Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2026ko urriaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
4545

EBAZPENA, 2026ko urriaren 20koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko Hezibi programan 2026ko ekitaldirako aurreikusitako dirulaguntzen oinarri arautzaileak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2026ko urriaren 19ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko Hezibi programan aurreikusitako dirulaguntzen 2026. urterako deialdiaren oinarriak onartu ditu, Lanbideren estatutuen 11.j) artikuluan ezarritakoarekin bat –estatutu horiek apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartu ziren–.

Estatutuen 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publiko horren zuzendari nagusiari dagokio oinarriak argitara eman daitezen agintzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko Hezibi programan aurreikusitako dirulaguntzen 2026. urterako deialdiaren oinarriak. Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2026ko urriaren 19ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta ebazpen honen eranskinean jasota dago.

Bigarrena.– Jakinaraztea dirulaguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Aditzera ematea ezen, gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko Hezibi programan aurreikusitako dirulaguntzen 2026. urterako deialdiaren oinarriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 20a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
GAZTEEK PRESTAKUNTZA ETA LANA TXANDAKATZEKO Hezibi PROGRAMAN AURREIKUSITAKO DIRULAGUNTZEN 2026KO EKITALDIRAKO OINARRI ARAUTZAILEAK

Ikas-ekinezko prestakuntza (prestakuntza eta lana txandakatzen dituena) tresna bereziki egokia da aldi berean eskuratu daitezen konpetentzia profesionalak eta lan-esperientzia. Gainera, gazteei lan-merkatuan sartzeko bidea errazten die, eta lagundu egiten du enpresen kualifikazio-beharrak eta langileek hartutako konpetentziak hobeto egokitzen.

Gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko Hezibi programaren helburua da, hain zuzen ere, ikas-ekinezko prestakuntza hori sustatzea. Hala, lan ordaindua eta prestakuntza uztartuta, partaideen enplegagarritasuna hobetuko nahi da, eta, aldi berean, EAEko ekoizpen-sarean eskuragarri dauden profesional kualifikatuen prestutasuna indartu.

Abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretuak (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurriena) aldatu egin zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua. Horrela, prestakuntza-kontratuak arautzen dituen 11. artikulua birformulatu zuen, eta, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren ordez, lana eta prestakuntza txandatzeko kontratua (ikas-ekinezko kontratua) jarri zuen; gainera, kontratu horren iraupena aldatu zuen, hiru hilabetetik bi urtera gehienez ere.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1 artikuluari jarraikiz (dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen), Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak esleituta dituen eginkizunen eta jardun-eremuen artean daude «Enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, dekretu honen 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoa da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago. Besteak beste, enpleguko, lanerako prestakuntzako eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzen ditu, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako ente publikoaren estatutuen 4.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Egitasmo nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa ematea da, askotariko prestakuntza-eskaintzekin.

Gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko Hezibi programa finantzatzeko dirulaguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 ekitaldietarako dirulaguntzen plan estrategikoan daude aurreikusita. Plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen, hala agintzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan. Plana Lanbideren web-orrian argitaratuko da (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Dirulaguntza horiek planean jasotako helburu estrategikoari laguntzen diote: «aukera-berdintasuna, euskal enplegu-politikaren funtsezko ardatz gisa». Dirulaguntzon helburua da lanarekin txandakatutako prestakuntza sustatzea, lanbide-ziurtagiriak ateratzen ari diren langabeak kontratatuz eta modalitate horri heltzen dioten prestakuntza-zentro eta enpresei gastuak ordaintzen lagunduz, kudeaketa-lan handiagoa egin behar izaten baitute ikasle horientzako bitartekaritzan, tutoretzan eta ebaluazioan.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko horretako Administrazio Kontseiluak, 2026ko urriaren 19ko bilkuran, onartu egin ditu gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko Hezibi programan aurreikusitako dirulaguntzen 2026. urteko deialdiaren oinarri hauek:

1. artikulua.– Oinarrien xedea eta baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xedea da 2026ko ekitaldirako arautu daitezela gazteek prestakuntza eta lana txandatzeko Hezibi programaren esparruan garatutako jarduketak finantzatzeko erabiliko diren dirulaguntzak, lerro hauen bidez:

a) Hezibi programaren esparruan ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuak formalizatzen dituzten enpresentzako dirulaguntzak, kontratu horiek egikaritu bitartean garatzen den prestakuntza-jarduera finantzatzeko.

b) Lanbide-ziurtagiriei lotutako ikas-ekinezko prestakuntza-proiektuak garatzearekin lotutako kostu osagarriak finantzatzeko dirulaguntzak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Hezibi programa finantzatzeko, 3.000.000 euro bideratuko dira. Zenbateko horretatik, 900.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.100.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari, 4105/2620 aurrekontu-partidaren kontura.

Zenbateko horiek % 25 handitu daitezke, hala badagokio, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahalko dituzte Hezibi programan onartutako prestakuntza-proiektuen esparruan ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuak formalizatzen dituzten eta deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten enpresek.

Parte hartzen duten enpresek lantokiak izan beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lantoki horietan garatu beharko dute Hezibi programaren esparruan egindako lan-jarduera.

2.– 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahalko dituzte Hezibi programaren esparruan onartutako lanbide-ziurtagiriei lotutako ikas-ekinezko prestakuntza-proiektuak garatzen dituzten prestakuntza-entitateek.

Prestakuntza-entitateek gaikuntza egokia eduki beharko dute kasuan kasuko prestakuntza-ekintzak emateko, araudi aplikagarriaren arabera. Era berean, enpresek edo enpresa-elkarteek zuzenean ikas-ekinezko prestakuntza-proiektuak sustatuko ahalko dituzte, baldin eta kasuan kasuko lanbide-ziurtagiriei lotutako prestakuntza emateko araudi aplikagarrian ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta horretarako instalazio, ekipamendu eta langile egokiak badituzte.

3.– Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean dauden entitateak:

a) Epai irmo baten bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorra ezarrita izatea, edo zigorra ezarrita izatea prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.

b) Konkurtso boluntarioaren deklarazioa eskatuta izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota egotea, konkurtsoan deklaratuta egotea –salbu eta horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada–, esku-hartze judizialaren mende egotea, edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza-aldia igaro gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazita egotea, dena delako kausagatik errudun deklaratzeagatik.

d) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, entitate edo enpresa eskatzaileak espresuki aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

h) Epai edo administrazio-ebazpen irmo baten bidez kondenatuta edo zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta izatea, kondena- edo zehapen-aldia igaro gabe egonik, arrazoi hauengatik, besteak beste:

– Sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera –testu bategin hori abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen–.

i) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausa bat edukitzea, hauek barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatu-araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

j) Zehapena ezarrita izatea arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

k) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurriak hartu gabe egotea.

l) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

m) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

n) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 2., 3. eta 5. apartatuetan xedatzen diren egoeretako batean egotea.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan aipatutako egoeraren bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da; adierazpen hori eskaera-formularioaren parte izango da.

5.– Entitate eskatzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartuko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Konpromiso hori dirulaguntza eskatzeko formularioan sartuko den erantzukizunpeko adierazpenaren parte izango da.

4. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko moduko jarduketak eta gastuak.

Dirulaguntzak jasotzeko moduko jarduketen hartzaileak izango dira ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu bat formalizatzeko eskatutako betekizunak betetzen dituztenak eta Hezibi programaren esparruan garatutako prestakuntza-proiektuetan parte hartzen dutenak.

Deialdi honen babesean, jarduketa hauek lagundu daitezke diruz:

a) 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari dagokionez:

Enpresek garatu duten prestakuntza-jarduera, Hezibi programaren esparruan egindako eta lan-araudi aplikagarrian araututako ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuen bidez kontratatutako pertsonen gainean. Kontratuaren iraupena kasuan kasuko lanbide-ziurtagiriari lotutako lanbide-konpetentziak eskuratzeko beharrezkoa den hori izango da.

Hezibi proiektuaren esparruan ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuak formalizatzen dituzten enpresek prestakuntza-jarduerarako akordio bat sinatu beharko dute prestakuntza emango duen zentroarekin eta partaidearekin.

Akordio horretan, datu hauek jasoko dira, gutxienez: nortzuk diren partaideak, nortzuk izango diren tutoreak, zein prestakuntza-ekintza sartuko den kontratuan, zein izango den lan- eta prestakuntza-jardueraren programazioa, zein egutegi eta ordutegi aurreikusten diren, nola emango den prestakuntza, eta zein diren ikas-ekinezko prestakuntza ondo garatzeko beharrezkoak diren gainerako baldintzak.

Enpresak eta prestakuntza-zentroak tutore bat izendatuko dute, partaide bakoitzak garatutako lan- eta prestakuntza-jardueraren jarraipena egin dezan.

Bi tutoreak koordinatuta arituko dira ikas-ekinezko prestakuntza-proiektua ondo garatzen dela bermatzeko.

Dirulaguntza emango da, deialdi honetan ezarritako dirulaguntza emateko moduko aldian formalizatzen diren ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuen zioz.

b) 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari dagokionez.

Lanbide-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-proiektuak Hezibi programako ikas-ekinezko prestakuntza eta laneko modalitatera egokitzearen ondoriozko kostu osagarriak. Prestakuntza-jardueran, prestakuntza osagarria sartu ahalko da, enpresen eta partaideen beharrei erantzuteko. Horren barruan sartzen da lan-arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza espezifikoa.

Dirulaguntza hori deialdi honetan ezarritako dirulaguntza emateko moduko aldian zehar garatutako prestakuntza-proiektuei emango zaie, eta proiektuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aldez aurretik onartutako ikas-ekinezko prestakuntza-proiektuen esparruan garatuko dira. Proiektu horiek berariaz identifikatuko dute zein den garatu beharreko prestakuntza-ekintza, zeintzuk diren parte hartzen duten enpresak, zein den prestakuntza-zentro arduraduna, nortzuk parte hartzen duten eta zein den lan- eta prestakuntza-jardueraren programazioa. Prestakuntza-proiektuen xedea izango da, beraz, ikas-ekinezko araubidean garatutako lan- eta prestakuntza-jarduera uztartu eta lanbide-ziurtagiri bat lortzea.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari lotuta, dirulaguntzaren zenbatekoa 2.000 eurokoa izango da ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu bakoitzeko eta iraupen-urteko.

Kontratuaren iraupena hamabi hilabetetik beherakoa bada, dirulaguntza haren benetako iraupenaren arabera kalkulatuko da.

2.– 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroari lotuta, dirulaguntzaren zenbatekoa 400 eurokoa izango da lanbide-ziurtagiriei lotutako ikas-ekinezko prestakuntza-kontratu batera sartutako partaide bakoitzeko.

3.– Ikas-ekinezko kontratua aldez aurretik azkentzen bada edo beste edozein egoeraren ondorioz aldez aurretik amaitu behar bada diruz lagundutako jarduketa, dirulaguntza benetan egindako aldiaren proportzioan likidatuko da.

4.– Dirulaguntzen behin betiko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da zein den, batetik, benetan formalizatutako ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuen kopurua eta, bestetik diruz lagundutako prestakuntza-proiektuetara benetan sartutako partaideen kopurua.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak jasotzeko eskaerak elektronikoki soilik izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntzarako aplikazio informatikoaren bidez (LanF), eta entitatearen legezko ordezkariak izenpetu beharko ditu elektronikoki.

Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten entitateek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute sarbidea: https://www.lanbide.euskadi.eus

2.– Enpresetarako administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1038117. Bertan, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dira.

Prestakuntza-entitateetarako administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1038116. Bertan, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dira.

3.– Eskaerak aurkezteko, horretarako prestatutako formulario normalizatuak erabiliko dira, eta, eskaerarekin batera, deialdian aurreikusitako dirulaguntza-lerro bakoitzerako eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Dirulaguntza-lerro bakoitzerako eskatu daitekeen dokumentazio espezifikoa prozedurako informazio-fitxa egokietan aurkitu ahalko da.

1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-lerroko eskaerak ikas-ekinezko prestakuntza-proiektua azaltzen duen memoria batean sartu beharko dira. Bertan, hainbat datu jaso beharko dira, gutxienez hauek: jarduketaren justifikazioa, prestakuntza eta lanerako aurreikusitako egutegiak, eta ikas-ekinezko araubidean garatzeko egin beharreko egokitzapenak. Era berean, ikas-ekinezko prestakuntza-proiektuan parte hartzen duten enpresek langileak kontratatzeko konpromisoa dutela jaso beharko da, bai eta partaide bakoitzerako aurreikusitako lan- eta prestakuntza-jarduerari buruzko informazioa ere.

4.– Eskaerak elektronikoki izapidetu ahalko dira ordezkari baten bidez. Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistro Elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/erregistroa/ahalerr/web01-sede/eu/

5.– Eskaera aurkeztu osteko izapideak, zuzenketak, dokumentazio gehigarriak, kontsultak eta jakinarazpenak Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira.

6.– Eskaerak aurkeztean, dirulaguntzak arautzen dituen araudian eta deialdi honetan eskatutako erantzukizunpeko adierazpenak ere sartu beharko dira.

Era berean, eskaera aurkezteak baimena emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari dirulaguntzak kudeatzeko beharrezkoak diren datuak ofizioz egiazta ditzan. Salbuespena izango da, baldin eta legez hala dagokionean espresuki aurka egiten bazaio.

7.– Dirulaguntza-eskaerak aurkezteko gehieneko epea hilabetekoa izango da, diruz lagunduko den ikas-ekinezko prestakuntza-kontratuari dagokion lan-harremana hasten denetik zenbatzen hasita.

8.– Entitate eskatzaileen ardura izango da eskaeran jasotako datuak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak izatea.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enplegu eta Prestakuntzako zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura segidako ematea izango da.

Eskaerek deialdiaren baldintzak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn argitaratuko da laguntza horiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla, eta, beraz, ukatu egingo dira ebazteko zain dauden eskaerak.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta ebazpena banan-banan jakinaraziko da, LanF aplikazioaren bidez.

4.– Eskaerak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, ezetsitzat hartu beharko da dirulaguntzaren eskaera.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko diru-kopurua jaso duten.

8. artikulua.– Enpresa eta prestakuntza-entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak; zehazki, hauek:

a) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, baita dokumentu elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueretan behar badira ere.

b) Hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketen mende jartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea edozein administrazioren edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu baditu deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeretakoren bat aldatu bada.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako finantzaketaren berri espresuki ematea diruz lagundutako jarduketa guztietan, bai eta jarduketa horietatik sortzen diren ekintzetan ere.

f) Langileen legezko ordezkariei jakinaraztea deialdi honen babespean zein kontratu egin diren eta zein diren haiei lotutako funtsezko baldintzak.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jarraipeneko informazioa eta dokumentazioa ematea, baldin eta diruz lagundutako prestakuntza-proiektuen garapena, egikaritza eta ebaluazioa neurtzeko halakorik eskatzen bada.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Deialdi honen babespean emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira.

Lehenengo ordainketaren zenbatekoa emandako dirulaguntzaren % 30ekoa izango da, eta emakida-ebazpena ezarri eta entitate onuradunak dirulaguntza onartzean emango da, baldin eta espresuki uko egiten ez badio.

Bigarren ordainketa, bestetik, diruz lagundutako jarduketa amaitutakoan eta deialdi honetan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan egingo da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako egiaztapen-jarduketetan ondorioztatzen bada benetan garatu den jarduerak hasieran emandakoa baino dirulaguntza baxuagoa behar duela, dagokion likidazioa egingo da, eta soilik bidezkoa den zenbatekoa ordainduko da.

2.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du. Helbide hauetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1060701 edo https://www.euskadi.eus/servicios/1060702

10. artikulua.– Emandako dirulaguntzen justifikazioa.

1.– Diruz lagundutako jarduketa egin dela justifikatzeko eta emandako dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa zehazteko, entitate onuradunek azken memoria justifikatzailea aurkeztu beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, gehienez ere hilabeteko epean ikas-ekinezko prestakuntza-kontratua amaitzen denetik, edo, hala badagokio, diruz lagundutako jarduketa amaitzen denetik.

2.– Azken memoria justifikatzaileak egiaztatu beharko du diruz lagundutako jarduketa benetan egin dela. Halaber, datu hauek jaso beharko ditu:

a) Zein den entitate onuraduna.

b) Nortzuk diren partaideak.

c) Noiz hasi eta amaitu den diruz lagundutako jarduketa.

d) Nolakoak izan diren garatutako jarduketak.

e) Dirulaguntza-lerro bakoitzeko dokumentazio justifikatzaile espezifikoa.

3.– 1.a) artikuluan aurreikusitako lerroaren babespean emandako dirulaguntzen kasuan, memoria justifikatzaileak datu hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

a) Nor izan den tutorea.

b) Nolakoak izan diren egindako tutoretza-jarduketak.

c) Zein izan den tutorearen urteko soldata gordina.

d) Zein den hitzarmen kolektiboan ezarritako urteko lanaldia, edo, hala badagokio, tutoreari aplika dakiokeena.

e) Zenbat ordu eskaini zaizkion tutoretzari.

f) Zenbateko kostua egotz dakiokeen diruz lagundutako jarduketari, zeregin horretan benetan emandako denboraren proportzioan zehaztuta.

4.– 1.b) artikuluan aurreikusitako lerroaren babespean emandako dirulaguntzen kasuan, memoria justifikatzaileak berariaz egiaztatu beharko du benetan egikaritu duela ikas-ekinezko prestakuntza-proiektua, eta datu hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

a) Zein den diruz lagundutako prestakuntza-proiektua.

b) Nortzuk diren proiektura sartutako partaideak.

c) Noiz egikaritu den prestakuntza-proiektua.

d) Nolakoak izan diren prestakuntza eta lana txandakatuz ikas-ekinezko prestakuntza-proiektua egokitzeko eta garatzeko egindako jarduketak.

e) Partaideak ikas-ekinezko prestakuntza-proiektuan benetan sartu direla egiaztatzeko dokumentazioa.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak behar adina dokumentu osagarri eskatu ahalko ditu diruz lagundutako jarduketak zuzen egin direla eta emandako dirulaguntzak era egokian justifikatu direla egiaztatzeko.

6.– Aurkeztutako dokumentazio justifikatzailea aztertutakoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak zehaztuko den zein den dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa, eta, hala badagokio, dagokion likidazioa egingo du.

Egindako egiaztapen-jarduketen zioz diruz lagundu beharreko zenbatekoa txikiagoa bada hasieran emandakoa baino, laguntzaren zenbatekoa txikiagotu egingo da, eta dagokion likidazioa egin.

11. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea; nolanahi ere, eutsi egin beharko zaie deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoei.

Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 40. artikuluan esandakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira helburu bererako beste edozein erakunde publiko edo pribatuk eman ditzakeen beste dirulaguntzekin, Gizarte Segurantzako kotizazioaren murrizketak izan ezik.

13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Dirulaguntza ordaintzerik ezingo da exijitu, eta, hala badagokio, dirulaguntzen arloan jasotako zenbatekoak osorik edo partzialki itzuliko dira, eta aplikatzekoak diren atzerapen-interesak ere bai, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirulaguntza itzuli egin behar dela erabakitzen den datara arte, edo zordunak itzulketa egin duen datara arte, data hori erabakia baino lehenagokoa bada, baldin eta laguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako betebeharrak eta baldintzak urratu badituzte, edo aipatutako 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausa batean badaude.

Zehazki, kasu hauetan itzuli beharko da dirulaguntza:

a) Ez bada justifikatzen jarduera egin izana eta dirulaguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintzak eta betekizunak bete izana.

b) Dirulaguntza jasotzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egiten bazaie edo oztopoak jartzen badira.

e) Deialdi honetan aurreikusitako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak betetzen ez badira.

e) Ez bada betetzen deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun.

f) Ikasle-langileak uko egiten badio Hezibi programaren esparruan garatutako prestakuntzan jarraitzeari edo ikas-ekinezko prestakuntza-kontratua azkendu egiten bada langileari berari egotz dakiokeen arrazoiren baten ondorioz, dirulaguntza likidatu egingo da, kontuan hartuta enpresan benetan noiz hartu zuen baja eta zein izan den ordura arte benetan garatu zuen jarduketa.

g) Ikas-ekinezko prestakuntza-kontratua azkentzen bada enpresa onuradunari egotz dakiokeen arrazoiren baten ondorioz, dirulaguntza jasotzeko eskubidea osorik azkenduko da, eta jasotako zenbatekoak itzuliko dira.

Hala ere, kontratua azkentzeko arrazoia urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat bada, galdu egingo da ordaintzeke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea. Kasu horretan, ez da eskatuko dagoeneko jaso diren zenbatekoak itzultzerik.

h) Programa egikaritzen den bitartean, enpresa onuradunak epai irmo bidezko kondena jasotzen badu laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak egiteagatik, zehapen irmoa jasotzen badu gai horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik, zigor edo administrazioko zehapena jasotzen badu eta, ondorioz, dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera galtzen badu, edo beste edozein legezko debekuren ondorioz ezin badu dirulaguntzarik lortu, besteak beste sexuan oinarritutako diskriminazioak edo legez aurreikusitako beste edozein kausa egiteagatik, azkendu egingo da dirulaguntza osoa jasotzeko eskubidea, eta jasotako zenbatekoak itzuliko dira.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen egitatea –edo egitateak– jakinarazteko, eta, hamabost egun balioduneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioak edo dokumentuak aurkezteko eskatuko dio.

3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du.

Dirulaguntza itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion zenbatekoak itzultzeko betebeharra ekarriko du.

Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, diru-bilketari buruzko araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera zorra konpentsatu behar denean izan ezik.

5.– Itzuli behar diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako. Erantzukizunen araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

Betekizunen bat betetzen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak zehaztuko du zein den itzuli beharreko zenbatekoa, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz. Horretarako, kontuan hartuko du diruz lagundutako jarduketa egin izana zenbateraino egiaztatu den, zein diren behar bezala justifikatutako kostuak, eta zein benetan egin diren jarduketak. Halaxe egingo da, edonola ere, baldin eta ez-betetze hori ez bada aski arrazoi dirulaguntza osoa itzultzeko.

14. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistika-helburuekin erabiltzea ere. Biltzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak egikaritzeko eta legezko betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

15. artikulua.– Aplikagarria den araudia.

Deialdi honetan espresuki aurreikusi ez diren kontuetan, dirulaguntzen arloko indarreko araudia aplikatuko zaio dirulaguntza-programa honi; zehazki: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura garatzen duen erregelamenduaren oinarrizko legedia –erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen–.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Deialdia argitaratu baino lehen aurkeztutako eskaerak.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian indarrean jarri baino lehen Hezibi programara aurkeztu ziren dirulaguntzen eskaerak deialdiaren arabera modu egokian aurkeztutzat joko dira, eta ez da beharrezkoa izango entitate interesdunek beste eskaera bat egitea.

Eskaera horiek oinarri arautzaile hauetan jasotako aurreikuspenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak beharrezkoa den dokumentazio osagarria eskatu ahalko du, espedienteak deialdi honetan ezarritako eskakizunetara egokitzeko.


Azterketa dokumentala