldatzen baitu.

Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua aldatzen du, eta, hartara, aukera ematen du zuzeneko dirulaguntzak emateko ikerketa zientifikoko, teknikoko eta berrikuntzako proiektuak egiteko, baldin eta proiektu horiek zenbait estatu kidek Europar Batasunaren urte anitzeko esparru-programa gauzatzeko sortutako egiturek egindako deialdi publikoen ondorio badira –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (aurrerantzean, EBFT) 182., 185., 186. eta 187. artikuluetan xedatutakoaren babesean–, eta, halaber, Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren babesean sortutako elkarteen esparruan egiten diren deialdien ondorio badira.

2.– Dirulaguntzak emateko, publikotasunaren, gardentasunaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraituko zaie, eraginkortasunaren eta efizientziaren mesedetan. Printzipio horiek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.3 artikuluan eta haren Erregelamenduan ezarrita daude.

3.– Diruz lagundutako jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikerketa-taldeek gauzatuko dituzte. Ikerketa-talde horiek ikertzaile nagusi (IN) batek zuzenduko ditu, eta ikertzaile hori arduratuko da inskribatzen den nazioarteko proiektuaren barruan aurkeztutako proposamenaren jarduerak egiteaz.

4.– Agindu honen babesean finantzatutako proiektuak banakakoak izango dira; izan ere, 2.1 artikuluan aipatutako onuradunetako batek bakarrik esku hartzen du proiektu horien garapenean. Laguntza honen onuradun izateko eskakizunak betetzen dituen entitate batek baino gehiagok esku hartzen badu nazioarteko proiektuan, haietako bakoitzak bere eskabidea aurkeztuko du.

5.– Ikerketa-proiektuek 2 edo 3 urteko iraupena izan dezakete.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Kasu bakoitzean emango den dirulaguntzaren bidez ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira, baldin eta proiektua gauzatzearekin zuzenean lotuta badaude, eta eskabidearen memorian aldez aurretik zehaztu badira.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erdietsi litekeen beste edozein motako laguntza edo dirulaguntzarekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da; horrela, jasotako laguntzen guztizko zenbatekoak ez du inola ere gaindituko diruz lagundutako jardueraren kostua. Muga hori betetzen dela bermatzeko, eragile onuradunek erantzukizunpeko adierazpenean gehiegizko finantzaketarik ez izateko berariazko konpromisoa jaso beharko dute, eta berehala jakinarazi beharko diote organo emaileari helburu bererako lortu duten edozein laguntza edo dirulaguntza, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

3.– Langile-gastuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), proiektuan aritzen diren heinean. Proiektua gauzatzeko behar diren eta dedikazio espezifikoa duten langileen kostuak, baldin eta entitate onuradunarekin laneko kontratu-lotura badute.

Ez dira finantzatzekoak izango ZTBESko eragileei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.

4.– Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Proiektua egiteko ezinbestekoa den material inbentariagarria sartzen da, eta espresuki kanpoan uzten dira altzariak eta instalazioak.

Halaber, material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta zabalkundearekin lotutako gastuak (argitalpenak, etab.) sartzen dira, baita entitate onuradunaren ikerketan laguntzeko zerbitzu nagusi eta orokor batzuen erabilera-kostuak ere, baldin eta proiektua garatzeko behar bezala justifikatzen badira eta beharrezkoak badira.

Bulegoko material orokorra ez da diruz lagunduko (fotokopiak, tonerra, telefono-gastuak eta abar).

Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuen kontratazioa eskaeraren memorian islatuta egon beharko da, zerbitzuaren izaera eta kontratuaren kostua zehaztuta. Proiektuko jarduera batzuk azpikontratatu ahal izango dira, hain zuzen dirulaguntza jasotzen duen jarduketaren parte direnak, baldin eta dirulaguntzaren onuraduna den eragileak egin ezin baditu (dena dela, hori proiektuaren memorian egiaztatu beharko da). Onuradun bakoitzeko azpikontratatzen den jardueraren kostu osoa ezingo da izan onuradun horri dagokion aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino handiagoa. Ezingo da ez jarduera zientifikorik, ez kudeaketa-jarduerarik azpikontratatu.

Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen baditu, eragile onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, eta espresuki justifikatu beharko du memoria baten bidez egindako hautaketa, baldin eta ez bada eskaintza ekonomikorik abantailatsuena hautatzen. Memoria hori justifikazioan aurkeztu beharko da.

5.– Bidaiei eta joan-etorriei dagozkien gastuak. Landa-lanak, koordinazio-bilerek eta kongresuek, hitzaldiek eta halakoek eragindakoak, baldin eta proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.

6.– Deialdi honen kontura finantza daitezkeen gastuak izango dira, halaber, proposatutako proiektuaren zeharkako gastuak (zuzeneko kostuaren % 21), eta halakotzat hartuko dira proiektua gauzatzen den entitatearen egiturazko gastuak (argia, ura, garbiketa, mantentze-lanak edo antzekoak), baldin eta, proiektu jakin bati zuzenean egotzi ezin bazaizkio ere, proiektua gauzatzeko beharrezkoak badira.

7.– Proiektua amaitu ondoren, emandako laguntzen kontura erositako material inbentariagarria eta bibliografikoa proiektua gauzatu duen zentroarentzat izango da, eta ikerketa-jardueretarako erabiliko da nagusiki.

8.– Laguntza-eskabidea urterokoaren arabera banatzeko, 6. artikuluan adierazitako urteko deialdiaren zuzkidura hartuko da kontuan.

9.– Nolanahi ere, ondore horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOren 31. artikulua eta DEOren 83. artikulua, oinarrizkoak baitira.

10.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzen entitate onuradun bakoitzaren proiektuaren aurrekontu finantzagarriaren zenbateko osoak ezingo du gainditu parte-hartzaile horrek nazioarteko deialdian aurkeztutako proiektuan duen aurrekontuaren guztizko zenbatekoa.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa hirurehun mila (300.000) eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta honela banatzen dira: 165.000 euro (% 55) 2026an; 75.000 euro (% 25) 2027an; 60.000 euro (% 20) 2028an.

II. KAPITULUA
KUDEATZEKO PROZEDURA

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko era eta epea.

1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Agindu honen babesean finantzatutako proiektuak banakakoak izango dira; izan ere, 2. artikuluan aipatutako onuradunetako batek bakarrik esku hartzen du proiektu horien garapenean. Laguntza honen onuradun izateko eskakizunak betetzen dituen entitate batek baino gehiagok esku hartzen badu nazioarteko proiektuan, haietako bakoitzak bere eskabidea aurkeztuko du.

2.– Elektronikoki gauzatuko dira agindu honekin lotutako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako izapide guztiak, honako hauekin bat etorriz: Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikulua (2023ko ekainaren 30eko EHAA, 124. zk.), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9., 10. eta 14. artikuluak eta, halaber, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honen bitartez: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Eskabidea lortzeko eta hura betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, honako helbide hauetara:

Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/1048913

Euskaraz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1048913

4.– Eskabidea betetzeko, entitate eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, 8.6 artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira, Herritarrentzako arreta integral eta multikanalari eta zerbitzu publikoetarako irispidea bitarteko elektronikoen bidez izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat.

5.– Entitateek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta hari erantsi beharreko gainerako agiriak. Halaber, entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan eta eskabidetik eratorritako jarduketetan, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

6.– Honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabide-inprimakia.

b) Jarraian aipatzen den nazioarteko deialdian aurkeztutako ikerketa-proiektuaren memoria osoaren kopia; honako hau da deialdia: «Better care closer to home: Enhancing primary and community care» proiektuetarako laguntzen nazioz gaindiko 2025eko deialdi bateratua.

c) BIOEFen dirulaguntza jaso duen laguntzaren aurrekontu-memoria (I. eranskina).

d) Entitate eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (II. eranskina).

e) Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:

1) Ikertzaile nagusiaren entitatearen Ikerketako Batzorde Etikoaren txostena, hala behar denean.

2) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Ikerketarako Euskal Biobankuaren ziurtagiria, zeinean egiaztatzen baita ikertzaile nagusiak Biobankuari lagin biologikoak biltzeko edo lagatzeko eskatu diola deialdi honetan laguntza eskatzen den ikerketa-proiekturako.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak entitate onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak nahiz kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak, kontrol- eta egiaztapen-jarduera horietan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dutelarik.

7.– Apartatu honetan adierazitako eredu normalizatu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

8.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (epea amaitu eta hurrengo eguneko 14:00ak arte).

8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada, edo ez badira aurkeztu eskatutako agiri guztiak, entitate eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzendu ditzan edo falta diren agiriak erants ditzan, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena dela, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatzen denarekin.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazi nahi den egintza, bai eta interesduna noizn sartu den haren edukira ere; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

9. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioaren I+G+b arloko kudeaketa koordinatzeko Zuzendaritza da deialdi honen xede diren laguntzak emateko prozedura bideratzeko organo eskuduna.

2.– Aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala jaso ondoren, instrukzio-organoak egiaztatuko du laguntzaren onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen direla, eta aurkeztutako proposamenak eta aurrekontuak aztertuko ditu. Instrukzio-organoak ofizioz egin ahal izango ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero, horietan oinarrituz, ebazpen-proposamenak egiteko.

3.– Instrukzio-organoak organo eskudunari helaraziko dio ebazpen-proposamena. Proposamen horretan adieraziko dira, aurrekontu-baliabideak aintzat hartuta, proposatutako finantzaketaren zenbatekoa eta banaketa, bai eta ikerketa-proiektua egiteko baldintzak eta epeak ere, nazioarteko deialdiaren modalitatearen arabera.

4.– BIOEFen ahaldun nagusia da laguntzak emateko ebazpena emateko organo eskuduna.

5.– Laguntza emateko ebazpenean espresuki adieraziko dira laguntzaren entitate onuraduna, dirulaguntzaren zenbatekoa, proiektuaren izenburua eta proiektua gauzatzeko aldiaren urte anitzeko banakapena.

6.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea gehienez sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, euren eskabidea ezetsi egin dela ulertuko dute entitate eskatzaileek, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluekin.

7.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, entitate eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Osasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

8.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, entitateek espresuki uko egin ahal izango diote ebazpenari. Aipatutako epean uko egiten zaiola adierazi ezean, deialdiaren ondoreetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.

10. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzaren entitate onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:

1.– Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.

2.– Eskatzen zaion informazioa ematea deialdia kudeatzen duen organoari, deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzari buruz.

3.– Eskabidean jasotako datuak edo inguruabarrak aldatuz gero, deialdia kudeatzen duen organoari jakinaraztea, aldaketa gertatu eta gehienez hilabeteko epean.

4.– Laguntza-eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio deialdia kudeatzen duen organoari. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

5.– Halaber, entitate onuradunek neurriak hartu beharko dituzte proiektuen finantzaketaren izaera publikoa ezagutarazteko.

Onuradunak, laguntzaren xede diren proiektuei buruzko komunikazio edo argitalpen orotan, honako informazio hau eman beharko du:

a) Europar Batasunaren eta BIOEF/OSASUN SAILAren babesa jaso izana esplizituki adieraztea, bai eta lortutako finantzaketaren aipamena ere.

b) Europar Batasunaren eta BIOEF/OSASUN SAILAren logotipoa, bata bestea baino nabarmenago ez uzteko moduan. Europar Batasunaren ikurrarekin batera, «Co-funded by the European Union» testua erantsiko da.

6.– Halaber, entitate onuradunek neurriak hartu beharko dituzte proiektuen finantzaketaren izaera publikoaren zabalkundea egiteko, eta, orobat, kontabilitate-liburuak eramateari, erregistroak izapidetzeari eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak izateari buruzkoak bete, bat etorriz merkataritzako eta, hala badagokio, sektoreko legeek eskatutako zehaztapenekin, bai eta DLOaren 14., 18.4 eta 37.1 artikuluetan ezarritako gainerako betekizunekin ere; izan ere, lege hori oinarrizkoa da.

7.– Entitate eta pertsona onuradunek espezifikoki bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 27. artikuluetan onuradunei ezarritako betebeharrak.

8.– Entitate onuradunak gorde egin beharko ditu egindako eta memoria ekonomikoan adierazitako gastuen jatorrizko fakturak eta gainerako frogagiriak, 5 urtez.

9.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten funtzioak betetzen ari direla, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio oro eman beharko dute entitate onuradunek.

11. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta kudeatzea.

1.– BIOEF da laguntza kudeatzen duen organoa.

2.– Laguntza kudeatzen duen organoak, laguntza onartzeko ezarritako epea igaro ondoren, lehenengo urtekoan emandako dirulaguntza transferituko du.

3.– Urte-sarien gehieneko zenbateko osoa honela banatuko da, gutxi gorabehera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

4.– BIOEFen Zuzendaritzak memoria zientifikoa eta proiektuak eragindako gastuen agiri bidezko justifikazioa (IV. eta V. eranskinak) onartu ondoren ordainduko dira hurrengo urteei dagozkien zenbatekoak.

5.– Erakunde onuradunek memoria zientifikoak eta ekonomikoak bidaliko dizkiote laguntza kudeatzen duen organoari, eta organo horrek, BIOEFen Zuzendaritzak haiek onartu ondoren, gainerako urtekoetarako finantzaketa erabilgarria gaituko du.

6.– Entitate onuradunak ikusten badu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio laguntza kudeatzen duen organoari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.

Organo kudeatzaileak, espedientea aztertu ondoren, BIOEFen ahaldun nagusiari proposatuko dio dagokion laguntza likidatzeko ebazpena eman dezala, eta zehaztu dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.

7.– Laguntza kudeatzen duen organoak, komenigarria dela uste badu, proiektuaren jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

12. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Laguntzaren entitate onuradunak urtero justifikatu beharko du egindako lana eta laguntzari emandako erabilera; horretarako, organo kudeatzaileari honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio, dirulaguntza emateko ebazpenean eta horretarako emandako jarraibideetan zehaztutako moduan eta epean:

a) Justifikazio-memoria zientifikoa, III. eranskinean ageri den eskemaren arabera egina. Memoria zientifiko horretan, proiektuaren garapen-egoerari, egindako jarduerei eta betetako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta ekonomia-betearazpenaren laburpen bat aurkeztu. Memoria ikertzaile nagusiak edo proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du, koordinazio-proiektuak baldin badira.

b) Parte hartzen duen entitate bakoitzaren justifikazio-memoria ekonomikoa (Excel), entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (IV. eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, justifikazio-aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten ordaindutako fakturen benetako kopiak aurkeztuko dira. Entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 100 justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu. Jatorrizko fakturak entitate onuradunetan artxibatu beharko dira gehienez bost urteko epean, justifikazio-epetik aurrera, eta eskuragarri egongo dira laguntzak kudeatzen dituen organoak egiten duen egiaztapen orotarako.

Amaierako memoria zientifikoa eta ekonomikoa proiektua burutzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztuko dira.

2.– Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urterako laguntza ordaintzeak ez du esan nahi egindako gastuak onartzen direnik, ez eta gastuok aurrekontuei egozten zaizkienik ere; izan ere, amaierako memoria ekonomikoarekin batera baloratuko da hori.

3.– Amaierako memoriarekin batera, hala behar bada, ikerketaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da.

4.– Urte anitzeko jardueretan finantzaketaren jarraitutasunari eusteko, ezinbestekoa izango da jarraipen zientifiko-teknikoko memorien ebaluazioak aldekoak izatea, haiek aurkezteko eskatu baldin bada.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada –betiere, laguntzaren xedea beteta–, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondore horietarako, laguntza kudeatzen duen organoak izango du zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta BIOEFen ahaldun nagusiak, berriz, haren gaineko ebazpena ematekoa.

2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, beharrezkoa ikusten bada gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskaera, horretarako arrazoiak emanez, eta entitate onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin, eta gainerako entitate parte-hartzaileen adostasunarekin.

Laguntza kudeatzen duen organoari egingo zaio eskabidea.

3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada entitate onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada –zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta–, BIOEFen ahaldun nagusiak baimena eman ahal izango du proiektua amaitzeko epea luzatzeko.

Deialdi honen ondorioetarako, kontzeptuen ondoriozko gastu-desbideratzeek, laguntza-eskabidean aurreikusitakoaren % 20 gainditzen ez badute, ez dute aldaketarik eragingo.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Itzulketari, horren arrazoiei eta jarraitu beharreko prozedurari dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 41. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Hauek dira jasotako dirulaguntzak itzuli beharra dakarten ez-betetzeak:

a) Laguntza emateko ebazpenaren baliorik eza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz lortzea laguntza.

c) Proiektuaren helburua, osorik edo zati batean, ez betetzea, jarraipen, kontrol eta egiaztapen mekanismoen bidez zehaztua, edo dirulaguntza emateko oinarri izan den portaera ez onartzea Ez-betetze partzialen kasuan, entitate onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara, eta entitate onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat egin duela, itzuli beharreko zenbatekoa honako mailakatze-irizpide hauek aplikatuz zehaztuko da: lortutako gauzatze-maila proiektuaren helburuaren % 75ekoa edo handiagoa bada, gauzatu gabeko ehunekoarekiko proportzionala den zenbatekoa itzuliko da; gauzatze-maila % 50ekoa edo handiagoa eta % 75etik beherakoa bada, jasotako dirulaguntzaren erdia eta gainerako erdiaren gaineko gauzatze-defizitarekiko proportzionala den zenbatekoa itzuliko da. Konpromisoak betetzeko zalantzarik gabeko jokabidea egiaztatzeko, eskura dauden egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, ikertzaile nagusiak proiektuaren gauzatze-egoerari eta ez-betetze partzialaren arrazoiei buruz egindako txosten arrazoituarekin batera.

d) EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan ezarritako gainontzekoak.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Horrelakoetan, aipatutako kostuaz gaindi jasotako zenbatekoa eta dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (13. artikuluan zerrendatzen dira), laguntzaren parte bat itzuli beharko du entitate onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, hura nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere.

Kasu horretan, laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera laguntzaren zenbatekotik gora jasotako kopurua itzuli beharko da.

5.– Deialdiaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa aurkezten ez bada, jasotako eta justifikatu gabeko zenbatekoak itzuli beharko dira, eta, hala badagokio, jasotzeko dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidea ere galduko da.

6.– EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena), ez-betetzea dagoen kasuetan, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola ezarriko da, prozedurazko izapideak egin ondoren, egoki izan daitezkeen gainerako ekintzak eragotzi gabe. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako. Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du ez-betetzearen espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak hura ebaztekoa.

15. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoaren ondorioetarako (2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa), deialdi honetan emandako datu pertsonalak BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak tratatuko ditu:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako legezko betebeharraren arabera tratatuko dira, dirulaguntza emateko edo, hala badagokio, baliatzeko betekizunak, baldintzak eta helburua betetzen direla egiaztatzeko.

2.– Proiektuak deialdi honen oinarrien arabera balioesteko, kudeatzeko, administratzeko eta kontrolatzeko eta bertan parte hartzeko helburuarekin tratatuko dira datu pertsonalak.

3.– Datu pertsonalak deialdiaren indarraldian tratatuko dira, eta, hala badagokio, proiektua gauzatzen amaitu arte. Behin amaituta, legez ezarritako epeetan baino ez zaie eutsiko.

4.– Datuak babesteko ordezkaria. BIOEFek, araudia betez, ordezkari bat du datuak babesteko, eta helbide honen bidez jo daiteke harengana: dpd@bioef.eus.

5.– Kontrol-agintaritzan erreklamazioa aurkezteko aukera: Era berean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango duzu Datuak Babesteko Euskal Bulegoan (https://www.avpd.euskadi.eus/s04-5213/eu/), tratamendua indarreko legediaren aurkakoa dela irizten badiozu.

6.– Deialdian parte hartzen dutenek une oro jakin ahal izango dute BIOEFek haien datu pertsonaletatik zein tratatzen dituen, araudiak ematen dizkien eskubideak erabiliz helbide honetan: BIOEF Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa B Accelerator Tower (BAT) Gran Vía, 1 48001 Bilbao, edo dpd@bioef.eus helbidean. Bereziki, eskubide hauek erabil ditzake:

a) Datuetan sartzeko eskubidea: interesdunek aukera dute tratatzen diren beren datu pertsonalei buruzko informazioa jakiteko eta lortzeko.

b) Datuak zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzendu daitezke, edo zehatzak ez diren datuak aldatu eta osatugabeak osatu, tratatuko den informazioa egiazkoa dela bermatzeko.

c) Datuak ezabatzeko eskubidea: tratatzen diren datuak ezabatzeko eska daiteke, kontratua gauzatzeko beharrezkoak ez badira.

d) Aurka egiteko eskubidea: interesdunak eskubidea du bere datu pertsonalak tratatuak izan ez daitezen, edo tratamendua eten dadin, ez bada horren kontrako arrazoi legitimorik, edo erreklamaziorik egiten ez bada edo defendatu behar ez bada. Horrelakoetan, datuak blokeatuta edukiko ditugu, harik eta lege-betekizunen indarraldia amaitu arte.

e) Tratamendua mugatzea: Kasu jakin batzuetan, interesdunek beren datuen tratamendua mugatzeko eskatu ahal izango dute. Hala eginez gero, erreklamazioak egiteko edo erreklamazioen aurrean babesteko soilik gordeko dira.

f) Erabaki indibidual automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egitea barne): interesdunek eskubidea dute tratamendu automatizaturen batean oinarritutako erabakirik har ez dadin beren gainean, nabarmen eragiten ez badu.

g) Datuen eramangarritasunerako eskubidea. Legez ezarritako egoeretan, eta teknikoki posible bada.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala