
209. zk., 2026ko azaroaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (237 KB - 12 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
4606
EBAZPENA, 2026ko urriaren 7koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez hiru bekatarako oinarriak arautu eta deialdia onartzen baita, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko 2026an.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren, kulturgintzaren eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ardura da Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, planifikatu eta ebaluatzea, eta aholku ematea politika horiei buruz; bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak ezarritakoarekin, zeina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza Dekretuaren bidez onartu baitzen. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.i) artikuluan, erakunde horri izendatzen zaio jarduera-eremu guztietan egin beharreko politika taxutzeko azterlanak egin daitezen bereziki sustatzea.
Beka-modalitatearen bidez, deialdi honen bidez bi alderdi batu nahi dira: batetik, azterlanak egin daitezen sustatzeko eta horien gainean herritarrak sentsibilizatzeko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak dituen egitekoak, eta bestetik, ikerlanak egin behar dituzten pertsonen trebakuntza. Izan ere, gizonen eta emakumeen benetako berdintasuna lortuko badugu, aztertu egin behar dugu zer genero-harreman eta -rol dauden gaur egun emakumeen eta gizonen artean arlo guztietan ageri diren ezberdintasunen oinarrian, eta abian jarri diren edo jarriko diren ekimenek emakumeengan eta gizonengan nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen. Azterlan horiek garatu eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu. Ezin uka daiteke oso baliagarria dela lan horien berri ematea politikak planifikatzeko, abian jartzeko eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenei; izan ere, lan hori egiteko, eskura eduki behar dituzte beharrezkoak diren tresnak, generoari buruzko alderdiei ekite aldera, alderdi horiek aztertze aldera eta berdintasunerantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatze aldera beharrezkoak diren tresnak, alegia. Betiere, Europako Kontseiluan sortutako «mainstreaming»eko aditu-taldearen iritziz. Aldi berean, beka-deialdiak aukera ematen du arloan gehiago prestatzeko eta ikertzeko; era berean, onuradunen ibilbide profesionala sustatzen du.
Horregatik guztiagatik, deialdi honetarako, erakunde honen iritziz, egoki da aurreko ekitaldietan hasitako ildoarekin jarraitzea. Haietan, beken bitartez ikerlan batzuk egitea arautu zen, orain arte behar bezala ekin gabeko eremuetan ikertzea batez ere. Bekak beste laguntza mota bat bezala taxutu dira; ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eremuetan, deialdi mota horiei dagozkien araudia eta ezaugarriak aplikatuko zaizkie, oro har. Bekak norgehiagoka prozeduraz esleituko dira, behar bezala barematutako esleipen-irizpideei jarraituz. Azkenik, beka emateak inoiz ez du kontratu, lan edo estatutu bidezko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin.
Ekitaldi honetan ere hiru beka mota daude, mota bakoitzari ikerlan desberdin bat dagokiola. 1. eta 3. beken helburua da bekadun izango direnak genero-harremanen testuinguruan agertzen ari diren ikerketa-gai eta -eremuetara bideratzea eta eremu horietan trebatzea sustatzea, eta gure gizartean balio-aldaketa bat gerta dadin laguntzea. Bestalde, 2. bekaren bidez, oso aitortua den premia bati erantzungo zaio, hots, askotariko bereizkeria jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak aztertzen eta premia horiei erantzuten aurrera egiteko beharrari.
Bestalde, hautagaitzak hautatzeko prozedura balorazio-irizpide objektibo eta tasatuen aplikazioaren araberakoa izango da.
Inguruabar horiek kontuan izanik, deialdi honen bidez dinamizatu nahi dira beka bakoitzean definitutako azterketa-eremuak, eta bermatu nahi da kalitatezko ikerlanak egingo direla. Hori dena, berdintasun eraginkorra lortzeko emakume eta gizonen artean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen 2024-2027 aldirako Plan Estrategikoan aurreikusten den bezala, zeina Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak onartu baitzuen 2024ko urriaren 21ean eman zuen ebazpen baten bidez.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarriak onartzea, eta 2026rako hiru beka emateko deialdia egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikerlanak egin ditzaten, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean aurreikusitakoaren arabera (ebazpen horren bidez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Ebazpen honetan aipatutako dirulaguntzak emateko, honako arau hauetan xedatutakoa hartu da aintzakotzat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka egiteko, pertsona edo entitate interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hilabete biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 7koa.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
ERANSKINA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNAREN ALORREKO HIRU IKERLANETARAKO BEKEN 2026 URTERAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da hiru beka emateko deialdiaren oinarriak eta deialdia onartzea, 2026. urtean emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egiteko.
2. artikulua.– Beka bakoitzaren edukia eta ezaugarriak.
1.– Beka mota bakoitzaren edukia ikerketa-gai hauei buruzkoa izango da:
a) 1. motako beka: gizartean dauden eremuetan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea.
b) 2. motako beka: egoerak eta desberdintasunak aztertzea askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan; bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzean eta segurtasunean.
c) 3. motako beka: erabaki soziopolitikoak hartzeko eremuetan emakumeek duten sarbidea, parte-hartzea eta eragina aztertzea, eta ekimenak eta estrategiak bilatzea emakumeen ahalduntze politikoa, ekonomikoa eta soziala eta lidergoa mesedetzeko eta sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen laguntzeko.
2.– Beka eskatzen duten pertsonek edo taldeek beka mota baterako baino gehiagorako proiektuak aurkez ditzakete. Hala ere, hautagaitza bakoitzak ezin izango du beka bat baino gehiago jaso.
3.– Bekak emateak ez du esan nahi Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezarriko denik, eta ez da lanik egingo EAEko Administrazio Orokorreko edo haren organismo autonomoetako bulegoetan.
3. artikulua.– Hautapena eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Deialdi honetako beka mota guztiak (3) lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira. Ondorio horietarako, lehiaketatzat hartuko da laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura, aurkeztutako eskabideak erkatu eta horien arteko hurrenkera ezartzeko. Oinarri erregulatzaileetan aurretik ezartzen diren balioespen-irizpideak erabiltzen dira horretarako, eta irizpide horiek aplikatuz balioespenik altuena lortzen duten eskaerei bakarrik ematen zaie dirulaguntza edo laguntza.
2.– Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako helburuak lortzen laguntzeko diru-zuzkidura, eta hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi (69.999,00) eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean jasotzen den bezala.
Kopuru horretatik, 23.333 euro 2026ko ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerakoa hau –da, 46.666 euro–, 2027ko konpromiso-kredituei.
4. artikulua.– Eskatzaileak.
1.– Pertsona fisikoek edo pertsona fisikoen taldeek lortu ahal izango dituzte beka hauek, baldin eta aurretik ez badute lortu beste erakunde publiko edo pribatu batek emandako izaera bereko bekarik, eta, osagarri gisa, ikerketa-lanek honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Argitaratu beharreko ikerlanaren azterketa-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar du, eta bertan garatu behar da.
b) Ikerlanak genero-ikuspegia jaso behar du bere helburuetan eta metodologian.
2.– Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetakoren batean dauden pertsonak:
a) Epai irmo baten bidez kondenatuak izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera, edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, eragimen-trafikoagatik, iruzurrengatik eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.
b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, esku-hartze judizialaren pean egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana kausaren batean erruduntzat jo dituztela eta.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak Herri Administrazioen Zerbitzupeko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean egotea, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren bat izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako eran.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.
f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea, erregelamenduz ezarritako moduan.
h) Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapena jaso izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurririk ezarri dutela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako eran.
i) Ekonomia Zirkular baterako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik zigortuta egotea pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena bete arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, kuota hori betetzeko neurri alternatiboak martxan jarri direla egiaztatu gabe.
3.– Baldin eta hainbat eskatzailek ikerlan bakarra aurkezten badute, ikerlanaren titular-kide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute koordinatzaile eta ordezkari izan dadin Administrazioaren aurrean, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluko betebeharrekin.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, elektronikoki izapidetzea.
1.– Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari helaraziko zaizkio, eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Erregistro Orokorrean (Manuel Iradier kalea 36, Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein bulegotan.
Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekian jarri behar dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.
2.– Halaber, interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko. Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu ahalko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037812
Prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko, interesdunek egiaztagiri elektroniko onartu bat izan behar dute: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskabideak elektronikoki ere aurkeztu ahalko dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, helbide honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Egin beharreko izapideei buruzko zehaztapenak, ebazpen honetan ezarritakoak, hala aurrez aurreko izapideenak nola izapide elektronikoenak, eskuragarri egongo dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen web-orrian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037812
4.– Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bideak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– ez dakar prozeduraren hurrengo izapideetan bide hori erabili beharra.
5.– Eskatzaileek euskaraz eta/edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Interesdunek hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta dokumentazioa.
1.– Pertsonek edo pertsona-taldeek eskabide bat aurkeztu beharko dute. Eskabidean, berriz, erantzukizunpeko adierazpen hauek jaso beharko dituzte:
a) Ez daudela kondenatuta laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Ez dutela jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ebazpen irmo baten bidez, hala ezartzen duen edozein legeren arabera. Zehazki, sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso izana, dagokion zehapenean ezarritako aldia gainditu gabe.
c) Ez dutela administrazio publiko edo pribatuetatik xede eta helburu bererako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso edo eskatu, ezta lehenago jaso ere.
d) Egunean dituztela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan zehaztutako moduan (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
e) Betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, legez ezarritako moduan. (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6.6 eta 8. artikuluetako kasuetan).
f) Betetzen dituztela indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
g) Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datu guztiak, baita aurkezten duten dokumentazio guztia ere, eta dagokien erantzukizuna bere gain hartzen dutela (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
2.– Laguntza-eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Taldeko kideen erantzukizunpeko adierazpenak eta adostasunak, I. eranskinaren araberakoak eta behar bezala sinatuak, sinatzaileari buruz aurretiaz adierazitako modu berean.
b) Pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua, behar bezala sinatua, II. eranskinaren arabera.
Eskabidea, batetik, pertsonek edo koordinatzaile ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko dira; eta I. eta II. eranskinak, bestalde, banan-banan sinatu beharko dituzte pertsona guztiek edo taldea osatzen duten guztiek.
3.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edozein unetan eskatu ahal izango du jatorrizko dokumentazioa aurkezteko, autentikotasuna egiaztatzeko.
4.– Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ordeztu egingo ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak, bat etorriz Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 8.1.g) artikuluarekin.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.
Beka-eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako dokumenturen bat falta bada, Emakundek interesdunari eskatuko dio aurkezteko falta den dokumentua edo zuzentzeko atzemandako hutsa. Horretarako, hamar eguneko epea emango dio, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dena. Horrez gain, ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskabidean, eta, kasu horretan, ebazpena emango dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoarekin.
Akatsak zuzentzeko, «Nire karpeta» atalera jo ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
8. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
1.– Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute batzorde hori:
Batzordeburua: Izaskun Garaigordobil Garmendia, Administrazio Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Andrea Nuñez Fernández, Berdintasun Eskubideen Defentsarako Arloko arduraduna.
Batzordekideak:
– Noemí Alangua Elvira, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Miren Estibaliz Torres Bilbao, Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza Arloko teknikaria.
– Pello Muruetagoiena Gondra, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Cristina Armendariz Fernandez, Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.
Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arloko arduraduna edo, hala badagokio, haren ordezkoa izango da, eta hitza eta botoa izango ditu.
2.– Hautaketa-batzordeak gaian adituak diren pertsonen laguntza eta aholkularitza izan dezake.
9. artikulua.– Hautagaitzak hautatzea eta balorazio-irizpideak.
1.– Hautaketa-batzordeak baloratuko du zer ezagutza duten eskatzaileak edo taldeko kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko bekaren gaiaren inguruko ikerlanak egiteko, zer prestakuntza eta esperientzia duten, zer gaitasun duten kontzeptuak zehatz-mehatz eta egokiro adierazteko, zer aukera duten bekaren langaian jarduteko, eta zer interes eragiten duen ikerlan- proposamenak eta zein den proposamen horren ikuspegia. Horretarako, beka mota bakoitza emateko, hautaketa-batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuei kasu eginda:
A) Ikerlanaren kalitatea, oro har (70 puntu, gehienez).
a) Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).
b) Ikerlana argia eta bideragarria izatea, egutegia eta metodologia barne (20 puntu, gehienez).
c) Ikerlanerako dedikazioa (20 puntu, gehienez).
d) Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).
B) Pertsonaren edo taldearen ibilbidea profesionala (20 puntu, gehienez).
Lana egiten duten banakoek edo taldeetako kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa gaiari buruz dutena.
C) Ikerlanak euskaraz egitea (10 puntu, gehienez).
2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.
3.– Hautagai bera beka baterako baino gehiagorako hautatzen bada, hamar eguneko epea izango du beka bat aukeratzeko.
Hamar eguneko epe horretan egindako errekerimenduari erantzuten ez bazaio, lehentasun-ordena honi jarraituko zaio beka ematerakoan:
a) 1. motako beka: gizartean dauden eremuetan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea.
b) 2. motako beka: egoerak eta desberdintasunak aztertzea askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan; bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzean eta segurtasunean.
c) 3. motako beka: erabaki soziopolitikoak hartzeko eremuetan emakumeek duten sarbidea, parte-hartzea eta eragina aztertzea, eta ekimenak eta estrategiak bilatzea emakumeen ahalduntze politikoa, ekonomikoa eta soziala eta lidergoa mesedetzeko eta sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen laguntzeko.
4.– Hautaketa-batzordeak, egindako balorazioaren arabera, ebaluazio-txosten bat egingo du. Txosten horretan, beka-mota bakoitzerako, honako hauek jasoko dira: onartutako eskabide bakoitzak lortutako puntuazioa, oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera banakatuta; baloratutako hautagaitzen zerrenda ordenatua; ordezko hautagaitzen zerrenda; baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita; eta, hala badagokio, beka bat edo guztiak eman gabe uzteko proposamen teknikoa.
Txosten hori organo kudeatzaileari aurkeztuko zaio, hau da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusiari.
5.– Deialdi honetako hiru beketakoren bat eman gabe utziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bekaren diru-zenbatekoaz baliatzea erabaki dezake, eta diru-zenbateko hori beste beka baterako ematea, hain zuzen ere, beste mota bien artean puntu gehien eskuratu duenarentzat.
10. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasunak.
Deialdi honetan aurreikusitako bekak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatu batek helburu bererako eman dituen edo eman ditzakeen beste beka, dirulaguntza edo laguntza batzuekin.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hautaketa-batzordearen ebaluazio-txostena organo kudeatzaileari helaraziko zaio, hau da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Idazkaritza Nagusiari.
Organo kudeatzaileak, Hautaketa Batzordearen espedientea eta ebaluazio-txostena ikusita, deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta proposatutako hautagaiek onuradun izateko debekurik ez dutela egiaztatuko du, eta ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta.
Emakundeko zuzendariak behin betiko berariazko ebazpena emango du. Ebazpen horretan, honako hauek jasoko dira beka-mota bakoitzerako: emandako bekak, ukatutako eta baztertutako eskabideak, baztertzeko arrazoiak adierazita, eta, hala badagokio, ordezko hautagaien zerrenda jasoko dira, edo bekaren bat edo deialdi osoa bete gabe utzi dela adieraziko da.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie pertsona edo talde interesdunei, elektronikoki edo postaz. Halaber, emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak barne, bide elektronikoz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro, eta pertsonari edo pertsona-taldeari ez bazaio jakinarazten ebazpenik, ulertu ahal izango da beka-eskabidea ezetsi dela, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.
12. artikulua.– Jabetza intelektualaren eskubideak.
1.– Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira egindako lanak.
2.– Nahi izanez gero, Emakunderi laga ahal izango zaizkio ustiapen-eskubideak. Erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko ustiapen-eskubideak (erakunde honi lagatakoak), eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak, hain justu ere, mugarik gabe eta egungo hizkuntza eta prozedura ororen bitartez erabil daitezkeenak, egokitu beharko dira deialdi honetan jabetza intelektualari buruz aplikatu daitekeen araudiaren arabera xedaezinak diren baldintzetara eta mugetara.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako beken onuradun diren norbanakoek edo taldeek bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan xedatutako betebeharrak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Onartzea ematen zaien beka. Ildo horretatik, ulertuko da beka onartzen dutela baldin eta, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jasota, hamabost eguneko epean ez badiote espresuki eta idatziz uko egiten.
b) Beka zertarako ematen den, horretarako erabiltzea, eta, gutxienez, hiru hilean behin Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunderi jakinaraztea zer lan egin den eta zer emaitza lortu den. Horretarako, egutegi bat ezarriko da, eta lanek Emakunderen adostasuna edo oniritzia jaso beharko dute.
c) Emandako beka motarekin bat datorren ikerlana egitea, euskaraz eta/edo gaztelaniaz. Era berean, testua idaztean, ez da egingo hizkuntzaren erabilera sexistarik.
d) Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, azaltzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dutela. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, bat etorriz Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin. Marka hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunderi eskatu ahal izango zaio, eta bekadun lanean azalduko da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluarekin. Markari buruzko dokumentazioa esteka honetatik ere eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/
e) Diruz lagundutako ikerlanen bina kopia Erakundeari eman beharko zaio paperean, ondo koadernatuta. Beste kopia bana, berriz, euskarri informatikoan aurkeztu beharko da dokumentazio-zentroan. Erakundeak euskarri informatikoko kopia hori hedatuko du, egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan, herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko. Beti aipatu behar da nor diren lanaren egileak, eta erabat bete beharko da jabetza intelektualerako eskubideari buruzko araudia.
14. artikulua.– Bekaren iraupena eta ordainketa.
1.– Bekak hamar hilabete iraungo du, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, eta epe hori ezingo da luzatu.
2.– Beka bakoitza 23.333,00 eurokoa izango da, eta hiru ordainketatan ordainduko da, 3.2 artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kredituen kargura: lehenengo ordainketa beka emateko ebazpena eman ondoren egingo da; bigarren ordainketa beka hasi eta gutxienez bost hilabete igaro ondoren egingo da, eta ordura arte egindako ikerlanaren balorazio positiboa jaso ondoren; eta hirugarren ordainketa bekaren xede den lana jaso eta positiboki baloratu ondoren egingo da.
3.– Pertsona edo talde onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten badiote emandako bekari, 13.a) artikuluan aurreikusitako hamabost eguneko epean, puntuazioaren arabera ordezko den hurrengo hautagaiari esleituko zaio beka. Epe hori igarota, ezin izango da hautagaitza ordezkoen zerrendara jo.
4.– Beka jaso duten pertsonak edo pertsona-taldeak bekari uko egiteak esan nahi du ez direla betetzen bekaren betebeharrak; ondorioz, galdu egingo dira ebazpen honetan aurreikusten diren eskubide guztiak, eta prozedura bat hasiko da jasotako diru-kopuru guztiak gehi berandutze-interesak itzultzeko. Behin bekak hasita, inork bekari uko eginez gero, ez da esleipen berririk egingo.
5.– Bekaren zenbatekoa zifra gordina da; hori dela eta, beka-onuradunen kontura egingo dira tributu-atxikipenak.
6.– Beka ordaintzeko, alta emanda egon beharko da Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Baldintza hori bete behar da deialdia ebazteko eta ordainketak egin ahal izateko, emakida-ebazpenaren kasuan. Alta elektronikoki izapidetu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, bereziki ebazpen honen 13. artikuluan jasotako betebeharrak, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak. Zehazkiago, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako gertakariak eta egoerak izango dira itzultzeko arrazoiak.
2.– Deialdiko betebeharrak partzialki betetzea, konpromisoak betetzeko badira, dirulaguntzaren baldintzen aldaketatzat hartuko da. Ez-betetze partzialen kasuan, proiektuaren gauzatze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta argi eta garbi egiaztatzen bada hartutako konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat egin dela, jaso beharreko edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioaren arabera zehaztuko da.
Ondorio horietarako, ez-betetzeen maila baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
a) Ikerketa-lanen gauzatze-maila.
b) Aurreikusitako helburuen eta emaitzen betetze-maila.
c) Benetan justifikatutako gastuaren eta onartutako aurrekontuaren arteko proportzioa.
d) Onuradunari egotzi ezin zaizkion inguruabarrak gertatzea.
Ez-betetzeak ikerketa-lanen funtsezko alderdiei eragiten badie edo haien helburua betetzat jotzea eragozten badu, ez-betetze osoa gertatu dela ulertuko da, itzulketaren ondorioetarako.
16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, beka itzultzeko prozedurarako, aintzat hartuko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoa eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, honako hau baitio:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio pertsona edo talde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotako alegazioak egiteko.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean ulertzen bada ez direla bete baldintzak, deklaratuko da galdu egin dela beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, aginduko da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak. Dirua, gehienez ere, bi hilabeteko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Dirua borondatez ordaintzeko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, bat etorriz aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoarekin.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik bekak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da.
17. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak.
Arduraduna: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea.
Helburua: bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea haiek eskatzen dituzten pertsonei edo entitateei.
Legitimazioa: beharrezko tratamendua, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko, edo interesdunak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
– Interesdun legitimatuak.
– Organo judizialak.
– Kontu-auzitegia edo erkidegoko baliokidea.
– Pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzearen ondoriozkoak, kasua bada.
Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa/
Informazio gehigarria: gure web-orrian duzu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
RSS