
208. zk., 2026ko urriaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (217 KB - 14 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4587
1689/2026 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak diplomadun sanitarioen lanbide-taldeko giza nutrizioan eta dietetikan diplomadunaren kategorian, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartu egin dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2023-2024-2025eko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak. Ebazpen hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 443/2026 Ebazpenaren bidez aldatu zen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2026ko martxoaren 12an).
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesurako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, diplomadun sanitarioen lanbide-taldeko giza nutrizioan eta dietetikan diplomadunaren kategorian, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez eskainitako destinoen zerrenda onartzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea.
Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 2026ko azaoraren 2tik azaroaren 27ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren 10.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 1a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK, DIPLOMADUN SANITARIOEN LANBIDE-TALDEKO GIZA NUTRIZIOAN ETA DIETETIKAN DIPLOMADUNAREN KATEGORIARAKO, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira diplomadun sanitarioen lanbide-taldeko giza nutrizioan eta dietetikan diplomadunaren kategoriako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 5. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, aurkezteko epearen azken egunean, oinarri orokorretan jasota dauden baldintzez gain eta horietan aurreikusten diren salbuespenak kenduta, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte:
a) Oinarri orokorretako 8.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, giza nutrizioan eta dietetikan diplomadun titulua edo baliokidea izatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
b) Kasu guztietan bete beharko dira lortu nahi den kategoriaren baldintzak, indarrean dagoen araudiaren arabera.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
A2 taldea (B taldea zena): 20 euro.
3.– Lehiaketa-oposizioaren garapena.
3.1.– Eskakizunak eta merezimenduak alegatzea. Dokumentazioa aurkeztea.
Oinarri orokorretako 12.2 apartatuan aurreikusitako onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, onartuen behin betiko zerrendan daudenek eta, baztertuen zerrendan egonik, horretarako ezarritako epearen barruan gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu edo aurkeztuko dutenek deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eta merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten agiriak alegatu eta erantsi beharko dituzte, oinarri orokorretako 12.3 apartatuan ezarritako moduan eta epean.
Giza nutrizioan eta dietetikan diplomadunaren kategorian sartzeko eskatzen den titulazioa giza nutrizioko eta dietetikako diploma edo gradua da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
3.2.– Oposizioaldia.
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.
Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.
Ariketako galderak galdera-sortatik aterako dira. Galdera-sorta hori, gutxienez, 12 aste lehenago emango da, Osakidetzaren web-orrian.
Erantzun okerrek ez dute penalizaziorik ekarriko.
3.3.– Lehiaketaldia.
Oinarri orokorretako 12.3 oinarrian ezarritako moduan eta epean baloratuko dira alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak, III. eranskinean jasotako merezimenduen baremoaren arabera, oinarri orokorretan ezarritako irizpideak betez.
3.4.– Lanpostuez jabetzea.
Oinarri orokorretako 20. apartatuan aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:
– Elkargokide-ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: GIZA NUTRIZIOKO ETA DIETETIKAKO DIPLOMADUNA (GIZA NUTRIZIOAN ETA DIETETIKAN DIPLOMADUNAREN LANPOSTU FUNTZIONALA)
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 5. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
a) Txanda irekiko deialdia: 3 destino.
Sarbide orokorra: 3.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat edo bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzat: 0.
Oinarri orokorren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpena, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko dagokion zikloko destinoen behin betiko esleipenari buruzkoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren identifikatuko dira deialdi honen xede diren destinoak.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA DIPLOMADUN SANITARIOAK LANBIDE-TALDEKO GIZA NUTRIZIOAN ETA DIETETIKAN DIPLOMADUN KATEGORIAN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean aitortuta duten zerbitzaldia zenbatuko da, eta gehieneko muga 20 urtekoa izango da.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetakoetan, edozein administrazio publikotan edota Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan parte hartzen den hautaketa-prozesuan giza nutrizioan eta dietetikan diplomadun gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,25 puntu.
Era berean, zenbaketa hori aplikatuko da parte hartzen den hautaketa-prozesuko deialdian sartutako kategoriari dagokion eremuaren plangintzan eta kudeaketan erantzukizuneko lanpostuak betetzen direnean.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako, hizkuntzetako, etxeko lanetako, autopsia mediko-legalaren nozioetako ikasgaien kalifikazioak, ez lehiaketako kategorian aritzeko eskatzen den diploma edo gradu ikasketen berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.
b) Graduondoko prestakuntza:
– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.
– Doktore-titulua: 9 puntu.
– Graduondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.
– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.
Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu): Ingelesa, frantsesa eta alemana Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila hauetan jakitea baloratuko da, 1,5 puntu hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere 3 puntu.
Merezimendu hori hizkuntza-eskolaren bateko edo dagokion erakundeko titulua edo ziurtagiria aurkeztuz akreditatuko da.
i) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-2 eta C-1 mailetako tituluengatik 1,5 puntu emango dira.
ii) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailako tituluengatik 1 puntu emango dira.
iii) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 mailako tituluengatik 0,5 puntu emango dira.
Ingeles, frantses eta alemaniar filologiako lizentziei dagokien hizkuntzari esleitutako gehieneko gaitasuna emango zaie.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren curriculum vitae-aren aplikazioan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako tituluak eta ziurtagiriak soilik baloratuko dira.
Hizkuntzari berari dagozkion titulu bat baino gehiago akreditatzen badira, maila handienekoa bakarrik baloratuko da.
d) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
Informatikako ezagutzen maila jakin baten ezagutza merezimendu gisa baloratzeko, Euskadi Informazioaren Gizartean Planak KZgune zentro publikoetan eskura jartzen dituen moduluak lortzeko proba gainditu behar da. Zehazki, honela baloratuko da:
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Power Point 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Access 2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Microsoft Outlook XP/2003/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Oinarrizko Internet: 0,25 puntu.
– Internet aurreratua: 0,50 puntu.
Modulu horiek gainditu izana IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko da.
Modulu baten bertsio eta/edo maila desberdinak egiaztatzen badira, bakarra puntuatuko da, puntuaziorik handiena duena alegia.
Era berean, merezimendu hori egiaztatzeko baliozkoak izango dira erakunde ofizialek eta ikasketa-zentro publikoek aplikazio horiei buruz emandako ikastaroak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak, baremo honen arabera:
– 20 eta 29 ordu bitarteko ikastaroak: 0,10 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitarteko ikastaroak: 0,15 puntu.
– 50 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu.
B) Atal honen barruan, eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan eta dagokion kategorian eta lanpostu funtzionalean sartzeko eskatzen den titulazioa lortu ondoren amaitu den prestakuntza baloratuko da, baldin eta honako honen arabera egiaztatzen bada:
a) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.
– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.
– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
b) Irakaskuntza-jarduerak:
– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
– Praktika klinikoko irakasle-tutorea, venia docendi delakoarekin (urteko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko kategoriarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak aurkezteagatik, komunikazioak aurkezteagatik, hitzaldiak emateagatik edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.
3) Euskara:
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
GIZA NUTRIZIOAN ETA DIETETIKAN DIPLOMADUNA
I.– DIPLOMADUN SANITARIOEN LANBIDE-TALDEKO GAI-ZERRENDA KOMUNA.
1.– Osasun-lanbideen araudia: Arau orokorrak. Lanbide sanitarioetan aritzea. Lanbide sanitarioen prestakuntza. Lanbide-garapena eta horren aintzatespena.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioa eta kalitatea. Xedapen orokorrak. Prestazioak. Profesionalak. Ikerketa. Informazio sanitarioko sistemak. Kalitatea.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua. Arau orokorrak. Estatutupeko langileen sailkapena. Eskubideak eta betebeharrak. Estatutupeko langile finkoaren izaera eskuratzea eta galtzea. Langileen mugikortasuna. Karrera profesionala. Estatutupeko langileen egoerak.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea. Euskadiko Osasun Sistema – Antolamendua. Osasun-zerbitzuak emateko egitura publikoak antolatzea – Osaera. Langileen araubidea.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak. Zuzendaritza-antolakuntza. Antolakunde nagusia.
