Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2026ko azaroaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
4692

168/2026 DEKRETUA, urriaren 13koa, zeinaren bidez garatzen baita Euskadi Eraldatuz 2030 planaren esparruan euskal enpresa-sektorea eraldatzeko Indartuz finantzaketa-lerroa.

Kontuan izanda zer ezaugarri elkartzen diren gaur egungo enpresen egoeran (nazioarteko desafioak; lehiakortasunari, jasangarritasunari eta etengabe aldatzen ari den merkatu global batera egokitu beharrari lotutako erronkak; eta egiturazko trantsizioak, hala nola energiaren eta ingurumenaren arlokoa, teknologiko-digitala eta demografiko-soziala), plan eta neurri egokiak behar dira aurre hartzeko, egokitzeko eta EAEko enpresa-sarearen lidergoa bultzatzeko.

Desafioaren aurrean, Euskal Finantza Aliantza sortu da, lankidetza publiko-pribatuko esparru bat. Eusko Jaurlaritzak eta Elkargi E.B.S.k hartzen dute parte bertan, EAEko beste finantza-entitate batzuekin batera, eta helburu partekatua da Euskadi Europako berrindustrializazio-prozesuan erreferentzia gisa kokatzen laguntzea, herrialdearen egiturazko erronkekin bat datozen finantza-tresnak diseinatuz eta aktibatuz.

Aliantzaren helburuekiko konpromisoa duenez, Eusko Jaurlaritzak 1.000 milioi euro bideratuko ditu Euskadi Eraldatuz 2030 planean zehaztutako finantza-tresnen bidez. EAEko enpresa-sarearen eraldaketa bizkortzeko inbertsio-plan bat da, hain zuzen ere.

Euskadi Eraldatuz 2030 ekimenaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoak ezinbestekotzat jo du eraldaketarako finantza-laguntzako aparteko finantza-lerro bat egituratzea, Indartuz lerroa, enpresen hazkundea bizkortzen lagunduko duten inbertsio estrategikoak bultzatzeko xedez, birdimentsionatzearen, nazioartekotzearen, digitalizazioaren eta deskarbonizazioaren bidez, horiek baitira EAEko enpresa-sarearen ekoizpen-eredua bultzatzeko ardatzak.

Mailegu-lerro da bat, zeinaren zenbatekoa deialdi bakoitzari dagokion aginduan zehaztuko baita, Elkargi elkar bermatzeko sozietateak (E.B.S.) abala emanda eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak birfidantzatuta. Era berean, hitzarmenak sinatuko dira planaren babesean formalizatzen diren mailegu-eragiketak finantzatzeko interesa duten finantza-entitate guztiekin.

Alde horretatik, eta azken urteotan produkzio-sistemako eragileei etengabe emandako laguntzaren ildoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, Elkargi E.B.S.ren lankidetzarekin, zeina gaur egun segmentu horretan diharduen elkar bermatzeko sozietate bakarra baita, aurreko paragrafoetan deskribatutako eraldaketarako Indartuz finantza-lerroa gauzatu nahi du.

Helburu horrekin, arau honek finantzaketa-lerroan sartzeko baldintzak arautzen ditu, bai eta enpresa eta pertsona onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna eta maileguetarako baldintzak ere. Era berean, jasotzen du zein izango den finantzaketa-eskabideak izapidetzeko prozedura elkar bermatzeko sozietate laguntzailean eta finantza-entitate laguntzaileetan.

Azkenik, aurreikusita dago, halaber, Finantzen Euskal Institutuak mailegu-eragiketak emateko aukera, entitate horrek esleituta dauzkan egitekoak baliatuta.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea finantzaketa-lerro bat eratzea da, I. eranskinean («Onartutako JESN-kodeen zerrenda») identifikatutako sektoreetan lan egiten duten eta modernizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko proiektuak egin nahi dituzten enpresa txiki eta ertainentzat, enpresa handi hautagarrientzat, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat, finantzaketa hori eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz.

Lerro horren bidez, bidea eman nahi da bankuko finantzaketa eskuratzeko, eraldaketa energetiko, jasangarri, digital, teknologiko eta industrialeko edo hazkundeko planei lotutako inbertsio-beharrei erantzuteko, II. eranskinean jasotako lehenespen-irizpideen arabera («Eraldaketa finantzagarrien tipologia»).

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenak xedatzen dituzten finantza-entitate laguntzaileen bidez, finantza-lerroa sortuko du enpresa txiki eta ertainen, enpresa handi hautagarrien, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen alde.

2.– Dekretu honetan ezarritakoaren arabera formalizatzen diren finantzaketa-eragiketa guztiek egon beharko dute elkar bermatzeko sozietate laguntzaileren batek abala emanda.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak birfidantzamendu-sistema bat ezarriko du sozietate horrek abala emandako finantzaketa-eragiketetarako, eta, orobat, gehienez 8,5 milioi euroko kapitala jarriko du sozietate horretan, sozietatearen kaudimen-ratioak hobetzeko formalizatutako maileguen proportzioan. Bi gai horiek elkar bermatzeko sozietatearekin sinatu beharreko hitzarmenean garatuko dira.

2. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunak.

1.– Dekretu honetan jasotako bermeak eta finantzaketa-lerroak honako hauek eskuratu ahal izango dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten edo bertan kokatuta dauden enpresa txiki eta ertainak (ETEek); hau da, baldintza hauek betetzen dituztenak:

1.– Enpresa horien balantze osoaren % 10, gutxienez, funts propioekin osatuta egotea.

2.– Ondoz ondoko 3 urtetan galerarik (emaitza negatiborik) ez izatea.

3.– Jarduera ekonomikoren bat egitea.

4.– 250 langile baino gutxiago izatea.

5.– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.

6.– Zuzenean edo zeharka, kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez egotea aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen enpresa baten edo batzuen eskuetan.

Aurretik adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, arau hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan eta I. eranskinean (EBAO L 187/1, 2014/06/26) edo hura ordezkatu edo aldatzen duten xedapenetan eskatzen diren baldintzak, mikroenpresen, ETE-enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoak (erregelamendu horren arabera, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten banakako enpresaburu eta profesional autonomoak; hau da, baldintza hauek betetzen dituztenak:

1.– Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian alta emanda egotea.

2.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik datozen etekinak lortzea.

c) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa handi hautagarriak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Enpresa horien balantze osoaren % 10, gutxienez, funts propioekin osatuta egotea.

2.– Ondoz ondoko 3 urtetan galerarik (emaitza negatiborik) ez izatea.

3.– Enpresa ETE bat ez izatea.

4.– Langile kopurua ez izatea 499 baino handiagoa.

5.– Urteko negozio-bolumena gehienez 100 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 86 milioi euro izatea.

2.– Enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 39. artikuluko 2. eta 4. apartatuetan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte.

I. eranskinean identifikatutako jarduera ekonomikoko sektoreek («Onartutako JESN-kodeen zerrenda») jaso ahal izango dute finantzaketa.

3.– Lerroari heldu ahal izateko, enpresak baldintza hauek bete beharko ditu abala baimentzen den unean: kaudimengabezia kolektiboko prozeduran ez egotea eta hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak ez betetzea konkurtso-arauen arabera.

Hala ere, finantzaketa-lerroari heldu ahal izango diote konkurtso-prozedura batean egon diren eta hartzekodunekin hitzarmen bat sinatuta duten enpresek, baldin eta hitzarmen horretan jasotako ordainketak eta betebeharrak egunean badituzte.

4.– Halaber, maileguen onuradun diren enpresa zein pertsonek eta finantza-entitate laguntzaileek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta dirulaguntzen enpresa edo pertsona onuraduna izateko edo dirulaguntza-programak kudeatze aldera Administrazioaren entitate laguntzaile izateko legez ezarrita dauden gainerako betekizunak ere.

3. artikulua.– Egoera finantzagarriak.

1.– Eraldaketa energetiko, jasangarri, digital, teknologiko eta industrialeko edo hazkundeko proiektuei zuzenean lotutako inbertsio-premiak estaltzeko mailegu-eragiketak finantzatu ahal izango dira, II. eranskinean («Eraldaketa finantzagarrien tipologia») jasotakoaren arabera.

Beren izaeragatik, kanpoan gelditzen dira lehendik dauden zorrak birfinantzatzeko edo aldez aurretik kitatzeko eragiketak.

2.– Finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkar bermatzeko sozietateak, dekretu honetako III. kapituluan («Prozedura») ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen helburu den finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko ditu, ahal den neurrian pertsona edo enpresa eskatzaileek galdegiten dituztenetara egokituta.

II. KAPITULUA
FINANTZAKETA-ERAGIKETAK

4. artikulua.– Hitzarmenak elkar bermatzeko sozietatearekin eta gainerako finantza-entitate laguntzaileekin.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta finantza-entitate laguntzaileek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte finantzaketa-eragiketak enpresa eta pertsona onuradunen alde formalizatzeko, III. eranskinean erantsitako hitzarmen-ereduen arabera («Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Elkargi E.B.S. sozietatearen arteko hitzarmen-eredua, zeinak Indartuz finantzaketa-lerroa garatzen baitu euskal enpresa-sektorea eraldatzeko Euskadi Eraldatuz 2030 planaren esparruan») elkar bermatzeko sozietate laguntzailearen kasuan, eta IV. eranskinean erantsitako ereduaren arabera («Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta ______ bankuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren eredua, zeinak Indartuz finantzaketa-lerroa garatzen baitu Euskadi Eraldatuz 2030 planaren esparruan») gainerako finantza-entitate laguntzaileen kasuan.

2.– Finantza-entitate laguntzaileen zerrenda dekretu honen 7. artikuluan aipatzen den deialdi-aginduaren bidez emango da argitara.

5. artikulua.– Abal-eragiketen ezaugarriak.

1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak emandako finantza-abalek entitate eta pertsona onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-entitate laguntzaileen aurrean; 1. artikuluan zehaztutako beharrizanak estaltzeko diren mailegu-eragiketetatik eratorritako arriskuak, hain zuzen. Abal horiek maileguen printzipala eta, hala badagokio, ordainketa-interesak bermatuko dituzte; inola ere ez dute komisiorik eta inolako gasturik bermatuko, ezta berandutze-interesik ere, baldin eta mailegu-hartzaileak ordaintzen ez dituen kuotak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak ordaintzen baditu ez ordaintzea gertatu denetik 90 egun igaro baino lehen.

2.– Hauek izango dira abalen kostua eta baldintzak:

a) Formalizazio-komisioa eta azterketa-komisioa: formalizatutako abalaren % 0,5, behin bakarrik, eragiketa formalizatzen den unean.

b) Abal-komisioa: % 0,75 urteko.

Urteko abal-komisioa aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, mailegu abaldun bakoitzak urte bakoitzean egun horretan duen saldoa oinarri hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko iraungiko den urtean, urteko abalaren komisioa urtea amaitu arte edo iraungi arte geratzen den egun naturalen kopuruaren araberako proportzioan kalkulatu eta likidatuko da, gehieneko saldoaren arabera. Eragiketa bakoitza formalizatzen den urteari dagokion abalaren komisioa formalizatu den unean ordaindu beharko dute enpresa eta pertsona onuradunek.

Salbuespenez, finantzaketa-eragiketaren printzipalaren zenbatekoa 100.000 eurora bitartekoa denean, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak, eragiketa formalizatzen den egunean, abalaren bizitza estimatu osoari dagokion abal-komisio metatua kalkulatu eta likidatu ahal izango du. Abaldun maileguaren urteko indarraldia hastean amortizatu gabe dagoen kapitalari dagokionez kalkulatuko da komisio hori, maileguaren amortizazio-taulari jarraituz.

Elkar bermatzeko sozietatearen abal-komisioaren kostua ordaintzeko, % 100eko dirulaguntza emango du EAEko Administrazio orokorrak, eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari entregatuko zaio, hark gestioak egin ditzan harekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezartzen den prozeduraren arabera, laguntza hori jasotzeko legezko baldintzak betetzen dituzten enpresa eta pertsona onuradunei emateko, EAEko Administrazio orokorrak egiaztatu ondoren.

c) Elkar bermatzeko sozietate laguntzailearen partaidetza sozialak harpidetzea eta ordaintzea, eragiketa abaldunaren zenbatekoaren % 4ko balioan. Partaidetza sozial guztiak ordainduko dira eta, hala badagokio, partaidetza sozial bat gorantz biribilduko da; partaidetza horiek itzulgarriak izango dira eragiketa erregulartasunez ezerezten denean.

d) Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko, nobazioen kasuan izan ezik, zenbateko nobatuaren gainean % 0,3ko nobazio-komisioa aplikatuko baita.

6. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen ezaugarriak.

1.– Hauek izango dira finantzaketa-eragiketen ezaugarriak:

a) Baliabidea: mailegu amortizagarria.

b) Gehieneko interes-tasak: Euriborra sei hilabetera, gehi % 0,75eko gehieneko diferentziala. Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuterren EURIBOR= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, hori desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori sei hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.

c) Mailegu-eragiketen gehieneko epea: gehienez hamar urte, eta gehienez bi urteko gabealdia, aukeran.

d) Likidazio-aldizkakotasuna: hiru hilean behin egingo da interes- eta amortizazio-kuoten likidazioa. Interes-tipoa sei hilean behin berrikusiko da.

e) Komisioak: maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz kitatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

2.– Kopuru hauen artekoa izango da maileguen zenbatekoa:

a) 200.000 eurotik 2.000.000 eurora bitartekoa, enpresa txiki eta ertainentzat eta enpresa handi hautagarrientzat.

Goiko muga baxuagoa izan daiteke, kontuan hartuta finantzaketa-eragiketaren epea eta hari lotutako fidantzamendua, estatu-laguntzen araudia aplikatuz.

b) 50.000 eurotik 250.000 eurora bitartekoa, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

3.– Enpresa edo pertsona onuradunak eman zaion maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-entitateak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskuratu dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Dekretu honek araututako finantzaketa-lerroa eskuratzeko, deialdi bakarra edo hainbat egingo dira, zeinak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baitira, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz.

Ogasun eta Finantza Saileko titularraren agindu baten bitartez egingo dira deialdiak, non zehaztuko baitira erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta lekua eta gainerako prozedura-alderdiak. Era berean, finantza-entitate laguntzaileen zerrenda ere zehaztuko da.

2.– Lehenengo deialdiaren zuzkidura 100 milioi euro izango da. Gainerako deialdien zenbatekoa, berriz, unean-unean dagoen finantzaketa-eskariaren arabera finkatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontu-baliabideak kontuan harturik.

3.– Era berean, finantzaketa-lerroaren saldoa formalizatu beharreko gehieneko nominalaren % 90era iristen denean, finantza-politikaren arloan eskumena duen sailak zirkular bat bidaliko die finantza-entitate laguntzaileei, kupo bakoitzeko saldo erabilgarriaren esleipenarekin, esleipen hori egin arte finantza-entitate laguntzaile bakoitzak izandako gauzatze-mailaren arabera kalkulatuta.

8. artikulua.– Prozedura.

1.– Deialdia ondoz ondoko emakida-prozeduraren bidez antolatuko da. Prozedura horretan, finantzaketa emateko, entitate eta pertsona eskatzaileek oinarri arautzaile hauetan ezarritako baldintzak baino ez dituzte bete beharko. Eskabideak ordenan ebatziko dira, espedientea erabat osatzen den unearen arabera.

2.– Deialdi bakoitzera bideratutako funtsak agortuz gero, gorabehera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta finantza-entitate laguntzaileei jakinaraziko zaie, finantza-politikaren arloan eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3.– Deialdi bakoitzera bideratutako funtsak agortu direlako erantzun ezin izan diren eskabideak hurrengo ekitaldiko deialdiaren kargura ebatziko dira, azken deialdian izan ezik, orduan ezetsi egingo baitira.

4.– Gardentasunaren ondorioetarako, emandako finantzaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

9. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek eta enpresa handi hautagarriek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, bertan adierazten den dokumentazioarekin batera, V. eranskineko («Inprimakiak») F1P inprimakian jasotako ereduaren arabera.

b) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko («Inprimakiak») F2P inprimakian jasotako ereduaren arabera; hala badagokio, ikuskapen-bisitan egiaztatuko dira alderdi horiek.

2.– Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, bertan adierazten den dokumentazioarekin batera, V. eranskineko («Inprimakiak») F1A inprimakian jasotako ereduaren arabera.

b) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko F2A inprimakian jasotako ereduaren arabera; hala badagokio, ikuskapen-bisitan egiaztatuko dira alderdi horiek.

3.– Eskatzaileak gorago aipatutako aitorpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa, bai penala.

4.– Nolanahi ere, finantza-politikaren arloan eskumena duen sailak eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari, baldin eta uste badute beharrezkoa dela aurkeztutako eskabidea ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako dokumentazioa elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari bidaliko zaizkio, bitarteko elektronikoen bidez, deialdian ezartzen den helbidera, eta erregistro elektronikoan agertzen den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

Eskabidea eta hari lotutako gainerako dokumentazioa aurkeztean, pertsona edo entitate eskatzaileek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, bai eta horri buruzko prozedura eta izapideetan ere, indarrean dagoen hizkuntza-araudiaren arabera.

2.– Pertsona interesdunek atari honetan eskuratu ahal izango dute nobazio-eskabideak aurkeztearekin zerikusia duen informazio guztia: www.euskadi.eus

11. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta abala baimentzeko agiria formalizatzea.

1.– Finantzaketa-lerroan laguntzen ari den elkar bermatzeko sozietatearen ardura izango da aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik. Ebaluazioa finantzaketa-laguntzen eskabideak aurkeztu diren sarrera-hurrenkeraren arabera egingo da.

2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 9. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak errekerimendua egingo dio enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkeztu ditzan 10 egun balioduneko epean; era berean, ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa betetzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

3.– Finantzaketa-lerroan laguntzen ari den elkar bermatzeko sozietateak finantza-politikaren arloan eskumena duen sailari jakinaraziko dio zer eskaera ez diren onartu, abala eman edo ukatu baino lehen, eta eskaera horiek ez onartzeko arrazoiak zein diren adieraziko dio. Hori ez da eragozpen izango finantza-politikaren arloan eskumena duen sailak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari eska diezaion egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria.

4.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abalak emateko jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

Nolanahi ere, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak, abal-eragiketak ematean bere jardunbideak aplika ditzakeen arren, konpromisoa hartzen du abala eskatu duten pertsona edo enpresei objektibotasunaren, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatzeko.

Finantza-politikaren arloan eskumena duen sailburuordetzak finantza-lerroaren aldizkako jarraipena egingo du, bai eta programa horretatik lortutako emaitzen ebaluazioa ere, hartutako neurriek lortu beharreko helburua bete duten egiaztatzeko.

5.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak, eskabidea aztertu ostean, abala baimentzeko proposamena egingo du, VI. eranskinean («Abala baimentzeko agiria») jasotako ereduaren arabera.

6.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari jakinaraziko dio baimendutako abal-eragiketen zerrenda, aldi bakoitzean emandako abala baimentzeko dokumentuak multzokatuta. Ondoren, finantza-politikaren arloan eskumena duen sailburuordetzak aldeko administrazio-ebazpena emango du, zer eragiketa baliozkotu diren zehaztuta.

Era berean, ukatutako abal-eragiketei dagokienez, sailburuordetzak ebazpen bat emango du ukatzea arrazoitzeko. Ebazpenak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari jakinaraziko zaizkio, eta hark, halaber, enpresa edo pertsona eskatzaileei jakinaraziko dizkie, dagozkion ondorioetarako.

7.– Finantza-politikaren arloan eskumena duen sailburuordetzako titularrak 3 hilabeteko epean ebatziko du eskabidea, aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bidez, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Finantza Saileko titularrari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Ebazteko gehieneko epea igarota, ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, pertsona edo entitate interesdunak ezetsitzat jo ahal izango du bere uzia, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

8.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak formalizatutako zein ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkio finantza-politikaren arloan eskumena duen sailari, hark eskatzen dion aldizkakotasunarekin, eta hark ezarritako betekizunak betez eta hark eskatzen dizkion ereduak erabiliz.

9.– Dekretu honen arabera beste organo batzuei emandako eskudantziak ezertan eragotzi gabe, finantza-politikaren arloan eskumena duen saila arduratuko da finantzaketa-lerroaren administrazio-kudeaketaz.

12. artikulua.– Mailegu-eragiketak formalizatzea.

1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak abala baimentzeko agiria mailegu-eragiketa abaldunerako eman ondoren, eta aurreko artikuluan aurreikusitako sailburuordetzaren baimena lortu ondoren, enpresa edo pertsona eskatzaileak hautatutako finantza-entitate laguntzaileari bidaliko zaio. Entitateak, eragiketa bere autonomiaren esparruan dituen barne-prozeduren arabera aztertu ondoren, eragiketa hori formalizatuko du enpresa edo pertsona eskatzailearekin, agirian bertan jasotako baldintzetan.

Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileak enpresa edo pertsona eskatzaileari jakinarazi beharko dio abala onartu den ala ez. Hala ere, eta finantzaketa-lerroaren kudeaketa errazteko, elkar bermatzeko sozietateak finantza-entitateei egiten dien aurretiazko jakinarazpena egin ahal izango da elkar bermatzeko sozietateak dagokion aldian baimendutako abal-baimenak finantza-entitate bakoitzerako taldekatuz, betiere VI. eranskinean jasotako oinarrizko datuak adierazita.

2.– Finantza-entitateek formalizatutako mailegu-eragiketak jakinaraziko dizkiote finantza-politikaren arloan eskumena duen sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasunarekin, bertan ezarritako betekizunak betez eta bertan eskatzen diren ereduak erabiliz.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari utzitako birfidantzamendua bertan behera geratuko da, «Baimendutako abal-eragiketen zerrenda» ematen den egunetik gehienez hiru hileko epean formalizatzen ez diren eragiketei dagokienez. Bertan behera geldituko dira, halaber, 5. artikuluan aipatzen den eragiketa horietako bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntza ere.

13. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunen erreklamazioak.

Finantza-politikaren arloan eskumena duen sailak jasoko ditu finantza-lerro honetako entitate eta pertsona eskatzaileek elkar bermatzeko sozietate laguntzailearen edo finantza-entitate laguntzailearen jokabidea dela-eta egindako erreklamazioak, eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari edo kasuan kasuko finantza-entitate laguntzaileari entzun ostean bideratuko dira. Aurkeztutako erreklamazioa finantza-politikaren arloan eskumena duen sailburuordetzaren ebazpen baten bidez ebatziko da.

14. artikulua.– Egiaztatzea eta ikuskatzea.

1.– Finantza-lerro honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta entitate laguntzaileek onartu egin beharko dituzte finantza-politikaren arloan eskumena duen sailak mailegu-eragiketa formalizatu eta gero egiten dituen egiaztapen-, ikerketa- eta ikuskaritza-jarduketak.

2.– Administrazio-jarduketa horien ondorioz egiaztatzen bada okerra edo faltsua dela enpresa edo pertsona onuradunak eskabidean aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenen edukia eta, beraz, a posteriori frogatzen bada ez dituela betetzen onuradun izateko baldintzak, finantza-politikaren arloan eskumena duen sailak administrazio-ebazpena emango du, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko entzunaldi-izapidea egin ondoren; halaber, deklaratuko du, hala badagokio, ez direla efikazak ez adierazpena bera, eta ez abala baimentzeko agiria ematearen aldeko ebazpena –11.5 artikuluan aipatua–, eta horren berri emango die alderdi interesdun guztiei; hau da, onuradunari, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileari eta finantza-entitate laguntzaileari.

3.– Ez-betetze horrek edo beste edozein ez-betetzek berekin ekarriko du enpresa edo pertsona onuradunak maileguaren zenbatekoa aldez aurretik itzuli beharra, bai eta, hala badagokio, EAEko Administrazio orokorrari administrazio horren konturako dirulaguntza gordin baliokide inplizitua itzuli beharra ere, legezko interesak barne. Betebehar hori bete ezean, finantza-entitatea gaituta egongo da elkar bermatzeko sozietate laguntzailearen abala exekutatzeko.

4.– Baldin Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, bere gain hartutako birfidantzamendu-betebeharren ondorioz, egindako pagamenduen ordaina jaso behar badu entitate onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, ogasun-arloan eskumena duen saileko titularrak, prozedura egokia bideratu eta entitate onuradunari entzun ondoren, enpresa edo pertsona onuradunaren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.

15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Hala dagokionean, eragiketek Estatuko de minimis laguntzak erregulatzeko arauek ezarritakoa beteko dute; arau hauetan bildutakoa, hain zuzen ere: Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2023/28313 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013/12/24); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorean de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013/12/24), eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza-sektorean de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014/06/28).

Finantzaketa hau bateragarria izango da beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo entitate publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada handiagoa de minimis erregelamenduan, kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino.

2.– Arau honen bidez onuradun izango diren pertsona edo enpresek beste dirulaguntza, laguntza edo finantzaketaren bat jasotzen badute helburu bererako, beti eman beharko diote horren berri elkar bermatzeko sozietateari; orobat, gaur egunera arte jasotako de minimis laguntzak ere adierazi behar dituzte, bai ekitaldi fiskal honetakoak, bai aurreko bietakoak.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Finantzen Euskal Institutua.

Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dituen eginkizunak baliatuz, 1. artikuluan zehaztutako finantzaketa-beharrak estaltzeko mailegu-eragiketak onartu ahal izango ditu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gaitzea.

Finantza-politikaren arloan eskumena duen saileko titularrari baimena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren bezainbeste xedapen emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko urriaren 13an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

I. ERANSKINA
ONARTUTAKO JESN-KODEEN ZERRENDA
JESN-KODEEN ZERRENDA (JESN-2025)

JESN 0111 – Zerealen laborantza, arroza, lekadunak eta oliodunak ez direnak.

JESN 0112 – Arrozaren laborantza.

JESN 0113 – Barazkien, sustraien eta tuberkuluen laborantza.

JESN 0114 – Azukre-kanaberaren laborantza.

JESN 0115 – Tabakoaren laborantza.

JESN 0116 – Ehun-zuntzetarako landareen laborantza.

JESN 0119 – Iraunkorrak ez diren beste laborantza batzuk.

JESN 0121 – Mahatsondoen laborantza.

JESN 0122 – Fruitu tropikalen eta subtropikalen laborantza.

JESN 0123 – Zitrikoen laborantza.

JESN 0124 – Hezurra eta pipitak dituzten fruituen laborantza.

JESN 0125 – Beste fruta-arbola eta zuhaixka eta fruitu lehorren laborantza.

JESN 0126 – Olio-fruituen laborantza.

JESN 0127 – Edarietarako landareen laborantza.

JESN 0128 – Espezien, belar usaintsuen, sendabelarren eta botiketarakoen laborantza.

JESN 0129 – Beste laborantza iraunkor batzuk.

JESN 0130 – Landareen hedapena.

JESN 0141 – Behi-azienden ustiaketa esnea ekoizteko.

JESN 0142 – Beste behi-azienda batzuen eta bufaloen ustiaketa.

JESN 0143 – Zaldien eta haien modukoen ustiaketa.

JESN 0144 – Gameluen eta haien modukoen ustiaketa.

JESN 0145 – Ardi- eta ahuntz-azienden ustiaketa.

JESN 0146 – Txerri-azienden ustiaketa.

JESN 0147 – Hegazti-hazkuntza.

JESN 0148 – Beste azienda batzuen ustiaketa.

JESN 0150 – Nekazaritza-ustiaketa abelazkuntzako ustiaketarekin konbinatuta.

JESN 0161 – Nekazaritzari laguntzeko jarduerak.

JESN 0162 – Abeltzaintzari laguntzeko jarduerak.

JESN 0163 – Uztaren ondoren prestatzeko eta ugalketarako haziak tratatzeko jarduerak.

JESN 0170 – Ehiza, animaliak harrapatzea eta horiekin lotutako zerbitzuak.

JESN 0210 – Basogintza eta basoko beste jarduera batzuk.

JESN 0220 – Egurraren ustiaketa.

JESN 0230 – Basoko produktuen bilketa, egurra salbu.

JESN 0240 – Basogintzari laguntzeko zerbitzuak.

JESN 0311 – Itsasoko arrantza.

JESN 0312 – Ur gezako arrantza.

JESN 0321 – Itsasoko akuikultura.

JESN 0322 – Ur gezako akuikultura.

JESN 0330 – Arrantzari eta akuikulturari laguntzeko jarduerak.

JESN 1011 – Haragiaren prozesaketa eta kontserbazioa, hegaztiarena izan ezik.

JESN 1012 – Hegazti-ehizaren tratamendua eta mantentzea.

JESN 1013 – Haragi- eta hegazti-produktuak egitea.

JESN 1021 – Arrainak, krustazeoak eta moluskuak tratatzea.

JESN 1022 – Arrain-kontserbak egitea.

JESN 1031 – Pataten tratamendua eta mantentzea.

JESN 1032 – Fruta- eta barazki-zukuak egitea.

JESN 1039 – Fruta eta barazkiak tratatzeko eta mantentzeko beste modu batzuk.

JESN 1042 – Margarina eta jan daitezkeen antzeko beste gantz batzuen fabrikazioa.

JESN 1043 – Oliba-olioaren fabrikazioa.

JESN 1044 – Beste olio eta gantz batzuen fabrikazioa.

JESN 1052 – Izozkien eta bestelako izotz jangarrien fabrikazioa.

JESN 1053 – Gazten fabrikazioa.

JESN 1054 – Esnea eta beste esneki batzuk prestatze.

JESN 1061 – Errotako produktuen fabrikazioa.

JESN 1062 – Almidoien eta almidoi-antzeko produktuen fabrikazioa.

JESN 1071 – Ogia eta okindegi eta gozotegiko produktu freskoen fabrikazioa.

JESN 1072 – Gaileten eta okindegiko eta gozotegiko iraupen luzeko produktuen fabrikazioa.

JESN 1073 – Elikadura-pasten elaborazioa.

JESN 1081 – Azukrearen fabrikazioa.

JESN 1082 – Kakaoa, txokolatea eta gozotegiko produktuen fabrikazioa.

JESN 1083 – Kafea, tea eta infusioak egitea.

JESN 1084 – Espeziak, saltsak eta gozagarriak egitea.

JESN 1085 – Prestatutako plater eta jakiak egitea.

JESN 1086 – Elikagai prestatu homogeneizatuak eta elikagai dietetikoak egitea.

JESN 1089 – Beste inon sailkatu gabeko beste elikagai batzuk egitea.

JESN 1091 – Abeltegiko animaliak elikatzeko produktuen fabrikazioa.

JESN 1092 – Lagun egiteko animaliak elikatzeko produktuen fabrikazioa.

JESN 1101 – Edari alkoholdunen destilazioa, errektifikazioa eta nahasketa.

JESN 1102 – Ardoak egitea.

JESN 1103 – Sagardoa eta frutatik eratorritako beste edari hartzitu batzuk egitea.

JESN 1104 – Destilatu gabeko eta hartziduratik eratorritako beste edari batzuk egitea.

JESN 1105 – Garagardoaren fabrikazioa.

JESN 1106 – Maltaren fabrikazioa.

JESN 1107 – Alkoholik gabeko edarien eta botilatutako uren fabrikazioa.

JESN 1310 – Ehun-zuntzen prestakuntza eta irutea.

JESN 1320 – Ehunen fabrikazioa.

JESN 1330 – Ehunen akabera.

JESN 1391 – Puntu-ehunen fabrikazioa.

JESN 1392 – Etxerako ehunen eta egindako dekorazio-gaien fabrikazioa.

JESN 1393 – Alfonbra eta moketen fabrikazioa.

JESN 1394 – Soken, lokarrien, listarien eta sareen fabrikazioa.

JESN 1395 – Ehundu gabeko oihalen eta horiekin egindako artikuluen fabrikazioa.

JESN 1396 – Erabilera tekniko eta industrialeko beste ehun-produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 1399 – Beste inon sailkatu gabeko produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 1410 – Puntuko janzkiak egitea.

JESN 1421 – Kanpoko janzkiak egitea.

JESN 1422 – Barneko arropa egitea.

JESN 1423 – Laneko arropa egitea.

JESN 1424 – Larruzko eta larrugintzako jantziak egitea.

JESN 1429 – Beste inon sailkatu gabeko bestelako jantziak eta osagarriak egitea.

JESN 1511 – Larruak prestatzea, zurratzea eta tindatzea.

JESN 1512 – Larrukigintzako, bidaietako eta edozein materialetako uhalgintzako eta gerrikogintzako artikuluen fabrikazioa.

JESN 1520 – Oinetakoen fabrikazioa.

JESN 1611 – Egurraren zerratzea eta arrabotaketa.

JESN 1612 – Zuraren eraldaketa eta akabera.

JESN 1621 – Txapen eta egurrezko oholen fabrikazioa.

JESN 1622 – Muntatutako egurrezko lurzoruen fabrikazioa.

JESN 1623 – Eraikuntzarako zurezko beste egitura batzuen eta arotzeriako eta ebanisteriako piezen fabrikazioa, eraikuntza industrializaturako direnak izan ezik.

JESN 1624 – Egurrezko ontzien eta bilgarrien fabrikazioa.

JESN 1625 – Zurezko ate eta leihoen fabrikazioa.

JESN 1626 – Erregai solidoen fabrikazioa landare-biomasaren bidez.

JESN 1627 – Zurezko produktuen akabera.

JESN 1628 – Egurrezko eta artelazkiko beste produktu batzuen fabrikazioa, saskigintza eta espartzugintza.

JESN 1629 – Eraikuntza industrializaturako zurezko beste egitura batzuen eta arotzeriako eta ebanisteriako piezen fabrikazioa.

JESN 1711 – Paper-pastaren fabrikazioa.

JESN 1712 – Paperaren eta kartoiaren fabrikazioa.

JESN 1721 – Paper eta kartoi uhinduaren eta paperezko eta kartoizko ontzi eta enbalajeen fabrikazioa.

JESN 1722 – Paperezko eta kartoizko artikuluen fabrikazioa etxean erabiltzeko, erabilera sanitariorako eta higienikorako.

JESN 1723 – Papergintzako artikuluen fabrikazioa.

JESN 1724 – Margotutako paperen fabrikazioa.

JESN 1725 – Paper eta kartoizko beste artikulu batzuen fabrikazioa.

JESN 1910 – Kokea lortzeko fabrikak.

JESN 1920 – Petrolioa eta erregai fosilak fintzea.

JESN 2011 – Industriako gasen fabrikazioa.

JESN 2012 – Koloratzaile eta pigmentuen fabrikazioa.

JESN 2013 – Kimika ez organikoaren oinarrizko beste produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 2014 – Kimika organikoaren oinarrizko beste produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 2015 – Ongarrien eta konposatu nitrogenatuen fabrikazioa.

JESN 2016 – Plastikoen fabrikazioa funtsezko moduetan.

JESN 2017 – Kautxu sintetikoaren fabrikazioa funtsezko moduetan.

JESN 2020 – Pestiziden, desinfektatzaileen eta bestelako produktu agrokimikoen fabrikazioa.

JESN 2030 – Pinturen, bernizen eta antzeko estalduren, inprentako tinten eta masillen fabrikazioa.

JESN 2041 – Xaboien, detergenteen eta garbiketarako eta distirarazteko beste artikulu batzuen fabrikazioa.

JESN 2042 – Lurringintzako eta kosmetikako produktuen fabrikazioa.

JESN 2051 – Bioerregai likidoen fabrikazioa.

JESN 2059 – Beste inon sailkatu gabeko beste produktu kimiko batzuen fabrikazioa.

JESN 2060 – Zuntz artifizial eta sintetikoen fabrikazioa.

JESN 2110 – Oinarrizko botiken fabrikazioa.

JESN 2120 – Farmaziako espezialitateen fabrikazioa.

JESN 2211 – Kautxuzko pneumatikoak fabrikatzea, birkautxuztatzea eta berreraikitzea eta ganberak fabrikatzea.

JESN 2212 – Kautxuzko beste produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 2221 – Plastikozko plaken, xaflen, tutuen eta profilen fabrikazioa.

JESN 2222 – Plastikozko ontzien eta bilgarrien fabrikazioa.

JESN 2223 – Plastikozko ateak eta leihoak egitea.

JESN 2224 – Eraikuntzarako plastikozko produktuen fabrikazioa.

JESN 2225 – Plastikozko produktuen eraldaketa eta akabera.

JESN 2226 – Plastikozko beste produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 2311 – Beira zapalaren fabrikazioa.

JESN 2312 – Beira zapalaren manipulazioa eta eraldaketa.

JESN 2313 – Beira hutsaren fabrikazioa.

JESN 2314 – Beira-zuntzaren fabrikazioa.

JESN 2315 – Beste beira batzuen fabrikazioa eta manipulazioa, beira teknikoa barne.

JESN 2320 – Zeramika-produktu erregogorren fabrikazioa.

JESN 2331 – Zeramikazko azuleju eta baldosen fabrikazioa.

JESN 2332 – Adreilu, teila eta eraikuntzarako lur egosizko produktuen fabrikazioa.

JESN 2341 – Etxean erabiltzeko eta apaingarri izateko zeramikazko artikuluen fabrikazioa.

JESN 2342 – Zeramikazko komun-tresnen fabrikazioa.

JESN 2343 – Zeramikazko isolatzaileak eta isolatzeko piezen fabrikazioa.

JESN 2344 – Erabilera teknikoko zeramikazko beste produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 2345 – Zeramikazko beste produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 2351 – Zementuaren fabrikazioa.

JESN 2352 – Karearen eta igeltsuaren fabrikazioa.

JESN 2362 – Eraikuntzarako igeltsuzko elementuen fabrikazioa.

JESN 2363 – Hormigoi freskoaren fabrikazioa.

JESN 2364 – Morteroaren fabrikazioa.

JESN 2365 – Fibrozementuaren fabrikazioa.

JESN 2366 – Hormigoizko, igeltsuzko eta zementuzko beste produktu batzuen fabrikazioa.

JESN 2367 – Hormigoizko elementuen fabrikazioa industrializatu gabeko eraikuntzarako.

JESN 2368 – Eraikuntza industrializaturako hormigoizko elementuen fabrikazioa.

JESN 2370 – Harria moztu, landu eta hari akabera ematea.

JESN 2391 – Produktu urragarrien fabrikazioa.

JESN 2399 – Beste inon sailkatu gabeko metalikoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioa.

JESN 2410 – Burdinazko, altzairuzko eta burdin aleaziozko oinarrizko produktuen fabrikazioa.

JESN 2420 – Altzairuzko hodien, tutuen, profil hutsen eta haien osagarrien fabrikazioa.

JESN 2431 – Hotzeko tenkaketa.

JESN 2432 – Hotzeko ijezketa.

JESN 2433 – Tolestearekiko konformazioaren bidezko hotzeko profilen ekoizpena.

JESN 2434 – Hotzeko trefilaketa.

JESN 2441 – Metal preziatuen ekoizpena.

JESN 2442 – Aluminioaren ekoizpena.

JESN 2443 – Berunaren, zinkaren eta eztainuaren ekoizpena.

JESN 2444 – Kobrearen ekoizpena.

JESN 2445 – Burdinazkoak ez diren beste metal batzuen ekoizpena.

JESN 2446 – Erregai nuklearren tratamendua.

JESN 2451 – Burdinaren galdaketa.

JESN 2452 – Altzairuaren galdaketa.

JESN 2453 – Metal arinen galdaketa.

JESN 2454 – Burdinazkoak ez diren beste metal batzuen galdaketa.

JESN 2512 – Metalezko ateak eta leihoak egitea.

JESN 2513 – Metalezko egituren eta horien osagaien fabrikazioa, eraikuntza industrializaturako direnak izan ezik.

JESN 2514 – Eraikuntza industrializaturako egitura metalikoen eta horien osagaien fabrikazioa.

JESN 2521 – Berokuntza zentralerako erradiadoreen, lurrun-sorgailuen eta galdaren fabrikazioa.

JESN 2522 – Beste zisterna, depositu handi eta metalezko edukiontzi batzuen fabrikazioa.

JESN 2530 – Arma eta munizioaren fabrikazioa.

JESN 2540 – Metalen forjaketa eta modelaketa eta hautsen metalurgia.

JESN 2551 – Metalen estaldura.

JESN 2552 – Metalen tratamendu termikoa.

JESN 2553 – Metalen mekanizazioa.

JESN 2561 – Aiztogintzako eta mahai-tresneriako artikuluen fabrikazioa.

JESN 2562 – Sarrailen eta burdineriaren fabrikazioa.

JESN 2563 – Tresnen fabrikazioa.

JESN 2591 – Bidoien eta burdin edo altzairuzko upelen fabrikazioa.

JESN 2592 – Metalezko ontzi eta bilgarri arinen fabrikazioa.

JESN 2593 – Alanbre, kate eta malguki produktuen fabrikazioa.

JESN 2594 – Berno eta torloju produktuen fabrikazioa.

JESN 2599 – Beste inon sailkatu gabeko beste produktu metaliko batzuen fabrikazioa.

JESN 2611 – Elektronikako osagaien fabrikazioa.

JESN 2612 – Zirkuitu inprimatu bateratuen fabrikazioa.

JESN 2620 – Ordenagailuen eta ekipo periferikoen fabrikazioa.

JESN 2630 – Telekomunikazio ekipoen fabrikazioa.

JESN 2640 – Kontsumoko produktu elektronikoen fabrikazioa.

JESN 2651 – Neurketak egiteko, ziurtapenak egiteko eta nabigatzeko baliabide eta tresnen fabrikazioa.

JESN 2652 – Ordularien fabrikazioa.

JESN 2660 – Erradiazio-ekipoen, ekipo elektromedikoen eta elektroterapeutikoen fabrikazioa.

JESN 2670 – Tresna optikoen, euskarri magnetiko eta optikoen eta argazkigintza-ekipoen fabrikazioa.

JESN 2711 – Elektrizitate motorren, sorgailuen eta transformadoreen fabrikazioa.

JESN 2712 – Banaketa-tresnen eta elektrizitate-kontrolen fabrikazioa.

JESN 2720 – Pilen eta metagailu elektrikoen fabrikazioa.

JESN 2731 – Zuntz optikoko kableen fabrikazioa.

JESN 2732 – Beste hari eta kable elektroniko eta elektrikoen fabrikazioa.

JESN 2733 – Kable-sare gailuen fabrikazioa.

JESN 2740 – Argiztapen-ekipoen fabrikazioa.

JESN 2751 – Etxetresna elektrikoen fabrikazioa.

JESN 2752 – Etxetresna ez elektrikoen fabrikazioa.

JESN 2790 – Beste material eta ekipo elektriko batzuen fabrikazioa.

JESN 2811 – Motor eta turbinen fabrikazioa, aireontzi, automobil eta ziklomotorretarakoak salbu.

JESN 2812 – Transmisio hidrauliko eta pneumatikoko ekipoen fabrikazioa.

JESN 2813 – Beste lehergailu eta konpresore batzuen fabrikazioa.

JESN 2814 – Beste txorrota eta balbula batzuen fabrikazioa.

JESN 2815 – Kojineteen, engranajeen eta transmisioko organo mekanikoen fabrikazioa.

JESN 2821 – Labeen, erregailuen eta etxeko berokuntza iraunkorreko ekipoen fabrikazioa.

JESN 2822 – Jasotze- eta manipulazio-makineriaren fabrikazioa.

JESN 2823 – Bulegoko makinen eta ekipoen fabrikazioa, informatika ekipoak salbu.

JESN 2824 – Eskuzko tresna elektrikoen fabrikazioa.

JESN 2825 – Etxekoak ez diren aire girotuko ekipoen fabrikazioa.

JESN 2829 – Beste inon sailkatu gabeko erabilera orokorreko beste makina batzuen fabrikazioa.

JESN 2830 – Nekazaritzarako eta basogintzarako makineriaren fabrikazioa.

JESN 2841 – Metalak konformatzeko makinen eta metala lantzeko beste makina-erreminta batzuen fabrikazioa.

JESN 2842 – Beste makina-erreminta batzuen fabrikazioa.

JESN 2891 – Metalurgiako industriarako makineriaren fabrikazioa.

JESN 2892 – Erauzteko eta eraikuntzako industrietarako makineriaren fabrikazioa.

JESN 2893 – Elikagaien, edarien eta tabakoaren industriarako makineriaren fabrikazioa.

JESN 2894 – Ehungintzako, jantzigintzako eta larrugintzako industrietarako makineriaren fabrikazioa.

JESN 2895 – Paperaren eta kartoiaren industriarako makineriaren fabrikazioa.

JESN 2896 – Plastikoaren eta kautxuaren industrietarako makineriaren fabrikazioa.

JESN 2897 – Fabrikazio gehigarriko makineriaren fabrikazioa.

JESN 2899 – Beste inon sailkatu gabeko erabilera zehatzetarako beste makina batzuen fabrikazioa.

JESN 2910 – Ibilgailu motordunen fabrikazioa.

JESN 2920 – Karrozeriaren fabrikazioa ibilgailu motordunentzat; atoien eta erdiatoien fabrikazioa.

JESN 2931 – Ekipo elektriko eta elektronikoen fabrikazioa ibilgailu motordunentzat.

JESN 2932 – Ibilgailu motordunentzako beste osagai, pieza eta gehigarri batzuen fabrikazioa.

JESN 3011 – Ontzi zibilen eta egitura flotatzaileen eraikuntza.

JESN 3012 – Aisialdiko eta kiroletarako ontzien eraikuntza.

JESN 3013 – Ontzi militarren eraikuntza.

JESN 3020 – Tren-makinen eta materialen fabrikazioa.

JESN 3031 – Eraikuntza aeronautiko eta espazial zibila eta horren makineria.

JESN 3032 – Eraikuntza aeronautiko eta espazial militarra eta horren makineria.

JESN 3040 – Borrokarako ibilgailu militarren fabrikazioa.

JESN 3091 – Motozikleten fabrikazioa.

JESN 3092 – Bizikleten eta pertsona ezgaituentzako ibilgailuen fabrikazioa.

JESN 3099 – Beste inon sailkatu gabeko beste material batzuen fabrikazioa.

JESN 3100 – Altzarien fabrikazioa.

JESN 3299 – Beste inon sailkatu gabeko beste manufaktura-industria batzuk.

JESN 3311 – Produktu metalikoen konponketa eta mantentzea.

JESN 3312 – Makineriaren konponketa eta mantentzea.

JESN 3313 – Ekipo elektronikoak eta optikoak konpontzea eta mantentzea.

JESN 3314 – Ekipo elektrikoak konpontzea eta mantentzea.

JESN 3315 – Ontzi eta itsasontzi zibilen konponketa eta zainketa.

JESN 3316 – Konponketa eta mantentze aeronautiko eta espazial zibila.

JESN 3317 – Garraio zibileko bestelako materiala konpontzea eta mantentzea.

JESN 3318 – Borroka-ibilgailuak, itsasontziak, ontziak, aireko ibilgailuak eta ibilgailu espazial militarrak konpontzea eta mantentzea.

JESN 3319 – Beste ekipo batzuen konponketa eta mantentze-lanak.

JESN 3320 – Makinen eta industriako ekipoen instalazioa.

JESN 3511 – Berriztagarriak ez diren iturrietatik sortutako energia elektrikoa.

JESN 3512 – Berriztagarriak diren iturrietatik sortutako energia elektrikoa.

JESN 3513 – Energia elektrikoaren garraioa.

JESN 3514 – Energia elektrikoaren banaketa.

JESN 3515 – Energia elektrikoaren salerosketa.

JESN 3516 – Energia elektrikoa biltegiratzea.

JESN 3521 – Gas-ekoizpena.

JESN 3522 – Gas-erregaien banaketa hodi-sare bidez.

JESN 3523 – Hodi-sare bidezko gasaren salerosketa.

JESN 3530 – Lurrin eta aire girotuaren hornidura.

JESN 3540 – Energia elektrikoaren eta gas naturalaren bitartekotza-jarduerak.

JESN 9130 – Kontserbazioa, zaharberritzea eta kultura-ondarea babesteko beste jarduera batzuk.

II. ERANSKINA
ERALDAKETA FINANTZAGARRIEN TIPOLOGIA

Eraldaketa.

Ekoizpen-jarduera birkonfiguratzea, eskala, efizientzia edo dibertsifikazioa irabazteko, balio-katean duen posizioa hobetzeko edo merkatu berrietan sartzeko. Hor sartzen dira:

a) Ekoizpen- eta antolaketa-prozesuak aldatzea, ekoizpen- eta eragiketa-ahalmena handitzea ekoizpen-bolumena handitzeko ekintzen bidez, prozesuak automatizatzea edo instalazioak hobetzea.

b) Produkzio-lerro berriak ezartzea edo industria birlokalizatzea.

c) Nazioartekotzea, enpresak kanpoko merkatuetan duen presentzia ireki eta finkatzeko prozesu baten bidez.

d) Berrinbertsioa, ezagutzan edo teknologian intentsiboagoak diren industrietarantz aurrera egiteko.

Eraldaketa energetiko-ekologikoa.

Aldaketak egitea enpresa-jardueraren ingurumen-inpaktua murrizteko, baliabideen erabileraren efizientzia hobetzeko, deskarbonizazioan aurrera egiteko eta ekonomia zirkularraren printzipioekin lerrokatzeko. Hor sartzen dira:

a) Energia-efizientzian eta energia berriztagarrietan egindako inbertsioak (energia berriztagarriak sortzea, energia geldikorra biltegiratzea, smart grids delakoak, hidrogenoaren ekonomia, sorkuntza banatua, etab.).

b) Prozesu kutsatzaileak edo karbono-prozesu intentsiboak ordeztea (azpiegitura, garraioa eta biltegiratzearen banaketa hobetzea).

c) Lehengaien eta hondakinen kudeaketa jasangarria.

d) Ekonomia zirkularra sustatzea, berrerabilpenean, birziklapenean eta berrikuntzan oinarritutako proiektuekin, produktuen bizitza luzatzeko eta balioa modu jasangarrian sortzeko.

Eraldaketa teknologiko-digitala.

Prozesuak, produktuak edo zerbitzuak digitalizatzea, automatizatzea, optimizatzea edo berrasmatzea ahalbidetzen duten teknologia aurreratuak txertatzea. Hor sartzen dira:

a) Gaitzen duten teknologiak erabiltzea (AA, IoT, blockchain, konputazio kuantikoa, robotika, mikroelektronika, erdieroaleak, etab.).

b) Kudeaketa-, ekoizpen- eta merkaturatze-sistema digitalak integratzea (industria-digitalizazioa, automatizazioa, datu-zentroak, etab.).

c) Soluzio teknologiko propioak garatzea edo plataforma berriak egokitzea.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala