Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2026ko azaroaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4809

EBAZPENA, 2026ko urriaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena «CE.05 San Bartolome (erdialdea)» hirigintza-eremurako (B.20.2 lurzatia).

AURREKARIAK

2026ko abuztuaren 4an, Donostiako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Aldaketa «CE.05 San Bartolome (erdialdea)» hirigintza-eremuari (B.20.2 lurzatia) dagokio (aurrerantzean, plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko irailaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago. Gainera, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri beharko dira, nahitaez, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago, zeinetan aurreikusten baita zer planek eta programak behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko planak edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legeak II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraituz.

Planaren dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden txostenak aztertu ostean, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna baita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Zaurgarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txosten honetan ezartzen da Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen; edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den Plana, ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Zaurgarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari buruz, «CE.05 San Bartolome (erdialdea)» hirigintza-eremuari (B.20.2 lurzatia) dagokionez, honako baldintza hauetan:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Donostiako HAPOaren egungo aldaketak, «CE.05 San Bartolome» eremuari buruzkoak, aldatu egiten du Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketan zehaztutako indarreko antolamendua, CE.05 San Bartolome HEari dagokionez. Aldaketa hori Donostiako Udalaren 2015eko urriaren 29ko osoko bilkuran onartu zen (aurrerantzean, 2015eko HAPOaren Aldaketa).

Geroago, beharrezkotzat jo zen plan berezi gehigarri bat egitea, eremuaren antolamenduan zenbait xehetasun zuzentzeko, egikaritze-prozesuan identifikatutako desoreka txikiak ebazte aldera. «Erreforma puntualei buruzko Plan Berezia» (aurrerantzean, 2017ko HAPB) behin betiko onartu zen, 2017ko apirilaren 27an.

2018. urtean, «CE.05 San Bartolome HEko b.20/2 lurzatiaren eta haren ingurunearen Plan Berezia» (aurrerantzean, 2018ko HAPB) formulatu zen, eta, 2023ko urtarrilaren 26an, behin betiko onartu zen.

Gaur egun, 2015eko HAPOaren eta 2017ko HAPBaren aurreikuspen guztiak gauzatu dira, aipatutako merkataritza-gunea ezartzeari eta horri lotutako urbanizazio-obrei buruzkoak izan ezik.

Egindako lanen artean, Villa Zerutxo eraistea dago, zeinak «f.10/2» espazio librearen –Muinoaren ipar-hegala– eta gainjarritako «b.20/2» lurzatiaren zati bat hartzen baitzuen.

Egungo aldaketaren helburuak hauek dira: «b.20/2» lurzatian proiektatutako hirugarren sektoreko eta merkataritzako erabilerak kentzea, esleitutako «erabilera osagarriak» barne –aparkalekua eta beste batzuk–, «b.20/2» lurzatia kentzea –«f.10/2, San Bartolome muinoaren iparraldeko hegala» espazio librearekin «sestrapean» gainjarritakoa–, eta inplizituki indargabetzea lurzatia antolatzen duen «b.20/2 lurzatiaren eta haren ingurunearen Plan Berezia» CE.05 San Bartolome HEan.

«f.10/2, San Bartolome muinoaren iparraldeko hegala» lurzatian «espazio librearen» kalifikazioari eusten zaio, eta obra-proiektu batera igortzen da muino-hegala urbanizatzeko tratamendua –kentzen den lurzatiak eragindako zatia, non Villa Zerutxoren eraispenaren hondakinak baitaude–, zuhaitz-gune berdearen izaera berreskuratzeko.

Proiektu horretan, halaber, hobekuntzak sartu ahal izango dira San Bartolome, Aldapeta eta Easo kaleetatik muino-hegaleko gune librerako sarbideetan, bai eta horien eraginpeko tarteetan dauden hiri-zerbitzuak berritzeko egokitzat jotzen diren esku-hartzeak ere.

Azkenik, berregokitu egiten dira «Komentua» eta «San Bartolome horma» babesteko arau-fitxak, 2021eko Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (aurrerantzean, EHOBPB 2021) definituak, eta kendu egiten dira hormaren iparraldeko muturrean esku hartzea ahalbidetzen zuten salbuespenak, «b.20/2» lurzatiaren HAPBak ezarritakoak aurreikusitako sestra azpiko merkataritza-zentroa gauzatu ahal izateko.

Alternatibei dagokienez, kasu honetan ez dira kontuan hartu; izan ere, onetsitako Plan Berezia egikaritzea baztertzeko eta HAPOa erabaki horretara egokitzeko udalak hartutako erabakiaren ondorio da HAPOaren aldaketa, inplizituki indargabetzen baita lurzatia antolatzen duen b.20/2 lurzatiaren eta haren ingurunearen Plan Berezia, CE.05 San Bartolome HEan.

Plana benetan garatzeko, f.10/2 gune librean urbanizatzeko/paisaia hobetzeko proiektua formulatu beharko da, non hobekuntzak sartu ahal izango dira San Bartolome, Aldapeta eta Easo kaleetatik muino-hegaleko espazio librerako sarbideetan, bai eta eragindako tarteetan dauden hiri-zerbitzuak berritzeko esku-hartzeak ere.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, aztertuko da zein diren lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu behar zaion ala ez erabakitzeko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak edo programak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Plan Bereziak etorkizunean f.10/2 espazio librean urbanizatzeko/paisaia hobetzeko proiektua baimentzeko esparrua ezartzen du. Hala ere, kontuan hartuta kokapena, eremuaren ingurumen-ezaugarriak, Planaren hedadura txikia eta hura garatzen duen proiektuaren ezaugarriak, ondorioztatzen da ez dagoela ingurumenean eragin nabarmenik, ingurumen-ebaluazio estrategikoa arrunta egitera behartzeko modukorik.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Plana koherentea da eta bat dator LAGekin, Donostialdea-Bidasoa Behereko LPParekin eta indarrean dauden ingurumen- eta klima-estrategiekin –11/2023 Legea, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriari buruzkoa; Donostiako 2024-2029ko Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plana eta Donostiako Emisio Txikiko Eremuaren Ordenantza; Klima DSS 2050 Plana eta Donostiako Klima Aldaketara Egokitzeko Plana; Euskadiko V. Ingurumen Esparru Programa 2030–, eta ez du bateraezintasunik sortzen, ez eta tresna horietan aldaketarik eskatzen ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Plan horri esker, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak har daitezke, joan-etorri motordunen beharra mugatuz eta berotegi-efektuko gasen eta kutsatzaileen emisioa murriztuz, bai eta bero-boladek giza osasunean duten arriskua murriztuz ere, espazio publikoak iragazkortuz eta landareztatuz.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo esanguratsurik, baldin eta, besteak beste, kultura-ondarearen, paisaiaren, kutsadura atmosferikoaren, akustikoaren eta argi-kutsaduraren, hondakinen kudeaketaren eta isurketen arloan indarrean dagoen araudia betez egiten bada.

e) Era berean, plana egokitzat jo da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Aztergai den eremua hiri-ingurunea da, erabat urbanizatua eta eraikia, eta ez da ingurumen-balio nabarmenik aurkitu. Ez dago naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez mehatxatutako landaredirik.

Era berean, ez dago lotutako ingurumen-arrisku adierazgarririk eremuan, salbu eta klima-aldaketak giza osasunean eragindako bero-boladen ondoriozko inpaktu-arrisku handiagoa –erreferentziazko agertoki eta urte guztietarako–, EAEko gainerako udalerriekin alderatuta.

Hala ere, eremuak paisaia- eta ondare-interes nabarmena du. Donostiako Badiako paisaia-unitatean dago (BU.1), eta Donostiako paisaia historiko edo ukiezinaren parte da. Ikus-irisgarritasun handia du, eta «Hirigune berezien kontserbazioa» UC.1 eremuaren barruan dago, bai eta Paisaia Interes Bereziko Eremu (PIBE) baten barruan ere. Horretarako, paisaia kontserbatzeko eta haren balioa nabarmentzeko neurriak aurreikusten dira. Era berean, eremua Donejakue Bideko San Bartolome Monasterioaren balizko arkeologia-gunean sartzen da, eta CE.05 eremuan HOEBPBak babestutako hainbat elementu daude, hala nola Mariaren Konpainiaren eliza eta komentua, Bainuetxe Publikoa eta San Bartolome Horma.

Aldatzen den plangintzan aurreikusten ziren merkataritza-gunearen eta aparkalekuen garapenaren inpaktuak ezabatzeak aukera emango du espazio libreak kontserbatzeko eta hobetzeko, trafikoa, zarata eta emisio atmosferikoak murrizteko eta San Bartolomeko ondare historikoaren babesa indartzeko. Ondorioz, espero daitezkeen inpaktuak f.10/2 gune librean urbanizatzeko/paisaia hobetzeko proiektutik eratorritakoetara mugatuko dira, eta, lehen deskribatutako ingurumen-balioak eta –baldintzatzaileak kontuan hartuta, horiek neurrizkoak eta aldi baterakoak izango direla aurreikusten da, obra-fasean, hala nola kultura-ondarearen gaineko eragina; landarediaren gaineko eragina; paisaiaren gaineko eragina; zarata, bibrazioak eta kutsadura atmosferikoa; eraikuntza– eta eraispen-hondakinak sortzea. Ustiapen-fasean, aurreikus daitezkeen ondorioak argi eta garbi positiboak izango dira, bereziki honako hauekin lotutakoak: landaredia, paisaia, kultura-ondarea, mugikortasuna, zarata eta ingurumen-jasangarritasuna.

Planaren eremua, haren ingurumen-ezaugarriak, plan horretatik eratorritako jarduerak eta aurrerago zehaztuko diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak kontuan hartuta, ez da espero ingurumenean inpaktu negatibo nabarmenik eragingo denik, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren ildotik, betiere afekzio-eremuan egiten diren jarduketak eta jarduerak kultura-ondarearen, hondakinen, zarataren eta isuri atmosferikoen arloko araudia betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, Planean jaso beharreko neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, jarraian aipatzen direnak, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharra egon ez dadin.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera, ezertan eragotzi gabe Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste organismo batzuek ezartzen dituztenak.

– Kultura-ondarea babesteko neurriak:

f.10/2 lurzatia partzialki bat datorrenez Balizko Arkeologia Gunearekin (BAG), zuhaitz-berdegunearen izaera berreskuratzeko aurreikusitako urbanizazio-obrek aldez aurreko baimena beharko dute, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluarekin eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearekin bat etorriz.

Gainera, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 74. artikuluan (4. eta 5. apartatuak) xedatutakoa betez, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezar ditzan.

– Aurrekoei kalterik egin gabe, Planaren araudiak barnean hartuko du Plana garatzeko proiektuen obra-lizentziak ematean sustatzaileek nahitaez bete beharreko baldintzak sartzeko betebeharra, honako hauei dagokienez:

• Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

• Obra-eremuaren mugak eta instalazio osagarrien kokapena:

Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten operazio osagarri horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraituz proiektatuko dira.

Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar eta lanek dirauten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistemak, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Lur- eta harkaitz-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera –Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena– eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.

Eraikuntza-lanetan baliabideak modu efizienteagoan erabiltzeko beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, bizi-zikloaren amaieran hondakinak modu efizienteagoan aprobetxatzeko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, EAEn eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

Ondorioz, obraren oinarrizko proiektuak eta egikaritze-proiektuak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen eta –materialen kudeaketa-azterlan bat izango du, eta EAEko eraikuntza– eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan kasu bakoitzean adierazitako gutxieneko edukia izango du.

Amiantoa duten hondakinak edo elementuak egonez gero, martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kendu beharko dira. Dekretu horrek amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen ditu.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isurketei eusteko sistemen barruan.

• Lurzoruen babesa:

Neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan.

Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, lurpera ez iragazteko. Eremu horietako drainadura inguruneko drainatze naturaletik hidraulikoki isolatuta egongo da, efluenteak behar bezala tratatu ahal izateko.

Makineriaren eta ekipoen mantentze-lanak obra-barrutian bertan egingo dira, horretarako gaitutako lekuetan, behar bezala kontrolatuta eta egokituta balizko isuriei eusteko. Nolanahi ere, hondakinak (bereziki olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarretarako lanak, lurpera ez iragazteko eta urak ez kutsatzeko.

Material xurgatzaile espezifikoa (sepiolita edo baliokideak) eduki beharko da, berehala jarduteko olioen, erregaien edo bestelako substantzia arriskutsuen istripuzko edozein isuriren aurrean.

• Airearen kalitatea babestea:

Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak edukiko dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez garraiatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketa-materiala hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da, hau da, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

• Obrek sortutako zarata:

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretura (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietara.

Obrek irauten duten bitartean, zarataren jatorria murrizteko jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira, bereziki hondeaketa, eraispen, karga, deskarga eta garraioko lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean eta zarataren eta bibrazioen jatorria murriztean.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluaren arabera. Azterketan, zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta haren edukia Donostiako Udalari jakinarazi beharko zaio.

• Obren eragina jasan duten espazioak lehengoratzea:

Berdeguneen diseinuan iraunkortasun-irizpideak lehenetsiko dira, bat etorriz Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Udalsarea. 2017» eskuliburuarekin.

Hiriko klima-babeslekuen diseinuaren ikuspegitik, lehentasuna emango zaie egoteko eta igarotzeko espazioen gainean itzal eraginkorreko azalera maximizatzen duten zuhaitzei, adaburu-estaldura handia, hosto-dentsitate egokia eta udako intsolazio handieneko aldietan itzal jarraitua emateko gaitasuna duten espezieak bultzatuz, tokiko baldintza bioklimatikoetara egokitutako eta gutxieneko mantentze-lanak behar dituzten landare-espezie autoktonoak lehenetsiz.

Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, haiek hedatzeko arriskua murriztu beharko da, birlandaketa-lanetan flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu eta landareak berriro sartzen direnean. Kasu horretan, bermatu beharko da birlandatze-lanetan eta lorategiak egiteko lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzaileko propagulurik eta ez dela erabiltzen inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik edo espezie arriskutsurik –gomendatzen da honako hau kontuan hartzea: «Espezie apaingarriak hautatzeko gida» Udalsarea. 2017)–, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Halaber, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

• Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta –aurrekoen aurkakoak ez badira– sustatzaileak proposatutakoak ere, ez dela aurreikusten «CE.05 San Bartolome (erdialdea)» hirigintza-eremurako (B.20.2 lurzatia) Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, ez bada Plana onetsi, gehienez ere lau urteko epean.

Ez da beharrezkoa izango ingurumen-organoak berariazko ebazpenik ematea indarraldi hori galdu dela deklaratzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 23a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala