
217. zk., 2026ko azaroaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 19 orri.)
- EPUB (132 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4807
EBAZPENA, 2026ko urriaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Mañueta (Araba) udal-mugarteko Salado errekastoaren uholdeen aurkako defentsa-proiektuaren ingurumen-inpaktua adierazteko txostena. Proiektu hori Uraren Euskal Agentziak sustatu du.
AURREKARIAK
2025eko urriaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (187. zenbakia) argitaratutako iragarki baten bidez, Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri zituen Mañueta (Araba) udal-mugarteko Salado errekastoaren uholdeen aurkako defentsa-proiektua eta hari zegokion ingurumen-inpaktuaren azterlana, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoarekin, egokitzat jotzen ziren alegazioak aurkeztu zitezen.
Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Uraren Euskal Agentziak adierazi zuen ez zela alegazio berririk jaso.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, eta jendaurrean jartzeko izapidea egiten ari zen bitartean, Uraren Euskal Agentziak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago.
2026ko irailaren 8an, Uraren Euskal Agentziak eskaera osatu zuen Mañueta (Araba) udal-mugarteko Salado errekastoaren uholdeen aurkako defentsa-proiektuari (aurrerantzean, proiektua) buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa betez.
Eskaeran, dokumentazio hau aurkeztu zen:
– Mañueta udal-mugarteko Salado errekastoaren uholdeen aurkako defentsa-proiektua, 2025eko otsailekoa.
– Mañueta udal-mugarteko Salado errekastoaren uholdeen aurkako defentsa-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2026ko martxokoa.
– Jendaurrean jarri ondoren jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.
– Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituen dokumentua.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, haien helburua da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legeak (abenduaren 9ko 10/2021 Legea) 76.1 artikuluan ezartzen duena aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. Aztertzen ari garen proiektua D.7 Taldearen g) epigrafean jasota dago: «Ibaiak bideratzea eta ibilguen ibilbidea aldatzea, egoera naturalean ubidea, gutxienez, 250 metro luze denean».
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterlana gehitu du espedientean, eta jendaurrean jarri du; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute kontsulten bidez.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterlana zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna baita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera– ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-ondorioetarako soilik, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea Mañueta (Araba) udal-mugarteko Salado errekastoaren uholdeen aurkako defentsa-proiekturako. Proiektu hori Uraren Euskal Agentziak sustatu du.
Proiektuaren jarduketa-eremua Salado errekastoa da, 550en bat metroko luzera duen tarte batean. Tarte hori Mañueta (Araba) udal-mugartean dago, Dominio de Berzal bodegaren eta A-3224 foru-errepidetik ibaian beherako tartearen artean.
Proiektuaren xedea da Salado errekastoak urak husteko duen gaitasuna hobetzea eta, horrela, udalerriko gune urbanizatuetan uholde-arriskurik ez egotea gutxienez 50 urteko errepikatze-denboran, eta, errepikatze-denbora handiagoa duten aldietan, uraldi-arriskua murriztea. Horrez gain, ibilgua berreskuratu egingo da, bai ingurumen aldetik, bai paisaia aldetik.
Proiektatutako jarduketen helburua da errekastoaren inguruan sor daitezkeen kalteak minimizatzea, haren gaitasun hidraulikoa gehitzea eta, deskribatutako eremuaren barnean, haren ingurumen-integrazioa hobetzea.
Salado errekastoak gaur egun duen sekzio hidraulikoa ez da nahikoa uraldi ohikoenak ere husteko; hau da, hamar urteko edo gutxiagoko errepikatze-denbora dutenak. Era berean, ibilgua narriatuta dago ingurumenaren ikuspegitik. Izan ere, ezpondak oso artifizialak dira (harlangaitzezko hormak), ibaiertzeko landaredia urria da ibilbidearen zati handi batean eta ibaiertzak nagusiki laborantza-lursailek okupatzen dituzte. Gainera, han-hemenka hormigoizko hormak daude, eta are gehiago murrizten dute ibilguaren gaitasun hidraulikoa.
Beste alde batetik, jarduketa-eremuan ibilgua zeharkatzeko hiru egitura daude, zeinak garrantzi ezberdineko bideei lotuta baitaude. Haietako zenbaiten sekzio hidraulikoa ez da nahikoa, eta horrek murriztu egiten du ibilguak urak husteko duen gaitasuna, eta jada existitzen diren uholde-arazoak areagotzen ditu.
Aipatutako helburuak lortzeko, proiektuak proposatzen du ibilguan existitzen diren bi zeharkako egituretan jardutea. Hala, haien zeharkako sekzioa handituko da, eta, horrenbestez, urak husteko duten gaitasuna ere bai. Gainera, adierazitako tartean, ibilguaren gainerakoan ere jardungo da, eta ibilguaren geometria aldatuko da beraren zeharkako sekzioa zabaltzeko eta naturalizatzeko. Modu horretan, helburu hidraulikoak eta ingurumenekoak bete ahalko dira.
Existitzen diren pasabide-obretan egin beharreko jarduketei dagokienez, proiektatu da gaitasun hidrauliko handiagoa duten egiturak jartzea 1. eta 3. kaxen ordez, eta egitura horiek bateragarriak izango dira proiektuaren uraldiarekin lotutako emariekin. Hala eta guztiz ere, ez da aurreikusi 2. kaxa aldatuko denik. Izan ere, egin dituzten azterlan hidraulikoek egiaztatu dute bigarren kaxa hori gai dela azpiegituraren diseinuko uraldia behar bezala husteko. Hala eta guztiz ere, beharrezkoa izango da ibilguaren trazadura pixka bat arteztea bere hurbilketan, hartara fluxuak egiturarekin duen lerrokadura hobetzeko eta husteko duen gaitasuna optimizatzeko.
1. kaxa hormigoi armatuzko kaxa bat izango da. 8,25 metroko luzera izango du, eta barne-sekzioak 3,00 × 1,50 m izango ditu. Haren trazadura pixka bat doitu egingo da fluxuaren baldintzak hobetu eta funtzionamendu hidraulikoa optimizatzeko. Kaxak dagozkion hegalak izango ditu bidearen gainetik igarotzen den lubetaren zeihartasunari eusteko.
3. kaxari dagokionez, egindako analisi hidraulikoek agerian utzi dute haren gaitasuna ez dela nahikoa diseinuko uraldia husteko. Horregatik, aurreikusi da gaitasun hidrauliko handiagoa duen egitura berri batek ordeztuko duela. Pasabide-obra berria (Salado errekastoaren gaineko A-3224 foru-errepidearen bidegurutzeari dagokiona) hormigoi armatuzko kaxa bat izango da. 11,37 metroko luzera izango du, eta 2,50 × 1,80 metroko barne-sekzioa. Egungo kaxaren orientazioa mantenduko du, baina pixka bat iparralderantz mugituko da inguruko baldintzetara egokitzeko eta ibilguaren ondoan dagoen nekazaritza-eraikuntza bat ez kaltetzeko.
Aipatu beharra dago izenik gabeko 11534 errekastoa ere badagoela. Salado errekastoaren ibaiadarra da, eta haren eskuineko aldean dago. Ez da aurreikusi horren gainean jardungo denik. Horrenbestez, proiektatutako obrek ez diote eragingo.
Ibilguan egingo diren jarduketei dagokienez, proiektuan jasota dago Salado errekastorako definitutako jarduketa-eremu guztian esku hartuko dela (1. kaxara iritsi baino justu aurrerago dagoen ibaian gorako puntu baten eta 3. kaxatik ibaian behera kokatutako nekazaritza-nabe baten artean). Horretarako, hondoa erregularizatuko da, existitzen diren metakinak kenduko dira, eta, beharrezkoa den lekuetan, sestra 80 zentimetroraino jaitsiko da. Hori guztia, luzetarako profila homogeneoagoa izateko eta haren gaitasun hidraulikoa hobetzeko.
Era berean, proiektatu da bi euste-pantaila egingo direla mikropiloteekin. Hartara, Salado errekastoaren ibilgua birmoldatzeko beharrezkoak diren hondeaketak egin ahalko dira. Lehenengoa ezkerreko ibaiertzean egongo da, 1. kaxara iritsi baino justu aurrerago dagoen ibaian gorako eremuan, eta bigarrena eskuineko ibaiertzean egongo da, 3. kaxatik ibaian beherako eremuan, eraikita dagoen nekazaritza-eraikinaren fatxadarekiko paraleloan, obrek iraun bitartean egonkor egongo dela bermatzeko.
Sekzioei dagokienez, aurreikusi da ibilguari sekzio tipo handiagoa ematea. Sekzio tipo horrek, diseinuko emariak husteko gaitasun nahikoa emateaz gain, ezponda egonkor batzuk sortzeko aukera emango du, zertarako eta gaur egun existitzen diren ezponda bertikaletan gertatzen diren lur-jausiak saihesteko; gainera, ezponda horiek birlandatzea eta naturalizatzea ere ahalbidetuko du.
Ibilguaren zatirik handienean jarriko den sekzio tipo orokorra trapezoidala da, ez baitago oztoporik horretarako. Hondoan, 1,00 metroko zabalera izango du, eta ezpondak 1(H):1(V) izango dira. Sekzio trapezoidalaren hondoan aurreikusi da harri-lubeta bat jartzea. Ibilguaren hondotik 30 cm aterako da, eta beraren helburua da ur-emaria txikia denean kaxak ez higatzea, baldintza horietan zaila baita ibaiertzeko landaredia garatzea. Sekzio tipo hori (ST-1) oinarria da definitutako gainerako sekzioetarako; azken horiek lehenengoaren aldagaiak dira, baina eremu bakoitzeko inguru-baldintzetara egokitzeko zenbait aldaketa dituzte.
Azterlan geoteknikoaren gomendioekin bat etorriz, ezponden altuera bi metro baino gehiagokoa den tarteetan harri-lubeta bat jarriko da, ezponda naturalek egonkortasun-baldintza egokiak mantentzen dituztela bermatzeko.
Beste alde batetik, Dominio de Brezal bodegarekin bat etortzen den tartean (deskribatutako trazaduraren 0+070-0+140 kilometro-puntuen artean) defentsa bat egin behar da ibilguaren ezkerraldean, gune horretan jada existitzen dena ordezkatuko duena. Horretaz gain, eskuineko kaxako harri-lubetari gainazal bat ere egingo zaio, urbanizazio hori uraren jardunarekiko babestuta geratu dadin.
Azkenik, hirugarren kaxatik ibaian behera dagoen tarte puntual batean, ibilguaren eskuinaldeko harri-lubetari gainazal bat egin beharko zaio, bertan dagoen nekazaritza-nabea uraren jardunetik babeste aldera.
Deskribatutako jarduketak osatzeko, eraginpeko zerbitzuak desbideratu egingo dira, zoladurak ordezkatuko dira, eta kaltetutako bideei lotutako bestelako elementuak ere bai.
Gainera, errekastoaren ibilgua berreskuratu egingo da ingurumenaren eta paisaiaren aldetik, gaur egun oso narriatuta baitago. Horretarako, proposatzen da lizardi eta zumardien ingurunean hazi ohi diren espezieak landatzea, eta, aukera ematen duten harri-lubeta lehorretan, sahatsen aldaxkak (Salix atrocinerea) jarriko dira. Horrela, errekastoaren integrazioa hobetuko da, eta zuhaixken presentzia areagotuko da.
Obrak egiteko aurreikusi den epea hamar hilabetekoa da.
Proiektuak askotariko aukerak analizatu ditu, bakoitzaren alderdi teknikoak eta funtzionalak eta irtenbide ugari aztertuz. Oinplanoko trazaduraren aukera bakarra hartu da aintzat. Izan ere, ibilguaren egungo trazadura mantentzea da egokiena, artezketa gutxi batzuekin, trazadura leunagoa izan dezan.
Errekastoaren inguruan uholde-arriskua desagerrarazteko premisa (50 urteko errepikatze-denborarako) abiapuntu hartuta, aukera tekniko bideragarrien ardatza hau izan da: irtenbide eta kokapen berbererako (Salado errekastoaren ibilgua) modelizatutako emaitzak aztertzea, askotariko dimentsioak aplikatuz (kaxen zabalera, 5. motako sekzioa aire zabalean eta luzetarako profila).
Ingurumenaren ikuspegitik, proiektuaren 0. aukera edo esku ez hartzea baztertu egin da. Izan ere, epe oso motzetarako uholde-arriskuak jarraitu egingo luke, eta, horrenbestez, inguruko bizilagunak, eraikinak eta azpiegiturak kaltetzeko arriskua dago.
