
214. zk., 2026ko azaroaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (308 KB - 19 orri.)
- EPUB (319 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4727
AGINDUA, 2026ko azaroaren 3koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorerako ezohiko laguntza hauen oinarri arautzaileak: Ekialde Hurbileko krisiaren ondorio ekonomikoak eta 2026ko ekitaldian lehorteak eragindako gainkostuak arintzeko laguntzak.
EAEko nekazaritza-sektorea sektore estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegorako, ez bakarrik landa-inguruneko jarduera ekonomikoari eta enpleguari egiten dien ekarpenagatik, baita lurraldeari eusteko, paisaia kontserbatzeko, biztanleria finkatzeko eta elikadura-sistema jasangarri eta erresilientea bermatzeko duen funtsezko eginkizunagatik ere.
EAEko nekazaritza-sektorearen barruan, esnetarako behi-azienden ustiategiek funtzio bereziki garrantzitsua betetzen dute, bai premia biziko elikagaien hornidurari egiten dioten ekarpenagatik, bai abeltzaintzari eta landa-eremuetako sare ekonomiko eta sozialari eusteko duten garrantziagatik. Gainera, espezializazio handia eta ekoizpen-maila jakin batzuei etengabe eusteko beharra ezaugarri dituen ekoizpen-jarduera da, eta horrek mugatu egiten du ustiategiek beren kostuak input nagusien prezioen bat-bateko aldaketetara egokitzeko duten gaitasuna.
2026ko ekitaldian, Ekialde Hurbileko gatazkaren ondoriozko nazioarteko ezegonkortasun-egoerak eta, bereziki, Ormuzko itsasartearen inguruan izandako alterazioek nahasmendu handiak eragin dituzte energiaren eta lehengaien merkatuetan. Nabigazio-bide horrek produktu energetikoen nazioarteko garraiorako duen garrantzi estrategikoak merkatuen ziurgabetasuna eta aldakortasuna areagotzen lagundu du, eta horrek ondorioak izan ditu erregaien, energiaren eta nekazaritzako ekoizpen-kostuekin zuzenean edo zeharka lotutako beste produktu batzuen prezioan.
Inguruabar horiek eragin bereziki esanguratsua dute esnetarako behi-azienden ustiategietan; izan ere, energiaren, erregaien, ongarrien eta abeltzaintza-jardueraren garapen arrunterako beharrezkoak diren beste hornidura batzuen prezioen bilakaerak oso erraz eragiten die haien kostu-egiturei. Kostuak igo arren, gainera, ustiategiek berdin-berdin mantendu behar dituzte ganaduaren elikadura eta zaintza, etengabe, eta esnearen ekoizpena eta kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak.
Aparteko egoera horrek ekoizpen-kostuetan duen eragina ustiategien marjina ekonomikoak murrizten ari da, eta arriskuan jar dezake jarduera bideragarritasun-baldintzetan mantentzeko duen gaitasuna. Abeltzaintzako ustiategiek nozitzen duten energia-kostuen eta erregaien bilakaeraren eragina Estatuko Administrazio Orokorrak 2026an hartutako neurrietan ere aitortu da. Neurri horiek aparteko laguntzak ezarri dituzte nekazari eta abeltzainentzat, nazioarteko egoeraren ondoriozko kostuen igoeraren inpaktua arintzeko.
Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behi-aziendaren sektoreari laguntzeko ezohiko neurriak hartu beharra dago, deskribatutako salbuespenezko egoerarekin zuzenean lotutako ekoizpen-kostu jakin batzuen igoeraren ondorio den eragin ekonomikoa partzialki konpentsatzeko.
Esku-hartze publikoaren oinarrian dagoena da ustiategien ekoizpen-ahalmena zaintzeko beharra, bideragarritasun ekonomikoaren narriadura saihestea eta lurraldearentzat eta EAEko elikadura-sistemarentzat funtsezkoa den abeltzaintza-jarduera mantentzen laguntzea. Neurri horiek hartzeak aukera ematen du, halaber, sektorearen erresilientzia indartzeko aparteko kanpo-perturbazioen aurrean, eta elikagaien ekoizpenaren eta horniduraren egonkortasunari laguntzeko.
Deskribatutako inguruabarrak salbuespenezkoak eta koiunturalak dira, eta ez dute zerikusirik eraginpeko ustiategien titularren erabakitzeko ahalmenarekin. Horregatik, erantzun publikoa apartekoa eta aldi baterakoa izan behar da, eta 2026ko ekitaldian salbuespenezko egoerak eragindako kostuen igoera jasan duten ustiategietara zuzendu behar da bereziki.
Inguruabar horiek kontuan hartuta, agindu honek aparteko laguntzen lerro bat ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behi-azienden ustiategientzat, bertan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, nazioarteko ezegonkortasun-egoerarekin eta, bereziki, Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz energiaren eta lehengaien merkatuetan sortutako nahasmenduekin lotutako ekoizpen-kostuen igoeraren ondoriozko inpaktu ekonomikoa arintzen laguntzeko.
Neurri hori, beraz, salbuespenezko tresna bat da, aldi baterako mugatua, eragindako ustiategiei berehalako laguntza ekonomikoa emateko eta Euskal Autonomia Erkidegoan abeltzaintza-jarduerari eta esnetarako behien sektorearen ekoizpen-ahalmenari eusten laguntzeko.
Neurri hori NBEFen Nekazaritza Erreserbaren kontura finantzatuko da, Batzordearen 2026ko uztailaren 27ko 2026/1894 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren esparruan. Erregelamendu horren bidez, larrialdietarako finantza-laguntza ematen zaie Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz bideragarritasun ekonomikoan eragina duten arazo espezifikoak dituzten nekazariei. Gainera, neurri horrek finantzaketa gehigarria izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.
Bestalde, 2026an Euskadi jasaten ari den lehorte-egoerak ondorio garrantzitsuak eragin ditu nekazaritza-jardueran, eta, bereziki, abeltzaintza-ustiategietan.
Euria gutxitzea eta, horren ondorioz, ustiategietan bertan sortutako larreak, bazka eta beste elikadura-baliabide batzuk gutxiago izatea, ganaduaren elikadura-behar osagarriak handitzea eragiten ari da, bai eta ur-hornidurari, ongarriak eta bazka erosteari eta garraiatzeari, eta, oro har, animaliak mantentzeari lotutako kostuak areagotzea ere.
Inguruabar hori bereziki garrantzitsua da behien, zaldien, ardien eta ahuntzen azpisektorean, ekoizpen-jarduerak lurraldearekin lotura estua duelako eta larreen eta bazka-baliabideen eskuragarritasunarekiko mendekotasun handia duelako.
2026ko ekitaldian lehorte-baldintzek iraun dutenez, ustiategien berezko elikagai-baliabideak nabarmen murriztu egin dira, eta ekoizpen-kostu jakin batzuk izugarri handitu, ustiategien errentagarritasuna arriskuan jarriz eta abeltzaintza-jarduerari eustea zailduz.
Testuinguru horretan, beharrezkoa da Euskadiko behi-, zaldi-, ardi- eta ahuntz-azienden ustiategien titularrei laguntza ekonomikoa emateko aparteko neurri bat ezartzea, lehorteak eragindako gainkostuak zati batean konpentsatzen laguntzeko eta nekazaritza-jardueraren jarraipena errazteko.
Neurriaren izaera berezia justifikatzen dute egoera ezohikoa izateak, laguntzak zuzenean eragindako ustiategietara arin iristeko beharrak eta onuradunak objektiboki identifikatzeko eta dagozkien zenbatekoak administrazio-erregistroetan dauden datuen bidez zehazteko aukerak.
Laguntza horiek emateko arrazoia da abeltzaintza-jarduera mantentzen lagundu behar dela, nekazaritzako ekoizpen-ehuna babestu behar dela eta lehortearen ondorio ekonomikoek eragindako haragitarako behien, zaldien, ardien eta ahuntzen ustiategien eta patata (hazitarako eta kontsumitzeko), babarrun, ekilore, sagardotarako sagar eta artoaren azpisektoreetako nekazaritza-ustiategien jarraipena erraztu behar dela.
Lehorteetarako laguntzak nekazaritza-sektoreko «de minimis» laguntzatzat hartzen dira, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektoreko «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen (EB) 1408/2013 Erregelamenduaren babesean ematen dira.
Eman nahi diren laguntzek aurrekontu-zuzkidura nahikoa dute, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Azkenik, adierazi behar dugu laguntza-lerroak ez daudela berariaz aurreikusita Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartua).
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntza bakoitzaren oinarri arautzaileek erreferentzia egingo diote dirulaguntzen plan estrategikoari, eta adieraziko dute nola laguntzen duten helburuak lortzen, eta, bestela, arrazoitu egin beharko da zergatik den beharrezkoa dirulaguntza berria ezartzea, nahiz eta planean aurreikusita ez egon, eta nola eragiten dion hura betetzeari.
