Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2026ko azaroaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4752

EBAZPENA, 2026ko urriaren 28koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, 2026ko ekitaldian Bikaintek Laguntza-Progamaren deialdira bideratutako baliabide ekonomikoak gehitu direla jakinarazten duena.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2026ko maiatzaren 26ko Aginduaren bidez, 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen oinarriak onartu eta deialdia egin zen, Euskal Autonomia Erkidegoan ikertzaile doktoreak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko (Bikaintek 2026 Programa). Deialdiak 4.400.000,00 euroko aurrekontu-zuzkidura zuen gehienez.

Bikaintek programa doktoregoko ikertzaileak sartzea eta industria-doktoregoak egitea sustatzera bideratutako tresna da, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresa eta eragile jakin batzuei zuzendutako laguntzen bidez. Programa honen bidez, industria-sarearen ikerketa- eta garapen-gaitasunak modu estrukturalean indartu nahi dira, ikerketa-talentua enpresa-inguruneetan integratzea eta EAEko industriaren premia estrategikoekin eta, zehazki, Euskadi 2030 Industria Planean definitutako arlo eta sektore estrategikoekin bat datozen I+G proiektuak gauzatzea erraztuz.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23.2 artikuluak dirulaguntzen deialdia egiteko aukera aurreikusten du, gehieneko zenbateko osoaz gain, zenbateko gehigarri jakin bat ezartzeko, edo, bestela, gehieneko zenbatekoaren ehuneko bat, deialdiaren zenbateko oso hori handitzeko. Oinarrietan hori adierazten bada, gehieneko zenbateko osoa handitzeko ez da beste deialdirik egin beharko, baina hori erabakitzen duen ebazpena deialdiaren agindua argitaratu zen modu berean argitaratu beharko da. Hala ere, ebazpena argitaratzeak ez du esan nahi eskaera berriak aurkezteko beste epe bat irekiko denik edo ebazteko epea berriro zenbatzen hasiko denik.

Bestalde, 2026ko ekitaldirako Bikaintek programaren deialdi-aginduaren 2. oinarriaren 2. apartatuak aurreikusten du deialdiaren gehieneko zenbateko osoa handitzeko aukera, zenbateko osoaren % 50era arteko zenbateko gehigarri batekin. Oinarriak ezartzen duenez, deialdia ebazteko eskumena duen pertsonak, hau da, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez handituko da.

Bikaintek Programaren 2026ko ekitaldiko deialdia instrukzio-fasean dago oraindik. Horrekin batera, 2028., 2029. eta 2030. urteetarako hasierako aurreikuspenak baino dirulaguntza gehiago eskatu dira, eta, beraz, horiei erantzuteko, komenigarritzat jotzen da deialdia zenbateko gehigarri batekin handitzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bikaintek Programaren 2026ko deialdiko gehieneko zenbateko osoa handitzeko planteatzen den zenbateko gehigarria 741.683,49 eurokoa da, urteka honela banatuta: 322.380,28 euro 2028 konpromiso-kreditukoak, 325.503,35 euro 2029 konpromiso-kreditukoak eta 93.799,86 euro 2030 konpromiso-kreditukoak.

Era berean, espedienteko dokumentazio ekonomikotik ondorioztatzen denez, nahikoa kreditu dago igoera horri aurre egiteko.

Bestalde, 2026ko ekitaldirako Bikaintek programaren deialdi-aginduaren 2. oinarri arautzailearen 3. apartatuak jarduketa-ildo bakoitzari esleitutako zenbatekoak aldatzea aurreikusten duenez, eta B1 lerrorako (doktoreak kontratatzea) esleitutako zenbatekoa agortuko ez dela aurreikusten denez, egokia da B1 lerrotik B2 lerrora (industria-doktoregoak egitea) dirulaguntza-funtsak aldatzea, 177.968,95 euroko zenbatekoarekin, urteka honela banatuta: 154.260,45 euro 2027an eta 23.708,50 euro 2028an.

Azkenik, horretarako ezarritako izapidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23.2 artikuluan adierazitakoaren berdina denez, prozesu-ekonomiako arrazoiengatik, gai hau administrazio-egintza honetan bertan ebazten da.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bikaintek Programaren 2026ko deialdiko gehieneko zenbateko osoa handitzea (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2026ko maiatzaren 26ko Aginduaren bidez egin zen deialdi hori), 741.683,49 euroko gehieneko zenbatekoarekin, honela banatuta: 322.380,28 euroko konpromiso-kreditua 2028 ekitaldirako, 325.503,35 euroko konpromiso-kreditua 2029 ekitaldirako eta 93.799,86 euroko konpromiso-kreditua 2030 ekitaldirako.

Bigarrena.– Deialdiko lerroei esleitutako dirulaguntza-funtsak eskualdatzea erabakitzea, eta 177.968,95 euro transferitzea B1 lerrotik B2 lerrora, urteka honela banatuta: 154.260,45 euro 2027an eta 23.708,50 euro 2028an.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 28a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

JAIONE GANZARAIN EPELDE.


Azterketa dokumentala