
208. zk., 2026ko urriaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (188 KB - 12 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
EUSKO LEGEBILTZARRA
4571
ERABAKIA, 2026ko urriaren 20koa, Eusko Legebiltzarreko Mahaiarena, zeinaren bidez deitzen baita Eusko Legebiltzarreko Protokoloko teknikari-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzeko deialdi publikoa.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2026ko urriaren 20an hartutako erabakia betetzeko, agintzen dut:
Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarreko Protokoloko teknikari-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzeko hautaketa-prozesurako deialdia egitea.
Bigarrena.– Eusko Legebiltzarreko Protokoloko teknikari-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzeko deialdi publikoaren oinarriak argitaratzea Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2026ko urriaren 20ko erabakiaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Laugarrena.– Oinarri espezifiko hauek ondorioak sortuko dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 20a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
ERANSKINA
EUSKO LEGEBILTZARREKO PROTOKOLOKO TEKNIKARI-BEHARRAK ALDI BATERAKO BETETZEKO LAN-POLTSA SORTZEKO DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRI ESPEZIFIKOAK
Lehenengoa.– Deialdiaren helburua.
1.– Deialdi honen helburua da Eusko Legebiltzarreko Protokoloko teknikari-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa sortzea.
2.– Administrazio parlamentarioarekiko harremanari dagokionez, bitarteko funtzionario gisa izendatuko da izangaia, 1990eko ekainaren 22ko Langileen Estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoaren 12. artikuluan xedatutakoarekin eta 2006ko Bitarteko Funtzionarioak Hautatzeko Erregelamenduarekin bat eginez.
3.– Eskatzen den titulazioa: lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura edo gradua.
4.– Euskara: 3. hizkuntza-eskakizuna, nahitaezkoa. Bitarteko lanpostuak betetzeko deialdiaren unean egiaztatuko da hizkuntza-eskakizun hori, hamaikagarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
5.– Betekizun espezifikoa: ingeleseko C1 maila. Bitarteko lanpostuak betetzeko deialdiaren unean egiaztatuko da hizkuntza-eskakizun hori, hamaikagarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
Bigarrena.– Hautaketa-prozesuan parte hartzeko baldintzak.
1.– Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagozkienez gain, beharrezkoa izango da baldintza hauek betetzea:
a) 16 urte beterik eta 65 urte bete gabe izatea.
b) Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikagarri zaion estatu bateko nazionalitatea izatea.
c) Halaber, Europar Batasuneko estatuetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta ezkontideen ondorengoek ere, baldin eta zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
d) Lanpostuari dagozkion egitekoak betetzeko gaitasun funtzionala izatea, eta eman beharreko zerbitzuak normaltasunez betetzea eragotziko duen gaixotasun edo ezintasun fisikorik ez izatea.
e) Diziplina-espediente batez edozein administrazio publikoren zerbitzutik bereizita edo kaleratuta ez egotea, eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikorako erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia ez izatea, ezta funtzionarioen kidegoan edo eskalan sartzeko ere, edo, lan-kontratudunen kasuan, bereiziak edo desgaituak izan diren lanpostukoen antzerako eginkizunak betetzeko. Beste estatu bateko nazionala izanez gero, ez egotea desgaituta edo egoera baliokide batean, eta ez izatea diziplina-zehapenik edo baliokiderik, dagokion estatuan baldintza berberetan enplegu publikora iristea eragotziko duenik, hain zuzen.
f) Ez izatea administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen legedian aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik. Hala ere, dagoeneko kargu publikoren bat edo jarduera pribatu bateraezinen bat dutenak lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dira.
g) Oinarri hauetan eskatzen den titulazioa izatea, izaera ofizialeko organo eskudunak igorria, edo hura eskuratzeko eskubideak ordainduta edukitzea. Atzerrian lortutako titulu akademikoei dagokienez, haien homologazioa egiaztatuko duen egiaztagiria eduki beharko da.
2.– Aurreko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean bete beharko dira, eta bere horretan mantendu hautaketa-prozesuak iraun bitartean.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea
1.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izango da, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi dutenek bide elektronikoz aurkeztu beharko dute, lehentasunez, eskabidea, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren helbide elektronikoan ematen den eredua betez.
Halaber, Internet bidezko eskaera KZgune publikoen bidez egin ahal izango da.
Laugarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.
1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu epaimahaikideak. Kalifikazio-epaimahaia era honetara osatuko da: Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide bat izango da mahaiburu eta Legebiltzarreko Legelarien Kidegoko pertsona bat izango da idazkari. Gainerakoak Legebiltzarreko legelari nagusiak, Langileen Batzordeak eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak proposatuta izendatuko dira.
Emakumeek eta gizonek ordezkaritza orekatua izan beharko dute, kontuan izanik lan-poltsa honen bidez beteko diren lanpostuen esparru profesionalean ezagutza zabala izan behar dutela, eta epaimahaiaren parte izateak eskatzen dituen zereginak egiteko prestakuntza egokia izan behar dutela.
Onartutako eta baztertutako izangaien zerrendarekin batera argitaratuko da nor izendatu dituen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak epaimahaiko titular eta ordezko izateko.
2.– Epaimahaiak, hautaprobetako edozeinetarako, beharrezko iruditzen zaizkion aholkulariak eskatu ahal izango ditu, zeinak kasuan kasuko espezialitatean laguntza teknikoa ematera mugatuko baitira.
3.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen bada, epaimahaiko kideek ezingo dute esku hartu, hala jakinarazi beharko diote Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, eta izangaiek errekusatu egin ahal izango dituzte kide horiek.
4.– Epaimahaia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera jardungo da. Edonola ere, epaimahaia bilduko da lehendakariaren aginduari jarraituz eta idazkariak aldez aurretik deituta, hautaproben hasiera baino lehen, aurrerapen nahikoarekin; eta hura behar bezala eratuta egoteko beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria bertaratzea, edo, hala badagokio, haien ordezkoak, eta gutxienez epaimahaikideen gehiengoa.
5.– Epaimahaikide guztiek izango dute hitza eta botoa. Epaimahaiaren erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du.
6.– Epaimahaiaren erabakiak, oinarri hauetan aurreikusten ez denari dagokionez, Internet bidez argitaratuko dira Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarenean (www.ivap.euskadi.eus).
7.– Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Legebiltzarrean izango du egoitza.
Bosgarrena.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, zeina Internet bidez argitaratuko baita Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarenean (www.ivap.euskadi.eus). Zerrenda horretan, adieraziko da bazterturiko izangai bakoitza, halakorik bada, zergatik utzi den kanpoan. Interneten argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, lan-poltsa osatzeko prozesu honetan parte hartzen dutenek hamar eguneko epea izango dute bazterketa eragin duen akatsa edo hutsa zuzentzeko edo zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
2.– Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrendak behin betikotzat joko dira. Aurkezten diren erreklamazioak onartu edo baztertuko dira onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen erabakian, eta erabaki hori aurreko paragrafoan aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko da.
Seigarrena.– Hautaketa-prozesuaren garapena.
1.– Hautaketa-prozesuan Eusko Legebiltzarreko Protokoloko teknikari-lanpostuan eskatzen diren gaitasunak egiaztatzeko ariketak egingo dira, horiek guztiak derrigorrezkoak eta baztertzaileak, zazpigarren oinarrian xedatutakoari jarraituz.
2.– Aurreko ariketa baztertzailea gainditu dutenen ariketak baino ez dira ebaluatuko.
3.– Klasifikazio-ordena ezarriko da ariketa bakoitzean lortutako puntuazioen baturaren arabera, eta bederatzigarren oinarrian aurreikusitako lan-poltsaren ordenazio-irizpideei jarraituz.
4.– Izangaiek probetan lortutako puntuazioa eta hautaketa-prozesuari buruzko iragarkiak Internet bidez argitaratuko dira Eusko Legebiltzarraren helbide elektronikoan (www.legebiltzarra.eus eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarenean (www.ivap.euskadi.eus).
5.– Izangaiei ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo zaie. Hautaketa-probak garatu bitartean aukera-berdintasuna eta tratu-berdintasuna bermatzeko, kalifikazio-epaimahaiak proba desberdinetako deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu lehiatzaileak ezin badu proba egingo den lekura joan haurdunaldi, erditze, eriondo edo epaimahaiak askatasunez balioetsitako beste osasun-eragozpen larri batzuengatik. Inguruabar hori kalifikazio-epaimahaiari jakinarazi beharko zaio, proba egin baino lehenago, eta ziurtagiri mediko baten bitartez egiaztatu beharko da.
6.– Epaimahaiak aldatu egin dezake ariketak egiteko hurrenkera.
7.– Kalifikazio-epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenak behar dituzten eta eskabidean hala adierazi dutenei, gainontzeko parte-hartzaileen aukera berberak izan ditzaten, betiere hori eginda probaren edukia desitxuratzen ez bada eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo kaltetzen ez bada.
8.– Hautapen-prozesuaren edozein unetan epaimahaiak izangairen batek deialdiko baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, izangai hori baztertuko da, entzunaldia egin ondoren, eta egun berean horren berri emango zaio Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari.
9.– Epaimahaiak zehaztuko du zer nolako laguntza-dokumentazioa edo -liburu (hiztegiak eta abar) erabili ahal izango dituzten izangaiek ariketak egiteko. Informazio hori aldez aurretik emango da, prozedura honetan aurreikusitako epaimahaiaren erabakien komunikazio-kanaletatik, lehen eta, hala badagokio, bigarren ariketa egiteko dataren deialdiarekin batera.
Zazpigarrena.– Hautaketa-prozesuko ariketak.
1.– Lehenengo ariketa: fase teorikoa.
Fase teorikoa baztertzailea izango da, eta bi galdera-sorta bete beharko dira: bata lanpostuaren ezagutza orokorrei buruzkoa eta bestea ezagutza espezifikoei buruzkoa.
a) Ezagutza orokorrei buruzko galdera-sorta: Esparru instituzional eta juridikoari buruzko ezagutza eta ulermena ebaluatzeko proba bat egingo da (gaitegi orokorra).
Zati hau A gaitegiari buruzkoa izango da (zati komuna, I. eranskina), eta 6 puntuko balorazioa izango du.
Zati hau egiteko, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak galdera-multzo bat argitaratuko du.
b) Ezagutza espezifikoei buruzko galdera-sorta: Deialdiaren xede den lanpostuaren eduki tekniko eta funtzionalari buruzko proba bat izango da (gaitegi espezifikoa). Ariketa honen helburua izango da ezagutza teorikoak lanpostuaren funtzioetan praktikan aplikatzeko gaitasuna baloratzea.
Zati hau B gaitegiari buruzkoa izango da (zati espezifikoa, I. eranskina), eta 35 puntuko balorazioa izango du.
Ezagutzei buruzko galdera-sorten ezaugarri komunak:
Arau hauek beteko dituzte bi galdera-sortek:
a) Galdera-sorta bakoitzak laurogeita hamar (90) galdera arrunt eta erreserbako hamar (10) galdera izango ditu guztira. Galdera arruntetako bat ezeztatzen denean bakarrik baloratuko dira azken horiek.
b) Probak test erako galdera-sorten bidez egingo dira, erantzuteko zenbait aukera egongo dira eta horietako bat baino ez da izango zuzena.
c) Modu objektiboan zuzenduko dira galdera-sortak, zuzenketa-txantiloia erabiliz. Ariketa hau zuzentzean, erantzun zuzenen kopuruari erantzun okerren kopuruaren herena kenduko zaio (E=Z-O/3). Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.
2.– Bigarren ariketa: fase praktikoa.
Fase praktikoa ere baztertzailea izango da, eta ezagutzak egoera errealetan aplikatzeko gaitasuna ebaluatzera bideratuta egongo da.
Epaimahaiak zehaztutako kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira; kasu praktiko horiek deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunekin eta zereginekin lotura zuzena izango dute.
Proba hau nahitaezkoa eta baztertzailea izango da, eta gai hauetako bati edo batzuei buruzkoa izan daiteke: ekitaldi instituzionalak antolatzea, protokolo-arauak aplikatzea, gorabeherak ebaztea eta/edo proposamen teknikoak egitea.
Ariketa horrek 59 puntuko balioa izango du gehienez ere. Gutxienez 30 puntu lortzen ez dituztenek ez dute gaindituko.
3.– Elkarrizketa.
Elkarrizketaren fasea baztertzailea izango da, esklusiboki, «Gai» edo «Ez gai» gisa kalifikatuko da.
«Gai» kalifikazioak proba gainditu dela esan nahiko du, eta izangaiari aukera emango dio hautaketa-prozesuan jarraitzeko.
«Ez gai» kalifikazioaren ondorioz, izangaia hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da berehala.
Proba kualitatiboa denez, lortutako puntuazioa ez da kontuan hartuko prozesuaren azken notaren ondorioetarako, eta ez du balioko baremazio-faseetan edo ezagutza-azterketetan finkatutako lehentasun-ordena aldatzeko.
Zortzigarrena.– Epaimahaiaren proposamena.
Hautaketa-prozesuko atal guztiak kalifikatu ondoren, epaimahaiak Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dizkio hautaketa-prozesuko behin betiko emaitzak, eta izangaiak puntuazioaren arabera eta gainditutako ariketen arabera ordenatuko ditu. Hori jakinarazita, lan-poltsa eratuko da, bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiari helaraziko zaio, jakinaren gainean egon dadin.
Bederatzigarrena.– Lan-poltsaren ordenazioa.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.a artikulua aplikatuz, ulertuko da izangaiek gaitasun bera dutela berdinketa ateratzen denean hautapen-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, behin proba guztiak egin eta baloratu ondoren.
Hortaz, betiere aurreko paragrafoan jasotako irizpidea kontuan hartuta, Eusko Legebiltzarreko Protokoloko teknikari-beharrak aldi baterako betetzeko lan-poltsa bi proben baturaren ondorioz lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko da.
Berdinketa gertatuz gero, bigarren proban notarik onena duenak izango du lehentasuna.
Berriro ere berdinketa gertatzen baldin bada, galdera-sorta espezifikoan notarik onena atera duenak izango du lehentasuna.
Aurreko arauen arabera ebazteko modukoak ez diren berdinketak, halakorik balego, zozketa bidez ebatziko dira.
Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 21.1.a artikulua aplikatuz, ez da berdinketa hausteko klausula aplikatuko, emakumeen presentzia ez baita txikia Protokoloko teknikariaren lanpostuei dagokienez, eta ez zaie lehentasunik emango.
Hamargarrena.– Gorabeherak.
1.– Epaimahaiak, oinarri espezifiko hauetan aurreikusi gabeko gaietan, hautaketa-prozesua gauzatu ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu, bai eta oinarrien interpretazioari eta aplikazioari dagokionez sortzen diren arazo guztiak ebatzi ere.
2.– Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen horretan, 1990eko ekainaren 22ko Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan eta garapen-arauetan jasotakoaren arabera egingo dira hautaprobak eta eratuko da lan-poltsa, eta, osagarri modura, euskal funtzio publikoari buruzko legedian eta arau osagarrietan jasotakoaren arabera, eta, halakorik ezean, funtzionario publikoei buruzko legedia orokorrean jasotakoaren arabera, funtzio publiko parlamentarioarekin bateraezina ez den heinean.
3.– Deialdia, deialdiaren oinarriak eta oinarriotatik zein epaimahaiaren jardunetik datozen administrazio-egintza guztiak aurkaratuak izan daitezke, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak jasotako kasu eta moduetan.
Hamaikagarrena.– Baldintzak eta hizkuntza-eskakizuna betetzen direla egiaztatzea.
1.– Lan-poltsa osatzen dutenek, hala eskatzen zaienean, egiaztatu beharko dute, jatorrizko agirien bidez, betetzen dituztela hautaketa-prozesuan parte hartzeko lehen eta bigarren oinarrian eskatzen diren baldintzak.
2.– Adierazitako epearen barruan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lan-poltsa osatzen dutenek ez badute dokumentazioa aurkezten, edo ez badute egiaztatzen eskatutako baldintzak betetzen dituztela, ezin izango dira bitarteko funtzionario izendatu, eta haien jardun guztiak baliogabetuta geratuko dira, beren eskabidean faltsukeriaz jokatzeagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe.
3.– Bitarteko lanpostuak betetzeko deiaren efikazia areagotzeko, hautagaiak agiri bidez egiaztatu beharko du hauek dituela: euskararen 3. hizkuntza-eskakizuna edo titulazio baliokidea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, eta ingeleseko C1 maila edo titulazio baliokidea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.
Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) kontsultatu beharko da. Erregistro horretan inskribatuta dauden hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat joko dira.
Erregistro horretan jasota ez dauden euskararen ziurtagiriak edo tituluak dituztenek egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
Administrazio parlamentarioaren hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak bi dekretu hauen arabera zehaztuko dira: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.
Ez da egingo euskararen eta ingelesaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probarik.
Hamabigarrena.– Hautaketa-prozesuko eta lan-poltsako datu pertsonalak babestea eta kudeatzea.
1.– Eskabideetan emandako informazio guztiaren tratamendua Eusko Legebiltzarraren webgunean dagoen Eusko Legebiltzarraren tratamenduen erregistroan adierazitakoaren arabera egingo da. Zehazki, ‘Hautaketa-prozeduren kudeaketa‘ izeneko tratamendua da. Horri buruzko informazio guztia hemen dago: https://www.legebiltzarra.eus/portal/eu/datuen-babesa/registro-de-tratamientos #procesos_selectivos
Tratamendu hori honako arau hauek ezarritakoaren arabera egingo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena), 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena.
2.– Prozedura honetara aurkezten direnek baimena ematen dute segurtasun-neurriak behar dituzten eta hautaketa-prozesurako beharrezkoak diren datuen tratamendurako. Bestalde, prozeduran parte hartzen dutenek baimendu ahal izango dute lan-poltsa honetako datuak beste administrazio publiko batzuei ematea haien bitarteko langileen hautaketa-prozesuetarako.
3.– Hautaketa-prozesuan emandako datuen tratamendurako, Segurtasun Neurrien Erregelamenduan ezarritako segurtasun-maila baxuarekin bat datozen neurriak beteko dira.
4.– Baliozkotzat joko dira eskabidean agertzen diren helbidea, telefono-zenbakiak eta posta elektronikoa. Izangaiaren erantzukizun osoa da datu horiek idaztean egin litezkeen akatsak, edo horietan izan daitekeen edozein aldaketa epaimahaiari edo Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraztea, lan-poltsaren kudeaketari dagokionez.
5.– Egin beharko liratekeen jakinarazpenetarako, eskabide-orrian adierazten dena hartuko da helbidetzat, baldin eta geroago espresuki eta modu frogagarrian besteren bat adierazten ez bazaio epaimahaiari edo Eusko Legebiltzarreko Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari, lan-poltsa kudea dezaten.
Hamahirugarrena.– Osasun-azterketa.
Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lan-eskaintza onartzen duenari, egiaztatzeko ez duela gaixotasun edo ezintasun fisikorik egin beharreko zerbitzuak normaltasunez gauzatzea eragotziko dionik, eta baduela lanerako behar den gaitasuna.
I. ERANSKINA
PROTOKOLOKO TEKNIKARIAREN GAITEGIA
A gaitegia (zati orokorra).
1.– 1978ko Espainiako Konstituzioa. Egitura sistematikoa. Oinarrizko printzipioak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Estatuaren botereak. Botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala. Botereen arteko harremanak.
2.– Euskal Herriko Autonomia Estatutua. Printzipio orokorrak. Estatuaren eta EAEren arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. Autonomia Estatutuaren erreforma.
3.– Lurralde historikoak. Kontzeptua. Organoak. Eskumenak.
4.– Lehendakaria. Hautatzea eta izendatzea. Eskumenak eta ahalmenak. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernua. Osaera. Eskumenak (7/1981 Legea, ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzkoa).
5.– Eusko Legebiltzarra. Osaera. Legebiltzarkidearen estatutua: sarbidea; eskubideak eta abantailak; betebeharrak; legebiltzarkide-izaera kentzea eta galtzea. Eusko Legebiltzarraren egoitza.
6.– Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua. Egitura sistematikoa. Eusko Legebiltzarraren eraketa. Legebiltzarburua eta Mahaia hautatzea. Legebiltzarreko lanak argitaratzea eta haien publikotasuna.
7.– Osoko Bilkura. Legebiltzarreko batzordeak: osaera, motak eta eginkizunak. Bilkurak eta gai-zerrenda. Eztabaidak. Bozketak eta quoruma.
8.– Eusko Legebiltzarreko legegintza-prozeduraren ideia orokorra. Legegintzako ekimena. Lege-proiektuak eta lege-proposamenak. Zuzenketak. Legegintzako prozedura bereziak.
9.– Gobernua sustatzeko eta kontrolatzeko eginkizuna Eusko Legebiltzarrean. Galderak, interpelazioak, mozioak eta legez besteko proposamenak. Lehendakariaren inbestidura. Zentsura-mozioa eta konfiantza-arazoa. Ikerketa-batzordeak.
10.– Eusko Legebiltzarreko organoak. Legebiltzarburua. Mahaia. Bozeramaileen Batzarra. Talde parlamentarioak. Legelari nagusia. Eusko Legebiltzarraren eta beste organo batzuen arteko harremanak.
11.– Arartekoa (3/1985 Legea, otsailaren 27koa). Legearen egitura sistematikoa. Arartekoa: eginkizunak, hautaketa eta kargu-uztea. Jarduera-eremua. Legebiltzarrarekiko harremanak.
12.– Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa. Egitura sistematikoa. Funtzionario-motak eta -kidegoak. Lanpostu-zerrenda eta aurrekontu-plantillak. Langileen hautaketa eta lanpostuak betetzea.
13.– Euskal funtzio publikoaren araubide juridikoa. 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena. Egitura sistematikoa. Legearen xedea. Aplikazio-eremua. Euskal enplegatu publikoen eskubideak, eginbeharrak, jokabide-kodea, bateraezintasunak eta erantzukizunak. Diziplina-araubidea.
14.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna. 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena. Egitura sistematikoa. Legearen xedea. Aplikazio-eremua. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan EAEko botere publikoen jarduna gidatu eta bideratu behar duten printzipio orokorrak. Administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak. Genero-indarkeriaren aurkako politikak. Abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa, Genero Indarkeriaren aurkako Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzkoa.
15.– Hizkuntza-normalizazioa Administrazioan. Printzipio orokorrak. Hizkuntza-eskakizuna. Hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna. Eusko Legebiltzarreko Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana.
16.– 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Administrazio-prozedura: interesdunak, jarduteko gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua. Administrazio-prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaitzea. Administrazio-jarduera aurkaratzeko baliabideak. Ofiziozko berrikuspena. Administrazio-errekurtsoak: kontzeptua eta motak.
17.– Administrazio elektronikoa. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa (40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena): printzipio orokorrak, egoitza elektronikoa, Interneteko ataria, administrazio publikoen identifikazio-sistemak, administrazio-jarduera automatizatua, sinadura-sistemak eta sinadura elektronikoa, dokumentuen artxibo elektronikoa. 6/2020 Legea, azaroaren 11koa, konfiantzazko zerbitzu elektronikoen zenbait alderdi arautzen dituena. Eusko Legebiltzarreko Administrazio elektronikoari buruzko araua (2018ko ekainaren 1eko Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala).
18.– Gardentasuna eta gobernu ona (19/2013 Legea, abenduaren 9koa). Printzipio orokorrak, aplikazio-eremua, informazio publikoa eskuratzea. Eusko Legebiltzarreko Lehendakaritzaren ebazpen orokorra, 2016ko otsailaren 9koa, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzeko bidearen printzipioa Eusko Legebiltzarrean aplikatzeari buruzkoa.
19.– Datu pertsonalen babesa (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa). Aplikazio-eremua. Kontzeptuak eta printzipioak. Datu pertsonalak tratatzeko zilegitasuna eta tratamenduaren arduradunaren betebeharrak. Tratamenduko jardueren erregistroa edo inbentarioa. Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren funtzioak. Eusko Legebiltzarreko datuak babesteko ordezkaria.
20.– Erabateko kalitatea. Kudeaketako printzipioak eta ereduak (Euskaliten kudeaketa aurreratuaren eredua). Bezeroaren gogobetetzea. Zerbitzu-kartak.
21.– Laneko arriskuen prebentzioa (31/1995 Legea, azaroaren 8koa). Xedea, aplikazio-eremua, eskubideak eta betebeharrak.
22.– Europar Batasunaren erakunde-sistema. Parlamentua, Kontseilua eta Batzordea: organo horien osaera, antolaketa eta funtzionamendua.
B gai-zerrenda (zati espezifikoa).
1.– Eusko Legebiltzarra. Antolaketa eta funtzionamendu instituzionala.
Eusko Legebiltzarraren barne-antolaketa. Legebiltzarburua, Mahaia, Adineko Mahaia, Bozeramaileen Batzarra eta talde parlamentarioak. Osoko Bilkura, batzordeak eta Diputazio Iraunkorra.
Legebiltzarraren egoitza: ezaugarriak.
2.– Parlamentuen antolamendua eta protokolo parlamentarioa.
Parlamentuen ezaugarriak eta antolamendua. Protokolo parlamentarioa: Ordezkaritza instituzionala. Ekitaldi parlamentario eta instituzionalen antolakuntza.
3.– Ohorezko tratamenduak eta kortesia instituzionaleko formulak.
Estatuko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko, lurralde historikoetako eta toki-entitateetako agintari nagusien protokolozko eta ohorezko tratamenduak.
4.– Lehendakariaren inbestidura-zeremoniala.
5.– Lehentasunen antolamendu orokorra Espainian.
Lehentasun-printzipio orokorrak. 2099/1983 Errege Dekretuaren aplikazioa. Lehentasun-arauen aplikazioa autonomia-erkidegoetan eta toki-entitateetan; bereziki, Euskadiko Autonomia Erkidegoan antolatutako ekitaldiei dagokienez.
6.– Ekitaldi ofizialen sailkapena.
Ekitaldi ofizial orokorrak eta bereziak. Lehendakaritza eta lehentasun-arauak.
7.– Protokoloa jendeaurreko ekitaldietan.
Protokoloaren kontzeptua eta printzipio orokorrak. Ekitaldi publikoen antolakuntza, planifikazioa eta garapena.
Ekitaldi baten antolakuntza-faseak. Protokolozko dokumentazioa: egitarauak, gonbidapenak, akreditazioak, gidoiak, eskaletak, zerrendak eta kokapenaren planoak.
Agintariak, eta gonbidatuak ordenatzeko sistemak.
8.– Bisita instituzionalak eta ordezkaritzak.
Bisita instituzional, parlamentario eta ofizialen antolakuntza eta protokolo-arreta.
9.– Nazioarteko eta Europar Batasuneko protokoloa.
Protokoloa eta lehentasunak Europar Batasunean. Europako erakundeak eta agintari nagusiak.
10.– Dolu ofizialaren kudeaketa operatiboa.
11.– Irisgarritasuna eta inklusioa protokoloan.
12.– Administrazio publiko bateko protokolo-zerbitzu baten ezaugarriak, funtzioak, antolaketa eta zuzendaritza.
13.– Segurtasuna eta gorabeheren kudeaketa ekitaldi instituzionaletan.
Protokoloari, zeremonialari eta sinbolo ofizialei dagozkien lege-xedapenak.
– Espainiako Konstituzioa, 1978ko abenduaren 27koa.
– 3/1979 Lege Organikoa, abenduaren 18koa, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarena.
– 8/1983 Legea, apirilaren 14koa, Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzkoa.
– 39/1981 Legea, urriaren 28koa, Espainiako banderaren eta beste bandera eta ikur batzuen erabilera arautzen duena.
– 7/1981 Legea, ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Legeari buruzkoa.
– 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa.
– 2099/1983 Errege Dekretua, abuztuaren 4koa, Estatuko Lehentasunen Antolamendu Orokorra onartzen duena, eta haren aldaketak.
– Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua.
– 5/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskadiko Ereserki Ofizialari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
RSS