Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2026ko azaroaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4673

102/2026 EBAZPENA, urriaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioa-Bilbao Bizkaia Kutxa Fundación Bancaria-rekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, BBK Urdaibai Zentroan Urdaibai ingurumen-hezkuntzako proiektuaren funtzionamendurako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, BBK Urdaibai Zentroan Urdaibai ingurumen-hezkuntzako proiektuaren funtzionamendurako. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 22a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 22KO 102/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BILBAO BIZKAIA KUTXA BANKU FUNDAZIOA-BILBAO BIZKAIA KUTXA FUNDACIÓN BANCARIAREN ARTEKOA, URDAIBAIKO INGURUMEN-HEZKUNTZAKO PROIEKTUAREN FUNTZIONAMENDUA ERAMATEKO BBK URDAIBAI ZENTROAN

Alde batetik: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatuz, Begoña Pedrosa Lobato, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua den aldetik, lehendakariaren ekainaren 24ko 26/2024 Dekretuaren bitartez (ekainaren 25eko EHAA, 124. zk.) egin zen izendapenak adierazten duenez (aurrerantzean, Eusko Jaurlaritza).

Eta bestetik: Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioa-Bilbao Bizkaia Kutxa Fundación Bancaria (aurrerantzean, BBK) –IFK: G-48412720; egoitza soziala: Kale Nagusia 19-21, Bilbao; inskripzioa: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa; erregistro-zenbakia: F-375–, eta haren izenean eta hura ordezkatuz Gorka Martínez Salcedo, entitatearen zuzendari nagusia, 2021eko otsailaren 3an Vicente María del Arenal Bilboko notarioaren aurrean emandako ahalordeari jarraikiz –protokolo-zenbakia: 188–.

Parte hartzen dute dauzkaten karguen arabera eta beren ahalmenak baliatuz, ordezkatzen dituzten entitateen izenean akordioak lortzeko, eta, hortaz, hau

AZALTZEN DUTE:

1.– 1982ko azaroaren 29an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta orduan Bilboko Udal Aurrezki Kutxa zenak (gaur egun BBK) hitzarmen bat sinatu zuten, Eskola Saiakuntzarako Zentroaren funtzionamendua eramateko BBKren jabetzakoa zen Sukarrietako Haur Udalekuan. Hitzarmenaren xedea zen, alde batetik, naturara hurbiltzea, komunikazioa eta bizikidetza girotuko zituen ingurumen fisiko eta pedagogiko bat eskaintzea Bizkaiko ikastetxeetako ikasleei, eta, bestetik, pedagogia aktibo bateko testuinguruan esperientzia pedagogikoak eta materialak lantzeko aukera ematea irakasleei.

2.– 2017ko irailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzaren eta BBKren artean sinatutako beste lankidetza-hitzarmen bat jarri zen indarrean, errealitate berrietara egokitzeko aurreko paragrafoan deskribatutako lankidetza-hitzarmena, igarotako denbora kontuan hartuta. Hitzarmen horrek 3 urteko iraupena zuen, eta, beraz, 2020ko irailaren 1ean amaitu zen haren indarraldia.

3.– 2020ko martxoaren 14an bertan behera utzi zen zentroaren jarduera, COVID-19ak eragindako alarma-egoeraren ondorioz, eta hitzarmena, 2020ko irailera arteko indarraldia zuena, berritu gabe geratu zen.

4.– 2021eko irailaren 22an, beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta BBK-k, berriro ekiteko Urdaibaiko ingurumen-hezkuntzako proiektuaren funtzionamendua eramateko lankidetzari. Hitzarmen horrek 3 urteko iraupena zuen, eta, beraz, 2024ko irailaren 22an amaitu zen haren indarraldia.

5.– Bederatzigarren klausularen arabera, hitzarmena 2025eko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki zen.

6.– Gaur egun, oraindik ere badago jatorrizko hitzarmena sinatzea eragin zuen premia, hau da, Bizkaiko ikastetxeetako ikasleei bitartekoak, baliabideak eta ezagutza eskaintzea ahalik eta modurik zabalenean hurbiltzeko eta ulertzeko natura eta ingurumena. Horrekin batera, ikasleei bizikidetza positibo bat izateko aukera ematea, taldearen kide izatearen sentimendua eta kohesioa garatuz egonaldian zehar. Gainera, euskararen erabilera sustatuko da ikasgelaz bestelako esparru, testuinguru eta agertokietan. Hala, gaur egun, ingurumen-hezkuntzako proiektu bat eskaini nahi zaie Bizkaiko ikastetxeei eta ikasleei, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa, ezagutza eta jarrera proaktiboak –banakakoak zein kolektiboak– sustatzeko jasangarritasunaren alde. Aldi berean, ingurumen-hezkuntzan eta metodologia aktiboetan prestatzeko aukera eskaini nahi zaie irakasleei.

7.– Azaldutakoa aintzat hartuta, alde biek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzaren eta BBKren arteko lankidetza- eta konpromiso-esparrua zehaztea, Urdaibaiko Ingurumen Hezkuntzako Proiektuaren (UIHP) funtzionamendua eramateari dagokionez.

Bigarrena.– Proiektuaren kokapena.

BBK Urdaibai Zentroan garatuko da Ingurumen Hezkuntzako Proiektua. Horretarako, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren zentroko instalazioak erabiltzen uzten du BBK-k, bi aldeek aldez aurretik adostutako plangintzaren arabera. Plangintza horretan, zer espazio erabili ahal izango den eta espazio horiek zein egun eta ordutan erabili ahal izango diren zehaztuko da, bermatzeko behar bezala garatu ahal izango dela ingurumen-proiektua eta bateragarria izango dela BBK-k zentroan gara ditzakeen beste programa batzuekin. Bi jarduerak bat etorriz gero, aldeek aldez aurretik adostutako baldintzetan gauzatuko da, eta une oro bermatuko da ingurumen-proiektuaren helburuak betetzen direla eta jarduerak behar bezala garatzen direla.

Hirugarrena.– Hitzarmenaren hartzaileak.

Hitzarmen honen xede den Ingurumen Hezkuntzako Proiektuaren hartzaileak Bizkaiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleak eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak izango dira, baita ikastetxe horietako irakasleak ere.

Laugarrena.– Proiektuaren ezaugarriak.

Ingurumen Hezkuntzako Proiektuak jasangarritasunera bideratutako hezkuntza sustatuko du, pertsonentzat eta gizartearentzat esanguratsua eta baliagarria izango dena, eta arreta berezia jarriko du ekintzan, balioetan oinarritutako hezkuntzan eta ingurumen-arazoak konpontzeko banakako eta taldekako parte-hartzean, ekologia, justizia soziala, ekitatea eta bizi-kalitatea integratzen saiatuz.

Astean lau eguneko egonaldietan egituratuko da proiektua. Hala ere, aldi hori aldatu ahal izango da bi aldeek hala adosten badute.

Era berean, jasangarritasunera bideratutako hezkuntza-modulu espezifikoetan, tailerretako jardueretan eta aisialdiko jardueretan antolatuko da proiektua.

Bosgarrena.– Aldeen konpromisoak.

Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailaren bidez, eta BBK-k konpromisoa hartzen dute hitzarmen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko eta baliabide ekonomiko zein teknikoak eta giza baliabideak jartzeko lankidetza-hitzarmenean jasotako jarduerak egiteko eta haren funtzionamendu egokia bermatzeko; bereziki, konpromiso hauek hartzen dituzte:

A) Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak:

1.– Urdaibaiko Ingurumen Hezkuntzako Proiektuaren zuzendaritza-taldea izendatuko du, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailekoak izango dira langile horiek. Zuzendaritza-taldea zuzendari pedagogikoak eta zenbait irakaslek osatuko dute. Proiektuaren hezkuntza-eremuko jarduerak egin, planifikatu, kudeatu eta gauzatzeaz arduratuko dira.

2.– Aipatutako talde pedagogikoko irakasleen eta bertaratutako ikastetxeetako irakasleen ardura izango da gosari eta bazkarietan ikasleak zaintzea. Ikasleak gauez zaintzeko ardura bertaratutako ikastetxeetako irakasleei baino ez dagokie.

3.– Proiektua garatzeko lankidetzak ezarri ahal izango dira proiektuaren zuzendaritza-taldearen eta Hezkuntza Sailaren beraren edo beste sail batzuen beste entitate, organo eta arlo batzuen artean, bai eta beste entitate batzuekin ere. Hezkuntza-esperientziak trukatzeko egingo da hori, betiere Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak proposamena baliozkotu badu. Hori guztia bere baliabide eta bitartekoekin, bere antolamenduaz baliatuz eta bere instalazioak erabiliz egin dezake, zentroko instalazioak programa hau eta BBK-k abiaraz ditzakeen beste batzuk garatzeko baino ez direlako erabiliko. Egin litezkeen lankidetza horiek ez dira izango lankidetza-hitzarmen honen zati, eta ez dute inolako eraginik izango hitzarmena garatu eta gauzatzeko orduan.

4.– Urtero, 149.000 euroko diru-kopurua bideratuko du proiekturako ekarpen orokor gisa, eta kopuru hori bat etorriko da Euskadiko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako izendatuta dagoen zenbatekoarekin; BBK izango da haren onuraduna. Zenbateko hori proportzionalki murriztu ahal izango da proiektua aldi baterako edo zati batean eteten bada, hitzarmen honen hamargarren klausulako bigarren paragrafoan aurreikusitakoari jarraikiz.

B) BBKren konpromisoak:

1.– BBK-k proiektuaren esku jarriko ditu proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren BBK Urdaibai Zentroko espazioak (ikasgelak, logelak, jantokiak...), hitzarmen honetan aurreikusitako baldintzetan. Espazio horiek erabilera esklusiboa izan dezakete, edo BBK-k garatutako beste hezkuntza-programa edo jarduera batzuekin partekatutakoa, ezarritako plangintzaren arabera, bermatzeko behar bezala garatu ahal izango dela ingurumen-proiektua, betiere hitzarmenean xedatutakoaren arabera.

2.– Profesional bat jarriko du proiektuaren hezkuntza-eremuko jarduerak egiten, planifikatzen eta kudeatzen laguntzeko, sinergiak bila daitezen BBK Klima proiektuarekin. Era berean, arratsaldeko ordutegia kudeatzeaz arduratuko da, tailerrak edo egonaldia osatuko duen besta jarduera batzuk antolatuz.

3.– Arduratuko da instalazioen mantentze-lanez, hornidurez, garbiketaz, ostatu emateaz, egonaldiaz eta otordu-zerbitzuaz, baita proiektuaren erabiltzaileak ikastetxetik BBK Urdaibai Zentrora eramateko eta ekartzeko garraioaz ere, eta bere kontura izango dira langintza horietatik eratortzen diren gastuak, hala nola zentroaren kudeaketak eta administrazioak sortzen dituenak. Jantoki-zerbitzuari dagokionez, BBK-k bere gain hartuko du proiektuan parte hartzen dutenen (ikastetxeetako ikasle eta irakasleen) mantenu osoa, bai eta zuzendaritza-taldearen (zuzendari pedagogikoaren eta taldea osatzen duten irakasleen) janari-zerbitzua ere.

4.– Proiektuaren eskura jarriko du gaur egun esleituta dagoen eta orain arte gauzatu den proiektuan erabili den ekipamendua. Bi entitateek onartu beharko dute ekipamendu berriak sartzea, eta entitate horiek erabakiko dute, une bakoitzean, zer baliabide jarri beharko dituen alde bakoitzak ekipamendu berri horiek sartzeko.

5.– Arratsaldeko jarduerak kudeatzeaz eta gauzatzeaz arduratuko da, arratsaldeko 17:00etatik 22:00tara astelehen eta astearteetan, eta 23:00etara arte asteazkenetan. Jarduera horiek proiektuaren osagarriak izango dira, eta tailerretako, aisialdirako eta denbora librerako espazioetan garatuko dira. Horretarako, beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak esleituko ditu BBK-k. Era berean, askari eta afarietan ikastetxeetako ikasleak zaintzeko behar diren langileak jarriko ditu. Kontrol eta Jarraipen Batzordeak adostuko ditu ordutegiak.

6.– BBK-k pertsona bat jarriko du ikastetxearen esku, 22:00etatik 08:00etara, ikastetxeetako ikasleekin batera etorri diren irakasleei laguntzeko gorabeheraren bat gertatuz gero.

7.– Espazio komunen erabilera arautuko du, hala nola aparkalekuena, lorategiena, aisialdi-eremuena, eta abar.

8.– BBK-k eta hitzarmen honen xedeetarako azpikontratatutako enpresa edo entitateek bermatu beharko dute ikasleekin harremanetan egongo diren langileek Sexu Delitugileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa dutela, indarrean dagoen araudiaren arabera. Atzerriko langileen kasuan, jatorrizko herrialdearen ziurtagiri baliokide bat eskatuko da, itzulita eta legeztatuta. Enpresa arduratuko da dokumentazio hori biltzeaz eta zaintzeaz, eta Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko du eskatzen zaionean.

9.– Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioak erantzukizun zibileko aseguru bat izango du indarrean eta ordainketa eguneratua, ezbehar eta urteko 18.000.000 euroko mugarekin, BBK Urdaibai Zentroan (UIHP), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin lankidetzan, garatzen ari den hezkuntza-proiektuaren ondorioz BBK-k jaso ditzakeen erreklamazioengatik. Erantzukizun zibileko aseguru horrek dituen gutxieneko estaldurak orokorrak eta lan-istripuenak dira. Proiektu horretan parte hartzen duen eragile guztiek (hau da, BBK-k, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, ikastetxeek eta proiektuan parte hartzen duen beste edozein entitate edo enpresak) indarrean eta ordainketak egunean mantendu beharko dute dagokien erantzukizun zibileko asegurua, agente horrek edo haren ordezkariek edo ordezkaritza hori eskuordetuta duten pertsonek proiektuan egiten dituzten lanak estaltzeko, bai eta hitzarmen, itun edo akordioen bidez xedatu behar dituzten aseguru guztiak ere. Era berean, BBK-k istripu-aseguru bat dauka BBK Urdaibai Zentroan (UIHP) garatzen den hezkuntza-proiektuaren parte hartzaile eta erabiltzaileentzat, berme hauek izango dituztela egonaldiak dirauen bitartean: Istripuaren ondoriozko heriotza: 12.000 euro; ezintasun iraunkor absolutua: 12.000 euro; ezintasun partziala, baremoaren arabera: gehienez 12.000 euro; istripuagatiko osasun-laguntza: gehienez 6.000 euro.

C) Eusko Jaurlaritzak eta BBK-k elkarrekin hartzen dituzten konpromisoak:

1.– Proiektu honek arrakasta izan dezan erakundeen laguntza behar duten jarduerak koordinatuko dituzte.

2.– Erabiltzaileek ordaindu beharko duten azken ekarpen edo kuota adostuko dute.

3.– Elkarrekin diseinatuko dute hezkuntza-proiektua, arratsalde-gaueko jarduerei dagokien zatian (tailerrak, aisialdia eta denbora librea, 17:00etatik 22:00etara). BBKren ardura izango da jarduerak kudeatzea eta gauzatzea. Bertaratutako ikastetxeetako irakasleen laguntza izango du, eta haiekin koordinatuko da jarduerak gauzatzeko.

4.– UIHP Proiektuaren Urteko Plana eta hitzarmenaren garapenaren Urteko Memoria egingo dituzte.

5.– Sinergiak sortuko dituzte UIHPren eta BBK Klima proiektuaren artean, klima-anbizioa, energia garbiak, ekonomia zirkularra, energia-eraginkortasuna eta eraikuntza jasangarria lantzeko, bai eta mugikortasun jasangarria eta zero kutsadura ere.

6.– Proiektua ezagutarazi eta sustatuko dute hitzarmen honen aplikazio-eremuan dauden ikastetxeetan.

7.– Jasangarritasun arloan, bi sinatzaileek lehen aipatutako proiektuaren zuzendaritza-taldearen prestakuntza bultzatuko dute, bai eta Bizkaiko ikastetxeetako irakasleena ere. Horretarako, BBK-k Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko ditu prestakuntza hori gauzatzeko behar diren espazioak, betiere gainerako proiektuak kontuan hartuta.

Seigarrena.– Kontrol eta Jarraipen Batzordea.

1.– Kontrol eta Jarraipen Batzordea sortzen da, eta hura izango da hitzarmen honetan jasotzen diren konpromisoak betetzearen zaintzaz arduratuko dena. Era berean, hura izango da hitzarmena egikaritzeaz eta kudeatzeaz arduratuko dena eta hitzarmenean jasota dauden helburuak betetzeko lankidetza eta koordinazio egokia landuko dituena, baita hura interpretatu eta gauzatzerakoan sor litezkeen desadostasunak konponduko dituena ere.

2.– Kontrol eta Jarraipen Batzordea sei kidek osatuko dute, hiru Eusko Jaurlaritza ordezkatuz eta hiru BBK ordezkatuz. Kide horiek entitate bakoitzak izendatuko ditu, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, pertsona hauek osatuko dute taldea: Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariak, Bizkaiko lurralde-ordezkariak eta ikastetxeko zuzendari pedagogikoak.

Batzordearen presidentetza, ikasturtez ikasturte, aldeetako bakoitzaren esku egongo da, txandaka, dagokion aldeko kide bat delarik presidente, BBK hasiz. Ikasturte bakoitzean eskuduna den aldeak izendatuko du presidentea izango den pertsona. Berdinketa izanez gero, kalitateko botoa izango du.

Idazkaritza ere txandakakoa izango da, eta ikasturte bakoitzean presidentetza ez duen aldeko kide bati egokituko zaio, eta alde horrek izendatuko du.

3.– Hauek dira Kontrol eta Jarraipen Batzordearen eginkizunak:

a) Hitzarmen honen garapena bermatzea eta garapen horretarako eskura dituen baliabideak jartzea.

b) Jasangarritasunera bideratutako hezkuntza-proiektuen edukia kalitatekoa dela eta proiektuaren hartzaile direnen adinerako egokituta dagoela zaintzea, bai jarduera akademikoei dagokienez, bai tailer eta jolas- zein animazio-jarduerei dagokienez.

c) Hitzarmenaren edukia eta aplikazioa interpretatzea.

d) Hitzarmenaren betetze- eta hobetze- mailak ebaluatzea.

e) UIHP Proiektuaren Urteko Plana eta hitzarmenaren garapenaren Urteko Memoria onartzea, eta sinatzaileei memoria horren berri ematea.

4.– Kontrol eta Jarraipen Batzordea sei hilean behin bilduko da, eta modu frogagarrian jaso beharko dira hartutako erabakiak.

5.– Era berean, Kontrol eta Jarraipen Batzordeak Batzorde Iraunkor bat izendatuko du Kontrol eta Jarraipen Batzordearen lan-organo gisa, batzorde horrek erabakitzen duen osaera izango duena.

Zazpigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Aldeek hitzematen dute hitzarmen honen helburutik eratorritako datu pertsonalen tratamendu-jarduerak abenduaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide. Digitalak Bermatzekoa) xedatutakoaren arabera egingo dituztela.

Hitzarmenean jasotako datu pertsonalen tratamenduaren helburu bakarra hitzarmena kudeatzea da, oinarri direla legezko betebeharra –(EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1 artikuluko c letra– eta interes publikoaren alde edo botere publikoak erabiltzearen alde egindako eginkizuna –(EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1 artikuluko e letra–, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legetik ondorioztatuta.

Hitzarmena aplikatzetik eratorritako datu pertsonalak Urdaibai ingurumen-hezkuntzako proiektuan ikasleek parte hartzeko inskripzioak kudeatzeko erabiliko dira, bai eta proiektuaren hezkuntza-eremuko jarduerak planifikatu, kudeatu eta gauzatzeko ere, oinarri direla legezko betebeharra –(EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1 artikuluko c letra– eta interes publikoaren alde edo botere publikoak erabiltzearen alde egindako eginkizuna –(EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1 artikuluko e letra–, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legetik ondorioztatuta. Horretarako, tratamendurako enkargu-akordio bat sinatu beharko dute aldeek, (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta hor adieraziko da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza dela tratamenduaren arduraduna, eta Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioa-Bilbao Bizkaia Kutxa Fundación Bancaria, berriz, tratamenduaren eragilea.

Zortzigarrena.– Publizitatea.

Komunikazio publikorako erabiltzen diren euskarri guztietan (inprimakiak, programak, kartelak, komunikazioak, webguneak, komunikabideetako partaidetzak, etab.) adieraziko da Eusko Jaurlaritzaren eta BBKren arteko lankidetza dagoela, baldintza berdinetan, Bizkaiko hezkuntza-komunitatearen zerbitzura dagoen jarduera hori bai abiarazteko, bai haren funtzionamendua eramateko.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena interpretatzeko araubidea.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, interpretatzeko eta garatzeko, aplikatzekoa den ordenamendu juridiko administratiboari jarraituko zaio, eta, zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeari.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta hiru urteko iraupena izango du. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, aldeek adostu ahal izango dute beste hiru urtez luzatzea; beharrezkoa izango da akordioa idatziz jasotzea eta luzapen horren baldintzak zehaztea.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, aldeek aukera izango dute hitzarmena aldi baterako edo zati batean eteteko BBKren instalazioak mantendu edo hobetzeko obrak egin bitartean, baldin eta obra horiek egiten diren bitartean ezin badira bermatu instalazioen erabiltzaileentzako beharrezko ongizate-baldintzak.

Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren suntsiarazpena.

Arrazoi hauen ondorioz suntsiarazi ahal izango da hitzarmen hau:

1.– Aldeetako edozeinek berariaz salatzen badu, hitzarmenaren indarraldia amaitu baino gutxienez sei hilabete lehenago. Kasu horretan, aldeek konpromisoa hartzen dute fede onez eta adostasunez negoziatzeko jardueraren amaiera, jardueraren oinarri diren hezkuntza- eta gizarte-printzipioekin bat etorriz.

2.– Aldeek ez badituzte betetzen beren gain hartutako betebeharrak; elkarren arteko desadostasunez ere suntsiarazi ahal izango da.

3.– Adostasunik lortzen ez bada adostasuna beharrezkoa duten eta hitzarmen honetan jasota dauden gaietan.

4.– Aldeek hala adostu dutenean, baldintza horien baitan.

5.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan ezarritako gainerako arrazoiren bat gertatzen bada.

6.– Indarrean dagoen ekitaldiren batean dirulaguntza izendunik ematen ez bada edo aurrekontu-gordailu nahikorik ez badago horretarako.

Eta hori guztia jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, hitzarmen hau sinatzen dute, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Egoitza elektronikoa, 2026ko urriaren 13a.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioaren zuzendari nagusia,

GORKA MARTÍNEZ SALCEDO.


Azterketa dokumentala