Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2026ko azaroaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4749

AGINDUA, 2026ko urriaren 5ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Arabako Epaitegietako Prokuradoreen Elkargo Ohoretsuaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

2023ko ekainaren 7an, orduko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sartu zen Arabako Epaitegietako Prokuradoreen Elkargo Ohoretsuaren izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera. Aldatzen den testua Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2007ko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onartutakoa da. Agindu horren bidez, Arabako Epaitegietako Prokuradoreen Elkargoaren estatutuak onartzen dira, eta estatutuak agindu horren eranskin gisa argitaratu ziren, 2007ko uztailaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (129. zk.).

Estatutuak aldatzeko erabakia 2023ko apirilaren 25ean onartu zen, elkargo horretako Gobernu Batzordearen ezohiko batzar orokorrean, organo horretako idazkariak emandako ziurtagirian jasota dagoen bezala.

Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justizia Zuzendaritzak eta Euskadiko Prokuradoreen Kontseiluak egindako nahitaezko txostenak jaso ziren, bi erakunde horiek eskudunak baitira Arabako Epaitegietako Prokuradoreen Elkargo Ohoretsuak ordezkatzen duen lanbidea arloan. Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzari txostena eskatu eta eman zitzaion.

Txosten horietan proposatutako aldaketa batzuk egin ondoren, Elkargoak aldaketa horien ondoriozko estatutuen testua aurkeztu du.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkideagoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, Tituludun lanbideen, profesionalen elkargoen eta profesionalen kontseiluen erregistroaren erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikuluan eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2020 Dekretuaren 11.1.m) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1 n) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Bereziki bete dira Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Arabako Epaitegietako Prokuradoreen Elkargo Ohoretsuaren estatutuetan egindako aldaketa onartzea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Aldatutako estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, agindu honen eranskin gisa, eta agindu honen berri interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Aginduak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 5a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

ERANSKINA
ARABAKO PROKURADOREEN ELKARGO OHORETSUAREN ESTATUTU-PROIEKTUA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Estatutu honen xedea da Arabako Epaitegietako Prokuradoreen Elkargo Ohoretsuaren (AEPEO) antolamendua eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua.– Izaera eta nortasuna.

1.– AEPEO zuzenbide publikoko korporazioa da, legearen arabera eratu eta aitortua, eta auzitegietako prokuradore gisa dihardutenek osatzen dute. Gizartearen eta elkargokideen interes orokorraren zerbitzura jardungo du, dagozkion funtzioak eta eskumenak gauzatuz.

2.– Elkargoak nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa du bere helburuak betetzeko.

3.– Bere antolaketa eta funtzionamenduan autonomia osoa du estatutu honen esparruan eta Justizia Auzitegien bermepean.

3. artikulua.– Lurralde-eremua.

AEPEOren lurralde-eremua Arabako Lurralde Historikoa da.

4. artikulua.– Egoitza.

AEPEOren egoitza Vitoria-Gasteizen dago, Gasteiz hiribideko 18. zenbakian.

5. artikulua.– Hizkuntza koofizialtasuna.

Euskara eta gaztelania AEPEOren hizkuntza ofizialak dira, berdintasun-mailan, euskararen normalizazio-prozesua eta sustraitze soziala aintzat hartuta.

6. artikulua.– Funtsezko helburuak.

AEPEOren funtsezko helburuak dira:

a) Bere eskumenen esparruan, lanbidearen jarduna antolatzea.

b) Prokuradoreen ordezkaritza instituzional esklusiboa izatea bere lurralde-eremuan.

c) Prokuradoreen interes profesionalak defendatzea.

d) Deontologia profesionala betetzen dela eta elkargokideen zerbitzu profesionalen kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babesten direla zaintzea.

e) Lankidetzaren bidez, Justizia Administrazioaren funtzionamendua sustatu eta hobetzea, bai eta lege prozesalek eta organikoek agintzen dizkioten funtzioak eta zerbitzuak ematea ere.

7. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioekiko harremanak.

1.– AEPEOk harremanak izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin: alde batetik, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean jasotako izaera orokorreko alderdi profesional, instituzional eta korporatiboei buruzko gaiei dagokienez, eta bestetik, lanbidearen edukiari buruzko gaiei dagokienez. Lehen kasuan, elkargo profesionalen arloan eskumena duen sailaren bitartez bideratuko ditu harremanak, eta bigarrenean, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloan eskumena duen sailaren bitartez.

2.– Elkargoak, bere funtzio propioez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak, foru-administrazio publikoak eta toki-administrazioak eskuordetutako administrazio-funtzioak bete ahal izango ditu, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako moduan.

3.– Era berean, AEPEOk harremanak izango ditu Estatuko Administrazio Orokorrarekin, Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrarekin eta gainerako organismo eta erakunde publikoekin, eta dagozkion loturak izango ditu haiekin.

II. TITULUA
ELKARGOKIDEAK
I. KAPITULUA
ELKARGOKIDETZEKO ARAUBIDEA

8.– Artikulua. Derrigortasuna.

1.– Lanbidean jarduteko, AEPEOn sartu behar dute lanbide-egoitza bakarra edo nagusia Elkargoaren lurralde-eremuan duten prokuradoreek.

2.– Elkargoan sartzen diren prokuradoreek Espainiako lurralde osoan jardun ahal izango dute lanbidean. Elkargoak ezin izango die inolako komunikaziorik edo gaikuntzarik eskatu elkargokide diren lurraldeaz beste batean lan egiten duten profesionalei, eta, halaber, ezingo dizkie eskatu normalean elkargokideei eskatzen dizkien kontraprestazio ekonomikoak; kontraprestazio horiek onuradun gisa dagozkien eta elkargoaren kuotak estaltzen ez dituen zerbitzuak emateagatik eskatzen dira.

3.– Elkargokide diren lurraldeaz beste lurralde batean burutuz gero jardun profesionala, AEPEOri dagozkion antolamendu-eskumenak eta diziplina-ahala erabiltzeko, kontsumitzaile eta erabiltzaileen mesedetan, Zerbitzu-jardueren eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Estatuko Legean aurreikusitako komunikazio-mekanismoak eta agintaritza eskudunen arteko administrazio-lankidetzarako sistemak erabili beharko ditu AEPEOk.

9. artikulua.– Kokatzeko eta zerbitzuak emateko askatasunak.

Europar Batasuneko edozein estatutan ezarritako profesionalen jardun iraunkorra nahiz aldi baterako lekualdaketaren kasuan zerbitzuak ematea Europako Erkidegoko zuzenbidea aplikatzeko indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

10. artikulua.– Elkargokide-izaera eskuratzea.

1.– AEPEOn sartzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

a) Zuzenbidean lizentziaduna edo zuzenbideko graduko unibertsitate-titulua izatea.

b) Auzitegietako prokuradorearen lanbidean jarduteko gaitzen duen lanbide-titulua izatea, Abokatutzan eta Auzitegietako Prokuradoretzan Sartzeari buruzko urriaren 30eko 34/2006 Estatuko Legean xedatutakoaren arabera.

c) Prokuradore aritzeko ezgaitasun, gaitasungabetze, bateraezintasun edo legezko debekurik ez izatea.

d) Elkargo baten zehapen irmoagatik prokuradoreen elkargoren batetik kanporatuta egon ez izana.

e) Ez izatea abokatu-elkargoren bateko jarduneko kide aldi berean.

2.– Aurreko apartatuko b) letran aurreikusitako baldintza eskatzeak ez dio kalterik egingo Estatutuen lehenengo xedapen iragankorrak ezarritakoari.

3.– Eskatutako titulazioa dutenek eta aurreko apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek eskubidea izango dute elkargoan onartuak izateko.

11. artikulua.– Elkargoan sartzeko prozedura.

1.– Gobernu Batzordeak hilabeteko epean ebatziko ditu elkargoko kide izateko eskabideak eta epea horretan jakinaraziko du ebatzitakoa. Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik ukatu ahal izango ditu. Batzordeak kideren bati eskuordetu ahal izango dio eskumen hori.

2.– Gehieneko epe hori igaro eta Gobernu Batzordeak ebazpenik jakinarazi ez badu, eskaera baietsitzat joko da.

3.– Ebazteko epea eten ahal izango da, gehienez ere bi hilabetez, aurkeztutako dokumentazioan dauden akatsak zuzentzeko edo egiaztapen egokiak egiteko, dokumentazioaren benetakotasuna eta nahikotasuna egiaztatze aldera.

4.– Elkargoan sartzea ukatuz gero, arrazoitu egin beharko da, eta hilabeteko epean aurkaratu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluan, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Estatutuaren IV. tituluko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Elkargokide-izaera galtzea.

1.– Honako hauek dira elkargokide-izaera galtzeko arrazoiak:

a) Borondatez uko egitea.

b) Izaera hori lortzeko baldintzak ez betetzea jatorriz edo gerora; ez-betetzeak behar bezala egiaztatuko dira.

c) Elkargoaren kontribuzioak ez ordaintzea.

2.– Elkargokide-izaera borondatez uko egitearen ondorioz galtzeak ez du iraungitzen elkargokide-aldian izandako diziplina-erantzukizuna. Baja eskatzeko unean diziplina-prozeduraren bat irekita badago, Elkargoak aurrera jarraituko du horrekin, harik eta ebazpena eman arte. Zehapenen bat ezarrita amaitzen bada, eta zehapen hori ezin bada bete, eten egingo da. Hala, berriro sartzen bada prokuradore-korporazio batean, orduan betearaziko da.

3.– Aurreko apartatuko b) letran aurreikusitako kasuan, Gobernu Batzordeak, elkargoaren balizko baja eragin duten inguruabarrak egiaztatu ondoren, interesdunari jakinaraziko dizkio eta entzunaldi-izapidea emango dio hamabost egun baliodunez. Epe hori igarotakoan, dagokion ebazpena emango du, gehienez ere hilabeteko epean.

4.– Eta c) letran aurreikusitako kasuan, Gobernu Batzordeak kontribuzioak ordaindu gabe dituela adieraziko dio interesdunari, eta entzunaldi-izapidea emango dio hamabost egun baliodunez. Epe hori igarota, eta egindako alegazioak ikusita, ebazpena eman eta jakinaraziko du, gehienez ere hilabeteko epean. Hala badagokio baja ematea erabaki ondoren, elkargora itzultzeko, zor diren zenbatekoak ordaindu beharko dira, dagokion legezko interesarekin.

5.– Elkargokide-izaera galtzeari buruzko ebazpena aurkaratu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluan, aurreko artikuluan elkargoan sartzeko ukapenaren inguruan aurreikusitako moduan.

13. artikulua.– Elkargokide-izaera etetea.

1.– Honako hauek dira elkargokide-izaera eteteko arrazoiak:

a) Ebazpen judizial irmoz, lanbidean jarduteko gaitasungabetzea edo ezgaitzea.

b) Elkargoaren zehapen irmoaren ondorioz, lanbidean jarduteko gaitasungabetzea.

2.– Elkargokide-izaera etenda egongo da, etendura eragin duen arrazoiak irauten duen bitartean.

14. artikulua.– Elkargokidetzeari buruzko prozeduren ebazpenak elektronikoki izapidetzea eta jakinaraztea.

1.– Elkargoak beharrezko baliabideak izango ditu eskatzaileek elkargoan sartzeko edo baja emateko prozedurak bide elektronikoz izapidetu ahal izateko, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Estatuko Legearen 10. artikuluan aipatzen den leihatila bakarraren bidez.

2.– Elkargoak berehala jakinaraziko dizkio elkargokideen altak, bajak edo etendurak, bai eta lanbide-egoitzen aldaketak ere, Kontseilu Orokorrari, Elkargokideen Erregistro Nagusian jaso ditzan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari eta lurraldeko epaitegi eta auzitegiei ere.

15. artikulua.– Elkargokide motak. Zenbakia eta egiaztapena.

1.– AEPEOn sartutako prokuradoreek jarduneko edo ez-jarduneko izaera izango dute.

2.– Prokuradore bakoitzak elkargokide-zenbaki bat izango du, eta bere izaera egiaztatzen duen txartela edo egiaztagiria izango du. Izenpetzen dituen agiri profesional guztietan zenbaki hori idatzi beharko du, eta kide den elkargoa aipatu.

II. KAPITULUA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

16.– Artikulua. Printzipio orokorrak.

1.– AEPEOn sartzeak estatutu honetan jasotako eskubideak eta betebeharrak ematen ditu.

2.– Auzitegietako prokuradore guztiak berdinak dira Estatutuan aitortutako eskubide eta betebeharrei dagokienez, hurrengo apartatuan xedatutakoari kalterik egin gabe.

3.– Ez-jarduneko elkargokideek jarduneko elkargokideen eskubideak izango dituzte, lanbidearen jardunera zuzenean lotzen ez diren neurrian. Ez-jarduneko elkargokideen botoen balioa jarduneko kideen botoen erdia izango da bai Batzorde Orokorretan, bai Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko prozesuetan, bai eta, hala badagokio, zentsura-mozioetan ere.

17. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

Honako hauek dira elkargoko prokuradoreen eskubideak:

a) Organo korporatiboei lanbide-jardunean babesa eskatu eta, hala badagokio, lortzea, prokuradoreen independentzia eta jarduteko askatasuna babes dezaten. Horretarako, eskatu ahal izango dute eskubide hori urratzen dela edo ez dela ezagutzen jakinarazteko Botere Judizialeko gobernu-organoei, jurisdikziokoei zein administratiboei.

b) Elkargoaren gobernu-gaietan parte hartzea, Batzorde Orokorraren bilkuretan parte hartzea eta botoa ematea, gobernu-organoetako kideak hautatzeko eta hautatua izateko ahalmena, eta gobernu-organoetako titularrak zentsura-bozketaren bidez kentzeko eskubidea estatutu honetan araututako baldintzetan.

c) Elkargoko organoei eskaerak egitea eta kexak eta erreklamazioak aurkeztea, bai eta organo horien erabakien eta ebazpenen aurka errekurtsoa jartzeko eskubidea ere.

d) Gobernu korporatiboari eta interes profesionaleko jarduerei buruzko informazio erregularra lortzea, bai eta Elkargoaren jarduera ekonomikoa islatzen duten dokumentuak aztertzea ere.

e) Zuzenean eragiten dieten elkargoko agiri eta egintzen informazioa eskuratzea eta, hala badagokio, horiek ziurtatzea.

f) Elkargoaren ondasunak eta zerbitzuak erabiltzea, batez ere lanbide-prestakuntzakoak eta -trebakuntzakoak, zehazten diren moduan eta baldintzetan.

g) Elkargokide-eskubideak bere osotasunean mantentzea, harik eta elkargokide-izaera eten edo galdu arte.

18. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

1. Elkargoko prokuradoreek betebehar hauek dituzte:

a) Lanbidean zuzentasunez eta zentzu etikoz jardutea, eta deontologia profesionala betetzea.

b) Lege organikoek, prozesalek eta sektorialek ezartzen dizkieten legezko betebeharrak betetzea, lanbidean dihardutela –bereziki, jurisdikzio-organoekin lankidetzan eta elkarlanean aritzeko betebeharrak–, eta horretarako bitarteko eta baliabide egokiak eta eguneratuak izatea.

c) Lanbidean diharduen epaitegi eta auzitegietara, jakinarazpenetarako saletara eta zerbitzu komunetara jotzea, jarduteko epealdi baliodunean, komunikazio-egintzak eta gainerako lanbide-jarduketak egikaritzeko.

d) Elkargoko organoek emandako estatutu-xedapenak, arau deontologikoak eta ebazpenak ezagutu eta betetzea lanbidean jardutean.

e) Elkargoko organoen titularrei zor zaien errespetua izatea, eta, beren lanbidean dihardutenean, beren lankide, auzilari, letradu, epaile eta magistratuei, fiskalei, justizia-administrazioko letraduei eta Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden funtzionarioen kidegoetako gainerako kideei.

f) Lanbide-jarduna antolatzeko Elkargoaren funtzioak betetzeko beharrezkoak diren inguruabarrak, aldaketak eta gainerako datuak jakinaraztea Elkargoari.

g) Lanbide-sekretua gordetzea.

h) Lanbide-bateraezintasunak betetzea, bereziki abokatuaren lanbidean aldi berean aritzeari dagokionez, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Estatuko Legearen 23. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

i) Bezeroari beren jarduketa profesionalen berri ematea eta emandako zerbitzuen kontuak ematea, jasotako zenbatekoak eta egindako ordainketen kontzeptuak eta zenbatekoak zehaztuta.

j) Elkargoaren kontribuzio ekonomikoak garaiz ordaintzea, eta, hala badagokio, erabili diren elkargo-zerbitzuak ordaintzea, estatutuetako arauetan eta Elkargoko organoek arau horiek aplikatzeko hartutako erabakietan xedatutakoaren arabera.

k) Hautatutako edo izendatutako Elkargoko karguetan leialtasunez eta arduraz jardutea.

2. Betebehar horiek prokuradorearen jarduera profesional eta korporatiboaren beharrezko araubidea osatzen dute. Horiek betetzea da Estatutu honetan arautzen diren Elkargoaren kontrol- eta diziplina-ahalen berezko xedea.

III. TITULUA
ELKARGOA
I. KAPITULUA
FUNTZIOAK
1. ATALA
FUNTZIO OROKORRAK

19. artikulua.– Elkargoaren funtzioak.

Estatutuaren 6. artikuluan adierazitako funtsezko helburuak lortzeko, AEPEOk, bere lurralde-eremuan, funtzio hauek beteko ditu: lanbide-elkargoei buruzko Estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriak, lege organikoek, prozesalek eta sektorialek, estatutu hauek eta gainerako arau-xedapenek esleitzen dizkiotenak.

20. artikulua.– Lanbide-jarduna antolatzea.

Honako hauek dira lanbide-jarduna antolatzeko funtzioak:

a) Elkargokideen erregistroa. Bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira: elkargokideen izen-abizenak, elkargokide-zenbakia, haien titulu ofizialak, alta-data, lanbide-egoitza, helbide elektronikoa eta lanbide-gaikuntzaren egoera. Elkargoak doako sarbidea eskainiko die kontsumitzaile eta erabiltzaileei elkargokideen erregistrora, leihatila bakarraren bidez.

b) Elkargoaren lurralde-eremuan egoitza soziala duten lanbide-sozietateen erregistroa. Elkargoak Kontseilu Orokorrari jakinaraziko dizkio egindako inskripzioak, Lanbide Sozietateen Erregistro Nagusian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluan jasota gera daitezen.

c) Lanbide-jarduera zaintzea, lanbidearen etikari eta duintasunari men egin diezaion eta herritarren eskubideak behar bezala errespeta daitezen.

d) Diziplina-ahala erabiltzea, lanbideari eta Elkargoari dagokienez.

e) Lanbide-intrusismoa eta lehia desleialeko egintzak saihesteko neurriak hartzea, ordenamendu juridikoan aurreikusitako ekintzak gauzatuz.

f) Lege orokorrak eta bereziak eta estatutuak eta erregelamenduak betetzea eta elkargokideei betearaztea, bai eta Elkargoko organoek beren eskumeneko gaietan hartutako arauak eta erabakiak ere.

g) Elkargokideei eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio-eskaerei erantzutea, bai eta elkargokideen gaineko egiaztapen-, ikuskapen- edo ikerketa-eskaerei erantzutea ere, baldin eta Europar Batasuneko estatu kide bateko agintari eskudunek egiten badituzte, otsailaren 13ko 2/1974 Estatuko Legearen 5.u) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

21. artikulua.– Lanbidearen eta elkargokideen ordezkaritza eta defentsa.

Elkargoak honako funtzio hauek izango ditu lanbidea eta elkargokideak ordezkatzeko eta defendatzeko:

a) Bere eremuan, lanbidea ordezkatzea eta defendatzea administrazio publikoen, jurisdikzio-organoen eta gainerako botere publikoen aurrean, bai eta edozein erakunde, entitate eta partikularren aurrean ere.

b) Elkargokideak defendatu eta babestea beren lanbidean dihardutela, batez ere beren independentzia eta jarduteko askatasuna babesteari dagokionez.

c) Epaitegi eta auzitegietan jardutea profesionalen interesei eragiten dieten auzietan, legeak ematen dien legitimazioarekin, eta kideen ordezkari gisa edo haien ordezpen prozesal gisa jardutea.

d) Edozein gai profesional eztabaidatzen den prozedura administratibo edo judizialetan esku hartzea, hala eskatzen zaienean edo indarrean dagoen legeriaren arabera parte hartuko dutela aurreikusten denean.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko arau-xedapenen proiektuei buruzko txostenak egitea, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 54. artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) Kontseiluetan, kontsulta-erakundeetan, batzordeetan eta administrazio-organoetan parte hartzea, horien arau erregulatzaileetan hala aurreikusita dagoenean eta arau horietan ezarritako baldintzetan, bai eta nazioko edo nazioarteko erakundeenetan ere, hala eskatzen zaionean.

g) Administrazio publikoek agintzen dizkion funtzio guztiak betetzea eta haiekin lankidetzan aritzea, azterlanak, txostenak, estatistikak eta beren helburuekin zerikusia duten beste jarduera batzuk eginez. Jarduera horiek eskatu ahal izango zaizkio edo bere ekimenez egitea erabaki ahal izango du.

h) Gai espezifikoei buruzko ezagutzak eskatzen diren edozein auzitegitarako ordezkariak izendatzea, hala eskatzen bazaio.

i) Elkargokideen interesekoak diren jarduerak eta zerbitzuak antolatzea, honako arlo hauetan: lanbidea, prestakuntza, kultura, medikuntza, eta antzekoak, edo, hala badagokio, izaera horretako erakundeekin lankidetzan aritzea, bai eta profesionalek beren jardueran hartutako erantzukizun zibilak estaltzeko ere.

j) Elkargokideen interes profesionalen onerako diren beste hainbat funtzio eta zerbitzu garatzea.

22. artikulua.– Erakundeen arbitrajea eta bitartekaritza.

AEPEOk bitartekaritza bultzatu eta garatuko du, eta nazioko eta nazioarteko arbitraje-funtzioak beteko ditu, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

2. ATALA
ELKARGOAREN ZERBITZUAK

23. artikulua.– Kontsumitzaile eta erabiltzaileei eta elkargokideei arreta emateko zerbitzua.

1.– AEPEOk kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestuko ditu.

2.– Horretarako, haiei arreta emateko zerbitzu bat izango du. Zerbitzu horrek nahitaez izapidetu eta ebatziko ditu elkargokideen elkargo-jarduerari edo jarduera profesionalari buruzko kexak eta erreklamazioak, elkargokideen zerbitzu profesionalak kontratatzen dituen edozein kontsumitzaile edo erabiltzailek aurkeztutakoak, bai eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte eta erakundeek haien ordezkari gisa edo haien interesen alde aurkeztutakoak ere.

3.– Kexak eta erreklamazioak elektronikoki eta urrutitik aurkeztu ahal izango dira. Elkargoak kexa edo erreklamazioa dagokion moduan ebatziko du: bai gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemari buruzko informazioa emanez, bai espedientea elkargoko organo eskudunei bidaliz, dagozkion informazio- edo diziplina-espedienteak bideratzeko, bai artxibatuz edo beste edozein erabaki hartuz, dagokionaren arabera.

4.– Era berean, Elkargoak elkargokideek aurkeztutako kexa edo erreklamazioei erantzungo die.

24. artikulua.– Leihatila bakarra.

1.– AEPEOk webgune bat izango du, profesionalek, leihatila bakarraren bidez, elkargoko kide egiteko, jardunean aritzeko eta elkargoan baja emateko beharrezkoak diren izapide guztiak egin ahal izan ditzaten, puntu bakar batetik, bide elektronikoz eta urrutitik. Leihatila bakar horren bidez, profesionalek honako izapide hauek egin ahal izango dituzte, doan:

a) Lanbide-jardueran sartzeko eta jarduteko behar den informazioa eta formulario guztiak lortzea.

b) Beharrezko agiri eta eskabide guztiak aurkeztea, elkargoko kide izatekoa barne.

c) Interesduntzat jota dagoen prozeduren izapidetze-egoeraren berri izatea, eta nahitaezko izapide-egintzen jakinarazpena eta, horiei dagokienez, elkargoaren ebazpena jasotzea, diziplina-espedienteen jakinarazpena barne, hori ezinezkoa denean beste bide batzuetatik.

d) Ohiko eta ezohiko Batzorde Orokorretara deituak izatea eta Elkargoaren jarduera publiko eta pribatua ezagutzea.

2.– Aipatutako leihatila bakarraren bidez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, Elkargoak honako informazio hau emango du, argia, ageria eta doakoa izan beharko duena:

a) Elkargokideen erregistrorako eta lanbide-sozietateen erregistrorako sarbidea.

b) Erreklamazio-bideak eta errekurtsoak, kontsumitzaile edo erabiltzaileen eta elkargokideen edo lanbide-elkargoaren arteko gatazkarik izanez gero jar daitezkeenak.

c) Zerbitzu profesionalen hartzaileek laguntza lortzera jo dezaketen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.

d) Kode deontologikoaren edukia.

3.– Elkargoak beharrezko neurriak hartu beharko ditu artikulu honetan aurreikusitakoa betetzeko, eta, horretarako, behar diren teknologiak txertatu beharko ditu, eta plataforma teknologikoak sortu eta mantendu, sistemen arteko elkarreragingarritasuna eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzeari begira.

3. ATALA
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREKIN LANKIDETZAN ARITZEKO FUNTZIOAK

25. artikulua.– Jakinarazpenak jasotzeko eta kopiak eta dokumentuak helarazteko zerbitzua.

AEPEOk jakinarazpenak jasotzeko eta kopiak eta dokumentuak helarazteko zerbitzu bat prestatuko du, lege organikoetan eta prozesaletan xedatutakoaren arabera.

26. artikulua.– Doako ordezkaritza juridikoko zerbitzua.

1.– AEPEOk doako ordezkaritza zerbitzu bat antolatuko du doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzetik eratorritako ordezkaritza prozesaleko eskaerei erantzuteko.

2.– Horretarako, txandak eta bitartekoak objektiboki eta ekitatez banatzeko sistemak ezarriko ditu. Horien bidez, profesionalak izendatuko dira, eta hala, zerbitzuak beti izango ditu behar bezala funtzionatzeko behar adina elkargokide. Sistema hori publikoa izango da prokuradore guztientzat, eta doako laguntza juridikoaren eskatzaileek kontsultatu ahal izango dute. Honako printzipio hauen arabera antolatuko da:

a) Elkargoaren lurraldea erregelamendu bidez zehazten diren eremu edo mugapeetan banatuko da, zerbitzua emate aldera.

b) Zerbitzuari atxikitzea hautazkoa izango da elkargokideentzat.

c) Gobernu Batzordeko kideek, hala eskatzen badute, beren agintaldian doako laguntza juridikoaren zerbitzua emateko betebeharretik salbuetsi ahal izango dira, karguari dagozkion betebeharrak betetzen badituzte.

3.– Zerbitzuari atxikitako prokuradoreek zerbitzua emateko beharrezkoak diren gutxieneko prestakuntza- eta espezializazio-baldintza orokorrak bete beharko dituzte, Doako Laguntza Juridikoaren urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

27. artikulua.– Ofiziozko txandako zerbitzua.

1.– AEPEOk ofiziozko txandako zerbitzu bat antolatuko du justiziagaien ordezkaritza prozesala bermatzeko, Konstituzioaren 24. artikuluan agindutakoaren babesean eta lege prozesaletan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Elkargoak ofiziozko txandaren bidez izendatuko du prokuradorea, jurisdikzio-organoak agintzen duenean alderdi bat prokuradore batek ordezka dezala, prokuradoreak nahitaez esku hartu behar duen ala ez kontuan hartu gabe. Halaber, interesdunak eskatuta egingo du izendapena. Ordezkatuak prokuradorearen arantzel-eskubideak eta osagarriak ordaindu beharko ditu zerbitzu profesionalak jasotzearen truke.

3.– Zerbitzuari atxikitzea hautazkoa izango da elkargokideentzat.

28. artikulua.– Enbargatutako ondasunen gordailu-zerbitzua.

AEPEOk enbargatutako ondasunen gordailu-zerbitzuak eratu eta antolatu ahal izango ditu, eta zerbitzu horiek gordailuzainarentzat legez ezarritako erantzukizunak bere gain hartzeko egokiak izan beharko dute.

29. artikulua.– Elkargoa ondasunak diru bihurtzen espezializatutako erakunde izendatzea.

AEPEO ondasunak diru bihurtzen espezializatutako erakunde eratu eta izendatu ahal izango da. Era berean, elkargoak enbargatutako ondasunak baloratzeko zerbitzu bat antolatu ahal izango du.

4. ATALA
LANBIDE-PRESTAKUNTZA

30. artikulua.– Lanbide-trebakuntzan parte hartzea.

AEPEOk parte hartuko du auzitegietako prokuradorearen lanbidean jarduteko gaitzen duen lanbide-titulua lortzera bideratutako lanbide-trebakuntzako prozesuan, urriaren 30eko 34/2004 Estatuko Legean eta hura garatzeko erregelamenduzko xedapenetan xedatutakoaren arabera.

31. artikulua.– Tutoreen araubidea.

Prokuradore-lanbidearen berezko jardueretan kanpoko praktiken tutore-funtzioak bete nahi dituzten prokuradoreek bete behar dituzten baldintzak, bai eta prokuradore horiek hautatzeko prozedura ere, Espainiako Auzitegietako Prokuradoreen Estatutu Orokorrean zehaztuko dira; estatutu horrek prokuradore horien eskubideak eta betebeharrak arautuko ditu.

32. artikulua.– Etengabeko prestakuntza.

Elkargoak prokuradoreen etengabeko lanbide-prestakuntza sustatuko du, eta horri dagokion eginbeharraren eraginkortasuna zainduko du. Prokuradoreek maila egokia eta eguneratua izan behar dute beren lanbidean jarduteko eskatzen zaizkien ezagutzei dagokienez.

5. ATALA
LANBIDEAN JARDUTEKO MODUAK ETA SOZIETATE-JARDUNAREN KONTROLA

33. artikulua.– Lanbidean jarduteko moduak. Askatasuna eta mugak.

1.– Prokuradoreek lanbide bereko edo beste lanbide bateko beste profesional batzuekin jardun ahal izango dute, banaka edo taldean.

2.– Banaka nahiz taldeka jardunez gero, sozietate gisa jardun ahal izango dute. Sozietate moduan jarduteko, legeetan xedatutakoa bete beharko dute.

3.– Abokatutza eta auzitegietako prokuradoretzako zerbitzu profesionalak ematea helburu duten diziplina anitzeko sozietateek baino ezin izango dituzte defentsa- eta ordezkaritza-zerbitzu juridiko integralak eman, legez aurreikusitako baldintzetan.

34. artikulua.– Prokuradoretzan aritzeko lanbide-sozietateak.

1.– Prokuradoretzako lanbide-jarduerak egiteko eratzen diren lanbide-sozietateak Lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legean xedatutakoaren arabera arautuko dira.

2.– Lanbide-sozietateak nahitaez inskribatuko dira beren egoitza soziala dagoen Prokuradoreen Elkargoko Lanbide Sozietateen Erregistroan. Erregistroan inskribatzeak berekin dakar erregistroan jasota geratzea, bai eta lanbide-elkargoei buruzko legeriak Elkargoan sartutako profesionalen gainean Elkargoari ematen dizkion eskumenen mende egotea ere.

3.– Abokatutza eta auzitegietako prokuradoretzako zerbitzu profesionalak ematea helburu duten diziplina anitzeko sozietateak kasuan kasuko abokatuen eta prokuradoreen elkargoen lanbide-sozietateen erregistroetan inskribatuko dira, eta korporazio bakoitzaren eskumenen mende geratuko dira, kasuan kasuko lanbide-jardueraren arabera.

II. KAPITULUA
ANTOLAKETA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

35. artikulua.– Oinarrizko antolamendua.

1.– AEPEOren beharrezko organoak dira:

a) Batzorde Orokorra.

b) Gobernu Batzordea.

c) Dekanoa.

2.– Estatutu honen antolamendu-aurreikuspenak garatze aldera, Elkargoaren Barne Erregimeneko Araudiak beste organo batzuk ere onartu ahal izango ditu Elkargoan, osagarri.

3.– AEPEOko elkargo-organo guztiak aurrez aurre zein urrutitik deitu eta eratu ahalko dira, baita bilkurak egin, erabakiak hartu eta aktak bidali ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, hala badagokio, Barne Erregimeneko Araudian ezarritakoaren arabera.

36. artikulua.– Lurralde-ordezkaritzak.

Elkargoak lurralde-ordezkaritzak ezarri ahal izango ditu bere helburuak hobeto betetzeko eta elkargoaren funtzioak eraginkortasun handiagoz burutzeko. Gobernu Batzordeak eskuordetzen dizkien ahalmenak eta eskumenak izango dituzte ordezkaritzek.

2. ATALA
BATZORDE OROKORRA

37. artikulua.– Batzar Orokorra eta haren eskumenak.

1.– Batzorde Orokorra Elkargoaren borondatea adierazteko organo gorena da, eta elkargokide guztiek osatzen dute, beren eskubideak bete-betean baliatzen dihardutela.

2.– Hauek dira Batzorde Orokorraren eskumenak:

a) Elkargoaren Estatutua, Barne Erregimeneko Araudia eta Kode Deontologikoa onartzea, bai eta horien aldaketak ere, hargatik eragotzi gabe Gobernu Batzordeak dagozkion garapen-araudiak erabakitzeko duen ahalmena.

b) Otsailaren 13ko 2/1974 Estatuko Legearen 11. artikuluan aurreikusitako Elkargoaren urteko memoriaz arduratzea eta hori berrestea.

c) Elkargoaren aurrekontuak onartzea eta elkargoaren kontribuzioen zenbatekoa finkatzea.

d) Amaitutako ekitaldi bakoitzeko aurrekontuen eta gastu- eta sarrera-kontuen likidazioa behin betiko onartzea.

e) Ondasun higiezinen eta horien gainean eratutako eskubide errealen xedapen-egintzak baimentzea, bai eta balio handikotzat inbentariatutako gainerako ondare-ondasunenak ere.

f) Dekanoa eta Gobernu Batzordeko kideak hautatzea, estatutu honetan zehaztutako prozedurari jarraikiz.

g) Dekanoaren eta Gobernu Batzordearen kudeaketa kontrolatzea. Horretarako, txostenak eta, hala badagokio, dagozkion mozioak egingo ditu, baita zentsura-mozio errebokatzailea ere, estatutuan ezarritako prozeduraren bidez.

3.– Gobernu Batzordeak aurkezten dizkion beste gai guztiez eta estatutu honetan aurreikusitako gainerakoez ere arduratu ahal izango da Batzorde Orokorra.

38. artikulua.– Ohiko eta ezohiko Batzorde Orokorrak.

1.– Batzorde Orokorrak ohiko edo ezohiko bilkurak egin ditzake.

2.– Urte natural bakoitzeko lehen eta azken hiruhilekoan, hurrenez hurren, Batzorde Orokorraren bilkurak egingo dira, eta ohikoak izango dira. Lehenengoan, nahitaez arduratuko dira aurreko artikuluko bigarren apartatuko b) eta d) letretan deskribatutako gaiez, eta bigarrenean, berriz, artikulu eta apartatu bereko c) letran zerrendatutakoez.

3.– Ezohiko bilkurak ere egin ahal izango dira, deialdiaren berezko gaiez arduratzeko, Gobernu Batzordeak hala erabakitzen duenean, bere ekimenez, dekanoak eskatuta edo gutxienez elkargokideen ehuneko hogeik edo jarduneko elkargokideen ehuneko hamarrek idatziz eskatuta.

39. artikulua.– Elkargokideen proposamenak.

Ohiko Batzorde Orokorra egin baino bost egun baliodun lehenago, elkargokideek eztabaidatu eta erabaki nahi dituzten proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Gai-zerrendan sartuko dira, «proposamenak» izeneko atalean aztertzeko, «eskaerak eta galderak» deituriko azken atala baino lehen, baldin eta gutxienez elkargokideen ehuneko hogeik edo jarduneko elkargokideen ehuneko hamarrek izenpetuta aurkezten badira.

40. artikulua.– Deialdia.

1.– Gobernu Batzordeak gutxienez hamabost egun lehenago egingo du Batzorde Orokorraren bilkuretarako deialdia, eta presazko kasuetan, hamar egunera murriztu ahal izango da epe hori, betiere behar bezala justifikatuta.

2.– Elkargoaren web-orrian argitaratuko da deialdia, eta helbide elektronikora bidaliko zaie elkargokide guztiei, bitarteko telematikoen bidez.

3.– Deialdian tokia, eguna eta ordua zehaztu beharko dira. Deialdian gai-zerrenda jasoko da, eta, behar izanez gero, eztabaidatuko diren gaiei buruzko dokumentazioa erantsiko da. Elkargokideek, nolanahi ere, gai-zerrendako gaiei buruzko informazioa eskuratzeko eskubidea baliatu ahal izango dute.

41. artikulua.– Bilkurak egitea.

1.– Batzorde Orokorraren bilkurak lehenengo deialdian edo, hala badagokio, bigarren deialdian egingo dira, adierazitako tokian, egunean eta orduan. Lehenengo deialdian, jarduneko elkargokideen erdiak gehi bat bertaratu beharko dira.

2.– Bilkuretako buru elkargoko dekanoa izango da, edo, bestela, legez ordezkatzen duena.

3.– Bilkura hasi ondoren, aurreko bilkurako akta irakurri eta, hala badagokio, onartuko da, eta, ondoren, behin betiko gai-zerrendan bildutako gaiak eztabaidatuko dira.

4.– Behin Batzar Orokorra bilduta, ezin badira deialdiko gai guztiak landu, denborarik ezagatik edo beste edozein arrazoirengatik, bertan behera utziko da eta zehaztutako egune(t)an jarraituko da, edo, bestela, Gobernu Batzordeak aukeratutako egune(t)an.

42. artikulua.– Eztabaidaren antolaketa.

1.– Lehendakariak zuzenduko du eztabaida, eta demokratikoki emango du hitz-txanda.

2.– Ezin izango zaio eten hitz egiten ari denari, salbu eta lehendakariak ohartarazten badio, eztabaidagaitik at dagoen zerbaitetaz aritzeagatik, edo lehendakariaren iritziz justifikatutako beste arrazoiren batengatik.

3.– Eztabaidagai beraren barruan hiru aldiz ohartarazi zaionari kendu egingo zaio hitza.

4.– Elkargokideren bati hitza kendu ondoren ohartarazten jarraitzen bazaio, lehendakariak egokitzat jotzen dituen erabakiak hartu ahal izango ditu, batzordea egiten ari diren lokaletik kanporatzea barne.

43. artikulua.– Erabakiak hartzea.

1.– Bozketak publikoak izango dira. Zentsura-mozio bat edo konfiantza-arazo bat eztabaidatzen denean izan ezik, isilpekoak izango baitira. Isilpeko bozketa egiteko, boto-paperak utziko dira hautestontzian.

2.– Oro har, emandako botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak. Hala eta guztiz, zentsura-mozioari buruzko erabakiak hartzeko, edo elkargoa desegitekoak eta estatutuak aldatzekoak, estatutu hauetan bereziki aurreikusitako bertaratze- eta bozketa-quorumak beharko dira.

3.– Jardunekoen botoek ez-jardunekoenak halako bi balioko dute.

4.– Botoa pertsonalki eman beharko da.

5.– Berdinketa gertatuz gero, dekanoak edo haren legezko ordezkoak boto erabakitzailea izango du.

6.– Ezin izango da erabakirik hartu gai-zerrendan agertzen ez diren gaiei buruz.

44. artikulua.– Aktak onartzea.

Batzorde Orokorrean hartutako erabakiak elkargoko idazkariak egingo duen aktan jasoko dira. Akta hori idazkariak berak eta dekanoak baimenduko dute. Aktak foliodun edo behar bezala legeztatutako liburu batean transkribatuko dira, edo euskarri informatiko batean txertatuko dira. Akta Batzorde Orokorraren hurrengo bilkuran berretsi beharko da.

3. ATALA
GOBERNU BATZORDEA

45. artikulua.– Gobernu Batzordea.

1.– Gobernu Batzordea Elkargoaren administrazio- eta zuzendaritza-organoa da.

2.– Gobernu Batzordea honako hauek osatzen dute: dekanoa; dekanordea; idazkaria; idazkariordea; diruzaina eta lau kide.

46. artikulua.– Eskumenak.

Gobernu Batzordeak Batzorde Orokorrari erreserbatu ez zaizkion eskumenak baliatuko ditu, baita Elkargoko beste organo batzuei berariaz esleitu ez zaizkienak ere. Gainera, eta bereziki, honako hauek beteko ditu:

1. Elkargokideei eta Elkargoko organoei dagokienez:

a) Elkargokidetzeko eskabideak ebaztea, bai eta elkargokide-izaera galtzeari eta eteteari buruzkoak ere. Ahalmen hori kideetakoren bati eskuordetu ahal izango dio.

b) Lanbide-sozietateak Elkargoko sozietateen erregistroan inskribatzea erabakitzea.

c) Ofiziozko txandako eta doako ordezkaritza juridikoko zerbitzuak antolatzea eta kudeatzea, bai eta txandak banatzea doako justiziako auzilarien auzietan, edo onura hori izan gabe ofiziozko prokuradorea izendatzea eskatzen dutenen auzietan.

d) Lege prozesalek eta organikoek agintzen dizkioten edo Gobernu Batzordeak Elkargoak hobeto funtzionatzeko eta bere funtzioak betetzeko sortu dituen jakinarazpen, idazki-lekualdatze, gordailu eta ondasunen diru-bihurtze zerbitzuak eta beste zerbitzu batzuk antolatzea eta kudeatzea.

e) Elkargoak lanbide-jarduera kontrolatzeko dituen funtzioak betetzea.

f) Batzorde Orokorrari Elkargoaren Estatutua, Barne Erregimeneko Araudia eta Kode Deontologikoa onartzea edo horiek aldatzeko proposatzea.

g) Elkargoaren urteko memoria egitea eta elkargoaren web-orriaren bidez haren berri ematea, Batzorde Orokorrak berretsi ondoren.

h) Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko deialdia egitea, kapitulu honetan xedatutakoaren arabera.

i) Elkargoaren erabakien aurka jartzen diren errekurtsoez arduratzea, hala badagokio, IV. tituluko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.

j) Diziplina-ahala baliatzea, IV. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera.

k) Lege- eta elkargo-araudia eta Elkargoak hartutako erabakiak betetzen direla zaintzea, osoko bilkuraren erabakiak gauzatuz.

l) Elkargoaren jarduera eta antolaketa osoaren funtzionamendua koordinatzea.

m) Intrusismoa eta arau erregulatzaileak bete gabe lanbidean jardutea eragotzi eta jazartzea justizia-auzitegietan.

n) Profesionalen prestakuntza-, eguneratze- eta espezializazio-irakaskuntza antolatzea.

o) Elkargoaren argitalpenak eta sustapen-jarduerak zaintzea.

p) Elkargoko langileen plazak betetzeko egiten diren lehiaketen oinarriak onartzea eta enplegatuak kontratatzea.

q) Elkargokideen eta haien zerbitzu profesionalen erabiltzaileen kexak edo erreklamazioak ebaztea.

r) Elkargoko zerbitzu berriak ezarri eta antolatzea, daudenak zainduz, programatuz eta kontrolatuz.

2. Elkargoaren kanpo-jarduerari dagokionez:

a) Prokuradoreak defendatzea eta babestea, beren lanbide-funtzioak betetzen dihardutela bidegabeki artegatzen edo jazartzen dituztela uste denean.

b) Irizpenak, txostenak eta kontsultak egitea, organo judizialek, erakunde publiko edo pribatuek, erabiltzaileek edo kontsumitzaileek Elkargoaren jarduketen premia dutenean.

c) Elkargoaren izenean, prokuradoretzaren aurrerabideari eta interesei eta Justizia Administrazioaren funtzionamendu egokiari dagokienez komenigarri iritzitako hobekuntzak egitea eta sustatzea.

d) Elkargoaren ordezkariak izendatzea auzitegietan, epaimahaietan eta batzordeetan, elkargoaren parte-hartzea eskatzen denean.

3. Elkargoaren ekonomia-araubideari dagokionez:

a) Elkargoa mantentzeko ezarritako kontribuzioen zenbatekoa biltzea, bai eta aurreikusitako gainerako baliabide ekonomikoena ere; Elkargoaren ondarea administratzea.

b) Elkargoaren egitura ekonomikoa, aurrekontuak eta ondasunen inbentarioa zehaztea.

c) Aurrekontuen urteko proiektua prestatzea, Batzorde Orokorrak onar dezan.

d) Aurrekontuaren eta sarrera- eta gastu-kontuen likidazioa ixtea eta Batzorde Orokorrari aurkeztea, onar ditzan.

e) Elkargoaren kontribuzioen zenbatekoa eta ezohiko kuotak edo derramak ezartzea Batzorde Orokorrari proposatzea.

47. artikulua.– Funtzionamendu-araubidea.

1.– Gobernu Batzordea hilean behin bilduko da gutxienez, dekanoak deialdia egin ondoren, bere ekimenez edo kideen ehuneko hogeik eskatuta. Bilkurarako finkatutako eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenago egingo da deialdia, kideak jakinaren gainean egon daitezen, salbu eta presazko arrazoiek deialdia epe laburragoan egitea justifikatzen badute.

2.– Bilkura non, noiz eta zer ordutan egingo den jasoko da deialdian, baita gai-zerrenda ere.

3.– Gobernu Batzordea balio osoz eratzeko, dekanoa, idazkaria edo haren ordezkoa eta gutxienez kideen erdiak bertaratu beharko dira.

4.– Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, dekanoak kalitatezko botoa izango du.

5.– Ezin izango da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan agertzen ez den gairik, salbu eta kide guztiak bertaratu badira eta gehiengoaren aldeko botoaren bidez gaia premiazkotzat jotzen badute.

48. artikulua.– Dekanoa.

1.– Dekanoak Elkargoaren legezko ordezkaritza du; Gobernu Batzordeak hartutako erabakiak betearazten ditu; Batzorde Orokorrerako eta Gobernu Batzorderako deia egiten du eta horien buru da, eta, presazko kasuetan, bidezko neurriak edo erabakiak hartu, eta Gobernu Batzordeari helarazten dizkio, hark berretsi ditzan.

2.– Dekanoak, halaber, Gobernu Batzordea zuzendu eta koordinatzen du; Elkargoaren gastuak eta inbertsioak baimentzen ditu, eta ordainketak egiteko agintzen du; akta eta ziurtagiriei oniritzia ematen die; Elkargoko gainerako organoen bileretako buru da, horietara bertaratzen denean, eta Estatutu honek eta Elkargoaren Barne Erregimeneko Araudiak esleitzen dizkion bestelako funtzio guztiak betetzen ditu.

49. artikulua.– Dekanordea, idazkaria, idazkariordea eta diruzaina.

Dekanordeak, idazkariak, idazkariordeak eta diruzainak honako eskumen hauek izango dituzte; Elkargoaren Barne Erregimeneko Araudian garatu ahal izango dira eskumen horiek:

a) Dekanoa ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean, haren funtzio guztiak beteko ditu dekanordeak, eta dekanoak agindutako gai guztietan lagunduko dio.

b) Idazkariak elkargo-organoen egintzen eta erabakien fede ematen du; elkargo-organoen bileren gai-zerrenda prestatzen du, dekanoaren jarraibideen arabera; aktak idatzi eta baimentzen ditu; ziurtagiriak egin eta baimentzen ditu; komunikazioak eta zirkularrak egiten ditu; Elkargoaren liburuak eta dokumentazioa eraman eta zaintzen ditu; elkargokideen erregistroa eguneratzen du, eta administrazioko langileak zuzentzen ditu Gobernu Batzordearen jarraibideen arabera.

c) Idazkaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean, idazkariordeak haren lekua hartuko du, eta idazkariak agindutako gai guztietan lagunduko dio.

d) Diruzainaren eskumena da: aurrekontuen eta urteko kontuen proiektua egitea; Elkargoari egin beharreko kontribuzioen proposamena egitea; Gobernu Batzordeari sarrera- eta gastu-kontuen egoeraren eta aurrekontuaren gauzatze-mailaren berri ematea; Elkargoaren diru-bilketa eta kontabilitatea kontrolatzea; kontu korronteak ireki eta ixtea, eta dekanoarekin batera funtsak sartu eta ateratzea; Elkargoaren ondasunen inbentarioa egitea, eta Elkargoaren baliabideak kudeatzeko esleitzen zaizkion izaera ekonomikoko bestelako eskumen guztiak bere gain hartzea.

50. artikulua.– Kideak.

Gobernu Batzordeko kide gisa egiten duten lanaz eta Gobernu Batzordeak eslei diezazkiekeen funtzioez gain, lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren kideek, zenbakiaren hurrenkera korrelatiboaren arabera, dekanoa ordeztuko dute, hura ez badago, gaixorik badago edo kargutik kenduta badago, eta dekanordea ere ez badago. Hala, bada, kasu eta ordena berean, diruzaina ordeztuko dute; eta alderantzizko ordenan, idazkaria, baldin eta idazkariordea ez badago.

4. ATALA
KARGUAK BETETZEKO ARAUBIDEA

51. artikulua.– Hautapenezko izaera eta agintaldiaren iraupena.

1.– Gobernu Batzordeko karguak hautapenezkoak dira. Ohorezkoak eta ordainik gabekoak dira.

2.– Gobernu Batzordeko kideak sufragio unibertsal, aske, zuzeneko eta sekretuaren bidez hautatuko dira.

3.– Agintaldiak lau urteko iraupena izango du, eta epe horren buruan kideen erdiak berrituko dira. Agintaldia amaitutakoan, kargu bererako edo beste baterako hautatu ahal izango dira berriz.

52. artikulua.– Hautagarritasun-baldintzak.

1.– Gobernu Batzordeko edozein kargutarako hautagai izateko, ezinbesteko baldintza izango da lanbidean aritzea eta bost urtez jarraian aritu izana lanbidean jarduneko elkargokide gisa, dekano-karguaren kasuan izan ezik; izan ere, kargu horretan hamar urtez jarraian jardun beharko da jarduneko elkargokide gisa.

2.– Gainera, ezingo dute egoera hauetakoren batean egon:

a) Kargu publikoetarako gaitasungabetzea edo etendura dakarren epai irmo baten bidez kondenatuta egotea.

b) Prokuradoreen edozein elkargok diziplina-zehapena ezarrita egotea, zehapenak ezeztatu ez diren bitartean.

c) Elkargoaren kontribuzio-betebeharrak egunean ez izatea.

3.– Elkargokideak ezin izango dira kargu batera baino gehiagotara aurkeztu deialdi berean hautagai gisa.

53. artikulua.– Kargugabetzeko arrazoiak.

Gobernu Batzordeko kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Uko egitea.

b) Kargua betetzeko estatutu-betekizunak hasieran edo gerora ez betetzea.

c) Hautatu ziren agintaldia amaitzea.

d) Zentsura-mozioa onartzea, Estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera.

54. artikulua.– Lanpostu hutsak betetzea.

Agintaldia amaitzea ez den beste edozein arrazoirengatik Gobernu Batzordean hiru kideren karguak hutsik geratzen badira, Gobernu Batzordeko gainerako kideek beteko dituzte haien postuak, kapitulu honetan ezarritako ordezkapen-irizpideen arabera edo, bestela, Gobernu Batzordeak berak erabakitakoaren arabera.

55. artikulua.– Behin-behineko batzordea.

1.– Edozein arrazoirengatik Gobernu Batzordeko karguen erdiak baino gehiago hutsik geratzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluak edo, halakorik ezean, Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrak behin-behineko batzorde bat izendatuko du. Antzinatasun handiena duten jarduneko elkargokideek osatuko dute, eta eratu eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan hauteskundeak deituko ditu batzordeak. Behin-behineko batzordeak, horrela eratuta, hautaketaren bidez izendatuek kargua hartu arte burutuko ditu bere funtzioak.

2.– Izendatuak behartuta daude kargua onartzera, eta ezingo diote uko egin, salbu eta gaixotasun larriaren kasuan.

5. ATALA
KUDEAKETAREN ERANTZUKIZUNA

56. artikulua.– Zentsura-mozioa.

1.– Gobernu Batzorde osoaren aurkako zentsura-mozioa horretarako bakarrik deitutako ezohiko Batzorde Orokorrean gauzatu beharko da beti.

2.– Ezohiko Batzorde Orokorrerako deialdia egiteko eskaera jarduneko elkargokideen heren batek izenpetu beharko du gutxienez, eta argi eta garbi adierazi beharko ditu deialdiaren arrazoiak.

3.– Ezohiko Batzorde Orokorra eskaera aurkeztu eta hogeita hamar egun balioduneko epean egin beharko da. Deialdian zehaztutako gaiak bakarrik eztabaidatu ahal izango dira bertan.

4.– Ezohiko Batzorde Orokorra balio osoz eratzeko, Elkargoan botoa emateko eskubidea duten erroldatuen erdiak baino gehiago bertaratu beharko dira. Batzorde horretan botoa pertsonala, zuzenekoa eta sekretua izango da beti.

5.– Zentsura-mozioak aurrera egin dezan, bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa beharko da.

6.– Mozioa egin zenetik urtebete igaro arte, mozioaren sinatzaileek ezin izango dute zentsura-mozioa aurkezteko beste eskaerarik izenpetu.

57. artikulua.– Konfiantza-arazoa.

Gobernu Batzordeak ezohiko Batzorde Orokorrerako deialdia egin ahal izango du konfiantza-arazoa bakarrik planteatzeko bai bere programari buruz, bai kudeaketa-politikaren inguruko adierazpen jakin bati buruz. Batzorde Orokorrak balio osoz erabakitzen badu konfiantza ez ematea, kargu guztiak kargugabetuak izango direla ulertuko da, eta hauteskundeak iragarriko dira estatutu honetan xedatutakoaren arabera.

6. ATALA
HAUTESKUNDE-ARAUBIDEA

58. artikulua.– Botoa emateko eskubidea.

Hautesle izango dira hauteskunde-prozesuaren deialdia egiten den egunean Elkargoko eskubideak oso-osorik baliatu ditzaketen elkargokide guztiak.

59. artikulua.– Deialdia.

1.– Elkargoko Gobernu Batzordeak hauteskundeetarako deialdia egingo du karguak betetzeko, hauteskundeak egin baino berrogei egun natural lehenago gutxienez.

2.– Deialdiak honako alderdi hauek jaso beharko ditu: hautatu beharreko karguak; hauteskundeen eguna, ordua eta lekua, eta hauteskunde-egutegia.

3.– Gobernu Batzordeak hauteskunde-prozesu bakoitzerako hauteskunde-arauak onartu ahal izango ditu, estatutu-aurreikuspen hauek garatuz. Kasu horretan, deialdiari erantsi beharko zaizkio.

60. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– Hauteskundeak iragarrita, Gobernu Batzordeak Hauteskunde Batzordea izendatuko du. Batzorde hori lehendakari batek, idazkari batek eta kide batek osatuko dute. Horiek hautatzeko, zozketa egingo da bost urte baino gehiagoko jardun profesionala duten jarduneko prokuradoreen artean.

2.– Izendatuek hauteskunde-mahaiko kide izan beharko dute nahitaez, eta Gobernu Batzordeak justifikatutako arrazoi larriengatik bakarrik egongo dira salbuetsita betebehar horretatik.

3.– Hauteskunde Batzordeak hauteskunde-prozesua arautzen duten estatutu- eta elkargo-arauak errespetatzen direla zainduko du, hauteskunde-prozesua bultzatu eta antolatzeko funtzioak betez, estatutu honetan esleitzen zaizkionak.

61. artikulua.– Hautesle-errolda.

1.– Elkargoko idazkariak egingo du hautesle-errolda, eta bertan agertuko dira hauteskundeetarako deia egiten den egunean botoa emateko eskubidea duten elkargokide guztiak.

2.– Errolda Elkargoaren egoitzan egongo da ikusgai, hauteskundeetarako deialdia egiten denetik hamabost egun igaro ondoren. Lehenengo hamar egun naturalen barruan, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira erroldan sartutako edo kanpoan utzitako hautesleei buruz. Erreklamazioak Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu hurrengo bost egun naturaletan. Erroldan inskribatuta dauden elkargokideek bakarrik parte hartu ahal izango dute hauteskunde-prozesuan.

62. artikulua.– Hautagaiak aurkeztea eta aldarrikatzea.

1.– Hautagaitzak Elkargoko idazkaritzan aurkeztu beharko dira, hauteskunde-ekitaldirako ezarritako eguna baino hogei egun natural lehenago gutxienez, gutun-azal itxi eta zigilatuan. Gutun-azal hori Hauteskunde Batzordearen zaintzapean egongo da epea amaitu eta hurrengo egunera arte.

2.– Hautagaitzak batera aurkeztu ahal izango dira hainbat kargutarako, edo banaka kargu jakin batzuetarako, eta hautagaiek berek bakarrik izenpetu beharko dituzte.

3.– Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunerako deialdia egingo dio Elkargoko idazkaritzan izena eman duen hautagaitza bakoitzeko ordezkari bati. Bertaratu diren guztien aurrean, gutun-azalak ireki eta akta egingo da. Ondoren, hautagaiak aldarrikatuko dira, estatutuetako baldintzak betetzen dituztenen artean.

4.– Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu hurrengo bost egun naturalen barruan, eta ebazpena erreklamatzaileei jakinaraziko die.

5.– Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak izendatuko ditu, jarritako erreklamazioak ebatzita, hala badagokio, eta elkargokideei izendapenen berri emango die, Elkargoaren web-orriaren bidez eta Elkargoaren egoitzako iragarki-oholean jarrita. Hauteskunde Batzordeak boto-paperen eredu ofiziala onartuko du; izendapenaren ondoren hasi beharko dira horiek prestatzen.

63. artikulua.– Hautagai bakarrak hautetsi izendatzea.

Kargu bakoitzerako hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada eta Hauteskunde Batzordeak aldarrikatzen badu, Batzordeak, behar bezala eratuta, zerrenda hori aldarrikatzea erabaki ahal izango du bozketa egin beharrik gabe.

64. artikulua.– Hauteskunde kanpaina.

1.– Hautagaiak izendatu ondoren, hauteskunde kanpaina hasiko da eta hauteskundeak egiteko adierazitako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago bukatuko da.

2.– Ezin izango da hauteskunde-propagandarik zabaldu, ezta hauteskunde-kanpainako egintzarik egin ere, behin kanpaina legez bukatuta, ezta hauteskundeetarako deialditik kanpainaren hasierara bitarteko aldian ere.

65. artikulua.– Bozketa motak. Posta bidezko botoa.

1.– Botoa pertsonalki edo postaz eman daiteke.

2.– Postaz bozkatzeko, beharrezkoa da bidalketa jasota geratzea, boto-emailearen nortasuna egiaztatzea eta botoaren isilpekotasuna bermatzea.

3.– Postaz bozkatzeko prozedurak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Botoa boto-paper ofizial batean sartuko da. Gutun-azal batean sartu, itxi eta, horrez gain, gutun-azal handiago batean sartuko da. Gutun-azal horretan hauteslearen nortasun-agiriaren fotokopia erantsiko da, eta hark sinatuko du.

b) Prokuradoreen Elkargoaren egoitzara bidaliko da, eta, bertan, helbidearekin batera, honako hau adieraziko da: «Hauteskunde Batzorderako». Elkargoak bidalketa horien sarrera erregistratuko du eta gutun-azala ireki gabe Hauteskunde Batzordeari emango zaio bozketa egunean.

4.– Hauteskundeak egin aurreko eguna izango da botoa postaz emateko azken egun balioduna.

5.– Hautesle guztiek postaz emandako botoa bertan behera utz dezakete, botoa aurrez aurre ematera agertuta. Kasu horretan, gutun-azala orduantxe eta haren aurrean suntsituko da.

66. artikulua.– Zenbaketa, emaitzen aldarrikapena eta erreklamazioak.

1.– Bozketa bukatutakoan, Hauteskunde Batzordeak botoak zenbatuko ditu berehala. Boto gehien lortzen dituzten hautagaiak izendatuko dira kargu bakoitzerako. Berdinketa izanez gero, Elkargoan bertan denbora gehien daramana hautatuko da eta, berdinketak bere horretan irauten badu, adinari dagokionez zaharrena.

2.– Bozketa hasi baino hogeita lau ordu lehenago, hautagaiek mahaiko kontu-hartzaile bat izendatu dutela jakinarazi ahalko diote Hauteskunde Batzordeari. Kontu-hartzaileak bozketara eta boto-kontaketaren prozesu osora joan ahal izango dira, eta bidezkotzat jotzen dituzten erreklamazioak egin. Erreklamazioak Batzordeak ebatziko ditu eta idazkariak aktan jasoko ditu. Kontu-hartzaileek eta hautagaiek dudazko boto-paperak aztertu ahalko dituzte zenbaketa bukatutakoan.

3.– Zenbaketa bukatutakoan, emaitzaren akta egingo da eta Hauteskunde Batzordeko lehendakariak aretoan daudenei jakinaraziko die. Hauteskunde Batzordeak hautetsiak aldarrikatuko ditu eta emaitzak argitaratuko ditu, behar den akta eginez.

4.– Hauteskundeen emaitzen aurkako erreklamazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluan aurkeztuko dira, hauteskundeak egin eta gehienez ere hilabeteko epean.

5.– Estatutu honetan hauteskunde-prozedurari buruz aurreikusi ez denerako, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako printzipioak aplikatuko dira, osagarri gisa.

67. artikulua.– Karguaz jabetzea.

1.– Hautetsi berriek bost eguneko epea izango dute karguaz jabetzeko, beren hautaketa aldarrikatzen den egunetik aurrera.

2.– Hurrengo hamar egunetan, dekanoak kargu berriez jabetu direla jakinaraziko die Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari eta lanbide-elkargoen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.

IV. TITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA
I. KAPITULUA
ARAUBIDE JURIDIKO OROKORRA

68. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Honako arau hauek arautzen dute AEPEO:

a) Estatuko 2/1974 Legea, otsailaren 13koa, Lanbide Elkargoei buruzkoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa.

b) Estatutu hau.

c) Barne Erregimeneko Araudia eta Estatutua garatzeko eta aplikatzeko onartzen diren gainerako arauak.

d) Gainerako ordenamendu juridikoa, aplikatzekoa zaion heinean.

2.– Elkargoa, zuzenbide publikoko korporazioa den aldetik, administrazio-zuzenbidearen mende dago. Administrazio Zuzenbideari lotutako jarduketetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da, 2.4 artikuluan aurreikusitako moduan.

3.– Gai zibil edo penalak dagokien araubide juridikoaren mende geratzen dira, bai eta langileekiko harremanak ere, lan-legeriaren arabera arautuko baitira. Era berean, ondarea, kontratazioa eta lanbide-elkargoen ogasunaren berezko gaiei dagokien beste edozein alderdi zuzenbide pribatuaren arabera arautuko dira.

4.– Elkargoaren akordio, erabaki edo gomendioek Lehia Defendatzeko Legearen mugak bete beharko dituzte.

Lanbidearen jarduera lehia libreko araubidearen arabera gauzatuko da; zerbitzuen eskaintzari eta horien ordainsariak zehazteari dagokienez, Prokuradoreen Eskubideen Arantzelaren esparruaren arabera, eta zerbitzua emateko gainerako baldintzei dagokienez, Lehiaren Defentsari buruzko Legean xedatutakoaren mende jardungo da.

5.– Merkataritza-komunikazioei dagokienez, Publizitateari buruzko Lege Orokorrean eta Lehia Desleialari buruzko Legean xedatutakoa beteko da.

69. artikulua.– Egintzen eraginkortasuna.

1.– Elkargoak administrazio-ahalak erabiliz hartzen dituen erabakiak betearazletzat joko dira hartzen direnetik aurrera, eta, hala dagokionean, jakinarazi edo argitaratu baino ez dira egin beharko, salbu eta erabaki horiek hartzeko epe bat edo eraginkortasun-baldintzaren bat bete behar badute.

2.– Elkargoak ez badu gaitasunik eta baliabiderik bere administrazio-egintzak nahitaez betearazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari jakinaraziko dio, atxikita dagoen sailaren bidez. Horretarako, administrazio-egintzen nahitaezko betearazpenerako beharrezkoa den laguntza exekutiboa eskatu ahal izango dio.

3.– Zehapen-ebazpenak Estatutuaren IV. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera gauzatuko dira, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

70. artikulua.– Aurkaratzeko araubide orokorra.

1.– Errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Elkargoko organoen erabaki eta ebazpenen aurka, bai eta gaien funtsa zuzenean edo zeharka erabakitzen duten izapide-egintzen aurka ere, prozedurarekin jarraitzea eragozten badute, defentsa-gabezia sortzen badute edo bidezko eskubide eta interesei kalte konponezina eragiten badiete. Errekurtsoak honela aurkez daitezke:

a) Gobernu Batzordearen eta Batzorde Orokorraren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluan.

b) Elkargoko gainerako organoen erabakien aurka errekurtsoak Gobernu Batzordean aurkeztu ahal izango dira, hala badagokio.

2.– Elkargoan errekurtsoak jartzea, horien epeak eta ebazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen legerian xedatutakoaren arabera arautuko dira, hurrengo manuan xedatzen diren berezitasunei kalterik egin gabe.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eskuordetutako ahalmen edo eskumenak erabiliz hartutako erabakiak administrazio horietako egintzen aurka egiteko araubide orokorraren mende egongo dira.

71. artikulua.– Errekurtso-prozeduraren berezitasunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren ardurako errekurtsoak Elkargoaren Gobernu Batzordean aurkeztuko dira, eta Gobernu Batzordeak, aurrekariekin eta dagokion txostenarekin batera, Kontseiluari aurkeztu beharko dizkio, aurkezten diren egunetik aurrera hamabost eguneko epean.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi beharko du, errekurtsoa jarri eta hurrengo egunetik hasita. Isiltasunak ezespen-ondoreak izango ditu. Errekurtsogileak errekurritutako erabakia bertan behera uzteko eskatu ahal izango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluak erabakia bertan behera uztea onartu edo ukatu dezake, arrazoiak emanez.

3.– Gobernu Batzordeak legitimazioa du beti, Batzorde Orokorraren erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko.

72. artikulua.– Jurisdikzio-berrikuspena.

AEPEOren Batzorde Orokorrak eta Gobernu Batzordeak emandako egintzak, administrazio-zuzenbidearen mende daudenean, korporazio-errekurtsoak agortu ondoren, zuzenean errekurritu ahal izango dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

II. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

73.– Artikulua. Diziplina-Ahala.

1.– AEPEOko profesionalek komunitateari zerbitzua ematea eta lanbideari dagozkion betebehar deontologikoak betetzea izan behar dute beren jardunaren gidari.

2.– AEPEOk diziplinazko zehapena ezarriko die profesionalen eta, hala badagokio, lanbide-sozietateen ekintza eta omisioei, baldin eta lanbidea, Estatutua eta Elkargoaren erregelamenduak edo Kode Deontologikoa urratzen badituzte.

3.– Arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izango dira.

74. artikulua.– Eskumena.

1.– Diziplina-ahala baliatzea Elkargoko Gobernu Batzordearen ohiko eskumena da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluak du AEPEOko Gobernu Batzordeko kideen gainean diziplina-ahalmena baliatzeko eskumena.

2. ATALA
ARAU-HAUSTEAK

75. artikulua.– Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

1.– Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15. artikuluko 1. apartatuko a), b), c), d), e) eta g) letretan halakotzat tipifikatutakoak, honela zehaztuta:

a) Prokuradore-lanbidean aritzea, auzitegietako prokuradore lanbiderako gaitzen duen lanbide-titulua izan gabe, Estatuaren urriaren 30eko 34/2006 Legean xedatutakoaren arabera.

b) Prokuradorearen betebehar profesionalak ez betetzea, jarduera profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenentzat kalte larria dakarrenean.

c) Lanbide-sekretua urratzea.

d) Prokuradorearen lanbidean aritzea, lanbidean gaitasungabetuta edo bateraezintasun- edo debeku-kausaren batean sartuta egonda.

e) Prokuradorearen lanbidean aritzearen ondorioz dolozko delituak egitea, edozein partaidetza-mailatan.

f) Bi urteko epean, gutxienez bi arau-hauste astun egitea. Apartatu honetan xedatutakotik salbuetsita dago hurrengo manuko 1. apartatuko h) letran jasotako arau-haustea.

2.– Jarraian tipifikatzen direnak, aurreko arau-hauste moten zehaztapena diren aldetik, prokuradorearen lanbidearen berezko ezaugarriei dagozkielako, baita elkargokideei dagokienez ere, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15.1.f) artikuluan xedatutakoaren arabera:

a) Doako ordezkaritza-zerbitzua ematean eskubide ekonomikoak bidegabe jasotzea.

b) Fakturak edo minutak jaulkitzea existitzen ez diren kontzeptuengatik edo egin gabeko jarduketa profesionalengatik.

c) Jurisdikzio-organoetara edo idazkiak jakinarazi eta helarazteko zerbitzu erkideetara behin eta berriz ez joatea, justifikaziorik gabe.

3.– Zerbitzu profesionalak eskaintzeko debekua urratzea, Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Estatuko Legearen 8. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

76. artikulua.– Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

1.– Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15. artikuluko 2. apartatuko b), c), d), e), f), g), h) eta j) letretan halakotzat tipifikatutakoak, honela zehaztuta:

a) Prokuradorearen betebehar profesionalak ez betetzea, jarduera profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenentzat kaltea dakarrenean.

b) Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, Elkargoari intrusismo-egintzen berri edo bestelako lanbide-jarduera irregularren berri emateko betebeharra urratzea.

c) Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 12. artikuluan ezarritako aseguratzeko betebeharra ez betetzea.

d) Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 13. artikuluan aipatzen den nahitaezko jardun profesionalaren betebeharra ez betetzea, horretarako errekerimendua egin zaionean, salbu eta zerbitzua ematea eragozten duen arrazoi justifikaturen bat badago.

e) Irain larriak egitea lanbide bereko beste profesional batzuen edo lanbide horretako gobernu-organoen duintasunari eta, lanbidean jardutearen ondorioz, profesionalekin harremanak dituzten pertsona edo erakundeen duintasunari, eta horiei fisikoki erasotzea.

f) Lehia desleiala dakarten egintzak, lehiaren zuzenbidearen eta lehia desleialaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera.

g) Elkargoaren edo haren organoen ohiko funtzionamendua eragozten edo aldatzen duten egintzak.

h) Bi urteko epean gutxienez bost arau-hauste arin egitea.

2.– Jarraian tipifikatzen direnak, aurreko arau-hauste moten zehaztapena diren aldetik, prokuradorearen lanbidearen berezko ezaugarriei dagozkielako, baita elkargokideei dagokienez ere, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15.2.i) artikuluan xedatutakoaren arabera.

a) Kode Deontologikoan jasotako betebeharrak ez betetzea, arau-hauste oso astun edo arin gisa tipifikatzen denean izan ezik.

b) Estatutu honetako 18. artikuluan deskribatutako elkargokideen betebeharrak ez betetzea, arau-hauste oso astun edo arin gisa tipifikatzen denean izan ezik.

c) Elkargoko karguetan arreta, ardura edo fideltasunik ez izatea, edo karguari dagozkion betebeharrak ez betetzea.

d) Elkargoko organo eskudunen errekerimenduak ez betetzea edo ez aintzat hartzea.

e) Azaroaren 23ko 17/2009 Estatuko Legearen 22.2 artikuluan eskatutako informazioa zerbitzu profesionalaren hartzaileen esku jartzeko betebeharra ez betetzea.

77. artikulua.– Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 15.3 artikuluan halakotzat tipifikatutakoak, eta honela zehazten dira:

a) Lanbide-jarduera arautzen duen beste edozein manu urratzea, betiere arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.

b) Elkargokideak aintzat ez hartzea.

c) Begirunerik ez izatea Elkargoko gobernu-karguei, iraindu gabe.

3. ATALA
ZEHAPENAK

78. artikulua.– Zehapen motak.

1.– Diziplina-zehapen hauek ezarri ahal izango dira:

1. Ohartarazpena.

2. Gehienez 300 euroko isuna.

3. Lanbide-gaitasungabetzea, urtebeterako gehienez.

4. 301 eta 3.000 euro bitarteko isuna.

5. 3.001 eta 30.000 euro bitarteko isuna.

6. Lanbide-gaitasungabetzea, urtebete gehi egun bat eta hogei urte artekoa.

2.– Gainera, 3.etik 6.era arteko zehapenek hauteskunde-eskubideak etetea ere badakarte zehapenaren aldi bererako, bai eta, hala badagokio, elkargoko karguak uztea ere.

3.– Arau-hausteak lanbide-sozietate batek egiten dituenean, elkargokideei aplikatuko zaizkien zehapen berberak aplikatuko zaizkie, berezitasun hauekin:

a) 3. eta 6. zehapenekin batera, sozietateari baja emango zaio lanbide-sozietateen erregistroan, zehapenaren aldi bererako.

b) Ez da aplikatuko manu honen bigarren apartatuan deskribatutako zehapen osagarria.

79. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen arteko elkarrekikotasuna.

1.– Arau-hauste arinei aurreko artikuluko lehenengo apartatuan jasotako 1. eta 2. zehapenak egokituko zaizkie; astunei, aldiz, 3. eta 4. zehapenak, eta oso astunei 5. eta 6. zehapenak.

2.– Zehapenak aplikatzean, kasuan kasuko inguruabarrak hartuko dira kontuan, eta, bereziki, honako hauek:

a) Jokabidearen ageriko intentzionalitatea.

b) Lanbide-zabarkeria barkaezina.

c) Elkargoaren erabakiei edo errekerimenduei behin eta berriz men ez egitea.

d) Hirugarrenei kalte edo galera larria eragitea.

e) Kargu publikoan edo elkargoko kargu batean aritzea arau-haustea egitean, kargu horretaz baliatuz.

3.– Arau-hausleak onura ekonomikoa lortu badu arau-haustearen ondorioz, etekin ekonomikoaren ebaluazioak aurreko artikuluan aurreikusitako gehieneko mugak zenbatean gainditzen dituen, zenbateko hori gehituko zaio isunari: gutxienez, ebaluazio horren baliokidea eta, gehienez, bikoitza.

80. artikulua.– Zehapenen eraginkortasuna eta betearazpena.

1.– Elkargoak ezarritako zehapenek Espainiako lurralde osoan izango dituzte ondorioak, otsailaren 13ko 2/1974 Estatuko Legearen 3.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Zehapenak ezin izango dira betearazi, harik eta ebazpenak administrazio-bidea amaitu arte.

3.– Elkargoak berak betearaziko ditu bere zehapen-ebazpenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari aplikagarri zaizkion arauen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak modu subsidiarioan betearaziko ditu lanbide-gaitasungabetzeko zehapenak ezartzen dituzten Elkargoaren ebazpenak.

3.– Zehapen-ebazpena irmo bihurtzen den unetik aurrera izango da eraginkorra gaitasungabetze-zehapena. Zehatua jada gaitasungabetze-egoeran badago beste arrazoi batzuengatik edo beste zehapen batzuk betearaztearen ondorioz, gaitasungabetze-aldia automatikoki betetzen hasiko da aurrekoa azkentzen den unean, eta horrela hurrenez hurren.

4.– Zehapen guztiak interesdunaren elkargo-espedientean jasoko dira, eta Kontseilu Orokorrari, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari eta, hala badagokio, kide den elkargoari jakinaraziko zaizkie.

4. ATALA
PRESKRIPZIOA ETA EZEREZTEA

81. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Arau-hauste arinak urtebetera preskribatuko dira, astunak bi urtera eta oso astunak hiru urtera.

2. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenak urtebetera preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezarritakoak bi urtera, eta arau-hauste oso astunengatik ezarritakoak hiru urtera.

3. Arau-hausteen preskripzio-epeak arau-haustea egin den egunetik hasiko dira zenbatzen, eta zehapenenak, aldiz, zehapen-ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik.

4.– Arau-hausteen preskripzioa eten egingo da zehapen-prozedura hasten denean, interesduna jakinaren gainean dagoela. Zehapen-espedientea sei hilabetez baino gehiagoz geldirik badago espedientepean dagoen pertsonari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik, preskripzioa zenbatzen hasiko da berriro.

5.– Zehapenen preskripzioa eten egingo da betearazpen-prozedura hasten denean, interesduna jakinaren gainean dagoela, eta epea berriro igaroko da, prozedura sei hilabete baino gehiagoz geldirik badago arau-hausleari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik.

82. artikulua.– Zehapenak ezereztea.

1.– Zehapenak urtebetera ezereztatuko dira, ezarritako zehapena 1. edo 2. zehapena bada; bi urtera, 3. edo 4. zehapena bada; hiru urtera, 5. zehapena bada; eta bost urtera, 6. zehapena. Aurreko epeak zehapena benetan betetzen denetik aurrera zenbatuko dira.

2.– Ezerezteak aurrekari zehatzailea deuseztatzea dakar ondorio guztietarako.

5. ATALA
DIZIPLINA-PROZEDURA

83. artikulua.– Prozeduraren araubide juridikoa.

1.– Diziplina-ahala baliatzeko, dagokion diziplina-prozedura hasi beharko da.

2.– Diziplina-prozeduraren izapideak atal honetan xedatutakoaren arabera egingo dira, eta hemen aurreikusten ez den guztian, otsailaren 20ko 2/1998 Legean xedatutakoa aplikatuko da (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa).

84. artikulua.– Aurretiazko jarduketak.

1.– Prozedura hasi aurretik, Gobernu Batzordeak aurretiazko jarduketak egin ahal izango ditu, aldez aurretik zehazteko ea prozedura hastea justifikatzen duten inguruabarrak dauden.

2.– Jarduketa horiek, bereziki, honako hauek zehaztera bideratuko dira, ahalik eta modu zehatzenen: prozedura hastea eragin dezaketen egitateak, erantzulea izan daitekeen prokuradorearen identifikazioa eta horietan guztietan eragina izan dezaketen inguruabar garrantzitsuak.

3.– Izapide horren hasiera salatuari jakinaraziko zaio, eta, hala badagokio, aurkeztutako kexa edo salaketa helaraziko zaio, hamar eguneko epean erantzun eta egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

4.– Gobernu Batzordeak egoki iritzitako ikerketa-eginbide guztiak egitea erabaki ahal izango du.

5.– Aurretiazko jarduketak amaitu ondoren eta, nolanahi ere, jarduketa horiek egiteko erabakia hartu eta gehienez ere sei hilabeteko epea igaro ondoren, Gobernu Batzordeak diziplina-prozedura artxibatzeko edo hasteko aginduko du, jarduketa horien ondorioz. Interesdunei jakinarazi beharko zaie agindu horren berri, eta, hala badagokio, horren aurka zer errekurtso jar daitezkeen adieraziko zaie.

85. artikulua.– Diziplina-prozedura.

1.– Diziplina-prozedura ofizioz hasiko du Gobernu Batzordeak, bere ekimenez, dekanoaren eskaera arrazoituaren ondorioz edo elkargokide batek edo bidezko interesa duen hirugarren batek sinatutako salaketaren ondorioz. Salaketak honako hauek jaso beharko ditu: salatzailearen identifikazioa, arau-haustea eragin dezaketen gertaeren azalpena eta data, eta, ahal denean, ustezko erantzulearen identifikazioa.

2.– Diziplina-prozedura hasteko erabakiak honako hauek jaso beharko ditu: ustezko erantzule den profesionalaren edo profesionalen identifikazioa; espedientea irekitzea eragin duten egitateak, laburki azalduta, instrukziotik ondorioztatzen denari kalterik egin gabe, bai eta prozeduraren instruktorearen eta, hala badagokio, idazkariaren izendapena ere, horiek errefusatzeko araubidea adierazita, eta prozeduran alegazioak egiteko eta entzunaldia emateko eskubidea eta horiek gauzatzeko epeak. Erabakia interesdunei jakinaraziko zaie.

3.– Beharrezko ikerketa-eginbideak egin ondoren, instruktoreak espedientea largestea proposatuko du, baldin eta diziplinari dagokionez legez kontrako zantzurik aurkitzen ez badu; bestela, kargu-orria egingo du. Espedientea largestea xedatzen duen Gobernu Batzordearen ebazpena berehala jakinaraziko zaie interesdunei.

4.– Kargu-orrian zehatz-mehatz, argi eta behar bezala arrazoituta adieraziko dira legez kontrakotzat jotzen diren lanbide- edo elkargo-egintzak, jokabide horren arau-hauste motaren kalifikazioa eta, hala badagokio, ezarri daitekeen zehapena.

5.– Interesdunari hamabost egun balioduneko epea emango zaio idatziz erantzuteko, alegazio-idazkia egiteko, agiriak eta informazioa aurkezteko eta bere defentsarako egokitzat jotzen dituen frogak proposatzeko. Zuzenbidean onargarriak diren frogabide guztiak erabili ahal izango dira. Proposatutakoen artean, instruktoreak egokitzat jotzen dituenak aztertuko ditu, edo ebatzi ditzakeenak. Egindako entzunaldiak eta aztertutako frogak idatziz jasoko dira espedientean.

6.– Instrukzioa amaitzeko, ebazpen-proposamen bat egingo da. Proposamen horrek zehatz-mehatz finkatuko ditu espedientepean dagoen pertsonari egotzitako egitateak, egindako arau-haustea edo arau-hausteak adieraziko ditu, bai eta dagozkion zehapenak ere. Proposamen horren berri emango zaio interesdunari, eta beste entzunaldi-izapide bat emango zaio, bere eskubideen alde egokitzat jotzen duen guztia alegatu ahal izan dezan.

7.– Gobernu Batzordeak egokitzat jotzen duen ebazpena hartuko du, arrazoiak emanez, eta planteatutako gai guztiak erabakiko ditu. Ezingo da izan ebazpen-proposamenaren oinarri izan ez ziren bestelako egitateei buruzkoa. Instruktoreak, Gobernu Batzordeko kide bada, ezin izango du eztabaidetan parte hartu, ezta diziplina-prozedura amaitzen duen ebazpenean ere.

III. KAPITULUA
SARIEN, PROTOKOLOAREN ETA SINBOLOEN ARAUBIDEA

86. artikulua.– Elkargokideak eta ohorezko karguak.

1.– Gobernu Batzordeak proposatuta, Batzorde Orokorrak ohorezko elkargokide izendatu ahal izango ditu lanbideari dagokionez merezimenduak izatea edo zerbitzu garrantzitsuak eman izana egiaztatzen duen pertsona fisiko edo juridikoak. Saria, hala badagokio, hil ondoren eman ahal izango da.

2.– Gobernu Batzordeak proposatuta, Batzorde Orokorrak ere dekano-izaera eman ahal izango du ohorezko titulu gisa. Sari hori merezi duten pertsonek jasoko dute, beren ezaugarri profesional eta sozial apartekoengatik eta prokuradoretzaren defentsa, garapen eta hobekuntzan egindako ekarpenagatik.

87. artikulua.– Beste sari batzuk.

1.– Elkargoko Gobernu Batzordeak ohorezko beste sari ekonomiko-zientifiko batzuk eman ahal izango ditu.

2.– Ohorezko sariak honako hauek izan daitezke: zorion-emateak eta aipamenak; kondekorazio ofizialak proposatzea; ohorezko kide izendatzea, eta Elkargoaren Ohorezko Domina ematea.

3.– Sari ekonomiko-zientifikoak Gobernu Batzordeak unean-unean erabakitzen dituenak izan daitezke, eta Gobernu Batzordeak emango ditu. Sari horiek honako hauek izan daitezke: ikerlanentzako eta argitalpenentzako sariak; Elkargoaren kontura unean-unean editatzea erabakitzen den balio zientifiko edo ikerketa-balio nabarmeneko lanak izango dira horiek.

88. artikulua.– Ohorezko eta protokolozko tratamenduak.

1.– Arabako Epaitegietako Prokuradoreen Elkargoak ohoretsu tratamendua izango du. Dekanoak Justizia Auzitegi Goreneko salako presidentearen ohorezko izaera izango du. Hegaltxodun toga eramango du, baita bere karguari dagozkion dominak eta plakak ere, jendaurreko agerraldietan eta ekitaldi ospetsuetan, horietan parte hartzen duenean.

2.– Halakoetan, Elkargoko Gobernu Batzordeko gainerako kideek, beren karguen berezko ezaugarri gisa, Elkargoaren zilarrezko plaka eta 1903ko ekainaren 26ko Errege Aginduari jarraikiz sortutako domina erabiltzen jarraituko dute.

IV. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEKO PROZEDURA

89.– Artikulua. Ekimena.

1.– Estatutu hauek aldatzeko ekimena Gobernu Batzordeari dagokio, botoen gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez, edo elkargokide guztien ehuneko hogeita bostek sinatutako eskaeraren bidez.

2.– Ekimen-erabakiek testu artikulatu bat izan beharko dute, proposatzen den aldaketa partzial edo osoa jasoko duena.

90. artikulua.– Prozedura.

1.– Ekimena erabaki ondoren, Gobernu Batzordeak elkargokide guztiei helaraziko die, hilabeteko epean egokitzat jotzen dituzten oharrak, alegazioak, zuzenketak edo testu alternatiboak egin ditzaten.

2.– Ezin izango zaie zuzenketarik aurkeztu ekimenak zehazki aipatzen dituen artikuluez edo manuez bestelakoei. Gobernu Batzordeak eztabaidatik kanpo utziko ditu, arrazoituta, baldintza hori betetzen ez duten edo, formalki betez gero, ekimenean adierazitakoez bestelako manuei eragiten dieten zuzenketa guztiak, eta, haren erabakiaren aurka, ezin izango da inolako errekurtso korporatiborik aurkeztu.

3.– Aurreko apartatuan aipatutako epea amaitu eta hurrengo hamar egunen barruan, dekanoak ezohiko batzorde orokorrerako deia egingo du, aldaketa eztabaidatu eta, hala badagokio, onartzeko.

4.– Batzorde Orokorrak bozkatuko du aldaketa, eta gehiengo osoa lortuz gero, onartu egingo da.

5.– Onartu ezean, dekanoak hilabeteko epean beste ezohiko batzorde orokor baterako deia egingo du, eta gehiengo soilez onartzea nahikoa izango da.

6.– Manu honetan aurreikusitako aldaketa-prozedura estatutuen aldaketa partzialei eta estatutuen erabateko aldaketari aplikatuko zaie.

7.– Aldaketa onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzan lanbide-elkargoen arloko eskumena duen sailari jakinaraziko zaio, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33.3 artikuluaren ondorioetarako. Horrekin batera, Batzorde Orokorraren bilkuraren akta aurkeztuko da, prozedura bete dela egiaztatzen duen baldintzapeko ziurtagiriarekin. Halaber, Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Nagusiari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluari jakinaraziko zaie aldaketaren berri.

V. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA

91. artikulua.– Ekonomia- eta finantza-autonomia.

AEPEOk ekonomia- eta finantza-autonomia du bere helburuak eta funtzioak betetzeko.

92. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Hauek dira Elkargoaren ohiko diru-sarrerak:

a) Elkargoaren ondareko ondasun eta eskubideen produktuak.

b) Prokuradoreen kontribuzio ekonomikoak, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Bere artxiboetan dauden datuen edo dokumentuen ziurtagiriak edo kopiak edo hark ekoitzitako dokumentuen kopiak egiteagatik jasotako zenbatekoak.

d) Txostenak, irizpenak, azterlanak eta Elkargoari eskatzen zaion beste edozein aholkularitza egiteagatiko ordainsariak, bai eta arbitrajeak eta bitartekaritzak onartu eta administratzeagatiko eskubideak ere. Zenbateko horiek ez dira inola ere etorriko Elkargoak prokuradoreei dagozkien zerbitzu profesionalak ematetik.

e) Bere argitalpenengatik edo egiten dituen ordaindutako beste zerbitzu edo jarduera batzuengatik lortzen dituen etekinak.

f) Beste edozein kontzepturengatik legez bidezkoak direnak.

2.– Hauek dira Elkargoaren aparteko baliabideak:

a) Administrazio publikoek eta gainerako erakunde publiko edo pribatuek ematen dituzten dirulaguntzak; haien azken xedea haiek emateko arauen mende egongo da.

b) Elkargoa onuradun izan daitekeen dohaintza, jaraunspen edo legatuak.

c) Bere ondareko ondasunak besterentzearen emaitza.

d) Besteren ondasunak administratzeagatik Elkargoari edozein kontzeptutan dagozkion zenbatekoak.

e) Publizitate-babesletzako diru-sarrerak.

f) Ezarritako isun-zehapenen zenbatekoa.

g) Beste edozein kontzepturengatik legez bidezkoak direnak.

93. artikulua.– Prokuradoreen kontribuzioak.

1.– Prokuradoreen kontribuzio ekonomikoak dira:

a) Elkargoan sartzeko kuota. Zenbatekoa ezin izango da izan, inola ere, diru-sarrera izapidetzearekin lotutako kostuak baino handiagoa.

b) Ohiko kuota finkoa. Aldizkakoa izango da, eta berdina izango da jarduneko elkargokide guztientzat.

c) Lanbide-jarduketengatiko kuota aldakor gisa sortzen diren eskubide ekonomikoak.

d) Ezohiko kuotak edo Elkargoko derramak.

e) Hala badagokio, Elkargoaren zerbitzuen erabilera indibidualagatik ezartzen diren zenbatekoak.

2.– Batzorde Orokorrak zehaztuko du Elkargoaren kontribuzioen zenbatekoa, Gobernu Batzordeak proposatuta.

3.– AEPEOren eremuan jarduera profesionalak burutzen dituzten beste elkargo bateko prokuradoreei ezin izango zaizkie eskatu Elkargoan sartzeko kuotak, ohiko kuota finkoak, ezohiko kuotak edo Elkargoko derramak.

94. artikulua.– Aurrekontu-araubidea.

1.– Elkargoaren araubide ekonomikoa aurrekontuan oinarrituko da. Aurrekontua urtekoa, bakarra eta orekatua izango da, eta Elkargoaren urte natural bateko sarrera, gastu eta inbertsio guztiak bilduko ditu.

2.– Aurrekontu bakoitzean, behar bezala zehaztuko dira Elkargoko organoek garatuko duten jarduera-programaren arabera aurreikusitako gastuak, bai eta dagokion ekitaldian sortuko diren diru-sarrerak ere.

95. artikulua.– Auditoretza.

Gobernu Batzordeak kontu-auditore bat izendatuko du, eta kontu-auditore horrek aurrekontu-ekitaldi bakoitzari dagozkion kontuak ikuskatuko ditu, haren lege arautzaileak xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokion fiskalizazio-funtzioa.

96. artikulua.– Ondarea eta haren administrazioa.

1.– Elkargo bakoitzaren ondarea bere ondasun, eskubide eta betebehar guztiek osatzen dute.

2.– Gobernu Batzordeak administratuko du elkargoaren ondarea.

97. artikulua.– Enplegatuak.

Gobernu Batzordeak Elkargoko enplegatuen plazak betetzeko deitzen diren lehiaketak arautuko dituzten oinarriak onartuko ditu, eta lanpostu hutsak edo lanpostu berriak betetzeko izendapenak egingo ditu, korporazioaren beharren arabera.

VI. TITULUA
ELKARGOA DESEGITEA

98. artikulua.– Desegitea.

1.– AEPEO Eusko Legebiltzarraren lege bidez baino ezin izango da desegin, baldin eta jarduneko elkargokide guztien gehiengo osoak Batzorde Orokorrean hala erabakitzen badu. Erabaki hori hartu ahal izango da, baldin eta jurisdikzio-organoen aurrean prokuradorearen esku hartzeak nahitaezkoa izateari uzten badio oro har, lege prozesalen arabera.

2.– Batzorde Nagusiak desegiteko hartutako erabakia betearazteak likidazio-aldia irekiko du. Desegiteko erabakiak bere ondarea, eskubideak eta betebeharrak likidatzeko prozedura ezarriko du, eta gerakinaren xedea finkatuko da, halakorik balego, Batzorde Nagusiak erabakitzen duenaren arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prokuradoreak izendatzea, halakorik ez badago edo gaixorik badaude.

Jarduneko elkargokideren bat ez badago edo gaixorik badago eta haren ordezkorik izendatu ez bada, dekanoak izendatuko du, harik eta ahalorde-emaileak zer egitea komeni den erabaki arte edo ordezkapenaren inguruabar erabakigarria igorri arte; dagozkion jurisdikzio-organoei jakinaraziko die horren berri.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Genero gramatikala.

Dokumentu honen gaztelaniazko bertsioa markatu gabeko genero maskulinoan dago idatzita. Beraz, testuaren aipuak egitean, sexu femeninoko pertsonei buruzko edozein aipamen egin nahi denean, aipamena dagokion generoan egin daiteke zuzenean.

LEHENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Auzitegietako prokuradorearen lanbidean aritzeko gaitzen duen lanbide-tituluaren eskaera eta legezko salbuespenak.

Estatutu honen 10.1.b) artikuluak auzitegietako prokuradorearen lanbidean jarduteko gaitzen duen lanbide-titulua Elkargoan sartzeko nahitaezko baldintza gisa eskatzen badu ere, Abokatutzan eta auzitegietako prokuradoretzan sartzeari buruzko urriaren 30eko 34/2006 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian, bederatzigarren xedapen gehigarrian eta xedapen iragankor bakarrean ezarritako salbuespenei kalterik egin gabe ulertu behar da hori.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Elkargoko gobernu-karguen aginduak.

Elkargoko egungo gobernu-organoetako kideek beren karguetan jarraituko dute, indarrean dagoen agintaldia amaitu arte. Une horretan hautatu egingo dira, estatutu honetan xedatutakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Errekurtsoak.

Hala badagokio, estatutua indarrean sartzean izapidetzen ari diren errekurtsoek izapidetze-bidean jarraituko dute, errekurtsoa jarri zen unean indarrean zeuden arauen arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Elkargoaren araudia egokitzea eta garatzea.

1.– Elkargoak estatutu honetako aurreikuspenetara egokituko du bere barne-araudia.

2.– Egokitzapen hori egiten den bitartean, Elkargoaren barne-araudiak indarrean jarraituko du estatutu honetan xedatutakoaren aurka ez doan neurrian.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Estatutu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA. Efektu indargabetzaileak.

Estatutu hau indarrean sartzeak berekin ekarriko du Arabako Prokuradoreen Elkargo Ohoretsuaren estatutuak indargabetzea. Estatutu horiek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2007ko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onartu ziren.


Azterketa dokumentala