6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuak.
7.– Euskadiko osasun-sistemako pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko adierazpena: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Pazienteei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak.
8.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena: Printzipio orokorrak. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua.
9.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko aurretiazko borondateena. Xedea. Osasun-arloko borondateak aldez aurretik adierazteko eskubidearen edukia. Aurretiazko Borondateen dokumentua. Aldatzea, ordeztea eta errebokatzea.
10.– Datu Pertsonalen Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuak babesteko agintaritza autonomikoak. Zehapen-araubidea.
11.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 47.5 artikuluaren arabera, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
12.– Euskadiko Osasun Plana 2030: Printzipio gidariak. Erronka estrategikoak. Helburuak eta ildo estrategikoak.
13.– Euskadiko Osasun Ituna: Helburuak. Printzipioak eta balioak. Ildo estrategikoak.
14.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 2030. Helburuak. Ekintza-ildo korporatiboak.
15.– Osakidetzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana 2025-2028: Helburuak. Ildo estrategikoak.
16.– Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana: Oinarriak. Helburuak. Jarduera-arloak.
17.– Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2025-2030.
18.– 3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, Eutanasia arautzekoa.
19.– 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Herri Administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoa.
II.– GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA.
1.– Elikagaiei buruzko legeria: Elikagaien publizitatearen lege-esparrua; elikagaien nutrizio- eta osasun-adierazpenak; elikagaien etiketatzea eta publizitatea.
2.– Lanbidearen deontologia eta etika: bioetika eta praktika asistentziala; lanbidearen erregulazioa eta ordenamendu juridikoa; dietista-nutrizionistaren profil profesionala; giza nutrizioko eta dietetikako unibertsitate-titulazioa ematen duten unibertsitateen eta Dietista-Nutrizionisten Espainiako Elkartearen adostasun-dokumentua.
3.– Nutrizioaren eta dietetikaren arloko araudi sanitario interesgarria: 17/2011 Legea, uztailaren 5ekoa, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzkoa (2011-07-06ko BOE); 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa; 1277/2003 Errege Dekretua, urriaren 10ekoa, Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeko oinarri orokorrak ezartzen dituena; 1907/1996 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Helburu sanitarioa duten produktu, jarduera edo zerbitzuen publizitateari eta sustapen komertzialari buruzkoa.
4.– Sistema erregulatzaile endokrinoen eta nerbiosoen integrazioa: giza gorputzaren egitura eta funtzioa; zitologiako eta histologiako oinarriak; organo eta sistemen funtzio fisiologikoak; homeostasiaren eta erregulazioaren kontzeptua; giza sistemetako desoreka homeostatikoaren etiologia, mekanismo fisiopatologikoak eta oinarrizko semiologia; ahorakina, digestioa eta xurgapena erregulatzea; proba biomedikoen interpretazioa.
5.– Mantenugaien metabolismoaren erregulazioa: nutrizioaren oinarri fisiologikoak; digestio-sistemaren anatomia eta funtzioa; mantenugaien digestioa, xurgapena eta bioerabilgarritasuna; metabolismoa eta balantze energetikoa; balantze hidrikoa; termogenesia eta substratu energetikoen erabileraren erregulazioa; ahorakinaren eta gorputz-pisuaren kontrola.
6.– Nutrizioari lotutako immunologia eta farmakologia: immunitate-sistema; immunitate-sistemaren alterazioak; desnutrizioaren eta infekzioaren arteko erlazioa; infekzioaren aurreko mekanismo immunologikoak; immunomantenugaiak; elikadura-medikamentua interakzioa; farmakoterapia eta nutrizioarekin duen harremana.
7.– Mantenugaiak eta gene-adierazpena: nutrigenetika eta nutrigenomika; mantenugaien eta erregulazio epigenetikoaren eta adierazpen genetikoaren arteko erlazioa; elikagai transgenikoak; nutrizio pertsonalizatua.
8.– Bizitzaren etapetako elikadura eta egoera fisiologikoak: funtzio metabolikoen aldaketak bizitzan zehar; sistema endokrinoaren aldaketak bizi-zikloan; nutrizio-eskakizunak haurdunaldian eta edoskitzaroan; fisiologia eta elikadura-jarraibideak haurren hazkundearen etapetan, pubertaroan, helduaroan eta zahartzaroan; nutrizio-eskakizunak jolas- eta lehiaketa-kirolean; elikadura-modu alternatiboak (dieta begetarianoa eta beganoa, eta beste dieta alternatibo batzuk).
9.– Bromatologia: elikagaien sailkapena; animalia- eta landare-jatorriko elikagaiak; elikagai osagarriak; elikagai transgenikoak; elikagai funtzionalak; elikagaien osaera, propietateak eta balio nutritiboa; elikadura berezietarako produktuak; bularreko umeentzako eta haur txikientzako elikagaiak; erabilera mediko berezietarako elikagaiak; pisua murrizteko balio energetiko txikiko dietetan erabiltzeko elikagaiak.
10.– Elikagaien mikrobiologia, toxikologia eta parasitologia: agente kutsatzaile nagusiak, metabolismo mikrobianoa; bakterio-hazkundearen kontrola; elikaduraren mikrobiologia; elikaduraren parasitologia; elikagaien kutsadura naturala; elikagaien alterazioa; urak, landareek, haragiak eta arrainak transmititutako parasito nagusiak. Hazkundean eta biziraupenean eragiten duten faktoreak; kutsadura abiotikoa; arrisku kimikoak; toxikotasunaren kausak, jatorria eta prebentzioa. Toxiinfekzioen prebentzioa eta tratamendua. Elikagaien prozesamenduko toxinak. Elikagaien analisi bakteriologikoa. Elikagaien gehigarriak eta teknologia.
11.– Elikagaien higienea, segurtasuna eta kalitate-kontrola: Elikagaien segurtasunari buruzko legeria nazionala eta Europar Batasunekoa. Neurri eta arau higieniko-sanitarioak; elikagaien alderdi higieniko eta sanitarioak; lan-eremuaren, ekipoen, tresnen eta langileen betekizun higienikoak; kalitate-kontrola; elikagaien segurtasuna kudeatzeko eredua; elikagaien Osasun Erregistro Orokorra; Elikagaien Segurtasuneko Helburuen aplikazioa; elikagaien segurtasuna kudeatzeko tresnak; trazabilitatea, elikadura-arriskuaren analisia eta APPCCn oinarritutako autokontrol-sistema, Higiene Plan Orokorrak (PGH) eta Arriskuen eta Kontrol Gune Puntu Kritikoen Analisia (APPCC).
12.– Sukaldaritzako trebetasunak: norbanakoari egokitutako askotariko dietak egiteko sukaldaritza-teknologia; giro-tenperaturako aurretiazko jarduerak eta prozesuak, energia aplikatzeari eta tenperatura jaisteari lotuta; egoste-jarduerak ingurune ez-likidoan, koipe-ingurunean eta ingurune urtsuetan; egoste mistoak eta bereziak; sukaldaritza-prozesuen eta plateren kalitatea eta segurtasuna.
13.– Dietak eta menuak planifikatzea eta egitea: dietak egiteko sistemak, gramajeen eta trukeen arabera; anoa eta zatia / sukaldaritzako neurria, etxeko neurriak; praktika profesionalean softwareak erabiltzea; elikagaien konposizio-taula informatizatuak; nutrizioa ebaluatzeko sistemak, dieten diseinua eta plana.
14.– Elikadura kolektibitateetan: menuen plangintza elikadura-zerbitzu batean; sukaldaritza kolektiboko sukaldaritza-teknika ohikoenak; gizarte-kolektibitate bereziak; nutrizio-parametroen aplikazioa kolektibitateetako nutrizio-egoeraren ebaluazioan; ospitaleko jatetxe-arloa; erosketen eta hornikuntzen kudeaketa; giza baliabideen kudeaketa; elikagaien kudeaketa eta ekonomia; sukaldeetako oinarrizko ekipamenduaren ezagutza; linea hotza eta beroa.
15.– Ospitaleko dietetika: ospitaleko dieten kodea; ospitaleko dieta eta menuen plangintza; deribazio dietetikoak; dieta terapeutikoen preskripzioak eta ospitaleko altako gomendioak, jarraipenak eta diseinua; ospitale-antolaketa; nutrizio-unitateak.
16.– Estandarizazioa nutrizioa zaintzeko prozesuan. Nutrizio-egoeraren ebaluazioa (datu biokimikoak, proba eta prozedura medikoak); neurri antropometrikoak; nutrizioan eta historia klinikoan oinarritutako aurkikuntza fisikoak; nutrizio-diagnostikoa; nutrizioko esku-hartzea; nutrizioaren jarraipena/ebaluazioa.
17.– Ospitaleko dietoterapiaren oinarriak: gaixotasunekin lotutako desnutrizioa; hainbat gaixotasunetako tratamendu dietetikoen prestaketa, osaera eta jarraipena; patologietara egokitutako dieta indibidualizatuak eta espezifikoak; karbohidrato, proteina, gantz, zuntz, mineral eta bitamina kontrolatuak dituzten dietak; prozesu kirurgikoetako dietoterapia (ekintza kirurgikoaren fisiopatologia, dieta progresiboak eta kirurgia osteko konplikazioen maneiu dietetikoa; transplantatuak, erredurak).
18.– Dietoterapia digestio-sisteman eta lotutako patologiak: dietoterapia patologia hepatikoan eta behazunekoan; kirurgia bariatrikoaren ondorengo dieta, egindako teknikaren arabera; nutrizio-euskarria linforragian; dumping berantiarraren sindromerako eta digestio-hodiari eragiten dioten patologietarako dieta; elikagaiekiko erantzun immunologiko alteratua; histamina gutxiko dietaren oinarriak, tiramina murriztuko dieta, sulfitoak, glutamatoa, bentzoatoak, etab.; elikadura-intolerantziak eta -alergiak (laktosarekiko, fruktosarekiko eta sorbitolarekiko intolerantzia); haurtzaroko alergiak eta intolerantziak; gaixotasun zeliakoa, glutenarekiko intolerantzia ez-zeliakoa; FODMAP urriko dieta; elikadura-alergiak eta elikadura-intolerantziak diagnostikatzeko probak; ordezko produktuak.
19.– Dietoterapia gaixotasun neurologikoan, giltzurrun-gaixotasunean, birika-gaixotasunean eta minbizian: patologia neurologikoa, giltzurrun-patologia, dieta bihotzeko eta biriketako kakexian; fibrosi kistikoan nutrizioari lotuta kontuan hartu beharreko alderdiak; nutrizioaren zeregina minbiziaren prebentzioan eta pazientearen nutrizio-tratamenduan tratamendu onkologiko aktiboaren ondoren (mukositisa, goragaleak eta gorakoak, idorreria eta beherakoa, dastamenaren eta listu-ekoizpenaren alterazioak, kakexia onkologikoa, eduki mikrobiano txikiko dieta); disfagia (disfagia motak, zer patologiatan egon daitekeen, balorazio- eta diagnostiko-metodoak, aldaketa dietetikoak, nutrizio-tratamendua, ehundura eta trinkotasuna aldatzen dituzten dietak).
20.– Dietoterapia diabetes mellitusean: plan dietetikoa tratamendu farmakologikora egokitzea; gluzemia-indizea eta elikagaien zama gluzemikoa; paziente diabetikoentzako elikagai bereziak; diabetesari lotutako konplikazioak tratatzeko nutrizio-gomendioak; diabetesa haur eta nerabeetan.
21.– Dietoterapia obesitatean, gaixotasun kardiobaskularrean, hipertentsio arterialean eta hiperurizemietan: obesitatea (fisiopatologia, sailkapena, lotutako gaixotasunak); obesitate sarkopenikoa; haurraren eta nerabearen obesitatearen tratamendu integrala; tratamendu dietetikoa, farmakologikoa, kirurgikoa eta endoskopikoa gehiegizko pisua edo obesitatea duen paziente helduan; obesitatearen prebentzio programa primarioak; dietoterapia gaixotasun kardiobaskularrean, hipertentsio arterialean, dislipidemietan eta hiperurizemietan.
22.– Dietoterapia elikadura-jokabidearen nahasmenduetan, gaixotasun arraroetan eta gaixotasun mentaletan: dietoterapia anorexia nerbiosoan, bulimian, betekadagatiko nahasmenduan; epidemiologia eta arrisku-faktoreak; diagnostikoa eta nutrizio-jarraipena; dietoterapia gaixotasun arraroetan; dietoterapia gaixotasun mentaletan.
23.– Nutrizio pediatrikoa: dietoterapia gaixotasun kronikoak dituzten haurretan; elikadura minbizia duten haurretan; patologia digestiboa, urritasun nutrizionalak; dietoterapia sortzetiko metabolismo-akatsetan; dieta zetogenikoak epilepsia tratatzeko; haur eta nerabearen hezkuntza nutrizionala.
24.– Nutrizio-euskarri oinarrizkoa eta aurreratua: nutrizio-osagarrien printzipioak; oinarrizko elikadura egokitua, modulu espezifikoak; nutrizio-gehigarriak eta nutrizio enteraleko formulak; formulen ezaugarriak, osaera eta motak; hautatzeko irizpideak; nutrizio parenterala; formula motak eta prestaketa; produktu dietetikoak eta fitoterapia; elikagai funtzionalak; probiotikoak, prebiotikoak eta sinbiotikoak.
25.– Elikadura-portaeraren psikologia: nutrizioan eta elikadura-jokabidearen nahasmenduetan inplikatutako prozesu psikologikoak; modulazio neurokimikoa; dietista-pazientea harremana.
26.– Osasun publikoa eta nutrizio komunitarioa: osasun-determinatzaileak; gaixotasunaren historia naturala; sistema sanitarioak; plangintza eta ebaluazio sanitarioa; demografia sanitarioa; epidemiologia nutrizionala, elikagaien kontsumoaren ebaluazioa; elikadura-inkestak; herritarrentzako elikadura-gidak eta -politikak; erreferentziazko ahorakin dietetikoak; esku hartzeko plangintza eta programak; programa nutrizional nazionalen eta nazioartekoen analisia; hezkuntza nutrizionaleko programen diseinua; maila sozial desberdinetarako hezkuntza nutrizionalerako esku-hartze ereduak; egoera katastrofiko eta epidemiologietarako laguntza nutrizionala; nutrizioaren eta dietetikaren esparruan garapenerako lankidetza.
27.– Nutrizioko metodologia zientifikoa: metodo zientifikoa; osasun-zientzietako ezagutza zientifikoaren iturriak; lan zientifikoen irakurketa kritikoa; azterlan epidemiologikoen berezko parametro bioestatistikoak; ikerketa-proiektuak egiteko funtsezko oinarriak (diseinua eta plangintza, bilaketa bibliografikoak); ebidentzian oinarritutako nutrizioaren metodologia.
RSS