Aztertu diren gainerako aukerei dagokienez, ikusita diseinu edo hasierako irtenbide berberaren bilakaerak edo optimizazioak direla, inguruan antzeko eraginak sortuko lirateke. Aukera guztietan, Salado errekastoaren ibilguko landaredi guztia kenduko da proiektatutako jarduketa-eremu osoan. Gainera, beharrezkoa izango da egungo hiru kaxetatik bi ordezkatzea eta dimentsio eta sekzio hidrauliko handiagoak dituztenak jartzea. Aurrekoaz gain, lurrak hondeatuko dira, eta lursaila aldatuko da aire zabalean beharrezkoak diren sekzioak sortzeko. Bukatzeko, lursaila egonkortu egingo da. Ingurumenaren ikuspegitik, ingurumen-inpaktuaren azterlanean kalkulatu da aukera egokiena izango litzatekeela lursail gutxien okupatzen duena eta hondeaketa-bolumen txikiena duena. Aldi berean, leheneratzeak eta birlandaketak egitea posible egiten duten ezpondak sortzea ahalbidetu beharko du, bai proiektuaren ingurumen-integraziorako, bai eta haren funtzionaltasun ekologikoa hobetzeko ere. Horregatik, 1:1 ezpondekin egindako irtenbideak izango lirateke egokienak, eta baldintza hori bete egiten du proiektuan garatu den aukerak.
Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):
A) Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta ebazpen honen hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, adierazitakoaren aurkakoa ez den orotan, baita Uraren Euskal Agentziak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin ere.
Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak kontuan izan du, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, espedienteari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren faseetan erantsi zaizkion txostenen edukia.
B) Proiektuan aldaketak edo handitzeak egin behar badira, Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II. D eranskineko 3. apartatuan eta II. E eranskineko 4. apartatuan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.
C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.
Proiektua Salado errekastoaren tarte baten gainean planteatu da. Salado errekastoak 2898 metroko luzera du, Las Rozas inguruan sortzen da (Villabuena udal-mugartean) eta hegoalderantz doa Mañueta udal-mugartean sartuz, non Ebro ibaian isurtzen dituen urak (proiektuaren eremutik 160ren bat metrora, ibaian behera). Errekastoaren isurialdeko arroa 4,0 km2 ingurukoa da, mahastietatik igarotzen da eta Mañuetako herrigunearen mendebaldean dagoen hiri-periferiako gune bateraino iristen da.
Salado errekastoa urtaroen araberako ibilgua da. Maiz lehor egoten da, edo emari oso txikiarekin igarotzen da. Ibaiertzetan, apenas du ongi garatutako landaredirik. Izan ere, inguruko mahastien sailak errekastoaren ibaiertzetaraino iristen dira sarritan. Hain zuzen ere, zuhaitz- eta zuhaixka-dentsitate handiena (nagusiki, fruta-arbolak) duen gunea tokiko errepide-sareko A-3244 errepidetik Ebro ibaiarekin bat egiten duenera arteko tartea da.
Jarduketa-eremuak Salado errekastoaren 550 m inguru ditu, San Frantzisko errekastoarekin bat egiten duen lekuaren eta A-3224 foru-errepidetik ibaian behera kokatutako tartearen artean, Mañuetako hirigunearen hego-mendebaldean. Nagusiki, nekazaritza-ingurunea da, eta mahastien laborantza estentsiboa da nagusi bertan.
Proiektuaren eremuaren barnean, halaber, ibilguaren ondoan kokatutako bi gune urbanizatu txiki daude. Lehenengoa aztergai den tartearen hasieratik 100en bat metrora dago, non Dominio de Berzal bodega baitago errekastoaren eskuineko aldean. Bigarrena A-3224 errepidearen inguruan kokatuta dago. Bertan, zenbait etxebizitza daude, eta, hain zuzen, etxebizitza horiek dira Salado errekastoak urez gainezka egiten duenean zuzeneko eragin handiena jasaten duten elementuak.
Ikuspegi hidrologikotik, eremua Ebroren Unitate Hidrologikoan kokatuta dago, Ebroren Demarkazio Hidrografikoaren barnean. Jardungo den tartea «Tiron ibaitik Najerilla ibairainoko Ebro ibaiaren drainatze-gunea» izeneko gainazaleko ur-masaren parte da, Batasunaren barneko arroetan integratuta dagoena.
EAEko Ibai eta Errekastoen LPSrekin bat etorriz, Salado errekastoak aztertu den tartean duen isurtze-arroaren azalera 4 km2-koa da, hau da, 0. mailako tartea. Proiektuaren ingurua ez dator bat Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren Gune Babestuen Erregistroan jasotako gune batekin ere. Gertuen dagoen espazio babestua Ebro ibaia (ES2110008) kontserbazio bereziko eremua (KBE) da, zeina ur-inguruari lotutako habitaten eta espezieen babes-kategorian sartuta baitago, eta jarduketa-eremutik 130en bat metrora kokatuta ibaian behera.
Hidrogeologiari dagokionez, proiektua «Guardia» lurpeko ur-masaren gainean dago, eta ur-masa horren egoera orokorra «ona» zen 2020-2024an. Kokapena bat dator Kuaternario-Guardia sektorearekin eta interes hidrogeologikoko guneekin. Kokatuta dagoen arloko akuiferoen kalteberatasuna oso baxua eta ertaina da.
Litologikoki, proiektatutako jarduketak pikor fineko kare-hareharriak, limolitak eta tuparriak txandakatzen diren iragazkortasun txikiko leku batean egingo dira, bai eta iragazkortasun handiko terraza baxu-ertainetan ere. Ez da identifikatu Euskal Autonomia Erkidegoko inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik.
EUNIS 2019 (geoEuskadi) habitaten kartografiarekin bat etorriz, eremuan nagusi dira mahastien laborantza-guneak. Gune horiek Salado errekastoaren ibilguaren eta bide-azpiegituren ertzeraino iristen dira. Aurkeztutako azterlanari erreparatuz, proiektuaren xede den ibilguaren hondo estuen zati handi batean ihi-formazioak daude, baina oso gutxi; besteak beste, espezie hauek ikusten dira: Scirpus holoschoenus, Lythrum salicaria edo Dittrichia viscosa. Ihi-formazio horien inguruan eta errekastoaren hegal eta ertzen zatirik handiena okupatuz, berriz, lastonar mediterraneoak (Brachypodium retusum) eta lahardiak (Rubus sp. eta Rosa sp) daude. Errekastoaren inguruko zuhaitzak ia-ia bakarrik hogei bat fruta-arbola dira, batez ere intxaurrondoak, gereziondoak eta udareondoak. Zumardiaren landaredia-unitateari egotzi ahal zaizkion orban txikiak ere badaude, baina oraindik oso gazteak diren espezie hauetako alez osatuta: Ulmus minor, Laurus nobilis, Hedera helix eta Asparagus acutifolius. Ez da identifikatu jarduketak kaltetu ahalko lituzkeen Batasunaren intereseko habitatik, eta ez dago jasota mehatxatutako florarik dagoenik ere proiektuaren eremuan.
Faunari dagokionez, proiektuaren eremua bat dator usapal europarraren edo arruntaren (Streptopelia turtur) interes bereziko eremuarekin, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko martxoaren 13ko Aginduaren arabera, zeinaren bidez onesten baita Euskal Autonomia Erkidegoan usapal europarra (Streptopelia turtur) kudeatzeko plana. Espezie hori desagertzeko arriskuan dagoen espezie moduan dago katalogatuta Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan. Era berean, proiektua bat dator hegazti-fauna babesteko gunearekin, 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera. Horren bidez, arriskupean dauden hegazti espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko arloak mugatzen dira, eta hegazti-faunaren babes-guneak argitaratzen dira, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira (EHAA, 2016-05-23).
Beste alde batetik, Ebro ibaiari eta Herrera errekastoari (aurrekoaren ibaiadarra da, eta Salado errekastotik 90en bat metrora dago) lotutako mehatxatutako espezieak kudeatzeko zenbait plan daude. Haien aplikazio-eremuak ez datoz bat zuzenean proiektuarekin, baina garrantzitsutzat jo daitezke. Haien artean daude uhalde-enarari (Riparia riparia) dagokiona (Diputatuen Kontseiluaren martxoaren 7ko 22/2000 Foru Dekretua, espezie mehatxatu gisa «Uhalde-enara (Riparia riparia)» hegaztia kudeatzeko plana onesten duena eta espezie hori babesteko neurri espezifikoak eskatzen dituena), bisoi europarrari (Mustela lutreola) dagokiona (azaroaren 7ko 322/2003 Foru Agindua, Arabako Lurralde Historikoan Bisoi Europarraren Kudeaketa Plana onesten duena) eta igarabari (Lutra lutra) dagokiona (880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Arabako Lurralde Historikoan igaraba Lutra Lutra (Linnaeus 1758) kudeatzeko plana onesten duena).
Bisoi europarrari (Mustela lutreola) dagokionez, 2025eko maiatzaren 28an Ondare Naturalaren Zerbitzuak emandako txostenean adierazten da ezen, proiektuaren lekua bisitatu zenean, espezie horren aztarnak ikusi zituztela. Azpimarratu beharra dago ibai-ibilgu handietatik gertu dauden errekasto txikiak (besteak beste, Salado errekastoa) bisoi europarrak ugaltzeko askotan hautatzen dituen habitatak direla, horretarako baldintza ekologiko onak izaten baitituzte.
Bestalde, proiektuaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko naturaguneekin, ez eta babestutako espazio naturalekin eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekoekin ere. Gertuen dagoen babestutako gunea Ebro Ibaia KBEa da (ES2110008) (35/2015 Dekretua, martxoaren 17koa, Arabako Lurralde Historikoko bost ibai kontserbazio bereziko eremu izendatzen dituena: https://www.legegunea.euskadi.eus/es/eli/-/eli/es-pv/d/2015/03/17/35/dof/spa/html/); jarduketa-eremutik 130en bat metrora dago, eta haren babeseko gune periferikotik 30en bat metrora, ibaian behera. Era berean, ez da identifikatu kalterik sortuko denik beste espazio katalogatu batzuetan, ezta onura publikoko mendietan (OPM) ere. Aipatu beharra dago Ebro Ibaia KBEa EAEko Azpiegitura Berdearen barnean dagoela biodibertsitatearen erreserba moduan, eta, ibai-izaera duenez, Bilbe Urdinaren parte ere bada.
Nekazaritza eta Basogintzaren Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eremu handiena mahastizaintzarekin lotutako Nekazaritza eta Abeltzaintza – Balio Estrategiko Handia kategoriako lurzoruetan dago (% 61,73); gainerakoa Nekazaritza eta Abeltzaintza – Trantsizioko Landa Paisaia (% 2,68) eta Basokoa – Mendi Barbana (% 35,59) kategorietakoetan dago.
Paisaiari dagokionez, proiektua Guardiako Paisaiaren Katalogoan definitutako paisaia-unitate hauetan kokatzen da: «3. Arabako Errioxako mahastiak» eta «6. Ebroren terraza eta ezponden multzoa».
Proiektuan, ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik.
Bukatzeko, ingurumen-arriskuak direla-eta, proiektuaren eremuak ez du sismikotasunari, baso-suteei, lurzoruaren higadurari eta akuiferoen kalteberatasunari lotutako arrisku esanguratsurik, eta ez dago, halaber, kutsatzaileak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituen lurzorurik. Era berean, ez da identifikatu Seveso Zuzentarauaren eraginpeko establezimenduen gertutasunarengatik eratorritako arriskurik, ezta salgai arriskutsuen garraiotik eratorritako arrisku handirik ere. Hala eta guztiz ere, eremuari Salado errekastoari lotutako uholde-arriskuak eragiten dio, eta horixe da, hain zuzen ere, proiektua gauzatzeko arrazoia. Aurkeztutako azterlan hidraulikoarekin bat etorriz, proiektuaren eremua bat dator 10, 50, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborarako uholde-arriskuguneekin. Aipatutako azterlan hidraulikoak justifikatzen du proiektatutako jarduketekin URAk finkatutako helburua lortzen dela; hau da, 50 urteko errepikatze-denborako uraldietatik babestea (T50).
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak ikusirik, proiektuaren inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, eta ibilguaren barnean egingo diren jarduketei lotuta daude; zehazki, ibilguaren ohantzea erregularizatuko delako eta tarteren batean trazadura arteztuko delako. Gainera, ertzetan ere lanak egingo dira; esaterako, egungo ezpondak hondeatuko dira sekzio hidraulikoa zabaltzeko, egun dauden egiturak eraitsi egingo dira (lehenengo eta hirugarren kaxak eta ezpondei eusteko hormak), edo pasabide-egitura berriak eta harri-lubetak eraikiko dira, mikropiloteei behin-behinean eutsiko zaie eta defentsak gauzatuko dira.
Jarduketa horietan, lan hauek egingo dira: ibilgua eta ibaiertzak induskatuko dira, ibilguaren barruan makinak atzera eta aurrera ibiliko dira, ibaiertzetan lur-mugimenduak egingo dira edo partikula esekien emisioak egingo dira eta kutsatzaileak ibilgura isuriko dira; hala, baliteke horrek guztiak eragina izatea Salado errekastoaren egoera edo potentzial ekologikoa definitzen duten morfologian eta kalitatearen elementuetan. Ingurumen-inpaktuaren azterlanak gertuko obretako lur-soberakinak lehentasunez balioztatzea jasotzen du, eta narriatutako espazioak edo EAEko Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialak «Ingurumenaren Hobekuntza» gisa definitutakoak leheneratzeko jarduketak ere bai; horrela, zabortegian soberakin gutxiago desegingo dira.
