
207. zk., 2026ko urriaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (165 KB - 6 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
4565
EBAZPENA, 2026ko urriaren 9koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baitira lankidetza eta elkartasunaren Ignacio Ellacuría sariaren oinarri arautzaileak eta deialdia egiten baita 2026ko ekitaldirako.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak –2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.– erregulatzen du zein araubide juridiko orokor aplikatzen zaien Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek ematen dituzten dirulaguntzei.
Lege horren 3. artikuluan sariak aipatzen dira, eta zehazten da ezen Legearen 7. artikuluan aurreikusitako printzipio orokorrak errespetatu behar dituztela.
Lankidetza eta elkartasunaren Ignacio Ellacuría sariaren helburua da Euskaditik edo euren jatorrizko herrialdeetatik herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko ekintza esanguratsuak egiten dituzten antolakundeen eta pertsonen zeregina ikusaraztea.
Sariaren izenak Ignacio Ellacuría euskal filosofo eta teologoa oroitzen du, zeina 1930eko azaroaren 9an jaio baitzen, Portugaleten (Bizkaia). Ellacuría askapenaren teologiaren aitzindarietako bat izan zen, baita erreferente bat ere El Salvadorko herritarrek pairatzen zuten egiturazko injustiziaren kontrako borrokan eta herrialdeko gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzeko lanean. Ellacuría El Salvadorrekin lotzen da gehienbat; bereziki, José Simeón Cañas Erdialdeko Amerikako Unibertsitatearekin (UCA), 1967tik aurrera izandako harremanarengatik. Izan ere, 1979an unibertsitate horretako errektore izendatu zuten. Haren jarrera ausart eta konprometituak, baina, herrialdea kontrolatzen zuten botereen eta interesen presioa eta mehatxuak ekarri zizkion, baita heriotza eragin ere: 1989ko azaroaren 16an, armada nazionala Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean sartu zen, eta Ellacuría hil zuen, gau horretan han zeuden pertsona guztiekin batera.
Ignacio Ellacuriaren ibilbidea ereduzkoa da euskal lankidetzarako, bere bizitza eman baitzuen beste herrialdeen justiziaren alde eta, bereziki, pertsona behartsuenen alde. Ellacuriak, hautu erlijioso batetik abiatuta, amaierara arte bizi eta defendatu zituen justiziaren eta gizarte-eraldaketaren giza balioak, eta, hain zuzen ere, sari honekin konpromiso etiko horri egin nahi zaio aitortza.
Saria emateko, epaimahai bat eratzen da, eta horko partaide izaten dira beste erakunde publiko batzuetako ordezkariak eta garapenerako lankidetzan eta elkartasunean diharduten euskal gizarte-antolakundeetakoak, hartara gizartearen eta erakundeen aitortza zabala lortzeko.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluak xedatutakoa betez, deialdi hau eLankidetzaren 2026-2029ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago –Kontseilu Errektorearen erabakiz onartua 2026ko otsailaren 3an–. Era berean, Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legean eta 2025-2026 Bi Urteko Planean sartzen da; bi urteko plan hori eLankidetza-Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziaren web-orrian (www.elankidetza.euskadi.eus) argitaratuta dago, «Nortzuk gara» ataleko «Plangintza» azpiatalean, eta «Zer egiten dugu» atalean.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren 2026ko ekitaldirako aurrekontuan –Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bidez onartua (2025eko abenduaren 30eko EHAA, 251. zk.)– kreditu nahikoa aurreikusten da deialdi hau finantzatzeko.
Bestalde, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, ente hori sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2026ko otsailaren 3ko bileran, erabaki zuen eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea sariaren deialdia eta saria emateko oinarrizko irizpideak onartzea.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Lankidetza eta elkartasunaren Ignacio Ellacuría sariaren 2026ko ekitaldirako deialdia egitea, eta ebazpen honen eranskinean jasota dauden oinarriak onartzea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Ebazpen honen bidez deitzen den saria beronen eranskinean jasota dauden oinarrien arabera arautuko da, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 9a.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,
FRANCISCO JAVIER CORTÉS FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea.
Deialdi honen xedea da lankidetzaren eta elkartasunaren Ignacio Ellacuría saria emateko arauak ezartzea. Sariaren helburua da antolakundeek, kolektiboek, gizabanakoek eta ekimenek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde egiteko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egiten duten lana publikoki aitortzea, eta ekarpen horri hedapena ematea, gizartea sentsibilizatzen laguntzeko.
2. oinarria.– Sariaren hartzaileak.
Honako hauek jaso ahal izango dute saria:
Euskal gizartearekin harreman berezia duten eta, beren jarduketarekin, ekimenekin nahiz ibilbidearekin, herrien justiziaren eta garapenaren alde modu nabarmenean laguntzen duten edo lagundu duten pertsona fisiko edo juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak. Ez da onartuko hil ondorengo hautagaitzarik.
3. oinarria.– Sariaren ezaugarriak.
Saria diruzkoa izango da; hain zuzen ere, 15.500 euro emango dira. Aurreko apartatuan adierazitako esleipena egin ondoren saria eman gabe geratzen bada, zenbateko hori eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak aurrekontu-ekitaldi horretarako dituen beste laguntza-programa batzuetarako erabili ahal izango da.
4. oinarria.– Sariaren kudeaketa.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari dagokio saria kudeatzea.
5. oinarria.– Hautagaitzak aurkeztea.
1.– Egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra Euskadin duten garapenerako lankidetzako antolakundeek beste antolakunde batzuen, kolektiboen eta norbanakoen hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte, baldin eta uste badute saria jasotzea merezi dutela, kontuan hartuta herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde, pobrezia ezabatzearen alde eta ekarpen hori zabaltzearen alde egiten duten ekarpena, gizartea sentsibilizatzen laguntzen duten heinean.
Ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun naturaleko epean aurkeztu behar dira hautagaitzak, bitarteko elektronikoak erabiliz. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikora jo behar da (www.euskadi.eus Laguntza eta Dirulaguntzak atalera, edo www.elankidetza.euskadi.eus), web-orrira, Deialdiak atalera; betiere, egoitza elektronikoan dauden inprimakiak eta ereduak erabili beharko dira, eta haietan adierazitako jarraibideak bete.
2.– Hautagaitzarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Pertsona fisikoaren edo juridikoaren ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa edo, hala badagokio, sarirako proposatutako ekimena, hautagaitza aurkezten duen antolakundearen iritziz saria merezi duena.
b) Hala badagokio, proposatutako hautagaitzaren aldeko abalak edo atxikipenak, hura formalizatzen dutenek aurkeztutakoak.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, non jasota utziko baita eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan emandako datuak egiazkoak eta zehatzak direla eta, hala ez bada, nork bere gain hartuko duela dagokion ardura, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 28.7 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3.– Aurkeztutako hautagaitzak baloratu aurretik, epaimahaiak erabaki ahal izango du, aho batez, azken bost edizioetan balio osoz aurkeztutako beste hautagaitza batzuk kontuan hartzea, baldin eta edizio horietan saririk jaso ez bazuten; modu horretan, saria jasotzeko baloratuak eta, hala badagokio, proposatuak izan daitezke.
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira.
6. oinarria.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Eskabidea osorik bete gabe edo 5. oinarrian adierazitako agiri guztiak erantsi gabe aurkezten bada, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak entitate eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo falta diren nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluen arabera.
7. oinarria.– Epaimahaia.
1.– Saria merezi duen pertsona edo pertsonak hautatzeko, epaimahai bat osatuko da, Eusko Jaurlaritzaren, beste euskal erakunde batzuen eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearen ordezkari hauekin:
– Presidentea: Irina Rabalo Navarro andrea, Eusko Legebiltzarreko Berdintasun eta Garapenerako Lankidetza Batzordeko burua.
– Bokalak:
• Eusko Jaurlaritzaren eta beste euskal erakunde batzuen ordezkariak:
Ainhoa Zugasti Bilbao andrea, Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaria.
Miren Elgarresta Larrabide andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria.
• Nerea Uriarte Goitia andrea, Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundearen lehendakaria.
• Laura Álvarez Agoués andrea, Arartekoaren Kabinetearen arduraduna.
– Idazkaria: Javier Cortés Fernández jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria, zeinak hitza izango baitu, baina botorik ez.
4.– Emandako botoen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak, eta berdinketarik badago, presidenteak erabaki ahal izango du. Idazkariak erabakitzen diren jarduera eta akordio guztien akta egingo du. Akta horretan, sariaren erabakia oinarritzen duen irizpen arrazoitua jaso beharko da.
5.– Arau honetan xedatzen ez denari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako araudiari jarraituko zaio.
8. oinarria.– Esleipen-irizpideak.
1.– Epaimahaiak irizpide hauek aplikatuko ditu esleipen-proposamenari buruz eztabaidatzean:
– Pertsona fisikoaren edo juridikoaren edo, hala badagokio, ekimenaren ekarpena garrantzitsua den inplikaturiko komunitateen giza garapenerako.
– Proposatutako pertsona fisikoak edo juridikoak edo, hala badagokio, ekimenak egindako lana luzatu eta finkatu den.
– Pertsona fisikoak edo juridikoak edo, hala badagokio, ekimenak euskal gizartea eta, hala badagokio, nazioarteko gizartea sentsibilizatzeko irismena duen.
2.– Epaimahaiak irizpideak interpretatuko ditu, Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legean ezarritako lankidetza-politikaren printzipio orientatzaileen arabera.
3.– Oro har, saria hautagai bakar bati esleitzea proposatuko du epaimahaiak. Hala ere, salbuespen gisa, epaimahaiak honako hau proposatu ahal izango du:
a) Saria hautagai bati baino gehiagori ex aequo esleitzea. Epaimahaiak hori egiteko arrazoi bereziak azaldu beharko ditu. Halakoetan, sariaren zuzkidura ekonomikoa saritutako hautagaien artean banatuko da, zati berdinetan.
b) Saria eman gabe uztea, epaimahaiaren ustez ez badago behar adina meritu ziurtatzen duen hautagairik.
9. oinarria.– Ebazpena.
1.– Saria emateko ebazpena eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak emango du, sei hileko gehieneko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita, eta ebazpena arrazoitu egin beharko da.
2.– Ezarritako gehieneko epea igaro eta ez bada ebazpen espresurik eman eta argitaratu, aurkeztutako hautagaitzak ezetsitzat joko dira, eta deialdia hutsik geratuko da.
3.– Erabakia banaka jakinaraziko zaio saritutako hautagaitza aurkeztu duen entitateari, Nire karpetaren bidez, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskadiko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus helbidean argitaratzea.
4.– Ebazpen horrek ez du amaituko administrazio-bidea, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
10. oinarria.– Saria onartzea.
1.– Saritutako hautagaiak saria onartu beharko du. Ondorio horietarako, onartutzat joko da sariari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio bost eguneko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.
2.– Saritutako hautagaiak uko egiten badio sariari, epaimahaiak hautatutako beste hautagai bati eman ahal izango zaio saria edo, bestela, eman gabe utz daiteke. Halakoetan, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak ebazpena emango du, adierazteko aukeratutako hautagaiak uko egin diola sariari eta, beraz, proposatutako hurrengo hautagaiari emango zaiola saria edo, bestela, saria eman gabe utziko dela. Ebazpena banaka jakinaraziko zaio saritutako pertsona edo entitateari, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskadiko Administrazioaren egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus helbidean argitaratzea.
3.– Hautagai batek ere ez badu saria onartzen, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak deialdia hutsik deklaratzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskadiko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus helbidean argitaratuko da, ezertan eragotzi gabe deialdian hautagaitza aurkeztu duten eskatzaile guztiei jakinaraztea.
4.– Sariari buruzko ebazpena eman aurretik, saria onartu duen hautagaiak dokumentu bat aurkeztu beharko du, saria onartzen duela jasota uzteko eta onuradun izateko baldintzak betetzen dituela bere erantzukizunpean adierazteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak xedatutakoaren arabera.
11. oinarria.– Betebeharrak onartzea.
Lankidetzaren eta elkartasunaren Ignacio Ellacuría sarian parte hartzeak saria arautzen duten oinarri guztiak onartzen direla esan nahi du.
12. oinarria.– Saria ematea.
1.– Saria emateko, jendaurreko ekitaldia antolatuko du eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak.
2.– Saritutako pertsonak nahitaez joan beharko du ekitaldira; bestela, saritutako hautagaiaren ordezkari batek joan beharko du. Ekitaldira ez joateak sariari uko egitea dakar berekin.
13. oinarria.– Saria errebokatzea eta itzultzea.
1.– Frogatutako egitateen bidez egiaztatzen bada saria ematea arrazoitu zuten gertakariak faltsuak direla edo saritutako pertsona fisikoak edo juridikoak legez kanpoko jokabideak edo giza eskubideen kontrakoak egin dituela, saria errebokatu egingo da eta, hala badagokio, hura itzultzeko betebeharra ezarriko da.
2.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, ebazpen arrazoitu baten bidez, saria errebokatu ahal izango du, horretarako izendatutako epaimahaiak gaiari buruz eztabaidatu ondoren.
3.– Saria errebokatzeko ebazpenak sariaren zenbatekoa itzultzeko betebeharra ezarriz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera jardungo da, eta lege horren baldintzei jarraituko zaie.
14. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.
Eskabideetako datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Garapenerako lankidetzarako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Datu pertsonalak xedapen hauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira: batetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta, bestetik, (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
RSS