Aztertzen ari garen neurria aparteko eta gerora sortutako inguruabar baten ondorio da. Alde batetik, Ekialde Hurbileko krisiak eragindako nazioarteko ezegonkortasun-egoeraren ondorio da, energia-merkatuetan eta lehengaien merkatuetan eragina izan baitu, eta nekazaritzako sargai jakin batzuen kostuen ezohiko igoera eragin baitu, bereziki nekazaritzako gasolioarena eta ongarriena, eta, bestetik, EAEko nekazaritza-sektoreari eragiten dion lehorte-egoeraren ondorio, zeinak larreen eta bazka-baliabideen eskuragarritasuna murriztea eta ekoizpen-kostuak handitzea eragin baitu. Inguruabar horiek bereziki eragiten diete behi-, zaldi-, ardi- eta ahuntz-azienden ustiategiei, bai eta nekazaritza-ustiategi jakin batzuei ere, eta ekoizpen-kostuen ezohiko igoerari aurre egiteko gaitasuna arriskuan jartzen dute.
Beraz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 artikuluan emandako eskumena baliatuz,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdiaren oinarriak onartzea.
Ekialde Hurbileko krisi-egoeraren ondorio kaltegarriak eta 2026ko ekitaldian lehorteak eragindako gainkostuak arintzeko EAEko nekazaritza-sektorerako ezohiko laguntzen oinarri arautzaileak onartzea (agindu honen eranskinean daude jasota).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 3a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
ERANSKINA
LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Xedea eta arau-esparrua.
Oinarri hauen xedea da bi laguntza-lerro desberdin arautzea:
a) AEOR 2026, Ekialde Hurbileko krisiaren ondorio ekonomikoak arintzeko. Laguntza hori Batzordearen 2026ko uztailaren 27ko (EB) 2026/1894 Betearazpen Erregelamenduaren babesean emango da. Erregelamendu horren bidez, larrialdietarako finantza-laguntza ematen zaie Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz bideragarritasun ekonomikoan eragina duten arazo espezifikoen eraginpean dauden nekazariei.
b) AESE 2026, lehorteak eragindako gainkostuak partzialki arintzeko. Laguntza hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1408/2013 Erregelamenduaren ezarritako araubidearen arabera emango da.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Laguntzak finantzatzeko zenbatekoa, guztira, bost milioi bostehun eta hogeita hiru mila bostehun eta hogeita bost eurokoa (5.523.525 euro) izango da. Horietatik bostehun eta hirurogeita hamabost mila eta berrogeita hamasei euro (575.056 euro) AEOR 2026 laguntzetarako dira; horietatik hirurehun eta laurogeita hamalau mila seiehun eta hamabost euro (394.615,00 euro) NBEF funtsei dagozkie, eta ehun eta laurogei mila laurehun eta berrogeita bat euro (180.441 euro) Euskal Autonomia Erkidegoko 2026rako Aurrekontu Orokorrei, laguntza nazional osagarri gisa, Batzordearen 2026ko uztailaren 27ko (EB) 2026/1894 Betearazpen Erregelamenduaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, larrialdietarako finantza-laguntza ematen zaie Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz bideragarritasun ekonomikoan eragina duten arazo espezifikoak dituzten nekazariei.
Gainerako lau milioi bederatziehun eta berrogeita zortzi mila laurehun eta hirurogeita bederatzi euroak (4.948.469,00 euro) AESE 2026 laguntzetarako dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik datoz oso-osorik.
2.– Emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango baliabide horiek baino handiagoa, edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketarik onartzen bada, kopuru hori eguneratzetik ateratzen dena baino handiagoa. Aurrekontua handitzen bada (hasieran aurreikusitakoaren % 40ra irits daiteke), laguntzak ebatzi aurretik egingo da, eta horren berri emango da Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Publizitate horrek ez du esan nahi eskabide berriak aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epea berriro zenbatzen hasiko denik ere.
3.– Aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada AESE 2026 laguntzetarako kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko, laguntza horien zenbatekoa emango da. Gehieneko zuzkidura globala ez bada nahikoa laguntza guztiei erantzuteko, proportzionalki gutxituko dira 8. oinarrian finkatutako zenbateko unitarioak. Horrek ez du eragotziko Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 15.c) artikuluan xedatutakoa.
4.– AEOR 2026 laguntzetarako ezarritako betekizunak betetzen dituzten espedienteak aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura konprometitu gabeko kreditua badago, soberakin hori AESE 2026 laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da, betiere ezarritako baldintzak eta mugak errespetatzen badira.
3. oinarria.– AEOR 2026 eta AESE 2026 laguntzen onuradunak.
1.– AEOR 2026 laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako esnetarako behien abeltzaintza-ustiategi baten titular diren pertsona fisiko edo juridikoak.
2.– Honako hauek izan daitezke AESE 2026 laguntzen onuradun:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako haragitarako behien, zaldien, ardien edo ahuntzen abeltzaintzako ustiategi baten titular diren pertsona fisiko edo juridikoak.
b) Azpisektore hauetakoren bateko nekazaritza-ustiategi baten titular diren pertsona fisiko edo juridikoak: patata (hazitarako eta kontsumitzeko), babarruna, ekilorea, sagardotarako sagarra eta artoa, horien esparruak Euskal Autonomia Erkidegoan badaude.
4. oinarria.– Onuradun izateko debekuak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako edozeinetan dauden entitateak:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituztenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak agintzen duen eran (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko agindua).
f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak.
g) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
h) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta daudenak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
j) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu dutenak, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Berreskuratze-agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak erabaki badu jasotako laguntza legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
l) Gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa adierazi ez dutenak.
m) Dirulaguntzei buruzko oinarrizko araudian ezarritako ordainketa-epeak ez betetzea.
2.– 1. apartatuko b), d), e), f) eta j) letretan jasotako debekuak automatikoki hartuko dira kontuan, eta kasu bakoitzean zehazten dituzten inguruabarrek irauten duten bitartean bere horretan jarraituko dute.
3.– 1. apartatuko e) letran jasotako debekua Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera ezarriko da (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
4.– Artikulu honetako 1. apartatuko a), g), h) eta i) letretan jasotako debekuak automatikoki hartuko dira kontuan. Debekuaren irismena epai edo ebazpen irmoak zehaztukoa izango da. Halakorik ezean, irismena erregelamenduz zehaztutako prozeduraren arabera finkatuko da, eta ezin izango da bost urtetik gorakoa izan, debekua epai irmoaren ondoriozkoa ez bada.
5.– Artikulu honen 1. apartatuko c) letran jasotako debekuaren balioespena eta irismena sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera zehaztuko dira.
6.– Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatu beharko dute, dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkiete dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
7.– Onuradun izateko 1. apartatuan adierazitako debekurik ez dutela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute eskatzaileek, non berariaz adierazi beharko baita dirulaguntzen onuradun izan daitezkeenek kalte ekonomikoa jasan dutela Ekialde Hurbileko krisialdiaren eta lehortearen ondorioz. Erantzukizunpeko adierazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen administrazio-espediente bakoitzaren parte izango da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta aurkeztutzat joko da, 8. oinarriko 3. apartatuan xedatutakoaren arabera. Adierazpen-eredua I. eranskinean dago.
5. oinarria.– AEOR 2026 laguntzen onuradun izateko betekizun espezifikoak.
1.– AEOR 2026 laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Esnetarako behien abeltzaintzako ustiategi baten titular izatea 2026ko ekainaren 21ean.
b) 2026ko PAC kanpainan nekazari aktibo izatea.
c) Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
d) Galera ekonomikoak jasan izana Ekialde Hurbileko krisiaren ondorioz.
2.– Abeltzaintzako ustiategiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar du, Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatuta, eta zenbatutako abereek behar bezala identifikatuta eta erregistratuta egon behar dute.
3.– Aurreko apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen direla ofizioz egiaztatuko du Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak, administrazio-erregistroetan jasotako datuak kontuan hartuta. Ustiategi onuradunak, animalia kopurua eta horien adina zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Animalien Trazabilitaterako Sistema Integralean (Sitran) 2026ko ekainaren 21ean jasotako informazioa erabiliko da.
6. oinarria.– AESE 2026 laguntzen onuradun izateko betekizun espezifikoak.
1.– AESE 2026 laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Abeltzaintza-ustiategi baten titular izatea edo 3.2 oinarrian aurreikusitako azpisektoreetako nekazaritza-ustiategi baten titular izatea 2026ko ekainaren 21ean.
b) Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) 2026ko PAC kanpainan nekazari aktibo izatea.
d) (EB) 1408/2013 Erregelamenduak nekazaritza-sektorean «de minimis» laguntzak jasotzeko eskatzen dituen baldintzak betetzea.
e) Lehortearen ondorioz galera ekonomikoak izatea.
2.– Abeltzaintzako ustiategiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar du, Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan (REGA) inskribatuta, eta zenbatutako abereek behar bezala identifikatuta eta erregistratuta egon behar dute.
3.– Patata (hazitarako eta kontsumitzeko), babarruna, ekilore, sagardotarako sagar eta artoaren azpisektoreei atxikitako lursailek edo esparruek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon behar dute.
4.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du aurreko apartatuetan ezarritako betekizunak betetzen direla, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez eta administrazio-erregistroetan jasotako datuak kontuan hartuta. Ustiategi onuradunak, abere kopurua eta horien adina zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Animalien Trazabilitaterako Sistema Integralean (Sitran) 2026ko ekainaren 21ean jasotako informazioa erabiliko da, zaldi-aziendarentzat izan ezik, 2026ko urtarrilaren 1a izango baita erreferentzia-data. Nekazaritza-esparruen edo -lurzatien datuak egiaztatzeko, 2026ko kanpainako eskaera bakarreko datuak hartuko dira kontuan.
7. oinarria.– AEOR 2026 eta AESE 2026 laguntzen zenbatekoa.
1.– AEOR 2026 laguntzetarako, laguntzaren zenbatekoa honako hau izango da: 2026ko ekainaren 21ean Sitranen jasota dagoen 24 hilabetetik gorako esnetarako behi-aziendako abere bakoitzeko, 36 euroko zenbateko unitarioa. 2025. urtearekin alderatuta, gasolioaren eta ongarrien prezioek 2026an izan duten igoera kalkulatzearen emaitza da prima.
2.– AESE 2026 laguntzetarako, laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: diruz lagundu daitekeen animalia edo hektarea bakoitzagatiko zenbatekoa bider 2026ko ekainaren 21ean ustiategian Sitranen dauden animalien kopurua eta ustiategian dauden hektareak. Primak kalkulatzeko, % aldakor bat aplikatzen zaie diruz lagundu daitekeen kausak eragindako gainkostuei, baina zenbatetsitako kostua inolaz gainditu gabe. Horren arabera, honako zenbateko unitario hauek ezarri dira:
a) 60 euro, esnetarako ez diren 24 hilabetetik gorako behi-aziendako abere bakoitzeko.
b) 6 euro, 12 hilabetetik gorako ahuntz edo ardi bakoitzeko.
c) 30 euro, 12 hilabetetik gorako zaldi-aziendako abere bakoitzeko.
d) 100 euro, 2026ko eskaera bakarrean zehaztutako kontsumitzeko patataren hektarea bakoitzeko.
e) 150 euro, 2026ko eskaera bakarrean zehaztutako hazitarako patataren hektarea bakoitzeko.
f) 60 euro, 2026ko eskaera bakarrean animalien elikadurarako zehaztutako arto-hektarea bakoitzeko.
g) 100 euro, 2026ko eskaera bakarrean zehaztutako babarrun-hektarea bakoitzeko.
h) 40 euro, 2026ko eskaera bakarrean zehaztutako ekilore-hektareako.
i) 40 euro, 2026ko eskaera bakarrean zehaztutako sagardotarako sagarraren hektarea bakoitzeko.
3.– AESE 2026 laguntzetan, gehienez ere hamabost mila euro (15.000 euro) emango dira pertsona edo entitate onuradun bakoitzeko, hargatik eragotzi gabe enpresa bakarrari «de minimis» araubidearen arabera aplikatu beharreko muga. Hala, hasieran kalkulatutako zenbatekoak enpresa bakarrarentzat erabilgarri dagoen «de minimis» muga gainditzea eragiten badu, muga hori gainditu gabe eman daitekeen gehieneko zenbatekoraino murriztuko da laguntza.
4.– AEOR 2026 laguntzetan, eman beharreko laguntzari kendu egin beharko zaio onuradunak gasoliorako laguntza gisa jaso duen zenbatekoa.
5.– Aurreko apartatuen arabera kalkulatutako AESE 2026 laguntzen batura lau milioi bederatziehun eta berrogeita zortzi mila laurehun eta hirurogeita bederatzi euro (4.948.469,00 euro) baino handiagoa bada, zenbatekoei murrizketa-koefiziente proportzional nahikoa aplikatuko zaie, guztizko gastuak erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua ez duela gainditzen bermatzeko. Era berean, aurreko apartatuen arabera kalkulatutako AEOR 2026 laguntzen batura bostehun eta hirurogeita hamabost mila eta berrogeita hamasei eurotik (575.056 euro) gorakoa bada, guztizko gastuak erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua ez duela gainditzen bermatzeko adinako murrizketa-koefiziente proportzionala aplikatuko zaie zenbatekoei.
6.– Bai AEOR 2026 laguntzetan, bai AESE 2026 laguntzetan, laguntza osagarri bat emango da, honako hauek oinarri hartuta:
a) Ustiategien titulartasuna emakume batena bada; edo titulartasun partekatua badu; edo pertsona juridikoa bada, eta, horrelakoetan, bazkideak bi pertsona badira eta emakumeen esku dagoen ehunekoa edo partaidetza sozialak gutxienez % 50 badira, edo gutxienez orekatua bada gainerako kasuetan, laguntza ehuneko 5 handiagoa izango da.
b) Gazte baten titulartasuneko ustiategietan, edo pertsona juridiko baten titulartasunekoak izanik gazteen esku dagoen ehunekoa edo partaidetza sozialak gutxienez % 50 badira, laguntza ehuneko 5 gehiago handituko da. Atal honen ondorioetarako, 41 urtetik beherako pertsonak hartuko dira gaztetzat.
7.– Oinarri hauen ondorioetarako, laguntzaren azken zenbatekotzat hartuko da honako hauek aplikatu ondoren ateratzen dena, hurrenkera honetan:
a) oinarrizko zenbatekoa.
b) eskuragarri dagoen «de minimis» muga (AESE 2026 laguntzak) edo gasoliorako jasotako laguntzen kenkaria (AEOR 2026 laguntzak).
c) aurrekontu-koefizientea.
d) % 5eko gehikuntzak.
e) 15.000 euroko gehieneko muga (AESE 2026 laguntzetarako).
8.– Soilik emango dira, bai AEOR 2026 bai AESE 2026 laguntzetan, 300 eurotik gorako azken zenbatekoa duten laguntzak. Laborantzarako laguntzetan, labore horretarako gutxienez hektarea bateko azalera aitortzen denean soilik emango da laguntza.
8. oinarria.– Laguntzak kudeatzeaz arduratuko den organoa eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritza izango da AEOR 2026 laguntzak kudeatzeko organo eskuduna, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, berriz, AESE 2026 laguntzak kudeatzekoa. Bi organoek txosten bat erantsi beharko diote espedienteari, eta, bertan, jasota geratu beharko da haien esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun potentzialek betetzen dituztela laguntzak eskuratzeko behar diren betekizun guztiak. Ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio txosten hori.
2.– Izapideak bitarteko elektronikoen bidez bakarrik egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Laguntzak lehiaketa ez den beste lehia-konkurrentziako prozedura baten bidez emango dira, eta ofizioz kalkulatuko dira administrazio-erregistroetan dauden datuen arabera, betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren. Horretarako, Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak laguntza behar bezala ebazteko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango diete onuradun izan daitezkeenei. Zehazki, 4. oinarriko 7. apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.
4.– Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzak eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak ebazpenaren behin-behineko proposamena argitaratuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan, 15 egun balioduneko epean, agindua indarrean jartzen den egunetik aurrera. Proposamen horretan, oinarri arautzaileetan eskatutako betekizunak bete dituzten ustiategien titularrak identifikatuko dira, bai eta, hala badagokio, dagokion laguntzaren zenbatekoa ere. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Behin-behineko proposamenean agertzen diren ustiategien titularrek hamar egun balioduneko epea izango dute, behin-behineko proposamena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko. Zehazki, aukera hauek izango dituzte:
a) Proposamena berariaz onartzea. Era berean, isilbidez onartutzat joko da, baldin eta hamar egun balioduneko epea igaro ondoren interesdunak ez badu inolako adierazpenik egiten, eta, ondorio guztietarako, aurkeztutzat joko da «Nire karpeta» atalean dagoen erantzukizunpeko adierazpena.
b) Proposamena berariaz errefusatzea. Hamar egun balioduneko epea igaro eta uko egiten ez badu, proposamena onartzen duela ulertuko da, eta aurkeztutzat joko da «Nire karpeta» atalean dagoen erantzukizunpeko adierazpena.
c) Datuak aldatzeko eskatzea, eskaera hori justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.
6.– Behin-behineko proposamenean agertzen ez diren eta, hurrenez hurren, 5. eta 6. oinarrietan ezarritako betekizunak betetzen dituztela eta inolako debekurik ez dutela uste duten ustiategien titularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte eta sartzeko eskatu, eta, hala badagokio, ofizioz egiaztatu ezin izan diren inguruabar horien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
7.– 5. eta 6. apartatuetan xedatutakoaren babesean aurkeztutako alegazioen ebazpena gehienez ere hilabeteko epean emango da, alegazioak aurkezteko aurreikusitako hamar egun balioduneko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Alegazioak ebatzita, Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak, aurrekontu orokorren kontura finantzatutako AEOR 2026 laguntzaren zatiari dagokionez, eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, AESE 2026 laguntzen zatiari dagokionez, behin betiko ebazpen-proposamena egingo dute, eta Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari helaraziko dizkiote, ebazteko organo eskuduna den aldetik.
8.– Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du NBEF funtsaren kontura finantzatutako AEOR 2026 laguntzaren zatiari dagokionez, eta organismo ordaintzaileko zuzendariari helaraziko dio, ebazteko organo eskuduna den aldetik, hurrengo oinarriaren 1. apartatuaren bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.
9. oinarria.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko epea, jakinarazteko modua eta errekurtsoak.
1.– Aurreko oinarriko 7. apartatuan aipatzen den hilabeteko epea amaitzen denetik hiru hilabeteko epean, eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak, hurrengo paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta jakinarazi eta ordaindu egingo da. Gehieneko epea igarota jakinarazpenik egin ez bada, eskaria administrazio-isiltasunez ezetsi egin dela ulertu beharko da.
AEOR 2026 laguntzen kasuan, berriz, Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak berak emango du NBEF funtsaren kontura finantzatutako laguntzen ebazpena, organismo ordaintzaileko zuzendaria ere bada eta.
2.– Ebazpenek bat etorri beharko dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluaren edukiekin. Hala, dirulaguntza emango zaien eskatzaileak edo eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, berariaz adierazi beharko dira, hala badagokio, dirulaguntzaren xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak eta dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan eskatzen diren gainerako baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideak ezetsi direla ere.
3.– Ebazpenak interesdunei jakinaraziko zaizkie, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Jakinarazpen horiek emateko ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz egingo dira, eta argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainera, banaka ere jarriko dira eskuragarri «Nire karpeta» atalean. 1. apartatuan ezarritako gehieneko epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu beharko dute laguntza ezetsi egin dela, administrazio-isiltasunez.
4.– Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearen emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
5.– Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendariak Organismo Ordaintzaileko zuzendari gisa emandako ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari, aurreko paragrafoan adierazitako epe eta ondorio berberekin.
10. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunak laguntzari berariaz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.
b) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzaren eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren esku jartzea laguntzak emateari buruzko edozein alderdi egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, oinarri hauen kargura jasotako laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazio guztia ematea.
d) Administrazio baten edo ente publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzari eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, jakin bezain laster.
e) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea, jakin bezain laster, Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritzari eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.
f) Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzultzea.
h) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.
i) Herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
j) Gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa adieraztea.
k) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzea.
l) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
m) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaizkion merkataritza-legeriak eta sektorekoak ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro ere, egiaztapen- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
n) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.
11. oinarria.– Ordainketak.
1.– Oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatu eta dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren egingo da ordainketa. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako ordainketak 2026ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.
2.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, egiaztatuko da onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere, eta ez da ordainketarik egingo hala ez bada. Onuradunak ofiziozko egiaztapen horren aurka egin ahal izango du, eta kasu horretan dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
3.– Era berean, Administrazioak ofizioz egingo ditu bere erregistroetan dauden edo legez aurreikusitako elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez lor daitezkeen datuak egiaztatzeko beharrezkoak diren kontsultak eta egiaztapenak, hargatik eragotzi gabe interesdunari dokumentazio edo informazio gehigarria eskatu behar izatea.
4.– Onuraduna Administrazio honen «Hirugarrenen erregistro elektronikoan» agertu beharko da. Alta emateko edo erregistro horretan datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/). Baldin eta, ordainketa egin aurretik, egiaztatzen bada onuraduna ez dagoela alta emanda erregistro horretan, alta emateko edo, hala badagokio, datuak aldatzeko eskatuko zaio, eta, horretarako, dagokion errekerimenduan ezartzen den epea emango zaio. Epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez badu, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratzeko prozedurari ekingo zaio.
12. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzulketa.
1.– Oinarri arautzaile hauetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunak, baldintzak eta betebeharrak betetzen ez badira, laguntza kobratzeko eskubidea guztiz edo partzialki galduko da, dagokionaren arabera, edo, laguntza ordaindu bada, jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
2.– Bereziki, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean galduko da laguntza kobratzeko eskubidea edo itzuli beharko da laguntza, dagokionaren arabera:
a) Laguntza lortzea horretarako ezarritako betekizunak bete gabe, edo laguntza emateko eskatutako baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz.
b) Egiaztatzea onuradun izaera zehazteko edo laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko erabilitako administrazio-erregistroetako datuak ez datozela bat errealitatearekin, eta horrek laguntza ematea ekarri duela edo zegokion zenbatekoa baino handiagoa dela.
c) Oinarri arautzaile hauetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo betebehar ez betetzea, ez-betetze hori laguntza jasotzeko erabakigarria denean.
d) Helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk aldi berean lortzea, horrek gainfinantzaketa eragiten badu edo «de minimis» laguntzei aplikatu beharreko metatze-arauak betetzen ez badira.
e) «De minimis» laguntzak metatzearen ondorioz, aplikatu beharreko Europar Batasuneko araudiak ezarritako gehieneko muga gainditzea.
f) Aplikatzekoa den araudian aurreikusitako egiaztapen- eta kontrol-jarduketei aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea, laguntzaren eskakizunak edo baldintzak betetzen direla egiaztatzea eragozten dutenean.
g) Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan edo aplikatu beharreko gainerako araudian aurreikusitako beste edozein itzulketa-kausa.
3.– Laguntza kalkulatzeko erabilitako datuetan akatsen bat gertatu delako edo ezarritako mugak oker aplikatu direlako, dagokion kopurua baino gehiago ordaindu dela ikusten bada, ordaintzeko dagoen zenbatekoa kobratzeko eskubidea galduko da, edo, laguntza jada ordainduta badago, bidegabe jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, dagozkion berandutze-interesekin batera.
4.– Ez da laguntza itzuli beharko laguntza eman edo ordaindu ondoren laguntza jasotzeko eskubidea izatea eragin zuten betekizunei eragiten ez dieten inguruabarrak gertatzen badira, ez eta administrazio-datuen aldaketak ez badakar benetan emandakoa baino laguntza txikiagoa ematea ere.
5.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.
6.– Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako gaikuntzaren arabera, Landa Garapenaren eta Europar Politiken zuzendaria eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria izango dira itzulketa-prozedurak hasteko eta bideratzeko ardura duen organoa. Nolanahi ere, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio itzulketa-prozedura ebaztea, eta erakunde ordaintzaileko zuzendariari NBEFaren kargurako laguntzen zatiari dagokionez, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 41. artikuluan ezarritakoaren arabera. Itzulketa-prozeduraren ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izango da, hasiera-erabakiaren egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, prozedura iraungi egingo da, aipatutako legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
13. oinarria.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa oro eta, bereziki, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk aldi berean lortzea, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, aldaketa gertatu edo onuradunak jakin bezain laster.
2.– Dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo onuradunak eskatuta, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea erabaki ahal izango du, baldin eta, laguntza emateko unean gertatu izan balira, laguntzaren beste zenbateko bat zehaztuko luketen inguruabarrak gertatzen badira, eta, betiere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira, bereziki, hauek:
a) Aldaketak hasieran emandako zenbatekoa handitzea ez badakar.
b) Aldaketa eragin duten inguruabarrak ez egotea onuradunaren borondatearen mende.
c) Aldaketa eragin duten elementu edo inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, ez izatea laguntza ukatzeko arrazoi.
d) Aldaketak kalterik ez egitea hirugarrenen eskubideei.
e) Aldaketa interesdun batek eskatua bada, onuradunak elementu edo inguruabarren berri jakinaraztea berak jakin bezain laster.
3.– Bereziki, onuradun-izaera zehazteko erabili diren administrazio-erregistroetako datuak eguneratu, zuzendu edo egiaztatzearen ondorioz edo laguntzaren zenbatekoa kalkulatzearen ondorioz, emandako zenbatekoa berez dagokiona baino handiagoa bada, dirulaguntza ematen duen organoak dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango du, dagokion zenbatekora egokitzeko.
4.– Aldaketak laguntza gutxitzea badakar eta laguntza osorik edo partzialki ordaindu bada, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan itzulketa-prozedurari buruz xedatutakoa beteko da.
5.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeak ez du inola ere ekarriko hasieran emandako zenbatekoa handitzea, ez eta oinarri hauen xedea aldatzea ere.
14. oinarria.– Dirulaguntzen bateragarritasunak eta dirulaguntzak metatzea.
1.– Onuradun berak AEOR 2026 eta AESE 2026 laguntzak metatu ahal izango ditu, baldin eta beren esparru juridikoetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, kostu berberak bi aldiz finantzatzen ez badira eta metaketaren ondorioz ez bada oinarri hauetan baimendutako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen.
2.– AESE 2026 laguntzetan, Administrazioak egiaztatuko du, eman aurretik, eman beharreko laguntzak ez dituela gainditzen aplikatu beharreko «de minimis» mugak. Era berean, AEOR 2026 laguntzak ematerakoan, kontzeptu berberengatik jasotako zenbatekoak hartuko dira kontuan, hala badagokio.
15. oinarria.– Datuen babesa.
Datu pertsonalak «Nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko laguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
a) Arduraduna: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Landa Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritza eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.
b) Helburua: nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko laguntzak kudeatzea.
c) Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
d) Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
e) Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, bai eta informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk ere; web-orri honetan kontsultatu ahal izango dira:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/076400-capa2-eu.shtml
RSS