Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2026ko urriaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
4596

IRAGARKIA, Enkarterriko Lurralde Plan Partziala (LPP) berrikusteko prozedurari hasiera ematen diona.

Bizkaiko Foru Aldundiak, 2026ko urriaren 8an egindako bileran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste, Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren diputatuak proposatuta, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 84. eta 94. artikuluekin (gai-zerrendako 26. gaia):

Lehenengoa.– Hasiera ematea Enkarterriko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (LPP) berrikusteko prozedurari, Eusko Jaurlaritzaren urriaren 26ko 226/2011 Dekretuaren bidez onartutakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan eta Lurralde Antolamenduko Planak eta Hirigintza Tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Erabaki honen eranskin gisa, LPParen berrikuspenaren Herritarren Partaidetzako Programaren laburpena eranstea, Lurralde Antolamenduko Planak eta Hirigintza Antolamenduko Tresnak onartzeko prozedurak arautzeko martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen dena.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako sailei, Estatuko Administrazioari eta eremu funtzionaleko udal guztiei eskatzea LPPa idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio orokor guztia baita eremu horretako zehaztapenei eta programei dagokien informazio berezia ere, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan eta lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoarekin. Informazio hori bi hilabete igaro baino lehen igorri behar da.

Laugarrena.– Agintzea foru-erabaki hau (Herritarrek Parte Hartzeko Programaren laburpena atxikita) Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Bizkaiko Lurralde Historiko gehien saltzen diren egunkarietako bitan argitaratzeko, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrian ere bai.

Bilbao, 2026ko urriaren 8a.

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua,

CARLOS ALZAGA SAGASTASOLOA.

ERANSKINA
HERRITARREK PARTE HARTZEKO PROGRAMA – LABURPENA

1.– Ikuspegia: Lurralde-plangintzari buruzko araudiaren arabera, plangintza proposatu edo aldatzeko garaian, nahitaezkoa da parte-hartze prozesuak antolatzea eta gauzatzea, ziurtatzeko plangintza interesatzen zaien edo plangintzak eragiten dieten pertsonek eta agenteek aukera dutela beren lehentasunak helarazteko. Horrela dago jasoa Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan.

Jarraian laburbiltzen den prozesuak Enkarterriko Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren berrikuspenean parte hartzeko eskakizunak betetzen ditu, elkarrekintza hori garatzeko baldintzak eta testuingurua finkatzen ditu, eta publiko desberdinetara hobeto egokitzeko erabili beharreko parte-hartzeko eta hedapeneko tresnak zehazten ditu.

Araudiaz gain, parte-hartze prozesua egituratzeko erabilitako erreferentzia nagusia Bizkaiko Aldundiaren «Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako 2024-2027 Foru Plana» izan da, pertsona eta kolektibo guztiei entzuteko eta foru-plangintza eta -arau guztietan adostasun zabalak eraikitzeko formulak ezartzen dituena.

2.– Prozesuaren helburu orokorrak: Herritarren parte-hartzearen azken helburua da Enkarterriko LPP berrikusten laguntzea, adostasunak eraikiz eta osagarritasunak identifikatuz, lurralde-plan bat lortzeko, etorkizuneko planak inplikatutako eta eragindako pertsona guztien beharrei neurri handiagoan erantzuteko eta asetzeko: udalerrietako tokiko herritartasuna, elkarte-sarea, sare ekonomikoa, tokiko administrazioak, etab.

Horretarako, parte-hartzearen helburu zehatzak honako hauek dira:

Enkarterriko Eremu Funtzionalerako eta Bizkairako interesgarria den gai bati heltzea ahalbidetuko duen parte-hartze prozesu bat diseinatu eta garatzea, hain zuzen ere, Lurralde Plan Partziala.

Enkarterriko LPPak lantzen dituen gai eta kontu giltzarriei buruzko informazioa eta gaikuntza ematea herritarrei eta parte hartzen duten eragileei. Bai informatuta egon nahi duten pertsonei, bai parte hartu eta ekarpenak egin nahi dituztenei.

Ahalik eta pertsona gehienek, eragile sozial, kultural eta ekonomikoek, profesionalek, auzotarrek, elkartekideek eta elkartekide ez direnek benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten ahalbidetzea. Ekintzen aniztasunari esker, Enkarterriko beharrizanak eta aukerak hausnartu, eztabaidatu, kontrastatu eta zehaztu ahal izango dira.

Enkarterriko LPPari laguntzea, adostasun kolektibo handiagoko proposamen eta ekarpenen bidez, herritarren ikuspuntu tekniko-politikoa zabalduz, esperientzialagoa, kolektibo eta adin desberdinak barne hartuz, eduki tekniko hutsa aberastuz lurralde-proiektu honetan beharrezkoak diren beste ikuspegi batzuekin.

3.– Parte-hartzearen printzipioak: Parte-hartzea foru-administrazioen funtzionamenduan onartuta eta integratuta dagoen printzipio bat da. Lurralde Plan Partzialean interesa duten pertsona eta agente guztiek erabakiak hartzerakoan eragina izan dezaten ziurtatzeko, parte-hartze prozesu koherente bat planteatu da, printzipio hauek dituena:

Gobernantza: Administrazioen eta kudeaketa publikoko prozesuen funtzionamendua hobetzeko tresna bat da. Sareak sortuz, modu aktiboan entzunez, herritarrekin harremanak izanez eta interes-taldeen bitartez, administrazioa eraginkorragoa eta efizienteagoa izatea lortzen da.

Adostasuna: Parte-hartze prozesuek alderdi asko ados jartzea lortu behar dute, ahal duten neurrian. Horregatik, elkarrekin eraikitzeko dinamika eta saioak antolatu behar dira.

Gardentasuna: Administrazioak jasotako ekarpenen zenbaterainokoaren eta tratamenduaren berri hasiera-hasieratik emango da.

Inklusioa: Pertsona guztiek prozesuari buruzko informazioa jasotzea eta, proposamenak egin ditzaten, haien beharrei egokitutako parte-hartze kanalak izatea ziurtatuko da, edozein direla pertsona horien ezaugarriak, gaitasunak eta egoerak.

4.– Parte hartzeko mekanismoak: Herritarren Partaidetzarako Programa honek komunikazio- eta pedagogia-mekanismo edo -ekintza hauek eta adostasuna hitzartzeko eta eraikitzeko mekanismo hauek inplementatzea aurreikusten du:

Komunikazio-ekintzak:

a) Hasierako komunikazio-materiala.

b) Parte hartzeko gida.

c) Webgune espezifikoa, webgune ofizialaren barruan.

d) Webgunea eguneraketa eta mantentze-lana.

e) Laburpen-aurkezpena.

f) Azalpen-materialak.

g) Komunikazio orokorra (prentsa-oharrak, sare sozialak).

Ekintza pedagogikoak:

a) Dibulgazio-materiala.

b) Informazio-hitzaldiak.

Adostasuna hitzartzeko eta eraikitzeko ekintzak:

a) Kontsultak/kontsulta-plana.

b) Bilerak tokiko administrazioekin.

c) Lantalde sektorial-fokalak eratzea.

d) Herritarren postontzia (digitala).

e) Bilerak elkarteekin/herritarrekin.

f) Online galdetegia – parte-hartze digitala.

5.– Euskara: Komunikazio-material guztia eta parte-hartzearen dinamizazioa hizkuntza inklusibo eta ez-sexistaren tratamendu egokia bermatuz egingo da, indarreko xedapenen eta araudiaren arabera, bai eta elebiduna ere, euskaraz eta gaztelaniaz, EAEko hizkuntza-ofizialtasun bikoitzaren arabera.

Herritarrei zuzendutako argitalpen, ohar, jakinarazpen edo bestelako idazki guztietan bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira, eta euskarari lehentasuna emango zaio letraren tamainarekin, lodierarekin edo kolorearekin, edo testuaren kokapenarekin. Era berean, saio publiko guztietan euskaraz eta gaztelaniaz parte hartu ahal izango da.

6.– Genero-ikuspegia: Enkarterriko LPPko parte-hartzean, genero-ikuspegia eta emakumeen eta gizonen berdintasuna txertatzeko irizpide eta ekintza hauek hartuko dira kontuan:

1.– Lantaldeetan bermatzea genero-ikuspegia lurralde-antolamenduan txertatzen dela. Kontzeptu hauek jorratuko dira, besteak beste: «hurbileko hirigintza»; zainketa-lanei lotutako mugikortasuna, eta eraikitako ingurunean dagoen segurtasuna.

2.– Hizkuntzaren erabilera inklusiboa eta ez-sexista egitea sortzen diren material guztietan.

3.– Datuak sexuaren arabera bereiztea parte-hartzearen jarraipenean eta ebaluazioan pertsonei buruz sortzen den edozein estatistikatan.

4.– Parte-hartzaileak uztartzeko neurriak erraztea, hala nola:

a) Informazio eta parte-hartze saioetara haurren ardurapeko pertsonak joateko aukera, parte hartzeko dinamika egokiak diseinatuz.

b) Aukera horren berri ematea, adingabeak beren kargura dituztenak bertaratzera anima daitezen. Karteletan eta komunikazio-materialetan, hala nola prentsa-oharretan, web-ean eta udal-sare sozialetan, etab.

c) Parte-hartze digitala presentzialaren osagarri gisa, pertsona bakoitzak parte hartu nahi duen uneari buruzko malgutasun handiagoa ahalbidetzen baitu.

Hori guztia kontuan harturik zer xedatzen duen 3. artikuluan martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak, zeinaren bidez onartzen baita Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina.

7.– Prozesuaren faseak eta egutegia: Parte hartzeko ekintzak LPParen hurrengo faseetan txertatu dira, beharrezkoak diren prestaketa- eta ebaluazio-lanekin batera. 1. fasetik 4. fasera bitarteko parte-hartzeak 12 hilabete iraungo du guztira, hasten denetik aurrera, honela banatuta:

1.– Fasea. Parte hartzeko programa (1. hila).

Herritarrek parte hartzeko programa (HPP).

Hasteko erabakiaren ostean

Hasierako aurkezpena eremu funtzionalari: udalak eta mankomunitatea.

2.– Fasea. Informazioa eta diagnostikoa (2. eta 3. hilak).

Komunikazio-ekintzak

a) Webgunea eta sare sozialak.

b) Parte hartzeko gida.

c) Formularioa.

Ekintza pedagogikoak eta hitzartze-ekintzak

a) Elkarrizketa sakonak eragile giltzarriekin.

b) Lan-bilerak udalekin eta erakunde publiko eta pribatuekin.

c) Lantalde fokalak eratzea.

d) Elkarrizketak elkarteekin eta/edo herritarrekin.

e) Hasierako aurkezpen 1 eta herritarrei irekitako tailer-foroa.

3. fasea. Aurrerapena eta hasierako dokumentu estrategikoa (HDE) idaztea (4. hiletik 8.era).

Komunikazio-ekintzak

a) Komunikazioa: webgunea eguneratzea, prentsa-oharrak, sare sozialak.

b) Ekarpenak egiteko kanalak eguneratzea eta herritarren postontzia dinamizatzea.

Hitzartze-ekintzak

a) Talde Fokalen bigarren saioa.

b) Bilerak erakundeekin.

4. fasea. Aurrerapena, izapidetzea eta parte-hartzea (9. eta 12. hilak).

Komunikazio-ekintzak

a) Webgunea eta sare sozialak: amaierako dokumentuen zabalkundea

b) Aurkezpena eta zabalkundea: prentsaurrekoa eta dokumentuaren eta bideoaren zabalkundea.

c) Enkarterriko LPParen amaierako sintesiaren aurkezpena.

Hitzartze-ekintzak

a) Herritarrei irekitako tailer-foro 1.

b) Parte-hartzearen emaitzen txostena (1. fasetik 4.era).

c) Generoaren eraginari buruzko memoria.

d).Aurrerapenari egindako iradokizunen txostena.

e) Parte-hartzearen azken emaitzak planean txertatzea.


Azterketa dokumentala