Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2026ko urriaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4559

ERABAKIA, 2026ko urriaren 6koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, Ente Publikoaren 2026ko ekitaldirako Enplegu Publikoaren Eskaintza onartzen duena.

Euskadiko Osasun Itunak 24 ildo estrategiko jasotzen ditu, sei eremu handitan multzokatuta: osasunaren prebentzioa eta sustapena; gaixotasunari arreta; lehentasunezko osasun-arloak; kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna; profesionalen garapena; eta gardentasuna eta herritarren parte-hartzea. Ildo horien helburua da osasun-sistemaren eraldaketa bideratzea, pertsonengan zentratutako eredu prebentiboago, ekitatiboago eta berritzaileago baterantz.

Osasun-arloko profesionalen garapenari dagokion eremuan, honako ekintza-lerro hauek zehaztu dira:

– Osasunaren arloko Prestakuntza eta Irakaskuntza: ezagutza zabaltzea eta etengabeko gaikuntza sustatzea pertsonal sanitarioaren artean.

– Pertsonalaren politika: pertsonalak sistemarekin duen erakarpena, fidelizazioa, parte-hartzea eta lidergoa sustatzea.

Euskadiko Osasun Itunean definitzen joan diren langileen arloko estrategia handiekin bat etorriz, Osakidetzak bere helburuak identifikatu ditu, bai eta 2024-2028 aldirako langileen politikan dituen arlo estrategikoak eta jarduketa-ildoak ere.

Plangintza horren alderdi garrantzitsu bat da Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan planteatzen diren langile-beharrak kuantifikatzea, zerbitzu eta unitateen estaldura egokia bermatzeko eta herritarren eskaerei eta bilakaera zientifiko eta teknologikoari berari erantzuteko. Horretarako, profesionalen plantilla behar bezala dimentsionatuta egongo da, bi erronka estrategikorekin lerrokatuta: behin-behinekotasuna murriztea eta kalitatezko enplegu publikoa finkatzea.

Horrela, Osakidetzako langileen politikaren esparruan, 2024-2028 legegintzaldiko helburuen artean ezarri da pertsonen kudeaketa planifikatu, proaktibo eta garden bat ezartzea, premia asistentzialei eta premia ez-asistentzialei erantzuteko. Horretarako, giza baliabideen prozesuak etengabe modernizatu eta hobetu behar dira, eta zerbitzu-erakundeei behar duten laguntza teknikoa eman behar zaie, ezarritako helburuak bete ditzaten.

Helburu horiek betetzeko hainbat neurri planteatzen dira, besteak beste, aldizkako Enplegu Publikoaren Eskaintzak egitea, plantillen egonkortasuna eta nahikotasuna bermatzeko, ezinbestekoak baitira gure osasun-sistema bikaina izateko.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52. artikuluak ezartzen duenaren arabera, aurrekontu-esleipena duten lanpostuak betetzeko langileak behar direnean, lanpostuok ezin direlako bete administrazio bakoitzean dauden giza baliabideekin, eta, ondorioz, lanpostu horiek langile berriekin bete behar direnean, enplegu publikoaren eskaintza egin beharko da. Izan ere, lege horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esparruko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren arau-esparrua.

2026ko Enplegu Publikoaren Eskaintzak langileen birjartze-tasari dagozkion lanpostuak jasotzen ditu, eta lanpostu horiek honela zehazten dira: 2025ean sortutako langileen baja garbien % 120a, 2023. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 20.bi.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera (gaur egun luzatua).

Aurreko aurrekontu-ekitaldian zerbitzuak emateari utzi dioten langile finkoen kopuruaren eta aipatutako ekitaldian sartu diren langile finkoen kopuruaren arteko aldeari aplikatzen zaio ehuneko hori (langile finko horiek edozein arrazoirengatik sartu direla, salbu enplegu publikoaren eskaintzetatik datozenak edo lanpostuak erreserbatzea ez dakarten egoeretatik itzuli direnak). Ondorio horietarako, zerbitzu-prestazioa honako arrazoi hauengatik utzi duten kasuak hartzen dira kontuan: jubilazioa, erretiroa, heriotza, uko egitea, lanpostua gorde gabeko eszedentzia-egoera deklaratzea, karrerako funtzionarioaren izaera galtzea edo lan-kontratua azkentzea, edo lanpostua erreserbatzea edo lanpostua uzten den administrazioaren kargurako ordainsariak jasotzea ez dakarren beste edozein administrazio-egoera. Era berean, kontuan hartuko dira beste administrazio publiko batzuetara lekualdatzeko lehiaketen ondorioz izandako altak eta bajak.

Ondorio horietarako, Erabaki honi Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ziurtagiri bat erantsi zaio (1. eranskina), eta bertan adierazten da zenbat baja eta alta hartu diren kontuan birjartze-tasa kalkulatzeko.

Hortaz, egungo aurrekontu-araudiak neurri gehigarri bat gaitzen du, birjartze-tasaren mekanismoa gainditzea ahalbidetzeko. Helburua da Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoa betetzea, eta behin-behinekotasuna % 8tik gorakoa ez izatea. Hala ere, neurri horrek baldintza hau du: urte anitzeko plangintza-tresna bat izatea.

Ondorio horietarako, Osakidetzak behin-behinekotasuna murrizteko plangintza-tresna bat garatu du dokumentu honetan: «Langileen politika. Giza Baliabideen Plangintza Estrategikoa, 2024-2028». Dokumentu horrek arlo estrategikoak definitzen ditu, zeinaren arabera definitzen baitira Osakidetzaren Giza Baliabideen ekintza-lerroak eta estrategia, legegintzaldi honetan ezarritako helburuak lortzera bideratutako esparru orokorraren barruan, eta Osasun Itunaren diagnostikoari buruzko txostenaren ikuspegiarekin bat eginda. Estrategia horri beste era batera heldu behar izan zaio finkatutako helburuak lortu ahal izateko, hau da, behin-behinekotasuna murriztea eta enplegu publikoa egonkortzea.

Azaldutakoa kontuan hartuta, langileen birjartze-tasa arruntaren ondoriozko plazak kuantifikatzen dira.

Enplegu publikoaren eskaintzan, sartu berri diren langileekin bete beharreko lanpostuekin batera, beste lanpostu batzuk ere sartu ahal izango dira, barne-sustapeneko prozesuen bidez betetzeko. Kasu horretan, dagokion negoziazio-prozesua egin ondoren eta plantillaren egoera aztertu ondoren, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak zehaztu beharko du zein den EPEaren barruan barne-sustapeneko prozesuen bidez deituko den lanpostu kopurua, bai eta horiek langileen birjartze-tasaren ondoriozko lanpostu kopuru maximoaren barruan sartzea edo ez sartzea ere, abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 20. artikuluan ezartzen denaren arabera. Bi deialdiak, txanda irekikoa eta barne-sustapenekoa, batera egingo dira.

Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatuko da lanpostuak nola banatu behar diren lanbide-kategorien arabera, eta bertan negoziatuko dira, orobat, deialdien oinarriak, eta, Administrazio Kontseilu honek horiek onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Horrela, Osakidetzak, berriz ere, bere profesionalen enpleguaren kalitatea hobetzeko konpromisoa berresten du, lege-esparruaren barruan, eskaini beharreko plaza kopurua langileen birjartze-tasaren gehieneko ehunekora egokituz (% 120).

2026ko irailaren 30eko Osasuneko Mahai Sektorialaren bilerarako bidalitako gai-zerrendan jasota dagoenaren arabera, Osakidetzaren enplegu publikoaren askotariko eskaintzen negoziazioaren barruan jaso da langileen birjartze-tasari dagokion informazioa. Negoziazio-prozesuak aurrera jarraituko du dagozkion deialdiak, deialdi horiek eraendu behar dituzten oinarriak eta eskaini beharreko lanpostuak zehazteko eta lanpostu horiek kategoria eta lanpostu funtzionalaren arabera banatzeko, Osakidetzaren egiturazko plantillaren egoera oinarri hartuta.

Azaldutakoaren arabera, Kontseilu honi aurkeztutako dokumentuak aztertu ondoren, Zuzendaritza Nagusiaren proposamenari jarraikiz, eta bat etorrita Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean xedatutakoarekin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluarekin, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak erabaki hau hartu zuen 2026ko urriaren 10eko bilkuran:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Osakidetzaren 2026ko enplegu publikoaren eskaintza (EPE) onartzea.

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutupeko langile finko izateko 2026ko enplegu publikoaren eskaintza onartzen da, Erabaki honetan ezartzen diren baldintzetan.

Bigarrena.– 2026ko EPEko lanpostuen kuantifikazioa.

2026ko lan-eskaintza publikoak 1.418 plaza hartzen ditu guztira, hau da, langileak birjartzeko legez ezarritako tasaren % 120. Plaza horiek aurrekontu-zuzkidura dute, eta ente publikoaren egiturazko plantillan agertzen dira.

Hirugarrena.– Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio, dagokion negoziazio-prozesuaren ondoren eta plantillaren egoera aztertu ondoren, txanda irekiko eta barne-sustapeneko hautaketa-prozesuen bidez EPEaren barruan eskainiko den lanpostu-kopurua onar dezan.

Laugarrena.– Aurreko apartatuetan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo dira, oposizio-lehiaketaren sistemaren arabera, oro har.

Bi prozesuen fase guztietan beteko dira publizitate-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak, eta ahalik eta gardentasun handienarekin garatuko dira.

Bosgarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dagozkion deialdiak argitaratzean zehaztuko dira enplegu-eskaintza publiko honetan sartuko diren lanpostu funtzionalak.

Seigarrena.– Nolanahi ere, sortzen den eskaintza horren deialdiko lanpostuetan legez ezarritako ehunekoa gorde beharko da desgaitasuna duten pertsonek betetzeko, dagozkien hautaketa-prozesuak arautzen dituzten oinarrietan ezartzen diren baldintzetan.

Zazpigarrena.– Hautaketa-prozesuak garatzeko jarduketak kudeatzeko, oinarri orokorrek eta dagozkien deialdietako oinarri espezifikoek ezartzen dutena hartuko da oinarri.

Zortzigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiari ematen zaio deitzen diren hautaketa-prozesuen kudeaketa egiteko ardura, oinarri orokorrak eta espezifikoak kontuan hartuta. Horrekin batera, haren esku uzten da deialdiak gauzatzeko beharrezkoak diren ebazpenak ematea, barne sartuta deitu behar diren lanpostuak zehazteari buruzkoa, kalifikazio-epaimahaiak izendatzeari buruzkoa, eta deialdiei eta destinoen esleipenari buruzkoa.

Bederatzigarrena.– Erabaki honek sinatzen denetik aurrera izango ditu ondorioak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 6a.

Osakidetzako Administrazio Kontseiluko presidentea,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.


Azterketa dokumentala