
208. zk., 2026ko urriaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 19 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4585
1687/2026 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldeko ospitaleko erradiofisikoen kategorian (ospitaleko erradiofisikako fakultatibo espezialista mediko-teknikoen lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartu egin dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2023-2024-2025eko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak. Ebazpen hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 443/2026 Ebazpenaren bidez aldatu zen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2026ko martxoaren 12an).
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesurako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldeko ospitaleko erradiofisikoen kategorian (ospitaleko erradiofisikako fakultatibo espezialista mediko-teknikoen lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez eskainitako destinoen zerrenda onartzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea.
Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2026ko azaroaren 2tik azaroaren 27ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren 10.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 1a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROBAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK, FAKULTATIBO MEDIKO ETA TEKNIKOEN LANBIDE-TALDEKO OSPITALEKO ERRADIOFISIKOEN KATEGORIARAKO (OSPITALEKO ERRADIOFISIKAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-TEKNIKOEN LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldeko ospitaleko erradiofisikoen kategoriako (ospitaleko erradiofisikako fakultatibo espezialista mediko-teknikoen lanpostu funtzionala) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 5. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, aurkezteko epearen azken egunean, oinarri orokorretan jasota dauden baldintzez gain eta horietan aurreikusten diren salbuespenak kenduta, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte:
a) Oinarri orokorretako 8.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, fisikako lizentzia, titulu baliokidea edo ofizialki aitortutako diziplina zientifiko eta teknologikoetan goi-mailako unibertsitate titulua izatea eta ospitaleko erradiofisika espezialitateko titulua izatea, lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen dena, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
A1 taldea (A talde zaharra): 25 euro.
3.– Lehiaketa-oposizioaren garapena.
3.1.– Eskakizunak eta merezimenduak alegatzea. Dokumentazioa aurkeztea.
Oinarri orokorretako 12.2 apartatuan aurreikusitako onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, onartuen behin betiko zerrendan daudenek eta, baztertuen zerrendan egonik, horretarako ezarritako epearen barruan gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu edo aurkeztuko dutenek deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eta merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten agiriak alegatu eta erantsi beharko dituzte, oinarri orokorretako 12.3 apartatuan ezarritako moduan eta epean.
Ospitaleko erradiofisikako kategorian eskatzen den titulazioa (ospitaleko erradiofisikako fakultatibo espezialista mediko-teknikoen lanpostu funtzionala) fisikako lizentziatuaren titulazioa edo titulazio baliokidea edo ofizialki aitortutako diziplina zientifiko eta teknologikoetako goi-mailako beste unibertsitate-titulu batzuk eta lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen den ospitaleko erradiofisikako espezialitateko titulazioa da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
3.2.– Oposizioaldia.
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.
Oposizioaldian, ariketa hauek egin beharko dira, proba beraren barruan:
a) Lehenengo ariketa teorikoa: IV. eranskineko programako gaiei buruzko galderak erantzun beharko dira, eta galderek aukerako erantzunak izango dituzte.
b) Bigarren ariketa praktikoa: galdetegi bati erantzun beharko zaio. Galderek kasu praktiko bat edo batzuk azalduko dituzte eta aukerako erantzunak izango dituzte.
Bi ariketetako galderak galdera-sortatik aterako dira. Galdera-sorta hori gutxienez 12 aste lehenago jarriko da eskuragarri Osakidetzaren webgunean, eta galdetegi berean sartuko dira, oposizioaldiko proba bakarra izan dadin.
Erantzun okerrek ez dute penalizaziorik ekarriko.
Probaren azken emaitza bi ariketen batezbesteko haztatua izango da, % 65 proba teorikoarena eta % 35 ariketa praktikoarena.
Horretarako, formula honen arabera lortuko da batezbesteko haztatua:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Oposizioaldia gainditutzat emateko, bi ariketen batezbesteko haztatuak 100 puntutik 50 puntukoa izan beharko du gutxienez.
3.3.– Lehiaketaldia.
Oinarri orokorretako 12.3 oinarrian ezarritako moduan eta epean baloratuko dira alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak, III. eranskinean jasotako merezimenduen baremoaren arabera, oinarri orokorretan ezarritako irizpideak betez.
3.4.– Lanpostuez jabetzea.
Oinarri orokorretako 20. oinarrian aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:
– Elkargokide-ziurtagiria.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: OSPITALEKO ERRADIOFISIKOA, LANPOSTU FUNTZIONALA: OSPITALEKO ERRADIOFISIKAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-TEKNIKOA
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 5. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
a) Txanda irekiko deialdia: 3 destino.
Sarbide orokorra: 3.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat duten pertsonentzat: 0.
Oinarri orokorren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpena, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko dagokion zikloko destinoen behin betiko esleipenari buruzkoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren identifikatuko dira deialdi honen xede diren destinoak.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAN DESTINOA DUTEN FAKULTATIBO MEDIKOAK ETA TEKNIKOAK LANBIDE-TALDEKO OSPITALEKO ERRADIOFISIKO KATEGORIAN (OSPITALEKO ERRADIOFISIKAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-TEKNIKOEN LANPOSTU FUNTZIONALA)
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean aitortuta duten zerbitzaldia zenbatuko da, eta gehieneko muga 20 urtekoa izango da.
Dagokion espezialitateko etengabeko arretako behin-behineko izendapen batean egindako zerbitzuen puntuazioari zerbitzu horiengatik normalean ematen den puntuazioaren % 50 aplikatuko zaio.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
Zerga, administrazio eta gizarte neurriei eta ordena sozialari buruzko abenduaren 23ko 62/2003 Legean xedatutakoaren arabera eta deialdiak ezarri bezala, titulua irailaren 24ko 1497/1999 Errege Dekretuaren babesean eskuratu dutenen espezialista gisako antzinatasuna baloratzeko, aintzat hartuko da interesdunak espezialitatearen berezko eta berariazko eremuan egindako lan profesional eraginkor osoa. Nolanahi ere, jardute horretatik –eta hasierako alditik– kendu egingo da Espainian espezialitate horretarako ezarritako prestakuntza-aldiaren % 170. Kenketa hori ez zaie aplikatuko espezialista-titulua 1497/1999 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera lortu dutenei.
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetakoetan, edozein administrazio publikotan edota Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan parte hartzen den hautaketa-prozesuan ospitaleko erradiofisikako fakultatibo espezialista mediko-tekniko gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,30 puntu.
Era berean, zenbaketa hori aplikatuko da parte hartzen den hautaketa-prozesuko deialdian sartutako lanpostu funtzionalari dagokion eremuaren plangintzan eta kudeaketan erantzukizuneko lanpostuak betetzen direnean.
2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edo edozein administrazio publikotako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan edo Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan dagokion espezialitatean kupodun edo eremuko mediku gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,12 puntu.
3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko, Gizarte Segurantzako, autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako edo edozein administrazio publikotako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako ikerketa-zentro ofizialetan edo bestelako erakundeetan edo Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan mediku orokor edo beste espezialitateetako mediku edo ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,055 puntu.
4.– Erakunde Sanitario Publikoetan kudeaketa eta zerbitzu orokorren arloan goi-mailako kudeaketako lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,05 puntu.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako, hizkuntzetako ikasgaien kalifikazioak, ez deialdiko lanpostu funtzionalean sartzeko eskatzen den tituluaren ikasketen berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.
b) Graduondoko prestakuntza:
– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.
– Doktore-titulua: 9 puntu.
– Graduondoko masterra: 6 puntu.
– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.
– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.
– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.
Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.
c) Prestakuntza espezializatua:
1.– Kategorian sartzeko eskatutakoak ez diren legez aitortutako espezialitate bateko edo batzuetako tituluak dituzten izangaiak, betiere titulu horiek ofizialki onartutako fakultatiboen prestakuntza espezializatuko programa egoiliar gisa bete ondoren lortu badituzte: 2 puntu.
2.– Kategorian sartzeko eskatutakoa ez den espezialista-tituluak dituzten izangaiak (BAME bidezkoak ez direnak): 1 puntu.
d) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu): Ingelesa, frantsesa eta alemana Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila hauetan jakitea baloratuko da, 1,5 puntu hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere 3 puntu.
Merezimendu hori hizkuntza-eskolaren bateko edo dagokion erakundeko titulua edo ziurtagiria aurkeztuz akreditatuko da.
Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-2 eta C-1 mailetako tituluengatik 1,5 puntu emango dira.
Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailako tituluengatik puntu 1 emango da.
Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 mailako tituluengatik 0,5 puntu emango dira.
Ingeles, frantses eta alemaniar filologiako lizentziei dagokien hizkuntzari esleitutako gehieneko gaitasuna emango zaie.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren curriculum vitae-aren aplikazioan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako tituluak eta ziurtagiriak soilik baloratuko dira.
Hizkuntzari berari dagozkion titulu bat baino gehiago akreditatzen badira, maila handienekoa bakarrik baloratuko da.
e) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
Informatikako ezagutzen maila jakin baten ezagutza merezimendu gisa baloratzeko, Euskadi Informazioaren Gizartean Planak KZgune zentro publikoetan eskura jartzen dituen moduluak lortzeko proba gainditu behar da. Zehazki, honela baloratuko da:
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Power Point 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Access 2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Microsoft Outlook XP/2003/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Oinarrizko Internet: 0,25 puntu.
– Internet aurreratua: 0,50 puntu.
Modulu horiek gainditu izana IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko da.
Modulu baten bertsio eta/edo maila desberdinak egiaztatzen badira, bakarra puntuatuko da, puntuaziorik handiena duena alegia.
Era berean, merezimendu hori egiaztatzeko baliozkoak izango dira erakunde ofizialek eta ikasketa-zentro publikoek aplikazio horiei buruz emandako ikastaroak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak, baremo honen arabera:
– 20 eta 29 ordu bitarteko ikastaroak: 0,10 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitarteko ikastaroak: 0,15 puntu.
– 50 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu.
B) Atal honen barruan, eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan eta dagokion kategorian eta lanpostu funtzionalean sartzeko eskatzen den titulazioa lortu ondoren amaitu den prestakuntza baloratuko da, baldin eta honako honen arabera egiaztatzen bada:
a) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,25 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.
– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.
– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.
– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
b) Irakaskuntza-jarduerak:
– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.
– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak aurkezteagatik, komunikazioak aurkezteagatik, hitzaldiak emateagatik edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.
3) Euskara:
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
OSPITALEKO ERRADIOFISIKAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-TEKNIKOA
I.– FAKULTATIBO MEDIKOEN ETA TEKNIKOEN LANBIDE TALDEKO GAI-ZERRENDA KOMUNA.
1.– Osasun-lanbideen araudia: Arau orokorrak. Lanbide sanitarioetan aritzea. Lanbide sanitarioen prestakuntza. Lanbide-garapena eta horren aintzatespena.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioa eta kalitatea. Xedapen orokorrak. Prestazioak. Profesionalak. Ikerketa. Informazio sanitarioko sistemak. Kalitatea.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua. Arau orokorrak. Estatutupeko langileen sailkapena. Eskubideak eta betebeharrak. Estatutupeko langile finkoaren izaera eskuratzea eta galtzea. Langileen mugikortasuna. Karrera profesionala. Estatutupeko langileen egoerak.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea. Euskadiko Osasun Sistema – Antolamendua. Osasun-zerbitzuak emateko egitura publikoak antolatzea – Osaera. Langileen araubidea.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak. Zuzendaritza-antolakuntza. Antolakunde nagusia.
6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuak.
7.– Euskadiko osasun-sistemako pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko adierazpena: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Pazienteei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak.
8.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena: Printzipio orokorrak. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua.
9.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko aurretiazko borondateena. Xedea. Osasun-arloko borondateak aldez aurretik adierazteko eskubidearen edukia. Aurretiazko Borondateen dokumentua. Aldatzea, ordeztea eta errebokatzea.
10.– Datu Pertsonalen Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuak babesteko agintaritza autonomikoak. Zehapen-araubidea.
11.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 47.5 artikuluaren arabera, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
12.– Euskadiko Osasun Plana 2030: Printzipio gidariak. Erronka estrategikoak. Helburuak eta ildo estrategikoak.
13.– Euskadiko Osasun Ituna: Helburuak. Printzipioak eta balioak. Ildo estrategikoak.
14.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 2030. Helburuak. Ekintza-ildo korporatiboak.
15.– Osakidetzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana 2025-2028: Helburuak. Ildo estrategikoak.
16.– Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana: Oinarriak. Helburuak. Jarduera-arloak.
17.– Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2025-2030.
18.– 3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, Eutanasia arautzekoa.
19.– 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Herri Administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoa.
II.– GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA.
A) Erradiazio ionizatzaileen aplikazio klinikoaren alderdi orokorrak:
1.– Erradiofisikako oinarriak:
1.1.– Kontzeptu orokorrak.
1.2.– Egitura atomikoa eta nuklearra. Erradioaktibitatea.
1.3.– Fotoiek eta elektroiek materiarekiko duten elkarrekintza.
1.4.– Printzipio dosimetrikoak. Magnitudeak eta unitateak.
2.– Erradiazio-detekzioa eta -neurketa:
2.1.– Erradiazio-detektagailuen oinarriak eta ezaugarriak.
2.2.– Erradioterapian (RT) eta erradiodiagnostikoan (RXD) erabilitako dosimetroak.
2.3.– Erradiazio-monitoreak. Eremuko dosimetroak eta dosimetro pertsonalak.
2.4.– Dosimetroak kalibratzea.
2.5.– Neurriaren teoria, ezjakintasuna eta tolerantziak.
2.6.– Dosia eta kerma. Magnitude dosimetrikoak eta haien harremanak.
2.7.– Bragg-Gray-en barrunbearen teoria.
3.– Erradiobiologia eta erradiazioaren efektu biologikoak:
3.1.– Erradiobiologiako oinarri nagusiak. Efektu erradiobiologikoen motak. Eredu erradiobiologikoak.
3.2.– Erantzun sistemikoa erradiazio ionizatzaileei.
3.3.– Efektu hereditarioak eta efektuak enbrioi eta fetuengan.
3.4.– Tumoreen eta ehun osasuntsuen erradiobiologia, tolerantzia-dosia arrisku-organoetan.
3.5.– Giza anatomiaren eta fisiologiaren oinarriak.
4.– Iturri erradiaktiboak eta erradiazioak sortzen dituzten ekipoak:
4.1.– X izpien (erradiografiak) ekoizpena eta propietateak. X izpien unitateak.
4.2.– Gamma izpien unitateak.
4.3.– Partikula azeleragailuak erradioterapian.
4.4.– Simulagailuak eta OTA simulagailuak.
4.5.– Erabilera klinikoko iturri erradioaktiboak.
B) Kanpo-erradioterapia:
5.– RTko erradiazioen erabilerarekin eta neurriarekin lotutako ekipamendua:
5.1.– Irudiak lortzeko sistemak (OTA, PET, RM).
5.2.– Sorten sistema analizatzaileak 2D eta 3Dn.
5.3.– 3D planifikazio sistemak.
5.4.– Kolimagailu multilaminak (MLC).
5.5.– Irudi portalak kontrolatzeko gailuak.
5.6.– Kalibratze-programak lotutako ekipoetarako.
5.7.– Tratamenduak erregistratzeko eta egiaztatzeko sistemak.
6.– Fotoi sorten dosimetria fisikoa:
6.1.– Fotoi sorta bat deskribatzen duten magnitude dosimetrikoak.
6.2.– Maniki batean fotoi-sorta indargabetzea. Erradiazio sortaren parametroak.
6.3.– Dosiaren 3D banaketa ur-manikian.
6.4.– Eremu bakarreko dosien banaketa pazienteengan.
6.5.– Eremu bakarreko dosien kalkulua.
7.– Fotoi sorten dosimetria klinikoa:
7.1.– Dosiak planifikatzeko eta kalkulatzeko sistemak. Bolumenak definitzea eta dosia zehaztea nazioarteko gomendioen arabera.
7.2.– Pazienteen datuak lortzea eta simulazioa. Ordenagailu bidezko tomografiako ekipoak (OTA), irudi-fusioa.
7.3.– Fotoietarako kontsiderazio klinikoak. Fotoi sorten konbinazioa.
7.4.– Tratamendu-plana optimizatzea eta ebaluatzea. Planifikatzaile baten tresnak: BEV, DRR, HDV.
7.5.– Emandako unitate monitorren kalkulua. Algoritmoak.
7.6.– Preskripzioa, erregistroa eta dosiaren txostena.
8.– Elektroi sorten dosimetria fisikoa eta klinikoa:
8.1.– Dosia ardatz zentralean banatzea.
8.2.– Parametro dosimetrikoak elektroi sortetan.
8.3.– Kontsiderazio klinikoak elektroiekin egindako terapian.
8.4.– Elektroi sortekin egindako tratamenduen planifikazioa.
9.– Fotoi eta elektroi sorten kalibratzea.
9.1.– Ionizazio-ganberetan oinarritutako sistema dosimetrikoak. Zuzenketak.
9.2.– Dosia erreferentziazko baldintzetan zehaztea. Dosimetriako protokoloak.
9.3.– Sortaren kalitatea fotoi eta elektroi sortetarako.
9.4.– Fotoien eta elektroien megaboltajeko sortak kalibratzea.
9.5.– Akatsak eta ezjakintasunak dosiak neurtzean.
10.– Kalitate-bermea eta -kontrola kanpo erradioterapian:
10.1.– 391/2025 Errege Dekretua, Erradioterapiako unitate asistentzialen kalitate- eta segurtasun-irizpideak ezartzen dituena.
10.2.– Erradioterapiaren kalitatea bermatzeko programa baten kudeaketa.
10.3.– Kalitate-bermea ekipamendurako.
10.4.– Ekipamendua onartzeko, erreferentziatzeko eta konstantetasuna egiaztatzeko probak: segurtasuna, mekanikoak eta dosimetrikoak.
10.5.– Abian jartzeko neurriak. Ekipamenduaren erreferentzia-egoera.
10.6.– Unitateen eta neurtzeko ekipoen aldizkako egiaztatzeak.
10.7.– Kalitate-bermea tratamenduak aplikatzean.
11.– Prozedura eta teknika bereziak kanpo erradioterapian:
11.1.– Erregistratzeko eta egiaztatzeko sistemak.
11.2.– In vivo dosimetria (IVD).
11.3.– Erradioterapia konformatua 3D.
11.4.– Erabateko gorputz irradiazioa (EGI).
11.5.– Ebakuntza barneko erradioterapia (EBRT).
11.6.– Erradioterapia estereotaxikoa (SRT).
11.7.– Intentsitate modulatuko erradioterapia (IMRT).
11.8.– Irudi bidez zuzendutako erradioterapia (IGRT/VMAT).
11.9.– Erradiokirurgia.
C) Brakiterapia:
12.– Brakiterapiaren hastapenak:
12.1.– Iturri erradioaktiboak brakiterapian (BT).
12.2.– Brakiterapiako tratamenduan sailkapena.
12.3.– Brakiterapiako iturrien ezaugarri fisikoak.
12.4.– Iturriak zehaztea. Iturriak kalibratzea.
13.– Erabilera klinikoa eta sistema dosimetrikoak brakiterapian:
13.1.– Ginekologia.
13.2.– Brakiterapia interstiziala.
13.3.– Karga diferituko sistemak.
13.4.– Prostatako inplanteak.
13.5.– Brakiterapia intrabaskularra.
13.6.– Dosiak eta bolumenak zehaztea nazioarteko protokoloekin bat etorriz, txostenak egitea.
14.– Dosiak kalkulatzea iturriak kontuan izanik.
14.1.– Dosien kalkuluaren algoritmoak AAPM TG 43.
14.2.– Beste kalkulu-metodo batzuk, noizbehinkako iturrietarako.
14.3.– Planifikazioaren optimizazioa eta ebaluazioa.
15.– Kalitate-bermea eta -kontrola brakiterapian:
15.1.– Kalitatea bermatzeko programa brakiterapian.
15.2.– Iturrien, neurtzeko ekipoen eta aplikagailuen kalitatearen kontrola.
15.3.– BTko planifikazio-sistemaren kalitatearen kontrola.
15.4.– Nazioko zein nazioarteko kalitate-arau eta -gomendioak brakiterapian.
D) Erradiodiagnostikoa:
16.– Irudi bidezko diagnostikoaren oinarrizko kontzeptuak:
16.1.– Irudiak lortzeko modalitateak.
16.2– X izpiek materiarekin duten elkarrekintza X izpi bidezko diagnostikoaren esparruan.
16.3.– X izpiak ahultzea. Geruza hemimurriztailea (HVL).
16.4.– Magnitude dosimetrikoak diagnostikoan (eraginpean egotea, kerma, dosia...).
16.5.– Irudien tratamendua: berreraikitzeko iragazkiak eta algoritmoak.
16.6.– Irudiaren kalitatea: zarata, bereizmena eta kontrastea. Transferentzia-funtzioa (MTF).
17.– Erradiologia diagnostikoa:
17.1.– X izpien ekoizpena. X izpien hodiak eta sorgailuak.
17.2.– Irudi-sistemak erradiologia konbentzionalean eta fluoroskopian. Irudiaren kalitatea.
17.3.– Mamografia eta ziztada-mahaiak.
17.4.– Hortzetako ekipoak.
17.5.– Teleaginteak.
17.6.– Arku kirurgikoak, ekipo baskularrak eta hemodinamikako ekipoak.
17.7.– Litotrizia.
17.8.– Hezurretako dentsitometria.
17.9.– Ordenagailu bidezko tomografia.
17.10.– Erradiologia digitala.
17.11.– Sareko sistema diagnostikoak (PACS).
17.12.– Gailu laguntzaileak (saretxoak, errebelatzaileak, erradiografia digitaleko irakurgailuak, esposimetria automatikoko sistemak, etab.).
18.– Irudi bidezko diagnostikoko beste sistema batzuk:
18.1.– Erresonantzia magnetikoa.
18.2.– Ultrasoinuak.
19.– Kalitatea bermatzeko programak.
19.1.– Zehaztapen teknikoen definizioa eta ekipoen hautaketa. Onarpen-probak, hasierako erreferentzia-egoera eta konstantzia.
19.2.– 1976/1999 Errege Dekretua, erradiodiagnostikoko kalitate-irizpideei buruzkoa.
19.3.– Kaudimen aitortuko erakundeen arau eta gomendio teknikoak.
19.4.– Erradiodiagnostikoko kalitatea kontrolatzeko Espainiako protokoloa.
19.5.– Babes erradiologikoko programa.
20.– Dosimetria erradiodiagnostikoan:
20.1.– Magnitudeak eta unitateak.
20.2.– Erradiodiagnostikoan erabilitako erradiazio-detektagailuak.
20.3.– Sortaren ezaugarri nagusiak.
20.4.– Pazienteentzako dosien kalkulua: kalkulatzeko metodoak eta programak.
20.5.– Dosimetria dosi handiko prozedura konplexuetan.
20.6.– Erreferentziazko mailak.
E) Medikuntza Nuklearra:
21.– Medikuntza Nuklearrean erradiazio ionizatzaileen aplikazio diagnostikoen eta terapeutikoen oinarri fisiko eta klinikoak.
22.– Medikuntza Nuklearreko instalazioak:
22.1.– Medikuntza Nuklearreko instalazioen ezaugarriak.
22.2.– Aplikazio diagnostikoak eta terapeutikoak (terapia metabolikoa): erradionuklidoak, propietate fisikoak, zinetikoak eta banaketakoak.
22.3.– Teknika dosimetrikoak, kontsiderazio erradiobiologikoak eta pazientearen maneiua.
22.4.– Instalazioen diseinua.
23.– Medikuntza nuklearrarekin lotutako ekipamendua:
23.1.– Gammaganbera planarrak eta SPECT sistemak.
23.2.– Gamma eta beta kontagailuak.
23.3.– Ebakuntza barneko gongoil zentinelaren zundak.
23.4.– PET/CT.
23.5.– Aktibimetroak.
24.– Medikuntza nuklearrean erabiltzen diren erradionuklidoak:
24.1.– Ezaugarri fisikoak.
24.2.– Erradionuklidoen erabilera klinikoak.
24.3.– Material erradiaktiboaren kudeaketa.
25.– Medikuntza Nuklearraren kalitatea bermatzeko programak:
25.1.– 673/2023 Errege Dekretua, Medikuntza nuklearreko unitate asistentzialen kalitate- eta segurtasun-irizpideak ezartzen dituena.
25.2.– Kaudimen aitortuko erakundeen arau eta gomendio teknikoak.
25.3.– Medikuntza nuklearrean kalitatea kontrolatzeko Espainiako protokoloa.
26.– Pazientearentzako dosimetria Medikuntza Nuklearrean:
26.1.– Magnitudeak eta unitateak.
26.2.– Pazienteentzako dosien zenbatespena aplikazio diagnostiko eta terapeutikoetan. MIRD eredua.
26.3.– Erreferentziazko mailak. Dosimetria klinikoa eta ohiko dosiak diagnostikoko prozedura estandarretan.
F) Babes erradiologikoa:
27.– Babes Erradiologikoko Sistema:
27.1.– Babes Erradiologikoaren printzipioak.
27.2.– Magnitudeak eta unitateak Babes Erradiologikoan.
27.3.– Erradiazioa detektatzea Babes Erradiologikoan: ekipoak, kalitate-kontrola, kalibratzeak eta egiaztatzeak.
27.4.– ALARA printzipioa. Justifikazioa eta optimizazioa.
27.5.– Dosi-mugatzeak eta erreferentzia-mailak.
28.– Legeria:
28.1.– Legeri orokorra:
– 601/2019 Errege Dekretua, medikuntzan elementu arriskutsuen eraginpean egon litezkeen pertsonen babes erradiologikorako erradiazio ionizatzaileak erabiltzeko justifikazioari eta optimizazioari buruzkoa.
– 2013/59 EURATOM Zuzentaraua, erradiazio ionizatzaileen eraginpean egotearen ondoriozko arriskuen aurka babesteko oinarrizko segurtasun-arauak ezartzen dituena.
– 1029/2022 Errege Dekretua, Erradiazio ionizatzaileekiko esposizioaren ondoriozko arriskuen aurrean osasuna babesteari buruzko Erregelamendua onartzen duena.
28.2.– Legeri espezifikoa:
– 1217/2024 Errege Dekretua, abenduaren 3koa, Instalazio nuklearrei eta erradioaktiboei eta erradiazio ionizatzaileekiko esposizioarekin lotutako beste jarduera batzuei buruzko Erregelamendua onartzen duena.
– 1085/2009 Errege Dekretua, RX aparatuak diagnostiko medikorako instalatzeari eta erabiltzeari buruzko araudia onartzen duena.
29.– Babes Erradiologikoaren aplikazioa esparru sanitarioan.
29.1.– Ebakuntza aurreko babes erradiologikoa:
– RXD, RT eta MN instalazioen diseinua.
– Blindajeak kalkulatzea.
29.2.– Ebakuntza barneko babes erradiologikoa:
– Eremuen eta langileen sailkapena. Eremuak seinaleztatzea.
– Langileen eta eremuaren zaintza dosimetrikoa. Zaintza medikoa.
– Jarduteko arauak.
– Instalazioak egiaztatzea.
– Hondakin erradioaktiboak kudeatzea.
30.– Babes erradiologikoa egoera berezietan:
30.1.– Dosien zenbatespena istripuzko esposizioetan, sarrera eta kutsadura.
30.2.– Larrialdien kudeaketa. Larrialdi-simulakroak.
G) Protonterapia:
31.– Protoi-ekipoak:
31.1.– Protoi-instalazio baten diseinua. Blindajeak.
31.2.– Protoien erabilerari eta neurketari lotutako ekipamendua.
31.3.– Protoi-sorten dosimetria fisikoa.
31.4.– Protoi-sorta bat deskribatzen duten magnitude dosimetrikoak.
31.5.– Protoi-sortak kalibratzea.
31.6.– Dosia erreferentziazko baldintzetan zehaztea. Dosimetriako protokoloak.
31.7.– Protoi-sorten dosimetria klinikoa.
31.8.– Dosiak planifikatzeko eta kalkulatzeko sistemak. Dosi fisikoa eta dosi biologikoa. Dosien preskripzioa.
31.9.– Ekipamendua onartzeko, erreferentziatzeko eta konstantetasuna egiaztatzeko probak: segurtasuna, mekanikoak eta dosimetrikoak.
31.10.– Abian jartzeko neurriak. Ekipamenduaren erreferentzia-egoera.
31.11.– Unitateen eta neurtzeko ekipoen aldizkako egiaztatzeak.
31.12.– Babes erradiologikoa protoietan.
RSS