
217. zk., 2026ko azaroaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 5 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4811
EBAZPENA, 2026ko urriaren 30ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntzako administrazio-baimena eman eta onura publikoko deklarazioa egiten baita honako proiektu honetarako: 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4 eta 27 (lurralde historikoaren muga) zenbakidun euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera. Proiektua Abadiño, Berriz, Elorrio eta Zaldibarko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatuta dago.
Espedientea: 48-AT-Y-2024-00048.
AURREKARIAK
1.– 2024ko maiatzaren 6an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.k aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntzako administrazio-baimena eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen honako proiektu honetarako: 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4 eta 27 (lurralde historikoaren muga) zenbakidun euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera. Proiektua Abadiño, Berriz, Elorrio eta Zaldibarko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatuta dago. Halaber, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta eskatzen da, ingurumen-ebaluazioaren arloko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan (dekretu horren bidez arautzen dira instalazio hauen administrazio-baimenerako prozedurak: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan adierazitako ondorioetarako, eta zenbait arautan xedatutakoarekin bat etorriz (Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legea), argitara eman zen horren iragarkia, eskabide hori jendaurrean jartzeko, 2025eko uztailaren 18ko EHAAn, 2025eko uztailaren 14ko BAOn, Abadiño, Berriz, Zaldibar eta Elorrio udaletxeetako iragarki-taulan eta 2025eko uztailaren 11ko El Correo egunkarian.
3.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsulta egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, oinarrizko proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruz. Zuzenean eragiten zaien ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio edo organismoen kasuan, dagokion separata bidali zen, baldintza teknikoak emateko.
Kontsulta egin zitzaien Abadiñoko, Berrizko, Elorrioko eta Zaldibarko udalei; Eusko Jaurlaritzako (EJ) Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari, Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari; eta Ura, Uraren Euskal Agentziari.
Halaber, separatak bidali zitzaizkien honako hauei: Red Eléctrica de España S.A.U., Telefónica de España S.A. eta Enagás S.A.
Eta ingurumen-prozeduran interesdun direnei: Eguzkizaleak Elkartea, Ekologistak Martxan eta SEO/Birdlife Espainiako Ornitologia Elkartea.
4.– Arauzko epearen barruan, honako txosten hauek jaso ziren:
– 2025eko abuztuaren 18an, EJko Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak adierazi zuen linea elektrikoa berritzeko eta aldatzeko proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela, baldin eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira; izan ere, ez da aurreikusten natura-ondarean eragin esanguratsurik sortzea.
– 2025eko irailaren 4an, EJko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak azaldu zuen ez dela aurreikusten kultura-ondarearen gaineko eraginik, identifikatutako elementuak distantzia nabarmenera baitaude obrek eragindako eremuetatik. Era berean, egokitzat jotzen ditu balizko aztarna arkeologikoak detektatzeko eta babesteko aurreikusitako prebentzio-neurriak, eta, beraz, proiektuaren aldeko txostena egin du.
– 2025eko irailaren 29an, Ura, Uraren Euskal Agentziak adierazi zuen proiektuak erakunde horren aurretiazko baimena beharko duela, jarduketek hainbat ubideren jabari publiko hidraulikoaren, zortasun-eremuaren eta zaintza-eremuaren zatiak ukitzen dituztelako, eta aplikatu beharreko baldintzak ezarri zituen. Halaber, ez du uholde-arriskuaren afekzioaren aldetik eraginik aurreikusten, baldin eta ubideen inguruan lur-mugimendurik edo lur naturalaren aldaketarik egiten ez bada.
5.– Organo honek txostena berriz eskatu ondoren, honako idazki hauek jaso ziren:
– 2025eko abenduaren 15ean, BFAko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak proiektuak natura-ondarean izan ditzakeen eraginen berri eman zuen, eta hainbat baldintza ezarri zituen fauna, bertako landaredia eta intereseko habitatak babesteko. Besteak beste, obrak ugalketa-garaian egiten badira, fauna-espezie mehatxatuen habiak edo babeslekuak detektatzeko aurretiazko azterketak egiteko eskatu zuen; halaber, landarediaren eta sare hidrografikoaren gaineko eraginak murrizteko eta espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko neurriak ezarri zituen. Era berean, jarduketa-eremuko eroale neutroetan eta zuntz optikoko kableetan hegaztiak babesteko gailuak jartzea komenigarritzat jo zuen.
– 2026ko otsailaren 23an, BFAko Kultura Ondarearen Zerbitzuak adierazi zuen ez zela identifikatu proiektuak zuzenean uki zezakeen arkitektura-ondare babesturik. Hala ere, ondare-interes handieneko elementuen gaineko ikusmen-inpaktua aztertzea gomendatu zuen, eta behar bezala baimendutako arkeologo batek euskarrien zimenduen eta sarbide-bide berrien eraikuntzarekin lotutako lur-mugimenduen etengabeko jarraipen arkeologikoa egiteko eskatu zuen.
Txosten guztiak I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresari bidali zitzaizkion, eta enpresak guztiak onartu eta haiekin ados zegoela adierazi zuen.
6.– Halaber, arauzko epean, 2025eko abuztuaren 27an, José Luis Gómez Querejeta jaunak alegazioak aurkeztu zituen, proiektuak ukitutako finken titulartasunari eta bere jabetzako lurretan, zuhaitzetan eta nekazaritza-ustiapenetan aurreikusitako eraginei buruz.
Alegazio horiek I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresari helarazi zitzaizkion. Enpresak, 2025eko irailaren 30eko idazkiaren bidez, onartu egin zuen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda eta proiektuaren planoak eguneratzea; zuhaitzen eta mahastien gaineko eraginak argitu zituen; proiektatutako trazadura justifikatu zuen arrazoi teknikoak eta segurtasuna direla eta; eta obrek ukitutako bideak lehengoratuko zituela adierazi zuen.
7.– 2026ko apirilaren 9an, ingurumen-ebaluazioaren espedientea aurkeztu zen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa den aldetik (espediente horri EIAO-172 erreferentzia esleitu zitzaion), azter zezan, honako hauek barne hartuta: proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta sustatzaileak horiei buruz egindako gogoetak.
8.– 2026ko maiatzaren 22an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpena eman zuen, zeinaren bidez adierazten baita zer ingurumen-inpaktu izango duen proiektu honek: 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4. eta 27. euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera, Abadiño, Berriz, Zaldibar eta Elorrioko (Bizkaia) udal-mugarteetan (2026-06-10eko EHAA).
Ingurumen-inpaktuaren adierazpen horrek ezartzen ditu proiektua gauzatzeko derrigorrez bete behar diren baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa ere.
9.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari bidali zitzaion eta enpresak adierazi zuen ados zegoela ebazpen horretan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileekin eta ingurumena zaintzeko programarekin.
10.– Behin espedientea aztertuta, eskaeraren aldeko txostena egin dute Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako energia-arloko zerbitzu teknikoek.
Ebazpen hau honako hauetan oinarritzen da:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera, urtarrilaren 27ko 8/2026 Dekretuaren bidez aldatua.
2.– Hauetan ezarritako arauzko izapideak bete dira espedientean: Sektore Elektrikoari buruzko abenduren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; eta bat datorren gainerako legedia.
3.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikokotzat deklaratzen ditu energia elektrikoa banatzeko instalazioak, horiek ezartzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko. Deklarazio horrek berekin dakar ondasun eta eskubide horiek okupatu beharra eta presaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
4.– Gainera, arau hauek aplikatu behar dira: Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legea eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurari eta haren emaitzak baimen honetan sartzeari dagokienez. 10/2021 Legearen 78.1 artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena loteslea da, eta, beraz, bertan ezarritako guztia nahitaez bete beharko da proiektua gauzatzean.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarritzat hartuta, eta Lurralde Ordezkaritzako energia-arloko txostenarekin bat etorriz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariak hau
EBAZTEN DU:
1.– Aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresari, proiektu honetarako: 132 kV-eko zirkuitu bikoitzeko «Abadiano-Azpeitia 1 y 2» linea elektrikoa 4 eta 27 (lurralde historikoaren muga) zenbakidun euskarrien artean eta «Abadiano-Azpeitia 2» lineatik «ST Zaldibar»-era sarrera eta irteera. Proiektua Abadiño, Berriz, Elorrio eta Zaldibarko (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatuta dago.
2.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazioak hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, urgentziaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklaraziorako ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Ebazpen hau ematen da 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:
1.– Obrak egiteko, onartutako proiektua bete behar da, kasu bakoitzean eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda.
2.– Era berean, ingurumen-organoak 2026ko maiatzaren 22ko Ebazpenaren bidez (2026ko ekainaren 10eko EHAA) ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa betez gauzatu beharko da proiektua.
Bereziki, adierazpen horretan ezarritako neurri hauek bete beharko dira, besteak beste:
– Natura-ondareari ahalik eta gutxien eragiteko neurriak.
– Jabari Publiko Hidraulikoaren eta hari lotutako babes-eremuen babesari buruzko neurriak.
– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.
– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
– Landa-ingurunea babesteko neurriak.
– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Uholde-arriskuak murrizteko neurriak.
– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
– Obra garbitzea eta amaitzea.
– Ingurumen-aholkularitza.
– Lan-programaren diseinua.
– Ingurumena Zaintzeko Programa: sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programa bete beharko du, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzetan, eta dagokion agiri bategina egin beharko du, zeinak jasoko baititu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebehar guztiak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnak. Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta geratu beharko du programak.
Gainera, kontsulta-fasean administrazioek eta organismoek ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu, sustatzaileak horiekiko adostasuna adierazi baitzuen.
3.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu ez bada, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.
4.– Lanak amaitutakoan, instalazioen titularrak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman eta abian jartzeko akta egiteko.
5.– Obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak edo lizentziak eragotzi eta aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Deskarbonizazio zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.
Jarritako errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da. Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, gora jotzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.
Bilbao, 2026ko urriaren 30a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria,
MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.
RSS