
212. zk., 2026ko azaroaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (231 KB - 16 orri.)
- EPUB (133 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4674
EBAZPENA, 2026ko irailaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) Egia auzoko «EG.08 Aldakonea» hirigintza-jarduketako «EG.08.1 Aldakoneko hegala» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2026ko uztailaren 1ean, Donostiako Udalak Egia auzoko «EG.08 Aldakonea» hirigintza-jarduketako «EG.08.1 Aldakoneko Hegala» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera bete zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukia jasota.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko uztailaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago. Era berean, Donostiako Udalari jakinarazi zitzaion prozedurari hasiera eman zitzaiola.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioaren prozedurari lotu behar zaizkio, nahitaez, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzaketen planak, programak eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da. Artikulu horretan, ingurumen-organoak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dien planak eta programak ezartzen dira; hain zuzen ere, b) atalean: aurreko apartatuan aipatutako planak eta programak, udalerri mailan hedadura txikiko eremuen erabilera ezartzen dutenak.
Era berean, aplikagarritzat jotzen da Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 1. apartatua, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar zaien plan eta programena: 1) II.A eranskineko plan eta programak, udalerri mailan hedadura txikiko eremuen erabilera ezartzen dutenak.
Planak urbanizazio-proiektu bat etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen du, dagozkion eraikuntza-proiektuez gain. Urbanizazio-proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatura loturik egongo litzateke, sartuta baitago bai abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 7.b multzoan (hektarea bateko edo gehiagoko azalera hartzen duten eremu urbanizatuetatik kanpoko bizitegi- eta merkataritza-eremuetarako lurzorua urbanizatzea beharrezkoa duten proiektuak), bai abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 7.b multzoan (urbanizazio-proiektuak, haien barruan jasota merkataritza-guneen eta aparkalekuen eraikuntza).
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuak dioenarekin bat etorriz. Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ebatzi, edo, bestela, ingurumena behar bezala babesteko xedez, plana zer baldintzatan garatu behar den ezarriko du.
Hauexek ikusi dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako (Gipuzkoa) Egia auzoko «EG.08 Aldakonea» hirigintza-jarduketako «EG.08.1 Aldakoneko Hegala» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planak EG.08.1 Aldakoneko Hegala deritzon azpieremuaren antolamendu xehatua garatzen du, egikaritzeko xedez, helburu nagusi hau betetzeko: hegaleko lurzoruen eta Mandasko Dukearen pasealekuaren ekialdeko aurrealderi doakion hasierako tartearen hiri-berrikuntza egitea, tarte hori dela bide hegala pasealekuarekin eta hirigunearekin lotzen baita.
Plan Bereziaren xede den eremua Urumea ibaiaren eskuinaldean dago, Egia auzoan, eta Mandasko Dukea kaletik Aldakonea deritzon muinoraino igotzen den hegala okupatzen du, hain zuzen ere, Aldakonea eta Konkorrenea kaleen artean. Eremuak 34.803 m2-ko azalera du, eta Donostiako HAPOren aldaketan jaso ziren «EG.04 Atotxa», «EG.06 Mandasko Dukea» eta «EG.8 Aldakonea» hirigintza-eremuetako lurzoruak hartzen ditu, guztiak ere «hiri-lurzoru» gisa sailkatu zirela.
«EG.08.1 Aldakoneko hegala» azpieremua erabat urbanizatuta dago. Blokeka antolatutako tipologia irekiko etxebizitzak dira nagusi, baina etxebizitza isolatuak ere ageri dira. Zuhaitz ugari dago lorategi-esparru pribatuetan, eta, gaur egun, ekipamendu-eraikinek okupatzen dituzten komentu-jatorriko hainbat lursail ere badira han.
Egun, eremu horretan etxebizitzak, jarduera ekonomikoko eraikinak eta ekipamendu pribatuak daude, neurri handi batean zaharkituak. Gainera, hegalera Aldakoneko eta Konkorreneko aldapek osatzen duten bide-sistema eskasetik baino ezin da iritsi. Hegalak irisgarritasun-arazo larriak ditu, bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat, aldapa handiak eta bertaraino doazen bide pikoek eraginda.
Plan bereziak proposatutako antolamenduak Altzari eta Aldakoneko hegalari doazkion Donostiako HAPOren aldaketan ezarritako kalifikazio orokorreko baldintzak garatzen ditu, planean definitu diren «sistema orokorreko» elementuen kalifikazioari eta zonakatzeari eutsiz. Programazio- eta egikaritze-araubide orokorrak proposatzen du «EG.08.1 Aldakoneko hegala» izeneko azpieremua jarduketa-eremu integratua izan dadin, «AL.03. 1.a Eraikuntzaren Institutua. Hegoaldea» (AAI «I.9») izeneko azpieremuarekin batera.
Horrela, irisgarritasun-arazoa konponduko da, eta Egiako muinoaren gainerako irisgarritasun-baldintzak hobetuko dira. Bestalde, antolamendu berriak, hegalaren erdialdean, gaur egun inguru horrek ez dituen egontokiak eta pasealeku publikoak, ekipamenduak eta premia-premiazko merkataritza-lokalak dakartza.
Bizitegirako, merkataritzarako eta hirugarren sektorerako eraikin berriak altxatzea aurreikusten da, 3 lurzatitan banatuta. Hala, gutxi gorabehera 289 etxebizitza, lurpeko aparkalekuak, bide berriak, oinezkoen ibilbideak, igogailuak, espazio libreak eta ekipamenduak aurreikusten dira. Era berean, Nazaret zentroa, Maldatxo etxea eta San Antonio etxearen eraikin nagusia finkatuko dira; beste eraikin batzuk, ordea, antolamendutik kanpo geratuko dira.
Eraikuntza-garapen berria hiru lurzatitan garatuko da:
– 1. lurzatia (6.807 m2): Mandasko Dukearen pasealekuaren aurrean, 17.769 m2-ko (g) eraikigarritasunarekin, 147 etxebizitza altxatzeko, merkataritza-erabilerak eta hirugarren sektoreko erabilerak egokitzeko. 17.000 m2-ko (g) azalera du, sestra azpiko erabilera osagarriak egokitzeko. Proposatutako etxebizitzak etxebizitza libreak izango dira, BPETak eta BPESak.
– 2. lurzatia (1.455 m2): 1. lurzatiaren eta Nazaret zentroaren artean dago, eta 3.165 m2-ko (g) eraikigarritasuna du, 43 etxebizitza altxatzeko. Sestra azpiko erabilera osagarriak egokitzeko 2.910 m2-ko (g) azalera du. Lurzati horretako etxebizitza berri guztiak BPETak izango dira.
– 3. lurzatia (4.860 m2): hegalaren erdialdean dago, 13.974 m2-ko (g) eraikigarritasunarekin; haietatik 8.964 m2 (g) 99 etxebizitza eraikitzeko erabiliko dira, eta gainerakoan hirugarren sektoreko erabilerak egokituko dira. Proposatutako etxebizitzak etxebizitza libre gisa erabiliko dira.
Bizitegi-lurzatien artean, «Maldatxo etxea» izenekoari dagokion lurzatia ere badago, eta hura osorik finkatuko da eraikinari erantsitako lursail bat eta guzti (297 m2 eta 154 m2 (g)). Ekipamenduei gagozkiela, «sistema orokorreko» «komunitate-ekipamenduko» zonak, «g.00/8» (Nazaret zentroa finkatzea) eta «g.00/9» (Aldakoneko egoitzako lursailaren azalerak doitzea) kalifikatu dira, eta zuzkidura-eginkizun orokorra betetzen dute. Tokiko zuzkidura San Antonio etxearen jatorrizko eraikinaren kalifikazioarekin osatuko da; 3. lurzatiko etxebizitzetarako sarbidea ematen duen bidean txertatu eta han bermatzen da.
Mugikortasunari dagokionez, proposatzen den bide-sistemak irispidea ematen die ibilgailu guztiei eraikin berri guztietara 3. bidearen bidez, Aldakoneko aldapari lotuta, eta hegaleko gainerako kaleei eragitea saihesten du. Gainera, 1. eta 3. lurzatietako lurpeko aparkalekuak erdisotoan egongo den arrapala helikoidal baten bidez lotuko dira, biribilgune batetik iristeko moduan.
Aparkalekuez denaz bezainbatean, plan bereziak 529 leku proposatzen ditu 1. lurzatian, 110 leku 2. lurzatian eta 248 leku 3. lurzatian.
Oinezkoen mugikortasunari doakionez, oinezkoen ibilbideen sistema irisgarri bat proposatzen da, bi igogailu-tartek lagunduta, lehendik dauden garapenen irisgarritasuna hobetzeko helburuz. Era berean, garapen berrietako hiri-espazio esanguratsuak integratzen eta haietarako sarbidea ematen du.
Laburbilduz, plan bereziak proposatutako antolamenduak HAPOren aldaketan ezarritako kalifikazio orokorreko baldintzak garatzen ditu. Proposamen horrek antolamendutik kanpo uzten ditu hainbat etxebizitza, hirugarren sektoreko jardueretarako lokalak, erabilera osagarrietarako lokalak eta merkataritza-lokalak. Eraikuntza-proposamen berria 3 lurzatitan garatzen da, eta hiri-espazio libreak, ekipamendu komunitarioa eta bide-komunikazioko sarea aintzat hartzen ditu.
Aztertutako aukerak:
Kokapen-aukerak: ez da kokapen-aukerarik proposatzen, plan bereziaren helburua «Aldakoneko hegala» EG.08.1 azpieremua antolatzea baita, dagoeneko Donostiako hiri-bilbean txertatuta dagoena.
Antolamendu-aukerak:
– 0. aukera: «zero» aukera edo «jarduketarik gabeko» aukerak badakar HAPOren aldaketan proposatutako eremua ez garatzea, eta eremua hiri-eraldaketarik gabe uzten du. Plan bereziaren helburua hirigintza-plangintza hori garatzea denez, esan beharra dago aukera hori ez dela aintzat hartu.
– 1. aukera: «Aldakoneko hegala» EG.08.1 azpieremua antolatzeko aurretiazko azterlana proposamenarekin bat dator, hots, «Kutxa Fundazioak» 2018ko otsailean aurkeztu zion proposamenarekin. Aukera horrek eremu zabalagoa proposatzen du, Aldakoneko egoitza «g.00 komunitate-ekipamendutzat» kontuan hartuta. Eremu horrek, orotara, 45.523 m2-ko azalera du. Guztira 294 etxebizitza proposatu dira, eta guztira 1.066 aparkaleku aurreikusi dira.
– 2. aukera: Aldakoneko hegalean zedarriztatu den azpieremuaren azalera 34.803 m2-koa da, eta, bertan, Nazaret zentroa finkatuko da. 1. aukeran, berriz, «antolamenduz kanpokotzat» jotzen da. Jarduketak ondoko lursaileko lurzoruei baino ez die eragiten, baina lurzoru horiek ez dira garrantzitsuak zentro horren funtzionaltasunari begira. «San Antonio etxearen» (Osalan) eraikin nagusia finkatzea proposatzen da, hornidura-ekipamendu publiko gisa erabilita. Beste alde batetik, Maldatxo etxea osorik finkatzen da. 1. aukeran ez bezala, proposamen honek 289 etxebizitza berri aurreikusten ditu, eta 964 aparkaleku.
«Zero» aukeraren aurrean aztertutako edozein proposamenek eremuaren egoera lehengoratzea dakar, irisgarritasun- eta mugikortasun-baldintzen hobekuntza nabarmena sustatuz eta eremuaren hiri-berrikuntza eraginez. Bi kasuetan, proposatutako antolamendua mendi-hegalaren topografiara egokitzeak eta espazio libreen antolamenduak ahalbidetuko dute garapena Egia auzoko hiri-paisaian txertatzea.
Bi aukera horien arteko desberdintasun nagusiak hauek dira: eremuen azalera (45.523 m2 1. aukeran, eta 34.803 m2 2. aukeran), Aldakoneko egoitzaren lurzatia 2. aukeran baztertzen delako, eta gainera, Nazaret etxea eta San Antonio etxea sartzen edo baztertzen dira aukeraren arabera.
Ingurumenaren ikuspegitik, azaldutako bi aukerak oso antzekoak dira, eta, azkenik, 2. aukera hautatu da, behar bezala erantzuten dielako eremua garatzeko ezarritako irizpide eta helburuei (Aldakoneko hegaleko eta Egia auzoko muinoaren goiko aldeko oinezkoen eta ibilgailuen irisgarritasun-baldintza eskasak hobetzea, eta Mandasko Dukearen pasealekuaren ekialdeko etxadiaren iparraldeko muturrean hedatzen diren lurzoruak eta eraikinak berrantolatzea, guztiak «EG.08.1» azpieremuaren barruan baitaude), eta garapenak bete behar dituen araudiei ongi egokitzen zielako.
Aldakoneko hegalaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu eta gero, etorkizunean garatzea aurreikusten da, urbanizazio-proiektu baten eta dagozkion eraikuntza-proiektuen bidez.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, aztertu da zein diren lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak, erabakitzeko ea plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu behar zaion ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan harturik eremuaren kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, pentsatzekoa da planak ez duela berezitasunik nahikorik ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar izateko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: plan berezia bat dator HAPOren zehaztapenekin, eta azpieremuaren antolamendu xehatua garatzen du, egikaritzeko xedez. Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, planak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragingo aurreikusitako ingurumen-ondorioetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak integratu ahal izateko, eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: dirudienez, plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak integratu ahal izateko; ildo horretan, hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia, energia berriztagarrien erabilera eta berotegi-efektuko gasen murrizketa sustatzeko neurriak har daitezen ahalbidetzen du planak.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman olana gauzatzearen ziozko ingurumen-arazo adierazgarririk, planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, besteak beste, arlo hauetan: zarata, lurzoruak, ura, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Estatuko ingurumen-arloko legedia ezartzeko.
Kontuan harturik eragindako eremuaren kokapena, ingurumen-ezaugarriak eta plana garatzean etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, pentsatzeko da panak ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko berezitasunik.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Plan bereziaren eremua Urumearen eskuinaldean dago, Egia auzoaren mendebaldean. Hiri-lurzoru gisa sailkatutako lurzorua da, eta Mandasko Dukearen kaletik Aldakoneko muinora igotzen den hegala hartzen du. Bertan, blokeka antolaturiko tipologia irekiko etxebizitzak dira nagusi, batez beste lau solairukoak, eta etxebizitza isolatu batzuk ere ageri dira. Gaur egun, hegala urbanizatuta dago, eta lorategietan ohikoak diren zuhaitzak hazten dira eremuan.
Klima epela da, ozeanikoa, eta ezaugarri hauek ditu: tenperatura leunak, hezetasun erlatibo handia, ohiko hodeiak eta euri ugari modu erregularrean urte osoan zehar.
Airearen kalitateari dagokionez, Aldakonea dagoen bi kontrol-estazioetan, SO2, CO eta PM2,5 kutsatzaileen datuek oso maila ona erakusten dute, eta O3 kutsatzailearen balio objektiboa bete da. PM10 partikulei dagokienez, mailek ezarritako helburu-balioa betetzen dute. Ategorrietan ere, non PM2,5 partikulak neurtzen diren, ez da balio objektiboa gainditzen. Gainera, Eustaten arabera, Donostialdeko airearen kalitatearen jasangarritasun-adierazleak % 88,52ko balioa izan zuen 2024an, eta horrek esan nahi du urte horretan 324 egunetan airearen kalitatea ona edo oso ona izan zela.
Orografiari eta maldari dagokienez, izen bereko hegalean dago Aldakonea, +5 (Mandasko dukearen kalea) eta +55 (Konkorrenea kalea) koten artean. Malda oso handiak ditu, % 100etik gorakoak alde jakin batzuetan, eta haietako batzuk gaur egun eraikita dauden aldeen euskarri diren eustormei dagozkie.
Ikuspegi geologikotik, aztergai darabilgun eremua euskal-kantauriar arroan dago, Euskal Arkuaren egiturazko eremuan, Donostiako monoklinalaren barruan. Egiturari erreparatuta, azterketa-eremuan dauden materialak «Donostiako unitatekoak» dira. Unitate horren ezaugarria da «flysch» motako metakinen edo materialen geruza lodia, karbonatatua edo detritiko-karbonatatua (Goi Kretazeoko flyscha), non harri bolkaniko eta bolkanoklastiko basikoz osaturiko zenbait geruza tartekatzen diren.
Aldakoneko hegala tuparriak, kareharriak, tuparri karedunak eta kareharri hareatsuak tartekatzen diren geruzen gainean dago, eta eremua iragazkortasun ertaina du arrakalek eraginda. Ipar-mendebaldean dagoen azalera txiki bat baino ez dago Urumea ibaiari lotutako alubioi-metaketen gainean.
Aztergai den eremu osoan ez da aurkitu interes geologikoko eremurik, ibilbiderik edo tokirik. Geologia Intereseko Lekurik ere ez dago. Aldakonea hiri-eremu batean dago, non lurzoruak ekintza antropogenikoak aldatu dituen.
Gipuzkoako Klase Agrologikoen Mapatik (GFA, 1988) ateratako informazioaren arabera, nekazaritza-baliorik gabeko lurzoruak dira, VIII. klase agrologikokoak, eta oso balio agronomiko txikia edo nulua dute.
Eremua Urumea Unitate Hidrologikoaren barruan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoak zedarriztatzen duen eremuaren barruan. Azterketa-eremuan ez dago ur-ibilgu iraunkorrik. Aldakonea eremutik Urumearen ibilgura dagoen gutxieneko distantzia 280 metrokoa da.
Aldakonea ez dator bat Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroan (EBE) jasotako ezein eremurekin. Era berean, ez da ur-punturik identifikatu eremuan, ezta ingurune hurbilean ere.
Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoko (2022-2027) lurpeko ur-masen mugaketaren arabera, azterketa-eremua «Zumaia-Irun» masaren gainean dago (ES017MSBTES111S000015), Zumaia-Irungo Kuaternarioko Sektorean, Iparraldeko Antiklinorioaren jabari hidrogeologikoan eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan. Azalera handia da, 214,8 km2-koa, eta, zenbatespenen arabera, baliabide berriztagarriak 53,5 hm3-koak dira urtean.
Hego-mendebaldeko muturraren zati txiki bat (Presentación de María ikastetxeko eraikinaren zati bati eta jolastokiaren alde bati dagokiona) Hidrogeologia Intereseko Leku gisa identifikatu da.
Aldakoneko hegalean dagoen landarediari dagokionez, bi unitateri atxikita dago: herri eta hirietako erakuntzak eta parke eta lorategi apaingarri txikiak. Hala ere, bertatik bertara egindako behaketetan, landaredi-unitate hauek bereizi dira:
– Hostozabalen masa. Espezierik ohikoenak lizarra (Fraxinus excelsior), erramu ugari (Laurus nobilis), platanoa (Platanus x hybrida), astigarra (Acer pseudoplatanus) eta sahatsa (Salix atrocinerea) dira. Beste espezie ugari batzuk Robinia pseudoacacia eta Ficus carica dira. Azpieremuaren hego-mendebaldean dago, eta, zati batean, espazio libreen eremu gisa erreserbatuta dago. Eremu hori, zati batez, indarrean dagoen Donostiako HAPOn jasota dagoen C.1d. «Intereseko landarediko habitatak. Zuhaiztiak, parkeak eta hiri-lorategiak» baldintzatzailearen barruan dago.
– Lorategi-landaredia duten eremu urbanizatuak, zuhaixka-espezie apaingarriak eta tamaina handiko platanondoak dituztenak, Eleagnus ebingeii, Euonymus japonicus eta Ligustrum vulgare espezieek osatutako heskaiekin batera, batez ere, San Antonio etxearen ingurukoak. Lorategiak zuhaitz-espezie autoktonoak (ezkiak, lizarrak eta astigarrak) eta zuhaixkak (intsusak, hurritzak, aringarriak...) ditu. Akantoa (Acanthus mollis) ugaria da. Lorategi horren zati bat C.1d. «Intereseko landarediko habitatak. Zuhaiztiak, parkeak eta hiri-lorategiak» baldintzatzailearen barruan dago.
– Ezkien (Tilia platyphyllos) sail lerrokatuak ageri dira, Aldakoneko egoitzako aparkalekuen inguruan hazten diren erramu eta astigarrekin batera. Lorategi-izaera izan arren, paisaia-interesa duten zuhaitzak dira, aleek hartu duten tamaina eta landaketen dentsitate trinkoa aintzat hartuta. Aurrekoen alboan, Indiako gaztainondoak (Aesculus hippocastanum) eta zuhaixka apaingarriak daude, hala nola adelfak, akantoak eta pyracantha edo su-orantzak. Lorategi-eremuen barruko espezietzat sailkatu dira.
– Baratze-eremu txikiak, barazkiak edo fruta-arbolak landatzeko erabiltzen direnak; oso urriak dira aztergai dugun eremuan, eta eraikuntza-unitatearen barruan sartu dira.
– Lursail irauliak, landaredirik gabeak, lehen Onkologikoaren eraikinak okupatuak, landaredi espontaneo erruderal-nitrofiloz estaliak neurri txikian edo handian, Buddleia davidii inbaditzailea bertan dela. Eremu hori herri eta hirietako eraikuntzen unitateari atxiki zaio.
– Landaredi erruderal nitrofiloa (sasitza), batez ere Mandasko Dukearen kaleko eraikinen atzealdearen eta antzinako Onkologikoak okupatutako lurren artean dagoena.
Eremuan ez da Batasunaren intereseko habitatik kartografiatu, eta ez da espezie mehatxaturik edo interesgarririk identifikatu.
Espezie aloktono inbaditzaile hauek aurkitu dira eremuan: Cortaderia selloana, Buddleia davidii, Fallopia japonica, Phyllostachys sp. eta Robinia pseudoacacia.
Jarduketa-eremua eremu antropizatu batean dago, hiri-kokalekuz inguratuta, eta ez du intereseko fauna har dezakeen natura-elementu nabarmenik.
Plan bereziaren eremua ez dator bat kudeaketa-plana onartuta duten espezieak hedatzeko eremuekin. Hala eta guztiz ere, garrantzitsutzat jotzen da aipatzea Aldakoneko hegala bat datorrela musker berde-beltzaren (Lacerta schreiberi) Lehentasunezko Hedapen Eremuarekin (LHE), baina, antza denez, zail samarra da espezie hori bertan bizitzea.
Plan bereziaren eremua eta haren ingurune hurbila ez daude gune babestuen barruan, ez eta inbentarioan jasotako natura-intereseko beste leku batzuen barruan ere, eta ez daude onura publikoko mendi, mendi babesle edo erabilera libreko mendi baten barruan. Eremua ez dator bat EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen Azterlanak definitutako egitura-elementuekin, eta ez da EAEko azpiegitura berdearen zati.
Aldakonea Pasaiako ikus-arrokoa da (465), paisaia-kalitate oso txikikoa, eta ez dago jasota EAEko Paisaia Berezien eta Bikainen Katalogoan. Eremuak kokatuta daudeneko paisaia-unitatea honela sailkatu da: «Hiri-eremua eremu antropogenikoan». Arroari paisaia-balio «oso txikia» esleitu zaio, batez ere inpaktu kaltegarriak daudelako, hala nola linea elektrikoak eta errepide-azpiegiturak (AP-8 eta GI-636). Eremua «oso egunerokotzat» jo daiteke, erabilera handiko garraio-azpiegituretatik eta biztanleek ugari erabiltzen dituzten hiri-eremuetatik oso erraz ikusten delako.
Gaur egun, Donostiako (Donostialdea – Bidasoa Beherea) Eremu Funtzionaleko Paisaiaren eta Zehaztapenen Katalogoa idatzita dago, eta Aldakoneko hegala paisaia-unitate honetan dago: BU.1 Donostiako badia.
Eremuak ez du kultura- edo natura-balio handiko aurkintza edo elementu garrantzitsurik, ez eta paisaiaren osagai nabarmenik ere. Paisaia-hauskortasuna ertain-apala da, Aldakoneko hegalaren goiko zatia izan ezik; izan ere, alde horren hauskortasuna ertaina da, muinoaren goialdean baitago.
Plan bereziaren eremuan ez da ondare arkitektoniko babestuko elementurik identifikatu. Ondare arkeologikoari dagokionez, «EG.08.1 Aldakoneko hegala» azpieremuaren ipar-mendebaldeko esparruak bat egiten du ustezko arkeologia-eremuarekin, hots, E9 motako babesa duen San Frantzisko komentuarekin (23. fitxa).
Zaratari dagokionez, Donostiako Udalak Zarataren Mapa eginda dauka, 2023ko urtarrilean onartu zena. Azterketa horren arabera, Donostiako hiriko zaratagune nagusia kaleak dira, biztanle kopuru handienari eragiten dion iturria izanik. Oro har, gaua da eperik txarrena, eraginpeko biztanle-kopururik handiena dagoelako erreferentziazko balioen gainetik. Hala ere, tren-zirkulazioaren kasuan, aldirik okerrena arratsaldea da.
Azterketaren xede den azpieremua babes akustiko bereziko eremu baten barruan dago, eta eremuko plan onartua dauka (Urumea eremuko plana). «EG.08.1 Aldakoneko hegala» azpieremuari dagokionez, plan berezia dela-eta espresuki egindako azterketa akustikoa kontuan hartuta (antolamendu xehatua zehazten da horretarako), ondoriozta daiteke, bai kanpoko zaratari dagokionez, bai etorkizuneko egoeran fatxadako zaratari dagokionez, kalitate akustikoko helburuak gainditzen direla aztertutako hiru aldietan, batez ere Aldakonea kaleak jasaten duten trafikoagatik eta inguruko iturrik ateratzen duten zaratagatik. Gauez erregistratu da balio murriztaileena, 59,7 dezibeliokoa; alabaina, erreferentziako legeriak bizitegi-erabileran ezartzen duen muga 50 dB(A) da. Fatxadako zaratak ez die eragingo lehendik dauden eraikinei, dagozkien erabileren arabera.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, planaren eremua bat dator kutsatuta egon daitezkeen lurzoru gisa inbentariatu diren hiru kokalekurekin. Mandasko Dukearen kaleko 3. zenbakian, inbentarioan sartutako beste lurzati bat dago (20069-00106 kodea), baina Planak ez dio eragiten.
Klima-aldaketari dagokionez, Donostiak EAEko udalerri guztien aldean duen posizio erlatiboa kontuan hartuta, nabarmendu behar da, giza osasunaren gaineko bero-boladei eta hiri-ingurunearen gaineko ibai-uholdeei dagokienez, eremuak dezil handia duela agertoki guztietarako. Itsas mailaren igoeraren ziozko uholdeei dagokienez, posizio erlatiboa nabarmen handitzen da egoera txarrenetan. Lehortearen gorakadak jarduera ekonomikoetan izan duen inpaktuan, arrisku-aldaketaren magnitudeak egonkor dirau, eta dezila oso txikia da.
Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da hauteman ibaien uholde-arriskugarritasunaren ziozko arazorik, ez akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handi edo oso handiaren ziozko arriskurik, ez eta sismikotasunetik, higadura-arriskutik, arrisku teknologikoetatik edo baso-suteetatik eratorritako arrisku handirik edo oso handirik ere; era berean, ez da antzeman salgai arriskutsuak errepidez, trenbidez edo SEVESO III Zuzentarauari loturiko enpresetatik gertu garraiatzearen ziozko arrisku handirik edo oso handirik.
Inpaktu nagusiak obra-fasean sortutakoak izango dira, lehendik dauden eraikinak eta egiturak eraistearen, eraikuntza- eta urbanizazio-obra osagarrien eta espazio libreak sortzearen ondorioz. Hala, jarduketen ondorioz lurzorua okupatuko da, makinak ibiliko dira, landaredia kenduko da, isuri atmosferikoak, hondeaketa-soberakinak, hondakinak eta isurketak sortuko dira eta zaratak aterako, eta beste eragozpen batzuk sortuko dira, airearen, uren eta lurzoruen kalitateari eragin diezaioketenak.
Ondare arkeologikoari gagozkionez, planari atxikitako urbanizazio-proiektuak, zehazki eremuaren mugikortasuna hobetzeko sarbide-sistema berriak, eragina izan dezake San Frantzisko komentuaren inguruan mugatu den babes-ingurunearen hedadura txiki batean, hura gauzatzeko lur-mugimenduak egin behar badira. Kasu horretan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearekin bat etorriz, aldez aurretik azterketa arkeologiko bat egin beharko da, eta, horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu beharko du proiektu arkeologiko bat egitea egokia den.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartutako hiru lurzatiei dagokienez, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko araudia beteko da. Obra-fasean behar diren lur-mugimenduek autonomia-erkidegoko ingurumen-organoaren aldez aurreko onarpena beharko dute, eta, hala badagokio, gaikako hondeaketa-plan bat.
Hondakinak eta eraispen-soberakinak sortzeari dagokionez, 78.000 m3 inguruko indusketa-bolumena aurreikusten da, eta 2.500 m3 inguruko betelan-bolumena; hortaz, 75.500 m3 inguruko soberakina sortuko da. Era berean, gaur egungo 57 etxebizitzak eta Mandasko Dukearen industria-pabiloiak eraisteak eraispen- eta eraikuntza-hondakinen bolumen handia sortuko du, eta hondakin horiek behar bezala sailkatu eta kudeatu beharko dira.
Ustiapen-fasean, oro har, hauekin lotutako eraginak espero dira: baliabideen eta energiaren kontsumoa handitzea, inguruko mugikortasuna handitzea, hiri-hondakinen sorrera areagotzea eta klima-aldaketaren gaineko ondorioak. Eragin esanguratsuenak eremuaren kalitate akustikoari lotutakoak izango dira; izan ere, etorkizuneko modelizazioaren emaitzek adierazten dutenez, bai kanpoko zaratari dagokionez, bai fatxadako zaratari dagokionez, kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dira aztertutako hiru aldietan, batez ere Aldakonea kalean jasaten den trafikoagatik eta inguruan dauden gainerako iturriek sorrarazitako inpaktuagatik.
Pentsatzekoa da, indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta bereziki zarata eta kutsadura atmosferikoari, urei, lurzoruei, hondakinei eta isurketei dagokienez, eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak.
Kontuan hartuta hori, eremuaren egungo egoera, indarrean dagoen plangintzari dagokionez planak proposatutako aldaketen ondoriozko jarduketak eta prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa, printzipioz, ez da jarduketa horietatik ingurumenean eragin nabarmenik izatea espero.
C) Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan ez ditzan eta Donostiako Egia auzoko «EG.08 Aldakonea» hirigintza-jarduketako «EG.08.1 Aldakoneko hegala» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharrik ez izateko, ebazpenean ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnen arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotzen denarekin bat etorriz.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei lotutako neurriak.
Planaren xede den azaleraren zati bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako hiru lurzatiren gainean dagoenez (Geoiker 20069-00105, 20069-00104, 20069-00132 kodeak), aurreikusitako jarduketek bat etorri beharko dute Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoarekin.
Ildo horretan, eremu horretan garatu nahi den edozein proiektu dela eta, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedurari hasiera eman beharko zaio, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada eta lege horren 24. edo 25. artikuluan araututako salbuespen-kasuren bat gertatzen ez bada. Horretarako, gauzatu beharreko lurzoruaren kalitatearen ikerketaren emaitzak aurkeztu beharko dira.
Prozedura hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak lurzoruaren kalitatearen deklarazioa eginez amaituko da.
Lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko entitateak egiaztatzeko sistema ezartzen duen urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera egiaztatutako entitateek egin beharko dituzte lurzoruaren kalitatearen ikerketak, eta ikerketa horien irismena eta edukia Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan kontsultatu ahal izango dute.
Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, 500 m3-tik gorako material-bolumena hondeatu behar bada, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko entitate egiaztatu batek egindako hondeaketa selektiboko plan bat aurkeztea, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean deskribatutako edukia jasota, eta ingurumen-organoak hura gauzatu aurretik onartzea.
Soberakinak hondakindegira eraman behar badira, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da hondakinon karakterizazioa.
Soberako materialak instalazio berean berrerabili nahi izanez gero, material horiek Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako B-EBA (aurreikusitako erabilerarako) baino balio txikiagoa izan beharko dute, eta lur horien hidrokarburo-edukia ez da arriskutsua izango. Horretarako, laginketa eta analisia entitate egiaztatu batek egin beharko du, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera.
Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako ebaluazioko balio-adierazleak (EBA-A) baino balio txikiagoak eta, TPH (Total Petroleum Hydrocarbons) direlakoetan, 50 mg/kg-tik beherako balioak dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.
Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Urak babesteko neurriak.
Eremua itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren eragin-eremuan dagoenez, Uraren Euskal Agentziaren txostenak adierazten du beharrezkoa izango dela pantaila arkitektonikoak sortzea edo bolumenak meta daitezen saihestea.
Bestalde, plan bereziaren dokumentazioan Hornikuntza eta Saneamendua Kudeatzen duen Entearen (Añarbeko Urak) txostena jaso beharko da, egon dauden azpiegituren nahikotasunari buruzkoa, plan berezian proposatutako garapen berrien ondoriozko hondakin-uren karga berrien zerbitzu egokia eta tratamendu egokia bermatzeko xedez.
Kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Aurreikusitako erabileretarako eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluaren arabera, ezin izango dela etorkizuneko hirigintza-garapenik egin kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe aipatutako dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Azterketaren xede den azpieremua babes akustiko bereziko eremu baten barruan dago, eta bere eremuko plana onartuta dago (Urumea eremuko plana). Donostiako Udalak deklaratu zuen 2017ko urtarrilean, aipatutako dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Deklarazio horrek bermatu beharko du gutxieneko edukia bat datorrela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluaren b) letran eta hurrengoetan adierazitakoarekin. Babes akustiko bereziko eremuari buruzko deklarazio horretan jasotako eremuko plana, zeinean teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren neurriak ezartzen diren, lehenik eta behin, kanpoko giroa babesteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 46-48 artikuluetan ezarritakoari egokituko zaio. Eremuko planean jasotako neurriak ezarri arren kalitate-helburuak betetzen ez badira, Toki Administrazioak egoera akustiko bereziko eremu izendatuko du eremua, eta helburu horiek betetzeko neurri osagarri berriak zehaztuko ditu.
Nolanahi ere, kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira eraikin sentikorren barrualdean –etxebizitza-, ospitale-, hezkuntza-, kultura-, erlijio- edo administrazio-erabilerak aintzat hartuta–. Horretarako, udalak auzi horren inguruko justifikazio-txostena egin beharko du, dagokion lizentzia eman aurretik, kanpoko giroa babesteko zuzenketa-neurriak ezertan eragotzi gabe.
Azkenik, planak ziurtatu beharko du, dagokion hirigintza-tresnaren hasierako onespena eman aurretik, azpiegituren zortasun akustikoen titular diren pertsonek edo entitateek nahitaezko txostena egin dutela kutsadura akustikoaren erregulazioari dagokionez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoaren arabera, plan berezia garatzeko egiten den eta Donostiako (Gipuzkoa) San Frantzisko Komentu Zaharreko balizko arkeologia-eremuaren (23. zk.) zati bat dagoen gunearen barruan lur-mugimenduak beharrezkoak dituen jarduketa orok (Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko irailaren 4ko Ebazpenaren bidez deklaratua) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan xedatutakoa jaso beharko du, Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoak zehazten dituen aurretiazko azterketa eta jarduera arkeologikoen bidez.
HAPB gauzatzeko beharrezkoa den aldez aurreko inpaktu arkeologikoaren azterketa egiteko, nahikotzat jotzen da eskuragarri dagoen planimetriaren eta jardun-eremuaren gainjartzean oinarritutako azterketa egitea. Horretarako, dokumentazio planimetriko xehatua dago, eta horren aurretiazko analisiak aukera ematen du komentuaren oinplanoa eta nekropolia aurkitzeko eta eragindako eremurainoko distantzia kalkulatzeko. Azterketa horretatik abiatuta, Kultura Ondarearen Zerbitzuak baloratzen dituen zuzenketa-neurriak proposatuko dira azterketan.
Gomendatzen da informazio planimetrikoa jasotzea HAPBren barruko dokumentazioan, eta kontuan hartzea hura garatzeko dokumentu hauetan. Horretarako, 2002ko memoria arkeologikoa kontsultatzeko eskatu ahalko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuaren arkeologia-artxiboan.
Obretan zehar aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsatzeko modua ematen duen zerbait aurkitzen bada, eremu horretako lanak bertan behera utziko dira prebentzioz, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren txostenek adierazten duten bezala, planaren inguruan dauden eta Hirigintza eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezian (HOEBPB) jasota dauden eraikinetan D mailako elementu babestu gisa (Mandasko Dukearen pasealekuko 11., 13., 23., 25., 27., 29. eta 37. zenbakiak) eragina izan dezakeen edozein jarduketak, nahiz eta jarduketa-eremutik kanpo egon, plan berezi horretan ezarritako babes-zehaztapenak bete beharko ditu.
Natura-ondareari lotutako neurriak.
Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak egindako txostenak adierazten duen bezala, HAPBeko alderdi hauek berrikusi behar dira:
– Hirigintzako araudiaren 3.1.1 artikuluan prebentzio- eta zuzenketa-neurriei buruzko aipamenak agertzen diren atalei buruzko aipamenak zuzentzea, neurri horiek, egiatan, ingurumen-dokumentu estrategikoaren 11. eta 12. ataletan jasotzen baitira.
– Prebentzio- eta zuzenketa-neurriak espresuki jasotzea hirigintza-araudian, neurri horiek hartzen eta garatzen direla bermatzeko, eta HAPBren ingurumen-integrazioari buruzko artikulu espezifiko bat edo batzuk txertatzeko eskatzea, ingurumen-dokumentu estrategikoak HAPB dela-eta zein hura garatzeko idazten diren proiektuetarako proposatzen dituen neurri guztiak espresuki jasota.
Ingurumena lehengoratzeari eta integratzeari lotutako neurriak.
Planak berariaz jaso beharko du plana garatzeko erabiliko den urbanizazio-/eraikuntza-proiektuak «zaharberritze-proiektu» bat izan behar duela. Proiektu horretan, proiektua gauzatzeak eragindako eremu guztiak jasoko dira, eta jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-mailarekin garatuko dira, aurrekontua ere jasota.
Espazio libreak Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua delakoaren arabera landareztatuko dira. Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen eskuliburu hori. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko, eta espezie autoktonoak erabiliko dira.
Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana.
Lehengoratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
– Obrak, eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (makinak, obrako txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak kontuan hartuta), ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Kontuan hartuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluaren arabera, ezingo dela etorkizuneko hirigintza-garapenik egin kanpoan kalitate akustikoaren helburuak (KAHak) betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Edonola ere, eraikinen barrualdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, erabileren eta eraikin motaren arabera.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoek agindutakoaren arabera.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinik ez sortzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, hondakinok kudeatu daitezela apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argiro etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-ontziak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar eta lanek dirauten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio-eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-fasean, ustekabeko isurketek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isurketekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Istripuzko isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak, garbigunea eta makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, eta, nolanahi ere, hornitze-lanak, lubrifikatzaile-aldaketak eta, oro har, makinen mantentze-lanak plataforma iragazgaitz baten gainean egingo dira.
– Airearen kalitatea babestea: ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketa-lanetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluak dioenari jarraikiz.
– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauek hartu beharko dituzte kontuan, gutxienez:
• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
• Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.
• Lurzoruaren erabilera. Lurzoru gutxiago okupatzea.
• Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea.
• Garraio-prozesuak gutxitzea, eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea, eta biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.
• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
– Beste alde batetik, trantsizio energetikoa babesteari eta klima-aldaketaren aurka jarduteari buruzko neurriei dagokienez, eraikuntza-proiektuak eta urbanizazio-proiektu osagarriak idazteko fasean, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legearen titulartasun publikoko azpiegitura eta ekipamenduei buruzko 40. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, eta erregai fosilen eta uraren kontsumoa murriztearen inguruko hautabideak balioetsiko dira, bereziki berotegi-efektuko zuzeneko eta zeharkako gasen emisioen ingurukoak, bai eta dagokion energia-kontsumoaren kostua ere.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez diren heinean, zehaztea ez dela aurreikusten Donostiako (Gipuzkoa) Egia auzoko «EG.08 Aldakonea» hirigintza-jarduketako «EG.08.1 Aldakoneko hegala» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik eragingo duenik, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri Donostiako Udalari ematea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako (Gipuzkoa) Egia auzoko «EG.08 Aldakonea» hirigintza-jarduketako «EG.08.1 Aldakoneko hegala» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada, gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehazten den moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 30a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS