Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2026ko azaroaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4726

AGINDUA, 2026ko urriaren 27koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez oinarriak onartzen baitira eta deialdia egiten baita elikagaien eta zuraren balio-kateetan digitalizazio, berrikuntza eta ekintzailetzarako ideiak umotzeko eta proiektuak zehazteko prozesuen aldeko laguntzetarako 2026ko ekitaldirako (Onekin 2026 programa).

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren ardura da Euskal Autonomia Erkidegoan elikagaien, zuraren eta landa-eremuaren eta itsasertzaren balio-katearen ekonomia- eta enpresa-jarduera sustatzea, bai eta euskal enpresei laguntzea ere trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa, ingurumenekoa eta demografiko-soziala lehiakortasun-bektore gisa txerta ditzaten, berrituz, digitalizatuz eta enpresa-ekintzailetzako jarduera sustatuz.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Plan berrian (ZTBP Euskadi 2030) ikusten den moduan, Euskal Autonomia Erkidegoak apustu argia egin du I+G+Bren alde, eta azken hiru hamarkada honetan eutsi egin dio eta orain 2030. urteari begira proiektatzen du. Euskadi 2030ean berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzean datza ikuspegia. Azken helburua bizi-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzea da. Estrategia partekatu bat da, bertan instituzio publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek, teknologia-zentroek eta eragile sozioekonomikoek parte hartzen dutena.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Eraldaketa Digitalerako 2025eko Estrategia Europako estrategiaren testuinguruan zehaztu du. Eraldaketa digitaleko testuinguru batean gaude gizartearen esparru guztietan, eta horrek eragina du nola ekonomian hala gizartean. Jasangarritasun-helburuei jarraikiz, Europako Batzordeak Europa Digitala 2021-2027 programa ezarri du, Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren erregelamendu-proposamen baten bidez. Programaren helburu orokorra EBren, estatu kideen eta industriaren inbertsioak sustatzea da, Europako ekonomiaren, industriaren eta gizartearen eraldaketa digitala bultzatzeko eta, horrela, eten digitala murriztuta eta EBren autonomia estrategikoa indartuta lehiakortasuna hobetzeko.

Era berean, 2028ko Ekintzailetzako Erakundearteko Planean, ekintzailetza modalitate guztietan sustatzeko ibilbide-orria dago, proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarriak sor eta haz daitezen lortzekoa, halakoak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia suspertzeko, hazkunde inklusiborako eta garapen jasangarrirako etapa berri baten eragile direlakoan.

Kontuan izan behar da, gainera, elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresen ezaugarri komun bat tamaina dela, neurri handi batean enpresa txiki eta ertainek eta mikroenpresek osatzen baitute. Halaber, badakigu sektore hori tradizionala dela eta hor gehienetan sektore industrializatuagoetan baino motelago sartzen direla teknologia, produktu eta prozesu berriak.

Elikaduraren balio-kateari Euskadiko BPGaren % 10,6 dagokio, eta, 31 000 enpresa inguru izanik, guztira 95 000 enplegu baino gehiago sortzen ditu. Zuraren balio-katea, berriz, BPGaren % 1,54 da, eta 18 000 lanpostu sortzen ditu.

Horri dagokionez, Elikadurako eta Landa Garapeneko Sailburuordetza elikagaien eta zuraren balio-katera bideratutako hainbat ekintza garatzen ari da eraldaketa digitala bultzatzeko eta jardueraren eta negozioaren erritmoa berreskuratzeko, berrikuntzaren medioz eta ekintzailetzaren eta barne-ekintzailetzaren aldeko ekintzen bidez, enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskainita.

Ondorioz, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026-2028ko urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren helburuei jarraikiz (Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen), Onekin 2026 laguntza-programa taxutu da. Programa horren helburua enpresei laguntza ematea da, honako hauei lotutako aholkularitza-zerbitzuak kontratatzeko: negozioa abian jartzea edo garatzea; patenteak eta bestelako aktibo immaterialak lortzea, baliozkotzea eta defendatzea; elikagaien segurtasunaren arloko ziurtapen-estandarrak lortzea, eta berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko aholkularitza-lanak egitea. Laguntza horiek plan horren helburuak lortzen laguntzen dute. Plana helbide honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/elikadura-landa-garapen-nekazaritza-eta-arrantza-sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2026-2028/

Laguntza horiek erregelamendu hauetan ezarritako minimis erregimenari lotzen zaizkio: (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Batzordearena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; 1408/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Batzordearena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzako eta akuikulturako minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; eta 717/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 27koa, Batzordearena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantzaren eta akuikulturaren sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Era berean, agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak xedapen hauetan ezarritakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta bi arau hauetan bildutako oinarrizko erregulazioa: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken horren erregelamendua onartzen duena.

Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera (7/2025 Legea Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena da), eta laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz (1/2011 Legegintzako Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duena da).

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 artikuluaren arabera, sailburuak dira beren eremuan dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak onartzeko eskumena duten organoak, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak 26.4 artikuluan xedatzen du ezen sailburuek, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, besteak beste eskumena dutela beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko. Bada, 20/2023 Legearekin bat etorriz eta 7/1981 Legea aplikatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Elikagaien eta zuraren balio-kateetan ideiak umotzeko eta digitalizazio, berrikuntza eta ekintzailetzarako proiektuak zehazteko prozesuak babesteko laguntzen deialdiaren oinarriak onartzea 2026. urterako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio organo honi, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu ahal da, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 27a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea honako hauei lotutako kontsultaritza- edo aholkularitza-zerbitzuak kontratatzeko laguntzetarako deialdia egitea da: negozioa abian jartzea edo garatzea; patenteak eta bestelako aktibo immaterialak lortzea, baliozkotzea eta defendatzea; elikagaien segurtasunaren arloko ziurtapen-estandarrak lortzea, eta berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko aholkularitza-lanak egitea.

2.– Agindu honetako laguntzek bi helburu dituzte: alde batetik, ekintzailetza eta enpresa-jarduera berrien sorrera bultzatzea elikaduraren eta zuraren balio-katearen esparruan; eta, bestetik, elikagaien eta zuraren balio-kateko entitateen negozio-ereduan, prozesuetan eta antolaketan produkzio-hobekuntzak sustatzea, bioekonomiara, jasangarritasun energetikora, elikadura seguru eta osasungarrira eta baliabideen erabilera iraunkorrera bideratuta daudenak, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako 500 000 euro dira. 300 000 euro 2026ko ekitaldiari dagozkio, eta 200 000 euro 2027koari, honela banatuta:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa esleitutako kopurutik gorakoa edo hura eguneratuta ateratzen denetik gorakoa izan daiteke, baina % 30 gehiagokoa asko jota, betiere bat etorriz kreditu-loturaren araubidearekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzaren araubidearekin, eta betiere laguntzak ebatzi baino lehen. Halakorik gertatuz gero, horren berri emango du Eusko Jaurlaritzaren Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

3.– Jarduketa baterako aurreikusitako funts guztiak erabiltzen ez badira, erabili gabeko horiek funts gehiago behar dituen beste jarduketa batera transferitu ahal izango dira, 15. oinarrian ezarritako prozedurari jarraituz.

3. oinarria.– Onuradunak.

1.– Elikagaien eta zuraren balio-katearen barruko jarduera ekonomikoa gauzatzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izan daitezke onuradunak, baldin eta jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badute edo garatzekoak badira: nekazariak, erauzketako arrantza-sektoreko operadoreak, elikagai- edo baso-industriak, nekazaritzako elikagaien merkataritza eta ostalaritza.

2.– Onuradun izan ahalko dira, halaber, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak. Horietan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, eta hark izango du boterea taldeari onuradun gisa dagozkion egitekoak betetzeko; hark jasoko ditu dirulaguntzaren funtsak eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean. Taldea ezingo da desegin, harik eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

4. oinarria.– Entitate baztertuak.

1.– Laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresak gutxienez baldintza hauetako bat betetzen denean daude krisialdian, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01):

a) harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz;

b) gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;

c) porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;

d) aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala -ratioa 7,5etik gorakoa izan denean eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon denean.

2.– Baztertuta geratuko dira, orobat, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden entitateak.

3.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

4.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean dauden entitateak:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana epai irmo bidez, edo prebarikazioa, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafikoa, iruzurra eta legez kanpoko ordainarazpena edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso izana epai irmo bidez.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea –konkurtso horretan hitzarmen bat ezarri bada salbu–, esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-epealdi hori oraindik amaitu gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiaraztea eragin izana kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik.

d) Lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargu izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako eran.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindu hori).

f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindu hori).

g) Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin zigortua izatea, ebazpen irmo bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

h) Pertsona fisikoa edo juridiko publiko edo pribatua zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

j) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.

k) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuen kausetan nahasita egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda egotea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmo bat ematen ez den heinean bide emango lukeena kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izateko dagokion erregistroan.

l) Gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa ez adieraztea.

m) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

5.– 4. apartatuaren a), b), d), g), h) eta i) letretako debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

6.– 4. apartatuaren e) eta f) letretan jasotako debekuak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko dira. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

7.– 4. apartatuaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

8.– Dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen, entitate eskatzaileek egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte bete beharko dituzte betebehar horiek. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak, horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

9.– Onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 4. apartatuan adierazten dira debekuak–, bide hauek dituzte entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak (betiere, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera); edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

10.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza erabat justifikatu eta likidatzen den arte bete beharko dira eskakizun horiek.

5. oinarria.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

Agindu honen bidez deitutako edozein laguntza eskuratzeko (horretarako pertsona onuraduna izateko), lehenik, dirulaguntza emateko zioa bera presente egon behar da, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

1) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan izatea egoitza.

2) Diruz lagundu daitekeen jarduera ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiari jarraikiz (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Lege Orokorra, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena).

Laguntza-eskabidea aurkezten denetik, emango den dirulaguntza erabat justifikatu eta likidatzen den arte bete beharko dira eskakizun horiek.

6. oinarria.– Laguntza-lerroak eta diruz lagundu daitezkeen jarduketak eta gastuak.

1.– Lehenengo oinarriko xedea lortzeko, laguntza-lerro hauek ezarriko dira:

a) Negozioa abian jartzearekin lotutako aholkularitza- edo kontsultaritza-lanak.

b) Patenteak, ingurumen-zigiluak eta bestelako aktibo immaterialak lortzeko, baliozkotzeko eta defendatzeko azterlanak.

c) Enpresetan elikagaien segurtasunaren kultura ezartzeari buruzko diagnostiko-azterlanak, bai eta lehen aldiz elikagai-segurtasunaren arloko ziurtagiriak lortzekoak ere. Elikagaiak alferrik ez galtzeko eta ez botatzeko planak ere lagunduak izango dira.

d) Berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko kontsultaritza-lanak

2.– Aurreko apartatuan aipatutako azterlanek espezifikoak izan behar dute, eta entitate eskatzailearen errealitatera egokituta egon behar dute; gainera, I. eranskinean jasota dauden eta diruz lagundu daitezkeen ekintzetako batzuen esparruan kokatu beharko dira.

3.– 1. apartatuan deskribatutako gastuek jaso ahal izango dute laguntza, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2027ko urriaren 15a baino lehen sortuak edo fakturatuak izatea.

b) Laguntza eskatzen duen pertsona fisiko edo juridikoaz kanpoko enpresek egindakoak izatea.

4.– Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira honako hauek:

a) Lan edo azterlan orokorrak, baldin eta ez badaude entitate eskatzailearen inguruabarretara egokituta.

b) Enpresaren jarduera iraunkorrak edo errepikakorrak, edo enpresaren ohiko ustiapen-gastuekin lotutakoak, hala nola zerga-aholkularitzako ohiko zerbitzuak, aldizkako zerbitzu juridikoak edo publizitate errepikakorrekoak.

c) BEZa eta zeharkako bestelako zergak, berreskuratu edo konpentsatu badaitezke.

5.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30 artikuluan ezarritakoa betez, baldin eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezarritako kopuruak (9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora), onuradunak hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

6.– Eskaintzen artean egiten den hautaketa dirulaguntza justifikatzen denean aurkeztu beharko da, edo, hala badagokio, dirulaguntza eskatzen denean, eta efizientzia eta ekonomia-irizpideetan oinarrituko da. Hautaketa memoria batean justifikatu beharko da, baldin proposamen ekonomiko onuragarriena aukeratzen ez bada.

7.– Honako hauek ez dira diruz lagundu daitezkeen kostutzat joko: eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako lanak, aholkulariaren joan-etorrietako gastuak, material didaktikoak sortzea, aretoak alokatzea, dietak, kontsultaritza-lanetan baliatutako kontsumigarriak, gailuak eta lizentziak eta antzekoak. Gastu horiek bereizita agertu beharko dira fakturen kontzeptuan.

7. oinarria.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

1.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

2.– Agindu honen esparruan emango diren laguntzak erregelamendu hauetan ezarritako minimis araubideari lotzen zaizkio: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua (2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa), Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua (2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzako eta akuikulturako minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa) eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantzaren eta akuikulturaren sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

8. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak, 9. oinarrian aurreikusitako dokumentazioarekin batera, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariari bidali behar zaizkio.

2.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Laguntza hauek eska ditzaketen guztiak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan aurreikusitako subjektuak dira, eta horiek eskaera elektronikoki egin behar dute nahi eta nahi ez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira eskabideak:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1232704

4.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora) esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/ zerbitzuak/1232704

Aipatutako webgunean eskuragarri egongo diren eskabide-eredu normalizatuen edukia agindu honen III. eranskinean adierazitako bera izango da.

5.– Eskaeraren ondorengo izapideak, kanal elektroniko bidezkoak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» aukeraren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, entitate edo enpresak aurreikusiak dituen jarduketa guztietarako, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.

7.– Laguntza-eskaera, eskatzen den dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu daiteke. Gainera, dirulaguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak zer hizkuntza aukeratu, hizkuntza hori baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoari jarraituz.

8.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik egin, dokumentazio hori ez dute aurkeztu beharko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Hala ere, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu dituzten adierazi beharko dute. Eskaera aurkeztuz gero, baimena ematen da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Ukatzen bada, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9.– Pertsona eta entitate eskatzaileek dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik egiaztatuko beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela. Gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte bete beharko dituzte betebehar horiek. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak, horren aurka egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

9. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Entitate edo pertsona eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, eta agiri hauek atxiki eskabide horri:

a) Honako hauek biltzen dituen memoria bat:

– Premien analisia eta egin beharreko azterlanaren motibazioa.

– Azterlanaren deskribapena eta egitura, eta azterlana egiteko epea.

– Aurrekontu xehakatua.

– Laguntzaren eskatzailea ezarrita dagoen udalerria.

– Entitate sustatzaileko plantillaren deskribapena, sexuaren eta adinaren araberakoa, bai eta gizarte- eta lan-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen xehetasuna ere.

– Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako azpikontratazio osoa edo partziala gertatzen bada, hauek zehaztu beharko dira: azpikontratatuko den jardueraren ehunekoa; zer pertsona fisiko edo juridikorekin azpikontratatuko den, eta zer jarduera azpikontratatuko diren.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, hau dioena: agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela, aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla, hori egiaztatzen duten agiriak badituela, eta hala eskatzen zaionean Administrazioaren esku jarriko dituela, oinarrien III. eranskineko ereduaren arabera.

c) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, elkartearen onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoak dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria eta IFZ, eskatzaileak informazio hori Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatzearen aurka berariaz egin duen kasuetan.

e) 50 langile baino gehiago dituzten enpresek berdintasun-plan bat erregistratuta eduki behar dute REGCONen (hitzarmen kolektiboen, laneko erabaki kolektiboen eta berdintasun-planen erregistro eta gordailua).

f) 50 langile baino gehiago dituzten enpresek egiaztatu behar dute plazen % 2 erreserbatuak dituztela % 33tik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat, edo ordezko neurriak abian jarri dituztela.

g) Pertsona edo entitateek justifikatu behar dute onuradun-izaera lortzeko 4.4 oinarrian adierazitako debekurik ez dutela, lekukotza judizialaren, ziurtagiri telematikoen edo datu-transmisioen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa aurkeztu, edo, agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez oinarri honetako b) apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.

h) Entitate eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

2.– Edonola ere, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen bestelako agiri edo informazio osagarriak eska diezazkioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.

10. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera kontratatzea.

1.– Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta jarduera horren zenbatekoa 60 000 euro baino gehiagokoa bada, kontratazioak betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua idatziz egitea.

b) Kontratua egin baino lehen, kontratua egiteko baimena ematea entitate emaileak. Horretarako, onuradunak, kontratua egin aurretik, kontratu-proposamenarekin batera, eskaera bat aurkeztu behar dio Administrazioari, kontratatu nahi den jarduera eta haren zenbatekoa adierazten dituena.

2.– Ezingo da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murriztu eta aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak ez betetzeko.

3.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute izango betebeharrik, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo egiteko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

4.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, onuradunei dagokie ziurtatzea ezen, diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin hitzartuz gero, agindu honetan ezarritako mugak errespetatuko direla diruz lagundutako gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez. Kontratistek, bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, muga horiek betetzen direla behar bezala egiaztatzen uzteko.

5.– Onuradunek ezin izango dute inola ere honako hauekin hitzarmenik egin diruz lagundutako jarduera osorik edo partez gauzatzeko:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko debekuren baten eraginpean dauden pertsonak edo entitateak, ezta agindu honen 5. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak ere.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo entitateak.

c) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin gisa definitzen badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsona edo entitateak, baldintza hauek bete ezean:

1) Aldez aurretik organo emailearen berariazko baimena eskuratzea ebazpen arrazoitu baten bidez.

2) Dirulaguntzaren zenbatekoa ez izatea atxikitako entitateak izandako kostuarena baino handiagoa. Kostua justifikazioan egiaztatu behar da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako modu berean.

e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo entitateak.

11. oinarria.– Balorazio-irizpide orokorrak.

1.– Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide orokor hauek eta dagozkien puntuazioak izango dira kontuan:

a) Memoria teknikoaren kalitatea. Bertan, argi eta garbi adierazi behar dira azterlanaren motibazioa eta antzemandako premiak, proposatutako helburuak, proposatutako egutegia eta abar. Gehienez, 40 puntu emango dira, eta parametro hauek baloratuko dira:

– Premien analisia eta azterlanaren motibazioa: 10 puntu, gehienez. Proiektua arrazoi batengatik eta premia batzuei erantzuteko sortu da, eta esplizituki azaldu behar dira. Azalpenaren eta oinarrien argitasuna baloratuko dira.

– Proposatutako esku-hartzea: 10 puntu, gehienez. Proposatutako esku-hartzearen eta konpondu nahi diren premien arteko koherentzia baloratuko da.

– Espero diren emaitzak: 10 puntu, gehienez. Zehazki zer lortu nahi den azaldu behar da.

– Proposamenaren kalitate orokorra: 10 puntu, gehienez. Proposamen orokorra, abiapuntuko egoeraren aurkezpena, konpontzeko ideiak eta lortu nahi diren helburuak baloratuko dira.

b) Beste irizpide batzuk; gehienez, 60 puntu emango dira, banaketa honen arabera:

– Proposamenaren egokitasuna: oinarrietako I. eranskinean proposatutako lehentasunezko esku-hartzeekin bat etortzea (10 puntu, gehienez).

– Sexua (15 puntu, gehienez):

• Emakumeek sustatutako proiektua. Enpresa pertsona fisikoa ez bada, emakumeak haren % 50aren edo gehiagoren jabe izatea baloratuko da: 15 puntu.

• Langileen artean gutxienez % 40 emakumeak diren enpresek sustatutako proiektua: 15 puntu. Hori egiaztatzeko, alta emanda dauden langileen txostena aurkeztu beharko da eta langileen sexua adierazi. Ondorio horietarako, lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak halako langiletzat joko dira, eta borondatezko gizarte-prestazioko entitateak egindako batez besteko plantillaren txostenak balioko du.

• Presidentetzat edo kudeatzailetzat emakume bat daukaten enpresek sustatutako proiektua: 15 puntu. Kontratuaren bidez egiaztatu behar da.

• Administrazio-kontseiluan emakumeek gutxienez proportzio orekatuan parte hartzen duten enpresek sustatutako proiektua: 15 puntu. Administrazio-kontseiluko idazkariaren ziurtagiri baten bidez egiaztatu behar da. Ziurtagiri horretan, kontseilua nork osatzen duten azaldu behar da, sexuaren arabera bereizita.

– Gazteak: 41 urtetik beherako pertsonek sustatutako proiektuak (10 puntu). IFZren bidez egiaztatu behar da. Pertsona juridikoen kasuan, partaidetza % 50etik gorakoa dela egiaztatu behar dute.

– Enpresa mota (gehienez, 10 puntu); hau kontuan izango da:

• Inkubazio-enpresa (4 urtetik beherakoa): 10 puntu. Eratze-eskrituren bidez egiaztatu behar da.

• Azelerazio-enpresa (4-8 urte): 8 puntu. Eratze-eskrituren bidez egiaztatu behar da.

• Enpresa txikia: 6 puntu. Eskabidea aurkeztu den urtearen aurreko hiru urteetako sozietateen gaineko zerga aurkeztuz egiaztatu behar da.

• Enpresa ertaina: 4 puntu. Eskabidea aurkeztu den urtearen aurreko hiru urteetako sozietateen gaineko zerga aurkeztuz egiaztatu behar da.

• Kooperatiba-oinarriko enpresa: 10 puntu. Eratze-eskrituren bidez egiaztatu behar da.

– Kalitateko eta nekazaritza ekologikoko marka ofizialki onartuak: 5 puntu. Ziurtagiri edo egiaztagiri baliokide bat aurkeztuz egiaztatu behar da.

– Azken bost urteetako belaunaldi-erreleboaren ondorio diren enpresek aurkeztutako proiektuak: 5 puntu. Egiaztagiriak aurkeztu behar dira.

– Elikagai Sistemako Enpresa Jardunbide Egokien Kodeari atxikitako enpresa: 5 puntu. Ziurtagiria aurkeztu behar da.

2.– Laguntza eskuratu ahal izateko, memoria teknikoaren kalitateari buruzko apartatuan 25 puntu lortu beharko dira gutxienez, eta 30 puntu, berriz, balorazioaren puntuazio osoan.

12. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Laguntzek gehieneko muga bat izango dute; zehazki, eskatzaile bakoitzak ezingo du jaso 14 999,00 eurotik gora. Lerro berean eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, edo lerro batean baino gehiagotan aurkeztuz gero, lehenengoa bakarrik onartuko da, haiek aurkeztu diren ordenaren arabera.

2.– Proiektuaren tipologiaren araberakoa izango da 6. oinarrian ezarri diren eta diruz lagundu daitezkeen kostuen gainean proiektu batek jaso dezakeen laguntza-ehunekoa edo oinarrizko laguntza:

a) Proiektu orokorrak (elikaduraren eta zuraren balio-katearen eremuan ekintzailetza eta enpresa-jarduera berriak sortzea bultzatzen duten proiektuak, negozio berriak abian jartzeko aholkularitza espezializatuaren bidez, bideragarritasun-azterlanak eginez eta patenteak eta bestelako aktibo immaterialak lortu, baliozkotu eta defendatuz bultzatzen dutenak): laguntza-ehunekoa % 60koa izango da (1. eta 2. lerroak).

b) Ikuspegi jasangarria duten proiektuak (elikagaien eta zuraren balio-kateko entitateen negozio-ereduan, prozesuetan eta antolaketan produkzio-hobekuntzak sustatzen dituzten proiektuak, bioekonomiara, jasangarritasun energetikora, elikadura seguru eta osasungarrira eta baliabideen erabilera iraunkorrera bideratutako hobekuntzak sustatzen dituztenak berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez): laguntzaren ehunekoa % 50ekoa izango da (3. eta 4. lerroak).

3.– Laguntzaren intentsitatea edo diruz lagundu daitezkeen proiektuen kostuen ehunekoa –2. apartatuan ezarritakoa– proiektuaren arabera handitu ahalko da:

a) Emakumeek nekazaritza-ustiategietan sustatutako proiektuak; betiere, titularrak emakumea izan behar du, edo titulartasunak partekatua izan behar du, edo, pertsona juridiko batena bada, emakumeen esku dauden partizipazio sozialek edo ehunekoak gutxienez % 50 izan behar dute, bi pertsona badira, edo, behintzat, orekatua gainerako kasuetan: + % 15eko intentsitate gehigarria.

b) Emakumeek sustatutako proiektuak: Pertsona juridikoen kasuan, emakumeen partaidetza % 50etik gorakoa dela egiaztatu behar da: + % 10eko intentsitate gehigarria.

c) Gazteek sustatutako proiektuak: Pertsona juridikoen kasuan, gazteen partaidetza % 50etik gorakoa dela egiaztatu behar da: + % 10eko intentsitate gehigarria.

d) Enpresa sortu berriek edo inkubazio-enpresek sustatutako proiektuak (<4 urte): + % 5eko intentsitate gehigarria.

e) Azelerazioaldian dauden enpresek sustatutako proiektuak (4-8 urte): + % 2ko intentsitate gehigarria.

f) Lehiatu Inbertsioa programa arautzen duen aginduan elikagaien industriaren arloko sektore estrategiko eta traktore gisa zehazten diren sektoreetako enpresek sustatutako proiektuak: + % 20 gehigarria.

Gehikuntza gehigarria ez da izango % 20tik gorakoa.

13. oinarria.– Entitate laguntzailea.

1.– Hazi fundazioa agindu honetan arautzen diren laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izendatzen da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Hazi fundazioak entitate laguntzaile gisa bete behar dituen baldintzak eta betebeharrak berariaz egindako hitzarmenean adieraziko dira.

3.– Hazi fundazioak, entitate laguntzailea den aldetik, laguntzak kudeatzeko behar diren laguntza tekniko eta materialeko jarduerak egingo ditu, baina ezin izango du inola ere administrazio-ahalik baliatu, ez eta agintaritza publikoa baliatzea dakarren egintzarik gauzatu ere.

4.– Zehazki, hauek dagozkio Hazi fundazioari:

a) Aurkeztutako eskabideen eta dokumentazioaren hasierako analisian laguntzea, eta organo kudeatzaileari jakinaraztea, hala badagokio, atzematen diren gorabehera tekniko edo dokumentalak.

b) Aurkeztutako eskabideen aldez aurreko azterketa teknikoa egitea, eta horiek aztertu eta baloratzeko behar diren lan materialetan laguntzea, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

c) Balorazio Batzordearekin lankidetzan aritzea hari agindu honen bidez esleitutako eginkizunak betetzeko orduan, proiektuak baloratzeko behar den laguntza teknikoa emanez.

d) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak agintzen dizkion eta deialdia behar bezala kudeatzeko beharrezkoak diren beste edozein jarduera tekniko edo materialetan laguntzea, baldin eta administrazio-ahalak erabiltzea ez badakarte.

5.– Hazi fundazioa hauek egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardueren mende egongo da: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta gainerako kontrol-organo eskudunak.

14. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen diren, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzaren Ikerketa Programen arduraduna izango da Balorazio Batzordeko burua. Zuzendaritza bereko teknikari bat eta Hazi fundazioko ordezkari bat izango dira batzordekideak, eta lehenengoak idazkari-lanak egingo ditu. Balorazio Batzordearen osaeran, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

4.– Balorazio-batzordeak, dagozkion eginkizunak betetzearren, aztergai den gaiko adituak bileretara joan daitezela eskatu ahalko du, baita aholku eman dezatela ere.

5.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

6.– Balorazio-batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea; identifikatu egingo dute zeintzuek betetzen duten aplikatu beharreko araudia eta zeintzuek ez, eta baloratu egingo dituzte bai proiektua, bai ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila.

b) Laguntzak balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, txosten bat egitea, bi gauza zehaztuz: egindako ebaluazioak zer eman duen; eta onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman.

7.– Balorazio Batzordeak barne-funtzionamendurako arau propioak ezarriko ditu. Arauok aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

15. oinarria.– Laguntzak adjudikatzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Deialdi hau ebazteko prozedura lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedura izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 19.1 artikuluan aurreikusia, 2.1 eta 6.1 oinarrietan ezartzen diren eta diruz lagundu daitezkeen lerro guztietan.

2.– Laguntza-lerro bakoitzeko, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondotik, laguntzak esleituko dira, aipatutako ordenari jarraikiz eta agindu honen 12. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak ahitu arte. Oinarri honen 4. apartatuan jasotako ordenari jarraituz lerro bati irtenbidea eman ondoren soberakinik badago eta hala deklaratzen bada, soberako baliabide horiek beste lerro batera aldatu ahal izango dira.

3.– Puntuazio bera lortzen dutenen artean, lehentasuna emango zaio proposamenaren kalitate orokorrari buruzko balorazio-irizpidean puntuazio altuena lortu duen proiektuari. Berdinketak jarraitzen badu, hurrenkera hau hartuko da kontuan:

– Proposatutako esku-hartzea eta espero diren emaitzak.

– Premien analisia eta azterlanaren motibazioa.

4.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, lerro bakoitzeko azken laguntzari dagokionez, proposatutako kopurua diru kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru kopuru erabilgarri hori izango da, baldin eta kopuru hori proposatutako kopuruaren % 70ekoa edo handiagoa bada. Diru kopuru erabilgarri hori proposatutako kopuruaren % 70 baino gutxiago bada, ez da esleituko laguntza, eta geratzen den kopuru erabilgarriak, ahitu arte, 2. eta 6. oinarrietako beste lerro baterako jarritako funtsak handituko ditu, hurrenkera honetan: 4., 3., 1. eta 2. lerroak.

5.– Balorazio Batzordeak, aurreko oinarrian azaldu den bezala, aurkeztutako eskabide eta dokumentu bakoitza aztertu ondoren, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, eta, laguntzak balioesteko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituta, txosten bat egingo du egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko eta eskatzaile bakoitzarentzat kalkulatutako zenbatekoa adierazteko.

16. oinarria.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– 14.6.b) eta 15.5 oinarrietan aipatzen den Balorazio Batzordearen txostena kontuan hartuta, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoitua, eta bertan adieraziko du zer eskatzailerentzat proposatzen den dirulaguntza eta zein den haren zenbatekoa.

Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzaile horren txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, behin-behineko ebazpen-proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, emandako behin-behineko ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. oinarria.– Prozedura ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasuna.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari dagokio ebazpena ematea, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak proposatuta eta hark txostena egin ondoren. Txosten horretan jasota geratu beharko da ezen, bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen denez, onuradun izateko proposatutako entitateek dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

2.– Esleipen-prozeduran ematen den ebazpenean, zehaztuko da zer jarduketa lagunduko diren diruz, eta bakoitzari buruz, halaber, zein den pertsona edo entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onetsitako aurrekontua, gauzatzeko epea eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa; horrekin batera, ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa adieraziko dira.

Nortasun juridiko propiorik gabeko taldeei dagokienez, orobat adieraziko da zer jarduketak jasoko duen dirulaguntza, zein diren taldea osatzen duten entitate onuradunak eta proiektuaren arduraduna, zenbateko dirulaguntza esleitu zaion taldekide bakoitzari eta zer gauzatze-konpromiso hartu dituen taldeak bere gain, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluarekin.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horrez gain, eta informazio gisa, ebazpen osoa helaraziko zaie interesdun guztiei, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira. Informazioa modu elektronikoan helaraziko da, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez.

Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna joko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta 3. apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, pertsona eta entitate interesdunek pentsatu behar dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 5. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.

5.– Prozeduraren ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

18. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako laguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte –bereziki, 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak–, bai eta agindu honen arabera aplikatzekoak diren gainerakoak ere. Besteak beste, hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz laguntzen den jarduera egitea, laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako epean.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hamabost eguneko epean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari, onartu egiten dutela iritziko zaio.

d) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

e) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

f) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo ente publiko edo pribaturen bati helburu bererako, eta, hala badagokio, eman dizkietela, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan; halaber, aurreko hiru ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldian zehar beste minimis laguntza batzuk jaso izana ere jakinaraztea. Egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen betiere.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektiboren edo subjektiboren aldaketa jakinaraztea, idatziz, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu aurretik edo justifikatzeko unean.

h) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan arautzen den Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoari jarraikiz.

i) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

j) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluari jarraikiz.

19. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikulua betez, dirulaguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektua gauzatu dela eta onuradun izateko eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, justifikazioko kontu bat aurkeztu beharko zaio Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari, agiri hauek dituena:

a) Egindako jarduketen justifikazio-memoria bat, informazioa emango duena proiektuaren gauzatzeari buruz eta adieraziko duena proiektua zenbateraino bete den, laguntza emateko betekizunak eta baldintzak bete diren eta zer jarduera egin diren eta zer emaitza lortu diren.

b) Fakturak edo froga-agiri balio berekoak eta ordainagiriak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legeak (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa) 32. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera, dekretu horren bidez onartu baitzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua. Agiri horiek laguntzaren onuradunaren izenean egon beharko dute.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

d) Dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dauden. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin dezake kontsulta horren kontra, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitu egin beharko da.

4.– Aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiriak aurkeztu ondoren, Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako langileek proiektuaren amaierako ebaluazioa egin eta proiektua gauzatu izanaren azken ziurtagiria emango dute.

5.– Laguntzak behar bezala kudeatzen eta ordaintzen direla bermatzeko, 2027ko azaroaren 15a izango da gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko azken eguna.

20. oinarria.– Ordainketa.

1.– Ordainketak egiteko, aurretik inbertsioa edo gastua justifikatu behar dira, aurreko oinarrian adierazitako dokumentuak aurkeztuz.

2.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 22. oinarriko berreskuratze-prozedura jarriko da abian.

3.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu funtsak elkarteko gainerako kideen artean.

4.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

21. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste entitate publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagai Politika eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko, horrela badagokio, eta, beharrezkoa izanez gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagai Politika eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean. Era berean, aldaketa gauzatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluko baldintzak bete beharko dira.

3.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan funtsezko aldaketak egiten badira, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo du Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, eskatutako aldaketak onartzeko ebazpen baten bidez.

4.– Honako hauek hartuko dira funtsezko aldaketatzat:

a) Azterlanaren xedean aldaketa esanguratsuak sartzea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

b) Proiektua gauzatzeko egutegia aldatzea.

c) Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.

d) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

e) Proiektuan parte hartzen duten agenteetatik baten bat ordeztu edo kentzea.

5.– Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.

6.– Egutegian egindako aldaketek, exekuzioan atzerapenak eragiten badituzte, ezin izango dute 2027ko urriaren 15a gainditu.

7.– Aldaketek, funtsezkoak ez badira, ez dute ekarriko laguntza emateko ateratako ebazpena aldatzea.

8.– Baldin eta egindako gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren diru-zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

22. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik betiere. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Politikako eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio eman zaion laguntzari. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea izango da, organo emaile gisa, berariaz onartuko duena uko egite hori, ebazpen bidez, eta prozedura bukatutzat joko duena entitate horri dagokionez.

3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura bat edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura bat hasi dela jakinarazi bazaio aurrez. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.

23. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek dira, gutxienez, ez-betetzeen kausak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharren bat ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza zertarako eman zen, xede hori ez betetzea.

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat ez izatea.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran badago, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ez-betetze espedientea egin ondoren, 15 eguneko epea emango dio interesdunari, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan; halaber, ebazpen bidez deklaratuko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, osorik edo zati batean, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar diola, osorik edo zati batean, proiektuaren egikaritze-mailaren, jasotako laguntzen eta, hala badagokio, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesaren arabera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe bidezko diren gainerako ekintzak.

Aipatutako diruzko zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-haustea izan daitezkeen egintzen ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.

4.– Eskabideak baloratzean eta dirulaguntzak emateko prozedura ebaztean, behar diren neurriak hartuko dira jarduketa horietan parte hartzen duen inork ez dezan interes-gatazkarik izan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluaren arabera.

24. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publikok zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, baldin eta dirulaguntza guztien baturak ez baditu gainditzen agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituz gero, emandako kopurua soberakinaren munta berean murriztuko da, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, entitate onuradunari entzun ondoren. Alabaina, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat faboragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.

2.– Era berean, laguntza horiek metatu egingo dira beste administrazio publiko batzuek onuradun berberei agindu honek dituenez bestelako helburuekin emandako minimis laguntzekin, halako moldez non guztien artean ez baitituzte gainditzen erregelamendu hauetan ezarritako gehieneko mugak: Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira gehieneneko atalase aplikagarri horretara egokitu arte.

25. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako araudi aplikagarrian xedatutakoaren arabera tratatuko dira. Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala