Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2026ko urriaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4581

1683/2026 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldeko medikuen kategorian (pediatriako fakultatibo espezialista mediko-LMAT lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartu egin dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2023-2024-2025eko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak. Ebazpen hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 443/2026 Ebazpenaren bidez aldatu zen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2026ko martxoaren 12an).

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.

Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesurako deia egitea.

Bigarrena.– Osakidetzan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldeko medikuen kategorian (pediatriako fakultatibo espezialista mediko-LMAT lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.

Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez eskainitako destinoen zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea.

Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea 2026ko azaroaren 2tik azaroaren 27ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren 10.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 1a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROBAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK, FAKULTATIBO MEDIKO ETA TEKNIKOEN LANBIDE-TALDEKO MEDIKUEN KATEGORIARAKO (PEDIATRIAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-LMAT LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO

1.– Deialdiaren xede diren destinoak.

1.1.– Deialdi honen xede izango dira fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide-taldeko medikuen kategoriako (pediatriako fakultatibo espezialista mediko-LMAT lanpostu funtzionala) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.

1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 5. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.

2.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, aurkezteko epearen azken egunean, oinarri orokorretan jasota dauden baldintzez gain eta horietan aurreikusten diren salbuespenak kenduta, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte:

a) Oinarri orokorretako 8.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, medikuntzako eta kirurgiako lizentzia edo titulu baliokidea izatea eta pediatria espezialitateko titulua izatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

b) Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak betetzea, indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.

c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:

A1 taldea: 25 euro.

3.– Lehiaketa-oposizioaren garapena.

3.1.– Eskakizunak eta merezimenduak alegatzea. Dokumentazioa aurkeztea.

Oinarri orokorretako 12.2 apartatuan aurreikusitako onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, onartuen behin betiko zerrendan daudenek eta, baztertuen zerrendan egonik, horretarako ezarritako epearen barruan gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu edo aurkeztuko dutenek deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eta merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten agiriak alegatu eta erantsi beharko dituzte, oinarri orokorretako 12.3 apartatuan ezarritako moduan eta epean.

Mediku kategorian (pediatriako fakultatibo espezialista mediko-LMAT) sartzeko eskatzen den titulazioa da lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen den medikuntzako eta kirurgiako lizentzia edo baliokidea eta pediatriako espezialitatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandakoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera.

3.2.– Oposizioaldia.

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.

Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.

Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.

Ariketako galderak galdera-sortatik aterako dira. Galdera-sorta hori, gutxienez, 12 aste lehenago emango da, Osakidetzaren web-orrian.

Erantzun okerrek ez dute penalizaziorik ekarriko.

3.3.– Lehiaketaldia.

Oinarri orokorretako 12.3 oinarrian ezarritako moduan eta epean baloratuko dira alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak, III. eranskinean jasotako merezimenduen baremoaren arabera, oinarri orokorretan ezarritako irizpideak betez.

3.4.– Lanpostuez jabetzea.

Oinarri orokorretako 20. oinarrian aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:

– Elkargokide-ziurtagiria.

II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: MEDIKUA, LANPOSTU FUNTZIONALA: PEDIATRIAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-LMAT

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 5. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:

a) Txanda irekiko deialdia: 23 destino.

Sarbide orokorra: 21.

Erreserba-kupoa desgaitasunen bat edo bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzat: 2.

Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.

Oinarri orokorren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko dagokion zikloko destinoen behin betiko esleipenari buruzkoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren identifikatuko dira deialdi honen xede diren destinoak.

III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA FAKULTATIBO MEDIKO ETA TEKNIKOEN LANBIDE-TALDEKO MEDIKUEN KATEGORIARAKO (PEDIATRIAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-LMAT LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO

1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).

Izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean aitortuta duten zerbitzaldia zenbatuko da, eta gehieneko muga 20 urtekoa izango da.

Dagokion espezialitateko etengabeko arretako behin-behineko izendapen batean egindako zerbitzuen puntuazioari zerbitzu horiengatik normalean ematen den puntuazioaren % 50 aplikatuko zaio.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

Zerga, administrazio eta gizarte neurriei eta ordena sozialari buruzko abenduaren 23ko 62/2003 Legean xedatutakoaren arabera eta deialdiak ezarri bezala, titulua irailaren 24ko 1497/1999 Errege Dekretuaren babesean eskuratu dutenen espezialista gisako antzinatasuna baloratzeko, aintzat hartuko da interesdunak espezialitatearen berezko eta berariazko eremuan egindako lan profesional eraginkor osoa. Nolanahi ere, jardute horretatik –eta hasierako alditik– kendu egingo da Espainian espezialitate horretarako ezarritako prestakuntza-aldiaren % 170. Kenketa hori ez zaie aplikatuko espezialista-titulua 1497/1999 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera lortu dutenei.

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan edo autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotan edo Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan Lehen Mailako Arretako pediatra gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,30.

Era berean, zenbaketa hori aplikatuko da parte hartzen den hautaketa-prozesuko deialdian sartutako lanpostu funtzionalari dagokion eremuaren plangintzan eta kudeaketan erantzukizuneko lanpostuak betetzen direnean.

2.– Osakidetzako edo edozein administrazio publikotako ospitaleetan, edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako ikerketara-zentro ofizialetan edo bestelako erakundetan edo Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan pediatra gisa edo pediatriaren arloko ikertzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,21 puntu.

3.– Erakunde Sanitario Publikoetan kudeaketa eta zerbitzu orokorren arloan goi-mailako kudeaketako lanpostuetan emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,07 puntu.

Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.

Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.

2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).

A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:

a) Graduaurreko prestakuntza:

Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako eta hizkuntzetako ikasgaien kalifikazioak, ez medikuntzako lizentziako ikasketen edo baliokideren berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.

b) Graduondoko prestakuntza:

– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.

– Doktore-titulua: 9 puntu.

– Graduondoko masterra: 6 puntu.

– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.

– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.

– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.

– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.

Cum laude doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango doktore gisa. Cum laude doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.

c) Prestakuntza espezializatua:

1.– Kategorian sartzeko eskatutakoak ez diren legez aitortutako espezialitate bateko edo batzuetako tituluak dituzten izangaiak, betiere titulu horiek ofizialki onartutako fakultatiboen prestakuntza espezializatuko programa egoiliar gisa bete ondoren lortu badituzte: 2 puntu.

2.– Kategorian sartzeko eskatutakoa ez den espezialista-tituluak dituzten izangaiak (BAME bidezkoak ez direnak): 1 puntu.

d) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu): Ingelesa, frantsesa eta alemana Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila hauetan jakitea baloratuko da, 1,5 puntu hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere 3 puntu.

Merezimendu hori hizkuntza-eskolaren bateko edo dagokion erakundeko titulua edo ziurtagiria aurkeztuz akreditatuko da.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-2 eta C-1 mailetako tituluengatik 1,5 puntu emango dira.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailako tituluengatik puntu 1 emango da.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 mailako tituluengatik 0,5 puntu emango dira.

Ingeles, frantses eta alemaniar filologiako lizentziei dagokien hizkuntzari esleitutako gehieneko gaitasuna emango zaie.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren curriculum vitae-aren aplikazioan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako tituluak eta ziurtagiriak soilik baloratuko dira.

Hizkuntzari berari dagozkion titulu bat baino gehiago akreditatzen badira, maila handienekoa bakarrik baloratuko da.

e) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).

Informatikako ezagutzen maila jakin baten ezagutza merezimendu gisa baloratzeko, Euskadi Informazioaren Gizartean Planak KZgune zentro publikoetan eskura jartzen dituen moduluak lortzeko proba gainditu behar da. Zehazki, honela baloratuko da:

– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.

– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.

– Microsoft Power Point 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.

– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.

– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.

– Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizko maila: 0,25 puntu.

– Microsoft Access 2000/XP/2003 maila aurreratua: 0,50 puntu.

– Microsoft Access 2010 maila bakarra: 0,50 puntu.

– Microsoft Outlook XP/2003/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.

– Oinarrizko Internet: 0,25 puntu.

– Internet aurreratua: 0,50 puntu.

Modulu horiek gainditu izana IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko da.

Modulu baten bertsio eta/edo maila desberdinak egiaztatzen badira, bakarra puntuatuko da, puntuaziorik handiena duena alegia.

Era berean, merezimendu hori egiaztatzeko baliozkoak izango dira erakunde ofizialek eta ikasketa-zentro publikoek aplikazio horiei buruz emandako ikastaroak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak, baremo honen arabera:

– 20 eta 29 ordu bitarteko ikastaroak: 0,10 puntu.

– 30 eta 49 ordu bitarteko ikastaroak: 0,15 puntu.

– 50 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu.

B) Atal honen barruan, eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan eta dagokion kategorian eta lanpostu funtzionalean sartzeko eskatzen den titulazioa lortu ondoren amaitu den prestakuntza baloratuko da, baldin eta honako honen arabera egiaztatzen bada:

a) Etengabeko prestakuntza:

Eskatutako destinoaren lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:

– 9 ordura arte: 0,25 puntu.

– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.

– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.

– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.

– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.

– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.

– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.

– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.

Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:

– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.

– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.

Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

b) Irakaskuntza-jarduerak:

– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.

– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.

c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:

Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak aurkezteagatik, komunikazioak aurkezteagatik, hitzaldiak emateagatik edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:

– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.

– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.

Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.

3) Euskara:

– 2. HE: 18 puntu.

– 1. HE: 9 puntu.

IV. ERANSKINA
PEDIATRIAKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-LMAT
I.– FAKULTATIBO MEDIKOEN ETA TEKNIKOEN LANBIDE TALDEKO GAI-ZERRENDA KOMUNA.

1.– Osasun-lanbideen araudia: Arau orokorrak. Lanbide sanitarioetan aritzea. Lanbide sanitarioen prestakuntza. Lanbide-garapena eta horren aintzatespena.

2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioa eta kalitatea. Xedapen orokorrak. Prestazioak. Profesionalak. Ikerketa. Informazio sanitarioko sistemak. Kalitatea.

3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua. Arau orokorrak. Estatutupeko langileen sailkapena. Eskubideak eta betebeharrak. Estatutupeko langile finkoaren izaera eskuratzea eta galtzea. Langileen mugikortasuna. Karrera profesionala. Estatutupeko langileen egoerak.

4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea. Euskadiko Osasun Sistema - Antolamendua. Osasun-zerbitzuak emateko egitura publikoak antolatzea - Osaera. Langileen araubidea.

5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak. Zuzendaritza-antolakuntza. Antolakunde nagusia.

6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuak.

7.– Euskadiko osasun-sistemako pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko adierazpena: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Pazienteei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak.

8.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena: Printzipio orokorrak. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua.

9.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko aurretiazko borondateena. Xedea. Osasun-arloko borondateak aldez aurretik adierazteko eskubidearen edukia. Aurretiazko Borondateen dokumentua. Aldatzea, ordeztea eta errebokatzea.

10.– Datu Pertsonalen Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuak babesteko agintaritza autonomikoak. Zehapen-araubidea.

11.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 47.5 artikuluaren arabera, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

12.– Euskadiko Osasun Plana 2030: Printzipio gidariak. Erronka estrategikoak. Helburuak eta ildo estrategikoak.

13.– Euskadiko Osasun Ituna: Helburuak. Printzipioak eta balioak. Ildo estrategikoak.

14.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 2030. Helburuak. Ekintza-ildo korporatiboak.

15.– Osakidetzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana 2025-2028: Helburuak. Ildo estrategikoak.

16.– Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana: Oinarriak. Helburuak. Jarduera-arloak.

17.– Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2025-2030.

18.– 3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, Eutanasia arautzekoa.

19.– 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Herri Administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoa.

II.– GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA.

A) Oinarrizko gaitasunak.

1.– Osasunaren Lehen Mailako Arretaren kudeaketa eta antolakuntza. Lehen Mailako Arretako Taldeen funtzionamendua.

2.– Osasunaren ekonomia. Oinarrizko kontzeptuak: efikazia, efizientzia, eraginkortasuna eta ekitatea.

3.– Lehen Mailako Arretaren ikerkuntzaren oinarrizko estatistika eta metodologia.

4.– Prebentzioa eta osasuna sustatzea. Prebentzioko jarduera-programa.

5.– Oinarrizko epidemiologia. Maiztasuneko neurriak. Arriskua eta asoziazio kausala. Proba diagnostikoen eta screening proben baliozkotasuna. Zaintza epidemiologikoa.

6.– Historia klinikoa eta informazio-sistemak Lehen Mailako Arretan. Kodifikazio diagnostikoko sistemak Lehen Mailako Arretan.

7.– Kalitatearen ebaluazioa eta hobekuntza. Prozesukako kudeaketa.

8.– Ebidentzian oinarritutako medikuntza (EOM). Praktika klinikoko gidak.

9.– Bioetika: pazienteen eta profesional sanitarioen eskubideak eta betebeharrak (informazioa, konfidentzialtasuna, baimen informatua). Arazo etiko legal ohikoenak LMAko pediatrian.

10.– Pazientearen segurtasuna.

B) Haurren arretarekin lotutako gaitasunak.

1.– Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea. Haurren osasunerako programa.

1.1.– Amagandiko edoskitzea sustatzea.

1.2.– Elikadura gainbegiratzea eta nutrizio-aholkua.

1.3.– Aho-hortzen osasuna sustatzea. Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI) Euskal Autonomia Erkidegoan.

1.4.– Tratu ona sustatzea eta tratu txarra prebenitzea.

1.5.– Fotobabesari buruzko aholkua.

1.6.– Jarduera fisikoari eta kirolari buruzko aholkua.

1.7.– Loaren gaineko aholku prebentiboak.

1.8.– Bularreko haurraren bat-bateko heriotzaren sindromea prebenitzea.

1.9.– Istripuak prebenitzea.

1.10.– Tabako-kontsumoa (pasiboa eta aktiboa), alkohol- eta bestelako droga-kontsumoa prebenitu eta detektatzea.

1.11.– Iodo-defizita prebenitzea, eta D bitaminarekin osatzeko indikazioak.

1.12.– Sexu-heziketa, eta nahigabeko haurdunaldia eta sexu-transmisiozko infekzioak prebenitzea nerabezaroan.

2.– Immunizazioak.

2.1.– EAEko txertaketa-egutegi ofiziala eta bertan sartzen diren txertoen ezaugarri orokorrak: txerto mota, jartzeko modua, txertaketa-bitarteak, kontraindikazioak eta albo-ondorioak.

2.2.– Txertaketa ez-sistematikoak edo egoera berezietan agintzen direnak.

3.– Arazoak goiz detektatzea haurtzaroan.

3.1.– Hazkunde fisikoa eta pubertaroko garapena.

3.2.– Garapen psikomotorra eta afektiboa.

a) Garapen psikomotorra eta afektiboa arlo guztietan (motor lodia eta fina, hizkuntza, soziabilitatea) eta alarma-seinaleak ezagutzea.

b) Espektro autistaren nahasmenduen baheketa.

3.3.– Patologien baheketa.

a) Jaioberrien endokrinopatien, sortzetiko metabolopatien, fibrosi kistikoen eta hemoglobinopatien baheketa.

b) Hipoakusiaren baheketa eta mintzairaren nahasmenduak.

c) Aldakaren displasia ebolutiboa.

d) Kriptorkidia.

e) Begiko anomaliak, anbliopia, estrabismoa eta errefrakzio-nahasmenduak.

f) Baheketa bereziko indikazioak dituen arrisku-populazioa: gaixotasun zeliakoa, ferropenia, hiperkolesterolemia, hipertentsio arteriala, tuberkulosia, haurren garun-paralisia.

g) Tratu txar, abusu edo zabarkeriaren arrisku-adierazleak.

C) Patologia prebalentearen arreta: akutua, kronikoa, eta arrisku-faktoreak dituen haurraren arreta.

1.– Patologia prebalente akutuak LMAn.

1.1.– Arnasbideetakoa: goiko arnas-infekzio akutua, faringitisa, otitisa, sinusitisa, amigdalitisa, laringitisa, trakeitisa, bronkitisa, bronkiolitisa, pneumonia, disnea, eztula, epistaxia.

1.2.– Infekziosoa: fokurik gabeko sukarra, meningitisa, gaixotasun exantematiko biriko eta bakterianoak, adenopatiak, mononukleosi-sindromea, tuberkulosia, parasitosia.

1.3.– Digestiboa: ikterizia, bularreko haurraren kolikoa, gorakoak, beherakoa, heste-ohituren alterazioa, abdomeneko mina, estomatitisa, errefluxu gastroesofagikoa, gastroenteritis akutua, hepatitisa, errektorragia.

1.4.– Dermatologikoa: pixoihalek sortutako dermatitisa, urtikaria, garatxoak, molluscuma, nebusa, inpetigoa, akneak, ziztadak, prurigoa, dermatomikosia, pedikulosia.

1.5.– Muskulu-eskeletikoa: herrena, ibileraren nahasmendua, osteokondrosia, artritisa, artralgiak, muskuluetako minak, talalgiak, beheko gorputz-adarren errotazio- eta angelu-alterazioak, oin zapalak, bizkarrezurreko alterazioak.

1.6.– Genitourinarioa eta giltzurrunetakoa: gernu-infekzioa, maskuri-uretrako errefluxua, proteinuria, hematuria, glomerulonefritisa. Fimosia, balanitisa. Ginekologia haur eta nerabeengan: bulbobaginitisa, dismenorrea, obulutegi polikistikoaren sindromea, hileko zikloaren nahasmenduak.

1.7.– Oftalmologikoa: malkobidearen estenosia, anbliopia, begi-zolitasuna gutxitzea, estrabismoa, konjuntibitisa, betazal-alterazioak, sortzetiko gaixotasunak (glaukoma, katarata), begi gorria, begiko traumatismoa.

1.8.– Istripuak eta traumatismoak: intoxikazioak, erredurak, zauriak, traumatismo muskulu-eskeletikoak eta garezurreko traumatismoak.

1.9.– Kardiobaskularra: murmurioak, sinkopeak, bularreko mina, erritmo-nahasmenduak.

1.10.– Odontologikoa: txantxarrak, gingiboestomatitisa, flemoiak, traumatismoak, maloklusioak.

1.11.– Hematologikoa: anemia ferropenikoa, purpurak, tronbopenia, koagulazioaren nahasmenduak.

1.12.– Onkologikoa: tumore-prozesuak egon daitezkeela adierazten duten zeinu eta sintomak. Tumore solido ohikoenak. Leuzemiak. Linfomak.

1.13.– Kirurgia behar dezaketen prozesuak (egutegi kirurgikoa).

1.14.– Farmakoak haurdunaldian eta edoskitzaroan.

1.15.– Bihotz-biriketako bizkorketa pediatrikoa. Pediatriako larrialdiak. Gorputz arrotza arnasbidean. Urperatzeagatiko asfixia.

2.– Patologia kronikoak.

2.1.– Asma. Errinitis alergikoa. Urtikaria, angioedema, anafilaxia.

2.2.– Amigdalo-adenoidektomiaren indikazioak. Loaren apnea/hipopnea buxatzailearen sindromea (LAHBS).

2.3.– Gehiegizko pisua eta obesitatea. Sindrome metabolikoa. Nutrizio-urritasunak izatea. Dieta begetarianoak eta alternatiboak. D bitaminaren eskasia. Errakitismoa eta osteoporosia.

2.4.– Dermatitis atopikoa.

2.5.– Enuresia. Maskuriko eta uretrako errefluxua eta errefluxuak sortutako nefropatia.

2.6.– ADHN.

2.7.– Atzerapen psikomotorra. Haurraren garuneko paralisia. Zefaleak. Konbultsioak sukarrarekin eta sukarrik gabe. Sindrome epileptikoak. Nahasmendu paroxistiko ez-epileptikoak.

2.8.– Garaiera txikia. Hazkundearen atzerapena. Pubertaro goiztiarra eta atzeratua. Ginekomastia. Diabetes mellitusa. Zotina eta hipertiroidismoa.

2.9.– Abdomeneko min errepikaria. Beherako eta idorreria kronikoak. Gaixotasun zeliakoa. Hesteetako gaixotasun inflamatorioa. Hepatopatiak eta ikterizia haurtzaroan.

2.10.– Elikadurarekiko intolerantzia eta alergia. IgE eta ez-IgE alergiak neurtuta.

2.11.– Nahasmendu erreumatologikoak. Gazteen artritis kronikoa. Schönlein-Henoch-en purpura. Kawasaki-ren gaixotasuna eta beste baskulitis batzuk. Konektibopatiak. Aldizkako sukarra eta PFAPA.

2.12.– Hezur- eta lokomozio-sistemaren nahasmenduak. Haur ortopedia. Aldakako displasia. Perthes-en gaixotasuna. Tortsio-nahasmenduak. Eskoliosia eta zifosia.

2.13.– Osasun mentalari lotutako patologiak: depresioa, espektro autistaren nahasmenduak (EAN).

2.14.– Beldurrak, fobiak, loaren nahasmenduak.

2.15.– Jokabidearen eta ikaskuntzaren alterazioak. Irakurketaren eta idazketaren nahasmenduak.

2.16.– Elikadura-portaeraren nahasmenduak.

2.17.– Sexualitatearen garapena nerabezaroan. Homosexualitatea. Sexu-identitateko arazoak.

2.18.– Trastorno psikosomatikoak.

3.– Arrisku sozialeko faktoreak, elbarritasuna eta tratu txarrak jasaten dituzten haurren arreta.

3.1.– Arrisku sozialean dauden haurrak: etorkinak, etnietakoak.

3.2.– Maneiu diagnostiko eta terapeutikoa, haurrari tratu txarra ematen zaiola susmatzean edo ikustean.

3.3.– Garaiaurreko haurraren jarraipena. Umetoki barneko hazkunde atzeratua izan duen jaioberria. Down-en sindromea eta beste minusbaliotasun batzuk.

4.– Pediatria soziala.

4.1.– Pediatria sozialaren kontzeptua.

4.2.– Ama eta haurrak babesteko legeak eta arauak. Haurrak babesteko erakundeak.

4.3.– Arazo etiko eta legal interesgarriak praktika klinikoan; hurrengo eguneko pilula, adingabe heldua.

4.4.– Egoitza-harrerako erregimenean dauden adingabeentzako arreta sanitarioa.

4.5.– Inoren kargura ez dauden adingabeen gaineko ekintza-proposamena (IKEDAA).

4.6.– Adingabe migratzailearen arreta.

4.7.– Adopzio nazionala eta nazioartekoa.

4.8.– Haurren tratu txarrak. Desgaitasuna duten adingabeen aurkako tratu txarrak.

4.9.– Dibortzioak haurrengan eta nerabeengan duen eragina.

4.10.– Eskola-porrota. Eskola-jazarpena.

4.11.– Ama mendekoaren seme-alaba. GIBa duen pazientearen arreta.

4.12.– Drogak kontsumitzen dituzten nerabeak eta gazteak: jokabide-nahasmendutik patologia dualera.

4.13.– Haurdunaldia nerabezaroan.

4.14.– Arriskuan dagoen haurraren arreta.

4.15.– Gaixotasun arraroak adin pediatrikoan.

4.16.– Haurren desgaitasuna. Arreta goiztiarra.

4.17.– Gazte-indarkeria: karakterizazioa eta esku hartzeko proposamena Goranzko indarkeria edo seme-alaben eta gurasoen artekoa.

4.18.– Adingabeak eta komunikabideak Osasunaren sustapena. Gurasoen hezkuntza. Hezkuntza mundu digitalean.

5.– Bioetika eta pediatria.

5.1.– Oinarriak, erreferentzia-esparruak, aplikazioak.

5.2.– Kontzepzio aurreko, jaio aurreko eta jaioberrien gaiak.

5.3.– Gai soziosanitarioak eta osasun publikokoak. Kronikoki gaixorik dagoen haurra.

5.4.– Nerabezaroko gaiak. Adingabe heldua.

5.5.– Bizitzaren amaierako gaiak. Haur terminalaren eta haren senideen premiak. Zainketa aringarriak.

5.6.– Ikerkuntza klinikoa haur eta nerabeengan.

5.7.– Erantzukizun profesionala pediatrian.

6.– Kiroleko medikuntzaren printzipio orokorrak Lehen Mailako Arretako pediatrian. Bat-bateko heriotza prebenitzea kirol-jardueran.

7.– Farmakologiako kontzeptuak Lehen Mailako Arretako pediatrian. Tratamenduarekiko atxikimendua Preskripzio-akatsak. Antibiotiko komunekiko erresistentzia. Tratamendu kortikoideoaren erabilera kronikoari lotutako arriskuak.

8.– Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteko Legearen xedea.

9.– Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia.

10.– Euskadiko Zainketa Aringarrien Plana.

11.– Sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari Osakidetzan aurre egiteko protokoloa.


Azterketa dokumentala