
212. zk., 2026ko azaroaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (306 KB - 36 orri.)
- EPUB (136 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4672
AGINDUA, 2026ko urriaren 19koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoaren estatutuen aldaketa onartzen duena.
2024ko martxoaren 27an, orduko Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailean sartu zen Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoaren izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera.
Estatutuak aldatzeko erabakia 2024ko martxoaren 18an onartu zen, elkargo horretako Gobernu Batzordearen ezohiko batzar orokorrean, organo horretako idazkariak emandako ziurtagirian jasota dagoen bezala.
Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak ordezkatzen duen lanbidearen arloko eskumena duen Osasun Sailaren eta Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluaren nahitaezko txostenak jaso ziren. Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzari txostena eskatu eta eman zitzaion.
Txosten horietan proposatutako aldaketa gehienak egin ondoren, Elkargoak estatutuen ondoriozko testua aurkeztu du.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkideagoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, Tituludun Lanbideen, Profesionalen Elkargoen eta Profesionalen Kontseiluen Erregistroaren Erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikuluan eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren egitura oganiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2020 Dekretuaren 11.1.m) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1 n) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Tituludun Lanbideei eta Profesionalen elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33 artikuluan eta otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoa izeneko elkargoaren estatutuetan egindako aldaketa onartzea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Aldatutako estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, agindu honen eranskin gisa, eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu honek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak eta haren aurka, amaiera ematen baitio administrazio-bideari, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernanza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 19a.
Gobernanza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
ERANSKINA
BIZKAIKO MEDIKUEN ELKARGOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
IZENA, EGOITZA ETA LURRALDE-EREMUA
1. artikulua.– Izena, egoitza eta eremua.
Bizkaiko Lurralde Historikoko mediku tituludunen lanbide-elkargoak –lurralde historiko hori da haren eskumeneko lurralde-eremua– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoa (CMB-BME) du izena, eta egoitza Bilbon du, Lersundi kaleko 9. zenbakiko eraikinean. Egoitzaren kokapena aldatu ahal izango da, Zuzendaritza Batzordearen proposamenez, Elkargoaren osoko bilkurako organoak hala erabakitzen duenean. Era berean, sukurtsalak ezarri ahal izango ditu Bizkaiko Lurralde Historikoko hainbat tokitan.
II. KAPITULUA
IZAERA, ORDEZKARITZA ETA DERRIGORTASUNA
2. artikulua.– Izaera, ordezkaritza eta derrigortasuna.
1.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoa (CMB-BME) zuzenbide publikoko korporazioa da, Lanbide Elkargoei buruzko Lege Orokorraren babesean eratua; egitura demokratikoki eratuak, ordezkaritza-izaera eta nortasun juridiko propioa ditu. Estatuko Administraziotik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziotik independentea da, eta ez da haien parte, haiekin izan behar dituen zuzenbide publikoko harremanei kalterik egin gabe.
2.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME) gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu, bere jarduera-eremuan, bere helburuak betetzeko.
3.– Elkargoari dagokio, bere lurralde-eremuan, mediku-lanbidearen ordezkaritza instituzionala izatea, bere eskumenen esparruan elkargokideen lanbide-jarduera antolatzea eta haien lanbide-interesak defendatzea, bai eta bere lurralde-eremuan medikuntzako profesionalek ematen dituzten zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea ere.
4.– Indarrean dagoen Estatuko araudiak hala ezartzen duen bitartean, ezinbestekoa izango da Elkargoan izena ematea eta elkargokide izatea Bizkaiko lurraldean mediku-lanbidean jarduten duten Medikuntzako lizentziadun eta graduatu guztientzat eta Medikuntza eta Kirurgiako lizentziadun guztientzat, edozein jarduera-modalitatetan, bai beren kontura, bai administrazio publikoen, haien mendeko erakundeen edo beste edozein erakunde publiko nahiz pribaturen zerbitzura. Lanbidean jarduten ez dutenek ere borondatez eskatu ahal izango dute elkargokide izatea, baldin eta Medikuntzako lizentziatura- edo gradu-titulua edo Medikuntza eta Kirurgiako lizentziatura-titulua badute.
3. artikulua.– Nortasun juridikoa.
1.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME), bere jarduera-eremuan, nortasun juridiko propioa du, Estatuko Administraziotik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziotik independentea; ez da haien parte, haiekin izan behar dituen harremanei kalterik egin gabe.
2.– Elkargoaren legezko ordezkaritza, epaiketan zein epaiketatik kanpo, lehendakaritza duen pertsonari dagokio. Pertsona horrek behar diren ahalorde orokorrak edo bereziak emateko legitimazioa izango du, Zuzendaritza Batzordeak aldez aurretik erabakia hartuta.
III. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOEKIKO HARREMANAK
4. artikulua.– Administrazioekiko harremanak.
1.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME), bere helburuak lortzeko, administrazio publikoekin izango ditu harremanak, estatukoekin nahiz nazioartekoekin, zuzenean edo egon daitezkeen lanbide-erakundeen bitartez.
2.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME), zuzenean edo Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren nahiz Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluaren bitartez, nahitaezko txostenak emango ditu lanbide-eginkizunen baldintza orokorrei eragiten dieten arau-proiektuei buruz; baldintza horien artean egongo dira jarduera-eremua, eskatzen diren titulu ofizialak eta beste lanbide batzuekiko bateraezintasunen araubidea.
3.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME) administrazio-organoetan parte hartuko du, haiek arautzen dituzten arauetan ezarritako baldintzetan, baldin eta organo horiek Elkargoaren lurralde-eremuan mediku-lanbidearen eginkizunen baldintza orokorrei eragiten dieten gaiak aztertzen badituzte.
IV. KAPITULUA
ELKARGOAREN HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK
5. artikulua.– Funtsezko helburuak.
Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME), bere lurralde-eremuan, indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkion eskumen guztiak bere gain hartzen ditu, bai eta administrazio eskudunek eskuordetzen dizkioten bestelako administrazio-eginkizunak ere, aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzetan.
Elkargoak zainduko du lanbidean lehia askearen araubidean jarduten dela, eta zerbitzuen eskaintzari, ordainsarien finkapenari eta zerbitzuak emateko gainerako baldintzei dagokienez, Lehia Defendatzeko Legea betetzen dela.
6. artikulua.– Elkargoaren berezko eginkizunak.
Berariaz, honako eginkizun hauek dagozkio bere jardun-eremuan:
1.– Medikuntzako lanbidearen jarduna antolatzea, bere eskumenen esparruan eta legeek ezarritakoaren arabera. Horretarako, elkargokide izateko sarbide-sistemak eta kideen lanbide-gaitasuna aldian-aldian egiaztatzeko eta aitortzeko prozedurak eta betekizunak ezarri ahal izango ditu, betiere medikuntzako lanbidea arautzen duten legeek babesten badituzte.
2.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoko (CMB-BME) medikuak ordezkatzea era guztietako erakunde eta entitate publiko zein pribatuen aurrean.
3.– Bere eremuan, lanbidea ordezkatzea eta defendatzea administrazioen, erakundeen, auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean; lanbide-interesei eragiten dieten auzietan alderdi izateko legitimazioa izatea eta, legearen arabera, eskaera-eskubidea baliatzea.
4.– Medikuntzan legez jarduteko baldintzei edo haren eginkizunei buruzko lege-proiektu eta xedapen guztien gaineko informazioa ematea, zuzenean edo Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluaren eta/edo Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren bitartez; besteak beste, jardun-eremuari, eskatzen diren titulu ofizialei, bateraezintasunen araubideari eta, tarifek edo arantzelek arautzen dutenean, ordainsarien araubideari buruzkoa.
5.– Dagokien lanbide-tituluak egiaztatzea eta erregistratzea; elkargokideen identifikazio-datu pertsonalak, lanbide-titulazioa eta informazio hobea izateko beharrezkotzat jotzen diren gainerako datuak jasoko dituen artxiboa edukitzea; medikuntzaren jardunarekin lotutako azterlan, proiektu eta proposamenetarako egokitzat jotzen diren estatistikak egitea; eta Elkargoak egindako ikus-onespenak edo erregistroak jasotzea.
6.– Unibertsitateetako patronatuetan ordezkaritza izatea.
7.– Ikasketa-planak prestatzen parte hartzea; medikuntzako lanbideari dagozkion irakaskuntza-zentroen antolaketa-arauei buruzko txostenak egitea eta zentro horiekin etengabeko harremana izatea; eta profesional berriak lanbide-jardunean sartzea errazteko behar den informazioa prestatzea.
8.– Erakunde publiko eta pribatuen aurrean sustatzea, defendatzea eta bultzatzea medikuek kalitatezko medikuntza egiteko baliabide egokiak izan ditzaten.
9.– Justizia-auzitegiei, korporazio ofizialei eta pertsona fisiko nahiz juridikoei aholkuak eta laguntza ematea, legeak aurreikusitako moduan.
10.– Elkargokideen tributazioari eragiten dioten gai guztietan esku hartzea, zuzenean edo Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluaren eta/edo Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren bitartez, Lanbide Elkargoei buruzko Legean eta zerga-ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera.
11.– Medikuen lanbide-ordainsariak eztabaidagai dituzten prozedurei buruzko txostenak egitea, eta elkargokideak askatasunez eta berariaz eskatzen duenean, hartzekoak, ordainsariak edo lanbide-sariak kobratzeaz arduratzea.
12.– Administrazioaren aholku-kontseilu edo -erakundeetan parte hartzea, medikuntzako lanbidearen eskumeneko gaietan.
13.– Legeen arabera, auzitegiei auzietan peritu-lanak egiteko eska dakiekeen elkargokideen zerrenda ematea edo, hala dagokionean, perituak izendatzea.
14.– Lanbidearen printzipio etikoak eta lege-printzipioak babestea eta betearaztea; dagozkion arau deontologikoak prestatzea, eta arau horiek betetzen direla eta partikularren eskubideak errespetatzen direla zaintzea.
15.– Lanbide- eta elkargo-arloan diziplina-ahala erabiltzea, arau deontologikoak urratzen dituzten elkargokideen jokabideak zehatuz, eta ezarritako zehapenak betearaztea.
16.– Gizarte-hedabideek medikuntzaren aurrerapen zientifikoki egiaztatuak zabaltzen dituztela eta egiazkoa ez den propaganda edo publizitate orokorra saihesten dutela zaintzea.
17.– Elkargokideen arteko adostasuna eta lankidetza sustatzea, eta kolektiboaren barruan lehia desleiala eragoztea.
18.– Lanbide-intrusismoa saihesteko neurriak hartzea.
19.– Lege orokorrak eta bereziak, lanbide-estatutuak, barne-araubideko erregelamenduak eta elkargoko organoek beren eskumenen barruan hartutako arauak eta erabakiak betetzea eta elkargokideei betearaztea.
20.– Elkargokideen intereseko jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea, lanbide-, prestakuntza-, kultura-, laguntza- eta aurreikuspen-arlokoak nahiz antzeko beste batzuk, eta horien finantza-iraunkortasunerako behar diren baliabideak jartzea.
21.– Erretiroan, gaixorik, baliaezintasun-egoeran edo alarguntasunean dauden medikuen gizarte-babesa sustatzea eta horretan laguntzea eta parte hartzea; halaber, desgaitasun fisikoa eta/edo psikikoa duten edo umezurtz diren seme-alabena eta antzeko beste ekimen batzuena.
22.– Elkargokideentzako egokitzat jotzen diren aholkularitza-zerbitzuak antolatzea eta eskaintzea.
23.– Elkargokideen lanbide-gaitasuna mantentzeko eta hobetzeko etengabeko medikuntza-prestakuntzako sistemak sustatzea, zuzenean edo unibertsitatearekin, espezialitate mediko-kirurgiko bakoitza ordezkatzen duten sozietate zientifikoekin eta/edo beste entitate batzuekin lankidetzan.
24.– Elkargoaren jardunean euskararen normalizazioa sustatzea.
25.– Elkargokideen bizi-kalitatea hobetuko duten era guztietako zerbitzuak emateko ekimenak sustatzea eta bultzatzea, zuzenean nahiz zeharka, Elkargoari lotutako sozietateen titulartasunaren edo partaidetzaren bidez edo beste entitate batzuekin akordioak, itunak eta hitzarmenak eginez.
26.– Botere publikoekin eta herrialdeko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea osasuna babesteko eskubidea gauzatzeko, osasun-laguntzaren eta medikuntzaren jardunaren arauketa eraginkor, bidezko eta ekitatiboa sustatuz; eta kolektibitatearen interes orokorrak defendatzen eta babesten parte hartzea, medikuen jarduera profesionalaren hartzaile den aldetik.
27.– Herritarrei osasuna sustatzearekin eta defendatzearekin lotutako gaietan aholkuak ematen laguntzea.
28.– Bitartekaritza sustatzea eta garatzea, eta nazioko nahiz nazioarteko arbitraje-eginkizunak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
29.– Elkargokideei eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio-eskaerei erantzutea, bai eta Europar Batasuneko estatu kide bateko agintari eskudunek egindako ikuskapen- edo ikerketa-eskaerei ere, zerbitzu-jardueretara askatasunez iristeari eta haietan jarduteari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitakoaren arabera. Bereziki, informazio-eskaerak eta kontrol-, ikuskapen- eta ikerketa-jarduketak behar bezala arrazoituta egotea eta lortutako informazioa eskatu zen xederako soilik erabiltzea bermatuko da.
30.– Elkargokideek ematen dituzten zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babesteko onuragarriak diren gainerako eginkizun guztiak.
7. artikulua.– Eskuordetutako eginkizunak.
1.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME) EAEko, lurralde historikoetako eta toki-erakundeetako administrazio publikoen berezko eginkizunak bete ahal izango ditu, administrazio horietako organo eskudunek hala xedatzen dutenean.
2.– Era berean, aurreko apartatuan aipatutakoak ez diren beste administrazio publiko batzuen eginkizunak eta nazioko edo nazioarteko erakunde publiko edo pribatuen eginkizunak ere bete ahal izango ditu, hala ezartzen duen ebazpen, akordio edo hitzarmen baten bidez.
3.– Eskuordetutako eginkizunak eskuordetze-xedapenean, -hitzarmenean edo -akordioan aurreikusitako irismenarekin eta lurraldeetan beteko dira.
V. KAPITULUA
ELKARGOAREN JAKINARAZPENAK
8. artikulua.– Jakinarazpenak.
1.– Estatutu hauetan besterik xedatu ezean, jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez egingo dira. Nahitaez egingo dira bitarteko horien bidez elkargokideen eskubide eta betebeharrei buruzko izapide, jarduketa eta jakinarazpen guztiak. Horretarako, elkargokide bakoitzak jakinarazpen telematikoetarako helbide bat eman eta eguneratuta eduki beharko du.
2.– Nolanahi ere, jakinarazpenak baliozkoak izango dira, baldin eta honako hauek egiaztatzen badira: bidali edo eskuragarri jarri direla; hartzailearen gailuetara iritsi direla edo hartzaileak nahiz haren ordezkariak jaso edo eskuratu dituztela; dagozkien egunak eta orduak; eduki osoa, eta jakinarazpena bidali eta jaso dutenen identitate fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztagiria espedientean sartuko da.
3.– Jakinarazpena paperean nahiz bitarteko telematikoen bidez egin, Elkargoak abisu bat bidaliko du hartzaileak jakinarazitako gailu telematikora, jakinarazpena Elkargoaren egoitza elektronikoan edo gaitutako bitarteko telematikoan eskuragarri dagoela adierazteko. Abisu hori ez bidaltzeak ez du eragotziko jakinarazpena erabat baliozkotzat jotzea.
4.– Hartzaileari bide bat baino gehiagotatik jakinarazten bazaio, lehenengo egindako jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
5.– Bitarteko telematikoen bidezko jakinarazpenak Elkargoaren egoitza elektronikoan agertuz, gaitutako helbide elektronikoaren bidez edo gaitutako sistema telematikoaren bidez egingo dira, Elkargoak xedatutakoaren arabera.
6.– Artikulu honen ondorioetarako, egoitza elektronikoan agertzea da hartzaileak edo behar bezala identifikatu behar duen haren ordezkariak jakinarazpenaren edukira sartzea.
7.– Bitarteko telematikoen bidezko jakinarazpenak egintzat joko dira haien edukira sartzen den unean.
8.– Bitarteko telematikoen bidezko jakinarazpena nahitaezkoa denean edo hartzaileak berariaz aukeratu duenean, baztertutzat joko da jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik hamar egun natural igaro badira haren edukira sartu gabe.
9.– Hartzaileak edo haren ordezkariak administrazio-jarduketa baten jakinarazpena baztertzen badu, espedientean jasoko da, jakinarazteko ahaleginaren inguruabarrak eta erabilitako bitartekoa zehaztuta; izapidea balioz egintzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du.
10.– Prozeduren gehieneko iraupen-epearen barruan jakinarazteko betebeharra betetzat joko da jakinarazpena Elkargoaren egoitza elektronikoan, helbide elektronikoan edo gaitutako bitarteko telematikoan eskuragarri jartzen denean. Jakinarazpen horrek, gutxienez, ebazpenaren testu osoa eta behar bezala egiaztatutako jakinarazpen-ahalegina jasoko ditu.
II. TITULUA
GOBERNU-ORGANOEN ERAKETA, FUNTZIONAMENDUA ETA DEIALDIA
I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA
9. artikulua.– Izaera.
1.– Batzar Nagusia izeneko osoko organoa elkargokide guztiek osatzen dute, eta elkargoaren ordezkaritzako organo subirano gorena da. Zuzendaritza Batzordeak bere jardunaren berri eman beharko dio. Batzar Nagusiaren erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat. Erabakiak pertsonen botoen gehiengo soilez hartuko dira, legeak edo estatutu hauek ezarritako beste gehiengo batzuei kalterik egin gabe.
2.– Batzar Nagusiari honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Zuzendaritza Batzordearen jarduna gainbegiratzea.
b) Estatutuak eta erregelamenduak onartzea eta aldatzea.
c) Elkargoaren aurrekontua eta kontuak onartzea.
d) Zuzendaritza Batzordeko edozein kideren aurkako zentsura-mozioa onartzea edo ezestea.
e) Ondasun higiezinak besterentzea.
f) Legeek, erregelamenduek eta estatutuek esleitzen dioten beste edozein ahalmen.
10. artikulua.– Osaera.
1.– Batzar Nagusia elkargokide guztiek osatuko dute.
2.– Batzar Nagusiak bere eginkizunak konpromisarioen batzar baten esku utzi ahal izango ditu, erregelamendu bidez ezartzen den prozedurarekin bat etorriz.
II. KAPITULUA
BATZAR MOTAK ETA HAIEN FUNTZIONAMENDUA
11. artikulua.– Batzar motak.
Batzar Nagusiak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke.
12. artikulua.– Ohiko Batzarra.
Ohiko Batzartzat hartuko da honako gai hauek eztabaidatzeko xedea duena:
a) Hala badagokio, Zuzendaritza Batzordearen kontuak, aurrekontua eta kudeaketa-memoria onartzea.
b) Elkargokideek aurkeztu eta gai-zerrendan sartzeko onartu diren proposamenak.
c) Gai-zerrendan jasotako beste edozein gai.
13. artikulua.– Ezohiko Batzarra.
Ohikoa ez den batzar oro ezohikotzat hartuko da.
Nolanahi ere, Ezohiko Batzar Nagusia deituko da honako kasu hauetan:
a) Estatutuak aldatzeko.
b) Zentsura-mozioa onartzeko edo ezesteko.
14. artikulua.– Batzarren aldiberekotasuna.
Ezohiko Batzar Nagusia Ohiko Batzar Nagusiaren egun berean egin ahal izango da, hura amaitu eta berehala.
15. artikulua.– Deialdia.
Zuzendaritza Batzordeak urtean behin gutxienez deituko du Ohiko Batzar Nagusia, gutxienez aurrekontuak, Elkargoaren kontuak eta Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa-memoria onesteko.
Zuzendaritza Batzordeak bere ekimenez edo elkargokideen ehuneko bostek gutxienez idatziz eskatuta deituko du Ezohiko Batzar Nagusia.
1.– Deialdi publikoa gutxienez hamabost egun natural lehenago egingo da, eta Zuzendaritza Batzordearen Osoko Bilkurak ezarritako gai-zerrenda jasoko du. Salbuespenez, Zuzendaritza Batzordeak eskatuta, gutxienez zazpi egun lehenago deitu ahal izango da Batzarra, eztabaidatu nahi den gai-zerrenda adierazita.
2.– Deialdia egiten denetik bilera egin baino hiru egun lehenagora arte, elkargokide guztiek idatziz eskatu ahal izango dute interes orokorreko gaiak gai-zerrendako galde-eskeen atalean sartzeko.
3.– Batzarrerako deialdia egin aurretik, elkargokideen gutxienez % 5ek gai bat gai-zerrendan sartzeko eskaera egin ahal izango du. Eskaera idatziz aurkeztu beharko da, eta sartu nahi den gaia, eskaera babesten duten elkargokide guztien izen-abizenak, elkargokide-zenbakiak, elkargokide-txartelen fotokopiak eta sinadurak adierazi beharko dira.
16. artikulua.– Eratzeko quoruma.
Batzarra balio osoz eratuta geratuko da lehen deialdian boto-eskubidea duten deitutako pertsonen erdiak gehi bat bertaratzen badira; bigarren deialdian, ordu erdi geroago egingo denean, bertaratutakoen kopurua edozein dela ere.
17. artikulua.– Batzarraren lehendakaritza eta idazkaritza.
1.– Batzarreko buru Elkargoko lehendakaria izango da, eta, hura ez badago, lehendakariordea. Lehendakariorde bat baino gehiago badaude, izendapenean ezarritako hurrenkera jarraituko da; horiek ere ez badaude, Zuzendaritza Batzordeko antzinatasun handieneko elkargokidea izango da buru.
2.– Batzarraren idazkari-lanak Elkargoko idazkariak egingo ditu; hura ez badago, idazkariordeak, eta, azken hori ere ez badago, Zuzendaritza Batzordeak ordezko izendatzen duen pertsonak.
18. artikulua.– Batzarreko mahaia eta bertaratuen zerrenda.
1.– Batzarreko mahaia honako hauek osatuko dute:
a) Lehendakariak.
b) Idazkariak.
c) Diruzainak.
d) Zuzendaritza Batzordeak izendatutako haren kideek.
2.– Batzarreko mahaia eratu ondoren, bertaratuen zerrenda egingo da, eta haien nortasuna edozein prozeduraren bidez egiaztatu ahal izango da. Idazkariak adieraziko du Batzarra eratzeko eskatutako betekizunak betetzen diren ala ez. Horri buruzko zalantzak edo erreklamazioak mahaiak ebatziko ditu; berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du.
19. artikulua.– Batzarraren zuzendaritza eta garapena.
1.– Batzarra zuzentzea lehendakariari dagokio, idazkariaren laguntzarekin.
2.– Gai-zerrendako puntuak banan-banan aztertu eta bozkatuko dira; mahaiak puntuen hurrenkera aldatu ahal izango du.
3.– Lehendakariak eztabaidak zuzenduko ditu, hitza eman eta kenduko du, eta Batzarraren ordena egokia bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu.
4.– Lehendakariak edo idazkariak ohartaraziko die hitz egiten ari direnei beren esku-hartzerako denbora gainditzen badute, eztabaidagai den gaitik aldentzen badira, pertsonen ohoreari edo izen onari kalte egiten dioten jarrerak edo adierazpenak badituzte, edo bileraren ordena eta ohiko garapena eragozten badute. Ohartarazpena egin arren elkargokideak jokabide horri eusten badio, hitza kendu ahal izango zaio, baita Batzarretik kanporatzea erabaki ere.
20. artikulua.– Informazioa jasotzeko eskubideak.
1.– Elkargokide orok idatziz eskatu ahal izango ditu gai-zerrendako gaiei buruz beharrezkotzat jotzen dituen argibideak, Batzarra egin baino bi egun baliodun lehenago.
2.– Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuak eta aurrekontua elkargokideen eskura jarriko ditu, Batzarra egin aurreko hamabost egun naturaletan Elkargoaren egoitzan azter ditzaten.
3.– Lehendakariak Batzarreko kide ez diren hirugarren pertsonak bertaratzeko eskatu ahal izango du, gai-zerrendako alderdiren bati buruz informazioa eman dezaten, eztabaidagaiak hobeto ezagutzeko egokitzat jotzen denean.
Artikulua.– Erabakiak hartzea.
1.– Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, Estatutuetan bestelako gehiengoak aurreikusten diren kasuetan izan ezik. Berdinketa gertatuz gero, Batzarreko lehendakariaren kalitatezko botoa nagusituko da.
2.– Batzarrean eskuordetutako botoa ez da baliozkoa izango.
22. artikulua.– Batzarren aktak.
1.– Batzarreko idazkaritza-lanak egiten dituenak bilkuraren akta egingo du. Akta batzarrak berak onartu ahal izango du bilera amaitzean; bestela, hilabeteko epean, batzarreko lehendakaritzak eta idazkaritzak eta bertaratutako elkargokideen artetik borondatez aurkezten diren bi pertsonak onartu ahal izango dute.
2.– Modu horietako edozeinetan onartutako aktak betearazpen-indarra izango du onartzen den egunetik aurrera.
III. KAPITULUA
ZENTSURA-MOZIOA
23. artikulua.– Zentsura-mozioa.
Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak izan daitezke zentsura-mozioaren xede, banaka nahiz batera.
1.– Agintaldiaren lehen urtean ezin izango da zentsura-moziorik aurkeztu.
2.– Elkargokideen % 5ek aurkeztu ahal izango dute zentsura-mozioa, idatziz; Batzorde Iraunkorreko karguen kasuan, ordea, % 10 eskatuko da.
3.– Idazki horretan zehaztu beharko dira mozioaren xede den kargua edo karguak, bai eta aurkezpena babesten duten elkargokideen izen-abizenak, elkargokide-zenbakiak, elkargokide-txartelen fotokopiak eta sinadurak ere. Halaber, jakinarazpenetarako bi ordezkari izendatuko dira idazki horretan.
4.– Zentsura-mozioa nahitaez aztertuko da horretarako deitutako elkargokide guztien Ezohiko Batzar Nagusian, eta onartzeko emandako botoen gutxienez bi heren beharko dira. Botoa sekretua izango da, eta ezin izango da eskuordetu.
24. artikulua.– Estatutuak aldatzea.
1.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoaren (CMB-BME) estatutuak aldatu ahal izango dira Zuzendaritza Batzordearen proposamenez edo eskaera egiten den unean inskribatuta dauden elkargokide guztien % 25en proposamenez. Horretarako, aldaketa-proiektua aurkeztu beharko da, eta harekin batera proiektua babesten duten elkargokideen izen-abizenak, elkargokide-zenbakiak, elkargokide-txartelen fotokopiak eta sinadurak. Azken kasu horretan, aldaketa-proiektua aurkezten duen medikuen kolektiboak pertsona horietako bat izendatu beharko du ordezkari, haren izen-abizenak eta elkargokide-zenbakia berariaz adierazita.
2.– Proiektua elkargokideei aurkeztuko zaie, argitaratzen denetik hilabeteko epean egoki iritzitako zuzenketak egin ahal izan ditzaten.
Zuzenketetan, aurkezlearen izen-abizenak eta elkargokide-zenbakia, proposamenaren deskribapen argia eta haren justifikazio laburra jaso beharko dira. Epe hori amaituta, ezin izango da proiektuari beste zuzenketarik aurkeztu, ezta horretarako deitutako batzarrean ere.
3.– Proiektua eta, halakorik balego, aurkeztutako zuzenketak berariaz ezohiko bilkuran deitutako Batzar Nagusiaren gai-zerrendan sartuko dira.
4.– Aurkeztutako zuzenketak eztabaidatuko dira, eta banan-banan onartu edo baztertuko dira. Ondoren, horren ondoriozko proiektuaren testu osoa bozkatuko da.
5.– Estatutuen aldaketa egoitza-helbidea aldatzera mugatzen denean, Zuzendaritza Batzordearen ohiko bilkuran onartu ahal izango da.
6.– Estatutuen aldaketak onartu ondoren, Zuzendaritza Batzordeari dagokio eskumena duten erakunde publikoen aurrean erregistratzeko behar diren izapideak egitea.
7.– Erakunde horiek proposatutako funtsezko edozein aldaketa berriro onartu beharko da Ezohiko Batzar Nagusian.
IV. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOA
1. atala
Zuzendaritza Batzordea
25. artikulua.– Organo eratzaileak.
1.– Gobernu-organoa osatzen dute osoko bilkurak edo Zuzendaritza Batzordeak eta Zuzendaritza Batzordean txertatutako Batzorde Iraunkorrak.
2.– Zuzendaritza Batzordeak Elkargoa zuzendu eta administratzen du, Batzar Nagusiaren erabakiak betearazten ditu, eta estatutu hauek eta legeek esleitzen dizkioten diziplina-ahala eta gainerako eginkizunak betetzen ditu.
26. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea.
1.– Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatuko dute:
a) Lehendakari bat.
b) Lehendakariordeak: elkargoaren jarduera garatzeko behar adina, gehienez lau; hurrenkera-zenbakiz izendatuko dira.
c) Idazkari bat.
d) Idazkariorde bat.
e) Diruzain bat.
f) Batzordekideak: elkargoaren jarduera garatzeko behar adina, gehienez hamar. Batzordekideen kopurua, izena eta hautagarritasun-baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kideak elkargokide guztien artetik hautatuko dira, estatutu hauetan ezarritako baldintzak betez, sufragio unibertsal, aske, zuzeneko eta sekretuaren bidez.
27. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.
1.– Batzorde Iraunkorra honako hauek osatuko dute:
a) Lehendakaritza betetzen duen pertsonak.
b) Lehendakariordetzak betetzen dituzten pertsonek.
c) Idazkaritza betetzen duen pertsonak.
d) Diruzaintza betetzen duen pertsonak.
e) Idazkariordetza betetzen duen pertsonak.
2.– Pertsona horiez gain, Zuzendaritza Batzordeak izendatzen dituen haren kideak ere Batzorde Iraunkorreko kide izan ahalko dira.
28. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.
Zuzendaritza Batzordeari dagozkio, besteak beste, eginkizun hauek:
a) Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedura sustatzea.
b) Bere eskumeneko gaiak Batzar Nagusiari proposatzea.
c) Elkargoko kuotak eta haien aldaketak ezartzea.
d) Elkargoaren aurrekontua eta kontuak prestatzea.
e) Elkargokideen gaineko diziplina-ahala baliatzea.
f) Osoko bilkurari laguntzea.
g) Hauteskunde orokorretarako deialdia egitea.
h) Legeek, erregelamenduek eta estatutuek esleitzen dioten beste edozein ahalmen, beste gobernu-organo batzuei berariaz esleitu ez bazaie.
29. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen bilerak.
1.– Zuzendaritza Batzordea gutxienez hiruhilekoan behin bilduko da, eta, nolanahi ere, lehendakaritzak deitzen duenean edo Zuzendaritza Batzordeko kideen gutxienez % 20k eskatzen duenean.
2.– Deialdia idazkaritzaren bidez egingo da. Lehendakaritzak finkatuko du deialdiarekin batera bidali beharreko gai-zerrenda, gutxienez bost egun naturaleko aurrerapenarekin.
3.– Egoerak hala eskatzen duenean, lehendakaritzak edozein unetan deitu ahal izango du Zuzendaritza Batzordea premiaz, 24 orduko aurrerapenarekin.
4.– Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira lehen deialdian, kideen gehiengoa bilerara bertaratzen denean; bigarren deialdian, berriz, bertaratutakoen kopurua edozein dela ere. Bozketan berdinketa gertatuz gero, lehendakaritzaren kalitatezko botoak erabakiko du. Zuzendaritza Batzordeak zehapenak ezartzeko, bertaratutako kideen bi herenen adostasuna beharko da.
5.– Kideek nahitaez bertaratu beharko dute bilkuretara; justifikaziorik gabe jarraian hiru bileratara edo tartekatutako sei bileratara ez joateak berekin ekarriko du kargua Zuzendaritza Batzordearen esku uztea.
6.– Zuzendaritza Batzordeak edozein elkargokide edo aholkulari gisa jardun dezakeen beste edozein pertsona gonbidatu ahal izango du bileretara, botorik gabe.
7.– Hartutako erabakien akta egingo du idazkariak, eta bilkura berean edo hurrengo lehen bilkuran onartu beharko da. Akta lehendakaritza eta idazkaritza betetzen duten pertsonek sinatu beharko dute.
30. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren bilerak.
1.– Batzorde Iraunkorra lehendakaritzak deituta bilduko da, gaiek hala eskatzen dutenean edo bertako hiru kidek idatziz eskatzen dutenean.
2.– Batzorde Iraunkorrak edozein elkargokide edo aholkulari gisa jardun dezakeen beste edozein pertsona gonbidatu ahal izango du bere bileretara, botorik gabe.
3.– Erabakiak Zuzendaritza Batzordearen erabakietarako aurreikusitako moduan hartuko dira.
2. atala
Zuzendaritza Batzorderako hauteskundeak
31. artikulua.– Hautagarri izateko betekizunak.
1.– Elkargoko edozein kargutarako hautagarri izateko, honako betekizun hauek bete beharko dira:
a) Bizkaiko Lurralde Historikoan elkargokide den pertsona fisikoa izatea.
b) Lanbidean jardunean egotea.
c) Elkargoarekiko betebehar guztiak egunean izatea.
d) Legezko edo estatutuetako debeku edo ezgaitasunen baten eraginpean ez egotea.
e) Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoaren (CMB-BME) Hauteskunde Errolda Orokorrean inskribatuta egotea.
2.– Batzordekide izateko, gainera, hautagaitza aurkezten den batzordekidetzaren erroldan agertu beharko da.
3.– Erretiratutako medikuen ordezkari izateko, ez da beharrezkoa izango lanbidean jardunean egotea.
4.– Batzorde Iraunkorreko karguetarako, aurreko betekizunez gain, honako hauek ere eskatuko dira:
a) Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko mailan laguntza sanitario kolektiboko sozietateen, sindikatuen edo gizarte-aurreikuspeneko erakundeen zuzendaritzan erantzukizunik ez izatea.
b) Diziplina-zehapenik jaso ez izana edo, jaso izanez gero, estatutu hauetan ezarritako baldintzetan ondoren birgaitua izana.
5.– Elkargoko Zuzendaritza Batzordeko kide izatea bateraezina izango da Gobernuko edo Estatuko, autonomia-erkidegoko, tokiko nahiz erakunde-administrazioko eta haien organismo autonomoetako edozein kargu publikorekin.
32. artikulua.– Hauteskundeen deialdia eta hautatzeko modua.
Zuzendaritza Batzordeko karguetarako hauteskunde-prozedura eta haren betekizunak estatutu hauetan eta ezartzen den erregelamenduan xedatutakoaren arabera arautuko dira.
1.– Zuzendaritza Batzordeak egingo du hauteskundeetarako deialdia, behar den publizitatea emanez eta hauteskundeak egiteko baldintzak eta epeak zehaztuz. Hautagaitzak aurkezteko 30 egun naturaleko epea emango da eta, ondoren, Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak aldarrikatu eta gero, bozketa egiteko 20 eta 30 egun arteko epea ezarriko da.
2.– Hauteskundeetarako deialdia egitearekin batera, Zuzendaritza Batzordeak hauteskunde-errolda itxiko du, jendaurrean jarriko du eta hautagaitzak aldarrikatu arteko epea emango du erroldaren aurkako aurkaratzeak aurkezteko. Era berean, Hauteskunde Batzordea izendatuko da; batzorde horrek hauteskunde-prozesu osoa kontrolatu eta burutuko du, eta proposatutako hautagai bakoitzak aurreko artikuluan adierazitako hautagarritasun-baldintzak betetzen dituela egiaztatuko du.
3.– Hauteskunde Batzordeko kideek ezin izango dute Zuzendaritza Batzorderako hautagaitzarik aurkeztu, ezta jarduneko Zuzendaritza Batzordeko kide izan ere; eta ezin izango diote karguari uko egin, jarduneko Zuzendaritza Batzordearen iritziz bidezko arrazoirik ez badago.
4.– Elkargoak deialdiaren berri emango die organo eskudunei.
5.– Hautaketa elkargoko errolda osatzen duten elkargokide guztien boto aske, zuzeneko eta sekretuaren bidez egingo da.
33. artikulua.– Hautagaiak eta hautagaitzen onarpena.
1.– Hautagaiek Hauteskunde Erroldan agertu beharko dute eta, gainera, estatutu hauetako 31. artikuluan adierazitako betekizunak bete eta Hauteskunde Batzordeari idatziz eskatu beharko diote.
2.– Ezarritako epearen barruan, hala nahi duten elkargokideek beren hautagaitza aurkeztu ahal izango dute, erregelamenduz ezarritako moduan.
34. artikulua.– Hauteskunde-prozedura.
Ez da hauteskunderik egin beharko hautagai-zerrenda bakarra aurkeztu eta aldarrikatu bada.
1.– Zuzendaritza Batzordeko kideak bozketa bidez hautatuko dira, eta botoa emateko eskubidea duten elkargokide guztiek parte hartu ahal izango dute. Botoa aurrez aurre, posta ziurtatu bidez edo bitarteko telematikoen bidez emateko aukera gaitu ahal izango da. Aurrez aurreko botoa gaituta badago, boto horrek baliogabetu egingo du postaz edo bitarteko telematikoz emandakoa.
2.– Botoa emateko eskubidea pertsonala da eta ezin da eskuordetu.
35. artikulua.– Agintaldiaren iraupena eta kargua uzteko arrazoiak.
1.– Hautatutako zuzendaritza-kargu guztien agintaldia lau urtekoa izango da, eta berriz hautatuak izateko aurkeztu ahal izango dira.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kideek honako arrazoi hauengatik utziko dute kargua:
a) Hautatuak izan ziren aldia amaitzea.
b) Interesdunak karguari uko egitea.
c) Gobernuko edo Estatuko, autonomia-erkidegoko nahiz erakunde-administrazioko betearazpen-izaerako kargu baterako izendatua izatea.
d) Kargu publikoetarako desgaikuntza dakarren epai irmo baten bidez kondenatua izatea.
e) Birgaitu gabeko arau-hauste larri edo oso larri batengatik diziplina-zehapen irmoa jasotzea.
f) Estatutu hauetako 31. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan adierazitako hautagarritasun-baldintzak galtzea.
g) Batzar Nagusiak zentsura-mozio bat onartzea.
h) Gerora sortutako ezintasuna edo heriotza.
3.– Zuzendaritza Batzordeko kideen erdiak baino gehiagok kargua hutsik uzten badute, hauteskunde berriak deitu beharko dira.
4.– Zuzendaritza Batzordeko kideen gutxienez heren batek, baina gehienez erdiak, kargua hutsik uzten badu, eta hutsik geratutako karguetako bat Lehendakaritzarena bada, agintaldiaren lehen erdian gertatuz gero hauteskunde berriak deituko dira; bigarren erdian gertatuz gero, Lehendakariordetzan dagoen pertsonak agintaldia amaituko du, ohiko hauteskundeak deitu arte.
5.– Artikulu honen 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoa salbu, Zuzendaritza Batzordeak hutsik geratutako karguak bete ahal izango ditu, izendapen askearen bidez edo hautaketara aurkeztuz.
V. KAPITULUA
ELKARGOKO KARGUAK
36. artikulua.– Lehendakaritza.
1.– Lehendakariak, Elkargoaren ordezkaritza duen aldetik, lege- eta erregelamendu-xedapenak betetzen direla zainduko du; Zuzendaritza Batzordearen erabakiak, Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluak emandakoak eta, hala badagokio, Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak emandakoak betearaziko ditu; eta legeek, erregelamenduek eta Estatutuek ematen dizkioten ahalmen eta eginkizun guztiak beteko ditu.
2.– Horrez gain, Estatutu hauetan beste organo bati berariaz esleitu ez zaizkion eginkizunak betetzea dagokio.
3.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, Lehendakaritzan dagoen pertsonari honako hauek dagozkio:
a) Zuzendaritza Batzordearen eta batzarren erabakiak betearaztea; horretarako, ordezkaritza-ahalmen zabalena izango du, organo eskudunek eman ditzaketen eskuordetzei kalterik egin gabe.
b) Elkargoa ordezkatzea egintza publiko eta pribatu guztietan.
c) Zuzendaritza Batzordearen eta Batzorde Iraunkorraren bilerak deitzea eta haietan buru izatea.
d) Zuzendaritza Batzordearen eta batzarren eztabaidak eta deliberazioak zuzentzea, kideen esku-hartzeak sistematizatuz eta ordenatuz; esku-hartze bakoitzaren iraupena ere zehaztu ahal izango du, parte-hartzea ahalbidetu eta arintzeko.
e) Zuzendaritza Batzordearen eta Batzorde Iraunkorraren bileretako gai-zerrendak prestatzea.
37. artikulua.– Lehendakariordetzak.
1.– Lehen lehendakariordetzan dagoen pertsonak Lehendakaritzak esleitzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu, eta haren eginkizunak bere gain hartuko ditu absentzia, gaixotasuna, abstentzioa edo errekusazioa gertatuz gero. Lehendakaritza hutsik geratzen bada, lehen lehendakariordeak Lehendakaritza beteko du agintaldia amaitu arte.
2.– Lehendakariordetza bat baino gehiago badago, kargu bakoitzak Lehendakaritzak edo Zuzendaritza Batzordeak esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu.
38. artikulua.– Idazkaritza.
Estatutu hauetatik eta indarrean dauden xedapenetatik eratortzen diren gainerako eginkizunez gain, Idazkaritzan dagoen pertsonari honako hauek dagozkio:
a) Elkargoaren egintza guztietarako deialdi-ofizioak, ziurtagiriak, ofizioak eta Idazkaritzaren gainerako agiriak idaztea eta izapidetzea, eta, Lehendakaritzarekin batera, beharrezkoak direnak baimentzea.
b) Batzar Nagusien eta Zuzendaritza Batzordeak osoko bilkuran nahiz Batzorde Iraunkorrean egiten dituen bileren aktak idaztea, bertaratutako kideak adierazita; dagozkien akta-liburuetan jasotzea, eta Lehendakaritzarekin edo, hala badagokio, dagokion pertsonarekin batera sinatzea.
c) Ziurtagiriak ematea, eta lanbide-agiriak kautotzea eta erkatzea.
d) Urtero bere eskumen-eremuko memoria idaztea, urteko gorabeherak jasota; memoria hori Ohiko Batzar Nagusian irakurri beharko da.
e) Batzarraren eta Zuzendaritza Batzordearen bileretan, gai-zerrendaren arabera eztabaidatu beharreko gaien berri ematea.
f) Elkargoaren artxibo osoa bere zaintzapean edukitzea.
39. artikulua.– Idazkariordetza.
Zuzendaritza Batzordeak erabakitakoaren arabera, Idazkariordetzan dagoen pertsonak Idazkaritzan dagoenari lagunduko dio lanean, eta haren eginkizunak bere gain hartuko ditu absentzia, gaixotasuna, abstentzioa, errekusazioa, kargu-hutsunea edo eskuordetzea gertatuz gero.
40. artikulua.– Diruzaintza.
1.– Diruzaintzako kargurako izendatutako pertsonari dagokio Elkargoaren kontabilitatea behar bezala eramateko beharrezko neurriak hartzea.
2.– Diruzainak urtero prestatuko ditu aurrekontua, urteko kontuak eta Diruzaintzaren memoria, Batzar Nagusiak onar ditzan.
41. artikulua.– Batzordekidetzak.
Batzordekide hautatutako pertsona bakoitzari dagokio bere batzordekidetzaren ordezkaritza, bai eta Zuzendaritza Batzordeak esleitzen edo eskuordetzen dizkion eginkizunak betetzea ere.
Batzordekidetzek lanbidean jarduteko modalitate eta modu bera izanik arazo komunak dituzten elkargokideak biltzen dituzte.
42. artikulua.– Izena eta eginkizunak.
Erregelamendu bidez ezarriko dira batzordekidetzen kopurua eta izena, bai eta batzordekide izendatutako pertsonen hautagarritasun-baldintzak eta eginkizunak ere.
VI. KAPITULUA
DEONTOLOGIA BATZORDEA ETA BESTE BATZORDE BATZUK
43. artikulua.– Deontologia Batzordearen eraketa.
Deontologia Batzorde bat egongo da, gutxienez sei elkargokidek osatua. Zuzendaritza Batzordeak izendatuko ditu kide horiek, baita batzordeburua ere.
1.– Deontologia Batzordeko kide izateko, Batzorde Iraunkorreko kideei eskatzen zaizkien hautagarritasun-baldintza eta bateraezintasun-araubide berberak bete beharko dira. Horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Gutxienez bost urteko elkargokidetza izatea.
b) Zuzendaritza Batzordeko kide ez izatea.
2.– Izendatu ondoren, karguaz jabetuko dira, eta beren artetik idazkari bat aukeratuko dute. Kargua onartu ondoren, pertsona horrek arrazoi justifikatuengatik edo izendatu zuen Zuzendaritza Batzordeak kargutik kentzeagatik baino ez du kargua utziko.
3.– Batzordean hutsunerik sortuz gero, ordezko pertsona bat izendatu beharko da, aurretik ezarritako prozedura berari jarraituz.
4.– Deontologia Batzordearen funtzionamenduari eta barne-araubideari dagokienez, haren erregelamendu berezian xedatutakoa beteko da; erregelamendu hori Zuzendaritza Batzordeak onartu beharko du.
5.– Zuzendaritza Batzordeak Deontologia Batzordeko kideak kargutik kendu ahal izango ditu, ebazpen arrazoitu baten bidez, honako arrazoi hauengatik:
a) Beren eginkizunak bertan behera uztea.
b) Deontologiako arau-hauste batengatik zehapena jaso izana.
c) Lanbide-erantzukizunagatik prozedura judizial batean kondenatua izan izana.
d) Zuzendaritza Batzordeko kide hautatua izatea.
e) Kargua behar den arduraz ez betetzea.
f) Deontologia Batzordeko buruak proposamen arrazoitua egitea.
g) Konfiantza galtzea.
44. artikulua.– Deontologia Batzordearen eginkizunak.
Deontologia Batzordearen eginkizunak honako hauek dira:
a) Zuzendaritza Batzordeari aholkuak eta laguntza ematea, hark hala eskatzen duenean, batzordearen eskumeneko gai eta auzi guztietan.
b) Diziplina-prozedura guztietan, Zuzendaritza Batzordeak hala eskatzen duenean, aurretiaz eta isilpean txostena egitea, eta egokitzat jotzen duen proposamena aurkeztea, estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera.
c) Etikaren eta deontologiaren arloan lanbide-jarduna hobetzeko ekintzak proposatzea.
45. artikulua.– Deontologia Batzordearen aktak eta txostenak.
1.– Deontologia Batzordearen erabakiak aktan jaso beharko dira.
2.– Deontologia Batzordeak Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu beharko dizkio jasotzen dituen salaketa eta auzi guztiei buruzko irizpenak eta txostenak, gehienez ere hiru hilabeteko epean, salbu eta Zuzendaritza Batzordeak, arrazoiak emanda, epe hori luzatu edo laburtzen badu.
46. artikulua.– Beste batzorde batzuk.
Zuzendaritza Batzordeak Elkargoaren funtzionamendua hobetzeko eta elkargoaren interesak egokiago zerbitzatzeko komenigarritzat jotzen dituen batzorde eta lantalde guztiak eratzea erabaki ahal izango du, eta haien funtzionamendu-araubidea, eginkizunak eta xedea zehaztuko ditu.
III. TITULUA
ELKARGOKIDETZA
47. artikulua.– Elkargokide izateko betebeharra.
1.– Bizkaiko Lurralde Historikoan mediku-lanbidean jarduteko, edozein modalitatetan, publikoan zein pribatuan, ezinbestekoa izango da Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoan (CMB-BME) sartzea. Ondorio horietarako, lanbide-jardueratzat hartuko da mediku-zerbitzuak modalitate desberdinetan ematea, baldin eta horretarako lizentziatura- edo gradu-titulua beharrezkoa bada edo betekizun gisa eskatzen bada.
2.– Elkargokide izatea eskatu gabe lanbidean diharduen medikuari zehapena ezarriko zaio, legean eta estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.
3.– Kasu horietan, gainera, ofizioz elkargokidetuko da, pazienteen bermea eta segurtasuna zaintzeko.
48. artikulua.– Inskripzioa.
1.– Lanbidean bakarrik edo nagusiki Bizkaiko Lurralde Historikoan jarduten denean, nahitaezkoa da aldez aurretik inskribatzea; inskripzioa Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoan (CMB-BME) formalizatuko da.
2.– Lanbidean jarduten ez duten medikuek ere Elkargoan inskribatzea eskatu ahal izango dute, estatutuetan ezarritako izaera eta baldintzekin.
3.– Artikulu honetan eta aurrekoan aipatzen den Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoko (CMB-BME) inskripzioak ez dio kalterik egingo elkargokidetza bakarrari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoari.
49. artikulua.– Elkargokidetza-eskaera.
1.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoan (CMB-BME) onartua izateko, eskaerarekin batera dagokion jatorrizko lanbide-titulua edo haren kopia erkatua aurkeztu beharko da, baita Zuzendaritza Batzordeak erabakitako gainerako agiriak edo administrazio-betekizunak ere.
2.– Eskatzailea beste probintzia bateko elkargo batetik badator, jatorrizko elkargoak emandako alta- edo baja-ziurtagiria ere aurkeztu beharko du, dagokionaren arabera. Ziurtagiri horretan adieraziko da elkargoko kuoten ordainketa egunean duen eta egiaztatuko da ez zaiola lanbidean jarduteko aldi baterako edo behin betiko desgaikuntzarik ezarri.
3.– Eskatzaileak adieraziko du lanbidean jarduteko asmorik duen, non jardungo duen eta zer modalitatetan; halaber, agintaritza eskudunak ofizialki emandako edo aitortutako espezialista-tituluak aurkeztuko ditu.
4.– Zuzendaritza Batzordeak gehienez ere hilabeteko epean hartuko du elkargokidetza-eskaerari buruz egokitzat jotzen duen erabakia. Epe horretan beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egingo ditu, eta eskatzaileari agiri eta azalpen osagarriak eskatu ahal izango dizkio.
5.– Medikuntzako gradua amaitu berri duten eta oraindik gradu-titulua jaso ez duten medikuei Zuzendaritza Batzordeak behin-behineko elkargokidetza eman ahal izango die, baldin eta interesdunak dagokion titulua emateko eskubideak ordaindu dituela egiaztatzen duen unibertsitatearen ordainagiria aurkezten badu. Titulua jasotakoan, Elkargoan aurkeztu beharko du erregistratzeko; une horretatik aurrera, elkargokidetza behin betikoa izango da.
6.– Atzerriko medikuen elkargokidetzari dagokionez, aurrekoaz gain, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoa beteko da.
50. artikulua.– Elkargokidetza ukatzea. Errekurtsoak.
1.– Elkargokidetza-eskaera honako kasu hauetan ukatuko da:
a) Sartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako agiriak nahikoak ez direnean edo haien zilegitasunari buruzko zalantzak daudenean eta agiriok osatu edo zuzendu ez direnean; edo elkargokidetzarako beharrezkoak diren datuak eta agiriak faltsutu direnean.
b) Eskatzaileari epai irmo bidez zigorra ezarri bazaio eta zigor horrek eskaera egiteko unean lanbidean jarduteko desgaitzen badu.
c) Eskaera aurkeztean eskatzailea lanbidean jarduteko etenda edo desgaituta badago, diziplina-neurri baten ondorioz.
2.– Aurreikusitako epean Zuzendaritza Batzordeak elkargokidetza ukatzea erabakitzen badu, ukatzeko erabakiaren datatik hurrengo hamabost egunetan jakinaraziko dio interesdunari, erabakiaren arrazoiak eta haren aurka jar daitezkeen errekurtsoak adierazita.
3.– Ukapen-erabakiaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluari. Ukapen-erabakiaren aurka, interesdunak administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo ahal izango du.
51. artikulua.– Onarpenaren ondorengo izapideak eta elkargoko baja.
1.– Eskatzailea onartu ondoren, dagokion identifikazio-txartela emango zaio, eta espediente bat irekiko da, haren aurrekariak eta elkargoko zein lanbideko jarduera jasotzeko. Elkargokideak une oro eman beharko ditu aurrekari horiek eguneratuta mantentzeko beharrezko datuak.
2.– Elkargoko baja honako arrazoi hauengatik gerta daiteke:
a) Interesdunaren beraren ekimenez.
b) Kuotak behin eta berriz ez ordaintzeagatik, aldez aurretik horretarako errekerimendua eginda, estatutuetan xedatutakoaren arabera.
c) Lanbidean jarduteko eskatutako betekizunak ez betetzeagatik.
d) Estatutuetan eta legean jasotako beste edozein arrazoirengatik.
3.– Ezin izango da elkargoko baja izapidetu, baja eskatzen den unean:
a) Elkargokidearen aurkako salaketaren bat izapidetzeke badago.
b) Informazio-espediente edo diziplina-espediente bat izapidetzen ari bada, edozein fasetan.
c) Edozein motatako zehapen bat betetzeko edo betearazteko badago.
52. artikulua.– Elkargokide motak.
1.– Estatutu hauen ondorioetarako, honela sailkatuko dira elkargokideak:
a) Jardunean daudenak.
b) Jardunean ez daudenak.
c) Ohorezkoak.
d) Kide ospetsuak.
e) Ohorezko kideak.
f) Areilza doktorearen bereizgarria dutenak.
2.– Jardunean dauden elkargokideak medikuntzan edozein modalitatetan aritzen direnak izango dira.
3.– Jardunean ez dauden elkargokideak izango dira Medikuntza eta Kirurgiako lizentziatura, Medikuntzako lizentziatura edo Medikuntzako gradua izanik, Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoko (CMB-BME) kide izan nahi dutenak baina lanbidean jarduten ez dutenak.
Kategoria horretako kideek erretiro-, baliaezintasun- edo pareko egoera bateko pentsioa jasotzen badute, elkargoko kuotak ordaintzetik salbuetsita egongo dira, egiaztagiriak aurkezten dituzten unetik.
4.– Hirurogeita hamar urte bete dituzten medikuak ohorezko elkargokide izango dira. Kolektibo hori elkargoko kuotak ordaintzetik salbuetsita egongo da.
Ohorezko elkargokide izateko, ezinbestekoa izango da elkargoko kuoten ordainketa egunean izatea.
5.– Kide ospetsuaren izaera izango dute, medikuntzako profesionalak izan zein ez, beren lanbide-jardueraren alderdiren batean bereziki nabarmendu direnek edo osasun-sistema hobetzen nahiz mediku-lanbidearen irudia hobeto balioesten lagundu dutenek. Kategoria hori ohorezkoa baino ez da izango, eta Zuzendaritza Batzordearen osoko bilkurak erabakiko du.
6.– Ohorezko kide izango dira, medikuntzako profesionalak izan zein ez, mediku-lanbidearekin lotutako lan nabarmen eta merezimenduzkoa egin duten pertsonak. Kategoria hori ohorezkoa baino ez da izango, eta Batzar Nagusiak erabakiko du, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta.
7.– Areilza doktorearen bereizgarria Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoaren (CMB-BME) funtzionamendu egokia eta hobekuntza sustatzen nabarmen lagundu duten pertsonei emango zaie.
Bereizgarri hori jaso ahal izango dute bai elkargokideek, bai CMBko langileek, bai beste pertsona eta erakunde batzuek.
Bereizgarria domina batek eta egiaztapen-diploma batek osatuko dute.
53. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
Elkargokideek honako eskubide hauek izango dituzte:
a) Elkargoaren kudeaketan parte hartzea eta, beraz, eskaera egiteko eskubidea, botoa emateko eskubidea eta zuzendaritzako lanpostu eta karguetara iristeko eskubidea baliatzea, estatutu hauetan araututako baldintzetan.
b) Elkargoaren babesa eskatzea, lanbidean jarduteagatik irainak edo jazarpena jasaten dituztenean, edo agintaritzen, auzitegien nahiz erakunde publiko edo pribatuen aurrean oinarridun erreklamazioak aurkeztu behar dituztenean, baita lanbide-jardunaren ondorioz sortzen diren desadostasunetan ere. Prozedurak eragindako gastuak babesa eskatu duen elkargokidearen kontura izango dira, Zuzendaritza Batzordeak kontrakoa erabaki ezean.
c) Lanbidean jarduteko mugarik ez izatea, salbu eta jarduna deontologia-arau egokietatik aldentzen denean edo jarduna arautzen duten estatutu hauetako arauak urratzen direnean.
d) Legeetan, estatutu hauetan edo baliozkotasunez hartutako erabakietan ezarritakoak ez diren bestelako elkargo-kargarik ez jasatea.
e) Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME) argitaratzen dituen argitalpenak eta zirkularrak jasotzea.
f) Oro har, Elkargoak unean-unean eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzea, betiere ordainketak egunean badituzte.
54. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
Elkargokideek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Estatutu hauetan xedatutakoa eta Elkargoko gobernu-organoek hartutako erabakiak betetzea.
b) Medikuntzako Etika eta Deontologia Kodearen printzipio eta edukiekin bat etorriz jardutea.
c) Elkargoko kuoten eta bidezko gainerako betebehar ekonomikoen ordainketa egunean izatea.
d) Lanbidean jardunean dauden bitartean erantzukizun zibileko asegurua kontratatuta edukitzea, eta Elkargoak eskatuz gero, hori egiaztatzea.
e) Elkargoarekiko eta gainerako elkargokideekiko harremanetan leialtasun handienaz jardutea, eta lanbide-jardunean lankideren batek jasandako irain edo gehiegikerien berri izanez gero, Elkargoari jakinaraztea.
f) Lanbidearekin lotuta betetzen dituzten karguak eta estatutuen edo legeen arabera nahitaez jakinarazi beharreko datuak Elkargoari jakinaraztea, espediente pertsonaletan eta legezko erregistroetan jasota gera daitezen.
g) Elkargoko espedientean edo fitxan jasotako datuen beste edozein aldaketa Elkargoari jakinaraztea, bereziki jakinarazpenak egiteko eta elkargoko betebeharrak betetzeko erabiltzen diren datuei dagokienez.
h) Elkargoak egiten dizkien errekerimenduak betetzea.
i) Lanbide-bizitzan zehar etengabeko prestakuntza egitea eta, hala badagokio, lanbide-gaitasuna egiaztatzea, Elkargoak ezartzen dituen baldintzen arabera.
j) Ziurtagiri medikoak egitea, Medikuen Elkargo Erakundeak legez, estatutuz edo erregelamenduz gaitutako eredu ofizialak erabiliz.
k) Aurreko apartatuan deskribatutakoaren aurkako egoeren berri Elkargoari ematea, beste lanbide-kide batzuei buruzkoak badira eta horien berri badute.
l) Lanbide-jardunarekin lotutako irregulartasunen berri izanez gero, Elkargoari jakinaraztea.
55. artikulua.– Debekuak.
Medikuntzako Etika eta Deontologia Kodean jasotako debekuez gain, elkargokide guztiek honako jokabide hauek saihestu beharko dituzte:
a) Mediku-titulurik izan gabe lanbidean jarduten saiatzen den edo jarduten duen pertsona onartzea edo estaltzea.
b) Elkargo honetan behar bezala elkargokidetu gabe Bizkaiko lurralde-eremuan lanbidean jarduten duen pertsona onartzea edo estaltzea.
c) Bezeroak erakartzeko erakundeak edo pertsonak erabiltzea eta lehia desleiala dakarten jarduketak egitea.
d) Norberak zuzentzen edo aholkatzen ez dituen, edo indarreko legeekin eta deontologia-arauekin bat ez datozen sendaketa-zentro, industria edo medikuntzarekin lotutako enpresetako zuzendari fakultatibo edo aholkulari gisa agertzea onartzea.
e) Medikuntzan jardutea, jardun horretarako ezgaitzen duten nahasmendu organiko edo psikikoak nahiz ohitura toxikoak nabarmen agerian daudenean.
f) Osasunarekin lotutako publizitate engainagarria edo desleiala egitea, arlo horretan indarrean dagoen legeria urratuz.
g) Unean uneko ebidentzia zientifikoaren aurkako gomendio edo jarduketen bidez lanbidean aritzea, pertsonen osasuna arriskuan jar dezaketenean.
56. artikulua.– Elkargokideen arteko desadostasunak.
Elkargokideen artean sor daitezkeen lanbide-arloko desadostasunak Zuzendaritza Batzordearen eskumenaren eta ondorengo ebazpenaren mende jarriko dira, hala badagokio. Bestela, Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren edo Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluaren esku jarriko dira, desadostasunak beste elkargo bateko elkargokide batekin edo batzuekin badira, edo Zuzendaritza Batzordeko kideen artean gertatzen badira.
IV. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
57. artikulua.– Eskumenak.
Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME) gaitasun juridiko osoa du ekonomiaren eta ondarearen arloan bere helburuak betetzeko, eta autonomia osoz kudeatu eta administratzen ditu bere ondasunak, beste edozein erakunderekiko erabateko independentziaz.
58. artikulua.– Aurrekontuak egitea eta likidatzea.
1.– Zuzendaritza Batzordeak urtero prestatuko du diru-sarreren, gastuen eta inbertsioen aurrekontu-proiektua, eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dio Batzar Nagusiari, onar dezan.
2.– Halaber, batzar berean aurkeztuko dira aurreko urteko abenduaren 31n itxitako balantzea eta ustiapen-kontua, onartzeko edo ezesteko. Aurretik, batzarra egin baino hamabost egun lehenago, kontabilitate-informazio hori, egindako diru-sarreren eta gastuen egiaztagiriekin batera, horretarako izendatutako Ogasun Batzordearen esku egongo da.
3.– Zuzendaritza Batzorderako hauteskundeen ondoren egiten duen lehen bileran, Batzarrak Ogasun Batzordeko hiru kideak eta haien ordezkoak izendatuko ditu.
4.– Ogasun Batzordeko elkargokideek, batzarra egin aurretik, gastu-partidak eta horiek dauden egiaztagiriekin bat datozen aztertuko dituzte, eta egiaztapen-txostena egingo dute; txosten hori dagokion batzarrean irakurriko da.
5.– Ekitaldian zehar, eta diruzaintza-kargua betetzen duen pertsonarekin data aldez aurretik adostuta, ekitaldiko aldi jakin bati dagozkion gastu-partidak egiaztatu ahal izango dituzte.
6.– Batzarrak Zuzendaritza Batzordeak aurkeztutako diru-sarreren, gastuen eta inbertsioen aurrekontu-proiektua onartzen ez badu, aurreko ekitaldiko aurrekontuak automatikoki luzatutzat joko dira, aurrekontu berriak onartu arte.
59. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoaren (CMB-BME) funtsak honako iturri hauetatik etorriko dira:
1.– Ohiko baliabideak.
a) Sarrera-eskubideak, ohiko eta ezohiko kuotak, ziurtagiriei esleitutako partaidetza, baimendutako zigiluak eta inprimaki ofizialak.
b) Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen etekinak.
c) Era guztietako agiriak egiteagatik, irizpenak emateagatik eta hirugarren pertsona fisiko edo juridikoek eskatuta emandako zerbitzuengatik sor daitezkeen eskubideak. Ordainsari horiek ezin izango dira, inola ere, Elkargoak medikuntza-lanbideari dagozkion zerbitzuak ematetik etorri, Elkargoari berari eskatutako erakunde-irizpenak direnean izan ezik.
d) Aurrekoen parekotzat jo daitekeen beste edozein baliabide.
2.– Ezohiko baliabideak.
a) Jatorri pribatu edo publikoko dohaintzak eta dirulaguntzak, horien arau erregulatzaileek ezarritako xedeetara bideratuta eta printzipio etikoak eta arau deontologikoak zorrotz errespetatuta.
b) Herentziaz edo beste edozein arrazoirengatik elkargoaren ondarean sartzen diren ondasunak.
c) Legez posible den eta ohiko baliabidea ez den beste edozein baliabide.
60. artikulua.– Berankortasuna.
1.– Sarrera-kuotak nahiz ohiko edo ezohiko kuotak ordaintzen ez dituen elkargokideari horiek ordaintzeko errekerimendua egingo zaio.
2.– Zuzendaritza Batzordearen Osoko Bilkurak ahalmena izango du une bakoitzean erabakitzeko zer ekintza abiarazi behar diren elkargokide berankorrei beren betebeharrak eta eragindako gastuak betearazteko; ekintza horien artean egon daitezke lanbidean jarduteko eskubidea aldi baterako etetea eta/edo elkargoaren zerbitzuez baliatzeko eskubidea kentzea, zorra ordaindu arte, kuotak bide judizialez erreklamatzeko aukerari kalterik egin gabe.
3.– Elkargokide berankorrari ezin izango zaio elkargo-ziurtagiririk eman, ezta baja-ziurtagiria ere, Zuzendaritza Batzordeak berariaz hala erabakitzen duenean edo salbuespenezko arrazoiak daudenean izan ezik.
4.– Elkargokide berankorra ezin izango da gobernu-organoko, elkargoko organoko, batzordeko edo lantaldeko kide izan.
61. artikulua.– Gastuak.
1.– Elkargoaren gastuak izango dira Zuzendaritza Batzordeak elkargoaren xedeak eta zerbitzuak mantentzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.
2.– Zuzendaritza Batzordeari dagokio Elkargoan egiten diren gastu guztien kontu-hartzeaz eta sinaduraz, bai eta ondorengo ordainketa-prozesuaz ere, arduratuko diren pertsonak zehaztea.
62. artikulua.– Erantzukizunak.
Funtsak kudeatzearen gaineko erantzukizuna zuzenean lotuta egongo da funts horiek zaintzeaz arduratzen diren langileei, hala badagokio Zuzendaritza Batzordeari dagokion erantzukizunari kalterik egin gabe.
63. artikulua.– Elkargoari emandako zerbitzuengatiko kontraprestazio ekonomikoak.
1.– Zuzendaritza Batzordearen Osoko Bilkurari dagokio Elkargoari emandako zerbitzuengatik elkargokideei –Zuzendaritza Batzordeko kideak barne– eta sor daitezkeen batzorde edo lantaldeei eman beharreko haborokin ekonomikoen zenbatekoa eta izaera zehaztea, zerbitzu horien dedikazio berezia eta izaera kontuan hartuta.
2.– Era berean, Zuzendaritza Batzordeari dagokio barne-araubideko arauak garatzea, Zuzendaritza Batzordeko edo Elkargoko langileetako edozein kidek Elkargoaren kontura izan ditzakeen gastuak arautzeko, elkargoa ordezkatzeko edo hari zerbitzua emateko eginkizunak betetzen dituenean. Gastu-partida horiek urteko aurrekontuetan jaso beharko dira.
64. artikulua.– Elkargoaren desegitea.
Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoa (CMB-BME) desegiteko, Eusko Legebiltzarraren lege bat beharko da. Salbuespen gisa, desegitea lehendik dauden beste elkargo batean edo batzuetan integratzearen ondorio bada, indarrean dagoen Eusko Legebiltzarraren Legea aplikatuz, Gobernuaren dekretu bat beharko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
65. artikulua.– Desegitearen kasuan ondasunei emango zaien destinoa.
Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoa (CMB-BME) desegiten bada, Batzar Nagusiak likidazio-batzorde bat izendatuko du. Zorrak ordaindu ondoren ondasunik edo baliorik soberan geratzen bada, batzorde horrek elkargoaren ordez jardungo duten edo elkargoa integratuko den erakundeei esleituko dizkie; halakorik ezean, haren lurralde-eremuan presentzia duten ongintza-erakundeei, sozietate zientifikoei, osasun-elkarteei edota medikuen gizarte-aurreikuspeneko erakundeei.
V. TITULUA
LANBIDE-JARDUNAREN ZAINTZA ETA KONTROLA, ETA DIZIPLINA-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
LANBIDE-JARDUNAREN ZAINTZA ETA KONTROLA
66. artikulua.– Xedea.
Medikuntza-jardunaren prebentziozko zaintzak eta kontrolak honako xede hauek dituzte:
1.– Medikuntza-jardun egokia bermatzea, jarduera normaltasunez garatzeko behar diren gaitasun edo eskumen osoak falta direla adierazten duten zantzuak daudenean.
2.– Profesionalak kontzientziatzea izan ditzaketen osasun-arazoez arduratzeko moduari buruz, bai eta lanbide osoak bere gain hartu beharreko betebehar zehatzei buruz ere, medikuntza-jardunak gizartean duen garrantzia kontuan hartuta.
3.– Osasun fisiko edo psikikoko arazoen ondorioz beren lanbide-jardunean eragina jasan dezaketen profesionalei laguntzeko egiturak sendotzea, gaixorik dauden medikuei laguntzeko programak garatuz, haien beharretara egokituta.
67. artikulua.– Helburua eta motak.
1.– Prebentziozko kontrol-neurriek ez dute zehapen-izaerarik. Haien helburua da, kautelaz, medikuntza-jarduna ezarritako irizpide zientifikoen, medikuntzako deontologiaren edo, oro har, lanbide-araudiaren arabera baldintza egokietan gauzatzen dela zaintzea.
2.– Neurri horien bidez, medikuari eska dakioke lanbideko jarduera, teknika edo prozedura jakin batzuk egiteari uzteko; berariazko birziklatze-prestakuntza egiteko; erabiltzen dituen tresneria, instalazioak edo protokoloak hobetzeko; publizitate mota jakin bat egiteari uzteko; edo lortu nahi den helbururako proportzionatua eta egokia den beste edozein jarduketa egiteko.
68. artikulua.– Eskumena.
Prebentziozko kontrol-neurriak Zuzendaritza Batzordearen ebazpen arrazoitu baten bidez erabakiko dira, dagokion prozedura izapidetu eta interesdunari entzun ondoren, baldin eta ezarritako irizpide zientifikoekin, medikuntzako deontologiarekin edo lanbide-araudiarekin bat ez datozen jarduketen zantzuak badaude, nahiz eta hirugarren bati kalterik eragin zaiola egiaztatu ez.
69. artikulua.– Neurriak ez betetzea.
Neurriak ez betetzeak aurretiazko informazio-jarduketak hastea ekarriko du, ebaluatutako jokabideak hurrengo kapituluan ezarritakoaren arabera arau-hauste izan daitezkeen zehazteko.
II. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
70. artikulua.– Printzipio orokorrak.
1.– Elkargokideek, sozietate profesionalek eta Bizkaiko lurralde-eremuan diharduten medikuek diziplina-erantzukizuna izango dute estatutu hauetan ezarritako kasuetan eta inguruabarretan.
2.– Estatutu hauetan ezarritako diziplina-araubideak ez die kalterik egingo elkargokideek eta sozietate profesionalek izan ditzaketen bestelako erantzukizunei.
3.– Ezin izango da diziplina-zehapenik ezarri horretarako espresuki instruitutako espedienterik gabe, titulu honetan ezarritako prozeduraren arabera.
4.– Zehatzeko ahala Elkargoko Zuzendaritza Batzordeari dagokio. Hala ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek egindako arau-hausteak epaitzea eta zehatzea Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluaren eskumena izango da, edo, hala badagokio, Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarena.
5.– Zehapenaren xede den pertsona beste arrazoi edo arau-hauste batzuengatik lanbidean jarduteko desgaituta badago, ezartzen zaion desgaitzealdiaren zenbaketa aurrekoa amaitzen den unean hasiko da automatikoki.
71. artikulua.– Diziplina-ahala eta elkargoaren eskumena.
1.– Elkargoak medikuei eta sozietate profesionalei zehapenak ezarri ahal izango dizkie, beren lanbide-jardueraren edo elkargoko kide izatearen ondorioz egindako egintzengatik edo ez-egiteengatik, baldin eta ordenamendu juridikoaren eta estatutu hauen aurkakoak badira.
2.– Diziplina-ahala Zuzendaritza Batzordeari dagokio, betiere ukitutako pertsona batzordeko kidea ez bada; kidea bada, eskumena Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluari edo Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari egokituko zaio, dagokionaren arabera.
3.– Zuzendaritza Batzordearen eskumena izango da bere eskumen-eremuan egindako arau-hausteei diziplina- eta zehapen-araubidea aplikatzea.
72. artikulua.– Arau-hausteen sailkapena.
Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.
1.– Arau-hauste oso larriak dira:
a) Lanbidean jardutea horretarako gaitzen duen lanbide-titulurik izan gabe.
b) Lanbide-betebeharrak ez betetzea, zerbitzu profesionalaren hartzaileei kalte larria eragiten zaienean.
c) Lanbide-sekretua doloz urratzea.
d) Lanbidean jardutea lanbide-desgaitze egoeran, bateraezintasun-kausaren batean edo medikuntzan jarduteko debekupean egonik.
e) Lanbidean jardutearen ondorioz dolozko delituak egitea, edozein partaidetza-mailatan.
f) Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak eta Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluak onartutako estatutu-xedapenetan halakotzat jotakoak.
g) Lanbidean jardutea elkargokide izan gabe.
h) Lanbide-jardunean pertsonen intimitatearen aurka nahita egitea.
i) Lanbide-jardunaren ondorioz harremana duten pertsonei eraso fisikoa egitea.
j) Gaixoak modu nabarmen eta nahita ez artatzea.
k) Gaixoak tratatzeko zientifikoki egiaztatu edo baimendu gabeko baliabideak erabiltzea, edo diagnostiko- nahiz terapia-elementuak aplikatu direla itxurak egitea edo alegiazko prozedurak erabiltzea.
l) Oinarri eta baimen zientifikorik gabeko sasimedikuntzako praktikak eskaintzea, pazienteei edo haien senideei ezinezko sendabideak aginduz.
m) Zientifikoki onartutako gomendio medikoen aurkako jarduketak proposatzea edo aholkatzea.
n) Gaitzen duen titulurik gabe medikuntzan diharduenari jarduten uztea edo haren jarduna estaltzea.
o) Lanbidean jardutea mozkortuta, drogen edo estupefazienteen eraginpean, edo jarduteko ezgaitzen duten nahasmendu organiko edo psikikoekin.
p) Gobernu-organoek zehapen larriak ezartzeko hartutako erabakiak edo ebazpenak ez betetzea.
q) Elkargoaren estatutuetan berariaz ezarritako debekuak eta betebeharrak behin eta berriz ez betetzea.
r) Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak urratuz, kontseiluen, elkargo profesionalaren edo haien organoen ohiko funtzionamendua eragozten edo nahasten duten egintzak.
s) Historia klinikoa egiteko eta idazteko betebeharra behin eta berriz ez betetzea, edo historia klinikoa nahita aldatzea.
t) Txostenak egitea edo ziurtagiriak ematea, nahita egia faltatuz.
u) Arau-hauste larrietan berrerortzea. Berrerortzetzat joko da bi urteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea.
2.– Arau-hauste larriak dira:
a) Lanbide-jardunaren eta deontologia profesionalaren funtsezko arauak ez betetzea, arau-hauste oso larri gisa tipifikatuta ez dagoenean.
b) Lanbide-betebeharrak ez betetzea, zerbitzuaren hartzaileei kaltea eragiten zaienean.
c) Medikuntzan jarduteko gaitzen duen titulurik gabe jarduten duten kasuen berri emateko betebeharra ez betetzea, kasu horien berri izanik.
d) Aseguratzeko betebeharra ez betetzea.
e) Lanbide tituludunen jardunari eta lanbide-elkargo eta -kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzetan nahitaez jarduteko betebeharra ez betetzea, zerbitzua ematea eragozten duen arrazoi justifikaturik ez badago eta medikuari behar bezala eskatu bazaio.
f) Lanbide bereko beste profesionalen, lanbideko gobernu-organoen edo lanbide-jardunagatik harremana duten pertsona zein erakundeen duintasunari irain larria egitea.
g) Lehia-zuzenbideari eta lehia desleialari buruz indarrean dagoen legeriarekin bat, lehia desleiala osatzen duten egintzak.
h) Kontseiluen, elkargo profesionalaren edo haien organoen ohiko funtzionamendua eragozten edo nahasten duten egintzak.
i) Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak eta Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluak onartutako estatutu-xedapenetan halakotzat jotakoak.
j) Pazientearen ziurtagiri- edo informazio-eskaerari ez erantzutea.
k) Pazienteak eskatuta, diagnostikoa osatzeko behar diren datuak beste mediku bati ez ematea.
l) Lanbidean jardutean edo mediku-izaeraz baliatuz, lanbidearen moralaren, begirunearen, duintasunaren, izen onaren edo ohorearen aurka egitea; elkargokideei zor zaien errespetua urratzea; elkargoko gobernu-organoekiko diziplinarik eza, nahita eta jarrera errebeldearekin; eta, oro har, haiei zor zaien errespetua larriki urratzea.
m) Beste medikuen lanbide-jarduna jendaurrean edo pazienteen aurrean mespretxuz eta gutxiespenez kritikatzea.
n) Lanbide-sekretua erruz edo zabarkeriaz urratzea, hirugarren pertsonei edo erakundeei kaltea eraginez.
o) Elkargoaren estatutuetan berariaz ezarritako debekuak eta betebeharrak ez betetzea.
p) Praktika dikotomikoa egitea.
q) Elkargoko kuotak ez ordaintzea, Elkargoaren errekerimendua bete gabe utzi ondoren.
r) Txostenak egitea edo ziurtagiriak ematea, egiari huts eginez.
s) Sozietate profesional batean bazkide profesional gisa jardutea bateraezintasun- edo desgaitze-kausaren batean egonik.
t) Sozietate profesional bat eratzea indarreko legerian eskatutako betekizunak bete gabe.
u) Sozietate profesionalak lanbide- eta deontologia-ordenamendua urratuz jardutea.
v) Gobernu-organoek zehapen arinak ezartzeko hartutako erabakiak edo ebazpenak ez betetzea.
w) Arau-hauste arinetan berrerortzea. Berrerortzetzat joko da bi urteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea.
3.– Arau-hauste arina.
Arau-hauste arintzat hartzen da lanbide-jarduera edo deontologia profesionala arautzen duen edozein arau urratzea, arau-hauste larria edo oso larria ez denean.
73. artikulua.– Zehapenak.
1.– Aurreko artikuluan aipatutako arau-hausteengatik, zehapen hauek ezarri ahal izango dira:
a) Ohartarazpena.
b) Isuna.
c) Lanbidean jarduteko desgaitzea edo sozietate profesionalaren jarduera desgaitzea.
Zehapen osagarri gisa, elkargokideen aldeko gizarte-izaerako jarduerak egiteko betebeharra ezarri ahal izango da, bai eta lanbide- edo deontologia-prestakuntzako jarduerak egitekoa ere, arau-haustea lanbide-jardunari edo deontologia profesionalari lotutako betebeharrak ez betetzeagatik gertatu bada.
Prestakuntza-helburua lortzeko, beste profesional baten tutoretza ezarri ahal izango da, finkatutako helburuak ahalik eta eperik laburrenean bermatzeko.
2.– Arau-hauste oso larriengatik, honako zehapen hauetako bat ezarri ahal izango da:
a) Lanbidean jarduteko desgaitzea, urtebete eta egun batetik hogei urtera bitartekoa.
b) 3.001 eurotik 30.000 eurora bitarteko isuna.
3.– Arau-hauste larriengatik, honako zehapen hauetako bat ezarri ahal izango da:
a) Lanbidean jarduteko desgaitzea, gehienez urtebetekoa.
b) 301 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.
4.– Arau-hauste arinengatik, honako zehapen hauetako bat ezarri ahal izango da:
a) Ohartarazpena.
b) Gehienez 300 euroko isuna.
5.– Arau-hausleak arau-haustearen ondorioz etekin ekonomikoa lortu badu, isuna handitu egingo da, etekin ekonomiko horren balorazioak aurreko zenbakietan ezarritako gehieneko mugak gainditzen dituen zenbatekoan; gutxienez, balorazio horren parekoa izango da igoera, eta gehienez, haren bikoitza.
6.– Aurreko zehapenek ez diete kalterik egingo zehatutako pertsonek izan ditzaketen bestelako erantzukizunei.
7.– Elkargoek diziplina-ahala baliatuz jasotzen dituzten isunen zenbateko osoa etengabeko lanbide-prestakuntzako programak eta/edo elkargoko gizarte-laguntzak sustatzera bideratuko da.
74. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen mailakatzea.
Arau-hausteak eta zehapenak mailakatzeko, objektiboki egindakoa edo egin gabe utzitakoa ez ezik, proportzionaltasun-printzipioaren arabera jardunez, honako hauek ere hartu behar dira kontuan:
a) Nahitasuna.
b) Zerbitzuetan, elkargo-jardueran, medikuntzako lanbidean, Elkargoan edo lantokian eragindako nahasmendua.
c) Jokabideak pazientearengan, beste mediku lankide batengan edo zuzenean ukitutako beste edozein pertsonarengan izandako eragina.
d) Egitez edo ez-egitezko jokabidean izandako parte-hartzea.
e) Eragindako gizarte-asalduraren edo alarmaren larritasuna.
f) Arau-haustearen hedadura.
g) Lortutako balizko onuraren neurria.
h) Jokabidea zuzentzen eta birgaitzen laguntzen duten bestelako inguruabarrak.
75. artikulua.– Lanbidean jarduteko desgaitzea.
1.– Desgaitze-zehapenak medikuntzako lanbidean jardutea eragozten du zehapenak irauten duen bitartean.
2.– Medikuntzako lanbidean jarduteko gaitzen duten tituluak izan arren Elkargoan inskribatu gabe lanbidean diharduenari lanbidean jarduteko desgaitze-zehapena ezarri ahal izango zaio. Zehapenaren iraupena elkargoko kide egiten den unetik aurrera zenbatuko da.
3.– Ebazpena ematen duen organoak zehapena ezarri dela jakinaraziko die administrazio eta erakunde eskudunei, dagozkion ondorioetarako.
VI. TITULUA
ZEHAPEN-PROZEDURA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
76. artikulua.– Printzipio orokorrak.
1.– Hurrengo artikuluetan arautzen den prozedura aplikatuko zaie Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME), bere eskumenen esparruan, estatutu hauetatik eratorritako diziplina-erantzukizunak eskatzeko egiten dituen jarduketei.
2.– Zehapen-prozedura legezkotasunaren, atzeraeraginik ezaren, tipikotasunaren, proportzionaltasunaren eta zehapenak batera ez ezartzearen printzipioen mende dago.
3.– Edozein zehapen ezartzeko, espediente bat izapidetu beharko da, honako berme hauek errespetatuz: errugabetasun-presuntzioa, interesdunari entzunaldia ematea, instrukzio-organoa eta erabakia hartzeko organoa bereiztea, eta azken ebazpena arrazoitzea.
4.– Zehapen-prozeduraren ebazpena interesdunari jakinarazi beharko zaio gehienez sei hilabeteko epean, espedientea hasteko egunetik zenbatzen hasita.
5.– Salbuespenezko kasuetan, eta kasuaren inguruabarrek hala eskatzen dutenean, organo eskudunak epea beste hiru hilabetez luzatu ahal izango du gehienez, baldin eta luzapena hasierako epea amaitu baino lehen eskatzen bada. Erabakitako luzapena interesdunari jakinaraziko zaio.
6.– Prozedura osoan bermatuko da espedientepean dagoen pertsonak berak izendatutako laguntza juridikoa edo defentsa izateko eskubidea.
77. artikulua.– Hasiera.
1.– Prozedura ofizioz hasiko da beti, Zuzendaritza Batzordearen erabakiz, bere ekimenez, beste organo batzuek arrazoitutako eskaera eginda edo salaketa baten ondorioz.
2.– Prozedura hasi aurretik, Zuzendaritza Batzordeak informazio erreserbatua irekitzea erabaki ahal izango du, kasu zehatzaren inguruabarrak ezagutzeko eta, izapidetzeaz arduratzen den Zuzendaritza Batzordeko kidearen proposamenez, dagokion espedientea hastea edo jarduketak artxibatzea bidezkoa den baloratzeko.
3.– Zehapen-espedientea hasi ondoren, Zuzendaritza Batzordeak behin-behineko kautela-neurriak hartu ahal izango ditu, baldin eta ezinbestekoak badira eman daitekeen azken ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko edo artatutako herritarrei kalte larriak eragozteko. Neurri horiek arrazoituta eta interesdunari aldez aurretik entzunaldia emanda hartuko dira; besteak beste, medikuaren jarduera aldi baterako etetea erabaki ahal izango da, espedientea ebatzi arte edo etetea eragin duten arrazoiak desagertu arte.
4.– Prozedura hasteko ebazpenean, Zuzendaritza Batzordeak bost urtetik gorako elkargokidetza duen kide bati esleituko dio instrukzioa. Zuzendaritza Batzordeak edo, hark eskuordetza emanez gero, instrukzioaz arduratzen den pertsonak idazkaria izendatuko du elkargokideen edo Elkargoko legelarien artean.
5.– Titulu honetan araututako zehapen-prozedura erregelamendu bidez garatuko da.
78. artikulua.– Erantzukizuna aitortuta zehapen-prozedurak amaitzea.
1.– Zehapen-prozedura hasi ondoren, arau-haustea egin duenak bere erantzukizuna aitortzen badu, dagokion zehapena ezarrita amaitu ahal izango da prozedura.
2.– Zehapena diruzkoa denean, prozedura ebazteko eskumena duen organoak gutxienez % 20ko murrizketa aplikatuko dio proposatutako zehapenaren zenbatekoari. Murrizketa horiek prozeduraren hasierako jakinarazpenean zehaztu beharko dira, eta eraginkorrak izateko baldintza izango da zehapenaren aurkako administrazio-bideko edozein akzio edo errekurtsotan atzera egitea edo horiei uko egitea.
79. artikulua.– Espedientearen ebazpena.
1.– Diziplina-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak arrazoitua izan beharko du, espedientean planteatutako gai guztiak ebatzi beharko ditu, eta ezin izango ditu onartu kargu-orriaren eta ebazpen-proposamenaren oinarri izan ziren egitateez bestelakoak, egitate horiei bestelako balorazio juridikoa egitea eragotzi gabe.
2.– Erabakia eztabaidatzeko eta onartzeko prozesuan ez dute parte hartuko prozeduraren instrukzio-fasean instrukzioaren arduradun edo idazkari gisa jardun dutenek.
3.– Ematen den ebazpena espedientea ireki zaion pertsonari jakinarazi beharko zaio. Ebazpenean adieraziko dira haren aurka jar daitezkeen errekurtsoak, errekurtsoak aurkeztu behar diren administrazio-organoak edo organo judizialak eta haiek jartzeko epea, interesdunak egokitzat jotzen duen beste edozein errekurtso erabiltzeko duen eskubideari kalterik egin gabe.
II. KAPITULUA
ERREKURTSOEN ARAUBIDEA
80. artikulua.– Errekurritu daitezkeen egintzak.
1.– Zuzendaritza Batzordearen ebazpenen bidez diziplina-espedientea duten elkargokideei lanbidean jarduteko behin-behineko etendura ezartzen zaienean edo diziplina-zehapenak ezartzen direnean, bai eta prozeduraren barruan hartutako beste edozein erabakik, izapide-egintza izan arren, prozedurarekin jarraitzea eragozten duenean edo defentsa-gabezia eragiten duenean ere, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, jakinarazpena egin eta hilabeteko epe luzaezinean, Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluaren aurrean edo, hala badagokio, organo eskudunaren aurrean. Errekurtso hori ebazten duen ebazpenak administrazio-bidea amaituko du, berehala betearaztekoa izango da eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango zaio.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluak edo, dagokion kasuan, organo eskudunak eman baditu, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Kontseilu edo organo eskudun horren aurrean, jakinarazpena egin eta hilabeteko epe luzaezinean. Errekurtso hori ebazten duen ebazpenak administrazio-bidea amaituko du, berehala betearaztekoa izango da eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango zaio.
3.– Diziplina-espedientea hasteko erabakiak ezin izango dira errekurritu. Errekurritu ezin diren izapide-egintzei dagokienez, interesdunek egintza horien aurkako alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean kontuan har daitezen eta, hala badagokio, ebazpen horren aurka jartzen den errekurtsoan egintzok aurkaratu ahal izateko.
81. artikulua.– Errekurtsoen izapidetzea.
1.– Gora jotzeko errekurtsoa jakinarazpena egin eta hilabeteko epe luzaezinean jarri ahal izango da, Elkargoko Zuzendaritza Batzordeari zuzendutako idazki baten bidez. Batzordeak Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluari edo organo eskudunari igorriko dio.
III. KAPITULUA
ZEHAPENEN BETEARAZPENA ETA ONDORIOAK
82. artikulua.– Administrazio-ebazpenen betearazpena.
Zuzendaritza Batzordeak diziplina-arloan emandako ebazpenak ezin izango dira betearazi irmo bihurtu arte. Hala ere, hala badagokio onartutako behin-behineko neurriak hartzen diren unetik bertatik betearazi ahal izango dira.
83. artikulua.– Zehapenen publikotasuna eta ondorioak.
Diziplina-zehapenak, irmo bihurtu ondoren, elkargoaren komunikabideen bidez argitaratu ahal izango dira.
VII. TITULUA
ERANTZUKIZUNA AZKENTZEA
KAPITULU BAKARRA
84. artikulua.– Diziplina-erantzukizuna azkentzea.
Diziplina-erantzukizuna honako arrazoi hauengatik azkenduko da:
a) Egotzitako pertsona hiltzeagatik.
b) Zehapena betetzeagatik.
c) Arau-hausteak edo zehapenak preskribatzeagatik.
d) Organo eskudunak hala erabakitzeagatik.
85. artikulua.– Arau-hausteen preskripzioa.
1.– Preskripzio-epeak arau-haustea egiten den unean hasiko dira zenbatzen.
2.– Espedientea irekitzeko erabakiak eta erabaki hori espedientatutako pertsonari jakinarazteak epea etengo dute; geratzen den denbora berriro zenbatuko da espedientea sei hilabete baino gehiago geldirik badago, espedientatutako pertsonari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik.
3.– Arau-hausteen preskripzio-epeak honako hauek izango dira:
a) Arau-hauste oso larria: hiru urte.
b) Arau-hauste larria: bi urte.
c) Arau-hauste arina: urtebete.
86. artikulua.– Zehapenen preskripzioa.
1.– Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenak hiru urteren buruan preskribatuko dira; arau-hauste larriengatik ezarritakoak, bi urteren buruan; eta arau-hauste arinengatik ezarritakoak, urtebetearen buruan.
2.– Zehapena ez betearazteagatiko preskripzio-epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.
87. artikulua.– Idatzoharraren iraungipenagatiko birgaitzea.
1.– Elkargokidearen espediente pertsonalean jasotako zehapenen idatzoharrak sei hilabeteren buruan iraungiko dira, arau-hauste arinengatik badira; bi urteren buruan, arau-hauste larriengatik badira; eta lau urteren buruan, arau-hauste oso larriengatik badira.
2.– Elkargoko birgaitzerako epea zehapena bete eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.
VIII. TITULUA
ELKARGOKO KARGUEN BERMEAK
88. artikulua.– Karguen izaera.
Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoa (CMB-BME) legeak aitortutako zuzenbide publikoko korporazioa denez, karguei dagozkien betebeharrak betetzea elkargoko eginbeharra betetzat hartuko da, korporazio- eta lanbide-ondorioetarako.
89. artikulua.– Ahalmenak.
Hautaketa bidezko elkargoko kargu baterako izendapenak titularrari agintaldian kargua askatasunez betetzeko ahalmena ematen dio. Besteak beste, honako ahalmen hauek izango ditu:
1.– Elkargoko ordezkaritzaren esparruko gaietan iritziak askatasun osoz adieraztea.
2.– Karguari esleitutako elkargoko eskubideak eta interesak defendatzeko dagozkion ekintzak sustatzea.
3.– Korporazioko gobernu-organoetako gainerako kideekin biltzea, estatutuetako arauen arabera, elkargoko jarduerari buruz eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko eta kudeatzeko.
4.– Bere eginkizuna askatasunez betetzeari eragiten dion usurpazio, abusu edo esku-sartze ororen aurka babestua izatea.
5.– Karguko eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa, aholkularitza eta lankidetza elkargoko organo eskudunengandik jasotzea.
6.– Elkargoko ordezkaritzaren eskakizunek hala eskatzen dutenean, lanbide-jarduera eteteko behar diren erraztasunak izatea.
7.– Elkargoko eginkizunak betetzeagatik zehapenik edo jazarpenik ez jasatea.
90. artikulua.– Zerbitzuagatiko absentziak eta joan-etorriak.
1.– Ordezkaritza-kargua duenak dagokion agintaritzari jakinarazi beharko dio lanpostutik kanpo egoteko beharra, deialdiaren bidez bertaratu ezina justifikatuz eta ahal den aurrerapen handienaz iragarriz.
2.– Colegio de Médicos de Bizkaia-Bizkaiko Medikuen Elkargoak (CMB-BME) Administrazioari eskatuko dio elkargokideek esleituta duten ordezkaritza gauzatzeko duten eskubidea errespeta dezala.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehenengo artikulua.– Sozietate profesionalen inskripzioa eta araubidea.
1.– Martxoaren 15eko 2/2007 Legeak, Sozietate Profesionalei buruzkoak, ezarritakoarekin bat etorriz, mediku-zerbitzuak ematen dituzten sozietate profesional guztiek Elkargoan inskribatu beharko dute.
2.– Mediku-zerbitzuak ematen dituzten eta elkargoko inskripzioa eskatu ez duten sozietate profesionalak ofizioz inskribatuko dira, estatutu hauetan aurreikusitako moduan.
3.– Inskribatutako sozietateek sarrera-kuotak eta hileko kuotak ordaindu beharko dituzte, Batzar Nagusiak ezartzen dituen zenbatekoan eta moduan. Sozietate profesionalek kuotak ez ordaintzeak estatutu hauetan edozein elkargokiderentzat aurreikusitako ondorioak eta erantzukizunak izango ditu.
4.– Sozietate profesionalei estatutuetan ezarritako zehapen-araubidea aplikatuko zaie.
5.– Elkargoak Merkataritza Erregistroari jakinaraziko dio sozietate profesionala eratu ondoren gertatzen den edozein gorabehera, baldin eta gorabehera horrek sozietateko bazkide elkargokideren bati edo sozietateari berari lanbidean jardutea eragozten badio.
Bigarren artikulua.– Sozietate profesionalen erregistroa.
1.– Elkargoaren egoitzan Sozietate Profesionalen Erregistroa eratzen da. Bertan inskribatuko dira martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean eratutako eta mediku-zerbitzuak ematen dituzten sozietateak.
2.– Erregistroan jaso beharreko datuak une bakoitzean indarrean dagoen araudiak zehaztuko ditu; besteak beste, honako hauek:
a) Sozietatearen izena edo sozietate-izena eta helbidea.
b) Eratze-eskritura publikoaren data eta identifikazio-datuak, bai eta eskritura baimendu duen notarioaren identitatea ere; sozietatearen iraupena, epe jakinerako eratu bada.
c) Sozietatearen xedea osatzen duten lanbide-jarduera edo jarduerak.
d) Bazkide profesionalen eta profesionalak ez direnen identifikazioa, eta, zerrenda horri lotuta, elkargokide-zenbakia eta dagokien lanbide-elkargoa.
e) Administrazioaz eta ordezkaritzaz arduratzen diren pertsonen identifikazioa, bakoitza bazkide profesionala den ala ez adierazita.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Estatutu hauetan jasotako batzordekidetzen funtzionamendu-araubidea, estatutuok indarrean sartzen direnetik aurrera, Barne Funtzionamendurako Araubidean xedatutakoaren arabera arautuko da.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Estatutu hauetan aurreikusi gabeko guztian, lanbide-elkargoei buruz indarrean dagoen legerian, Medikuen Elkargo Erakundearen Estatutu Orokorretan eta Euskadiko Mediku Elkargoen Kontseiluaren Estatutuetan xedatutakoa aplikatuko da.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Estatutu hauek onartzen direnean, aurretik indarrean zeuden estatutuen arabera eratutako batzordekidetza guztiek jardunean jarraituko dute, Zuzendaritza Batzorderako hauteskunde berriak egin arte.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Estatutu hauek onartzen diren egunean Elkargoa zuzentzen duten gobernu-organoek beren karguetan jarraituko dute agintaldia amaitu arte.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Estatutu hauek onartu aurretik emandako elkargoko bereizgarriak mantendu egingo dira, eta ez zaie aplikatuko estatutu hauetan ezarritakoa.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Bizkaiko Medikuen Elkargoaren Medikuntzako Etika eta Deontologia Kodea onartzen ez den bitartean, Medikuen Elkargo Erakundeak onartutakoa nahitaez bete beharko dute elkargokide diren mediku guztiek.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean.
RSS