
212. zk., 2026ko azaroaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (138 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4678
EBAZPENA, 2026ko urriaren 19koa, Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Hezkuntzako sailburuaren agindu-proiektu bat, hezkuntza-sistema inklusibo baten esparruan ikasle guztientzako neurri eta laguntza unibertsalak arautzen dituena haien aniztasunari erantzuteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legeak inklusioa eta ekitatea konfiguratzen ditu Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipio gidari gisa, eta ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatzera bideratzen du hezkuntza-ekintza, aukera-berdintasunean. Era berean, aniztasuna hezkuntza-komunitatearen berezko ezaugarritzat aitortzen du, eta ongizatea, bizikidetza positiboa eta hezkidetzakoa, parte-hartzea eta ikasleen garapen integrala hezkuntza inklusiboaren funtsezko elementutzat hartzen ditu.
Arau-esparru hori garatzeko, ekainaren 18ko 78/2024 Dekretuak, hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzutekoak, hezkuntza inklusiboa eta kalitatezkoa bermatzeko neurriak eta laguntzak arautzen ditu, ikasleak hezkuntza-sisteman ekitatez eskolatu, bertan jarraitu, parte hartu eta igaro daitezen. Era berean, ikaskuntza, gaitasunen garapena, bizikidetza positiboa eta ongizate pertsonala erraztuko duten hezkuntza-testuinguruak sortzea sustatzen du.
Dekretu horrek aniztasunarekiko hezkuntza-erantzuna antolatzen du, neurri eta laguntza unibertsal, osagarri eta intentsiboen bidez. Neurri unibertsalak hezkuntza-ekintzaren oinarri arrunta, prebentiboa eta proaktiboa dira, eta ikastetxe guztietako irakaskuntzan, antolamenduan, plangintzan eta praktikan txertatu behar dira, ikasle guztiek ekitate-baldintzetan sartzeko, parte hartzeko, ikasteko eta aurrera egiteko aukera izan dezaten.
Neurri unibertsalak ikasle guztientzat dira, aldez aurretik banaka identifikatu beharrik gabe, eta haien helburua da hezkuntza-testuinguruetan dauden oztopoei aurrea hartzea edo haiek ezabatzea edo murriztea, babes-faktoreak indartzea eta hezkuntza-erantzun malgua, irisgarria eta aniztasunera egokitua bermatzea. Neurriok aplikatu arren oraindik hor baldin badaude ikaslearen sarbidean, parte-hartzean, ikaskuntzan, ongizatean edo garapen pertsonalean eragina duten oztopoak, neurri eta laguntza osagarriak edo intentsiboak hartzea aztertu beharko da, araudi espezifikoan aurreikusitakoaren arabera.
Testuinguru horretan izapidetzen ari da orain jendaurrean jartzen den agindu-proiektua. Agindu-proiektu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 Legea eta 78/2024 Dekretua garatzen ditu, eta funts publikoekin sostengatutako ikastetxeek aplikatu beharreko neurri eta laguntza unibertsalak arautzen ditu, hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzeko.
Jendaurreko informazioaren ebazpen hau eman den egunera arte, honako izapide hauek egin dira:
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz (herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzeari buruzkoa bera), arauaren testua egin aurreko kontsulta publikoa bideratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren web-atariaren bidez.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoa betez, Hezkuntzako sailburuak 2026ko ekainaren 16an eman zuen prozedura hasteko agindua.
Era berean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoari jarraikiz, Hezkuntzako sailburuak, 2026ko urriaren 2an, agindua eman zuen izapidetu beharreko proiektua aldez aurretik onartzeko.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lege horrek aurreikusten duen jendaurreko informazioaren izapidea egin behar da, baldin eta herritarren eskubide eta interes legitimoei zuzenean eragiten badie eta artikulu horretan aurreikusitako salbuespen-kausaren bat gertatzen ez bada.
Hala, izapide hori bete behar du hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan ikasleen aniztasunari erantzuteko haientzako guztientzako neurri eta laguntza unibertsalak arautzen dituen Hezkuntzako sailburuaren agindu-proiektuak.
Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren 15. artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan ikasle guztientzako eta haien aniztasunari erantzuteko neurri eta laguntza unibertsalak arautzen dituen Hezkuntzako sailburuaren agindu-proiektua, hogei (20) egun baliodunez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, dekretu-proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).
Hirugarrena.– Alegazioak aurrez aurre eta elektronikoki aurkez daitezke, aurreko apartatuan aipatutako helbideetan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 19a.
Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendaria,
MIKEL JUARISTI IZAGUIRRE.
RSS