
207. zk., 2026ko urriaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (164 KB - 6 orri.)
- EPUB (190 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
4564
EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Justiziako zuzendariarena, espetxe-arloko lan eta ikerketari buruzko «Francisco Javier Gómez Elosegui» sariaren 2026. urterako deialdia onartzen duena.
Uztailaren 14ko 120/2026 Dekretuaren bidez, espetxe-arloko lan eta ikerketari buruzko «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria arautzen da –2026ko uztailaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 136 zenbakian–. Sari horren helburua da publikoki aitortzea eta saritzea ibilbide pertsonal edo profesionalean espetxe-eremuan giza eskubideen defentsaren eta birgizarteratze-zereginen arloan aparteko merezimenduak egin dituzten pertsonak edo kolektiboak, bai eta espetxeetako diziplina anitzeko ikerketa sustatu dutenak ere.
Sariaren izendapena Francisco Javier Gómez Elosegui espetxeetako psikologoaren oroimenez egin da, espetxeak gizatiartzeko, birgizarteratzeko eta preso guztien giza eskubideak zorrotz errespetatzeko ahaleginean nabarmendu baitzen bere bizitza profesionalean. ETAk hil zuen 1997ko martxoaren 11n.
«Francisco Javier Gómez Elosegui» saria dirulaguntzatzat hartzen ez bada ere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3.2.b) artikuluaren arabera, arau horren 7. artikuluan aurreikusitako printzipio orokorrak errespetatu behar dira, hala nola publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza. Beraz, nahiz eta onuradunak aldez aurretik eskatu ezin duen saria izan, 3.2.b) artikuluaren interpretazioak ez du baztertzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen azken xedapenetako lehena aplikatzea.
Gainera, saria emateko oinarri arautzaileak, eta, beraz, deialdi hau, 20/2023 Legean xedatutakora eta Eusko Jaurlaritzaren egitura berrira egokitu dira. Egitura berri hori lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez ezarri zen (Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta hobekuntzak egin dira saria kudeatzeko prozeduran, segurtasun juridikoa, administrazio-efizientzia eta izapidetze-gardentasuna indartuz.
Bestalde, saria ematea jasota dago Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aginduan, zeinaren bidez onartzen baita Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindua –2025eko otsailaren 5eko Aginduaren bidez onartua eta 2026ko otsailaren 10eko Aginduaren bidez eguneratua–. Sariak plan horren helburuak lortzen laguntzen du, askatasunaz gabetutako pertsonak birgizarteratzearekin lotutako jarduerak, ibilbideak eta ikerketak aitortzen eta bultzatzen baititu, baita espetxeetan giza eskubideak sustatzen ere.
Sariaren 10.000 euroko zuzkidura ekonomikoa egokitzat eta neurrikotzat jotzen da lortu nahi den helbururako, sariaren xedea espetxe-arloan garrantzi berezia duten ibilbide, ikerketa edo jardueren aintzatespen publikoa baita. Era berean, zenbateko hori bat dator sari beraren aurreko deialdietan ezarritakoarekin, eta sustapen- eta aitorpen-tresna horren jarraitutasuna bermatzen du, aurreko ekitaldiekiko gastu-gehikuntzarik sortu gabe. Deialdiaren finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean «Espetxeen arloan egindako ibilbide eta ikerketari saria» kontzeptuaren pean jasota dagoen 16 1413 13 451 22/1236 aurrekontu-zuzkidurari dagokio, eta kreditu egokia eta nahikoa egongo da hura ematearen ondoriozko betebehar ekonomikoei aurre egiteko.
Sariaren urteko deialdia espetxe-legeria betearazteko eskumena duen zuzendaritzaren titularraren ebazpen baten bidez egingo da, aipatutako 120/2026 Dekretuaren 3.1 artikuluak zehazten duen bezala.
Horregatik guztiagatik, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Espetxe-arloko lan eta ikerketari buruzko «Francisco Javier Gómez Elosegui» sariaren 2026ko deialdia onartzea, sari hori arautzen duen uztailaren 14ko 120/2026 Dekretuaren babesean (2026ko uztailaren 20ko EHAA,136. zk.), ebazpen honen eranskinetan agertzen den moduan.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Datuen babesa.
Sariaren kudeaketarekin lotutako datu pertsonalen tratamenduek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 15a.
Justiziako zuzendaria,
JOSÉ MARÍA BASTOS MARZAL.
I ERANSKINA
«Francisco Javier Gómez Elosegui» sariaren deialdia
Lehenengoa.– Sariaren edukia.
1.– Saria ohorezko aipamen batek, aintzatespen publiko batek eta diru-kopuru batek osatuko dute, eta eman ondoren, ordainketa bakar batean ordainduko da.
2.– Saria 10.000 eurokoa izango da.
3.– Epaimahaiak saria ex aequo ematen badie hautagai bati baino gehiagori, zenbatekoa haien artean proportzionalki hainbanatuko da.
4.– Sarituak uko egin ahal izango dio sariaren zuzkidura ekonomikoari, hargatik eragotzi gabe ohorezko saria eta aintzatespen publikoa onartzen jarraitzea.
Bigarrena.– Hautagai-zerrendak.
1.– Hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria arautzen duen 2026ko uztailaren 14ko 120/2026 Dekretuan aipatzen diren pertsonek eta erakundeek, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Justizia Zuzendaritzara zuzendu beharko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein bide erabiliz.
2.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
3.– Hautagaitzak aurkezteko interesa duten pertsona fisikoek bide presentziala edo elektronikoa erabili ahal izango dute. Kanal horietako edozein erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan erabili behar direnik, eta edozein unetan alda daitezke.
4.– Hautagaitza inprimaki normalizatuan beteko da, «Francisco Javier Gómez Elosegui sariaren hautagaitza» eranskinean jasotako ereduaren arabera. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.
Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko zehaztapenak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1223605
Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Hirugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea.
Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Epaimahaia.
Epaimahaia honela osatuko da:
a) Batzordeburua: espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordea, Alfonso Gómez Fernández jauna.
b) Batzordekideak:
1.– Gemma Varona Martínez andrea, Zigor Zuzenbidean doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (IVAC-KREI) Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria.
2.– Ruth Alonso Cardona andrea, Bilboko Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiko magistratua.
3.– Marian Moreno andrea, Gipuzkoako espetxeko psikologoa.
4.– Jon Mirena Landa Gorostiza jauna, Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedraren zuzendaria.
c) Idazkaria: Justiziako zuzendaria, Jose María Bastos Marzal jauna; hitza izango du, baina botorik ez.
RSS