Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2026ko azaroaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4646

1700/2026 EBAZPENA, urriaren 23koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdi publikoa egiten baita Zerbitzu Korporatiboko buru lanpostua izendapen askez hornitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Asistentzia Sanitarioko Zerbitzu Korporatiboko buru lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritza honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera

OINARRIAK

Lehenengoa.– Lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza (Vitoria-Gasteiz).

Lanaldia: zatitua.

Hizkuntza-eskakizuna: 3. HE, derrigortasun-data: 2023-12-03.

Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Estatutupeko, funtzionario edo langile lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan eta lanpostua jabetzan edukitzea A1/A2 lanbide-taldean.

b) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea administrazio publikoan A1/A2 lanbide-taldean.

c) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planeko gainerako baldintzak.

Hirugarrena.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.

Balorazio Batzordea osatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluak ezarritakoaren arabera; hortaz, horren burua Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo haren eskuordea izango da eta kide hauek izango ditu: Ospitaleko Asistentziako zuzendariordea, Farmaziako Zerbitzu Korporatiboko burua eta Zuzendaritza Nagusiko goi-mailako teknikari bat (azken horrek idazkari gisa jardungo du).

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

Seigarrena.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

Zazpigarrena.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariaren ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea). Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da. Epe hori ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da, eta muga-hilaren egun berean amaituko da, egun baliokiderik ez dagoenean izan ezik. Kasu horretan, hilaren azken egunean amaituko da epea, edo epearen azken eguna baliogabea denean, zeina hurrengo egun baliodunera luzatuko baita.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 23a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendaria,

JOSUNE RETEGI ORMAZABAL.


Azterketa dokumentala