
215. zk., 2026ko azaroaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (172 KB - 9 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4751
104/2026 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2006ko apirilaren 24an Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) sinatutako hitzarmenari dagozkion jarduketekin jarraitzeko eta amaitzeko akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmenari dagozkion jarduketekin jarraitzeko eta amaitzeko akordioa sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2006ko apirilaren 24an Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (Adif) sinatutako hitzarmenaren barruan Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko hasitako jarduketekin jarraitzeko eta amaitzeko akordioa. Akordio hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 30a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 30EKO 104/2026 EBAZPENARENA
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK ETA TRENBIDE AZPIEGITUREN ADMINISTRATZAILEAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN TRENBIDE SARE BERRIA ERAIKITZEKO SINATUTAKO HITZARMENARI DAGOZKION JARDUKETAK JARRAITZEKO ETA AMAITZEKO, 2026KO URRIAREN 8KOA, AKORDIOA
BILDUTA:
Alde batetik, Oscar Puente Santiago jauna, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa, azaroaren 20ko 835/2023 Errege Dekretuaren bidez izendatua kargu horretarako.
Bestetik, Arcadi España García jauna, Ogasuneko ministroa, martxoaren 26ko 259/2026 Errege Dekretuaren bidez izendatua kargu horretarako.
Bestetik, Susana Garcia Chueca, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko (EAEAO) Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, lehendakariaren ekainaren 24ko 30/2024 Dekretuaren bidez izendatua kargu horretarako, eta Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 11/2004 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera S0100001G IFZ duen zuzenbide pribatuko «Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea» (ETS) erakunde publikoko presidentea.
Bestalde, Noël d´Anjou Olaizola jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko (EAEAO) Ogasun eta Finantzetako sailburua, lehendakariaren ekainaren 24ko 22/2024 Dekretuaren bidez izendatua kargu horretarako.
Eta, bestetik, Luis Pedro Marco de la Peña jauna, Trenbide Azpiegituren Administratzailea (Adif) Enpresa Erakunde Publikoko presidentea, 17ko 936/2024 Errege Dekretuaren bidez izendatua kargu horretarako, eta abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako ADIFen Estatutuaren 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz eta abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako Abiadura Handiko Estatutuaren 23.1 artikuluarekin bat etorriz Q-2802152-E IFZ duen Adif-Abiadura Handia (Adif AV) Enpresa Erakunde Publikoko presidentea.
Aldeek, duten ordezkaritzan, akordio hau formalizatzeko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, eta, horren ondorioz:
ADIERAZI DUTE
Lehenengoa.– 2006ko apirilaren 24an «Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Administrador de Infraestructuras Ferroviariasen arteko lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko» izenekoa (2006ko uztailaren 3ko BOE, 157. zk.) sinatu zen.
Hitzarmen horren xedea Estatuko Administrazio Orokorraren, EAEko Administrazioaren eta ADIFen arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea zen, Euskadiko trenbide-sare berria (euskal «Y») Europako aurreikuspenen arabera martxan jartzeko beharrezkoak diren jarduketak gauzatzeko.
Hori oinarri hartuta, jarduketa hauek ezarri ziren:
– Orduko Sustapen Ministerioa, ADIFen bitartez, Euskal Y-aren Vitoria-Gasteiz eta Bilbao arteko plataformaren eraikuntza-proiektuak idazteaz arduratzen zen, Elorrio eta Angiozar arteko trukagailuaren tartea 3+200 KPraino eta Aramaio eta Angiozar artekoa 3+200 KPraino barne. Era berean, Vitoria-Gasteizen eta Bilbon txertatzen diren tarteetako plataformaren eraikuntza-proiektuak idaztea bere gain hartu zuen.
– EAEko Administrazioak, Estatuko Administrazio Orokorrak hitzarmenaren bidez formalizatzeko egindako aginduaren bitartez, Euskal Y-aren plataforma eraikitzeko proiektuak idatzi zituen Gipuzkoako adarrean, Bergarako 9+000 KPtik Iruneraino (Donostiako hirian sartzen den tartea barne). Iruni dagokion zatia, Euskal Y-aren informazio-azterlanean sartuta ez dagoena eta nazioarteko konexioaren parte dena, orduko Sustapen Ministerioak gauzatu behar zuen.
– EAEko Administrazioak trenbide-azpiegitura berria ezartzeko behar ziren lurrak lortzeko beharrezkoak ziren desjabetze-espedienteen administrazio-kudeaketan lagundu behar zuen.
– EAEko Administrazioak –hitzarmenaren bidez formalizatuko zen Estatuko Administrazio Orokorraren aginduaren bidez– Bergara-Irun Gipuzkoako adar osoan plataformaren obrak egitea kontratatzen zuen, baita Donostian sartzeko tartea ere, eta obren zuzendaritza fakultatiboa ere bere gain hartzen zuen.
Bigarrena.– 2017ko abenduaren 27an, «Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren aldaketa» sinatu zen (2018ko urtarrilaren 26ko BOE, 23. zk.), eta, horren bidez, besteak beste:
– Jarduketa berriak sartu ziren:
a) Ezkioko geltokiaren eraikuntza.
b) Astigarragako geralekuaren eraikuntza ADIFek kudeatutako metro bateko zabalerako sarean.
c) Bergara-Lezo tartean jarduketa berriak egitea:
– Tuneletako larrialdi-irteerak, Europako Batzordearen 2014ko azaroaren 18ko 1030/2014 Erregelamenduaren arabera.
– Jarduketa gehigarriak: mendi-hegalak egonkortzea eta zeuden iturburuetan izandako afekzioengatik lehengoratzea.
– Ezkioko geltokia eta Astigarragako geralekua eraikitzea erabaki zen, bai eta Bergara-Lezo tartean jarduketa berriak egitea ere, eta Euskadiko Administrazio Orokorrari aginduko zitzaizkion, Euskadiko trenbide-sare berria eraikitzeko zenbait jarduketa agintzeko Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (Adif) 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatuta.
– Gipuzkoako Bergara-Lezo adarrean, plataforma osoa egiteko aurreikusitako kostuak eguneratu ziren.
Hirugarrena.– 2021eko abenduaren 23an, «Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide sare berria eraikitzeko sinatutako lankidetza hitzarmenaren bigarren aldaketa eta luzapena» sinatu zen (2022ko maiatzaren 21eko BOE, 121. zk.), eta, horren bidez, besteak beste:
– Euskadiko trenbide-sare berria eraikitzeko 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenetik eta 2017ko abenduaren 27ko lehen aldaketatik kendu egin ziren Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko plataformaren obrak. Horrek esan nahi zuen Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko zenbait jarduketa agintzeko lankidetza-hitzarmena ere aldatu behar zela.
– Orduko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Adif eta Adif-Abiadura Handiko enpresa-erakunde publikoek konpromisoa hartu zuten tarte horretako obrak gauzatzeari dagokionez lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko, eta hitzarmen horren edukian, une horretan ingurumen ebaluazioan eta behin betiko onespenaren zain zegoen «Euskadiko trenbide-sare berriaren informazio-azterlan osagarria. Astigarraga-Lezo tartea» izenekoan behin betiko onartutako soluzioa ezarriko zen oinarri gisa.
– Lankidetza hitzarmenaren lehenengo aldaketa lau urtez luzatu zen, luzapen horretatik kanpo utziz une horretan ezabatu ziren Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteko plataformaren obrak.
– Hitzarmenean jasotako jarduketen kostu zenbatetsiari, akordioaren parte izaten jarraitzen zuten jarduketa horien kokapenari eta urtekoen banaketari buruzko eranskinak eguneratu ziren.
Laugarrena.– 2025eko otsailaren 27an, «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Euskadiko trenbide-sare berria eraikitzeko sinatutako hitzarmenaren hirugarren aldaketa» sinatu zen (BOE, 94. zk., 2025eko apirilaren 18koa), eta, horren bidez, besteak beste:
– Ezkioko geltokiko obretan egiteko zegoen tartea gauzatzeko lanak kendu ziren, batez ere gauzatu gabe zeuden indarrean zegoen eraikuntza-proiektuari zegozkion instalazioen jarduketei zegozkienak, eta horiek behin betiko hitzarmen orotatik kanpo geratu ziren, eta Adif Alta Velocidad-ek bere gain hartu behar zuen, modu bereizian, instalazio horien amaiera.
– ADIFek kudeatzen duen zabalera iberikoko sarean Astigarragako geralekuko obra guztiak kendu ziren, ezingo baitziren aurreikusitako epean amaitu, luzapena barne.
– Hitzarmenean jasotako jarduketen aurrekontu zenbatetsia eguneratu zen.
Bosgarrena.– Une honetan, batez ere obren garapenean eta egikaritzean gertatutako kontratu edo/eta izapidetze gorabeherak direla eta, ez dira hitzarmenaren xedea osatzen zuten jarduketak osatu, eta egoera honetan daude:
○ Larrialdiko galeriak:
– Abiadura handiko Gasteiz-Bilbo-Donostia lineako tuneletan larrialdietarako irteera berrien Eraikuntza-proiektua. Bergara-Astigarraga tartea (C22018003).
Egoera: Adif-ek 2018-10-24an onartua. 2019ko ekainaren 6an, ETSren kontratazio-organoak erabaki zuen aipatutako eraikuntza-proiektuaren obra-kontratua Tecsa constructora – Obras subterráneas-Construcciones Olabarri ABEEari esleitzea, hamabi milioi zazpiehun eta laurogeita hamabost mila, zazpiehun eta berrogeita hamazazpi euro eta hogeita bat zentimoko (12.795.757,21) zenbatekoan, BEZa barne, eta hogei (20) hilabeteko epean gauzatzeko. Obren harrera akta 2024-02-01ean sinatu zen.
○ Hernani-Astigarraga 2. fasea:
– Euskadiko trenbide-sare Berrian plataformaren Eraikuntza-proiektua. Tartea: Hernani-Astigarraga. 2. fasea (C22018529).
Egoera: Adif-ek 2018-10-30ean onartua. 2019ko uztailaren 18an, ETSren kontratazio-organoak erabaki zuen aipatutako eraikuntza-proiektuaren obra-kontratua Sacyr infraestructuras-Sacyr neo-pul- Marriezcurrena-Zubieder ABEEari esleitzea, berrogeita sei milioi hirurehun eta laurogeita zazpi mila, zortziehun eta hirurogeita hamar euro eta bederatzi zentimoko (46.387.870,09) zenbatekoarekin, BEZa barne, eta hogeita hamazazpi (37) hilabeteko egikaritze-epearekin. Obra aldi baterako etenda dago, erabat, 2024-04-25etik, Astigarragako geltokiko nasen egikaritzeak baldintzatuta.
○ Atotxako geltokiaren birmoldaketa:
– Euskadiko trenbide-sare berriaren Atotxako geltokia (Donostia) birmoldatzeko Eraikuntza-proiektua (C22019190).
Egoera: Adif-ek 2019-11-29an onartua. 2020ko apirilaren 2an, ETSren kontratazio-organoak erabaki zuen aipatutako eraikuntza-proiektuaren obra-kontratua Construcciones Moyua SL-Comsa S.A.U.– Cycasa canteras y construcciones ABEEri esleitzea, laurogei milioi laurehun eta hamasei mila, berrehun eta hogeita hamabost euro eta laurogeita zazpi zentimotan (80.416.235,87), BEZa barne, eta berrogeita bi (42) hilabeteko egikaritze-epean. 2025-02-19an, proiektuaren 2. aldaketa idazteko baimena eman zen. Aldaketa horren arabera, egiteratze-epea hamabi (12) hilabetetan eta zenbatekoa gehitzeko proposamena egin zen, oraindik onartu ez den arren.
Bestalde, etorkizunean erabilera publikorako udal-ekipamendu kolektibo gisa integratzeko xedez Donostiako Udalak geltokiko estalkiaren espaziorako aurreikusitako diseinua egokitzeko erakutsi duen interesa kontuan izanda, Adif AVk etorkizunean Donostiako Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko aukera aztertuko du. Hitzarmen horren bidez garatuko dira elementu horren konfigurazio fisiko eta funtzionalak eta titulartasun eta kontserbazio erregimenak zehazten dituzten baldintzak.
Erabaki honen I. eranskin gisa taula bat erantsi da, 2028ko abenduaren 31ra arte abian diren jarduketen jarraitutasun aldirako aurrekontuen xehetasunekin.
Seigarrena.– 2006ko apirilaren 24an sinatutako hitzarmena, geroago luzatu eta aldatu zena, 2017ko abenduaren 27an, 2021eko abenduaren 23an eta 2025eko otsailaren 27an sinatutako gehigarrien bidez, iraungi egin da indarraldia amaitu delako, eta ezin izan da berriro luzatu. Egoera horren aurrean, Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak, 2025eko abenduaren 10eko bileran, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan xedatutakoaren babesean, proposatzea gaur egun gauzatzen ari diren jarduketekin jarraitzea eta horiek amaitzea erabaki du. Amaiera-aurreikuspen hau dute:
– Larrialdietako Galerietako obrak, dagoeneko harrera akta dutenak, 2024ko otsailaren 1etik aurrerako ondorioekin, obra amaierako ziurtagiria eta kontratuaren likidazioa (C22018003) onartu gabe daude. Obra horiei lotutako jarduketekin jarraituko da obrak gauzatzeko kontratua eta hari lotutako kontratuak likidatu arte, eta bakoitzari dagokion likidazio-ziurtagiriarekin gauzatuko da.
– Hernani-Astigarraga 2. fasearen obrak, aldi baterako etenda daudenak, erabat, 2024-04-25eko ondorioekin, Astigarragako geltokiko nasen egikaritzeak baldintzatuta. Hala ere, etenaldia amaitu ondoren obraren 6 hilabete inguruko egikaritze-epea aurreikusten da, eta 2026ko lehen eta bigarren seihilekoak hartuko dira kontuan, hurrenez hurren, obren etenaldia eta amaiera kentzeko. Era berean, zain daude obrak jasotzeko, obra-amaierako ziurtagiria onartzeko eta kontratua likidatzeko (C22018529). Obra horiei lotutako jarduketekin jarraituko da obrak gauzatzeko kontratua eta hari lotutako kontratuak likidatu arte, eta bakoitzari dagokion likidazio-ziurtagiriarekin gauzatuko da.
– Atotxako Geltokiaren Birmoldaketa obrek 2. aldaketa bat dute izapidetzean, eta haren idazketa baimenak 2025-02-19tik ditu ondorioak. Horrek aurrekontua gehiago handitzea eta epea ere luzatzea dakar, 12 hilabete, 2025-12-05era arte. Geltokiaren estalkiaren espazioaren egoera berria, bosgarren azalpenaren amaieran azaldutakoa eta Donostiako Udalak erabilera publikorako udal ekipamendu kolektibo gisa etorkizunean integratzeko sortu duen interesaren ondoriozkoa, proiektuan aurreikusitako diseinua birkonfiguratzea eta egokitzea dakar, baina obra ez da amaituko 2026ko lehen seihilekora arte, eta, era berean, obra amaierako ziurtagiriaren onarpena eta kontratuaren likidazioa (C22019190) kenduko dira. Obra horiei lotutako jarduketekin jarraituko da obrak gauzatzeko kontratua eta hari lotutako kontratuak likidatu arte, eta bakoitzari dagokion likidazio-ziurtagiriarekin gauzatuko da.
Aurretik azaldutako informazioan oinarrituta, eta abian dauden jarduketen egoera eta horiek amaitzeko behar diren epeak ikusita, eta dokumentu honen eranskinean justifikatzen den bezala, beharrezkotzat jotzen da horiek guztiak gauzatzen jarraitzea, eta 2028ko abenduaren 31 ezarri beharko da amaitzeko gehieneko egun gisa.
Eta aurretik azaldutakoa kontuan hartuta, aldeek akordio hau gauzatzea onartu dute, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan aurreikusitakoaren babesean, eta, horretarako,
ERABAKI DUTE:
Aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluarekin bat etorriz, aldeek Berretsi egin dute Hitzarmenaren Jarraipen, Zaintza eta Kontrolerako Batzordeak 2025eko abenduaren 10ean egindako ezohiko bileran egindako proposamena, hau da:
Lehenengoa.– Abiadura handiko Gasteiz-Bilbo-Donostia lineako tuneletan larrialdietarako irteera berriak eraikitzeko proiektuari dagokion «Gasteiz-Bilbo-Donostia abiadura handiko lineako tuneletan larrialdietarako irteera berriak egiteko kontratua. Bergara-Astigarraga tartea» (C22018003) kontratua gauzatzen jarraitzea Bergara-Astigarraga tartean, obrak gauzatzeko kontratua eta hari lotutako kontratuak likidatu arte; bakoitzari dagozkion likidazio-ziurtagiriekin gauzatuko da.
Bigarrena.– Euskadiko trenbide-sare berriaren plataformaren Eraikuntza-proiektua. Tartea: Hernani-Astigarraga. 2. Fasea izenekoari dagokion izen bereko kontratua (C22018529) gauzatzen jarraitzea, obrak gauzatzeko kontratua eta hari lotutako kontratuak likidatu arte; bakoitzari dagozkion likidazio-ziurtagiriekin gauzatuko da.
Hirugarrena.– Euskadiko trenbide Sare Berriko Atotxako geltokiaren (Donostia) birmoldaketaren eraikuntza-proiektuari dagokion izen bereko kontratua (C22019190) gauzatzen jarraitzea, obrak gauzatzeko kontratua eta hari lotutako kontratuak likidatu arte. Bakoitzari dagozkion likidazio-ziurtagiriekin gauzatuko da. Bosgarren azalpenean adierazitakoarekin bat etorriz, Adif AVk Donostiako Udalarekin aztertuko du etorkizunean hitzarmen bat sinatzeko aukera, dagokion euskarri-akordioa akordio honetatik kanpo hitzarmenaren xede den jarduketa honen legezko eremutik eta abian dauden jarduketekin jarraitzeko eta amaitzeko. Horren bidez gauzatuko dira geltokiko estalkiaren konfigurazio fisikoa eta funtzionala eta titulartasun eta kontserbazio araubidea zehazten dituzten terminoak eta baldintzak.
Laugarrena.– Goian aipatutako kontratuen likidazioa gauzatzeko behar diren epeak aztertu ondoren, eta dokumentu honen eranskinean justifikatzen den bezala, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIFek Euskadiko trenbide-sare berria eraikitzeko sinatutako Hitzarmenaren amaiera luzaezinerako azken eguna 2028ko abenduaren 31 izango dela erabaki da.
Egun hori igarotakoan, Estatuko Administrazio Orokorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ADIFek Euskadiko trenbide-sare berria eraikitzeko sinatutako Hitzarmena likidatu egingo da.
Hitzarmen hau betearaztearen ondoriozko prozesu judizialetatik, penaletik eta administrazioarekiko auzietatik sor daitezkeen erreklamazio eta betebeharren ondorioz kostu berriak ordaindu behar badira, aldeek hartuko dituzte beren gain Hitzarmenaren likidazioan, bakoitzari dagokionaren arabera. Adostasunik lortu ezean, auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ebatziko dira.
Hitzarmenaren likidazioan, hitzarmenari egotz dakizkiokeen jarduketa eta egintza material eta administratiboen zenbateko osoa ezin izango da, inola ere, 2.048,97 milioi euro (BEZa barne) baino handiagoa izan, 2025eko otsailaren 27an sinatutako hirugarren aldaketan zehazten denez.
Goian azaldutakoaren osagarri gisa, EAEAOk eta Adif-Abiadura Handiak hitzarmen honen babesean baloratutako eta gauzatutako aktibo eta jarduketa guztiak Adif-Abiadura Handiari atxikitzeko formalizazioa gauzatu behar dute. Ekintza horiek, nolanahi ere, eraikitako aktiboak zerbitzuan jarri aurretik zehaztu beharko dira.
Bosgarrena.– Erabaki honek izaera administratiboa du, eta indarrean dagoen administrazio-araudiaren mende egongo da. Bertan aurreikusten ez den guztirako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea edo aurrerantzean hura ordezkatuko duen legeria aplikatuko da.
Akordio hau interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ebatziko dira.
Dokumentu hau bi zutabetan sinatzen da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta interpretazio-desadostasuna egonez gero, gaztelaniazko testua gailenduko da. Eta ados daudela adierazteko, alderdi guztiek sinatzen dute dokumentu hau, modu elektronikoan, ondorio bakarrerako.
Egoitza elektronikoa, 2026ko urriaren 8a.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa,
ÓSCAR PUENTE SANTIAGO.
Ogasuneko ministroa,
ARCADI ESPAÑA GARCÍA.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,
SUSANA GARCÍA CHUECA.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.
Trenbide Azpiegituren Administratzailea (Adif) enpresa-erakunde publikoko presidentea,
LUIS PEDRO MARCO DE LA PEÑA.
RSS