
212. zk., 2026ko azaroaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (236 KB - 16 orri.)
- EPUB (400 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZA
4668
EBAZPENA, 2026ko urriaren 19koa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, datu pertsonalen babeserako sarien XI. edizioaren deialdia egitekoa.
Orain arte, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak ohorezko aitortza egin die zenbait pertsona fisiko edo juridikori eta zenbait entitate publiko edo pribaturi, datuen babesaren eta pribatutasunaren inguruko ezagutza, ikerketa eta dibulgazioa sustatzeko eta datuen babesa gizartean zabaltzeko egindako lanagatik. Baina, era berean, uste du EAEko administrazio eta instituzio publikoek datu pertsonalen tratamenduak hobetzeko asmoz egin dituzten proiektuek ere aitortza merezi dutela.
Sari hauen bidez, aintzatespen sinbolikoa egiteaz gain, pizgarria ematen da metodo, tresna eta jardunbide egokiak diseinatzeko eta horiek abian jartzeko. Hala, erraztasuna ematen da datu pertsonalak babesteko arauditik sortzen diren eginbeharrak betetzeko, eta sustatu egiten dira erantzukizun proaktiboa, arriskuen kudeaketa, berrikuntza, eta oinarrizko eskubide hori babesten laguntzen duten materialen sorkuntza.
Helburu horrekin, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legeak eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Estatutua onartzeko maiatzaren 19ko 77/2026 Dekretuak esleitzen dizkidaten eginkizunen arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Datu Pertsonalen Babeserako Sarien XI. edizioaren deialdia egitea.
Bigarrena.– Deialdia arautuko duten honako oinarri hauek onartzea:
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) Datu Pertsonalen Babeserako Sarien XI. edizioaren deialdia egiten du, konpromisoa aintzatesteko eta datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalei buruzko araudiaren zabalkundea sustatzeko. Hala sarituko ditu pribatutasunaren eta datu pertsonalen babesaren arloko lan, proiektu, ekimen eta ibilbiderik garrantzitsuenak.
Sari hauen hartzaileak dira pertsona fisiko eta juridikoak, EAEko administrazio eta entitate publikoak, euskal sektore publikoko entitateak eta gainerako entitate publiko edo pribatuak, baldin eta esparru horretan egindako lanagatik bereziki nabarmentzen badira.
DBEAk bereziki aintzatetsi nahi ditu hainbat arlotan, hala nola hezkuntza-arloan, enpresa-arloan, zientzia- eta teknika-arloan, arlo juridikoan, komunikazio-arloan eta gizarte-arloan, datuak babesteko oinarrizko eskubidea zabaltzeko eta sustatzeko egindako lana, baita datuen babesaren jarduera-esparruaren barruko entitateek garatutako jardunbide egokiak ere.
Edizio honetan, lehentasunez aztertuko dira honako jarduera hauek:
– Erantzukizun proaktiboaren printzipioa aplikatzea.
– Datu pertsonalen tratamenduetan arriskuak kudeatzea.
– Teknologia disruptiboak eta, bereziki, adimen artifizialeko sistemak erabiltzea.
– Datuen kategoria berezien tratamendua egitea.
– Arrisku handikotzat jotzen diren tratamenduak egitea.
– Gizartearen zati esanguratsu bati eragiten dioten tratamenduak egitea.
– Talde kalteberei, esate baterako adingabeei, desgaitasuna duten pertsonei edo genero-indarkeriako edo jazarpeneko egoeratan dauden pertsonei eragiten dieten tratamenduak egitea.
Hautagaiak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 30ean amaituko da.
2. oinarria.– Sariak.
Honako kategoria hauek izango dira:
– Saria datuen babesaren arloko ibilbide profesionalari.
– Saria datuen babesaren arloko ikerkuntzari edo ekintzailetzari.
– Saria datuen babesaren arloko komunikazioari, zabalkundeari eta sormenari.
– Saria datuen babesaren arloko proaktibotasunari eta jardunbide egokiei.
Kategoria bakoitzeko sari bakarra emango da. Aurkeztutako lanen, proiektuen, baliabideen, diseinuen edo ekimenen kalitatea kontuan hartuta, epaimahaiak proposa dezake kategoria bakoitzean bi accesit ematea.
Sariak eta, egotekotan, accesitak, honako hauek izango dira: ohorezko saria eta egiaztagiria, bai eta aintzatespen publikoa ere.
Datuen babesaren arloko ikerkuntza edo ekintzailetzari ematen zaion sariak 3.000 euroko zuzkidura du. Kategoria horretan gehienez bi accesit eman daitezke, eta horietako bakoitzak 1.000 euroko zuzkidura du.
Datuen babesaren arloko komunikazio, zabalkunde eta sormenari ematen zaion sariak 2.500 euroko zuzkidura du. Kategoria horretan gehienez bi accesit eman daitezke, eta horietako bakoitzak 1.000 euroko zuzkidura du.
Saritutako pertsonek edo entitateek izaera juridiko publikoa badute, zuzkidura ekonomiko horiek ez dira ordainduko.
Zuzkidura ekonomikoak emateko eta ordaintzeko, aurrekontu-arloko araudiari eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araubide juridikoari jaramon egingo zaie.
Sariak eman gabe utzi ahal izango dira, arrazoiak emanda, epaimahaiaren ustez hautagaietako batek ere gutxieneko kalitate-mailarik ez badu, ezarritako irizpideen arabera.
Epaimahaiko kideek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, ez zuzenean, ez zeharka, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutako abstenitze- eta errekusatze-arrazoien mende egongo dira.
3. oinarria.– Saria datuen babesaren arloko ibilbide profesionalari.
Sari horren xedea da aintzatestea euren lanbide-jardueran datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea babesten, sustatzen eta zabaltzen modu iraunkorrean nabarmendu diren pertsonak.
DBEAko organoetako edozein kidek proposatuko ditu hautagaiak.
Proposamenaren barruan, merezimenduei eta ibilbide profesionalari buruzko memoria bat aurkeztu behar da, nahikoak diren arrazoiak emanda.
Ezin izango dira izangai izan aurreko edizioetan sari hori bera jaso duten pertsonak.
Hau baloratuko da: ibilbide profesionala, ekarpenen garrantzia, datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidearen sustapenean eta zabalkundean emandako laguntza, jardueraren inpaktua eta berrikuntzarekiko eta jardunbide egokiekiko konpromisoa.
4. oinarria.– Saria datuen babesaren arloko ikerkuntzari edo ekintzailetzari.
Sari horren xedea da aintzatestea datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sakon aztertzeko eta eskubide horrek gizartean, ekonomian, esparru juridikoan eta teknologikoan duen eragina ikertzeko jarduera zientifikoa eta ikerkuntza indibiduala nahiz kolektiboa.
Hauek aurkeztu ahal izango dira: datu pertsonalen babesari buruzko lan zientifikoak edo ikerkuntza-lanak, doktorego-tesiak, monografiak eta artikuluak, indibidualak nahiz kolektiboak, argitaratuak ala argitaragabeak.
Tresna eta irtenbide teknologikoen edo kudeaketako irtenbideen diseinu exekutagarriak ere aurkeztu ahal izango dira, baldin eta datu pertsonalak babesteko eskubidea modu efikazagoan bermatzen laguntzen badute.
Ekintzailetzaren modalitatean, datu pertsonalak babesten eta eskubide eta askatasunak bermatzen laguntzen duten jarduera, produktu, zerbitzu, tresna edo irtenbide originalak, kreatiboak eta berritzaileak aurkeztu ahal izango dira.
Lan edo proiektuek ez dute kategoria berean saririk izan behar aurreko deialdietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira lanak. Beste edozein hizkuntzatan egin badira, jatorrizkoa aurkeztu behar da, euskarara eta/edo gaztelaniara egindako itzulpenarekin batera.
Hautagaitzarekin batera, lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu behar da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, I. eranskineko eskabide-ereduarekin batera.
Hautagaiak baloratzean, kontuan hartuko da euskara erabiltzea, baldin eta, aurkeztutako lanaren edo proiektuaren nolakotasuna eta ezaugarriak kontuan hartuta, hizkuntzaren aldetik balora daitekeen osagairen bat badago. Irizpide hori gehienez ere 5 punturekin baloratuko da, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.
5. oinarria.– Saria datuen babesaren arloko komunikazioari, zabalkundeari eta sormenari.
Helburua da aintzatestea datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen laguntzen duten herritarren, profesionalen, komunikabideen eta gainerako pertsona edo entitateen lanak.
Saria eskuratzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan gizarte-komunikabideetan argitaratutako edo hedatutako programek edo atal espezializatuek eta artikuluen edo albisteen segidek, bai eta erreportajeek, monografikoek edo eduki bereziek ere.
Banakako lanak, kazetaritzako proiektuak eta ikus-entzunezko kanpainak ere aurkeztu ahal izango dira, baldin eta datuen babesaren sustapenarekiko konpromisoa badakarte.
Kazetariek, komunikabideek, pertsona fisikoek, entitateek edo instituzioek aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak.
Sare sozialen edo plataforma digitalen bitartez datuak babesteko oinarrizko eskubidea zabaltzen modu nabarmenean lagundu duten pertsona edo instituzioek ere parte hartu ahal izango dute.
Bereziki baloratuko dira originaltasuna, kalitatea, gizarte-inpaktua, dibulgazio-gaitasuna eta formatu berritzaileak, baita euskaraz eginak izatea ere.
Ikus-entzunezko sormen-lanak ere aurkeztu ahal izango dira, gehienez lau minutukoak, baita sormen-lan grafikoak eta literarioak ere, esate baterako mikroipiunak, leloak, claim-ak edo mezu seriatuak.
Lanek ez dute kategoria berean saririk izan behar aurreko deialdietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira lanak.
Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, II. eranskineko eskabide ereduarekin batera.
Hautagaiak baloratzean, kontuan hartuko da euskara erabiltzea eta agertzea, baldin eta, aurkeztutako lanaren edo sormen-lanaren nolakotasuna eta ezaugarriak kontuan hartuta, hizkuntzaren aldetik balora daitekeen osagairen bat badago. Irizpide hori gehienez ere 10 punturekin baloratuko da, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.
6. oinarria.– Saria datuen babesaren arloko proaktibotasunari eta jardunbide egokiei.
Entitateetan pribatutasunaren eta datuen babesaren kudeaketa hobetzea sustatzen duten antolaketa- edo teknologia-arloko edo beste arlo batzuetako proiektuak aintzatestea du xede.
Bereziki, 2016/679 (EB) Erregelamendua eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa betetzeko egindako ekintzak aintzatetsiko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio eta instituzio publikoek, EAEko sektore publikoko entitateek eta 16/2023 Legearen aplikazio-eremuaren barruan dauden entitateek parte har dezakete.
Hautagaitzekin batera hauek aurkeztu behar dira: azalpen-memoria bat, dokumentazio osagarria, ezarpenari buruzko txostena –bidezkoa denean–, eta aukeran, ikus-entzunezko aurkezpena, gehienez ere hamar minutukoa.
Proiektuek ez dute kategoria honetan saririk izan behar aurreko deialdietan.
Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkez daiteke, III. eranskineko ereduarekin batera.
Hautagaiak baloratzean, kontuan hartuko da proiektuan, ekimenean, tresnan, zerbitzuan edo jardunbide egokian euskara erabiltzea, baldin eta, aurkeztutako lanaren edo proiektuaren nolakotasuna eta ezaugarriak kontuan hartuta, hizkuntzaren aldetik balora daitekeen osagairen bat badago. Irizpide hori gehienez ere 5 punturekin baloratuko da, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.
7. oinarria.– Parte hartzeko bete beharreko baldintzak.
Pertsona fisiko edo juridikoek baldintzak bete behar dituzte, eta ez dute egon behar dirulaguntzen araubideari buruzko araudian ezarritakoaren arabera zuzkidura ekonomikoa duten modalitateei aplikatu beharreko debekuen eraginpean.
Hori betetzen dela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkez daiteke, baina DBEAk ere egiaztapenak egin ditzake.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua aplika daitekeenean, erantzukizunpean adieraziko da lege horretako inguruabar eragozleetako bat ere ez dela gertatzen.
Egileek DBEAri baimena ematen diote deialdiarekin lotutako zabalkunde-jardueretan egilea nor den aipatzeko, baina horrek ez du eskubide ekonomikorik sortuko, eman litekeen sariaz aparte.
Aurkezteak esan nahi du oinarri hauek onartzen direla.
8. oinarria.– Eskabideak.
Hautagaiak aurkezteko, aurrez ezarritako eredua eta dokumentazioa erabili behar dira.
Ondorio horretarako prestatutako berariazko prozeduraren bitartez aurkez daitezke. Prozedura hori erabilgarri dago DBEAren egoitza elektronikoan: Hasiera>Izapideak>Sarien deialdian izena ematea. 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetatik edozein erabiliz ere aurkez daitezke; betiere, DBEAren Idazkaritzari zuzendu behar zaizkio.
Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, errekerimendua egingo da, hamar egun balioduneko epean hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren dokumentuak eransteko. Horrez gain, ohartaraziko da, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, 39/2015 Legearen araberako ebazpena emanda eta 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita.
9. oinarria.– Epaimahaia.
Balorazioaz arduratuko da, eta honako hauek izango dira epaimahai horretako kideak:
– Epaimahaiburua: Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria.
– Epaimahaikideak: Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Kontseilu Aholku-emaileko kideak, Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritza Arloko arduraduna eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako datuak babesteko ordezkaria.
– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako idazkari nagusia izango da epaimahaiko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.
Hautagaiak ebaluatzeko, deitutako sarien jarduera-esparruetako adituen laguntza jaso ahal izango du epaimahaiak.
Epaimahaiko kideak ordeztu ahal izango dira legez ezarritako kasuetan.
Adituek laguntza eman diezaiokete epaimahaiari, eta hori espedientean dokumentatuko da, arrazoiak emanda.
Epaimahaiko kideak urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutako abstenitze- eta errekusatze-arrazoien eraginpean egongo dira.
Funtzionamenduak 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz ezarrita dauden arauak beteko ditu.
10. oinarria.– Balorazioa.
1.– Saria datuen babesaren arloko ibilbide profesionalari. Hau baloratuko da: ibilbide profesionala, ekarpenen garrantzia, datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidearen sustapenean eta zabalkundean emandako laguntza, egindako jardueraren inpaktua eta berrikuntzarekiko eta jardunbide egokiekiko konpromisoa.
2.– Saria datuen babesaren arloko ikerkuntzari edo ekintzailetzari. Balorazioa egitean, gehienez ere 100 puntu emango dira, irizpide hauen arabera:
– Fidagarritasuna eta zehaztasun zientifikoa, teknikoa edo juridikoa: 30 puntu.
– Originaltasuna eta berrikuntza: 15 puntu.
– Datu pertsonalen babesaren arloa ezagutzeko, sustatzeko edo sakonago aztertzeko egindako ekarpena: 20 puntu.
– Gizarte-inpaktua eta transferentzia- eta zabalkunde-gaitasuna: 20 puntu.
– Euskararen erabilera: 10 puntu.
– Genero-ikuspegiaren integrazioa: 5 puntu.
3.– Saria datuen babesaren arloko komunikazioari, zabalkundeari eta sormenari. Balorazioa egitean, gehienez ere 100 puntu emango dira, irizpide hauen arabera:
– Edukiaren kalitatea eta zehaztasuna: 25 puntu.
– Originaltasuna eta berrikuntza: 20 puntu.
– Gizarte-inpaktua eta zabalkunde-gaitasuna: 20 puntu.
– Formatua eta sormena: 15 puntu.
– Euskararen erabilera eta presentzia: 15 puntu.
– Genero-ikuspegiaren integrazioa: 5 puntu.
4.– Saria datuen babesaren arloko proaktibotasunari eta jardunbide egokiei. Balorazioa egitean, gehienez ere 100 puntu emango dira, irizpide hauen arabera:
– Proiektuaren fidagarritasuna eta kalitate teknikoa: 25 puntu.
– Pribatutasunaren eta datuen babesaren kudeaketa hobetzeko egindako ekarpena: 20 puntu.
– Izaera berritzailea: 15 puntu.
– Gizarte-inpaktua: 15 puntu.
– Garapen- eta ezarpen-maila: 10 puntu.
– Proiektuan edo jardunbide egokian euskara txertatzea: 10 puntu.
– Genero-ikuspegiaren integrazioa: 5 puntu.
5.– Euskararen erabilera baloratzean, kontuan hartuko da benetan edo modu nabarmenean erabili den, hautagaitzaren nolakotasunerako egokia den modu batean. Ez da baloratuko edukien itzulpen formal hutsa, horrek berekin ez badakar euskara benetan erabiltzea lanean, proiektuan, sormen-lanean, ekimenean edo jardunbide egokian.
Ikerkuntza edo ekintzailetzari eman beharrezko sarian, euskararen erabilerari dagokion irizpideak gehienez ere 10 puntu jasoko ditu: a) 10 puntu: lana euskara hutsean egitea; b) 5 puntu: lan elebiduna egitea, eta euskara modu nabarmenean agertzea; c) 2 puntu: euskara unean-unean edo modu osagarrian erabiltzea; d) 0 puntu: euskara ez erabiltzea.
Komunikazioari, zabalkundeari eta sormenari eman beharreko sarian, euskararen erabilerari eta presentziari dagokion irizpideak 15 puntu jasoko ditu: a) 15 puntu: sormen-lana euskara hutsean egitea; b) 10 puntu: % 50etik gorako presentzia; c) 7 puntu: % 50eko presentzia; d) 5 puntu: % 50etik beherako presentzia, baina, hala ere, esanguratsua; e) 0 puntu: euskara ez agertzea.
Proaktibotasunari eta jardunbide egokiei eman beharreko sarian, euskara txertatzeari buruzko irizpideak 10 puntu jasoko ditu: a) 10 puntu: benetan eta guztiz txertatzea; b) 5 puntu: modu nabarmenean txertatzea; c) 2 puntu: unean-unean txertatzea; d) 0 puntu: euskara batere ez erabiltzea.
Hautagai baten nolakotasunarengatik, edukiarengatik eta ezaugarriengatik hizkuntzaren osagaia aplikatu ezin bada, eta, beraz, euskararen erabilera baloratu ezin bada, irizpide horri dagokion puntuazioa proportzionalki banatu da kategoria bereko gainerako balorazio-irizpideen artean, lor daitekeen gehieneko puntuazioa betiere 100 puntu izan dadin.
Hizkuntzaren irizpideak aplikatzean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen arteko tratu-berdintasuna errespetatu behar da, eta euskara erabiltzen denean oinarri honetan ezarritako baldintzei eta ez beste ezeri egin behar zaio jaramon.
11. oinarria.– Ebazpena.
Balorazio-prozesua amaitu ondoren, epaimahaiak 2026ko abenduaren 31 baino lehen ebatziko ditu sariak. Hartzen den erabakian azalduko da saria zer pertsona edo entitatek jaso duen, zer kategoriatan eta, hala badagokio, zer diru-kopuru jasoko duten.
Epaimahaiaren erabakia Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariaren ebazpen bidez argitaratuko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren web-orrian argitaratuko da, eta izangai guztiei jakinaraziko zaie.
Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu haren aurka.
12. oinarria.– Diruzko sariak ordaintzea.
Ordainketa egingo da epaimahaiaren erabakia publiko egiteko ebazpena eman ostean, onuradun den pertsona edo entitateak adierazitako kontura banku-transferentzia eginez.
Ordaindutako kopuruak zerga-atxikipenen mendean egongo dira.
Gerora egiaztatzen bada inguruabarren batek saria lortzea eragotz zezakeela, kobratzeko eskubidea galtzeari buruzko araubidea edo itzulketarako araubidea aplikatuko da.
Izaera juridiko-publikoa duten pertsona edo entitateek ez dute diruzko zuzkidurarik jasoko.
13. oinarria.– Sarien banaketa.
DBEAk antolatutako ekitaldi publiko batean banatuko dira sariak. Ekitaldi hori Datuen Babesaren Europako Egunean egiten saiatuko da Agintaritza.
Eguna eta tokia aurretiaz komunikatuko zaizkie saritutako pertsona, entitate, instituzio edo agintaritzei, eta DBEAren webgunean argitaratuko dira.
Baliteke ekitaldian irudiak eta soinua atzitzea, komunikazio instituzionalerako. DBEAk ekitaldiaren ikus-entzunezko grabazioa egin dezake, baita gerora grabazio hori zabaldu ere sare sozialean dituen profil ofizialetan eta gainerako kanal instituzionaletan, aurretiaz adostasun berariazkoa eta informatua jasota. Pertsona edo entitate batek adostasuna ukatzeak ez du esan nahi saritua izateari uzten zaionik edo, bidezkoa denean, diruzko zuzkidura jasotzeko eskubidea galtzen denik.
Grabatzearen eta zabaltzearen ondoriozko tratamenduari buruzko informazioa ezer atzitu aurretik emango da, informazio-klausula baten bidez, eta, bidezkoa bada, adostasun-formulario baten bidez.
14. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak, arduradun den aldetik, datuak tratatuko ditu eta «Prestakuntza- eta sustapen-jarduerak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko ditu, deialdia kudeatzeko eta ebazteko, bai eta deialdiarekin zerikusia duten ekitaldi instituzionalak antolatzeko eta zabaltzeko ere.
Oinarri juridikoa, orokorrean, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.e) artikulua izango da, 16/2023 Legearen eta aplikatu beharreko gainerako araudiaren arabera DBEAri esleitzen zaizkion eskumenei dagokienez.
Legitimaziorako adostasuna beharrezkoa denean, adierazpen aske, zalantzarik gabeko, zehatz eta arrazoitu baten bidez emango da, eta adostasun hori edozein unetan kendu ahal izango da.
Saritutako pertsona edo entitateen datuak EHAAn, DBEAren webgunean, jardueren urteko txostenean, sare sozialetan eta beste bide instituzional batzuetan argitara daitezke, beharrezkoa bada eta aplikatu beharreko araudian horretarako babesa badago.
Ordainketarako beharrezkoak diren datuak finantza-entitateei eta zerga-arloan eskumena duten administrazioei komunikatuko zaizkie, esate baterako, foru ogasunei eta, hala badagokio, Zerga Administrazioko Estatu Agintaritzari, zerga-arloko araudiak xedatzen duenarekin bat; eta zerga-arloan eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-organoei ere bai.
Datuak izapideetarako eta erreklamazioetarako beharrezkoa den denboran gordeko dira, eta, gerora, artxiboen, dokumentu-ondarearen, gardentasunaren eta kontrolaren araudian eskatzen diren epeetan.
Interesdunak eskubidea du datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta eramateko, baita datuen tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen erabaki baten objektu ez izateko ere, eta eskubide horiek egikaritu ditzake Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 71, 3. solairua, 01008 Vitoria-Gasteiz) edo posta elektronikoko helbide honetan: avpd@avpd.eus
Informazio gehigarria, DBEAko datuak babesteko ordezkariaren datuak barnean direla, DBEAren webgunean (www.avpd.eus) egongo da eskura.
Sariak banatzeko ekitaldian irudia eta ahotsa atzitzeko eta zabaltzeko, berariazko adostasuna beharko da, irudi edo ahots identifikagarria duten pertsonei dagokienez, eta bestelako oinarri juridiko aplikagarririk ezean. Adostasun horrek ez du zerikusirik parte hartzearekin edo saritua izatearekin, eta edozein unetan kendu ahal izango da, lehenago egindako tratamenduen zilegitasuna ezertan galarazi gabe (IV. eranskina).
15. oinarria.– Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hau aplikatuko da: administrazio publikoen araubide juridikoa eta administrazio-prozedura erkidea erregulatzeko araudia; 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena; 77/2026 Dekretua, maiatzaren 19koa, Agintaritzaren estatutua onartzekoa; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, aplikatu behar diren alderdietan; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra, aplikatu behar diren oinarrizko manuetan; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, aplikatu behar den guztian; DBEAri aurrekontu-arloan eta ekonomia- eta finantza-arloan aplikatu behar zaion araudia; 2016/679 (EB) Erregelamendua; 3/2018 Lege Organikoa; 39/2015 Legea; 40/2015 Legea; eta aplikatu beharreko gainerako araudia.
Hirugarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio DBEAren lehendakariari, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluen arabera; edo, bestela, zuzenean aurkeztu ahal izango zaio administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jurisdikzio-organo eskudunari, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Argitaratzea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren web-orrian argitaratuko da. DBEAren komunikazio korporatiboko kanaletan ere emango da ebazpenaren berri.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 19a.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria,
UNAI ABERASTURI GORRIÑO.
RSS