Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2026ko azaroaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4677

EBAZPENA, 2026ko urriaren 13koa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan Teknikariaren edo Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko 2027ko probetarako deialdia egiten baita.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (LOE) 69.4 artikuluan hala ezarrita, «Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen eremuan, Batxilergoko titulua edo lanbide-heziketako tituluak zuzenean lortzeko probak antolatuko dituzte aldizka, Gobernuak erregelamendu bidez horretarako ezarritako baldintza eta ezaugarriei jarraikiz».

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruan, lanbide-heziketako irakaskuntzen antolamendua arautua dago otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan, zeinaren bidez aldaketak egin baitzitzaizkion otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuari, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolaketa orokorra ezartzekoari.

Proba hauek direla eta, 659/2023 Errege Dekretuak zerrendatzen ditu 140.c) artikuluan lanbide-heziketako tituluak, ziurtagiriak eta akreditazioak eskuratzeko bideak, eta horien artean aurreikusten du «Teknikariaren edo Goi-mailako Teknikariaren tituluetako lanbide-moduluak gainditzeko proba libreak gainditzea». Gaineratzen du hezkuntza-administrazioek antolatu behar dituztela, aldika, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko aurreikusten dituen probak, horietarako deialdiak urtean behin eginez gutxienez. Adierazten du, halaber, hezkuntza-administrazioek zehaztu beharko dutela heziketa-zikloetako zer lanbide-modulutarako egingo diren probak, zein izango den matrikula egiteko epea eta zer ikastetxe publikotan egingo diren proba horiek.

Bestalde,14/2016 Dekretuan eta hura garatzeko emandako arauetan mugatu egiten da aurrez aurreko araubideko deialdien kopurua ikasleentzat. Horren ondorioz, gerta daiteke heziketa-zikloak aurrez aurreko araubidean eginak dituen ikasle batek ikasketa horiekin ezin jarraitzea gainditua duelako gehieneko deialdi kopurua.

Bere hirugarren xedapen iragankorrean, lanbide-heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen dituen 2010eko otsailaren 19ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, hauxe aurreikusten du Hezkuntza-sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoko (LOGSE) heziketa-zikloei dagokienez: egongo dira deialdi gehiago Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluen probetarako, bai LOGSE ordezten duen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko heziketa-zikloa ezartzen den ikasturtean bai hurrengoan, zeren, era horretan, modalitateetako batean nahiz bestean LOGSEko heziketa-zikloak hasi baina amaitu ez dituzten pertsonek aukera izango baitute titulua eskuratzeko. Heziketa-ziklo horiek, bestalde, aipatutako denbora-tarte berean ere eskaini ahalko dira, eskaintza partzialeko modalitatean.

2008ko ekainaren 19ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko probak arautzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan.

Azkenik, 1085/2020 Errege Dekretuak, abenduaren 9koak, lanbide-moduluen baliozkotzea arautzen du Espainiako hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako tituluen kasuan, baliozkotzearen aplikaziorako neurriak ere zehaztuz.

Beraz, helburua baldin bada pertsona guztiek prestakuntzarako aukera izan dezaten bizitzan zehar, eta administrazio publikoek, hezkuntza-sistemaren bitartez, irispidea erraztu diezaieten herritarrei derrigorreko bigarren hezkuntzaren osteko prestakuntzaraino edo haren maila baliokideraino, egokia ikusten da Euskal Autonomia Erkidegoan Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak eskuratzeko probak antolatzea, ezohiko deialdi bat eginez hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako titulu berrien ezarpen-aldi iragankorrean, 659/2023 Errege Dekretuak aurreikusi bezala. Horrela, goian azaldutako egoeran dauden pertsonek, hots, lehendik ziklo batean matrikulatuta egonik ziklo horren oraingo deialdira aurkezten direnek, titulua eskuratzeko aukera izango dute.

Iragankortasun-egoera horrengatik, hain zuzen ere, probak uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren ondoriozko aldaketak aplikatu aurreko curriculumetan oinarrituko dira.

Aurreko guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoan Teknikariaren edo Goi-mailako Teknikariaren tituluak lortzeko 2027ko probetarako deialdia egitea, dagokion artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonei zuzendua.

2. artikulua.– Deialdiaren esparrua.

1.– Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoa (LOGSE) dela-medio ezarritako lanbide-heziketako tituluak lortzeko probak.

1/1990 Lege Organikotik eratorritako heziketa-ziklo horiek aurrez aurreko modalitatearen bidezkoak izan daitezke, edo iraungitze-fasean egon, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa (LOE) aplikatuz lanbide-heziketako titulu berriak ezarri baitira.

Proba libre hauen deialdia, hortaz, LOGSE ziklo hauetarako da:

● 2026-2027 ikasturtean aurrez aurreko modalitatean emanak:

– Erizaintzako Zaintza Osagarriak (Lanbide-arloa: Osasungintza).

– Dietetika (Lanbide-arloa: Osasungintza).

● Iraungitze-fasean dauden zikloak. 2010eko otsailaren 19ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoari helduz, deialdiak egingo dira bai zikloen ezarpen-ikasturtean bai haien ordezko LOE heziketa-zikloen ezarpen-dataren osteko ikasturtean:

– Iraungitzen hasita dauden LOGSE zikloak: ez dago horrelakorik.

– Iraungitze-fase amaituko zaien LOGSE zikloak: Laneko Arriskuen Prebentzioa (Lanbide-arloa: Instalatze- eta Mantentze-lanak).

2.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa (LOE) dela-medio ezarritako lanbide-heziketako tituluak eskuratzeko probak, lege horretatik eratorritako lanbide-heziketako titulu bat eskuratzeko interesa dutenei zuzenduak. Tituluok jasota egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoek 2026-2027 ikasturterako duten aurrez aurreko hezkuntza-eskaintzan, eskaintza osoko modalitatean.

3. artikulua.– Prozesuaren garapena.

Pertsona bakoitza heziketa-ziklo bateko moduluetan baino ezin izango da aurrematrikulatu. Edozein arrazoi dela-eta bi ziklotan matrikulatzen bada, bietatik soilik izango da balioduna aurrematrikularen sortze-data zaharrena duena.

Probetan parte hartzeko, aurrematrikulazio-aldi bat irekiko da. Aurrematrikula EAEko sare publikoko ikastetxeetan egin ahal izango da, xedatzen diren modulu eta hizkuntza-ereduetan, zeinek jasota egon beharko baitute 2026-2027 ikasturteko Lanbide Heziketako eskaintzan.

Eskabideak eskainitako ikaspostuak baino gehiago litezkeela eta, baremo bat aplikatuko zaie, ebazpen honetan ezarritako irizpideak erabiliz.

Prozesu honetako datuak oinarri hartuta, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak zehaztuko du zer ziklo eta modulu sartuko diren deialdi honetan eta sare publikoko zer ikastetxetan egin ahal izango diren.

Behin eskaintzako zikloak eta moduluak erabakita, ikaspostuak baremazio-ordenari jarraituz esleituko dira. Esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, esleipendunek dagokion prezio publikoa ordaindu beharko dute, eta, horrela, gauzatu egingo da matrikula.

Matrikulazio-prozesua amaitzeko, prezio publikoa ordaintzetik erabat salbuetsita daudenek berretsi egin beharko dute probak egin nahi dituztela, Ikasguneren bitartez edo probak egingo diren ikastetxeko idazkaritzara joz. Matrikula berresten ez badute, matrikulazioa ez da burutuko, eta pertsona horiek prozesutik kanpo geldituko dira.

Egutegiari buruzko artikuluan prozesuaren data guztiak ageri dira, azterketen egunak izan ezik, horiek ikastetxeek beraiek ezarriko baitituzte, eta dagokion denbora-tartean zehar txertatuko.

Ebazpen honetan arautzen den prozesuaren ondoriozko zerrendak kontsultagarri egongo dira aurrematrikula egin den ikastetxeko idazkaritzan, lehenago nork bere burua identifikatuta. Ondoren ere kontsultatu ahalko dira, probak egingo diren ikastetxeko idazkaritzan eta Ikasgunean, azken horretarako lehendik erabiltzailea eta pasahitza eskuratuta.

4. artikulua.– Baliozkotzeak.

Abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuaren arabera, proba hauetan ezin izango da moduluen baliozkotzerik eskatu.

5. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Teknikariaren titulua lortzeko probetara aurkezteko, hamazortzi urte izatea 2027ko abenduaren 31n, eta Goi-mailako Teknikariaren titulurako probetara aurkezteko, gutxienez hogei urte izatea 2027ko abenduaren 31n, edo hemeretzi Teknikariaren tituluaren jabe izanez gero.

2.– 659/2023 Errege Dekretuaren 141.4 artikuluan xedatutakoa proba hauei aplikatuta, pertsona bat ezin izango da titulu baterako probetan matrikulatu baldin eta urte akademiko horretan bertan matrikula arrunta egina badu lanbide-modulu berberean edo berberetan, edozein modalitatetan eta edozein autonomia-erkidegotan delarik ere.

Horrelako bikoiztasun-kasurik atzemanez gero, hala dagokien administrazio eskudunek matrikula guztiak baliogabetuko dituzte. Matrikularen eskabide-orrian eskakizun hori betetzearen zinpeko adierazpena jasoko da.

Bateraezintasun hori ez zaie aplikatuko 2026-2027 ikasturtean matrikulatutako ikasleei, baldin eta aurrematrikulazio-epea bukatu aurretik dagoeneko agortua badute lanbide-moduluren baten gehieneko deialdi kopurua, ezarria dagoena uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 18.13 artikuluan.

3.– Ebazpen honen xede diren probetarako onarpen-eskakizunak jasota daude Hezkuntzako sailburuaren 2026ko apirilaren 16ko Aginduan, haren I. eranskineko hirugarren jarraibidean xedatzen baita 2026-2027 ikasturterako egutegia (izen-ematerako, onarpenerako eta matrikulaziorako epeak).

4.– Interesduna aurrematrikulatu den zikloan gutxienez 500era iritsi beharko du gaindituta edota baliozkogarri dauzkan modulu-orduen kopuruak, Erizaintzako Zaintza Osagarriak zikloan salbu, hor kopurua 350 ordu baita.

Modulu gainditu edo baliozkogarri horien ordu kopurua zenbatzerakoan konpetentzia-estandarrei edo lanbide-profilari lotutako moduluak hartuko dira kontuan. Ez dira aintzat hartuko zeharkako moduluak, zehazki, Kalitatea eta etengabeko hobekuntza, Lan-inguruneko harremanak, Lan-taldeko harremanak, Lanerako prestakuntza eta orientabidea, Enpresa eta ekimen sortzailea, Hizkuntza teknikoa: euskara, Hizkuntza teknikoa: alemana, Hizkuntza teknikoa: frantsesa, Hizkuntza teknikoa: ingelesa, Frantses teknikoa, Ingeles teknikoa eta beste erkidego batzuetako berezko moduluak.

Ordu kopuruaren baldintza hori ez zaie eskatuko Lanbide-gaitasunak Ebaluatu eta Egiaztatzeko prozeduratik datozen pertsonei.

5.– Eskakizunak aurrematrikula-epea amaitu arte egiaztatu ahal izango dira, hurrengo paragrafoan adierazten den salbuespenarekin.

6.– Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako Lanbide-gaitasunak Ebaluatu eta Egiaztatzeko Prozeduraren deialdietatik datozen pertsonen kasuan, parte hartu ahalko dute proba libreen deialdi honetan, baita lehen aipatutako eskakizunak bete ez badituzte ere aurrematrikulazio-epean; bete beharko dituzte, ordea, azterketak egiterakoan, eta halaxe egiaztatu probak egin aurretik. Deialdi horietatik datorren pertsona batek modulu bat edo gehiago egin eta gainditzen baditu eskakizunok bete gabe, matrikula automatikoki baliogabetuko da, eta egindako azterketak ere baliorik gabe geratuko dira.

6. artikulua.– Curriculuma.

659/2023 Errege Dekretuaren 141.3 artikuluan hala ezarrita, ebaluazio-probak lanbide-moduluka egingo dira, eta indarrean dauden curriculumei jarraiki diseinatuko dira. Deialdi honetan, aldiz, eta Errege Dekretu horren ezarpenerako irekia dagoen iragankortasun-aldiaren ondorioz, probetarako oinarritzat beste curriculum batzuk baliatuko dira, zehazki, aplikazio-prozesuan dauden aldaketen aurreko planetakoak.

7. artikulua.– Aurrematrikulazioa.

1.– Aurrematrikula egin beharko dute deialdi honetan araututako probak egin nahi dituzten guztiek.

2.– Aurrematrikulak era hauetako batean zein bestean aurkeztu ahalko dira:

● Aurrez aurrekoa: hezkuntza-administrazioaren mende dagoen edozein lanbide-heziketako ikastetxe publikotan. Aurrematrikulazioa gauzatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak Ikasgunerako erabiltzailea eta pasahitza dituela, eta ez baditu, bertan eskuratzeko aukera emango zaio.

● Online: jarraian zehazten den helbidera joz, Hezkuntza Sailak horretarako diseinatu duen aplikazio informatikoaren bitartez: https://ikasgunea.euskadi.eus

3.– Aurrematrikula heziketa-zikloaren modulu baterako edo gehiagotarako egingo da, salbu eta Proiektuaren eta Lantokiko Prestakuntzaren (LP) moduluen kasuan, bi horiek aurrez aurreko modalitatean egin beharko baitira, heziketa-zikloaren gainerako moduluak gainditu ondoren eta dagokion urte horretako Aginduan zehazten den matrikulazio-epean, agindu horrexek zehazten baitu zein izango den ikasturte horretan egutegi komuna hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako (eskabideak aurkezteko epea, onarpenerakoa eta matrikula egitekoa).

Hala ere, modulu guztiak gainditu dituen ikasle batek Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuetsita geratzea eskatzen badu eta horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkezten badu, matrikula egin ahalko du ebazpen honetan ezarritako aurrematrikulazio-aldian.

Lantokiko Prestakuntza (LP) modulutik salbuetsita geratzeko aukera hori dela eta, proba hauetarako LP moduluan eta beste modulu batzuetan matrikulatzen direnen kasuan soilik aztertuko da LPtik salbuesteko aukera baldin eta gainditu badituzte matrikulatuta dauden gainerako moduluak eta horiek beste modulurik falta ez bazaie zikloa gainditzeko.

Proiektuaren moduluari dagokionez, eta egoeraren berezitasunagatik, modulu guztiak gaindituta edukirik LP modulutik guztiz salbuetsita dagoen edo modulua lehendik eginda daukan pertsonak Proiektu modulurako matrikula egin ahalko du, hura gaindituz gero titulua eskuratzeko.

Horrelakoetan, interesduna deialdi honetarako matrikulatu den ikastetxean informazio-saio bat egingo da, eta bertan, behar den informazioa emango da prestatu beharreko kasuaren, lanaren edo simulazio-ariketaren inguruan.

Ikastetxe bakoitzak ezarriko ditu proiektuaren azalpenerako eta defentsarako data edo datak.

4.– Gehienez, 4 modulurako aurrematrikula egin daiteke, 800 ordutik gora heldu gabe. Moduluen eta orduen zenbaketan ez dira sartzen Lantokiko Prestakuntzako eta Proiektuko moduluak, eta modulu bakoitzaren ordu kopurua dagokion kasuan kasuko tituluaren Dekretuan jasota dago, edo, horrelako dekreturik ezean, Errege Dekretuan.

Pertsona bat 4 modulu baino gehiagotan edo 800 ordu baino gehiagoko moduluetan aurrematrikulatuta badago, moduluak ordenatu egongo dira, honela: lehenengo tokian, konpetentzia-estandarrei lotutako moduluak; bigarrenean, lanbide-profilari lotutakoak; hirugarren tokian, ordu kopuru handienetik txikienera; eta laugarren irizpiderik behar izanez gero, ordena alfabetikoan. Matrikularen ordena lehenengotik laugarrenera joango da, edo 800 ordutik gorako lehen moduluaren aurrekoraino.

5.– Aurrematrikulazioa egitean datu hauek adieraziko dira:

a) Probetarainoko irispidea, baremo gisa erabiliko dena eta honako hauetako bat izan beharko duena:

I.– Eskaeraren heziketa-zikloan aldez aurretik matrikulatu izana, eskaintza osoan edo urrutikoan.

II.– Lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdia.

III.– Profesionaltasun-ziurtagiria edo C Gradua (Ziurtagiri profesionala).

b) Lurralde historikoa.

c) Zer ziklotarako egin nahi den matrikula.

d) Zer moduluren azterketa egin nahi den.

e) Proba zer hizkuntzatan egin nahi den: ziklo bakoitzerako, aukeragarri egongo dira aurrematrikula egin den ikastetxeak eskaintza osoan eta aurrez aurreko araubidean eskaintzen dituen hizkuntzak. Euskara eta/edo gaztelania izan litezke, eta biak eskaintzen badira, haien artetik zer hizkuntza aukeratu, horixe erabiliko da aurrematrikulatutako zikloko modulu guztietan.

6.– Aurrematrikulazioa egitean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

● Erroldatze-ziurtagiria: eskatzailea EAEn bizi bada eta horretarako baimena ematen badu, erroldatze-agiria ofizioz egiaztatuko da. Bestela, aurkeztu egin beharko du.

Jarraian zerrendatzen diren udalerrietan erroldatutako pertsonek eta EAEtik kanpo bizi direnek aurreko paragrafoan aipatutako erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko dute: Basauri (015), Bermeo (017), Leioa (054), Ortuella (083), Mungia (069) eta Usansolon (916).

Erroldatze-ziurtagiriak hiru hilabete lehenago egina izan beharko du, gehienez.

Edonola ere, agiri hori ez aurkezteak ez dakar berekin prozesutik kanpo geratzea, soilik izango baitu eragina baremoa egiterakoan.

● Ikasketa-espedientea edo prozesurako onarpen-eskakizunak betetzearen ziurtagiria: beharrezkoa izango da prozesurako onarpen-betekizunak betetzen direla egiaztatzeko eta baremazioan lehentasuna izateko. (Oharra: 2015-2016 ikasturtean edo hurrengoetan EAEn lanbide-heziketako heziketa-zikloak egin dituztenek ez dute ikasketa-espedienterik aurkeztu beharko).

● Moduluetarako eta prezio publikorako salbuespenak eta hobariak justifikatzeko dokumentazioa.

8. artikulua.– Baremoa.

Aurrematrikulazio-epea amaitu ondoren, eskabideen baremoari ekingo zaio. Lurralde historikoaren, zikloaren eta azterketak egiteko hizkuntzaren arabera egingo da, jarraian aipatzen diren irizpideen arabera egingo da baremazioa, hemen zerrendatzen den lehentasun-ordenari helduz:

1.– Lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren EAEko deialdietan parte hartu duten pertsonak, deialdian gutxienez lanbide-kualifikazio bat lortu duten zikloetarako eta gainditu gabeko modulu gutxien dituztenetatik gehien dituztenetara ordenatuta.

2.– EAEn heziketa-ziklo bat eginda daukatelarik, ziklo horretarako eskaintza partzialean aurrematrikula egin duten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dituztenetatik gehien dituztenetara ordenatuta.

3.– EAEn heziketa-ziklo bat eginda daukatelarik, ziklo horretako modulu baten edo batzuen deialdiak agortuta dauzkaten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dituztenetatik gehien dituztenetara ordenatuta.

4.– EAEn heziketa-ziklo bat eginda daukatelarik, moduluren bat gainditu gabe duten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dituztenetatik gehien dituztenetara ordenatuta.

5.– Heziketa-ziklo baterako aurrematrikulatu diren eta ziklo horretako Profesionaltasun Ziurtagiria edo C Gradua (Ziurtagiri Profesionala) EAEn lortua duten pertsonak, gainditu gabeko modulu gutxien dituztenetatik gehien dituztenetara ordenatuta.

6.– EAEn erroldatuta dauden gainerako pertsonak.

Oharra: «gainditu gabeko moduluen kopurua», hots, aurrematrikula egiteko unean hezkuntza-administrazio eskudunak gainditutzat emanak agertzen ez diren moduluen kopurua, edo, Profesionaltasun-ziurtagiriaren edo C graduaren bidez sartzen direnen kasuetan, egiaztatutako konpetentzia-atalekin bat ez datozen moduluen kopurua da.

Lehentasun-irizpide horiek berak aplikatuko zaizkie, ondoren, lanbide-heziketako ikasketak EAEtik kanpoko ikastetxeetan egin dituztenei, edo Lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren kasuan beste autonomia-erkidego bateko deialdietan parte hartu duten pertsonei edo EAEn baliozkotasunez erroldatuta ez daudenei.

Eskatzaileari ikaspostua esleitzerakoan, lehenengo eta behin zikloa eskabidean adierazitako lurralde historikoan eta hizkuntzan (euskara edo gaztelania) eskaintzen duen ikastetxe batean bilatuko da, eta horrelakorik ez badago, beste lurralde historikoetan bilatuko da ikaspostua.

Aurreko irizpideak baliatuta ere berdinketa-kasurik gertatuz gero, ausazko prozedura batera joko da, ikaspostuak esleitzeko erabiltzen den aplikazio informatikoaren bitartez. Eskabidea grabatzean, aplikazio informatikoak ausazko zenbaki oso bat esleituko dio eskabideari, 1aren eta 99999aren artean. Beste irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ez bada, zenbaki hori erabiliko da, lehentasuna zenbaki txikienari emanez.

Pertsona bati adierazi diren irizpideetako bat baino gehiago aplikatu ahal bazaizkio, mesedegarrien zaiona aukeratuko da.

9. artikulua.– Eskariaren zenbatespena eta ikaspostuen esleipena.

1.– Jasotako eskabideak azterturik, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak eskariaren tamaina zehaztuko du, eta horren arabera erabakiko du zer ziklo eta modulutarako deialdia egingo den, sare publikoko zer ikastetxetan eskainiko den eta zer hizkuntzatan egingo diren probak. Ondoren, ikaspostuak esleituko dira, baremoaren araberako ordenan, eta pertsona esleipendunen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, adieraziz zer ikastetxe esleitu zaion behin-behinean pertsona bakoitzari probak egiteko matrikulazio-prozesua burututakoan.

2.– Erreklamazioak egin ahal izango zaizkie zerrendei eta, okerrik egonez gero, eskabidearen prezio publikoari. Izapide hori aurrez aurre nahiz Ikasgunean egin ahalko da, egutegian jasotako epearen barruan. Behin erreklamazioak azterturik, ordaindu aurreko esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, probak zer ikastetxetan egingo diren zehaztuta. Matrikula kopuruagatik hala behar bada, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak, ofizioz, aldaketak egin ahalko ditu ikastetxeen esleipenean.

10. artikulua.– Prezio publikoaren ordainketa.

1.– Behin ordaindu aurreko esleipendunen behin betiko zerrendak argitaratuta, prezio publikoa ordaintzeko epea hasiko da, eta matrikula ez da burututa egongo harik eta ordainketa egin arte. Ordaintzetik guztiz salbuetsita dauden pertsonek ez dute ordainketarik egin beharko matrikulazio-prozesua burutu dadin eta azterketak egin ahal izateko, baina, dena den, berretsi egin beharko dute matrikula, Ikasgunean edo izena eman duten ikastetxeko idazkaritzan.

2.– Lan-esperientziaren bitartez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren deialdietatik datozen pertsonek, gainditzeko baldin badituzte oraindik heziketa-zikloetarako sarrera-probak, horien emaitza dakienean egingo dute ordainketa, honekin batera doan egutegian adierazitako egunean.

3.– Lanbide Heziketako Teknikariaren eta Goi-mailako Teknikariaren tituluak eskuratzeko proben kasuan prezio publikoa 18 euro da zikloko, hala jasotzen baitu 5. artikuluan Hezkuntzako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduak, sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituenak.

4.– Azterketa-eskubideak ordaintzeko erak jasota daude irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzekoan. Ordainketa dagokion epean egin ezean, probetan parte hartzeari uko egin zaiola ulertuko da.

5.– Ezingo da dirurik berreskuratu.

6.– Salbuespenak eta hobariak:

● Egoera hauetakoren batean dauden ikasleek ez dute prezio publikoa ordaindu beharko:

– Kategoria bereziko familia ugariko kideak.

– Genero-indarkeriaren biktimak eta haien kontura eta haiekin bizi diren 25 urtetik beherako seme-alabak.

– Azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuak, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duenak, 25. artikuluan jasotzen dituen egoeretakoren batean daudenak.

● Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugariko kide diren ikasleek.

11. artikulua.– Proben emaitzak eta erreklamazioak.

1.– Azterketak egiteko egutegia ikastetxe bakoitzak ezarriko du, horretarako ezarritako epean.

2.– Erreklamazioetarako, aplikatzekoa izango da ikastetxearen Antolamendu eta Funtzionamendu Araudia (AJA).

12. artikulua.– Egutegia.

(Ikusi .PDF Fitxategia)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek arautzen ez dituen prozedimendu-gorabeheretan ordezko aplikaziokoak izango dira urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 13a.

Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,

NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.


Azterketa dokumentala