
207. zk., 2026ko urriaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (496 KB - 46 orri.)
- EPUB (1194 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
4557
EBAZPENA, 2026ko irailaren 9koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente kategorian txanda irekiaren bidez sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten duena.
Deialdia Segurtasuneko sailburuordearen eskaerari eta udal hauetatik jasotako gomendioei jarraiki egin da:
Amorebieta-Etxano.
Aretxabaleta.
Azkoitia.
Bakio.
Balmaseda.
Barakaldo.
Basauri.
Berango.
Bermeo.
Bilbao.
Derio.
Donostia.
Durango.
Eibar.
Elgoibar.
Erandio.
Ermua.
Errenteria.
Etxebarri.
Galdakao.
Getxo.
Gorliz.
Irun.
Lasarte-Oria.
Legazpi.
Leioa.
Loiu.
Mungia.
Muskiz.
Portugalete.
Santurtzi.
Sestao.
Urnieta.
Urretxu.
Vitoria-Gasteiz.
Zamudio.
Zumarraga.
Deialdia egiteko, honako hauetan ezarritakoa hartu da aintzat: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen 2020ko uztailaren 22ko Legegintzako Dekretua; eta Euskal Herriko Poliziaren hautaketa- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua, eta horren gainean egindako aldaketak.
Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Kontseilu Errektoreak ere onartu du.
Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari nagusi honek erabaki du deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozedurarako, oinarri hauen arabera:
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Hautaketa-prozeduraren deialdia egiten da, oposizio-lehiaketa irekiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agenteen lanpostuak betetzeko. Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egin beharko dira hautaketa-prozeduraren barruan.
Ertzaintzako 430 plaza eta Udaltzaingoko 163 plaza eskaintzen dira, I. eranskinean jasotako banakapenaren arabera.
Deialdiko plaza kopurua handitu ahal izango da, hautaketa-prozesua gauzatu bitartean edozein arrazoi dela-eta prozesuan parte hartzen duten erakundeetan Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren agente kategorian sortzen diren plaza hutsen arabera. Plazen gehikuntza hori dagokion erakundeko organo eskudunak eskatuta egingo da, eta hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Balizko gehikuntza horiek ere oinarri hauen arabera arautuko dira, eta, nolanahi ere, oposizio-lehiaketa gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehen ezarri beharko dira.
Oposizio-lehiaketa gainditu dutenen behin-behineko zerrenda argitaratu aurretik, zuzendaritza honen ebazpen baten bidez, argitara emango da nola jokatuko duten hautaketa-prozesuan parte hartzen duten udalek emakumeen azpiordezkaritza zuzentzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ertzaintzari dagokionez, aipatutako 66. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, eta bat etorriz Sustapen Planean ezarritakoarekin, segurtasun-zerbitzu publikoan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko helburua betetze aldera, deialdiko plazen % 40 emakumeentzat gordeko dira.
Prozesu honetan parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoei (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuei dagokienez, oro har, emakumeak sustatzeko plan horiek ezarri arte, gutxieneko ehunekoa ezin izango da izan % 25 baino txikiagoa, betiere, deialdian hiru plaza baino gehiago badago.
Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izan nahi badute, betekizun hauek guztiak bete beharko dituzte:
a) Aldez aurretiko eskabidea egitea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea.
c) 18 urte izatea eta 38 urte bete gabe izatea; muga hori Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan emandako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da.
d) Batxilergoko titulua edo baliokidea izatea, edo goragoko beste edozein.
e) Ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia hautatu eta prestatzeko araudia onartzen duen Dekretua laugarren aldiz aldatzen duen azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuan agertzen diren medikuntza-arloko bazterketen taulako kasuren batean.
f) Ez izatea kondenatua dolozko delituagatik, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia edo funtzio publikoak egiteko desgaitua edo etena ere; hargatik eragotzi gabe birgaitua izateko aukera, zigor- eta administrazio-arauen arabera.
g) Armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa hartzea, eskatzailearen deklarazioaren bidez.
h) Ez egotea baztertuta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoren batean (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) edo Udaltzaingoko zerbitzuren batean sartzeko hautaketa-prozeduraren batetik falta astuna edo oso astuna egiteagatik, salbu eta preskripzio-epearen baliokidea den epea igaro bada, baztertzeko deklarazioaren egunetik zenbatzen hasita.
i) Ez egotea sartuta desgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean, indarrean dagoen araudiaren arabera, praktiketako funtzionario izendapenak ondorioak dituen egunean.
j) Honako gidabaimen hauek izatea:
1.– B motako baimena gidabaimena izatea, mugarik gabeko turismoetarako, eta indarrean edukitzea eskabideak aurkezteko epearen azken egunean, deialdiko plaza guztietarako salbu eta Aretxabaletako Udalekoetarako.
2.– Karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoen A gidabaimena edukitzea.
– Berango.
– Vitoria-Gasteiz.
3.– Eskabideak aurkezteko azken egunean indarrean dagoen A gidabaimena izatea.
– Gorliz.
4.– Karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoen A1 gidabaimena izatea.
– Azkoitia.
5.– Epaimahaiak plazak esleitzeko adierazitako eguna baino lehenagotik indarrean dagoen A2 gidabaimena izatea.
– Basauri.
– Irun.
– Portugalete.
6.– Eskabideak aurkezteko azken egunean indarrean dagoen A2 gidabaimena izatea.
– Errenteria.
– Mungia.
– Vitoria-Gasteiz.
7.– Karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoen A2 gidabaimena izatea.
– Ermua.
8.– Karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoen C1 gidabaimena izatea.
– Azkoitia.
9.– Eskabideak aurkezteko azken egunean indarrean dagoen C1 gidabaimena izatea.
– Gorliz.
10.– Karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoen C1+E gidabaimena izatea.
– Errenteria.
Arestian adierazitako baimenek indarrean egon beharko dute beti, haien indarraldia hasten denetik, gidatzeko eskubidea eten edo kendu gabe, bai administrazio-izaerakoak, bai izaera judizialekoak, eta esleitutako puntu guztiak galdu gabe.
Lanpostuen betekizun espezifiko horiek merezimenduak alegatzeko eskabidean alegatu beharko dira, bederatzigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
k) Derrigortasun-data igarota duten lanpostuak lortu nahi dituztenentzat, B2 hizkuntza-eskakizuna edo goragokoa izatea, edo hautaketa-prozesu honetan horretarako deitzen diren egiaztapen-probak gainditzea (deialdiaren hamargarren oinarrian xedatutakoaren arabera).
l) Ordainduta izatea eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko maiatzaren 29ko 13/1998 Legean adierazitakoaren arabera eta 3.4 oinarrian xedatutakoarekin bat.
2.– Hogeita hirugarren oinarrian ezarritako aldi baterako enplegurako lan-poltsan parte hartu nahi dutenek berariaz adierazi beharko dute eskabidean.
3.– Prozeduran parte hartu nahi duten guztiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteak izan beharko dituzte eskatzen diren betekizun guztiak, j) eta k) apartatuetan ezarritako salbuespenak aintzat hartuta, eta Oinarrizko Eskalako agente kategoriako karrerako funtzionario izendatu bitartean indarrean atxiki beharko dituzte, baldintza horiek prozeduraren zer unetan egiaztatu behar dituzten gorabehera.
4.– Hautaketa-prozeduraren uneren batean, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian barne, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jakiten badu parte-hartzaileren batek ez dituela betetzen deialdian parte hartzeko betekizunak, berehala baztertuko da prozesutik pertsona hori, aurretik hari entzunda.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko modua.
Elektronikoki aurkeztuko dira hautaketa-prozeduran parte hartzeko eskabideak, Enplegu Publikoaren Atariaren bidez, helbide elektroniko honetan:
https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Horretarako, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartutako bitartekoren baten bidez identifikatzea.
https:/www.euskadi.eus/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/web01-sede/es/
Eskabide elektronikoa Eusko Jaurlaritzako KZgunea zentro publikoetan ere egin ahal izango da. KZgunea zentroen zerrenda eta kokapena helbide honetan ikus daitezke: www.kzgunea.eus
2.– Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabidean adieraziko da zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren oposizio-faseko ariketak.
Hautaketa-prozesu honetan nork bere borondatez hartzen du parte, eta parte hartze hutsarekin izangaiek eskabidean adierazten dute berariaz eta zalantzarik gabe ematen dutela baimena proba eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta onartzen dutela proba horien emaitza beste balorazio-irizpide bat izango dela, oinarrietan aurreikusitakoarekin bat.
Behar bezala betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua –Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra)–, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa –Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa– eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia, datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
– Tratamenduaren arduraduna: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia. Segurtasun Saila.
– Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: EAEko segurtasun publikoaren sistemako organo eta zerbitzuetako, segurtasun-zerbitzu pribatuetako eta herritarren segurtasuna lortzeko lanean diharduten gainerako zerbitzuetako langileen hautaketa-prozesuen kudeaketa eta jarraipena egitea, bai eta beste pertsona batzuena ere, baldin eta, segurtasun publikoko zerbitzuetakoak izan ez arren, interes profesionala badute edo beren jarduerak zerbitzu horien garapenean eragiten badu.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko (6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legea onartzen duena; 2/2018 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena).
– Informazioaren hartzaileak: autonomia-erkidegoko beste organo batzuk, toki-administrazioko beste organo batzuk, Funtzio Publikoko Zuzendaritza. EAEko beste administrazio eta enpresa batzuk, hautaketa-prozesuaren berezko helburuetarako.
– Eskubideak: datuetara iristeko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, eta informazio gehigarrian azaldutako beste zenbait eskubide.
– Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml
3.– Eskabidearen edukia. Eskabideko apartatu hauek bete beharko dira:
– Datu pertsonalak, prozesua behar bezala kudeatzeko (izena, abizenak, jaioteguna eta jaioterria).
– Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta helbide elektronikoa.
– Zer hizkuntza ofizial aukeratzen den, euskara ala gaztelania, oposizio-faseko ariketak egiteko.
– Titulazioa.
– Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan emandako zerbitzuak, gehieneko adina konpentsatzeko.
– Aldi baterako lan-poltsan parte hartzea.
4.– Tasa ordaintzea. Bigarren oinarriko 1.l) apartatuan aurreikusitako betekizuna betetzeko, 20,68 euro ordaindu beharko dira, eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa gisa, eskabideak aurkezteko epearen barruan.
Egoitza elektronikoko ordainketa-pasabidearen bitartez ordainduko da zenbateko hori:
https://euskadi.eus/nireordainketa
Bi aukera daude tasa ordaintzeko:
a) Offline ordainketa: finantza-entitate laguntzaileren baten bulego batera joan –Kutxabank (BBK, Vital, Kutxa Gipuzkoa), Laboral Kutxa, La Caixa, Banco Santander, BBVA, Sabadell/Guipuzcoano, Bankia, Bankoa edo Iparkutxa– eta bertan ordaindu daiteke, sistemak emandako hartu-agiria edo jasotako datuak aurkeztuta.
Hartu-agiriek barra-kodea dutenez, irakurgailu optikoa duen kutxazain automatikoaren bidez egin daiteke ordainketa, edo datuak eskuz eskuratuta.
Halaber, ordainketa-gutuneko QR kodea eskaneatu daiteke telefono mugikor batekin, eta automatikoki sartu ordainketa-pasabidera.
b) Online ordainketa: banku elektronikoaren sistemaren bidez ordaindu daiteke, finantza-entitate laguntzaileren baten banka elektronikoko bezero izanez gero.
Tasa epe barruan ordaintzen ez bada edo okerreko kantitatea ordaintzen bada, prozeduratik baztertuko da eskatzailea, deialdiaren bigarren oinarriko 1.l) apartatuan xedatutako betekizuna bete ez duelako.
Tasa aurkezteak eta ordaintzeak inola ere ezin izango du ordeztu eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea, oinarri honen aurreko apartatuetan adierazitakoaren arabera.
Laugarrena.– Parte hartzeko betekizunak eta merezimenduen balorazioa.
1.– Parte hartzeko betekizunak betetzea eta merezimenduak baloratzea:
Betekizunak betetzeko eta baloratu beharreko merezimenduak alegatzeko erreferentzia-data, oro har, eskabideak aurkezteko azken eguna izango da.
Ez da beharrezkoa izango Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) jasota dauden datuak egiaztatzea.
2.– Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzea.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak egiaztatuko ditu alegatutako betekizun eta merezimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroei kontsulta eginez, eta, horretarako, kontsulta egingo die administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataformari edo ziurtagiria eman duen organismoari.
Kontsulta horiek kasu guztietan eta izangai guztientzat egingo dira, salbu eta jasota badago eskatzaileak berariaz eta arrazoituta aurka egin diola eta tratamendu-jardueraren ardura duen organoak aurkakotasun hori aintzat hartzen badu.
Eskatzaileren batek kontsultaren aurka dagoela agertuz gero (arrazoiak emanda), nahitaez aurkeztu beharko ditu aurka egindako kontsultaren xede diren dokumentuak.
Euskal Autonomia Erkidegoko beste polizia-kidego batzuetan (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetan emandako zerbitzuak alegatzeko, egiaztagiriaren kopia soil bat aurkeztu beharko da.
Bosgarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta helbide elektroniko honetan argitaratuko da:
https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/akademia
2.– Behin-behineko zerrendan, baztertu bakoitza zergatik baztertu den adieraziko da, eta 10 egun balioduneko epea emango da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egon litezkeen akatsak zuzentzeko. Epe hori ezin izango da erabili eskabidea aldatzeko edo tasa ordaintzeko.
3.– Garaiz aurkeztutako erreklamazio eta zuzenketak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen ebazpenean onetsi edo ezetsiko dira. Ebazpen hori hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.
4.– Aurreko zerrendetan eta argitara emango diren gainerakoetan, NAN zenbakiaren bidez identifikatuko dira parte-hartzaileak (edo datuak babesteko indarrean dagoen araudi aplikagarriari buruzko gomendioak errespetatuz).
Seigarrena.– Hautaketa-sistemaren garapena.
1.– Oposizio-lehiaketa izango da hautaketa-sistema. Oposizioa eta lehiaketa bata bestearen atzetik egingo dira, izangaien gaitasuna zehazteko eta haien arteko lehentasun-hurrenkera finkatzeko.
2.– Oposizio-lehiaketako guztizko puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batura izango da, eta horri gehituko zaio, hala badagokio, euskara ezagutzearen merezimendutzat ebaluatuko dena. Horrela zehaztuko da lehentasun-ordena izangaien artean.
Zazpigarrena.– Oposizioa.
Hautaketa-prozesu honetan nork bere borondatez hartzen du parte, eta parte hartze hutsarekin izangaiek adierazten dute berariaz eta zalantzarik gabe ematen dutela baimena proba eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta onartzen dutela proba horien emaitza beste balorazio-irizpide bat izango dela, oinarrietan aurreikusitakoarekin bat.
Oposizioan, ondoz ondoko proba hauek egin beharko dira:
1.– Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: proba psikoteknikoa izango da, eta izangaien gaitasun intelektualak ebaluatzea izango du helburu. Proba hau 0 eta 120 puntu artean baloratuko da, eta deitutako lanpostuaren profil profesionalari buruzkoa izango da.
Lau ariketa izango ditu probak, guztiak ere nahitaezkoak, eta 0 eta 30 puntu bitarteko balioa izango dute.
Ariketa bakoitzean, idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera-sorta bati.
Test motako galdera-sorta bakoitzeko galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.
Ariketa bakoitzean, erantzun zuzen bakoitzaren balioaren 1/3rekin zigortuko da erantzun oker bakoitza. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bikoitzek ez dute zigorrik izango.
Ariketak:
a) Arrazoitze-ariketa. Helburua: gizabanakoei arazo eta egoera konplexuak ebaztea, elementuen arteko erlazioak hautematea eta legeak sortzea ahalbidetzen dieten eskema kognitiboak ebaluatzea. Gaitasun deduktiboa aztertzea, aldez aurretik ezagunak diren proposizio jakin batzuetatik abiatuta, aldez aurretik ezagutzen ez diren ondorioak esplizituki lortzeko.
b) Pertzepzio-gaitasunei buruzko ariketa (identifikazioa, bereizketa...). Helburua: arreta eta behaketa ebaluatzea patroien bidez. Arreta jarraiturako eta xehetasunean kontzentratzeko gaitasuna ebaluatzea. Antzeko elementuak identifikatzeko eta elementu desberdinak bereizteko azkartasuna ebaluatzea.
c) Gaitasun espazialei buruzko ariketa. Helburua: errealitatearen analisia ebaluatzea, zehaztasunez hautemanez behatutako objektuen norabideak eta tamainak, haien erreprodukzio mentala eta objektuok mentalki biratzeko gaitasuna. Objektuak ikuspegi guztietatik eta egoera desberdinetan ezagutzeko trebetasuna eta aldaketa espazial batzuei aurrea hartzeko gaitasuna ebaluatzea.
d) Hitzezko gaitasunari buruzko ariketa. Helburua: idatzizko materiala erabiliz arrazoitze induktibo eta deduktiborako trebetasunak eta gaitasunak ebaluatzea. Hizkuntza behar bezala erabiltzea. Argudioen analisia eta irakurketaren ebaluazio logikoa. Era berean, kontzeptuen arteko erlazioak eta hiztegiaren aberastasuna identifikatzeko gaitasuna ebaluatzea.
Proba hau gainditzeko, 60 puntu lortu beharko dira gutxienez lau ariketak batuta.
Hautaketa-sistema egokia izan dadin, eta betiere izangaiak zein diren jakin aurretik, proba gainditu ahal izateko gutxieneko puntuazio-atalasea zein den erabaki ahal izango du kalifikazio-epaimahaiak, eta erabaki hori jakinarazi. Erabakia hartzeko, aintzat hartuko ditu eska daitekeen gutxieneko maila eta proba honetan erakutsitako jakintza-maila. Kasu horretan, proba honetako puntuazioa lortzeko, arestian esandakoaren arabera, formula hau aplikatuko du kalifikazio-epaimahaiak:
IPB = (GehPB / 2) x (1 + (ZP – a) / (GehZP – a))
Hau da:
IPB = Izangaiak lortu duen puntuazio bihurtua.
GehPB = Probaren gehieneko puntuazio bihurtua (proba egitean lor daitekeen gehieneko puntuazioa, deialdiaren oinarrien arabera: 120 puntu).
ZP (Izangaiak lortu duen zuzeneko puntuazioa) = erantzun zuzenen kopurua – (akats kopurua x 1/3).
m = Proba gainditzeko behar den gutxieneko zuzeneko puntuazioaren atalasea (kalifikazio-epaimahaiak ezarrita).
GehZP = probaren gehieneko zuzeneko puntuazioa (proba egitean lor daitekeen gehieneko zuzeneko puntuazioa).
2.– Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: jakintza neurtzeko proba bat izango da, eta idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera-sorta bati.
Probaren edukia ebazpen honen II. eranskinean adierazitakoaren araberakoa izango da.
Test motako galdera-sortako galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.
Proba honetan, erantzun zuzen bakoitzaren balioaren 1/3rekin zigortuko da erantzun oker bakoitza. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bikoitzek ez dute zigorrik izango.
Proba hau 0 eta 150 puntu artean baloratuko da, eta baztertuta geratuko dira, automatikoki, gutxienez 75 puntu lortzen ez dutenak.
Hautaketa-sistema egokia izan dadin, eta betiere izangaiak zein diren jakin aurretik, proba gainditu ahal izateko gutxieneko puntuazio-atalasea zein den erabaki ahal izango du kalifikazio-epaimahaiak, eta erabaki hori jakinarazi. Erabakia hartzeko, aintzat hartuko ditu eska daitekeen gutxieneko maila eta proba honetan erakutsitako jakintza-maila.
Kasu horretan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoaren arabera, formula hau aplikatuko du kalifikazio-epaimahaiak:
IPB = (GehPB / 2) x (1 + (ZP – a) / (GehZP – a))
Hau da:
IPB = Izangaiak lortu duen puntuazio bihurtua.
GehPB = Probaren gehieneko puntuazio bihurtua (proba egitean lor daitekeen gehieneko puntuazioa, deialdiaren oinarrien arabera: 150 puntu).
ZP (Izangaiak lortu duen zuzeneko puntuazioa) = erantzun zuzenen kopurua – (akats kopurua x 1/3).
m = Proba gainditzeko behar den gutxieneko zuzeneko puntuazioaren atalasea (kalifikazio-epaimahaiak ezarrita).
GehZP = probaren gehieneko zuzeneko puntuazioa (proba egitean lor daitekeen gehieneko zuzeneko puntuazioa).
3.– Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: proba psikoteknikoa. Proba hau 0 eta 100 puntu artean baloratuko da.
Bi ariketa izango ditu. Bi ariketak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta lanpostuaren profil profesionalari buruzkoak.
Hirugarren proba horretako bi ariketetan lortutako datuak ondorengo probetan ere erabili ahal izango dira, neurketa-tresna gisa.
a) Nortasun-testaren ariketa, nortasun-ezaugarri orokorrak ebaluatzeko, bai eta izangai bakoitzak arlo emozional, sozial eta antolaketakoan lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko duen konpetentzia-maila ebaluatzeko ere; halaber, hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen normaltasun-maila edo desbideratze-ezaren maila balioestea, patologia-kasu posibleak detektatuz.
Ariketa honen balorazioa 0 eta 50 puntu artekoa izango da, eta gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak automatikoki baztertuko dira.
Ariketa hau baloratu ahal izateko, item guztiei erantzun beharko zaie: galderaren bat erantzun gabe uzten bada, baliogabetze-lerroan erantzuten bada edo bi erantzun idazten badira item berari erantzuteko, «0» puntuko emaitza lortuko da ariketan.
Ariketa zuzentzeko, izangaien anonimotasuna gordeko da.
Dimentsio eta eskala hauek aztertuko dira:
• Egokitasun emozionala.
○ Estresarekiko tolerantzia.
○ Autokontrola.
○ Bere buruarenganako segurtasuna.
○ Porrotaren eta frustrazioaren gaineko kontrola.
• Egokitasun psikikoa.
○ Antsietatea.
○ Depresioa.
○ Etsaitasuna.
○ Paranoidismoa.
○ Histrionismoa.
• Irudiaren distortsioa.
• Egokitasun soziala.
○ Adeitasuna.
○ Soziabilitatea.
○ Asertibotasuna.
○ Lidergoa.
○ Talde-lana.
• Antolaketako egokitasuna.
○ Arazoak konpontzea.
○ Arauei kasu egitea.
○ Malgutasuna.
○ Betebeharraren zentzua.
○ Ekimena.
○ Plangintza eta antolaketa.
○ Mugikortasuna.
Zuzenketa: ariketa zuzentzeko, testa osatzen duten eskalen zuzeneko puntuazioak eskuratuko dira. Ondoren, zuzeneko puntuazioei, puntuazio-eskala konparagarri baten araberako baremoa ezarriko zaie (oro har, zentilak). Jarraian, 0 eta 1 puntu arteko balorazioa ematen zaio eskala bakoitzaren zentilari (eta irudiaren distortsioari buruzko adierazleari), deitutako lanpostuarekiko egokitasun-mailaren arabera. Azaldutakoaren arabera, gehienez 22 puntu lor daitezke testean. 21 neurketa-eskaletan eta irudiaren distortsioari buruzko adierazlean lortutako puntuen batukariak puntuazio bat banatzen du, eta, era berean, jarraian zehazten diren hamar egokitzapen-mailak definitzen ditu:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Azkenik, deialdiaren oinarrietan ariketarako emandako puntuazioa esleituko zaie egokitzapen-mailei, taula honetan islatzen denari jarraikiz:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
b) Nortasun-testaren ariketa, lan-jarduerarekin lotutako jokabideak neurtzeko, pertsonaren laneko jardunarekin lotutako portaera-joerak ebaluatuz, kategoriaren profil profesionalarekiko egokitzapen-maila edo desbideratze-maila kontuan hartuta. Ariketa honen balorazioa 0 eta 50 puntu artekoa izango da, eta gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak automatikoki baztertuko dira.
Alderdi hauek aztertuko dira galdera-sortan:
– Bere buruarenganako konfiantza.
– Antolaketa eta plangintza.
– Arazoak ebaztea.
– Erantzukizuna.
– Antolaketarekiko sentsibilitatea.
– Erabakiak hartzea.
– Autokontrola.
– Presioarekiko tolerantzia.
– Asertibotasuna.
– Komunikazioa.
– Pertsonen garapena.
– Enpatia.
– Lidergoa.
– Gatazkak ebaztea.
– Talde-lana.
– Ekimena.
– Pentsamendu kontzeptuala.
Testean baloratzen diren faktoreak elkarren artean konbinatu eta haztatzen dira, hamabost faktore sortuz (desiragarritasun sozialaz gain). Faktore horiek zuzenean kuantifikatzen ditu testak, korrespondentzia-taula honen arabera:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Bi multzotan banatzen dira baloratu beharreko faktoreak: kritikoak eta adierazgarriak. Hau da:
Faktore kritikoak:
– Komunikazioa.
– Diskrezioa.
– Egonkortasun emozionala.
– Ekimena, erabakitzeko ahalmena.
– Pentsamendu kontzeptuala.
– Presioarekiko tolerantzia.
Faktore adierazgarriak:
– Asertibotasuna.
– Bere buruarenganako segurtasuna eta ezagutza.
– Porrotaren eta frustrazioaren gaineko kontrola.
– Enpatia.
– Arazoei aurre egitea eta arazoak ebaztea.
– Talde-espiritua eta lankidetza.
– Osotasun pertsonala / etikotasuna.
– Herritarrenganako orientazioa.
– Erantzukizuna.
Ariketa hau baloratu ahal izateko, item guztiei erantzun beharko zaie: galderaren bat erantzun gabe uzten bada, baliogabetze-lerroan erantzuten bada edo bi erantzun idazten badira item berari erantzuteko, «0» puntuko emaitza lortuko da ariketan.
Zuzenketa: ariketa zuzentzeko, testa osatzen duten konpetentzien inguruko faktoreen zuzeneko puntuazioak eskuratuko dira. Ondoren, zuzeneko puntuazioei baremoa ezarriko zaie, faktoreak dekatipoen bidez banatzeko (0tik 10era). Gero, ondoriozko dekatipoak baloratuko dira, lanpostuaren profilarekiko duten desbideratze- edo egokitasun-mailaren arabera. Faktore kritiko bakoitza 0 eta 1,833333333 puntu artean baloratuko da. Faktore adierazgarri bakoitza 0 eta 1,222222222 puntu artean baloratuko da. Desiragarritasun sozialaren adierazleak 1,32 puntu ken ditzake gehienez. Puntuazio orokorra lortzeko, faktore bakoitzean lortutako puntuak batuko dira. Zehazki, puntuazio orokor horren gehieneko balioa, azaldutakoaren arabera, 22 puntukoa izango da. Izangai bakoitzak testean lortutako puntuazio orokorra (gehienez 22 puntu) 0 eta 50 puntu artekoa izatera aldatuko da, hiruko erregela aplikatuz.
Ariketa zuzentzeko, izangaien anonimotasuna gordeko da.
4.– Laugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: gaitasun fisikoari buruzko proba. Proba hau 0 eta 80 puntu artean baloratuko da. Deialdiaren III. eranskinean deskribatzen diren lau ariketak egin beharko dira. Emaitzen balorazioa eranskin horretan bertan zehazten diren baremoen arabera egingo da.
Proba hau gainditzeko, beharrezkoa izango da ariketa bakoitzean gutxienez 10 puntu lortzea, eta gutxienez 40 puntu proba osatzen duten lau ariketen emaitzak batuta.
Ariketa fisikoak egitearen gaineko erantzukizuna parte-hartzaileena bakarrik izango da. Ariketak egiteko, bestalde, kirola egiteko ekipamendu egokia ekarri beharko dute.
5.– Bosgarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: elkarrizketa pertsonala. Helburua izango da neurtzea izangaiek jokabide eta konpetentzia egokiak dituzten deitutako lanpostuaren profil profesionaleko eginkizunak eta atazak betetzeko. Proba hau 0 eta 50 puntu artean baloratuko da, eta gutxienez 25 puntu lortu beharko dira gainditzeko. Proba hau baloratzeko, IV. eranskinean horretarako ezarritako baremoak erabiliko dira.
Proba hau egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute. Ez da puntuagarria izango, eta elkarrizketa egiteko oinarri gisa baino ez da erabiliko.
Eredu normalizatu baten arabera bete beharko dute curriculuma, eta kalifikazio-epaimahaiak hala erabakitzen duenean izango dute eskuragarri eredu hori.
Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.
1.– Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.
2.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta tokia gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez. Gainerako probak iragartzeko ondoz-ondoko iragarkiak ere hogeita bigarren oinarrian ezarritako eran jakinaraziko dira, gutxienez 72 ordu lehenago, eta kalifikazio-epaimahaiaren erabaki bidez.
3.– Kalifikazio-epaimahaiak eskumena izango du beste modu batean antolatzeko oposizioko probak eta gainerako ariketak egiteko hurrenkera –zazpigarren oinarrian ezarritakoa–, baita hainbat proba egun berean egitea erabakitzeko ere. Hala ere, proben edo ariketen emaitzak argitaratzeko, oinarri hauetan ezarritako ordenari jarraituko zaio. Gainera, proba edo ariketa baten emaitza argitaratzeko orduan, zazpigarren oinarrian azaldutako ordenari jarraituz aurrekoa gainditu duten izangaien emaitzak soilik argitaratuko dira.
4.– Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak edota ariketak garatzeko agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, ez agertzeko arrazoiak ezinbestekoak izan arren. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba edo ariketa hasita dagoela agertzen diren izangaiei.
Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago baditu, nahikoa izango da horietako batera ez agertzea edo berandu agertzea proba guztian ez agertutzat jotzeko.
5.– Salbuespen bat egingo da oposizioko laugarren proba egiteko (gaitasun fisikoari buruzko proba). Izan ere, proba hori egitera deitutako parte-hartzaileren batek medikoki egiaztatzen badu haurdunaldian, erditzen edo erdiondoan dagoela, proba atzeratzeko eskatu ahal izango du.
Kasu horretan, bi aukera izango dituzte proba fisikoa egiteko:
a) deialdi beraren barruan egitea, baina beti elkarrizketa pertsonalak amaitu aurretik, edo, bestela,
b) hurrengo deialdira arte atzeratzea, nahitaez hartu beharko dutela parte deialdi horretan. Bigarren kasu horretan, hurrengo deialdirako gordeko dira gainerako probetan lortutako puntuazioak (lehenengoan, bigarrenean, hirugarrenean eta bosgarrenean), betiere proba horiei eragiten dien aldaketarik egin ez bada deialdian. Proba fisikoak ez diren gainerako proben edukia edo puntuatzeko modua aldatu baldin bada, ezin izango dira kontuan hartu, eta izangaiak berriro egin eta gainditu beharko ditu. Hau da, proben edukian eta puntuazioan inolako aldaketarik izan ez duten proben emaitzak baino ez dira gordeko.
Hautaketa-prozesuaren fase guztiak egin eta gainditu ondoren, dagokien izendapena lortuko dute, eta jatorrizko sustapenarekin mailakatuko dira, dagozkien ondorio juridiko eta administratiboekin. Hala ere, hautaketa-prozesua zein promoziorekin amaitu duen, promozio horrekin hautatuko da destinoa.
6.– Proba eta ariketetara, indarrean den nortasun-agiri nazional, pasaporte edo gidabaimena ekarri beharko da, kalifikazio-epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango baitu agiri horietakoren bat erakusteko.
7.– Proba baztertzaile bakoitza amaitu ondoren, kalifikazio-epaimahaiaren erabaki bidez, hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenen emaitzak argitaratuko dira, hogeita bigarren oinarrian ezarritako eran, eta berariaz adieraziko da zer puntuazio lortu duten. Proba edo ariketen emaitzak hiru dezimal emanda argitaratuko dira.
8.– Hautagaiek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozeinetan egin ahal izango dituzte oposizioaren ariketak.
Bederatzigarrena.– Lehiaketa.
1.– Oposizio-fasea gainditu duten pertsonei bakarrik aplikatuko zaie lehiaketa-faseko kalifikazioa.
Oposizio-fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda jasotzen duen erabakia argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea ezarriko da merezimenduak alegatzeko.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik lortutako merezimenduak bakarrik ebaluatu ahal izango dira.
Alegatu edo egiaztatu ez diren merezimenduak ezin izango dira inola ere baloratu, ezta kontuan hartu ere.
3.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta bertan lortzen diren puntuazioak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-faseko probak gainditzeko.
4.– Lehiaketa-fasean, gehienez 80 punturekin baloratuko dira merezimenduak, baremazio honen arabera:
4.1.– Titulazio eta diploma ofizialak baloratuko dira, eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak onartutakoak bakarrik hartuko dira halakotzat.
Gehienez 30 puntu emango dira, baremo honen arabera:
a) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 1. mailako titulazio ofizialak (Kualifikazioen Europako Esparruko 5. maila): 10 puntu.
b) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 2. mailako titulazio ofizialak (Kualifikazioen Europako Esparruko 6. maila): 20 puntu.
c) Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. mailako edo goragoko titulazio ofizialak (Kualifikazioen Europako Esparruko 7. maila edo goragokoa): 30 puntu.
Titulazio bakarra baloratuko da, eta, nolanahi ere, aurkeztutako titulazioetatik maila goragokoena duena izango da baloratuko dena.
4.2.– Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea. Agiri bidez egiaztatu beharko da hizkuntza horien ezagutza, eta V. eranskinean jasotako ziurtagiri ofizialak bakarrik baloratuko dira. Apartatu honetan, 30 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez, xehetasun eta maila hauen arabera:
a) Tarteko maila (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila edo baliokidea): 5 puntu hizkuntza bakoitzeko.
b) Maila aurreratua (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila edo goragokoa, edo baliokidea): 10 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Hizkuntza bera ezin izango da maila batean baino gehiagotan baloratu eta, beraz, maila handienekoa baino ez da kontuan hartuko.
4.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente gisa emandako zerbitzuak: 0,05 puntu emandako zerbitzu-egun bakoitzeko; gehienez 20 puntu.
Emandako zerbitzuak alegatzeko eta egiaztatzeko, dagokion administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, Administrazio publikoan emandako aurretiazko zerbitzuak aitortzeari buruzko abenduaren 26ko 70/1978 Legearen I. eranskineko ereduari jarraikiz.
Hamargarrena.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea eta euskararen ezagutza-maila baloratzea.
1.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea.
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB) kontsulta eginez egiaztatuko dira euskararen hizkuntza-eskakizunak. Erregistro horretan 2. apartatuan aipatutako proba espezifikoetako lehen ariketaren aurreko egiaztatze-datarekin inskribatuta dauden hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat joko dira.
Erregistro horretan jasota ez dauden euskararen ezagutza-ziurtagiriak edo -tituluak dituztenek parte hartzeko eskabidean aurkeztu beharko dute egiaztagiria, edo, bestela, merituak alegatzeko fasean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren hizkuntza-eskakizunen baliokideak diren ziurtagiriak eta tituluak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan daude ezarrita.
2.– Hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten pertsonek horretarako deitutako proba espezifikoen bidez egiaztatu ahal izango dituzte hizkuntza-eskakizunak.
Horretarako, borondatezko proba bat edo batzuk egingo dira, eta haien zailtasun-maila bat etorriko da Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailarekin (2. hizkuntza-eskakizuna).
Proba hori edo horiek egiteko eguna, ordua eta lekua kalifikazio-epaimahaiaren erabakiaren bidez jakinaraziko dira, hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
3.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.
Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna (Administrazioko 2. hizkuntza-eskakizunaren baliokidea) nahitaezkoa ez duten lanpostuetarako izangaiei, 58 puntu emango zaie euskararen ezagutza-maila baloratzeko.
4.– Hautaketa-prozesu honen ondorioz lanpostu bat lortzen duten pertsonei dagokienez, baldin eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 mailari dagokion euskara-maila egiaztatu badute, edo maila hori aitortu bazaie, Ertzaintzako hizkuntza-eskakizun baliokidea ere aitortuko zaie, bat etorriz Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuarekin. Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian eratu den Hizkuntza Eskakizunen Erregistroan inskribatuko da egiaztatze edo aitortza hori.
Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrendak.
1.– Oposizio-lehiaketako guztizko puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batura izango da, eta horri gehituko zaio, hala badagokio, euskara ezagutzearen merezimendutzat ebaluatuko dena. Horrela zehaztuko da lehentasun-ordena izangaien artean.
2.– Sailkapenaren hurrenkeran puntuazio-berdinketarik badago, berdinketa horiek ebazteko, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritako irizpideak beteko dira. Hala ere, berdinketak bere horretan iraunez gero, oposizio-faseko bigarren proban puntu gehien lortu duenaren alde ebatziko da, eta, era subsidiarioan, euskararen jakintza baloratzeko proban puntu gehien lortu duenaren alde.
Hala ere berdinketak bere horretan badirau, lehentasuna izango du lehenengo abizenaren lehenengo letra funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozesuetan izangaien jarduketa-ordena ezartzeko egiten den urteko zozketa publikoaren ondoriozko letra duen izangaiak.
Kalifikazio-epaimahaiak zerrenda hauek onartu eta argitaratuko ditu:
a) Gainditu dutenen behin-behineko zerrenda, dagozkien kalifikazioen arabera eta puntuazio-ordena ezarrita, derrigortasun-data igarota duten hizkuntza-eskakizuna betekizun duten lanpostuei dagokienez.
b) Gainditu dutenen behin-behineko zerrenda, dagozkien kalifikazioen arabera eta puntuazio-ordena ezarrita, igarotako derrigortasun-data ezarrita ez duten hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuei dagokienez.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrenda horren aurka, interesdunek egoki iritzitako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, zerrenda hori argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Behin betiko zerrenda onartu aurretik ebatziko dira erreklamazio horiek.
3.– Epe hori igarota, epaimahaiak honako hauek onartu eta argitaratuko ditu, hogeita batgarren oinarriko zortzigarren apartatuan aurreikusitakoaren arabera eta bat etorriz hogeita bigarren oinarrian ezarritakoarekin:
a) Behin betiko zerrenda, dagozkien kalifikazioen arabera eta puntuazio-ordena ezarrita, derrigortasun-data igarota duten hizkuntza-eskakizuna betekizun duten lanpostuei dagokienez.
b) Behin betiko zerrenda, dagozkien kalifikazioen arabera eta puntuazio-ordena ezarrita, igarotako derrigortasun-data ezarrita ez duten hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuei dagokienez.
Hamabigarrena.– Destinoa aukeratzea.
1.– Zerrendetan ageri diren pertsonek, sailkapen-ordenari jarraituz eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunaren arabera, destinoa aukeratu ahal izango dute prozesuan parte hartzen duten administrazioen artean.
Eskabideak aurkezteko epea gutxienez hura ireki baino hiru egun natural lehenago jakinaraziko da, kalifikazio-epaimahaiaren erabakiaren bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren 66.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko, izangaien azken zerrenda bakar bati jarraituz esleituko dira deialdiko lanpostu hutsak, lortutako puntuazio-ordena eta berdinketa hausteko legez dauden irizpideak kontuan hartuta. Horretarako, hamaikagarren oinarriko 1. puntuan zehaztutako zerrenda erabiliko da.
Lanpostuak bide elektronikoz aukeratzeko, Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Destinoak eskabidearen eta lortutako puntuazio-ordenaren arabera esleituko dira izangaien artean, betiere eskatutako lanposturako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Destino guztiak beteko dira nahitaez, baldin eta izangaiek oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
Eskainitako destino guztiak benetan beteko direla ziurtatzeko, kalifikazio-epaimahaiak deialdiko lanpostuak baino izangai gehiagori eman diezaieke destinoa hautatzeko aukera, baina inola ere ezin izango dira esleitu deialdian benetan eskaini direnak baino destino gehiago.
Epaimahaiak argitara emango du horrela lortutako destinoen behin-behineko esleipena.
2.– Jarraian, egiaztatu egingo da ea betetzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 66. artikuluan xedatutakoa, emakumeek eta gizonek presentzia orekatua izan dezaten segurtasunaren zerbitzu publikoan.
Aipatutako lege-testuaren 66. artikuluan aipatzen den ehunekoaren helburua ez bada lortzen aipatutako artikuluan xedatutakoaren arabera, emakumezko izangaiak lehenetsiko dira gizonezko izangaien aurretik, harik eta lortu nahi den helburua bete arte, baldin eta:
a) Gaitasunak baliokidea izan behar du; zeina zehaztuko baita hautaketa-sistemako oposizio-faseko probak eta ariketak gaindituta.
b) Lehentasun hori aplikatuz hautatutako emakumezko hautagaiek ez badute % 15etik gorako puntuazio-diferentziarik baztertzen diren gizonezko hautagaien aldean oposizio-fasean eta, hala badagokio, lehiaketa-fasean, hautaketa-sistemaren arabera.
c) Beste izangaiak ez du izan behar neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duen lege-arrazoirik, hala nola enplegua lortzeko zailtasun bereziak dauzkaten beste kolektibo batzuetakoa izatea, sexu-diskriminazioa eragiten duten arrazoiak izan gabe.
Aurreko apartatuan adierazitako lehenespena ez da aplikatuko, baldin badago emakumezko funtzionarioen % 33 edo gehiago hautaketa-prozesuaren deialdiko kidegoan, eskalan eta kategorian.
Parte hartzen duten administrazioei buruz aipatutako 66. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, prozesuan parte hartzen duen administrazio bakoitzak eskainitako lanpostu kopuruaren araberako ordenari jarraituko zaio, handienetik txikienera, eta, berdinketa badago, ordena alfabetikoari.
Hamahirugarrena.– Hautatutako pertsonen zerrenda.
1.– Aurreko oinarrian ezarritako izapidea egin ondoren, epaimahaiak, hogeita batgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera, hautatutako pertsonen zerrenda onartu eta argitaratuko du, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzari eta hautaketa-prozeduran parte hartzen duten toki-korporazioetako organo eskudunei helaraziko die. Hautaketa-prozesua gainditu duten eta deitutako lanpostu kopuruan sartzen diren pertsonek osatuko dute zerrenda hori.
a) Hizkuntza-eskakizuna ezarrita duen lanposturen bat lortu dutenen zerrenda, esleitutako lanpostua adierazita.
b) Hizkuntza-eskakizuna ezarrita ez duen lanposturen bat lortu dutenen zerrenda, esleitutako lanpostua adierazita.
2.– Betekizunak egiaztatzea.
Aurreko apartatuan aipatutako zerrendak argitaratu ondoren, pertsona horiek behar diren izapideak egin beharko dituzte praktiketako funtzionario izenda ditzaten, Enplegu Publikoaren Atariaren bidez. Honela:
– Bigarren oinarriko 1. apartatuko i) letran ezarritako deklarazioa sinatzea: «Ez egotea sartuta desgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean, indarrean dagoen araudiaren arabera, praktiketako funtzionario izendapenak ondorioak dituen egunean».
– Hala badagokio, izendapena egiteko eta Gizarte Segurantzan alta emateko beharrezkoak diren datuak eta dokumentazioa aurkeztu.
Izangairen batek prozeduran zehar egiaztatu ezin izan diren agiriak alegatu baditu (izangaia berariaz aurka agertu delako edo laugarren oinarrian adierazitako erregistroetan ez dauden ziurtagiriak edo tituluak direlako), Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak agiri horiek aurkezteko eskatuko dio Enplegu Publikoaren Atariaren bidez.
3.– Betekizunak ez betetzea edo betetzen direla ez egiaztatzea.
Ez dira praktiketako funtzionario izendatuko aurreko apartatuan ezarritako errekerimendua betetzen ez dutenak; eta, orobat, parte hartzeko betekizunak egiaztatzetik edo medikuntza-arloko bazterketen taula egiaztatzetik ondorioztatzen bada izangairen batek ez duela betetzen eskatutako baldintza edo betekizunen bat edo alegatutako merezimenduren bat, ez da praktiketako funtzionario izendatuko.
Era berean, medikuntza-arloko bazterketen taula egiaztatzetik ondorioztatzen bada izangairen batek ez duela betetzen eskatutako baldintza edo betekizunen bat, ez da praktiketako funtzionario izendatuko.
Kasu horietan, ondoriorik gabe geratuko dira egindako jarduketa guztiak eta izendapena lortzeko eskuratutako eskubide guztiak, hargatik eragotzi gabe eskabidean datu faltsuak adierazteagatik izan lezaketen erantzukizuna.
Horrelakoetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du halako izangaiak hautaketa-prozeduratik baztertzea eta sailkapen-ordenaren lehentasun-hurrenkerari jarraituz ordeztea. Zehazki, aipatu bazterketaren ondorioz hautatuak direnek ordeztuko dituzte baztertutakoak, baldin eta aurretik egiaztatzen badute eskatutako baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela.
Hamalaugarrena.– Praktiketako funtzionario izendatzea.
1.– Hautatutako pertsonak, deialdiko baldintzak betetzen dituztela behar bezala egiaztatu badute, praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautaketa-prozesuan parte hartzen duten administrazio publikoetako organo eskudunak, eta izendapena hogeita bigarren oinarrian ezarritako eran jakinaraziko da.
Era horretan praktiketako funtzionario izendatutako pertsonak egoera horretan egongo dira prestakuntza-ikastaroa hasten denetik karrerako funtzionario izendatu arte, edo hautaketa-prozesutik baztertu arte.
2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ezarriko da prestakuntza-ikastaroaren hasiera-data.
Hamabosgarrena.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia.
1.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia, bakoitza bere aldetik, nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta, horiek gainditu ezean, hautagaia hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da, eta deialdi honi dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko eskubideak galduko ditu.
2.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia ezin izango dira batera egin, eta bakoitzaren iraupena edo bien iraupen metatua ezin izango da izan hogeita hamar hilabetetik gorakoa.
3.– Prestakuntza-ikastaroa.
a) Ikastaro akademiko bat izango da prestakuntza-ikastaroa, nahitaezkoa eta baztertzailea. Ikasketa-planean eta aplikagarri den araudian zehaztuko dira ikastaroaren edukiak, ebaluatzeko zein gainditzeko moduak eta iraupena.
b) Prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak argitaratuko ditu, hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako eran. Kalifikazio horiek ikasketa-planetan xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
c) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adieraziko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenak baztertuta geratzen direla.
d) Ikastaroaren lehenengo egunean prestakuntza-ikastarora bertaratzen ez direnak automatikoki baztertuko dira, salbu eta behar bezala egiaztatzen bada ezinbesteko arrazoiak egon direla eta aldez aurretik eskatzen bada. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebatziko du ea ezinbesteko arrazoiak egon diren, eta hari dagokio horri buruzko ebazpena ematea.
e) Prestakuntza-ikastarora ez agertzearen ondorioz lanposturen bat hutsik geratzen bada, hamabigarren oinarriko prozeduraren arabera plazarik adjudikatu gabe geratu den hurrengo pertsonari eskainiko zaio, eta hark beteko du baldin eta horretarako betekizunak betetzen baditu.
4.– Praktikaldia.
a) Prestakuntza-ikastaroa gainditzen dutenek praktikaldia egingo dute. Nolako jardun-arloan aritzen diren kontuan hartuta aukeratuko da praktikaldia egiteko zentro edo bulego egokiena, eta han izangaiek prestakuntza integrala eskuratu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuen egitura eta jarduna ikasiko dute.
b) Praktikaldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, honako hauek ezarriko dituena: praktikaldiaren iraupena, hura baloratzeko eta gainditzeko sistemak eta prozedurak, eta praktikarako destinoak eta horietan hasteko data. Ebazpen hori hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako eran argitaratuko da.
c) Praktikaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente kategoriari dagozkion egitekoak betetzean izangaiek zer-nolako eraginkortasun profesionala duten ebaluatuko da.
Ebaluazioan, praktikaldiak iraun bitartean gertatutako egitateak baino ez dira aintzat hartuko.
d) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak emango du praktikaldiko kalifikazioen berri, hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
e) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adieraziko du praktikaldia gainditu ez dutenak baztertuta geratzen direla.
Hamaseigarrena.– Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapena, eta karrerako funtzionarioen izendapena.
1.– Hautaketa-prozedurako behin betiko sailkapen-hurrenkera ezartzeko, batu egingo dira hautaketa-prozesuan, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian lortutako kalifikazioak. Sailkapen-hurrenkera desberdina izango da prozesuan parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuetako bakoitzerako. Hurrenkera hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da, hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako eran.
2.– Praktikaldia amaitu eta bi hilabeteko epean, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak proposatuta, dagozkion administrazio publikoetako organo eskudunak karrerako funtzionario izendatuko ditu oinarri hauen arabera hautaketa-prozesua gainditu duten izangaiak.
Ertzaintzari dagokionez, polizia-zerbitzuaren funtzionamendu hobea bermatzeko, eta kontuan hartuta barne-lehiaketan lanpostu hutsak eskaini behar direla eta agente-kategoriako langileak baldintza berberetan lehiatu behar direla, funtzionario sartu berriak hutsik dauden lanpostuetara atxikiko dira behin-behinean, eta hautaketa-prozesuko behin betiko sailkapen-hurrenkerari jarraituko zaio.
Zehazki, dagokion administrazioko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente izendatuko dituzte.
3.– Izendapena indarrean dagoen araudian ezarritako eran argitaratuko da.
Hamazazpigarrena.– Praktiketako funtzionarioen araubide juridikoa.
1.– Praktiketako funtzionario diren bitartean, sartu nahi duten kategoriako sailkapen-taldeari dagozkion soldataren eta aparteko ordainsarien baliokidea den ordainsaria jasoko dute dagokion administrazioaren eskutik. Ordainsari hori handitu egingo da praktikak lanpostu bat betez egiten badira, lanpostu horri esleitutako ordainsari osagarriekin.
2.– Praktiketako funtzionarioei, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia egiten duten bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren barne-araubidea eta barne-araudia aplikatuko zaie. Halaber, diziplina-araubidearen arabera irakaskuntza arloko diziplina-hutsegite hutsak ez diren egoeretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen diziplina-araubidearen arauak aplikatuko dira.
3.– Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia ez gainditzea, edo horietan ezgai kalifikazioa izatea, bai eta oinarri honetako aurreko paragrafoaren arabera astuntzat edo oso astuntzat jotzen den arau-hauste bat egiteagatik zehapen bat jasotzea ere, arrazoi espezifikoak izango dira hautaketa-prozesutik baztertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko prozesutik eratorritako eskubide guztiak galtzeko.
Era berean, prestakuntza-ikastaroan aplikagarri diren ebaluazio-irizpideekin bat etorriz, ikasketa-planean bildutako ikasgaien ebaluazio partzialetik ondorioztatzen bada izangairen batek ezintasun materiala duela prestakuntza-ikastaroa gainditzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izangaia baztertzea proposatu ahal izango dio praktiketako funtzionario izendatu duen organoari, ukitutako pertsonari entzun ondoren.
4.– Hautagai batek, prestakuntza-ikastarora askotan azaldu ez eta, Ikasketa Planean ezarritako huts egiteko gehienezko denbora gainditzen badu, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da berehala, barne-araudian ezarritakoarekin bat etorriz, non eta tartean ezinbesteko arrazoirik ez dagoen.
5.– Baimen edo lizentziaren bat hartu nahi bada eta, ondorioz, prestakuntza-ikastarora joan ezingo bada, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu beharko da, baina aldez aurretik Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Ikasketen eta Plangintzaren Alorreko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Arloko Burutzak baimendu beharko du. Prestakuntza-ikastaroan zehar zerbitzuaren beharren mende dauden lizentziak edo baimenak hartzeari dagokionez, zerbitzu-beharrak daudela ulertuko da, baldin eta nahitaezko irakaskuntza-jardueraren bat badago programatuta.
6.– Hautagai batek, praktikaldira askotan azaldu ez eta, hamabosgarren oinarriaren 4.b paragrafoan aipatzen den ebazpenean ezarritako huts egiteko epea gainditzen badu, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da berehala, non eta tartean ezinbesteko arrazoirik ez dagoen.
7.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ezinbesteko arrazoiak egon badaudela ikusten badu, praktiketako funtzionario izendatu duen organoari proposatu ahal izango dio hautagaiak osorik errepikatu dezala ikastaroa horretarako egiten diren hurrengo deialdietan, edo praktikaldia osorik errepikatu edo osatu dezala, hala egitea eragotzi zioten arrazoiak desagertzen direnean, eta berak hala eskatzen badu.
8.– Baztertzeko arrazoiren bat agertzen bada, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian ez da kalifikaziorik emango, harik eta irekitako baztertze-espedientea ebatzi arte.
9.– Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia egin bitartean hautaketa-prozesutik baztertzen direnek armak, dokumentazioa eta jasotako ekipamendu guztia itzuli beharko dituzte.
10.– Izangairen batek borondatez uzten baditu prestakuntza-ikastaroa zein praktikaldia, edo ez bada prestakuntza-ikastarora joaten ikasketa-planean aurreikusitako gehieneko denbora gaindituz, uko egin duen pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzultzeko eskatu ahal izango dio dagokion administrazioak, salbu eta ezinbesteko arrazoiak badaude karrerako funtzionario izendatu aurretik.
Hala, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:
– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera).
– Prestakuntza-ikastaroan zehar ordaindutako ordainsariak.
– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.
Hemezortzigarrena.– Medikuntza-arloko bazterketen taulara egokitzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia hautatu eta prestatzeko araudia onartzen duen Dekretua laugarren aldiz aldatzen duen azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuan, medikuntza-arloko bazterketen taula jasotzen da. Bada, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa-prozesuko edozein momentutan egiaztatu ahal izango du hautagaiak ez daudela sartuta taula horretako kasuren batean (2.1.e) oinarria).
2.– Horrekin batera, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian, edo horiek bukatu ondoren, praktikaldiko funtzionario izendatutakoei beharrezko jotzen diren proba medikoak egin ahal izango zaizkie, betiere 142/2022 Dekretuan jasotako medikuntza-arloko bazterketen taulara egokitzen direla egiaztatze aldera (142/2022 Dekretua, azaroaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia hautatu eta prestatzeko araudia onartzen duen Dekretua laugarren aldiz aldatzen duena). Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak mediku-epaimahai bat izendatuko du, eta hogeita bigarren oinarrian ezarritako eran emango da epaimahai horren osaeraren berri.
3.– Mediku-epaimahai hori mahaiburu batek, bi mahaikidek eta idazkari batek osatuko dute. Epaimahaia osatzean, emakumeek eta gizonek presentzia orekatua izan dezatela zainduko da.
4.– Hautaketa-prozesutik baztertzeko arrazoiren bat baldin badago, arrazoiak azaldu beharko dira mediku-epaimahaiak ematen dituen txostenetan. Gainera, jarraitzen den prozedurak beti errespetatuko du ukitutako pertsonak entzuna izateko duen eskubidea.
Izangairen bat aldi baterako ezintasun egoeran egonez gero proba medikoak egin behar zaizkion momentuan, mediku-epaimahaiak atzeratu ahal izango ditu proba mediko horiek, pertsonaren egoera aintzat hartuta.
5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adierazi beharko du ea izangairen bat prozesutik baztertu behar den medikuntza-arloko bazterketen taulan aurreikusitako arrazoiren baten ondorioz.
6.– Hogeita batgarren oinarriko 3. eta 8. apartatuetan jasotako arauak aplikatuko zaizkio oinarri honetan aurreikusitako mediku-epaimahaiari.
Hemeretzigarrena.– Bigarren oinarriko 1.f) apartatuko betekizuna.
Bigarren oinarriko 1.f) apartatuan ezarritako betekizuna egiaztatzeko, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, parte-hartzaileek baimena ematen diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralean eska dezan ziurtagiri bat, egiaztatzen duena izangaia ez dela izan kondenatua dolozko delituagatik, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia edo funtzio publikoak egiteko desgaitua ere.
Baimen hori hautaketa-prozesuaren edozein unetan eskatu ahal izango da, idatziz eta izangaiak sinatuta.
Oinarri honen lehenengo paragrafoan adierazitako ziurtagiria lortu ezin bada, deialdia egin duen organoak izangaiei eskatu ahal izango die ziurtagiri hori aurkezteko, gehienez 10 egun balioduneko epean.
Hogeigarrena.– Ebatzi gabeko zigor- edo administrazio-prozedura.
1.– Hautaketa-prozesuan parte hartzen duen izangairen bat zigor- edo administrazio-prozedura batean sartuta badago, edo aurrerago sartzen bada, eta, horren ondorioz, litekeena bada dolozko delitu batengatik kondenatua izatea, administrazio publikoen kidegoren bateko zerbitzutik bereiztea edo funtzio publikoak egiteko desgaitua izatea, izangai horrek aukera izango du hautaketa-prozesuan parte hartzeko, horretan jarraitzeko eta dagokion kategorian sartzeko, baldin eta aipatutako prozeduretan kondenatzen ez badute edo zerbitzutik bereizten ez badute.
2.– Aurreko oinarrian aipatutako alderdiak edo bereziki intereseko jo litezkeen beste batzuk egiaztatze aldera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiak zinpeko adierazpen bat aurkezteko eskatu ahal izango die halako izangaiei, hautaketa-prozesuan sartuta dauden bitartean.
Adierazpen horretan hautaketa-prozesua gainditzeko esanguratsuak izan daitezkeen datuak ezkutatu edo datu faltsuak emanez gero, barne-araubidean aurreikusitako erantzukizunak eragingo dira.
Hogeita batgarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.
1.– Oposizio-lehiaketako probak eta merezimenduak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte-hartzaileak hautatzeko, kalifikazio-epaimahai bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren aurreikuspenen arabera.
2.– Izendapena eta osaera.
2.1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izendatuko du kalifikazio-epaimahaia.
2.2.– Hau da taldearen osaera:
– Mahaiburu bat; hiru mahaikide, Eudelek proposatuta izendatuak hautaketa-prozesuan parte hartzen duten toki-korporazioen artetik; Segurtasun Sailak proposatuta izendatutako bi mahaikide, idazkari bat (hitza izango du, baina botorik ez) eta dagozkien ordezkoak.
– IVAPek proposatuta izendatutako pertsona bat; kalifikazio-epaimahaiko kidea izango da deialdian hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezarritako probetan.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emango da argitara, hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako moduan, zeinek osatzen duten kalifikazio-epaimahaia eta zein diren haien ordezkoak.
Inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioetara egokituta osatu behar da epaimahaia, bai eta emakume eta gizonen ordezkaritza orekatura egokituta ere.
Kalifikazio-epaimahaiko kideak beti izango dira kide norberaren izenean, hau da, ezin dira kide izan inor ordezkatuz edo inoren kontura.
Espezialitate-printzipioari jarraikiz, boto-eskubidea duten kide guztiek izan beharko dute sartzeko eskatzen den ikasketa-maila bereko edo goragoko titulazioa, eta kideen erdiek, gutxienez, jakintza-arlo bereko titulazioa.
Hauek guztiak ezin izango dira izan kalifikazio-epaimahaiko kide: hautaketa edo izendapen politikoko langileak, behin-behineko langileak, bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako lan-kontratudunak, ezta azken bost urteotan enplegu publikoan sartu nahi zuten izangaiak prestatzen ibili direnak ere.
Ordezkaritza orekatuaren printzipioari jarraikiz, justifikatutako ezintasunik ez badago, kalifikazio-epaimahaia orekaz eratuko da, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonei begira. Ordezkaritza orekatutzat joko da sexuetariko bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea.
2.3.– Abstenitzea eta errekusatzea. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ezin izango dute parte hartu, arrazoi pertsonal edo profesionalengatik edo bestelakoengatik, euren inpartzialtasuna zalantzan egon daitekeen kasuetan, ezta indarreko ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako egoeretan ere.
Kalifikazio-epaimahaia osatuko duten kideei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluetan bildutako abstenitzeko eta errekusatzeko arrazoiak aplikatuko zaizkie.
3.– Kalifikazio-epaimahaiaren jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duten arauen araberakoa izango da.
Epaimahaikideek kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo horretako arautegiarekin bat etorriz.
Halaber, probetan zaintze- eta kontrol-lanak egiten dituzten langileek bidezko kalte-ordainak jasoko dituzte, indarreko arautegiarekin bat etorriz.
Kalifikazio-epaimahaiak garatu eta ebaluatuko ditu hautaketa-sistema osatzen duten probak, eta, zeregin horretan, autonomia funtzional osoz jardungo du. Horrez gainera, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Kalifikazio-epaimahaia aholkulari espezialisten partaidetzaz baliatu ahal izango da bere lanetan. Aholkulari espezialista horiek aholkularitza eta laguntza teknikoa baino ez dute emango euren espezialitateen jardunaren gainean. Aholkulariek ere jardun beharko dute objektibotasun-, inpartzialtasun- eta isilpekotasun-printzipioen arabera.
5.– Kalifikazio-epaimahaiak, hautaketa-sistema garatzeko, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoenaren gainean egoki iritzitako neurriak hartu ahal izango ditu. Halaber, oinarrioi buruzko interpretazio– eta aplikazio-arazoak ebatzi ditzake, eta bai bere funtzioak betetzeko sortzen diren arazoak ere.
6.– Idazkiak bide elektronikoz aurkeztuko zaizkio kalifikazio-epaimahaiari. Horretarako, inprimakia bete edo dokumentua igo ahal izango da enplegu publikoaren atarian, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/akademia
Kalifikazio-epaimahaiak ez ditu aintzat hartuko bestelako bitartekoen bidez bidaltzen diren erreklamazio, alegazio eta abarrak.
Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan izango du helbidea epaimahaiak.
7.– Kalifikazio-epaimahaiak ezingo ditu hautatu gisa deklaratu deialdiko lanpostuak baino izangai gehiago. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.
8.– Kalifikazio-epaimahaiaren erabakiak hogeita bigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.
Hogeita bigarrena.– Argitalpenak.
Hautaketa-prozesu honetan sortzen diren argitalpenak Euskal Enplegu Publikoaren Atarian egingo dira, helbide elektroniko honetan:
https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/akademia
Hautaketa-prozesuan zehar, aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da prozesuaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako.
Era berean, informazio hori eskuragarri egongo da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren iragarki-taulan agertuko da argitalpen digitalaren inguruko iragarkia, jaulkipen-data adierazita.
Helbide elektronikoan argitaratzen den data erabakigarria izango da epeen ondorioetarako.
Helbide elektronikoan egiten diren argitalpen guztiak SMS bidez jakinaraziko zaizkie telefono mugikorraren zenbakia eman duten parte-hartzaileei. Abisua bidaltzen ez bada ere, guztiz baliozkoa izango da jakinarazpena.
Hogeita hirugarrena.– Aldi baterako lan-poltsa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta Udaltzaingo Zerbitzuen beharren arabera, hautaketa-prozedura gainditu baina lanposturik lortu ez dutenek aukera izango dute udaltzaingoaren bitarteko agenteen indarreko lan-poltsan sartzeko, hala xedatzen denean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Lan-poltsa horretan sartzeko, eskatzen diren betekizunak bete beharko dituzte pertsona horiek, eta lan-poltsan sartzeko eskatzen den prestakuntza egin beharko dute.
Lehendik eratuta dagoen zerrendako azken izangaiaren atzetik sartuko dira beti aipatutako poltsan.
Hogeita laugarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkara dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak bete beharko dira –Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan daude jasota–.
Deialdi honetatik, epaimahaien jardueratik eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoen jardueratik ondorioztatzen diren administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako modu eta kasuetan.
Arkauti, 2026ko irailaren 9a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
JON GURUTZ GOMEZ GOICOLEA.
RSS