Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2026ko azaroaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4651

EBAZPENA, 2026ko irailaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo udal-mugartean (Gipuzkoa) FFNEV BESS S.L.U. enpresak energia baterietan biltegiratzeko sustatu duen BESS Bidasoa FF1 proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2026ko ekainaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea erabaki zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Irungo udal-mugartean (Gipuzkoa) FFNEV BESS S.L.U. enpresak energia baterietan biltegiratzeko sustatu duen BESS Bidasoa FF1 proiektuari dagokionez. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatzeko, 2026ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri beharko dira, nahitaez, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 4. taldeko n) epigrafean deskribatutakoarekin bat datorrelako: Stand-alone motako biltegiratze energetikoa, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau eman du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Horren bidez aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezarriko dira txostenean.

Kontuan hartu dira 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Irungo udal-mugartean (Gipuzkoa) FFNEV BESS S.L.U. enpresak energia baterietan biltegiratzeko sustatu duen BESS Bidasoa FF1 proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako baldintza hauetan:

A) Proiektuaren xedea da energia elektrikoa baterien bidez biltegiratzea (30MW-eko potentzia), eta instalazioa lurpeko linea elektriko baten bidez konektatzea ST Irun 30kV azpiestazioarekin.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Irungo udal-mugartean (Gipuzkoa) ST Irun 30kV azpiestazioarekin lotura duen BESS Bidasoa FF1 instalazioaren proiekturako (hemendik aurrera, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertu da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Instalazioa Irungo udal-mugartean dagoeneko antropizatuta dagoen ingurune batean egingo da, lehendik dauden azpiegitura elektrikoei lotuta.

Biltegiratze-instalazioak 30 MW-eko potentzia eta 120,72 MWh inguruko edukiera ditu. 2.240 m2-ko azalera duen partzela batean dago, eta horietatik 2.130 m2 hesiaren barne-azalerak hartuko ditu. Jarduketaren esparruan partzela aldez aurretik egokitu eta plataforma nibelatu bat jarriko da, instalazioa osatzen duten elementuak jartzeko.

Energia 30 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez ebakuatzea aurreikusi da. Linea horrek 691 metroko luzera izango du guztira, eta «CS FF1 Bidasoa BESS» sekzionamendu-zentrotik abiatuko da, ST Irun 30 kV-ko azpiestazioarekin konektatzeko.

«FF1 Bidasoa BESS» biltegiratze-instalazioak guztira sei (6) potentzia-bloke izango ditu. Horietako bakoitzak lau (4) bateria-edukiontzi, bi (2) potentzia-bihurgailu (PCS) eta BT/ET transformadore bat (1) izango ditu.

Perimetroaren barruan, halaber, honako hauek egongo dira: kontrolerako eraikina; «CS FF1 Bidasoa BESS» sekzionamendu-zentroa; potentzia-estazioak edo Skids direlakoak; behe- eta erdi-tentsioko instalazio elektrikoen zangak; eta barne-bideak. Skid edo potentzia-estazioak inguratzaile aurrefabrikatuak dira eta erabat itxita daude; eta bertan biltegiratze-instalazioko PCSak instalatuko dira, guztira hamabi (12) unitate.

Sekzionamendu-zentroa prefabrikatua izango da, eta 4 m-ko altuera, 10,05 m-ko luzera, 4,82 m-ko zabalera eta 50 m2-ko azalera izango ditu. Skids-etatik datozen interkonexioko erdi-tentsioko lurpeko lineak iritsiko dira «CS FF1 Bidasoa BESS» sekzionamendu-zentrora.

Uste da obrak egikaritzeko epea bederatzi hilabetekoa izango dela.

Aztertutako alternatibak.

Ingurumen-dokumentuak baztertu egiten du zero aukera, hau da, proiektua ez egitea; izan ere, sorkuntza berriztagarria izango litzateke aldizkako eteteekin, eta isurketa zein itzalaldi posibleekin. Horrenbestez, ekidin beharreko aukera da.

1. alternatibaren arabera, BESSa (5.115 m2 inguru), Irungo larre/sastrakadi batean kokatuko litzateke. Linea elektrikoa (6.974 metro luze) lurpean proiektatzen da osorik, eta une oro lehendik dauden errepideen ondotik igarotzen da, eta Antxontxipi, Ibarrola, Olaberri eta izenik gabeko 1067 ibilgua zeharkatzen ditu. BESSerako sarbidea hormigoizko bide batetik egingo da eta berehalako sarbidea izango du GI-3455 errepidera.

2. alternatibaren arabera, BESSa (2.129,72 m2 inguru), Irungo hiru-lurzoruan kokatuko litzateke. Ebakuazio-lineak 691 metro ditu eta lehendik dauden bideetatik igarotzen da, ST Irun (30kV) estaziora iritsi arte. Trazadurak ez du eraginik izango landaredian edo inguruko ibilguetan. BESSerako sarbidea Errotako errepidetik egingo da, bideak egokitu beharrik gabe.

Bi alternatiben irizpide anitzeko ebaluazioa baloratu ondoren, ingurumen-dokumentuan 2. alternatiba hautatu da, egokiena delako; izan ere, potentzial edafikoa duen lurzoru gutxiago galtzea dakar, ez dio landaredi naturalari eragiten, azalera txikiagoa hartzen du, paisaian eragin txikiagoa du, lehendik dagoen hiri- eta industria-bilbean dago eta linearen luzera txikiagoa da.

2.– Proiektuaren kokapena.

BESS instalazioa eta ebakuazio-linea jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru gisa kalifikatutako partzela batean kokatuta dago, ST Irun 30 kV-ko konexioaren azken zatia izan ezik. ST Irun 30 kV-ren barruan dagoen linearen azken zatia oinarrizko azpiegituren sistema orokor gisa sailkatutako lurzoruan proiektatu da.

Eremuan ez da ingurumen-balio garrantzitsurik antzeman. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babesturik edo natura-interesekorik ere. Era berean, ez du ukitzen EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik, interes geologikoko gunerik, mehatxatutako fauna kudeatzeko planetan jasotako espaziorik, Batasunaren intereseko habitatik eta mehatxatutako flora-espezierik.

Proiektuaren eremuan hainbat espezie exotiko eta inbaditzaile hauteman dira, hala nola Cortaderia selloana, Cyperus eragrostis, Buddleja davidii, Prunus laurocerasus eta Yucca gloriosa.

Paisaiari dagokionez, aztergai dugun eremua Donostialdea-Bidasoa Behereko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoak «CO.5 Irungo korridorea eta eremu urbanoa» paisaia-unitatearen barruan sailkatzen du. EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Inbentarioari dagokionez (Eusko Jaurlaritza, 2005), proiektuaren eremua «Irun» ikuseremuan kokatzen da, eguneroko inguruan, eta ez dago EAEko paisaia berezi edo aparteko gisa katalogatuta.

Kultura-ondareari dagokionez, proiektatutako instalazioetan ez dago babestutako elementurik.

Ebakuazio-linearen azkeneko zatian, ST Irun 30 kV eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako industriako partzela batekin (kodea: 20045-00288). Gainera, linearen trazaduraren inguruan inbentarioan jasota dauden beste partzela batzuk ere badaude. Ildo horretan, ingurumen-dokumentuaren arabera ebakuazio-linea partzela industrial batekin ere (kodea: 20045-00062) gainjartzen da.

Proiektuaren eremuan ez dago sismikotasunari, uholdeei, baso-suteei, akuiferoak kutsatzeko kalteberatasunari edo Seveso enpresen hurbiltasunari eta salgai arriskutsuen garraioari lotutako arrisku kimikorik.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuak obra-fasean izango ditu eragin nagusiak, zehazki: lursaila egokitzea, zangak irekitzea, zimenduak egitea eta makinen joan-etorria.

Horren ondorioz, lurzorua okupatuko da, obra-hondakinak eta lur-soberakinak sortuko dira, eta, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, giza habitataren kalitatea murriztuko da hauen ondorioz, besteak beste: zarata, hautsa eta bibrazioak areagotzea, eta uren kalitateari eragiteko arriskua ustekabeko isuriengatik eta partikulak arrastatzeagatik.

Hautatutako eremuan topografia ia laua da, eta, beraz, unean uneko azaleko indusketa puntualak baino ez dira egin beharko, biltegiratze-instalazioko ekipoetarako hormigoizko lauzak prestatzeko. Guztira, lur-mugimenduek, kanalizazio elektrikorako zangak egitearekin lotutakoak barne, 754,86 m3 hartuko dituzte.

BESSa jarriko den eremua artifizializatutako partzela bat da eta gaur egun belarrez estalita dago.

BESS instalazioa egikaritzean aurreikusitako eragin osoa instalazioa egiteko aurreikusi den azaleraren barruan egingo da, eta, hasiera batean, ez da aurreikusi eremu horretatik kanpoko okupazio osagarririk. Linea elektrikoaren trazadura industrialdeen arteko bideen bitartez egingo da, hiri-lurzoru finkatuan. Trazadurak zuhaitz-espezie apaingarrien ale jakin batzuei eragingo die.

Proiektuaren eremuan landare-espezie exotiko inbaditzaileak daudenez, baliteke obren ondorioz espezie horiek sakabanatzea edo hedatzea.

Proiektatutako ebakuazio-lineak Kaskoitegi errekaren ibilgua zeharkatzen du, industria-sarean lurpetik doan tarte batean.

Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak bateriak biltegiratzeko instalazioaren eta horren mantentze-lanetatik eratorritakoak izango dira. Horrek inpaktu akustikoa eta paisajistikoa ekarriko du, jarduera antropikoa areagotuko du, hondakinak eta eremu elektromagnetikoak sortuko ditu; halaber, kontuan hartu beharko da bateria-ekipoak haustearen edo ordeztearen ondoriozko arrisku potentziala.

Ingurumen-dokumentuak ingurumen-inpaktuaren azterketa jasotzen du, eta, horren arabera, egunez zein gauez 40dB(A) baino gutxiagoko zarata-mailak jasoko dituzte etorkizunean 4 hartzaile hurbilenak (etxebizitzak dira, 57m, 110m, 113 m eta 130m-ko distantziara, hurrenez hurren); beraz, BESS instalazioak kalitate akustikoko legezko balioak eta helburuak betetzen ditu.

Istripuzko suteak BESS instalazio bati lotutako arrisku nagusietako bat dira, eta, beraz, suteen aurkako sistema bat ezarriko da.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txostenean agindutakoak, hasiera batean ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Irungo udal-mugartean (Gipuzkoa) FFNEV BESS S.L.U. enpresak energia baterietan biltegiratzeko sustatu duen BESS Bidasoa FF1 proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira atal hauetan adierazitako neurriak:

Jarduketa-esparrua mugatzea.

– Obrak, jarduketa osagarriak, sarbideak, pilaketak, instalazioak, maniobrak eta makina-zirkulazioak ezinbestekoa den gutxieneko azaleran eta proiektuan definitutako mugetan egingo dira bakarrik. Ez da posible izango kanpo-eraginik sortzea Obra Zuzendaritzak baimenik eman gabe eta, hala badagokio, zuzenketa- eta ordezkapen-neurriak aplikatuko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Kontrol-neurriak hartuko dira aurkitutako landare-espezie exotiko inbaditzaileak desagerrarazteko eta ez hedatzeko.

Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

Jabari publiko hidraulikoa (JPH) eta haren babes-eremuak babestera bideratutako neurriak.

– Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Ildo horretan, proiektuak neurriak zehaztuko ditu bateria-ekipoak ordeztean edo horiek hausten badira gerta daitezkeen istripuen ondorioz urak eta lurzoruak kutsatzeko arriskua minimizatzeko.

– Obra-makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Obrako instalazio osagarriak lanak amaitu ondoren kenduko dira.

Urak eta lurzoruak kutsaduratik babesteko neurriak.

– Oro har, eraikitzeko fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera; horrez gain, uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatu beharko da, eta beharrezkoak diren euste-sistemak ezarri beharko dira.

– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa izan beharko da, ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obraren makina-parkera bideratutako azalera eta haren mantentze-gunea drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Beharrezkoa izanez gero, kutsatutako urak jaso eta tratatzeko gailuak instalatuko dira, eta dimentsio zuzenak izango dituzte solidoei eusten dietela bermatzeko. Debekatuta dago obran ateratzeko urak aldez aurretik tratatu gabe isurtzea eta hormigoi-makinak garbitzea; sortutako urak putzuetan tratatu beharko dira.

– Obrako instalazio osagarriak lanak amaitu ondoren kenduko dira.

Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.

– Baterien bidez energia metatzeko instalazioak beteko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan ezarritako zarata-foku akustiko berriei aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak, eta kontuan hartuko ditu, hala badagokio, aipatutako 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2. zatiko osagai tonalei (Kt) eta maiztasun txikikoei (Kf) dagozkien zuzenketak.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

– Egin nahi den jarduera lurzorua kutsa dezakeen jarduera da (EJSN-2009, 35.12 Energia elektrikoaren garraioa. Azpiestazio elektrikoak eta potentzia- nahiz erreaktantzia-transformadoreak); hortaz, sustatzaileak 4/2015 Legean eskatzen den lurzoruaren egoerari buruzko txostena egin eta izapidetu beharko du.

– Energia baterietan biltegiratzeko «FF1 Bidasoa BESS» edo haren ebakuazio-lineak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruei eragiten badiete, Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarretako bat betetzen bada, eta lege beraren 24. edo 25. artikuluetan araututako salbuespenak aplikatzekoak ez badira, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura abiarazi beharko da; eta, horretarako, aztergai den lurzoruaren kalitatearen ikerketa-emaitzak aurkeztu beharko dira.

– Prozeduraren amaieran, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena emango du.

– Lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketak erakunde egiaztatuek gauzatu beharko dituzte, aintzat hartuta urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan ezarritakoa (Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena), eta ikerketen edukia eta norainokoa abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan kontsultatu ahalko dira (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena).

Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.

– Funtzionamendu-fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babes-neurri sanitarioak ezartzen dituen erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

– Jarduketaren batek eragina izan badezake Nueva Editorial S.A. higiezinean edo haren ingurune hurbilean, gomendatzen da esku-hartzeek erreferentzia gisa har ditzaten Sendotzea edo Zaintzea eta Apaintzea kategoriak, Ondare Urbanizatu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan jasotakoaren arabera.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin-mota eta norakorik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA–A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko ontziak edo bilgarriak modu argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da, estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, langileek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Energia-efizientziara bideratutako neurriak.

– Kanpo-argiteria bakarrik ezinbesteko puntuetan instalatuko da. Kasu horietan, erabilera mugatzeko gailuak erabili beharko dira (mugimendu-sentsoreak, kamerak eta abar).

– Instalatutako argi-puntuak eta argi-mailak bereziki errespetuzkoak izan beharko dira, inguruan kalterik ez sortzeko eta gehieneko babesa duten eremuetara edo hargailu sentikorretatik hurbil dauden zonetara argi arrotzik ez sartzeko.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak igarotzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

Suteen aurkako babeserako neurriak.

– Obrak hasi aurretik, sustatzaileak baso-suteak prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu, eta bermatu egin beharko du lehen esku-hartzeko bitartekoak daudela, landaredi erregaia behar bezala kudeatzen dela eta suteak itzaltzeko zerbitzuentzako irisgarritasun-baldintzak egokiak direla. Era berean, instalazioak ur-hargunea izan beharko luke, ur-hargune edo sistema baliokide bat instalatu ahal izateko, bai eta suteetatik babesteko nahitaezkoak diren neurri aktibo guztiak ere.

Halaber, instalazioak aplikatu behar den araudi sektorialaren eta suteak prebenitu eta itzaltzeko zerbitzu eskudunen zehaztapenen arabera eska daitezkeen ura hornitzeko eta suteen aurkako babeserako bitartekoak izan beharko ditu. Irungo udal-mugartean (Gipuzkoa) «FF1 Bidasoa BESS» biltegiratze energetikoaren jarduerari Autobabeserako Euskal Araua aplikatzea badagokio (Zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituen azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuan arautua, 21/2019 Dekretuak aldatua), arau horren 4. artikuluan ezarritako eskakizunak bete behar ditu jardueraren titularrak. Zehazki:

a) Bere jarduerari dagokion autobabes-plana egitea eta administrazio publikoaren barnean ustiapenerako edo jarduera hasteko lizentzia edo baimena emateko eskuduna den organoari aurkeztea.

b) Dekretu honen arabera erregistratzekoak diren datuak Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrera bidaltzea, eta datu horiek eguneratuta izatea.

– Autobabeserako planean, zer arrisku dauden ikusi eta ebaluatu behar dira, eta arriskuen prebentziorako eta kontrolerako zer ekintza egin eta zer neurri hartu behar diren zehazten da, bai eta larrialdi-egoeretan zer babes-neurri hartu behar diren eta zer ekintza egin behar diren ere. Planean heldu behar zaie jarduerak berez dituen arriskuei nahiz jarduerari eragin diezaioketen kanpoko arriskuei: babes zibileko planetan aurreikusitako arriskuak eta hurbileko arrisku-jarduerak.

– Suteak detektatzeko/itzaltzeko sistemak instalatu beharko dira, honako hauek barne: runaway termikoa (aire girotuko sistemak, tenperatura-sentsoreak, barneko hozte-sistema espezifikoak); gasak eta kea detektatzeko sistemak (sugar-detektagailuak, ihinztagailuak, agente itzaltzaile ez-eroaleak, babes pasiboa, O2a murriztea...). «Instalazioak erabilitako biltegiratze-teknologiarako egokiak diren suteak detektatzeko sistemak, alarma, monitorizazio-sistemak eta suteetatik babesteko sistemak izan beharko ditu; halaber, sistema horiek honako egoera hauek detektatzeko gai izan beharko dute: ihes termikoko egoerak (thermal runaway), gainberotzeak, gas-isuriak eta kea edo sua; betiere, industria-segurtasunaren arloan aplikatu beharreko araudiaren eta fabrikatzailearen espezifikazioen arabera».

– Suteak hedatzeko arriskua minimizatzeko mantendu egingo dira aplikatu beharreko industria-segurtasuneko eta suteen aurkako babeseko araudian zein fabrikatzailearen espezifikazio teknikoen eta onartutako eraikuntza-proiektuan ezarritako distantziak baterien eremuaren, transformazio-zentroaren, beste instalazio osagarri batzuen eta elementu perimetralen artean.

– Ekipamenduen kokapenaren eta instalazioaren arrisku-analisiaren arabera beharrezkoa denean, konpartimentazio-elementuak edo hesi fisikoak (pantailak edo suaren aurkako hormak) jarriko dira ekipoen kokapenak beroa edo suteak hedatzea erraztu dezakeen eremuetan.

– Era berean, instalazioaren perimetroa mantendu egin beharko da landare lehorrik eta zuhaixkarik gabe; horretarako, zuhaitzak inausi eta horrela mantendu, eta landarediaren hazkundea zein partzelaren barrualdea kontrolatu beharko da, suteak hedatzea ahalbidetu dezaketen landare lehorrak eta inausketa-hondarrak pilatzea saihesteko.

– Instalazioetarako sarbidea mugatuta egongo da, sarbideak kontrolatzeko eta bideozaintzako sistemen bidez, eta bermatu egingo da instalazioan soilik baimendutako langileek jarduten dutela.

– Berotegi-efektuko gas fluordunak dituzten ekipoak erabiliz gero, instalazioan ihesak detektatzeko sistema bat ezarri beharko da halakorik gertatzekotan ahalik eta lasterren zuzentzeko, Berotegi-efektuko gas fluordunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024ko otsailaren 7ko (EB) 2024/573 Erregelamenduaren 5. artikuluan aurreikusitako salbuespenak kontuan hartuta.

– Kolore argiko gainazalak eta estaldura islatzaileak jarriko dira, gainazalak gainberotzea saihesten laguntzeko. Era berean, kolpeak, gainkarga/deskarga azkarrak eta baterien muturreko tenperaturen eraginpean egotea saihestu egin beharko da.

– Instalazioaren diseinua, ustiapena eta mantentze-lanak baterien fabrikatzailearen zehaztapen teknikoen eta aplikatu beharreko industria-segurtasuneko araudiaren araberakoak izango dira, gainberotze, ihes termiko eta sute arriskua minimizatzeko. Obrako aldi baterako instalazioak partzelaren barruan jarri beharko dira. Instalazio horiek iragazgaizteko eta jariatze-urak bildu eta tratatzeko elementuak izan beharko dituzte, ustekabeko isurketek lurzorua edo ura kutsa ez dezaten.

– Lurpean jartzen diren kable guztiak tutuetan jarri beharko dira.

– Obrak amaitzean, instalazio osagarri guztiak eraitsi eta eremua garbituko da. Ukitutako edozein azpiegitura hasierako egoerara berrezarriko da.

– Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legean ezarritakoaren arabera, titularra erantzulea denean, ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta gauzatu beharko dira, eta horien kostuak ordaindu beharko dira, zenbatekoa edozein dela ere.

– Langileei hasierako prestakuntza emateko plan bat zehaztuko da segurtasunaren, larrialdien eta energia biltegiratzeko sistemen esparruan.

Garbitzea eta obra amaitzea.

– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Jarduera uztea.

– Instalazioaren balio-bizitza amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatu behar den berariazko araudia betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira instalazioak desmuntatzeko lanetarako; hain zuzen, eraikitze-lanetarako ezarritakoen antzekoak izango dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraiste-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu egin beharko dira.

– Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten Irungo udal-mugartean (Gipuzkoa) energia baterietan biltegiratzeko ST Irunekiko loturadun BESS Bidasoa FF1 proiektua (FFNEV BESS S.L.U. enpresak sustatutakoa) egikaritzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 30a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala