Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2026ko azaroaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
4613

EBAZPENA, 2026ko urriaren 6koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Zuzendaritza Kontseiluaren erabakia, 2026ko urritik 2027ko irailera bitartean euskara-ikastaroak emateagatik Euskal Etxeei esleituko zaizkien dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartzen dituena.

Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.a) letrak helburu hau xedatzen du aipatutako institutuarentzat (aurrerantzean EEI esango zaio): «Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz». Ildo horretan, aipatutako legearen 4.1.f) artikuluak EEIri honako eginkizun esleitzen dio: «Erakundearen helburuak betetzera zuzendutako dirulaguntzak ematea».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskara sustatzea eta hedatzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo. Halaber, dekretu horrek 19. artikuluaren 3.b) letran dioenez, institutuaren eginkizunetako bat da munduan zehar euskara darabilten kolektibitateetan euskararen ezagutza sustatzea, gehienbat euskal etxeen bidez. Era berean, Dekretu horren 19.2.k) eta 19.3.k) artikuluek EEIren jardunbidetzat ezartzen dute «Euskal kulturaren sustapen unibertsalera bideratutako jarduerak garatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuentzako dirulaguntzen esleipena kudeatzea», eta «Euskararen sustapen unibertsalera bideratutako jarduerak garatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuentzako dirulaguntzen esleipena kudeatzea».

Hori dela eta, EEIk jarduteko dituen eskumenekin bat etorriz, egokitzat jo da munduko euskal etxeetan euskara-eskolak sustatzeko dirulaguntzak esleitzeko prozedura arautzea.

Aipatutako dirulaguntzak eta horiek emateko oinarrizko irizpideak Zuzendaritza Kontseiluak onartu zituen 2026ko martxoaren 16an, eta 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2026ko Dirulaguntzen Urteko Planean sartuta daude (Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko otsailaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori), eta euskara eta euskal kultura EAEtik kanpo sustatzeko helburu estrategikoaren barruan daude.

https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_25_28/es_def/adjuntos/PES-2025-2028-ALDAKETA-II-eta-PAS-2026-ONARTZEA.pdf

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Argitara ematea ebazpen honen eranskinean jasotako oinarri arautzaileak eta 2026ko urritik 2027ko irailera bitartean euskara-ikastaroak emateagatik euskal etxeei esleituko zaizkien dirulaguntzen deialdia onartzen dituen Zuzendaritza Kontseiluaren erabakia.

Donostia, 2026ko urriaren 6a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

ERANSKINA
2026KO URRITIK 2027KO IRAILERA BITARTEAN EUSKARA-IKASTAROAK EMATEAGATIK EUSKAL ETXEEI ESLEITUKO ZAIZKIEN DIRULAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2026ko urritik 2027ko irailera bitartean euskara-ikastaroak emateagatik euskal etxeei esleituko zaizkien dirulaguntzak arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetarako 320.000 euro bideratuko dira, EEIren aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik, eta honela banatuko dira:

1.– 95.000 euro, 2026ko urritik abendura egingo den irakas-jarduera babesteko.

2.– 225.000 euro, 2027ko urtarriletik irailera egingo den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

Deialdi honen bidez arautzen diren dirulaguntzak euskal etxeek eta euskal etxeen federazio eta konfederazioek eskatu ahal izango dituzte (Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko euskal gizatalde eta euskal etxeekiko harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek ezarritako definizioen arabera), baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Baldintza orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) Pertsona edo entitate eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondorioak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen Testu Bateginaren 23. artikuluarekin (Testu Bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), edo Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua ez betetzeagatik.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13. artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritakoa aplikatuko da, oro har.

e) Baldintza horiek guztiak nahitaezkoak dira dirulaguntzen onuradun izateko eta hala izaten jarraitzeko, jasotako dirulaguntza likidatu arte.

2.– Baldintza akademikoak:

a) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferente (2015eko uztailaren 31ko EHAA, 144. zk.).

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldeak osatzeko, gutxienez sei ikasle beharko dira, eta taldeen batez bestekoa gutxienez zortzi ikaslekoa izango da.

4. artikulua.– Eskabideak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskineko eredu normalizatua erabiliz edo www.etxepare.eus web-orrian eskuragarri izango den eredua erabiliz aurkeztuko dira, EEIren zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio, eta helbide honetara igorriko dira: Andre Zigarrogileen Plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Deialdi honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren ordu/taldeen proposamen zehatza jasoko da eskabideetan. Kontuan izanik euskal etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, dirulaguntzak egoki banatu ahal izateko, eskabideek bereizi egin beharko dituzte 2. artikuluan zehaztutako epe bakoitzerako aurreikusten dituzten ordu/taldeak, hau da, urritik abendura eta urtarriletik irailera emango dituzten ordu/taldeak, hurrenez hurren.

Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak berariaz aipatuta, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bateginaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, edo Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorretako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua ez betetzeagatik (III. eranskina).

3.2.– Euskal etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatuko duena beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuetatik jaso dituen laguntzak edo dirulaguntzak bateragarriak direla (IV. eranskina).

3.3.– Euskal etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non deklaratuko baita euskal etxea ez dagoela sartuta dirulaguntzak edo bestelako laguntzak itzultzeko edo horien ondoriozko zehapenak ezartzeko hasi eta oraindik amaitu gabe dagoen ezein prozeduratan, eta, hala badagokio, amaituta dauden prozedurei dagokienez, obligazioak ordainduta dituela (IV. eranskina).

3.4.– Euskal etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, de minimis laguntzak jasotzeari buruzkoa, hala badagokio (IV. eranskina).

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak ez daude beharturik administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok eginak diren dokumentuak aurkeztera. Horrela, Administraziok dokumentuok kontsultatu eta atera ahal izango du, interesdunak horren aurka egin ezean. Aurka eginez gero, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu agiriak.

5. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen hutsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu behar dituen nahitaezko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, betiere aurretiaz ebazpen bat eman eta gero.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren laguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Euskal etxeetako euskaltegiei dagozkien dirulaguntzei aplikatuko zaien orduko/taldeko zenbatekoa 15,00 eurokoa izango da.

Deialdi honen 2. artikuluan ezarritako zenbatekoa ez bada nahikoa eskabide guztien beharrei erantzuteko, dirulaguntzak hainbanatu egingo dira entitate onuradunen artean.

8. artikulua.– Dirulaguntza ebaztea.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko konkurrentziaren prozedura erabiliko da; EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta emango den laguntzaren zenbatekoa kalkulatzea, EEIren zuzendariak ebazpena eman dezan.

Esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da, beranduenez.

2.– Esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea igaro eta gero jakinarazpenik ez egoteak legitimatzen ditu interesdunak dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko, Dirulaguntzaren Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

9. artikulua.– Dirulaguntza likidatzea.

Ikasturteko behin betiko datu errealei eta diruz lagundutako jardueraren gastuei buruzko ziurtagiriak jaso eta gero egiaztatzen bada ez direla eman aurreikusita zeuden ordu/taldeak, edota ez bada justifikatzen emandako diru-kopurua, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, EEIren zuzendariak likidazio-ebazpena emango du, eta onartutako laguntzen zenbatekoak doituko ditu, proportzionaltasun-printzipioaren arabera.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

1.– Dirulaguntza-ebazpena eman ondoren, 2026ko urritik abendura arte aurreikusita dauden ordu/taldeei dagokien kopurua ordainduko da.

2.– 2027ko martxotik aurrera, behin 2026ko urritik abendura arte emandako ordu/taldeei eta diruz lagundutako jardueraren gastuei buruzko ziurtagiriak jaso, aztertu eta horiek nahikotzat eta egokitzat jo direnean, 2027ko urtarriletik irailera arteko eperako onartutako dirulaguntzaren % 60 ordainduko zaie entitate onuradunei.

3.– Dirulaguntzaren gainerako zenbatekoa, hala badagokio, EEIren zuzendariak egindako likidazio-ebazpenean zehaztuko da, eta entitate onuradunak egin dituen jarduera guztiak behar bezala justifikatu eta agiriak bidali ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen arabera ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuz gero edo finantzaketa publikorako ezarrita dagoen gehieneko ehunekoa gaindituz gero, laguntza murriztu egingo da, dagokion kopurura doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa-betebeharra ezarrita duten beste laguntza batzuekin batera gertatzen bada, itzuli beharreko diru-kopurua proportzionala izango da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoaren gainetik eman den laguntzaren ehunekoarekiko.

12. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunek dirulaguntzak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute; horretarako, II. eranskinean jasota dagoen justifikazio-eredu normalizatua erabiliko dute, edo www.etxepare.eus (https://www.etxepare.eus) web-orrian dirulaguntza justifikatzeko dagoen eredua, informazio hau bilduta:

a) Dagokion epealdian benetan emandako ordu/taldeen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako jarduerek eragindako gastuen ziurtagiria; gastuak haien izaeraren arabera sailkatuta agertuko dira: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioa, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, baldin eta gastu horiek zuzenean jarduerari egotz badakizkioke, betiere dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Ziurtagiri horrek zehaztu beharko du gastu bakoitzetik zer ehuneko egotzi behar zaien euskara-ikastaroei. Nolanahi ere, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak osorik egotziko dira.

c) Dirulaguntza jaso den eguneko diru-trukeari buruzko ziurtagiria. Halakorik ezean, egun horretarako argitaratu den truke-indize ofiziala hartuko da erreferentzia gisa.

2.– EEIren dirulaguntza behar bezala justifikatutzat hartzeko, bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Benetan emandako eta ziurtatutako ordu/taldeak deialdiaren ebazpenean zehaztutakoak beste izatea gutxienez.

b) Justifikatutako gastuen baturak dirulaguntzaren zenbatekoa egitea gutxienez, betiere deialdi honen 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Entitate onuradunek EEIren esku utzi beharko dituzte dirulaguntza justifikatzeko bidali dituzten gastuen egiaztagiriak, eta jatorrizkoak entitatearen kontabilitate-artxiboan gordeko dituzte, baliteke-eta EEIk ikuskaritza-lanen bat egin behar izatea. Egiaztagiriak onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dituzte datu hauek: gastuaren kontzeptua eta denbora-eremua, eta dokumentua eman duen entitatearen edo organismoaren izena eta jaso duenarena.

4.– Justifikatu beharreko kopuruak zenbatzeko, dirulaguntza jaso den eguneko diru-trukea hartuko da aintzat. Salbuespen gisa, datu hori lortzea ezinezkoa denean, egun horretarako argitaratu den truke-indize ofiziala hartuko da erreferentzia gisa.

5.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

6.– Agiri horiek epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2026ko urritik abendura artekoak, 2027ko otsailaren 15a baino lehen.

b) 2027ko urtarriletik irailera artekoak, 2027ko urriaren 15a baino lehen.

13. artikulua.– Entitate onuradunaren betebeharrak.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eman den helburu jakinerako erabiltzea.

b) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen babesean jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

c) EEIren esku uztea dirulaguntza justifikatzeko bidalitako gastuen egiaztagiriak, eta jatorrizkoak entitatearen kontabilitate-artxiboan gordetzea, baliteke-eta EEIk ikuskaritza-lanen bat egin behar izatea.

d) Dirulaguntza publikoak jaso direla aditzera ematea; horretarako, Etxepare Euskal Institutuaren logoa jarri beharko da deialdi honen helburuarekin zerikusia duten jarduera guztietan, arloari dagokionez indarrean dauden legeen arabera.

e) Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat deialdi honetan adierazitakoez bestelako jardueretan erabiltzea.

b) Deialdi honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematean ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoak.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Etxepare Euskal Institutuari, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Erregelamenduan adierazitakoaren arabera arautuko dira (EBAO, L 2831, 2023-12-23koa); erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Dirulaguntza hauek de minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 300.000 baino handiagoa izango aurreko hiru urteetan. Muga hori gainditzen ez duten dirulaguntzek ez dute merkataritza eraldatzen, ezta lehia-baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak aurreko hiru urteetan jaso dituen de minimis dirulaguntzen berri eman beharko du, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeren eta egiaztatu behar baita de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen adierazitako erregelamenduak xedatutako gehieneko muga.

Betekizun horretatik salbuetsita daude egoitza soziala Europar Batasunetik kanpo duten eskatzaileak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa:

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute.

Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak:

• Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

• Foru-ogasunak.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/)

Informazio gehigarrial: Hurrengo web helbidean aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml

(https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml)

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016__0679-_eu.pdf

(https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD_2016_0679_eu.pdf)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

(https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

ID: 0573

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke EEIren Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Donostiako Auzialdiko Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Atalean, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala