Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2026ko azaroaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
4653

EBAZPENA, 2026ko urriaren 23koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira energia berriztagarrien bidez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta kontsumo termikoak elektrifikatzeko (Eguzki Hotz) laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta 2026rako deialdia.

Energiaren Euskal Erakundea (aurrerantzean EEE), Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak bere gain hartzen ditu aurrezpena eta energia-efizientzia, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzera bideratutako jardunak, betiere Euskadiko Autonomia Erkidegoaren (aurrerantzean EAE) esparruan.

Ildo horretan, EEE hainbat ekintza garatzen ari da 2030erako 3E-2030 Euskadiko Energia Estrategian jasotako helburuak betetzeko. Jarduketa horien artean aipatzekoak dira hainbat laguntza-programa, EAEko lurraldean instalazio eta eraikinetan energia berriztagarrien erabileraren sustapena bilatzen duten ekintzak sustatzeko.

Ildo horretan, 2030erako Euskadiko Energia Estrategia (3E2030) dokumentuan gauzatutako Eusko Jaurlaritzaren energia-politikaren helburuei jarraikiz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren misioa energia-kontsumoan efizientzia gehitzen laguntzea da, beharrezkoa den bultzada publikoaren bidez, eta, horrekin batera, energia-sistema lehiakorrago, jasangarriago eta seguruago bat lortzea, ingurumen-inpaktua gutxitu denez, kontsumorako edo produkziorako energia gutxiago beharko denez, eta kanpo energia-baliabideekiko dependentzia murriztuko denez.

Era berean, EAEko lurraldean energia berriztagarri elektrikoen hedapena sustatzea, eta horrez gain Irango gatazkaren ondorioak eta energia-prezioen ezegonkortasuna arintzea eta murriztea helburu gehigarria, bat datoz Gobernu Kontseiluak hartu berri duen erabakiarekin, zeinaren bidez, Euskadiko industria-ezkutuaren lehen neurri-sortan 1.047 milioi euro aktibatu diren, eta % 51,4ko igoera ezarri da enpresa txiki eta ertainak eraldatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzetan. Laguntza-ardatzetako bat «Autonomia energetikoa» dela adierazten da, EEEren oinarrizko helburuetako bat baita. Gobernu Kontseiluak aurkeztutako neurrien helburua da euskal industriaren ordezkariek Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioei aurre egiteko helarazitako behar nagusiei erantzutea.

Euskadik klima-aldaketara egokitzeko eta eraikinak tenperatura altuen aurka prestatzeko beharra duenez, baina horrek energia menpekotasuna eta faktura elektrikoa handitzea ez eragiteko helburuarekin, beharrezkoa da euskal herritar guztiei «Eguzki Hotz» klimatizazio sistema jasangarriak ezartzeko pizgarriak ematea. Zentzu horretan, klimatizazio-sistema eraginkorragoak eta jasangarriagoak instalatzea erraztu nahi da, gero eta ohikoagoak diren bero-boladen aurrean tenperatura eta ongizatea hobetzeko gai izango direnak.

Ondorioz, energia berriztagarrien bitartez autokontsumorako instalazioak egiteko eta kontsumo elektrikoen elektrifikazioa helburu duten ekintzak sustatzeko helburu nagusiarekin diseinatu da laguntza-programa hau, bai eta Irango gatazkaren ondorioak arintzeko eta energia prezioen ezegonkortasuna murrizteko ere.

Horregatik guztiagatik, eta Energiaren Euskal Erakundearen organo artezkarien eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretuak ematen dizkidan ahalmenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Energia berriztagarrien bidez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta kontsumo termikoak elektrifikatzeko laguntza-programaren (Eguzki Hotz) oinarri arautzaileak onartzea, zeinak eranskinean agertzen baitira, eta 2026rako deialdia, horrek lotuta gastua baimentzea dakarrelarik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Eraginkortasuna.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Baliabideak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke EEEko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bilbao, 2026ko urriaren 23a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala