Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2026ko urriaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA
4592

EBAZPENA, 2026ko urriaren 15ekoa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren Kontratazio Batzorde Delegatuko lehendakariena, zeinaren bidez onartzen baita Barakaldoko (Bizkaia) Burtzeñako Lutxanako geltokiaren eta aldameneko kaiaren ondoan dauden lurrak okupatzeko eta erabiltzeko jabari publikoko baimena (Burtzeña II baimena).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak (aurrerantzean, ETS) duen ondarearen barruan daude, beste ondasun eta eskubide batzuen artean, bai sortu zirenetik eraikitako azpiegiturak, bai lehendik zeudenak, Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez atxiki zitzaizkienak.

Bigarrena.– Abuztuaren 25eko 2488/78 Dekretuaren bidez, Euskal Kontseilu Nagusiari eskualdatu zitzaizkion, besteak beste, trenbideak eta tranbiak ezarri, antolatu, ustiatu eta ikuskatzeko eskumenak, baldin eta estatu-eremurik ez badute, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik oso-osorik igarotzen badira eta RENFEn sartuta ez badaude.

Hirugarrena.– Abenduaren 7ko 1434/2018 Errege Dekretuaren bidez, Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo lineei dagokienez, trenbideen eta trenbideko garraioaren arloetan Estatuko Administrazio Orokorrak dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea onartu zen.

Maiatzaren 14ko 76/2019 Dekretuaren bidez, Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide-lineen kudeaketa eta administrazioa ETSri agintzea eta atxikitzea gauzatu zen. Linea horiek Estatuko Administrazioak eskualdatu zizkion Euskal Autonomia Erkidegoari, eta artikuluetan xedatzen da ETS subrogatuko dela atxikitako ondasun eta eskubideekin lotutako egoera juridiko subjektibo guztietan.

Laugarrena.– ETSren Ondare Sailak, interesdunak eskatuta, hasiera eman zion ofizioz Cadagua itsasadarreko 4.800 m2-ko lurrak eta atrakalekuko kaia okupatzeko eta erabiltzeko jabari publikoko baimena izapidetzeari, bizitza baliagarriaren amaieran aisiako ontzi handi eta txikien hondakinak desegiteko eta kudeatzeko lanak egiteko.

Bosgarrena.– 2026ko urriaren 9an egiaztatu da ezen aurretiazko aldeko txostena eman dela, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 74.3 artikuluan aurreikusita zegoena.

Seigarrena.– Hitzartutako okupazio-baimenagatiko kontraprestazio ekonomiko gisa, eta 2027rako ondorioekin, ETSri 41.428,80 euro ordainduko zaizkio urtean, BEZik gabe, hileko 3.452,40 euro aurreratuta (BEZik gabe). Kontraprestazio ekonomiko hori urtero berrikusiko da, eta lehenengo berrikuspena 2028ko urtarrilean egingo da. Horrez gain, KPIak estatu osorako berrikuspenaren aurreko urtean izandako aldakuntza gehituko zaio, EINek edo haren ordezko erakundeak argitaratua. Gauzatzeko hasierako epea bost (5) urtekoa da, eta urtez urte luzatu ahal izango da, bi aldeak ados jarrita, gehienez hiru (3) urte gehigarrira arte, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 80.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Irekitako espedientearen xedea, aurrekarietan aipatua, erabilera pribatiborako jabari publikoko baimen bat ematea arautzea da, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 68.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, 4.800 m2-ko lursailen eta Cadaguako itsasadarreko atrakatzeko kaiaren okupazioa eta erabilera, bizitza baliagarriaren amaieran aisiako ontziak eta itsasontziak desegiteko eta haien hondakinak kudeatzeko lanak egin beharrez.

Bigarrena.– Baimen honen xede diren lursailak, Burtzeña-Barakaldoko Cadagua itsasadarrean dagoen ondoko atrakatze-kaiarekin batera, jabari publikoko ondasunak dira, eta haien kudeaketa eta administrazioa ETS erakunde publikoari atxikita daude. Espazio horien zati bat aisiako ontziak eta itsasontziak zatikatzeko eta haien hondakinak kudeatzeko erabiliko da, bizitza baliagarriaren amaieran, baimendutako erakundeak sustatuta. Horretarako, Bilboko Portuko Agintaritzak, Barakaldoko Udalak eta beste edozein administrazio edo erakunde eskudunek eska ditzaketen baimen, lizentzia eta gainerako titulu gaitzaileak eskuratu beharko ditu, bere kontura eta arriskura, lursailak eta kaia okupatzeko eta proiektatutako jarduera egiteko.

Hirugarrena.– Aipatutako espedientean jasotako dokumentazioa eta informazioa aztertuta, behar bezala betetzen da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuan jabari publikoko baimenei buruz aurreikusitakoa.

Laugarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 70.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ETSri dagokio administrazio-baimenei buruzko espedienteak izapidetzea, ondasuna hari atxikita baitago.

Bosgarrena.– Baimena emateko erabakian jaso beharreko edukiari dagokionez, espedientean jasotako dokumentazioan eta informazioan honako hauek daude jasota:

– Ondasuna edo eskubidea erabiltzeko araubidea.

– Baimenaren araubide ekonomikoa.

– Jarri beharreko bermea, hala badagokio.

– Kontserbazio- eta mantentze-gastuak, zergak, tasak eta gainerako tributuak bere gain hartzea, bai eta ondasuna bere izaeraren arabera erabiltzeko eta jasotzen den egoeran entregatzeko konpromisoa ere.

– Ondasuna erabiltzeko edo ondasunaren gainean egin beharreko jarduerarako behar diren lizentzia eta baimen guztiak aldez aurretik bere kontura lortzeko konpromisoa.

– Okupazioaren ondoriozko erantzukizuna bere gain hartzea, eta, hala badagokio, dagokion aseguru-poliza formalizatzeko betebeharra aipatzea.

– Lagatzaileak beretzat gordetzen du baimenaren xede den ondasuna ikuskatzeko ahalmena, baimenaren baldintzen arabera erabiltzen dela bermatzeko.

– Epea eta, hala badagokio, luzapen- eta subrogazio-araubidea; betiere, aldez aurreko baimena beharko da.

– Azkentzeko arrazoiak.

Seigarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 74.3 artikuluarekin bat etorriz, dagokion iragarkia argitaratu behar da EHAAn, ondasun beraren gainean eta helburu bererako beste eskabide batzuk aurkeztu ahal izateko. Iragarki horretan, baimenaren nondik norakoak eta baldintzak jasoko dira, interesdunak aurkeztutako eskaerari erantzuteko. Hona hemen, hitzez hitz:

Eskatzailea: Desguace Industrial y Naval, S.L. (DINA).

Xedea: Lutxanako geltokiaren ondoan, Burtzeña-Barakaldo inguruan, dauden lursailen eta ondoko atrakatze-kaiaren (59,40 metro luze) 4.800 m2 inguru okupatzeko eta erabiltzeko jabari publikoko baimena, aisiako ontzi handi eta itsasontzien bizitza baliagarriaren amaieran hondakinak desegiteko eta kudeatzeko jarduerak egiteko.

Iraupena: bost (5) urte. Urtero luzatu ahal izango da, bi alderdiak ados jartzen badira. Baimenaren iraupen osoa, luzapenak barne, ezin izango da zortzi (8) urtetik gorakoa izan.

Hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe ematen da baimena, eta berariaz baldintzatuta dago baimendunak lursailak eta kaia okupatzeko eta egin nahi den jarduerarako nahitaezkoak diren lizentzia eta administrazio-baimen guztiak lortu eta mantentzera, Bilboko Portu Agintaritzari, Barakaldoko Udalari eta beste edozein administrazio eskuduni dagozkionak barne.

Baimendutako jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren egokitzapen-, hobekuntza-, mantentze- edo egokitzapen-lan guztiak baimendunaren kontura izango dira oso-osorik.

Halaber, baimendunari dagozkio okupatuko diren lursailen eta kaiaren kontserbazio-, mantentze-, zaintza-, segurtasun-, garbiketa- eta konponketa-gastuak, bai eta aplikatu beharreko ingurumen-araudia betetzearen ondoriozko gastuak ere.

Era berean, baimendunaren kontura izango dira, esklusiboki, jabari publikoko ondasunen okupaziotik edo haietan garatutako jardueratik erator daitezkeen zerga, tasa, kanon, kontribuzio berezi eta gainerako tributu guztiak, eska daitezkeen portu-tasak barne.

Baimendunak konpromisoa hartzen du okupatuko diren ondasunak beren izaeraren eta baimendutako xedearen arabera erabiltzeko, eta baimena iraungitzean, ETSri itzuli beharko dizkio, libre eta hutsik, bere jabetzako instalazio, material eta elementu guztiak kenduz eta lursailak eta kaia kontserbazio- eta garbiketa-baldintza egokietan utziz.

Baimendunaren erantzukizun esklusiboa izango da baimendutako okupazioaren edo garatutako jardueraren zuzeneko edo zeharkako ondorioz pertsonei, ondasunei, trenbide-instalazioei, jabari publikoari edo hirugarrenei eragin dakiekeen edozein kalte edo galera.

Baimendunak erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat eduki beharko du baimenaren indarraldi osoan, garatutako jardueratik eratorritako arriskuetarako behar bezain egokia, eta poliza hori indarrean dagoela eta primak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dio ETSri.

Tren-instalazioetara, okupatutako lurretara edo kaira behar ez bezala sartzea edo kaltea eragitea baimendunaren erantzukizuna izango da, eta hark hartuko ditu bere gain, oso-osorik, dagozkion konponketa-kostuak.

Baimenaren xede diren lurretan edo kaian egin nahi den obra, instalazio edo jarduketa oro aldez aurretik jakinarazi eta baimendu beharko du ETSk, eta, hala badagokio, gainerako administrazio eskudunek.

Gauzatutako obrak eta instalazioak ETSk eta, hala dagokionean, Portu Agintaritzak ikuskatu eta zainduko dituzte, eta baimendunak utzi beharko die haietan sartzen lan horiek egiteko izendatutako langileei.

ETSk beretzat gordetzen du baimenaren xede diren ondasunak noiznahi ikuskatzeko ahalmena, behar bezala erabiltzen direla, ezarritako baldintzak betetzen direla eta garatutako jarduera emandako tituluari egokitzen zaiola egiaztatzeko.

Bere gain hartutako betebeharrak beteko dituela bermatzeko, baimendunak 41.428,80 euroko fidantza eratu beharko du, banku-abal bidez, lehen errekerimenduan, ETSk zehazten duen moduan.

Okupazioagatiko hasierako kontraprestazio ekonomikoa 41.428,80 eurokoa izango da urtean, BEZik gabe, eta 3.452,40 euroko aurreratutako hileroko bidez ordainduko da, BEZik gabe.

Kontraprestazio ekonomikoa urtero eguneratuko da, aurreko urte arteko aldiari dagokion Kontsumoko Prezioen Indize Orokorraren aldaketaren arabera.

Baimena azkendu ahal izango da emandako epea amaitzeagatik, ezarritako baldintzak ez betetzeagatik, trenbideko zerbitzu publikoa ematearekin lotutako arrazoiengatik, kaia okupatzeko edo baimendutako jarduera egiteko behar diren gaikuntza-tituluak aldatzeagatik edo azkentzeagatik, edo legez bidezkoak diren gainerako arrazoiengatik.

ETSk lursailak edo kaia osorik edo zati batean berreskuratu ahal izango ditu trenbide-zerbitzuaren beharrek edo trenbide-azpiegituren kudeaketari lotutako interes publikoak hala eskatzen dutenean, baina horrek ez dio inolako kalte-ordainik ekarriko baimendunari, ordenamendu juridikoaren arabera bidezkoa dena izan ezik.

Zazpigarrena.– Aurreko baldintza orokorrez gain, baimen honek baldintza berezi hauek bete beharko ditu:

– Txatarra ETSren bidez trenez garraiatzeko betebeharra, txostenean aurreikusitako baldintzetan.

– ETSk ahalmena du lursailen edo kaiaren % 50 berreskuratzeko, trenbide-zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean.

– Sarbideko trenbidea mantentzea eta konpontzea eta trenbide-bidegurutzeak koordinatzea.

– Garbiketari, deskontaminazioari, sakonera kontserbatzeari eta itsasadarreko materialak erretiratzeari buruzko ingurumen-betebeharrak.

– Hornidura- eta kontsumo-gastu guztiak bere gain hartzea.

– Baimena lagatzeko edo eskualdatzeko debekua, ETSren aldez aurreko eta berariazko baimenik gabe.

– Laneko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta laneko arriskuen prebentziokoak betetzea.

– Kartelak eta iragarkiak jartzeko araubidea.

– Emisio akustikoei, bibrazioei eta trenbide-ustiapenarekiko interferentziei buruzko betebeharrak.

– Subrogazio-araubidea tren-azpiegitura beste administrazio edo erakunde publiko bati eskualdatzen zaionean.

Aurreko baldintza partikularrak ETSren Ondare Burutzak espedienteari buruz egindako txostenaren eduki osoarekin osatuko dira. Txosten hori ebazpen honen eranskin gisa gehitu da, eta ebazpenaren parte da.

Interesdunek 30 egun balioduneko epea izango dute, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, ondasun bera okupatzeko beste eskaera batzuk aurkezteko, interesdunak nahi duen helburu berarekin. Epea amaitzen den eguna balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera luzatuko da automatikoki.

Horiek horrela, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Kontratazio Batzorde Delegatuko honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Barakaldoko (Bizkaia) Lutxanako geltokiaren eta ondoko kaiaren ondoan dauden lurrak okupatu eta erabiltzeko jabari publikoko baimena onartzea. Horren urteko aurrekontua 41.428,80 eurokoa da, BEZik gabe, eta hilean 3.452,40 euroko aurreratutako hilekoak ordainduko dira (BEZik gabe) bost (5) urteko eperako, beste hiru (3) urteko luzapenekin.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 30 eguneko epean, ondasun bera okupatzeko beste eskabide batzuk aurkeztu ahal izango dira, interesdunak nahi duen helburu berarekin.

Bilbao, 2026ko urriaren 15a.

Kontratazio Batzorde Delegatuko lehendakaria,

ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.


Azterketa dokumentala