Aurreikusitako jarduketak egiteko, gutxi gorabehera 2.048,28 m3 lur hondeatuko dira, eta haietatik 138,5 m3 obran bertan berrerabiliko dira. Soberako materiala (kalkuluen arabera, gehienez ere 2.199 m3) lehentasunez balorizatu edo berrerabili egingo da, eta, hori egitea bideragarria ez denean, baimendun kudeatzaile batek kudeatuko du.
Ingurumen-inpaktuaren azterlanarekin bat etorriz, proiektuak etengabe 1.821,64 m2 okupatuko ditu ibilgua zabaltzeko, eta behin-behineko okupazioa 2.016,48 m2-koa izango da. Azken okupazio hori zedarritzean eta diseinatzean, egun dauden landareei ahalik kalte txikiena egitea hartu da helburutzat.
Landarediari dagokionez, jarduketa-eremuan ibaiertzeko landaredi potentzialaren oso zati txiki bat baino ez da geratzen, batez ere Ulmus minor espeziearen ale gaztez osatua, eta, oso tartean behin, Laurus nobilis, Hedera helix eta Asparagus acutifolius espezieen aleak daude. Halaber, zumar handiago bat ere badago, 15-20 urte inguru dituena, ibilguaren ezkerraldean.
Faunari dagokionez, IIAk eranskin bat du, proiektuaren eremuan, usapal europarrari edo arruntari eta uhalde-enarari buruz. Uhalde-enarari dagokionez, gaur egun Salado errekastoak ez du ezaugarri ekologiko egokirik uhalde-enarak ugaltzeko, ibilgua estua baita, eta, ezpondak, altuera txikia izateaz gain, landarez estalita baitaude. Jarduketa-eremuak ez du, halaber, baldintza egokirik usapal europarrek edo arruntek habiak egiteko, eta ez du espezie horrentzako baliabide trofiko garrantzitsurik, ibilguan ez baitago zuhaitz egokirik eta inguruan mahastiak nagusi baitira. Hala eta guztiz ere, errekastoaren inguruan Aleppo pinuaren ale isolatuak daude. Espezie hori usapal europarrek edo arruntek lehentasunez erabiltzen dute habiak egiteko, baina inguruko baliabide trofikoak urriak dira, mahasti asko baitaude.
Beste alde batetik, eranskin gisa txertatzen da proiektuaren eremuan bisoi europarraren presentziari buruzko azterlan espezifiko bat. Eskuratutako emaitzetan, besteak beste, bisoi europarraren aztarna bat detektatu zen, eta horrek esan nahi du espezie horrek noizean behin Salado errekastoa erabiltzen duela. Gainera, espezie horrek ehizakiak harrapatzeko aukera handia izan dezake ibilguan, eta ibilbideko zati handi batek baldintza egokiak ditu haren bizi-eremu izateko, nahiz eta landaredia duten tarte batzuetan esposizioa handiagoa izan. Obrak bukatu eta gero, ezpondak birlandatzeak eta landaredia ezartzeko erritmoak baldintzatuko du, neurri handi batean, bizi-eremu gisa duen funtzionaltasuna berreskuratzea.
Beste alde batetik, Ebro ibaia KBEa (ES2110008) esku hartuko den Salado errekastoaren tartetik ibaian behera joanda dago, 130en bat metrora, eta errekastoa Ebro ibaiaren ibaiadar zuzena da. Gertutasun hori eta existitzen den konexio hidrologikoa aintzat hartuta, ezin da a priori baztertu jarduketek zeharkako eraginak sortzea espazio babestu horretan kontserbatu beharreko habitatetan eta espezieetan. Ibai handietatik gertu dauden errekasto txikiak (Salado errekastoa, adibidez) bisoi europarrarentzat habitat egokiak dira, eta tamaina handiagoko ibai-sistemekin konektibitate ekologikoa izaten lagundu dezakete; adibidez, Ebro ibaia KBEarekin. Hala eta guztiz ere, epe luzera, ibaiertzeko landaredia leheneratzeko plana egiteak aukera emango du inguruko paisaia-kalitatea nabarmen hobetzeko eta errekastoaren protagonismoa indartzeko mahastiak nagusi diren paisaia horretan.
Bestalde, proiektuak, EAEko Nekazaritza eta Basogintzako LPSren arabera, puntualki eragiten die Balio Estrategiko Handiko Nekazaritza eta Abeltzaintzako eta Landazabaleko lurzoru gisa sailkatutako mahastiek okupatutako sailei. Aurrekoaren ondorioz, nekazaritza-gaitasun handia duten lursailak behin-behinean edo behin betiko okupatuko dira. Horregatik, beharrezkoa izango da Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak nahitaezko txostena ematea.
D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.
Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak ere, bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin, bai eta, adierazitakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin ere.
Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterlanean finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honetan finkatutakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak sartuko dira obrak kontratatzeko eraikuntza-proiektuen baldintza-agirietan eta planoetan, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
D.1.– Natura-ondarerako eragina gutxiagotzeko neurriak.
D.1.1.– Bat etorriz Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuarekin eta Ondare Naturalaren Zerbitzuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin, obrak egiten hasi baino lehen, uhalde-enararen, usapal europarraren edo arruntaren eta bisoi europarraren azterketak egingo dira.
Bereziki usapal europarrari edo arruntari dagokionez, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuak eta Ondare Naturalaren Zerbitzuak ezartzen dute aurretiazko azterketak ziurtatu beharko duela espezie hori ez dela ugaltzen jarduketa-eremuan.
Azterketa horien emaitzak jakinaraziko zaizkio Arabako Foru Aldundiaren Ondare Naturalaren Zerbitzuari, emaitzak ebalua ditzan eta, beharrezkoa izanez gero, neurri osagarriak proposa ditzan.
Ikusita ezen Salado errekastoan aurreikusi diren jarduketak bisoi europarra dagoela egiaztatutako eremu baten barnean kokatzen direla eta espezie hori «Desagertzeko arriskuan» dagoen espezie gisa katalogatuta dagoela, debekatuta dago espezie horren ugalketako aldi kritikoan lanak egitea. Aldi hori espezie horren kudeaketa-planean ezarrita dago, eta martxoaren 15etik uztailaren 31ra arte doa.
Era berean, aipatu dugun aurretiazko azterketa horren emaitzen arabera, ekidin egingo da usapal europarraren edo arruntaren ugalketa-aldi kritikoan lanak egitea (apirilaren 21etik abuztuaren 20ra), eta uhalde-enararen ugalketa-aldi kritikoan ere ez da jardungo (kasu horretan, martxoaren 15etik uztailaren 15era).
Planteatutako obrak egiten hasi baino lehen, Arabako Lurralde Historikoan flora eta fauna kudeatzeko eskuduna den organoari txostena egiteko eskatuko zaio, eta hark ezarriko ditu egokitzat jotzen dituen neurriak; izan ere, uhalde-enara, usapal europarra edo arrunta eta bisoi europarra espezieen interes bereziko eremuei eragiten diete.
D.1.2.– Bat etorriz Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuarekin eta Ondare Naturalaren Zerbitzuarekin, obrak egiten hasi baino lehen, espezie exotiko inbaditzaileen florarik ote dagoen jakiteko azterketak egingo dira. Azterketa horietan erregistratzen baldin bada flora inbaditzaileko espezieak daudela, flora aloktono inbaditzailea desagerrarazi eta kontrolatzeko programa bat sortuko da. Alde batetik, gune horretan dauden taxoien diagnosia eta inbentarioa eta deuseztatze-jarraibideak jasoko ditu, eta, beste alde batetik, obrak egin bitartean ezarri beharreko babes- eta zaintza-neurriak. Arabako Foru Aldundiaren Ingurune Naturalaren Zuzendaritzari jakinaraziko zaio floraren espezie exotiko inbaditzaileen presentzia aztertzeko lanaren emaitza.
D.1.3.– Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Gune horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
D.1.4.– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen arloetan ekidin egingo da landaredi autoktonoa moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzak ez kaltetzeko.
D.1.5.– Kontrol-neurriak hartuko dira, lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe geratu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen.
D.1.6.– Egin ahalko diren metaketak ez dira egingo gune sentikorretan, hala nola ibaiertzak, hezeguneak edo putzuak, eremu higroturbosoak, zuhaixka-heskaiak eta abar dauden lekuetan.
D.1.7.– Obra bukatzen denean, jarduketa-gunea zorrotz garbitzeko kanpaina bat egingo da; besteak beste, ibaiertzeko hondakinak jaso eta baimendutako zabortegi batera eramango dira edo, hala badagokio, hondakinen kudeatzaile baimendunak kenduko ditu. Gainera, kaltetutako guneak berritu edo jatorrizko egoerara leheneratuko dira.
D.1.8.– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, proiektuak barne hartuko du uhalde-enararentzat habia artifizialak jartzea.
Uhalde-enararentzat jarritako habia artifizialak uholdeak sarri izaten dituzten guneetatik kanpo jarri beharko dira. Modu horretan, ohikoak diren uraldiek ez dute arriskuan jarriko txita-taldeen biziraupena, ezta koloniaren bizirautea ere.
Espezie koloniala denez, gomendatzen da habia kopurua ahalik eta handiena izatea, baldin eta ibilguaren leheneratzeak ahalbidetzen baldin badu. Izan ere, koloniak zenbat eta handiagoak izan, efizienteagoak izaten dira ugalketaren ikuspegitik.
D.1.9.– Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuak eta Ondare Naturalaren Zerbitzuak ezarri duten bezala, proposatutako ingurumen-leheneratzeak zehaztapen hauek izango ditu:
D.1.9.1.– Neurri espezifikoak uhalde-enararentzat, usapal europarrarentzat edo arruntarentzat eta bisoi europarrarentzat. Horretarako, beste batzuen artean, kontuan hartu beharko da babeslekuak, habiak egiteko lekuak edo atseden hartzekoak, elikatzeko eta edateko lekuak eta abar instalatu beharra. Leheneratzearen oinarrizko helburuetako bat da Salado errekastoaren ibaiertzei behar duten landare-, zuhaitz- eta zuhaixka-estaldura ematea. Aurrekoak, gainera, efektu onuragarri nabariak ditu inguruko faunan eta paisaian. Izan ere, dibertsifikatu egiten du, eta Salado errekastoaren egonkortasuna eta hobekuntza hidraulikoa areagotuko ditu. Alderdi hori kontuan hartu beharko litzateke proiektua desjabetzeko azalerak zehazterako orduan.
D.1.9.2.– Birlandaketak egiteko hautatutako espezieen artean egon behar dira lekuan dauden guneko landaredia potentzialeko espezieak; adibidez, Euonymus europaeus, Cornus sanguinea, Corylus avellana, Fraxinus angustifolia, Salix spp., astigarra eta bar. Zumarrak landatzeari dagokionez, lehenetsi egin behar da grafiosiarekiko erresistenteak diren zumarrak landatzea.
D.1.9.3.– Proiektuak ibaien bioingeniaritzako eta naturalizazioko irizpideak txertatuko ditu jarduketen behin betiko diseinuan. Zehazki, teknikoki bideragarria den heinean, bioingeniaritza-irtenbideak lehenetsiko dira egitura-elementu zurrunen aurrean, eta ohantzearen eta ertzen eraketa irregularra sustatuko da, ur-lasterren eremuak eta sedimentuak jalkitzeko eremuak eratzen lagunduko duten harrizko elementuak jarriz. Horrela, ibilguaren hobekuntza ekologikoari lagunduko zaio. Aurrekoarekin lotuta, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuak eta Ondare Naturalaren Zerbitzuak eskatzen dute beheko pasabideen irteera- edo sarrera-hegalak Krainer hormekin egin daitezela. Beste alde batetik, ohantzeak eta errekastoaren ertz berriek ahalik eta egitura irregularrena izan beharko dute. Ohantzean, arrokak edo bolak jarriko dira (harri-lubetetan erabiltzen direnak bezalakoak), ur-lasterren eremuak eta sedimentuak jalkitzeko eremuak eratzea errazteko. Horrek lagundu egingo du ibilguaren hobekuntza ekologikoa handiagoa eta azkarragoa izaten.
D.1.9.4.– Fabrika-obrak iragazkorrak izan beharko dira faunarentzat, batez ere bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), ohiko emarien garaian. Baldin eta diseinu hidraulikoak ahalbidetzen ez badu egituren azpian ertz jarraitu lehorrak egotea, alboko aulkiak edo soluzio baliokideak gaituko dira, zeinak ohiko uraldietan operatibo iraungo duen kota batean jarriko baitira, eta egituretatik ibaian gorako eta beherako ertzekin konektatuta. Pasabide horietarako sarbideak ingurumen-leheneratzean integratu beharko dira. Horretarako, landare-estaldura ezarriko da, faunari erabiltzea errazteko.
D.1.9.5.– Aurreko zehaztapenek (hots, D.1.9.1 zehaztapenetik D.1.9.4 zehaztapenera bitartekoek) ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako ingurumen-leheneratzea osatuko dute, eta hori guztia batera bilduko da leheneratze-plan batean (aurrekontua barne). Plan hori aurkeztu egin beharko da, eta Arabako Foru Aldundiaren Ondare Naturalaren Zerbitzuarekin adostu.
D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
D.2.1.– Oro har, obra-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Aurrekoarekin lotuta, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuak eta Ondare Naturalaren Zerbitzuak ezarri duten bezala, aurreikusi egin beharko da zenbait elementu jartzea Ebro ibaira iritsi ez daitezen obretatik datozen solido esekiz kargatutako efluenteak, halakorik badago. Solido esekiei eusteko sistemetan pilatutako materialak aldian-aldian kentzea eta behar bezala kudeatzea aurreikusiko da, haien ezaugarrien arabera.
D.2.2.– Justu jarduketatik ibaian behera Ebro ibaian uhertasuna hautematen bada, ezarritako dekantazio- eta iragazketa-sistemak efikazak diren aztertuko da, eta haiek indartu edo sistema efikazagoekin ordeztu behar diren aztertuko da.
D.2.3.– Lurra okupatu edo aldatu baino lehen, modu selektiboan kenduko dira landaredi-lurrari dagozkion lurzoru-horizonteak, eta komenigarria da berehala birbanatzea edo biltzea, ingurumen-leheneratzean erabiltzeko. Horizonte sakonenak (hau da, zorupea) material inerte egokia izanez gero, lehentasunez aprobetxatuko da inguruetan lursailak edo finkak leheneratzeko edo birmoldatzeko.
D.2.4.– Ibilgua birmoldatzeko hondeaketa-lanak, posible baldin bada, ibilgutik urrunen dagoen gunetik ibaiertz alderantz egingo dira, hondeaketaren zati handienak defentsa bat edo ibilgua babesteko hesi bat izan dezan. Horrek erraztu egiten du lehorrean lan egitea eta jariatze-urak kontrolatuta eta tratatuta hustea.
D.2.5.– Lanak egin bitartean, uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean utziko dira aldi baterako –edo berariaz diseinatutako instalazioetan–, harik eta helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.
D.2.6.– Obrako makinak gordetzeko gainazala eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.
D.2.7.– Obrako dekantazio-sistema guztietan dekantatutako sedimentuak aldizka bildu eta behar bezala kudeatuko dira, haien ezaugarrien arabera. Isurketa-baimenetan ezarritako mugaketak betetzen direnean bakarrik isuri ahal izango dira urak ibilgu naturaletara.
D.2.8.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak, bai eta garbigunea ere, ibilguetatik urrun eta uholde-arriskuguneetatik kanpo kokatuko dira.
D.2.9.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua eta abar.
D.2.10.– Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaletetan garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inolaz ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.
D.2.11.– Obren eraginez soildutako lurren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-inpaktuaren azterlanean adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.
D.3.– Paisaia babesteko eta eraginpeko lekuak leheneratzeko neurriak.
D.3.1.– Obra-leku bakoitzean lurrak mugiarazi dituzten lanak amaitutakoan, jarduketen eraginpeko lursailaren leheneratze edafiko eta geomorfologikoa egingo da. Era berean, leheneratu egin beharko dira proiektua gauzatzeko kaltetutako arloak (behin-behineko pilaketa-guneak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar).
D.3.2.– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko kontrol-neurriak ezarriko dira. Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren eraginpeko eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
D.3.3.– Obrek dirauten bitartean flora exotikoaren espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan desagerrarazi egingo da jarduketa-guneetatik.
D.3.4.– Landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, obrek kaltetutako espazioak leheneratzeko eta landareztatzeko lanak errazte aldera. Gerora landareztatze-lanetan erabiltzeko kendutako landare-lurra modu egokian biltegiratuko da, eta saihestu egingo da hura trinkotzea, era desegokian pilatzea eta euria egiten duen egunetan manipulatzea. Gainera, metatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.
Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuarekin eta Ondare Naturalaren Zerbitzuarekin bat etorriz, sortutako lur-soberakinak (kutsatu gabeak) erabiltzera premiatzen da, inguru gertukoenean balorizatuz (adibidez, beste espazio narriatu batzuk leheneratzeko), eta bereziki EAEko Nekazaritza eta Basogintzako LPSn «Ingurumen Hobekuntza» gisa sailkatutako guneetan, aprobetxatuz arlo horietan berreskuratze-lanak egin behar direla intereseko ekosistema funtzionalak berreskuratzeko. Aukera hori aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotzen da, soberakin horiek zabortegietan deuseztatzea edo betelan-instalazioetan erabiltzea ekiditeko.
D.3.5.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako birlandatze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.
D.3.6.– Leheneratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira. Ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, eta prozedura mekanikoak lehenetsiko dira.
D.4.– Landa-ingurunea babesteko neurriak.
D.4.1.– Ikusita proiektua bat datorrela Nekazaritza eta Basogintzaren LPSko Nekazaritza eta Abeltzaintzako eta Landazabaleko kategoriako (Balio Estrategiko Handiko azpikategoria) lurzoruekin, Nekazaritzari eta Elikadura Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikulua aplikatuz, proiektuak nekazaritza-arloko foru-organo eskudunaren txostena izan beharko du.
D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
D.5.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko (bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan), bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.
D.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
D.5.3.– Proiektuaren eraginpeko eremuan, obrek sortutako zaratak ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak; hori guztia, aipatutako dekretuaren 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.
Obrek irauten duten bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak gainditzen badira, zuzenketa-neurri egokiak ezarriko dira, eta, neurriak ezarri arren gainditzen jarraitzen badira, administrazio eskudunak baimen espezifiko bidez aldi baterako eten egingo ditu ezarri daitezkeen mugak, obrak egiten diren bitartean.
Kontuan hartuta obrak sei hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten dela, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.
D.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
D.6.1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
D.7.– Airea kutsatzea prebenitzeko neurriak.
D.7.1.– Mikropiloteak egiteko makinek partikula esekien emisioak murrizteko sistemak izango dituzte.
D.7.2.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko arloetara sartzeko lekuetan. Aldi baterako hutsik dauden edo ibilgailuak igarotzean material partikulatua isur dezaketen gainazalak ureztatzeko eta garbitzeko sistema bat egongo da.
D.7.3.– Obra-gunetako irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
D.7.4.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
D.8.– Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
D.8.1.– Proiektua egikaritzean eta hark funtzionatu bitartean sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudea daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
D.8.2.– Eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan jasotakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraiste-hondakinak.
D.8.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, arau hauek beteko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.
D.8.4.– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ugariko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak izan badaitezke. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarreko araudiaren arabera.
D.8.5.– Sortutako olio erabilia arau hauetan xedatutakoaren arabera kudeatuko da: apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aurrekoarekin bat etorriz, obrak instalatzeko guneetan gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak, etab.; gainera, hondakin geldoetarako edukiontzi espezifikoak gaituko dira, haietatik bereizita.
Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarreko araudiaren arabera.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik, ezta hondakinik erreko ere.
D.8.6.– Obra-fasean, kontratisten instalazio-arloetan, gune espezifikoak egokituko dira, instalazio estaliak dauzkatela hondakin arriskutsuak (hala nola olio-latak, iragazkiak, bateriak, etab.) behin-behinean biltegiratzeko; gainera, hondakin geldoetarako edukiontzi espezifikoak egokituko dira, haietatik bereizita. Halaber, obran zehar sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira (bidoiak, etab.). Hondakin horiek beren izaeraren arabera bereiziko dira, aipatutako garbiguneetan aldi baterako biltegiratu baino lehen.
D.8.7.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da.
D.8.8.– Aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera, lur-soberakinak sortuko direla aurreikusten da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetan erabiliz: material horien premia duten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan; horrela, betelan-instalazioetan deuseztatzea ekidingo da. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
Edozein inguruabar dela-eta hondeaketako soberakinak pilatzeko biltegiak eraiki behar izanez gero proiektuaren eremutik kanpo, betelan-proiektu bat idatzi beharko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokituko zaio. Horretaz gain, beste alderdi hauek ere jasoko dira proiektuan: kontuan hartutako kokaleku bakoitzerako ingurumen-eraginaren analisia, hautatutako aukeraren justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.
D.8.9.– Obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
D.8.10.– Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa hartuko da kontuan.
D.9.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
Obrek iraun bitartean, langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien berma daitezen:
– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.
– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea.
– Hondakinak isurtzea saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.
– Obretan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzea.
– Zaratak eta hautsak eragindako eragozpenak saihestea proiektuaren eraginpeko eremuaren inguruko biztanleei.
D.10.– Obra garbitzea eta amaitzea.
D.10.1.– Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den arlo osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-gunetik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen aurreko apartatuetan hondakinak kudeatzeko xedatzen dena aplikatuko da.
D.11.– Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, jarduten duen obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts- eta zarata-sorrera, hondakin-kudeaketa eta ondare naturalaren babesa.
D.12.– Lan-programaren diseinua.
D.12.1.– Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiatal hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.
Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak espresuki onartu beharko ditu, ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
– Kontratistaren instalazio-eremuak baldin badaude, haien kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, honako hauek adierazita: behin-behineko pilaketen kokagunea, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.
– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz mugatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta intereseko habitatak.
– Hala dagokionean, habien kokapenaren edo intereseko faunaren aleen presentziaren xehetasuna.
– Obren ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak. Dekantazio-putzuen edo aurreikusitako beste gailu batzuen kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-ahalmena.
– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
E) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.
E.1.– Gertakarien erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gertakarien erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua egikaritzean aldaketak egin badira, xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.
E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
E.2.1.– Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
E.2.2.– Era berean, instalazio lagungarrien guneen kokapen egokia eta egoera kontrolatuko da, bai eta makineria-parkearena eta, halakorik badago, soberakinen biltegiena ere; gainera, bermatu egingo da haiek guztiek zuzenketa-neurri egokiak dauzkatela (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, etab.).
E.3.– Isurketa-uren kalitatea kontrolatzea.
E.3.1.– Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeenean, D.11 apartatuan aurreikusten den ingurumen-aholkularitzak aldiro egiaztatuko du dekantazio-sistemak eta sedimentuei eustekoak ondo dabiltzala.
E.3.2.– Sistema horien funtzionamendua efikaza ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, kutsatutako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.
E.3.3.– Obrak egiten diren bitartean, hondakin-uren isurketak kontrolatuko dira arazketa-sistemen irteeran, astero. Isurketa-mugak eta aztertutako parametroak isurketa-baimenean adierazitakoak izango dira.
E.3.– Zarata eta bibrazioak kontrolatzea.
Obra-fasean zarataren eta bibrazioen kontrola egingo da. Kontrol horiek EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako prozeduren arabera diseinatu eta egingo dira.
E.4.– Airearen kalitate-kontrola.
Obra-fasean kontrolak egingo dira airearen kalitatea egiaztatzeko, esekitako hautsa sortuko baita lurrak mugitzen direnean, mikropiloteak egitean, materialak kargatzean eta deskargatzean eta makina astunen trafikoan. Asmoa izango da egiaztatzea ez direla legez ezarritako kalitate-helburuak gainditzen.
E.5.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.
Obra amaitu ondorengo bi urteetan, proiektuak eragindako azalerak leheneratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian-aldian.
E.6.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentu bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpen honetan ezarritakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziazko balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuen kokalekua xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna eta guztia egikaritzeko aurrekontuaren xehetasunak.
Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta geratu beharko du programak.
E.7.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
E.7.1.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena aurkeztu beharko da. Txosten horrek emaitzen analisia jasoko du –aipamen berezia egingo die aldi horretan izandako gorabehera garrantzitsuenei, haien balizko kausei eta irtenbideei–, bai eta laginak hartzearen xehetasunak ere, aurrez zehaztu ez diren kasuetan.
E.7.2.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Bai ingurumena zaintzeko programa bai egiaztapen-zerrenda publiko egingo ditu organo substantiboak bere egoitza elektronikoan, eta ingurumen-organoari argitalpen horren berri emango zaio.
E.7.3.– Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
E.8.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Sustatzaileak jarraian aipatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:
Lanak amaitutakoan, lanak egin bitartean izandako gertakarien erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-maila ere, ebazpen honetako E.1. apartatuak araututakoaren arabera.
F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sortu daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
Hirugarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau indargabetu egingo da, eta ondorioek ez dute efekturik izango, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo lau urteko epean ez bada proiektu edo jarduketa hori egikaritzen hasi.
Horretarako, ulertuko da proiektua egikaritzen hasi dela baldin eta, beharrezko baimen guztiak lortu ostean, proiektua egikaritzeko behar diren obrak egiten edo instalazioak muntatzen hasi baldin badira, eta Administrazioan hala jasota badago.
Sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio proiektua egikaritzen noiz hasiko diren.
Ingurumen-organoak ez du ebazpen espresurik eman beharko ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia galdu dela adierazteko.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 16a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS