
211. zk., 2026ko azaroaren 4a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (760 KB - 115 orri.)
- EPUB (3634 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
HEZKUNTZA SAILA
4645
AGINDUA, 2026ko urriaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita estatu-mailako lekualdatze-lehiaketa, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-kidegoetako funtzionarioentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren mendeko ikastetxeetan lanpostuak betetzeko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.3 xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenekin bat etorriz, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak bi urtez behin estatu mailako lekualdatze-lehiaketak iragartzeko betebeharra ezartzen die hezkuntza-administrazioei; lehiaketa horietan karrerako funtzionarioak diren irakasle guztiek parte hartu ahal izango dute, edozein dela ere mende daudeneko edo sartu direneko hezkuntza-administrazioa, betiere horretarako betekizunak konplitzen badituzte (errege-dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakaskuntza-kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautu ziren; errege-dekretu hori uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretuak aldatu zuen). Hala, interesdunek ekintza bakar baten bitartez parte hartu ahal izango dute lehiaketa guztietan, eta lehiaketok ebatzi ondoren, destino bakarra lortuko dute kidego bakoitzean.
Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua aldatzen duen uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretua argitaratzearen ondorioz, aldatu egin dira merezimenduen baremoari esleitutako puntuazioak, bai apartatu batzuen gehieneko puntuazioan, bai azpiapartatu batzuei esleitutako puntuazioan. Horregatik, deialdi honetan dagozkion egokitzapenak egin dira deialdi honetako merezimenduen baremoaren I. eranskinean.
Bestalde, 2026-2027 ikasturtean deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketei aplikatu behar zaizkien prozedura-arauak onartu dira (EFD/1041/2026 agindua, irailaren 30ekoa). Era berean, deialdi honen I. eranskineko merezimenduen baremoari dagokionez, kontuan hartu behar da Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia, zeinaren arabera ezin diren desberdin baloratu karrerako funtzionario gisa, langile finko gisa eta bitarteko funtzionario edo iraupen jakineko langile gisa eta lan-kontratudun langile gisa egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostu berberetakoak badira eta eginkizunak berdinak edo antzekoak badira. Izan ere, bestela, EBJAren jurisprudentziaren arabera, diskriminazio-tratua egongo litzateke, eta hori debekatu egiten du Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentarauak. Zuzentarau horrek iraupen jakineko lanari buruzko Europako Sindikatuen Konfederazioaren (ESK), Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren (UNICE) eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren (CEEP) Esparru Akordioa jasotzen du.
Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean eta Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan lanpostu hutsak badaudenez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
1.– Iragartzea estatu- mailako lekualdatze-lehiaketa, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-kidegoetako funtzionarioentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren mendeko ikastetxeetan lanpostuak betetzeko.
2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 8a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
OINARRIAK
SUMARIOA
I. kapitulua. Oinarri orokorrak.
II. kapitulua. Parte hartzeko betekizunak eta izaera.
1. atala: Orokorrak.
2. atala: Maisu-maistren Kidegoa.
3. atala: Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoak.
4. atala: Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoa.
5. atala: Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen eta Irakasleen Kidegoak.
III. kapitulua. Borondatezko parte-hartzea.
IV. kapitulua. Nahitaezko parte-hartzea.
V. kapitulua. Lehentasun-eskubideak.
VI. kapitulua. Konkurrentzia-eskubidea.
VII. kapitulua. Parte hartzeko eskabideak, dokumentazioa eta barematzeko aukerak.
VIII. kapitulua. Merezimenduen baremoaren aplikazioa.
IX. kapitulua. Prozeduran onartzeari eta puntuazioa emateari buruzko ebazpenak.
X. kapitulua. Destinoak adjudikatzea, lanpostuari uko egitea eta lanpostuaz jabetzea.
XI. kapitulua. Datu pertsonalak.
I. eranskina. Merezimenduen baremoa.
II. eranskina. Ikastetxeen zerrenda.
III. eranskina. HHEko ikastetxeei buruzko informazioa.
IV. eranskina. Espezialitateak.
V. eranskina. Kidegoen, lurraldeen, probintzien, autonomia-erkidegoen eta hizkuntza-eskakizunen kodeak.
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
Lehenengoa.– Deialdia.
1.– Estatu-mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da, hamargarren eta hamaikagarren oinarrietako kasuetan dauden unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-kidego hauetako karrerako funtzionarioentzat:
a) Maisu-maistrak.
b) Bigarren Hezkuntzako irakasleak.
c) Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoa.
d) Desagertzear dagoen Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko irakasleak.
e) Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleak.
f) Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleak.
g) Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleak.
h) Bigarren Hezkuntzako katedradunak.
i) Hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunak.
j) Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak.
k) Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunak.
2.– Lehiaketa honetan parte hartzeko deialdian sartzen dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioko irakaskuntza-kidegoetan sartzeko eta horra iristeko hautaketa prozesuetan aukeratuak izanik ikasturte honetan praktikak egiten ari direnak.
3.– Lehiaketa honetan, honako xedapen hauek bete behar dira:
– 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua.
– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena.
– 30/1984 Legea, abuztuaren 2koa, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoa, aipatutako estatutuaren arau bidezko garapena eman arte indarrean jarraitzen duten artikuluetan.
– 4/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez Kanpoko Irakaskuntzako Irakaskuntza-kidegoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
– Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntza-kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena; uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretuak aldatu zuen.
– 47/1993 Dekretua, martxoaren 9koa, irakaspostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak ezartzen dituena.
– 42/1998 Dekretua, martxoaren 10ekoa, irakaspostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak finkatzen dituen dekretua aldatzeko dena.
– 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzekoa (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren eta eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuaren bidez aldatu zen).
– 73/2012 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena (eta 2022ko ekainaren 16ko Agindua, dekretu horren eranskina eguneratzen duena).
– EFD/1041/2026 Agindua, irailaren 30ekoa, 2026-2027 ikasturtean deitu behar diren estatu-mailako lekualdatze-lehiaketei aplikatu beharreko prozedura-arauak ezartzen dituena.
– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena.
– Oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenak, eta deialdi honetan ebatzitakoa.
Bigarrena.– Eskaintzen diren lanpostuak.
1.– Lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak behin-behinean eta behin betiko zehaztuko dira Langileen Kudeaketarako zuzendariaren ebazpen baten bidez. Behin-behinean, destinoen behin-behineko adjudikazioaren ebazpena eman baino lehen zehaztuko dira, eta, behin betiko, destinoak behin betiko adjudikazioaren ebazpena eman baino lehen. Ebazpen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren webgunean (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ eta http://hezigunea.euskadi.eus) helbidean argitaratuko dira.
2.– Eskaintzen diren lanpostuen artean sartuko dira 2026ko abenduaren 31n hutsik dauden lanpostuak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2026-2027 ikasturtearen amaierara arte sortzen diren lanpostu hutsak sartu ahalko dira. Batzuk zein besteak eskainiko dira baldin eta hezkuntza-plangintzan aurreikusita badago haiek funtzionatzen jarraituko dutela, eta irakasleak ikastetxe berean egonkortzeko ezartzen diren irizpideen arabera.
3.– Hutsik geratzen diren lanpostuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskola-plangintzan jarraitutasuna aurreikusi gabe duen lanposturen bat bada, dagokion akatsen zuzenketa argitaratuko da.
4.– 2026-2027 ikasturterako lanpostuen zerrendaren arabera, langileak destinoa lortzen duen ikastetxeak hari atxikitako beste herri batzuetako ikastetxeetan eskolak emateko aukera eskaintzen badu, eskatutako lanpostuari atxikitako edozein herritan emango du zerbitzua. Lanpostuen zerrendan, egoera horretan dauden lanpostuak zein diren adierazten da, «ibiltari» izenarekin (maisu-maistren eta Helduen Hezkuntzako ikastetxeetako-HHI Hezkuntza Orientazioko espezialitateko lanpostuetarako, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorako).
II. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK ETA IZAERA
1. ATALA
OROKORRAK
Hirugarrena.– Betekizunak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahalko dute lehenengo oinarrian aipatzen diren langileek, baldin eta beteta badituzte urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 10. artikuluan jasotako betekizunak, bai eta bosgarren oinarrian aurreikusitako hizkuntza-eskakizunaren betekizunak eta lehiatzen direneko kidegoari eta espezialitateari edo lanpostu motari buruz kapitulu honen apartatuetan eskatzen direnak ere (errege-dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakaskuntza-kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak arautzen ditu, bai eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk ere).
Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza-eskola ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoetako funtzionarioek dagozkien mailetako Irakasleen Kidegoetako funtzionarioekin batera parte hartuko dute, lanpostu huts berak lortzeko, hargatik eragotzi gabe aipatutako Katedradunen Kidegokoak izateagatik aplikatu beharreko merezimendu espezifikoak aplikatzea.
Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako espezialitateen titularrak diren Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko, desagertzear dagoen Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoko karrerako funtzionarioek batera parte hartuko dute iragartzen diren lekualdatze-lehiaketetan, eta haien titulartasunekoak diren espezialitatean edo espezialitateetan eskaintzen diren lanpostu hutsetara mugitu ahal izango dira.
2.– Parte hartzeko baldintzak beteta izan beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzerako, eta prozedura osoan bete beharko dira, destino berria jabetzan hartu arte; nolanahi ere, egonkortze-prozesuetan eta beste hautaketa-prozesu batzuetan hautatu diren praktiketako funtzionarioak karrerako funtzionario izendatzen direnean, haien administrazio-egoera aldatu egingo da.
Laugarrena.– Parte-hartzearen izaera.
1.– Parte-hartzea borondatezkoa izango da hamargarren oinarrian jasotako kasuetan.
2.– Parte-hartzea nahitaezkoa izango da hamaikagarren oinarrian jasotako kasuetan.
Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.
1.– Hurrengo apartatuan jasotako salbuespenarekin, derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea edo, bestela, martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuak aldatutako martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian (apirilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) eta Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin baliokidetzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuak aldatua) aipatutako titulu edo hizkuntza-egiaztapenen jabe izatea.
2.– Ez da beharrezkoa hizkuntza-eskakizuna edo titulu edo egiaztagiri baliokiderik egiaztatzea, baldin eta salbuespen hauek gertatzen direla egiaztatzen bada: Euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituen apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak (dekretu horretan ezarritako eran) eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuaren bidez egindako aldaketan aurreikusita daudenak.
2. ATALA
MAISU-MAISTREN KIDEGOA
Seigarrena.– Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartzeko betekizunak.
1.– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lanpostuak, espezialitate hauetan: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa, Atzerriko Hizkuntza: Frantsesa, Gorputz Hezkuntza, Musika, Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza.
Lanpostu horiek espezialitateko titulartasuna egiaztatzen duten maisu-maistrek eskatu ahal izango dituzte, alegia, titulartasuna kidegoan sartzeko hautaketa-prozedura gainditu ondoren lortu dutenek edo azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitako bideen bitartez lortu dutenek. Lanpostuok eskatu ahal izango dituzte, halaber, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera horietarako gaituak izan direnek –aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera– edo gaikuntza hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.
2.– Lehen Hezkuntzako euskarazko lanpostuak.
Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek:
a) Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera OHOko Euskal Filologiaren arloko lanpostuetan aritzeko gaituak izatea.
b) 2. hizkuntza-eskakizuna edo hizkuntza-eskakizun horren hizkuntza-ziurtagiri homologatu edo baliokideetakoren bat lortzera bideratutako probak gainditu izana, bosgarren oinarrian adierazitako araudiaren arabera.
3.– Lehen Hezkuntzako aholkulari lanpostuak.
Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek:
a) Aholkulari lanpostua betetzeko gaituta egotea, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera.
b) Hezkuntza Bereziko Arloan edo Pedagogia Terapeutikoan gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera, aipatutako arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea (1993-11-23ko EHAA).
c) Honako lizentzia, gradu edo titulu baliokide hauetako baten jabe izatea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.
d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana. Ikastaro horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. eranskinean zerrendatuta daudenak dira (1993-11-23ko EHAA).
4.– Helduen Hezkuntzako lanpostuak (HHE).
Helduen Hezkuntza-Hasierako Ikasketak eta Helduen Hezkuntza-Ingelesa lanpostuak eskatu ahalko dituzte Lehen Hezkuntza edo Ingelesa espezialitateak hurrenez hurren dauzkaten maisu-maistrek. Lanpostuok eskatu ahal izango dituzte, halaber, 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera espezialitate horietarako gaituak izan direnek –aipatutako errege-dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera– edo gaikuntza hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.
5.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetarako lanpostuak.
Lanpostu horiek eskatu ahalko dituzte maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrean ezarrita dagoenaren arabera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita dauden Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek.
Era berean, lanpostu horiek eskatu ahal izango ditu aurreko paragrafoan aipatzen den atxikipen-baldintza beteta ere lanpostua galdu duenak –lanpostua ezabatzearen ondorioz–, baldin eta beste irakaskuntza batzuetan behin betiko destinorik lortu ez badu gerora.
Nolanahi ere, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluarekin bat etorriz, dagokion gaikuntza duten espezialitateetako lanpostuak soilik eskatu ahal izango dituzte.
Aipatutako atxikipen horretaz gainera, honako hau eskatuko da:
a) Erantsitako zerrendako eskuineko zutabean jasotako espezialitateetako lanpostuak eskatzeko, ezkerreko zutabean aipatutako gaikuntza egiaztatu beharko dute:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako Teknologia arloko lanpostuak eskatu ahalko dituzte ondoren aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten maisu-maistrek:
– Honako titulazio hauetakoren bat edukitzea: Goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Fisika, Kimika edo Zientzietako Lizentzia, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa, Itsasgintza Zibileko Diploma, edo haiei dagozkien graduak, edo Bigarren Graduko Lanbide Heziketa, edozein arlotan, administraziokoa, osasunekoa edo etxekoa izan ezik, edo goi-mailako teknikari baliokidea, edo
– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak antolatutako edo homologatutako Oinarrizko Teknologia Ikastaroetan, 250 ordu edo gehiagokoetan, parte hartu izana.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Plastika- eta Ikus-hezkuntza arloko lanpostuak eskatu ahalko dituzte ondoren aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten maisu-maistrek:
– Honako titulazio hauetakoren bat edukitzea: Goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Arte Ederrak, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo haiei dagozkien graduak, edo Bigarren graduko Lanbide Heziketa, Delineazio arloa edo goi-mailako teknikari baliokidea.
6.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Pedagogia Terapeutikoko lehen bi mailetarako lanpostuak.
Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte Pedagogia Terapeutikoko espezialitateko titulartasuna egiaztatzen dutenek eta 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera horretarako gaituak izan direnek –aipatu errege dekretua indarrean jarri aurreko araudiari jarraituz–, bosgarren apartatuko lehen paragrafoan adierazitako mugapena eduki gabe, hau da, DBHko lehen bi mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita egoteko baldintza bete behar izan gabe.
7.– Espezialitate berriak aitortzea. Maisu-maistren Kidegoa.
Azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluaren b) eta c) kasuetako batzuetan egoteagatik espezialitate berri bateko lanpostuak eskatu nahi dituztenek espezialitate berriaren aitorpena izan beharko dute. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute EIZUko Enplegatuaren Atariaren bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari zuzenduta. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du, eskabidea onartzeko edo ezesteko. Espezialitatea edo espezialitateak aitortzeko eskabidea lekualdatze-lehiaketa honetako eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin behar da. Espezialitate berria aitortzeko eskabidea egiten ez bada, nahiz eta onarpen hori emateko baldintzak bete, lekualdatze-lehiaketako plazen eskabidean aitortu ez diren espezialitateen eskaerak baliogabetuko dira.
Maisu-maistren Kidegoko aholkulariaren eta euskararen espezialitateak ez daude jasota 1594/2011 Errege Dekretuan, eta, beraz, ezin dira aintzatetsi. Espezialitate horietan lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, oinarri honetako 2. eta 3. puntuetan adierazitakoa hartu behar da kontuan.
3. ATALA
BIGARREN HEZKUNTZAKO KATEDRADUNEN ETA IRAKASLEEN KIDEGOAK
Zazpigarrena.– Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartzeko betekizunak.
1.– II.2 eranskineko ikastetxeetan eskaintzen diren irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak. IV.4 eranskinean adierazten dira espezialitateak.
Dagokion espezialitateetan titularra denak eskatu ahal izango ditu lanpostu horiek.
2.– Curriculum aniztasuna: Hizkuntza eta Gizarte arloko lanpostuak (IV.5 eranskina).
Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Alemana, Latina, Euskara eta Euskal Literatura.
3.– Curriculum aniztasuna: Zientzia eta teknologia arloko lanpostuak (IV.5 eranskina).
Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia eta Informatika.
4.– Helduen Hezkuntzako lanpostuak (IV.5 eranskina):
a) Komunikazio arloa. Ingelesa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Ingelesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.
b) Komunikazio arloa. Frantsesa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Frantsesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.
c) Komunikazio arloa. Gaztelania. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Gaztelania eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.
d) Komunikazio arloa. Euskara. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Euskal Hizkuntza eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.
e) Gizarte arloa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Geografia eta Historia espezialitateko titularrak diren irakasleek.
f) Zientzia eta teknologiaren arloa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia eta Informatika.
5.– Kultura Klasikoko lanpostuak (IV.5 eranskina).
Lanpostu horien titularrek Latineko eta Grekoko espezialitateak irakatsi ahal izango dituzte, urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuak hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
Lanpostu horiek behar bezala bereizita agertuko dira ikastetxeko lanpostu-zerrendan, eta, era berean, aipatutako bi espezialitateetako batean titularrak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek nahiz katedradunek eskatu ahal izango dituzte. Lanpostuak eskuratzen dituztenek Latineko zein Grekoko espezialitateari atxikitako irakasgaiak eman beharko dituzte nahitaez.
6.– Hizkuntza indartzeko lanpostuak (IV.5 eranskina).
Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Euskal Literatura, eta Alemana.
7.– Ingelesez irakasteko lanpostuak.
Ingelesez irakasteko lanpostuak aukeratzeko, IV. eranskinean jasotako espezialitateren bateko irakasle titularra izan behar da, eta maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren 2. artikuluan (eta dekretu horren eranskina eguneratzen duen 2022ko ekainaren 16ko Aginduan) jasotzen diren titulu, gaikuntza edo ziurtagiri hauetakoren bat egiaztatu behar da (73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena):
– Filologiako, Filosofia eta Letretako (Filologia atala) edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentzia, eskatutako hizkuntzan; edo gradu baliokidea.
– Itzulpengintza eta Interpretazioko diplomatura, eskatutako hizkuntzan.
– Eskatutako hizkuntzan atzerriko hizkuntzako gaikuntza edo espezialitatea duen maisu-maistra.
– Eskatutako atzerriko hizkuntzan Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila edo hori baino maila handiagoa duela egiaztatzea, 73/2012 Dekretuaren eranskinean jasotako titulu edo ziurtagiri baten bidez (2022ko ekainaren 16ko Aginduak eguneratutako eranskina).
Ingelesez irakasteko lanpostuak eskatzeko interesa duenak 2. ingelesa aukera hautatu beharko du eskabidean (elebitasuna atalean), hemeretzigarren oinarriko 5. apartatuan adierazten den bezala.
8.– Zereginen Ikaskuntzarako Geletako lanpostuak, 907 kodea (IV-4 eranskina).
Lanpostu horiek eskatu ahal izango ditu desagertuko den Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegotik datozen Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan Integratutako espezialitateren baten titularra denak (205etik 231ra bitarteko espezialitateak).
9.– Desagertuko den Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko irakasleak, baldin eta, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan adierazitakoa aplikatuta, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartu ez badira.
Irakasle horiek IV-4 eranskinean adierazitako espezialitateetako lanpostuak lor ditzakete, titular diren espezialitateen arabera, II-2 eranskineko ikastetxeetan.
4. ATALA
LANBIDE HEZIKETAKO SEKTORE BEREZIETAKO IRAKASLE ESPEZIALISTEN KIDEGOA
Zortzigarrena.– Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte hartzeko betekizunak.
1.– Kidego honetako irakasleek IV.6 eranskinean adierazitako titular diren espezialitateetako lanpostuak eta II.3 eranskinean agertzen diren ikastetxeetan eskainitako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte.
2.– Era berean, II.3 eranskineko ikastetxeetan dauden IV.6 eranskinean aipatutako espezialitateetako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte desagertzear dagoen Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko karrerako funtzionarioek, baldin eta espezialitate horietakoren baten titularrak badira.
5. ATALA
HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALETAKO, MUSIKAKO ETA ARTE ESZENIKOETAKO ETA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO KATEDRADUNEN ETA IRAKASLEEN KIDEGOAK.
Bederatzigarrena.– Hizkuntza-eskola ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioentzako lanpostuak eta parte hartzeko betekizunak.
1.– Hizkuntza-eskola ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioak.
Dagokion espezialitateko titularra denak eskatu ahal izango ditu IV.7 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak, II.4 eranskineko ikastetxeetan eskaintzen direnak.
2.– Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioak.
Dagokion espezialitateko titularra denak eskatu ahal izango ditu IV.8 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak, II.5 eranskineko ikastetxeetan eskaintzen direnak.
3.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioak.
Dagokion espezialitateko titularra denak eskatu ahal izango ditu IV.9 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak, II.6 eranskineko ikastetxeetan eskaintzen direnak.
III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA
Hamargarrena.– Borondatezko parte-hartzerako baldintzak eta prozedura.
1.– Lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuetan borondatez parte hartu ahal izango dute jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden karrerako irakasle funtzionarioek:
a) Jarduneko egoeran daudenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan behin betiko destinoarekin, baldin eta aurtengo ikasturtearen amaieran gutxienez bi urte igarota badaude behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik.
Ondorio horietarako, Katedradunen Kidegoetako karrerako funtzionarioei kontuan hartuko zaie dagokion Irakasleen Kidegoko karrerako funtzionario gisa lanpostu berean aurretik egin duten denbora.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan aitortutako zerbitzu berezietako egoeran daudenek, baldin eta aurtengo ikasturtearen amaieran gutxienez bi urte igarota badaude behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan aitortutako borondatezko eszedentziaren edozein egoeratan daudenek.
Borondatezko eszedentzian norberaren interesengatik edo familia elkartzeagatik daudenen kasuan, parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da ikasturte hau amaitzean bi urte igarota izatea egoera horretara pasatu zirenetik.
Senitartekoak zaintzeko eszedentzian daudenen kasuan, parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da ikasturte hau amaitzean bi urte igarotzea behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeek aitortutako eginkizun-gabetzearen egoeran daudenek, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean eginkizun-gabetzearen diziplina-zehapenaren iraunaldia bukatu bada eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik gutxienez bi urte igaro badira.
e) Beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan daudenek, baldin eta aurtengo ikasturtea amaitzean gutxienez bi urte igaro badira behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik.
2.– Lehiaketa honetan norberaren borondatez parte hartzeko, 1. apartatuan aipatutako langileek parte-hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, VII. kapituluan aipatutako moduan eta epean.
3.– Beste hezkuntza-administrazio batzuen mende dauden karrerako irakasle funtzionarioak:
Deialdi honi dagozkion lanpostuak eskatu ahal izango dituzte beste hezkuntza-administrazio batzuen mendeko karrerako irakasle funtzionarioek, baldin eta agindu honetan ezartzen diren betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte eta beren lehenengo behin betiko destinoa lortu bazuten hautatua izan zireneko deialdiari zegokion hezkuntza-administrazioaren esparruan, salbu eta deialdi horretan betekizun hori eskatzen ez zen kasuetan.
Langile horiek eskabide-ereduaren arabera egin beharko dute eskabidea, destinoko ikastetxeari dagokion hezkuntza-administrazioak egiten duen deialdian zehazten den organoaren aurrean.
IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA
Hamaikagarrena.– Parte hartzeko kasuak eta nahitaez parte hartzeko prozedura.
1.– Lehiaketan parte hartzera behartuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langileak:
a) Behin-behineko destinoa izan eta sail honen mende dauden ikastetxeetan 2026-2027 ikasturtean zehar zerbitzuak betetzen dihardutenak.
Langile horiek honako baldintza hauen arabera eskatu behar dituzte lanpostuak: titular diren espezialitateen eta egiaztatzen duten hizkuntza-eskakizunaren arabera, edo, Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera.
Aitzitik, oraindik beren lehenengo behin betiko destinoa lortu ez duten langile funtzionarioek, baldin eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babesean deitutako sartzeko eta iristeko hautaketa-prozedurak gainditu badituzte, hautatu zuten espezialitatearen lanpostua dagoen tokian lortu beharko dute beren lehenengo behin betiko destinoa.
Horretarako, espezialitate horri dagozkion lanpostuak eskatu beharko dituzte, Latineko eta Grekoko espezialitatekoak diren langile funtzionarioen kasuan izan ezik, horiek Latineko eta Grekoko espezialitatekoak ez ezik Kultura Klasikoko lanpostuak ere eskatu eta lortu ahal izango baitituzte. Bestalde, Entzumena eta Hizkuntza eta Pedagogia Terapeutikoa espezialitateetako funtzionarioek hauek eskatu eta lortu ahal izango dituzte: Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak (36 eta 37 espezialitate-kodeak, hurrenez hurren), eta Pedagogia Terapeutikoa espezialitateko DBHko lehen ziklokoak (60 kodea).
Lehenengo behin betiko destinoa oraindik lortu ez dutenek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko lanpostuen artean soilik hautatu ahal izango dute.
b) Eszedentzia-egoeratik edo eginkizun-gabetzetik etorri eta behin betiko destinoa galduta izanik zerbitzu aktibora itzuli direnak eta sail honen mendeko ikastetxe batean behin-behineko destino bat lortu dutenak, deialdi hau argitaratu zen eguna baino lehen.
c) Nahitaezko eszedentziaren egoeratik edo eginkizun-gabetze irmo batetik etorri edo behin betiko destinoa galduta izanik lanpostu batera berriz sartzekotan daudenak, baldin eta egoera horiek sail honen mendeko ikastetxe batek aitortu baditu.
d) Atzerriko lanpostuetara atxikita egon ondoren, 2026-2027 ikasturtean sail honen kudeaketa eremura itzuli behar direnak edo aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenak.
e) Behin betiko destinoa galdu dutenak, epai edo errekurtso bati emandako ebazpena bete delako edo behin betiko izaeraz betetzen zuten lanpostua espresuki ezabatu zaielako.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-kidegoetan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozesuetan aukeratua izanik ikasturte honetan praktikak egiten ari direnak edo hori egitetik salbuetsita daudenak.
Langile horiek hezkuntza-administrazio honen mendeko lanpostuetan bakarrik eskatu eta lortu ahal izango dute beren lehenengo behin betiko destinoa, hautatua izan den espezialitatearen arabera, kontuan hartuta 1. apartatu honetako a) letraren azken paragrafoko aurreikuspenak. Destinoa lortzeko baldintza izango da praktikaldia gainditzea eta karrerako funtzionario izendatzea.
g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean zerbitzu aktiborako birgaituak izan direnak.
2.– Lehiaketa honetan parte hartzera behartuta dauden langileek parte hartzeko eskabidea aurkeztuta eska ditzakete eskainitako lanpostuak, VII. kapituluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Eskabiderik aurkezten ez bada edo eskatutako lanpostuetako bat ere lortzen ez bada, hamahirugarren oinarrian aurreikusitako ondorioa izango da.
Hamabigarrena.– Praktiketako funtzionarioei destinoa adjudikatzea.
Praktikak egiten ari diren funtzionario langileek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mende dauden lanpostuetan eta aukeratuak izan diren espezialitatean soilik eskatu eta lor dezakete beren lehenengo behin betiko destinoa.
Praktiketako funtzionarioei karrerako funtzionarioen ondoren adjudikatuko zaie destinoa, hautatuak izan diren deialdiaren urtea kontuan hartuta (zaharrenari emango zaio lehentasuna, eta ez berrienari), eta deialdi bakoitzaren barruan, lehentasunezko txanda hauek ezarriko dira, aipatzen diren hurrenkera beraren arabera:
1.– Talde bereko kidegoetara sartzea.
2.– Goi-mailako talde bateko kidegoetara sartzea.
3.– Txanda librea eta desgaitasuna.
Txanda bakoitzaren barruan, kontuan hartuko da zein hurrenkeratan ageri den funtzionarioaren edo praktiketako funtzionarioaren izendapenean.
Praktiketako funtzionario izendatu eta bigarren urtean deialdi honetan parte hartzen duenari deialdi honen I. eranskinean ezarritako merezimendu-baremoaren arabera adjudikatuko zaio destinoa, honako kasu hauetan: funtzionario izendatu eta lehenengo urtean praktikaldi hori atzeratzea baimendu bazaie, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko baimenak hartzeagatik (Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 49. artikuluan aitortutako baimenak), edo aldi baterako ezintasun-egoeran egoteagatik, edo arrazoi berberengatik ezin izan badira ebaluatu. Pertsona horiek beren eskabidean parte-hartze modalitate bezala J modalitatea adierazi beharko dute (behin betiko destinoa inoiz lortu ez duten behin-behinekoak).
Deialdi honetan praktiketako funtzionario izendatu eta bigarren urtean parte hartzen dutenei –dela izendapenaren lehenengo urtean praktikaldia gainditu ez dutelako, dela aurreko paragrafoan jasotakoez bestelako arrazoiengatik praktikaldia atzeratzea baimendu zaielako–, praktiketako funtzionarioaren izendapenean agertzen diren hurrenkera kontuan hartuta adjudikatuko zaie destinoa. Parte-hartzaile horiek K modalitatea adierazi beharko dute eskabide-orrian, parte hartzeko modalitate gisa (K modalitatea: praktiketako funtzionarioak).
Praktika-aldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu izanak baldintzatuko du zer destino dagokien.
Hamahirugarrena.– Lanpostuen adjudikazioa eta ondorioak, norbaitek lehiaketan parte hartzera behartuta egon arren parte hartzen ez badu edo eska ditzakeen lanpostu guztiak eskatzen ez baditu.
1.– Hamaikagarren oinarriko a), b), c), f) eta g) letren kasuetan parte hartzera derrigortuta daudenek parte hartzen ez badute edo behar bezainbeste lanpostu eskatzen ez badute, ondorio hauek izango dituzte:
a) Hamaikagarren oinarriko a), b) eta g) letretan aipatzen diren nahitaezko parte-hartze kasuetan, behartutako pertsonari behin betiko destinoa ofizioz eman ahalko zaio titular den espezialitateen eta egiaztatzen duen hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzakeen lanpostuetan edo, Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera emango bete ditzakeen lanpostuetan; salbuespen izango dira oraindik beren lehenengo behin betiko destinoa lortu gabe duten funtzionarioak izanik otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babesean sartzeko eta iristeko hautaketa-prozedurak gainditu dituztenak, horiei hautatuak izan zireneko espezialitatearen araberako lanpostua soilik adjudikatuko baitzaie ofizioz.
b) Hamaikagarren oinarriko c) letran aipatzen diren nahitaez parte hartzeko kasuetan, behartutako pertsona, lehiaketa horretan behin betiko destinoa lortzen ez badu, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren (EPOELTB) 89. artikuluko 1.a) apartatuan adierazitako borondatezko eszedentziako egoeran geratuko da.
c) Hamaikagarren oinarriko f) letran aipatzen den nahitaezko parte-hartzearen kasuetan, behartutako pertsonari ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko lanpostua, hautatua izan den espezialitateko lanpostuen artetik.
2.– Hamaikagarren oinarriko d) eta e) letren kasuen arabera parte hartzera behartuta dauden pertsonek parte hartzen ez badute, ondorio hauek izango dituzte:
Hamaikagarren oinarriko d) eta e) letretan aipatzen den nahitaezko parte-hartzearen kasuan dagoen pertsonak lehiaketa horretan parte hartzen ez badu, ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko destinoa, titularra den espezialitateen eta ziurtatua duen hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzakeen lanpostuen artetik; edo, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurreko araudiaren arabera gaituta dagoen lanpostuen artetik. Eska ditzakeen lanpostu guztiak eskatu gabe parte hartzen duenari, berriz, ez zaio ofizioz adjudikatuko behin betiko destinoa.
3.– Hamaikagarren oinarriko a), b) eta g) letretako kasuetan dagoen parte-hartzaileak eskabideko «Nahitaez parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» epigrafea bete beharko du. Bertan, lehentasun-hurrenkeraren arabera, deialdi honetan ezarritakoaren arabera aukera ditzakeen lanpostu-moten (espezialitatea) eta hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna) kodeak adierazi beharko ditu, eta kode horiek hartuko dira kontuan ofizioz behin betiko destinoa adjudikatzeko, baldin eta borondatez eskatutako lanpostuetako batean ere destinorik lortu ez badu.
Oinarri honen 1., 2. eta 3. puntuetan adierazitakoarekin bat etorriz, destinoaren ofiziozko adjudikazioa aplikatu behar den kasu guztietan, adjudikazioa II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen hurrenkerari jarraituz egingo da, lortu nahi den irakaskuntza-kidegoaren arabera.
4.– Halaber, hamaikagarren oinarriko a), b), f) eta g) letretako kasuetan dagoen parte-hartzaileak «Nahitaez parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» epigrafean hautatu ahal izango du ofiziozko adjudikazioan kontuan hartu beharreko lurralde historikoa edo lurralde historikoak, eta, lurralde bat baino gehiago adieraziz gero, lehentasun-hurrenkeran.
Parte hartzen ez badu edo lurralde historikoari buruzko apartatua betetzen ez badu, 2026-2027 ikasturtean behin-behinean edo praktiketan zerbitzuak bete dituen lurralde historikoan soilik adjudikatu ahal izango zaizkio lanpostuak ofizioz. Behin-behineko destinorik eduki ezean, azken destinoa izan zuen lurralde historikoan egingo zaio adjudikazioa.
Aipatutako idazpuruan 2026-2027 ikasturtean behin-behinean zerbitzua ematen ari den edo praktika-aldian dagoen lurraldeaz bestelako lurralde historiko bat aukeratzen badu, adierazitako lurralde historiko horretako lanpostuak soilik adjudikatu ahal izango zaizkio ofizioz.
Aurreko hiru paragrafoetan xedatua ez da aplikatuko Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioen kasuan; izan ere, ofizioz eta behin betiko adjudikatu ahal izango zaizkie beren titulartasunekoak diren espezialitate eta hizkuntza-eskakizunen arabera aukera ditzaketen lanpostuak, betiere II-5 eranskinean argitaratutako ikastetxe guztien hurrenkerari jarraituz.
5.– Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioei ofizioz ez zaizkie inolaz ere adjudikatuko honako hauei dagozkien lanpostuak:
Helduen Hezkuntza.
Zereginen Ikaskuntzarako Gelak (ZIG).
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako lanpostuak.
Lanpostu ibiltariak.
6.– Inolaz ere ez zaizkie ofizioz adjudikatuko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Katedradunen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko langile funtzionarioei honako hauei dagozkien lanpostuak:
Helduen Hezkuntza.
Zereginen Ikaskuntzarako Gelak (ZIG).
Curriculum-aniztasuna.
Hizkuntza indartzea.
Ingelesezko edo frantseseko irakaskuntza (elebiduna).
Lanpostu ibiltariak (Hezkuntza-Orientabidea espezialitatea HHIn).
V. KAPITULUA
LEHENTASUN-ESKUBIDEAK
Hamalaugarrena.– Lehentasun-eskubideaz baliatzeko moduak, kasuak eta baldintzak.
Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzailea ikastetxe baterako lehentasun-eskubideaz eta/edo herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatu ahal izango da, eta hala jasoko du parte-hartzeko eskabide-orrian.
Ikastetxerako lehentasun-eskubidea erabiltzeak destinoa lortzeko lehentasuna ematen du herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabiltzen dutenekiko.
Hamabosgarrena.– Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea.
1.– Lanpostua betetzeko baldintzak betetzen dituen eta adierazitako kasuetako batean dagoen parte-hartzaileak lehentasun-eskubidea izango du behin betiko destinoa duen edo izan duen ikastetxe berean lanpostu berri bat lortzeko, zerrendatzen diren lehentasun-hurrenkeran:
a) Ikastetxean behin betiko moduan betetzen zuen lanpostua ezabatzeagatik, harik eta behin betiko beste destino bat lortzen duen arte.
b) Ikastetxean behin betiko moduan betetzen zuen lanpostua aldatzeagatik, harik eta behin betiko beste destino bat lortzen duen arte.
c) Behar adina irakastordu izan ez, eta bere ikastetxetik lekualdatua izateagatik.
d) Espezialitate berri bat eskuratzeagatik, lehentasun-eskubidea izango du eskuratutako espezialitate berri horretan lanpostu bat lortzeko, behin betiko destinoa duen ikastetxean. Eskubide horretaz baliatu ahal izango dira Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko eta desagertu beharreko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko irakasleak. Lanpostu berria lortu ostean, eskubide hori beste espezialitate berri bat eskuratzerakoan soilik erabili ahal izango da.
2.– Aurreko apartatu bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago badaude lanpostu bererako, merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari adjudikatuko zaio lanpostua. Puntuazioetan berdinketarik gertatzen bada, berdinketa hausteko, ikastetxean karrerako funtzionario gisa jarduneko egoerako benetako zerbitzuetan denbora gehien daramana lehenetsiko da, lehen irizpide gisa, eta, beharrezkoa bada, merezimenduen baremoan (I. eranskina) aurreikusitako gainerako irizpideak erabiliko dira bertan agertzen diren hurrenkeran.
3.– Eskabidea nola bete:
Ikastetxe baterako lehentasun-eskubide hori erabili nahi duen irakasleak parte hartzeko eskabidean («Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan), eskubide hori erabiltzeko hautatu den ikastetxearen kodea eta eskubideaz baliatzeko arrazoia adierazi beharko ditu. Halaber, adierazi beharko du eskubide hori zein lanpostu-motatan (espezialitatea) eta hizkuntzatan (hizkuntza-eskakizuna) baliatu nahi duen, lehentasun-hurrenkeran. Gainera, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek ibiltaritza-apartatua aukeratu beharko dute, ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte.
Ikastetxerako lehentasun-eskubidea baliatzen dutenek, halaber, eskubide hori baliatzen ez duten beste lanpostu batzuk eskatu ahal izango dituzte, eta, horretarako, parte hartzeko eskabidearen «Eskatzen diren lanpostuak» epigrafea bete beharko dute. Bertan, hirugarren oinarriaren 1. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten lanpostu guztiak sartu ahal izango dituzte.
Hamaseigarrena.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.
1.– Jarraian adierazten diren egoeretako batean egonik ezartzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzaileak lehentasun-eskubidea izango du herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko, zerrendatzen diren lehentasun-hurrenkeran:
a) Ikastetxe batean behin betiko izaeraz betetzen zuen lanpostua ezabatu edo aldatzen bazaio, beste behin betiko destino bat lortu arte lehentasun-eskubidea izango du plaza edo lanpostua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe bateko lanpostu bat lortzeko edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe bateko lanpostu bat lortzeko.
b) Behar adina irakastordu ez izateagatik bere ikastetxetik lekualdatu bada, ezabatutako lanpostuetako titularren baldintza beretan, behin betiko destinoa duten herrian edo, hala badagokio, barrutian dauden lanpostu hutsekiko lehentasun-eskubideaz baliatu ahal izango da.
c) Behin betiko betetzen zuen irakasle-lanpostua galduta Administrazio Publikoan beste lanpostu bat betetzera pasatu bada, betiere lanpostu hura utzi badu.
d) Behin betiko betetzen zuten lanpostua galdu badu, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1.c) artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia-egoeran egoteagatik eta zehaztutako lanpostu-erreserbaren denbora-tartea amaitzeagatik, betiere zerbitzu aktibora itzuli nahi badu edo behin-behinean itzuli bada.
e) Kanpoan irakasle-lanpostuetara atxikita egon ondoren, funtzionarioa 2026-2027 ikasturtean sail honen kudeaketa eremura itzuli behar bada edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez badu.
f) Azken behin betiko destinoa galdu badu, epai bat betearaztearen edo administrazioarekiko errekurtso bat ebaztearen ondorioz.
g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean zerbitzu aktiborako birgaituak izan direnak.
2.– Lanpostu berera karrerako bi funtzionario edo gehiago aurkezten badira eta lehentasunezko kasu berean badaude, merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio handiena lortzen duenari adjudikatuko zaio lanpostua. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz. Hala ere, berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Kasu bietan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da izan baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa, ez eta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago sartuta dauden apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen bada, gainerako azpiapartatuetan izandako puntuazioak ez dira kontuan izango. Beharrezkoa bada, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa; aurreko urteak lehentasuna izango du ondoko urtearekiko, eta puntuazio handiagoak, txikiagoarekiko.
Hamaseigarren oinarri honetan adierazitako kasuren batean egonda, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak herrian erabiltzearen ala barrutian erabiltzearen artean aukeratu beharko du.
Baldin eta herri edo barruti batean destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi bada, parte hartu egin beharko da, eskubide hori erabiliz, deitzen diren lekualdatze-lehiaketa guztietan, harik eta destino hori lortu arte. Hala egin ezean, lehentasun-eskubidea indargabetu egingo zaio.
3.– Eskabidea nola bete:
Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatzen diren irakasleek honako hau adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean:
– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar du, bai eta lehentasun-eskubidearekin parte hartzeko arrazoia zein den ere.
Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitateen (plaza-mota) + hizkuntza-eskakizunaren (bertako hizkuntza) kodeak adierazi behar ditu, lehentasun-hurrenkeraren arabera. Gainera, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek ibiltaritza-apartatua aukeratu beharko dute, ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoaren kasuan, ibiltaritza Hezkuntza Orientazioko espezialitateko (018) lanpostuetarako soilik erabil daiteke Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan (HHI). Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.
Lehentasun-eskubideaz baliatuta herri, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, merezimenduen baremoan lortutako puntuazioaren arabera lortuko dute ikastetxe jakin bateko destinoa, lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten gainerakoekin batera.
Beraz, eskubide hau erabiliz hautatzen den herrian eskabidea egiten duten lehiakide guztientzako nahiko plaza huts ez badaude, bakoitzaren puntuazioa alde batera utzita, lehentasunezko eskubidea duen parte-hartzaileari plaza huts horietako bat bermatuko zaio. Hortaz, partaide horrek lehentasunezko destino bat lortu ahal izango du puntu gehiago dituen beste partaide batekiko. Behar adina lanpostu huts badago, herria eta plaza mota ziurtatuta (espezialitatea/lanpostua eta hizkuntza-eskakizuna/hizkuntza), ikastetxe zehatz bat adjudikatzeko, eskubide hori duen parte-hartzailea kidego, espezialitate eta hizkuntza-eskakizun berberak betetzen dituzten gainerako partaideekin lehiatuko da, merezimenduen baremoan lortutako puntuak kontuan hartuta.
– Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-hurrenkeraren arabera, «Eskatzen diren plazak» idazpuruan, eskubidea egikaritzea dagokion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira, eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeraz eskatutako herrietako ikastetxe guztiak; herriko kodea bakarrik –edo herri batzuetakoa, barrutirako lehentasun-eskubidearen kasuan– adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten hautatutako herriko edo herrietako edozein ikastetxetako destinoa emango zaio; ikastetxe jakin batzuk adieraziz gero, horiek herrien araberako bloke homogeneotan multzokatu behar dira. Eskubidea izanda herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, edo, barruti baterako lehentasun-eskubidea izanda aukeraz eskatu diren herrietako ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, horietako batean lanposturen bat hutsik badago, Administrazioak, libreki, aipatu herriko gainerako edozein ikastetxetako lanpostu batean eman ahal izango dio destinoa, dagozkion eranskinetan kidego bakoitzari lotuta agertzen diren hurrenkeran.
Lehen adierazitako egoera guztietan, lehentasun-eskubide hori baliatuta lehiaketara aurkezten denak «HLE» (lehentasun-eskubidea) siglak adierazi beharko ditu eskatutako ikastetxeko «plaza-mota» izeneko kodeari dagozkion laukitxoetan. Hala eginez gero, «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan adierazitako parte hartzeko eskatutako espezialitate guztiak hartuko dira kontuan.
Herri baterako lehentasun-eskubidea baliatzen dutenek, halaber, eskubide hori baliatzen ez duten beste lanpostu batzuk eskatu ahal izango dituzte, eta, horretarako, parte hartzeko eskabidearen «Eskatzen diren lanpostuak» epigrafea bete beharko dute. Bertan, hirugarren oinarriaren 1. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten lanpostu guztiak sartu ahal izango dituzte.
VI. KAPITULUA
KONKURRENTZIA-ESKUBIDEA
Hamazazpigarrena.– Konkurrentzia-eskubidea.
1.– Konkurrentzia-eskubide gisa hartzen da behin betiko destinoa izanik irakaskuntza-kidego bereko karrerako hainbat funtzionariok lehiaketan parte hartzeko baldintza gisa jartzen dutenean lurralde historiko jakin bateko ikastetxe batean edo batzuetan lortzea destinoa.
2.– Eskubide hori baliatzeko, arau hauek bete beharko dira:
a) Parte-hartzaileek, beren eskaeretan, lurralde historiko bakar bateko ikastetxeak adieraziko dituzte, berdina konkurrentzia-talde bakoitzerako. Konkurrentzia-taldeko kidetzat hartuko dira hamazazpigarren oinarriko 1. puntuan aipatzen diren pertsonak.
b) Talde bakoitzean, gehienez ere, lau lagunek parte hartuko dute, eta derrigorrezkoa izango da eskatzaile bakoitzak eskabidea bereizita aurkeztea. Eskabide bakoitzean, eskubide horri buruzko apartatua beteko da, eskatzailearekin batera doazen pertsonak zein diren adierazita.
c) Destinoa bete beharreko lanpostu hutsen artean adjudikatuko da, agindu honen bigarren oinarrian xedatutakoaren arabera, eta agindu honen I. eranskinean jasotako merezimenduen baremoa aplikatuta zehaztuko da.
d) Parte hartzeko modu horren helburua da talde bereko parte-hartzaileek destinoa aldi berean lortzea lurralde historiko bereko ikastetxe batean edo batzuetan. Horietako batek plaza edo lanposturik lortzen ez badu, bide horren bidez taldeak eginiko eskabide guztiak ezetsitzat joko dira.
VII. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK, DOKUMENTAZIOA ETA BAREMATZEKO AUKERAK
Hamazortzigarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
1.– Eskabideak eta horiei erantsi beharreko dokumentazioa aurkezteko epea 2026ko azaroaren 5etik 26ra bitartekoa izango da (biak barne), hemeretzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.
Eskabidea Internet bidez bete behar denez, gomendatzen da behar adina denborarekin betetzen hastea, eskatzaileak izan ditzakeen zailtasunak direla-eta.
2.– Epe hori igarota, ez da egindako eskaeretan aldaketarik onartuko, ez eta merezimenduei edo betekizunei buruzko dokumentaziorik ere, hurrengo paragrafoan xedatua salbu.
3.– Aurkeztutako eskabideak edo dokumentazioak ez baditu betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio prozeduratik kanpo geratuko dela hala egiten ez badu.
Hemeretzigarrena.– Eskabidea nola bete.
1.– Lekualdatze-lehiaketan borondatez (hamargarren oinarria, 1. apartatua) zein nahitaez (hamaikagarren oinarria) parte hartzeko, https://hezigunea.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen eskabide elektronikoa bete beharko da, eta, ondoren, NAN eta kontuari lotutako pasahitza idatziko dira. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatutako helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke, «Pasahitza ahaztu duzu» apartatuan.
Pasahitza sartu ostean, Eremu pertsonala–Izapideak langileen sailarekin–Lekualdatze-lehiaketa–Onartzeko-eskabidea gunera jo behar da.
2.– Lehiakide bakoitzak eskabide bakarra egingo du irakaskuntza-kidego bakoitzeko (baita kidego bereko espezialitate batean baino gehiagotan parte hartzen badu ere), eta eskabide horretan lanpostu-eskaera guztiak sartuko dira. Parte-hartzaileak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoari eta Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoari dagozkien espezialitateak baditu, integrazio-prozesuen ondorioz, eskabide bat egin beharko du parte hartzen duen kidego bakoitzeko.
Parte-hartzaile bakoitzak bere eskaeran sar ditzakeen eskabideak ez dira 300 baino gehiago izango.
3.– Eskabidea osorik bete ostean, «ontzat emanez» itxiko da, behar bezala baliozkotua eta erregistratua gera dadin. Jarraian, eskabidearen frogagiria inprimatu beharko da.
Eskabidea «ontzat emanez» ixten ez bada, eskabide hori egin gabe geratuko dela ulertuko da, pertsona hori parte hartzera behartuta egon eta behar bezala itxitako beste eskabiderik aurkeztu ez duen kasuan izan ezik. Kasu horretan, egindako baina itxi gabeko eskabidea automatikoki itxiko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eta ordura arte gordetakoa hartuko da kontuan adjudikazioa egiteko.
4.– Lanpostuen eskaerak «Eskatzen diren lanpostuak» idazpuruan adieraziko dira; ikastetxe eta/edo herri jakin baterako egin daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, lanpostu hutsa edo erresulta duen herriko lehen ikastetxea adjudikatuko da, oinarri hauen II. eranskinean adierazitako hurrenkera berean. Lanpostu-eskaera bakoitza, beraz, ikastetxearen eta/edo herriaren, espezialitatearen, hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna), elebitasunaren eta ibiltaritzaren (Maisu-maistren Kidegorako eta HHEko ikastetxeetako Hezkuntza Orientazioko espezialitatea Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan) gehikuntzaren/konbinazioaren emaitza da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mende dauden irakasle funtzionarioek beste hezkuntza-administrazio batzuek egindako deialdietako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte deialdi horiek ezartzen dituzten irizpideei jarraiki, betiere haien lehenengo behin betiko destinoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kudeaketa-eremuan lortu badute, sartu zireneko deialdiak baldintza hori betetzea eskatzen ez zien kasuetan izan ezik.
Langile horiek lehentasunaren arabera eskatuko dituzte lanpostuak, eskuratu nahi dituzten herrien edo ikastetxeen kodeak eta lanpostu-motarenak (espezialitatea) nahiz hizkuntzarenak (hizkuntza-eskakizuna) ezarriz, deialdia egin duten beste hezkuntza-administrazio batzuen lekualdatze-lehiaketen deialdietako eranskinetan agertzen diren bezala. Parte hartzeko eskabideak ez du eskaintzen Euskal Autonomia Erkidegokoak ez diren ikastetxe eta/edo ikastetxeen menu zabalgarririk, eta, beraz, beharrezkoa da parte hartzen duten langileek kodeak idaztea eskabideen aplikazioan.
5.– Kontuan hartuta lanpostu bakoitzerako eskaera hainbat aukeren batuketa/konbinazioa dela –ikastetxe eta/edo herria, espezialitatea, bertako hizkuntza (hizkuntza-eskakizuna), elebitasuna, ibiltaritza (Maisu-maistren Kidegorako eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko HHEko ikastetxeetako hezkuntza-orientazioko espezialitaterako)–, lanpostuen eskaerak ondoren adierazitakoa kontuan hartuta egin beharko dira:
– Baldin ikastetxe edo herri bereko lanpostua espezialitate batean baino gehiagotan eskatzen bada, beharrezkoa da ikastetxea edo herria errepikatzea eskatzen den espezialitate bakoitzeko, espezialitate bakoitzeko lanpostuaren kodifikazioa ezberdina baita.
– Ikastetxe edo herri eta espezialitate bereko lanpostua eskatzen bada, hizkuntza-eskakizunean aukera ezberdinak erabiliz, ikastetxea edo herria eta espezialitatea behar beste aldiz errepikatu beharko dira, jarraian hizkuntza-eskakizunari dagokion aukera ezberdin bakoitza adieraziz (V. eranskina).
– Postu elebidunak eskatuz gero, eskabidean, Elebitasuna atalean, 1. aukera, «Frantsesa» eta/edo 2. aukera, «Ingelesa» adierazi beharko d(ir)a.
– Ikastetxe edo herri berean lanpostu jakin bat eskatzen bada elebidun modalitatean nahiz modalitate ez-elebidunean, ikastetxea edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira, eta Elebitasuna atalean, lehen kasuan, 1. aukera «Frantsesa» eta/edo 2. aukera «Ingelesa» adierazi beharko d(ir)a, eta bigarren kasuan, «0. Elebitasunik ez».
– Lanpostu elebidunetan, 3. Alemana edo 4. Italiera kodeak beste autonomia-erkidego batzuei dagozkie; ez dira Euskal Autonomia Erkidegoan iragartzen.
– Hizkuntzetarako espezialitateei dagozkien eskaerek ez dute inoiz eramango elebitasun-koderik: «0. Elebitasunik ez» izango dira.
– Ibiltaritza duten lanpostuak eskatzen dituzten maisu-maistren kasuan, «Bai» adierazi beharko da «Ibiltaritza» apartatuan. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoaren kasuan, ibiltaritza duten lanpostuak Hezkuntza Orientazioko espezialitatera (018) mugatuta daude HHEko ikastetxeetan.
– Ikastetxe edo herri berean lanpostu jakin bat eskatzen bada «ibiltaritza» modalitatean nahiz «ibiltaritzarik ez» modalitatean, ikastetxea edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira, eta «ibiltaritza» apartatuan, «BAI» adierazi beharko da «ibiltaritza» modalitaterako eta «EZ», «ibiltaritzarik ez» modalitaterako.
– Helduen Hezkuntzako mailako espezialitateetako lanpostuak eskatzen badira (IV-2 eranskina), maisu-maistren kasuan, edo curriculum-aniztasuna eta HHE, eremu guztietan (IV-5 eranskina), HHEko ikastetxeak soilik hautatu beharko dira.
– HHEko ikastetxeak eskatzen badira, Helduen Hezkuntzako mailari dagozkion espezialitateak (IV-2 eranskina) aukeratu beharko dira, maisu-maistren kasurako, edo Curriculum-aniztasunekoak edo HHEkoak, hainbat arlotarako, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorako.
– Helduen Hezkuntzako ikastetxeetako lanpostuak EZ dira ibiltariak, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko HHEko ikastetxeetako Hezkuntza Orientazioko (018) espezialitateko lanpostuak izan ezik.
6.– Ikastetxea aukeratzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak hamabosgarren oinarrian xedatutakoa kontuan hartuz bete beharko du eskabidea, eta herria edo barrutia aukeratzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak, berriz, hamaseigarren oinarrian xedatutakoa kontuan hartuz.
7.– Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak eskatu direla hartuko da kontuan. Eskaeretako kodeak ez badira existitzen edo parte-hartzaileek ezin eska ditzaketen lanpostuenak badira, baliogabetu egingo dira.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, ez da onartuko eskaeretan aldaketarik egiterik; salbuespen izango dira baremo bidez onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren ezarriko den zuzenketa-epearen barruan onartzen direnak. Interesdunak adjudikazioari eragiten dion daturen bat eman ez badu edo oker eman badu, ezin izango du etorkizuneko erreklamazioetan hori alegatu, ez eta arrazoi horrengatik bere interesak eta eskubideak kaltetutzat jo ere.
Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetzen badira, lehiakidea destinoen adjudikaziotik baztertuko da, hargatik eragotzi gabe destinoak ofizioz adjudikatzea deialdi honetan aurreikusten den eran.
8.– Lehiakideek «Adingabearen babesa» deritzon apartatua bete beharko dute eskabidean, egiaztatzeko epai irmoaren bidez ez zaiela zigorrik ezarri delitu hauetakoren bategatik: sexu-askatasun eta -osotasunaren aurkako delituak –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa, sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea– eta gizakien salerosketagatiko delituak. Apartatu hori betez, izangaiek adieraziko dute ea baimenik ematen dioten Hezkuntza Sailari, hautatuak izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko izangaien izenean. Baimenik eman ezean eta adjudikaziodunak badira, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, delitu horiengatik zigorrik jaso ez dutela egiaztatzen duena.
Dena den, baimena lehenago eman dutenei ez zaie apartatu hau erakutsiko eskabidean.
Hogeigarrena.– Lehiaketara aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Agindu honen I. eranskinean aurreikusitako merezimenduei buruzko dokumentazioa.
Aipatutako I. eranskinean xedatutakoaren arabera ofizioz balora daitezkeen merezimenduak ez dira alegatu edo egiaztatu beharko, baldin eta Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan edo prestakuntza-jardueren erregistroan (kasuaren arabera) jasota badaude.
Horretarako, parte-hartzaileen egoera hori egiaztatu beharko dute, bi erregistroetan agertzen den informazioa kontsultatuta, 3. apartatuan adierazitako moduan.
Ofizioz balora daitezkeen merezimenduak dagokien erregistroan jasota ez badaude, ofizioz balora ezin daitezkeen merezimenduei buruz hurrengo paragrafoan aurreikusten denaren arabera alegatu eta egiaztatu beharko dira.
Ofizioz baloratu ezin diren merezimenduak alegazio-orria eta merezimenduak egiaztatzeko orria betez betez alegatu beharko dira. Merezimendu horiek Langileen Erregistroan edo, hala badagokio, prestakuntza-jardueren erregistroan jasota ez badaude, alegatu egin beharko dira, eta, gainera, egiaztatu ere bai, I. eranskinean merezimendu bakoitzerako aurreikusitako egiaztagiriak erantsiz «merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko orrian»; egiaztagiriak Interneteko helbide honetan entregatu beharko dira: https://hezigunea.euskadi.eus. (NAN/AIZ + pasahitza edo XLNets-en erabiltzailea) «Eremu pertsonala – Izapideak langileen sailarekin – Lekualdatze-lehiaketa – Merezimenduak entregatzea». Adierazitako alegazio-orria bete eta dagokion dokumentazioa erantsi ondoren, «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» apartatuan klik egin beharko da. Aplikazio informatikoaren bidez, entregatu izanaren egiaztagiria (erregistro-data jasota) lor daiteke. Baldin eta apartatuei dokumentuak gehitzen bazaizkie baina prozesua ez bada amaitzen «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» apartatuan klik eginda, dokumentaziorik entregatu ez dela ulertuko da. Nolanahi ere, baldintzak eta merezimenduak entregatzeko aurreikusitako aplikazio informatikoan zehaztuko diren jarraibideak bete beharko dira.
2.– Ingelesez irakasteko lanpostuak eskatzen badira, zazpigarren oinarriko 7. apartatuan ezarritako titulu, gaikuntza edo ziurtagiriren bat edukitzeari buruzko egiaztagiriak, salbu eta Langileen Erregistroan badaude.
3.– Langileen Erregistroan dagoen informazioa edo prestakuntzako erregistroan dagoena (ikastaroen kasuan) kontsultatzeko –bai alegatutako merezimenduei buruzkoa, bai oinarri honen 2. apartatuko lehen paragrafoko betekizunei buruzkoa–, helbide honetara jo beharko duzu: https://hezigunea.euskadi.eus (sartu erabiltzailea eta pasahitza) – Eremu pertsonala – Nire laneko datuak. Eta ondoren, honako apartatu hauek kontsultatu ahalko dira:
Zerbitzu-orria.
Tituluak, espezialitateak eta ziurtagiriak.
Zuzendaritza-karguak.
Prestakuntza-jardueren kasuan, Eremu Pertsonala –Nire prestakuntza atalean sartu beharko da.
4.– Praktikak egiten ari diren funtzionarioek ez dute aurkeztu beharko merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko dokumentaziorik.
5.– Gaztelaniaz edo euskaraz ez dauden agiri guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean egindako itzulpen ofizialarekin aurkeztu beharko dira, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua, honako kasu hauetan izan ezik: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko hizkuntza-ziurtagiriak eta argitalpen horiek aurkezten dituzten hizkuntza modernoko espezialitateren baten titularrek aurkeztutako argitalpenak (6.1).
6.– Parte-hartzaileek beren gain hartzen dute aurkeztutako dokumentazioaren egiazkotasunaren erantzukizuna. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpenak eta agiriak eskatu ahal izango dizkie lehiakideei, merezimenduei edo betekizunen inguruan sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.
7.– Parte-hartzaileek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak berreskuratzeko (I. eranskineko 6.1 apartatuan –«Argitalpenak»– barematzeko aurkeztutako dokumentuak). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango ditu, lekualdatze-lehiaketa amaitu ondoren, betiere parte-hartzaileren batek errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egiten badu, dokumentuak atxiki egin daitezke, egiaztapen edo froga gisa.
8.– Alegatutako merezimenduak beteta egon beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean.
Hogeita batgarrena.– Hezkuntza-administrazio honen lanposturen batean egonda, azken hamasei lekualdatze-lehiaketetako batean parte hartu dutenen merezimenduak.
1.– I. eranskineko 3.1.3, 3.1.4, 4.3, 6.1, 6.2, 6.3 eta 6.6.1 azpiapartatuetako eta gainerako apartatuetako merezimenduei dagokienez (baldin eta ofizioz zenbatu ezin badira Langileen Erregistroan edo prestakuntza jardueren erregistroan jasota ez egoteagatik), eta administrazio-izapideak murriztu eta errazteko, 2010eko azaroaren 16ko Aginduaren bidez deitutako 2010-2011 lekualdatze-lehiaketan (2010eko azaroaren 22ko EHAA) edo ondorengoetan (guztiak hezkuntza-administrazio honek deituak) parte hartu zutenek honako hauen artean aukeratu beharko dute eskabidean:
– Parte hartu zuten azkeneko lehiaketako puntuazioari eustea.
– Merezimendu berriak gehitzea.
– Baremazio berria.
Ofizioz zenbatu daitezkeen merezimenduak –I. eranskinean adierazten direnak eta eskatzailearen prestakuntza-jardueren erregistroan edo langileen erregistroan jasota daudenak– ofizioz eguneratuko dira, egindako aukera edozein dela ere.
Aipatutako I. eranskinean, ofizioz zenbatzen diren merezimenduak (ez da dokumentaziorik aurkeztu behar) eta ofizioz zenbatzen ez direnak (dokumentazioa aurkeztu behar da) adierazten dira.
2.– Adierazitako aukerek honako ondorio hauek dauzkate:
a) Ados egon eta parte hartu zuten azken lehiaketan (2010-2011 edo ondorengoak) lortutako puntuazioari eutsi nahi diotenek, oinarri honetako 1. puntuan adierazitako azpiapartatuetan, eskabidean «Parte hartu zuen azken lehiaketako puntuazioari eustea» markatu beharko dute. Kasu horretan, ez dute aurkeztu beharko adierazitako apartatuetako merezimenduei buruzko dokumentaziorik.
b) Parte hartu zuten azken lehiaketan (2010-2011 edo ondorengoak), oinarri honetako 1. puntuan adierazitako azpiapartatuetan lortutako puntuazioarekin ados daudenak eta puntuazio horri parte hartu zuten azken lehiaketan barematutako merezimenduen ondoren lortutako beste merezimendu batzuk gehitu nahi dizkiotenek, «Beste merezimendu batzuk gehitu» markatu beharko dute eskabidean. Kasu horretan, aurkeztu egin beharko dituzte, kontuan hartuta parte hartu zuten azken lekualdatze-lehiaketako eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren amaitu behar direla, kasuaren arabera, jarraian adierazten den bezala:
– 2010eko abenduaren 15etik.
– 2012ko urtarrilaren 28tik.
– 2012ko azaroaren 23tik.
– 2013ko abenduaren 21etik.
– 2014ko azaroaren 25etik.
– 2015eko abenduaren 22tik.
– 2016ko azaroaren 29tik.
– 2017ko abenduaren 14tik.
– 2018ko azaroaren 28tik.
– 2019ko abenduaren 20tik.
– 2020ko azaroaren 27tik.
– 2021eko abenduaren 2tik.
– 2022ko azaroaren 8tik.
– 2023ko abenduaren 22tik.
– 2024ko azaroaren 27tik.
– 2025eko urtarrilaren 9tik.
«Beste irakaskuntza-funtzio batzuetako» merezimenduaren kasuan (I. eranskineko 4.3 apartatua), b) letran adierazitako denbora-erreferentzia ez da eskaerak aurkezteko epearen amaiera, parte hartu zuten azken lekualdatze-lehiaketan barematu zen azken hilabetea baizik. Adierazitako apartatu edo azpiapartatuetako batean puntuen gehienekora iritsi badira, ez da beharrezkoa izango kasuko apartatuan edo azpiapartatuan merezimendu berririk gehitzea.
Apartatu horietako merezimenduak adierazitako daten aurrekoak badira, ez dira barematuko.
c) Oinarri honen 1. puntuan adierazitako azpiapartatuetako merezimenduak –parte hartu zuten azken lehiaketaren deialdia baino lehenagokoak– barematzea nahi dutenek edo apartatu horietan egindako baremazioarekin ados ez daudenek «Baremazio berria» markatu beharko dute eskabidean. Kasu horretan, aipatutako apartatu guztietako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera eta data hauek kontuan hartuta:
– 2010-2011 lehiaketako deialdia: 2010eko abenduaren 15a baino lehenagokoak.
– 2011-2012 lehiaketako deialdia: 2012ko urtarrilaren 28a baino lehenagokoak.
– 2012-2013 lehiaketako deialdia: 2012ko azaroaren 23a baino lehenagokoak.
– 2013-2014 lehiaketako deialdia: 2013ko abenduaren 21a baino lehenagokoak.
– 2014-2015 lehiaketako deialdia: 2014ko azaroaren 25a baino lehenagokoak.
– 2015-2016 lehiaketako deialdia: 2015eko abenduaren 22a baino lehenagokoak.
– 2016-2017 lehiaketako deialdia: 2016ko azaroaren 29a baino lehenagokoak.
– 2017-2018 lehiaketako deialdia: 2017ko abenduaren 14a baino lehenagokoak.
– 2018-2019 lehiaketako deialdia: 2018ko azaroaren 28a baino lehenagokoak.
– 2019-2020 lehiaketako deialdia: 2019ko abenduaren 20a baino lehenagokoak.
– 2020-2021 lehiaketako deialdia: 2020ko azaroaren 27a baino lehenagokoak.
– 2021-2022 lehiaketako deialdia: 2021eko abenduaren 2a baino lehenagokoak.
– 2022-2023 lehiaketako deialdia: 2022ko azaroaren 8a baino lehenagokoak.
– 2023-2024 lehiaketako deialdia: 2023ko abenduaren 22a baino lehenagokoak.
– 2024-2025 lehiaketako deialdia: 2024ko azaroaren 27a baino lehenagokoak.
– 2025-2026 lehiaketako deialdia: 2026ko urtarrilaren 9a baino lehenagokoak.
Era berean, baremoko puntuazioetan izandako aldaketek eragiten dietenek «Baremazio berria» markatu beharko dute eskabidean, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua aldatzen duen uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretuan (2024ko uztailaren 17ko BOE) ezarritakoaren arabera (apartatu batean lor daitekeen gehieneko puntuazioa eta azpiapartatu bateko puntuazioa handitzea, 3.2.1 azpiapartatuko zenbaketa sistema aldatzea eta azpiapartatuen arteko bateraezintasuna kentzea), baldin eta aurreko urteetako merezimenduak justifikatzeko agiriak aurkeztu behar badituzte. Hauek dira aldaketak eragiten dien baremazio-apartatuak, eta, horiek ofizioz zenbatzen ez direlako, beharrezkoa izango da horiei buruzko dokumentazioa aurkeztea: 3.1.3, 3.2.1, 4.3, 6.3 eta 6.6. Bestalde, desagertu egin da 4.1,4.2,4.3 eta 6.4, 6.6 azpiapartatuen arteko bateraezintasuna.
Ofizioz zenbatzen diren eta aipatutako aldaketak eragiten dien baremoko beste apartatu batzuei dagokienez, ofizioz eguneratuko da puntuazioa, egindako aldaketetara egokituz.
3.– Nolanahi ere, egindako aukera edozein dela ere, 1. apartatuan adierazitakoez bestelako apartatu edo azpiapartatu batzuei dagozkien merezimenduak aurkeztu ahal izango dira.
Hogeita bigarrena.– Zer kasutan hautatu behar den «Baremazio berria».
Hogeita batgarren oinarriko 2 c) letran adierazitako kasuez gainera –non parte-hartzaileak «Baremazio berria» aukera markatu beharko baitu eskabidean–, kasu hauetan, aplikazio informatikoak «Baremazio berria» aukera adieraziko du lehenetsita:
– Hogeita batgarren oinarriko 1. apartatuan adierazitako deialdietatik batean ere parte hartu ez dutenak.
– 2026ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin karrerako funtzionario izendatuta egon eta oraindik destinorik lortu ez dutenak.
– Beste autonomia-erkidego batzuetako karrerako funtzionarioak, autonomia-erkidego honetan destinoa lehen aldiz lortu zutenak estatu mailako lekualdatze-lehiaketa batean, eta harrezkero lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu ez dutenak.
– Praktiketako funtzionario izanik lekualdatze-lehiaketan destinoa lortu zuten karrerako funtzionarioak, harrezkero lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu ez dutenak.
Kasu horietan, ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, hogeigarren oinarrian adierazitakoaren arabera.
VIII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOAREN APLIKAZIOA
Hogeita hirugarrena.– Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.
1.– Honela jardungo da I. eranskineko merezimenduen baremoaren 5.1, 5.2, 6.1, 6.2 eta 6.3 apartatuetako merezimenduak ebaluatzeko:
a) Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioen kasuan, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzean baremazio-batzorde bat edo batzuk (parte-hartzaile kopuruaren arabera) osatuko dira. Balorazio-batzorde horietako kideak Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu, eta honako hauek izango dira:
Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko funtzionario bat.
Bokalak: lurralde-ordezkaritza bakoitzari dagokion lurralde historikoko ikastetxeetan destinatuta dauden karrerako lau irakasle funtzionario, gutxienez.
Bokal gazteena izango da idazkari, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.
b) Gainerako irakaskuntza-kidegoetako funtzionarioen kasuan, sail honetako Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu beharrezkoak diren baremazio-batzordeak, espezialitateen arabera edo espezialitateak multzokatuta.
Baremazio-batzordeek honako kide hauek izango dituzte:
Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko funtzionario bat edo, batzordea zein irakaskuntza-kidegotarako izendatzen den, kidego horretako funtzionario bat.
Bokalak: Batzordea izendatzen den kidegoko karrerako lau irakasle funtzionario, gutxienez.
Bokal gazteena izango da idazkari, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du b) apartatuko baremazio-batzordeko burua; bokalak, aldiz, zozketaz izendatuko dira.
c) Kidego guztietan, ordezkaritza zabalena duten sindikatuek ordezkari bat izendatu ahal izango dute batzorde bakoitzean, begirale-lana egiteko.
d) Batzordekideak iragarri diren lanpostuetarako beharrezko diren titulazio-multzo berekoak edo goragokoak izan behar dira. Ordezko batzordekideak izendatu ahalko dira, baremazio-batzordea izendatzeko erabilitako irizpide berberei jarraituz.
Batzordekideak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errekusazio-kausei lotuta egongo dira. Era berean, batzorde horien funtzionamendua lege horretan aurreikusitakoaren mende egongo da.
e) Gizonek zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute batzordeetan, horren kontrako arrazoiren bat behar bezala justifikatu ezean, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
f) Oinarri honetan aurreikusitako eta jarraian adierazitako kasuetako batean dauden funtzionarioak batzordekideak zozketa bidez izendatzeko prozesutik kanpo geratuko dira, lehiaketaren xede den espezialitateren batean dagokion balorazio-batzordea osatzeko behar adina irakasle ez daudenean izan ezik:
– 2026-2027 ikasturtean zuzendari, ikasketaburu, idazkari eta lanbide-heziketako administratzaile izatea.
– Sindikatuen ordezkari-lanak egiteko baimena izatea, lanera joateko erabateko liberazioa dakarrena.
– 2025eko azaroaren 13ko Aginduaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketako baremazio-batzordeetan parte hartu izana (2025eko abenduaren 17ko EHAA).
– Lekualdatze-lehiaketa honen deialdiaren aurreko azken bi ikasturteetan irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetako batean destinoa izatea.
– Kidegoan zerbitzu aktiboa ez den beste administrazio-egoera batean egotea.
– Irakasle funtzionarioei irekita dagoen Administrazio Orokorreko lanpostu batean aritzea.
– Partzialki ordaindutako baimena izatea.
– Ordaindu gabeko baimena izatea, ikasturte osorako.
– Amatasun-, aitatasun-, adopzio- edo harrera-lizentzia izatea, edo edoskitze-aldiak metatzeko lizentzia izatea.
– Haurdunaldiko arriskuarengatiko lizentzia izatea.
– Ezkontzagatiko lizentzia izatea, oso-osorik merezimenduen baremazio-fasearekin bat datorrena.
– Aldi baterako ezintasunagatiko lizentzia izatea, iraupen luzekoa.
– Lanaldi-murrizketa izatea.
g) Lehiaketaren xede diren espezialitateetakoren batean Batzordea osatzeko nahikoa irakasle ez badago, bokalak antzeko irakasgaietako irakasleen artean edo gai horretako adituen artean izendatuak izango dira. Era berean, parte-hartzaile kopurua txikia denean, batzorde bakarra izendatu ahal izango da espezialitate-multzo baterako.
h) Beharrezkoa ikusten den baremazio-batzordeetan, haiek hala eskatuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak arlo horretako bi aditu izenda ditzake aholkulari gisa; aditu horiek eginkizunak aurrera ateratzen lagunduko diete, batzordeetan parte hartuko ez badute ere.
i) Baremazio-batzordeetako kideei bidaia-gastuen kontzeptuagatik soilik ordainduko zaie kalte-ordaina. Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren 6. eta 16. artikuluetan xedatzen diren ondorioetarako (26ko EHAA), bidaia-gastuei dagozkien kalte-ordainak ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak (28ko EHAA) xedatzen denaren arabera ordainduko dira (121/2006 Dekretuak hirugarren aldiz aldatu zuen 16/1993 Dekretua, zerbitzuarengatiko kalte-ordainen zenbatekoak gaurkotu zituena).
j) Baremazio-batzordeen osaera argitara emango da sail honen webgunean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus eta www.hezigunea.euskadi.eus.webgunean.
2.– Lehiakideei baremoaren gainerako apartuetan dagokien puntuazioa Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako langileen administrazio-unitateek (Maisu-maistren Kidegoaren kasuan) eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako administrazio-unitateek (gainerako kidegoen kasuan) adjudikatuko dute.
IX. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTZEARI ETA PUNTUAZIOA EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK
Hogeita laugarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.
1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan baremazio-batzordeen aktak eta langile-unitateek emandako puntuazioa jaso ostean (barematu behar dituzten merezimenduei dagokienez), Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, eta, behin-behinean, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak onetsiko ditu; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa jakinaraziko du.
Ebazpena eta behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazteko, sail honen Interneteko helbidean argitaratuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus – Eremu pertsonala – Izapideak Langileen sailarekin – Lekualdatze lehiaketa – Berriak.
Halaber, aipatutako behin-behineko zerrendekin batera, parte-hartzailearen fitxa argitaratuko da «https://hezigunea.euskadi.eus – Eremu pertsonala – Izapideak Langileen sailarekin – Lekualdatze lehiaketa – Parte-hartzailearen fitxa» webgunean, norberak kontsultatu dezan, erabiltzailea eta pasahitza sartuz. Han, ikusgai jarriko dira parte-hartzaile bakoitzaren identifikazio-datuak, parte-hartzea, merezimenduak eta eskatutako lanpostuak.
2.– Lehiakideek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte Langileak Kudeatzeko zuzendariaren behin-behineko ebazpenaren aurka, ebazpenean bertan adierazten diren tokietan, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, aipatutako Interneteko helbidean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Epe horretan bertan zuzendu ahal izango dira forma-akatsak dituzten merezimenduak. Merezimendu horiek, onartuen eta baztertuen zerrendekin batera, sail honen Interneteko helbidean argitaratuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus – Eremu pertsonala – Izapideak Langileen sailarekin – Lekualdatze lehiaketa – Berriak.
Interesdunak zerrendatik baztertzea eragin zuen akatsa edo beste akats batzuk adierazitako epean zuzentzen ez baditu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hogeita bosgarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.
1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betiko onesteko; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa ere jakinaraziko du.
Ebazpena eta behin betiko zerrendak interesdunei jakinarazteko, sail honen Interneteko helbidean argitaratuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus – Eremu pertsonala – Izapideak Langileen sailarekin – Lekualdatze lehiaketa – Berriak.
2.– Aipatutako behin betiko zerrenda horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote sail honetako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda Interneten argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aipatutako behin betiko ebazpenean adierazitako lekuetan.
X. KAPITULUA
DESTINOAK ADJUDIKATZEA, DESTINOARI UKO EGITEA ETA DESTINOAZ JABETZEA
Hogeita seigarrena.– Destinoak behin-behinean adjudikatzea.
1.– Eskainitako lanpostu hutsen eta, hala badagokio, erresulten behin-behineko adjudikazioa hurrenkera honen arabera egingo da:
a) Lehenik, ikastetxerako lehentasun-eskubideari dagozkion eskaerak, hamabosgarren oinarriko 1. apartatuan zerrendatzen diren kasuetako lehentasun-hurrenkeran, eta, kasu bakoitzaren barruan, agindu honen I. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak emango du lehentasun-hurrenkera.
b) Bigarrenik, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideari dagozkion eskaerak, hamaseigarren oinarriko 1. apartatuan zerrendatutako kasuetako lehentasun-hurrenkeran, eta, kasu bakoitzaren barruan, aipatutako baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak emango du lehentasun-hurrenkera. Eskubide hori baliatzen den herri edo barrutian plaza huts nahikorik ez badago lehiakide eskatzaile guztientzat, bakoitzaren puntuazioa gorabehera, plaza hutsetako bat bermatuko zaio lehentasunezko eskubidea duen parte-hartzaileari, eta, beraz, parte-hartzaileak lehentasuna izango du destinoa lortzeko puntuazio handiagoa duen parte-hartzaile batekiko. Hala eta guztiz ere, aurrez adierazitakoa ezertan eragotzi gabe, ikastetxe jakin bat adjudikatzeko, lehentasun-eskubidea dela-eta herria edo barrutia eta espezialitatea bermatuta, eskubide hori baliatzen duen parte-hartzailea bere kidego eta espezialitate bereko gainerako parte-hartzaileekin lehiatuko da, merezimenduen baremoaren arabera emandako puntuazioari jarraikiz.
c) Hirugarrenik, gainerako parte-hartzaileen eskaerak adjudikatuko dira, praktiketako funtzionarioenak izan ezik, eta plazak adjudikatzeko lehentasun-hurrenkera merezimenduen baremoa aplikatuta lortutako puntuazio handienak emango du.
d) Aipatutako adjudikazioak egin ondoren, praktiketako funtzionarioei adjudikatuko zaie destinoa, praktiketako funtzionarioaren izendapenean agertzen diren hurrenkera kontuan hartuta.
2.– Deialdia aurreko lehentasun-hurrenkeran ebatziko da, aurreko apartatuetako bakoitzean parte hartzen dutenen aldeko lanpostu hutsak eta erresultak adjudikatzeko lehentasunaren arabera. Horrela, ezingo zaio plazarik adjudikatu horietako batean parte hartzen duen eskatzaile bati, baldin eta aurreko apartatuan eskubide hobea duen eskatzaile bat badago; hori guztia, alde batera utzi gabe lehentasun-eskubidea gauzatzen dutenei plaza zehatz bat adjudikatzeari buruz xedatzen dena, deialdi honen hamabosgarren eta hamaseigarren oinarrietan ezarritakoaren arabera.
3.– Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, destinoen behin-behineko adjudikazioa onartuko da, lortutako puntuazioaren eta parte-hartzaileen eskaeren lehentasun-hurrenkeraren arabera, baina kontuan hartuta adjudikazioan lehentasuna dutela ikastetxe baterako lehentasun-eskubideaz eta herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatzen direnek, hurrenkera horretan. Ebazpena eta adjudikazioaren behin-behineko zerrendak, interesdunei jakinarazteko, sail honen Interneteko helbide honetan argitaratuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus - Eremu pertsonala – Izapideak Langileen sailarekin – Lekualdatze lehiaketa – Berriak.
4.– Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz, betiere apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuta.
Hala ere berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.
Kasu bietan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da izan baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa, ez eta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatuetako batek edo batzuek dagokion apartatuari emandako mailarik handiena lortzen badu(te), gainerako azpiapartuetako puntuazioak ez dira kontuan hartuko.
Beharrezkoa bada, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautaketa-prozesuaren urtea eta, horren barruan, aukeratua izatea ekarri zuen puntuazioa; aurreko urteak lehentasuna izango du ondorengoarekiko, eta puntuazio handienak, txikiagoarekiko.
Azkenik, beharrezkoa izanez gero, emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den kidegoetan, emakumeen lehentasuna erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa, salbu eta beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak baditu, sexuagatiko diskriminaziorik eragiten ez dutenak, hala nola enplegua lortzeko eta mailaz igotzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.
5.– Erreklamazioak.
Lehiatzen diren pertsonek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote behin-behineko adjudikazioaren ebazpenari, sail honen Interneteko helbide honetan erakusgai jarri eta hurrengo egunetik aurrera 5 egun balioduneko epean: https://hezigunea.euskadi.eus; ebazpenean horretarako ezarritako tokietan ere aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak.
Hogeita zazpigarrena.– Behin-behinean adjudikatutako destinoari uko egitea.
Borondatez parte hartzen duten lehiakideek, erreklamazioak aurkezteko aurreko oinarrian finkatutako 5 egun balioduneko epean, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote, eta uko egite horrek eskabidean egin dituzten eskaera guztiak hartzen dituela ulertuko da. Uko egiteko eskaerak sail honen Interneteko helbide honetan aurkeztuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus – Eremu pertsonala – Izapideak Langileen sailarekin – Lekualdatze lehiaketan parte hartzeari uko egitea.
Genero-indarkeriaren biktima izanik IV. kapituluan nahitaez parte hartzeari buruz adierazten diren kasuren batean dagoen pertsonari soilik onartuko zaio behin-behinean adjudikatutako lanpostuari uko egitea. Horretarako, 5 egun balioduneko epe berean, bere izaera egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, baita lanpostua aipatutako neurri judizialekiko (babes-agindua edo antzekoa) bateraezintasuna ere. Kasu horretan, ez da ulertuko lekualdatze-lehiaketari uko egin dionik, eta behin-behinean adjudikatutako plazari bakarrik egingo dio uko.
Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela adierazi nahi behin betiko ebazpenean lortuko ez denik. Era berean, behin-behineko adjudikazioan destinoa lortu izanak ez du esan nahi behin betiko adjudikazioan destinoa lortuko denik edo behin-behineko adjudikazioan lortutako destinoari eutsiko zaionik.
Hogeita zortzigarrena.– Destinoak behin betiko adjudikatzea.
1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertu, eta, hala badagokio, aurreko oinarrian aipatutako ukoak onartu ondoren, Hezkuntzako sailburuak destinoen behin betiko adjudikazioa onartzeko agindua emango du. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, aginduan, lehiaketako destinoen behin betiko adjudikazioaren zerrendak non eta noiz argitaratuko diren jakinaraziko da. Nolanahi ere, banakako kontsulta eta adjudikazioari buruzko ikastetxekako kontsulta Sail honen Interneteko helbidean ikusi ahal izango dira https://hezigunea.euskadi.eus – Eremu pertsonala – Izapideak Langileen sailarekin – Lekualdatze Lehiaketa. Era berean, adjudikazio-zerrendak Interneteko helbide horretako Berriak apartatuan ikusi ahal izango dira.
2.– Destino-adjudikazioa hogeita seigarren oinarriko 1. apartatuan lanpostu hutsak adjudikatzeko ezarritako hurrenkeraren arabera egingo da, aintzat hartu diren eskaeren eta merezimenduen arabera.
3.– Irakaskuntza-kidego bereko espezialitate desberdinetako lanpostuak eskatuta ere edo aldi berean irakaskuntza-kidego batek baino gehiagok parte hartuta ere, prozesu honetan destino bakarra adjudikatu ahal izango da. Horrela, kidego batean baino gehiagotan parte hartuz gero eta destinoa horietako batean baino gehiagotan lortuz gero, destinoetako bat aukeratu beharko da, behin betiko adjudikazioaren agindua argitaratu eta hurrengo hamar egun naturaleko epean. Aukera hori adierazitako epean egin beharko da, Tramitagune plataformaren bidez. Hala egin ezean, jardun aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion destinoaz jabetu beharko da.
4.– Lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko adjudikazioaren aurkako errekurtsoak, parte hartu den hezkuntza-administrazioa edozein dela ere, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion hezkuntza-administraziora zuzendu beharko dira, eta hark ebatzi beharko ditu.
Hogeita bederatzigarrena.– Behin betiko adjudikatutako destinoaren ukaezintasuna.
Behin betiko adjudikazioaren aginduan adjudikatutako destinoari ezin zaio uko egin, honako kasu hauetan ezik:
– Aurreko oinarriaren 3. apartatuan aurreikusitakoa, destinoa irakaskuntza-kidego batean baino gehiagotan lortzen bada.
– Lekualdatze-lehiaketan nahitaez parte hartuz gero, genero-indarkeriaren biktimak uko egin ahal izango dio adjudikatutako plazari, baldin eta indarrean dagoen urruntze-aginduan jasotako xedapenekin bateraezina bada. Uko egiteko eskabidearekin batera, bere izaera egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, baita lanpostua aipatutako neurri judizialekiko (babes-agindua edo antzekoa) bateraezintasuna ere. Kasu horretan, ez du behin betiko destinorik lortuko, eta, beraz, ikasturte hasierako behin-behineko destinoa adjudikatzeko prozeduran parte hartu beharko du, eta, ondoren, hurrengo lekualdatze-lehiaketan.
Hogeita hamargarrena.– Zerbitzu aktibora berriz sartzen direnek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eszedentzia aldian egon eta gero lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren irakasleek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan (adjudikatutako destinoa dagoen lurraldearen arabera):
a) Eszedentziarako aginduaren kopia.
b) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, irakaskuntzan aritzeko gaixotasunik edo beste muga fisiko nahiz psikikorik ez duela adierazten duena.
c) Zinpeko adierazpena edo hitzematea, diziplina espediente bidez Estatuko Administrazioaren, toki-administrazioaren edo autonomia-erkidegoren bateko administrazioaren kidego edo eskala batetik ere kanporatua izan ez dela egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasuna kendu ez diotela egiaztatzeko.
Nolanahi ere, hogeita hamabigarren oinarrian adierazitako jabetze-eguna baino lehen aurkeztu beharko dira agiriak.
Hogeita hamaikagarrena.– Baldintzak eta merezimenduak betetzeko epea.
Deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak eta I. eranskineko merezimenduak, ofizioz alegatu edo barematu daitezkeenak, beteta edo aitortuta eduki behar dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta adjudikatutako destinoaz jabetu arte eutsi beharko zaie, salbuespen hauekin:
– Ikasturte honen amaiera data erreferentziatzat hartzen duten parte-hartze kasuak (hamargarren oinarria, 1. puntua).
– Praktikak gainditzeko eta karrerako funtzionario izendatzeko data (hamabigarren oinarria).
Hogeita hamabigarrena.– Destinoaz jabetzea.
Destino berriak 2027ko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan, eta aurreko destinoak 2027ko abuztuaren 31n utziko dira.
XI. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK
Hogeita hamahirugarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Hautaketa-prozesuak eta lanpostuak betetzea.
– Arduraduna: Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
– Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen eta irakasle ez diren langileen estaldura: Enplegu Publikorako Eskaintzak, Lekualdatze Lehiaketa eta Autodesplazamendua Hezkuntza Berezian.
– Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren lege-betebeharrak betetzeko.
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
– Hartzaileak:
– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Sindikatuak eta langileen batzordeak.
– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
– Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml
– Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
RSS