
206. zk., 2026ko urriaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 3 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4538
EBAZPENA, 2026ko urriaren 2koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, «Instalación Fotovoltaica de 2,9 MWn / 3,471 MWp FV Arganzón» izeneko proiektua, Iruña Okako udal-mugartean (Araba), onura publikokoa dela deklaratzeko.
Espediente zk.: 01GEY 202500029
AURREKARIAK
Deskarbonizazioko zuzendariaren 2025eko martxoaren 5eko Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio-baimena eta eraikuntza-baimena eman ziren Iruña Okako udal-mugartean (Araba) «Argantzon» instalazio fotovoltaikoaren eta ebakuazio-azpiegituren proiektu exekutiboa proiektuari dagokion instalaziorako.
2025eko ekainaren 6an, Fotovoltaica Comunion II SLk onura publikoko deklarazioa eskatu zuen «2,9MWn/3,471mwp Argantzon instalazio fotovoltaikoa» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, Iruña Okako udal-mugartean (Araba).
Jendaurreko informazio sektorialaren izapidea hasi zen, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitakoa. Horretarako, dagozkion iragarkiak argitaratu ziren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 2025eko azaroaren 10eko 216. zenbakian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialaren 2026ko urtarrilaren 21eko 9. zenbakian eta El Correo egunkariaren 2025eko azaroaren 21eko Arabako edizioan, eskatzaileak nahitaez desjabetzekotzat jotzen dituen ondasunen eta eskubideen zerrenda zehatza eta banakoa barne.
Era berean, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako kontsultak egin ziren, eta aurreproiektuaren edo proiektuaren separata bat eman zitzaien administrazio, organismo edo, hala bazegokion, zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien ardurapeko ondasun eta eskubideei eragiten zien heinean, eskatutako baimena hilabeteko epean eman edo uka zezaten.
Gaiak eragiten dien administrazio publikoak eta kontsultatutako erakundeak honako hauek izan ziren:
• Iruña Okako Udala Araba).
Udalaren aldetik ez zen txostenik edo alegaziorik jaso.
Jendaurreko izapideak iraun bitartean, 2 alegazio partikular jaso ziren, eduki berekoak.
Alderdi hauei buruzkoak ziren alegazio horiek:
1.– Forma- eta prozedura-akatsak plan berezia izapidetzean.
2.– Lurzoruaren hirigintza-sailkapenarekiko bateraezintasuna.
3.– Interes publikoa eta lurzoru urbanizaezinean ezartzeko beharra ez justifikatzea.
4.– HAPOa ez betetzea, lurzoru urbanizaezinean gehienez % 10eko okupazioa izatea.
5.– Araba Erdialdeko Lurraldearen Zatiko Plana urratzea.
6.– Korridore ekologikoen sareari eta ingurumen arloko euskal araudiari eragitea.
7.– Memoriaren eta lurzoruan benetan izango den eraginaren arteko kontraesana.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).
2.– Xedapen hauetan jasotako erregelamenduzko izapideak bete dira espedientean: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1954ko abenduaren 16ko Legea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzkoa; 1957ko apirilaren 26ko Dekretua, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duena; 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, Argindarra garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta argindarreko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena.
3.– Ordezkaritza honetan aurkeztutako alegazioen harira, honako hau adierazi behar da:
• Instalazio fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziaren hasierako onarpenari eta jendaurrean jartzeari buruzko alegazioak aurkeztu ziren. Lehen aipatutako alderdietatik, 1etik 5era artekoak eta 7. puntua ez dira Ordezkaritza honen eskumenekoak, hirigintza-arlokoak direlako, eta, beraz, ezin dira prozedura honetan onartu.
• 6. puntua, ingurumen-araudiari buruzkoa, ezin da onartu, proiektuaren jendaurreko informazioaren izapidearen xede ez delako, eta, dituen ezaugarriengatik, ez dagoelako ingurumen-ebaluazioaren mende.
4.– Sektore Elektrikoaren Legeak, 54. 1 artikuluan, energia sortzeko instalazioak onura publikokotzat jotzen ditu, haiek ezartzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzeari eta bide-zorra baliatzeari dagokienez.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak hau
EBAZTEN DU:
Honako proiektu honen instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea: «Instalazio fotovoltaikoa, 2,9 MWn/3,471 MWp FV Argantzon», Arabako Iruña Okako udalerrian, Fotovoltaica Comunion II SLk sustatua.
Deklarazioak, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan ezarritakoaren arabera, berekin dakar eragindako ondasunak okupatu edo eskubideak eskuratu beharra, eta, horri lotuta, berehalako okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako, lege beraren 53. artikuluan adierazitako erregistro-ondorioak dituela. Era berean, dagokion baimena izateko eskubidea ere izango du, instalazio elektrikoa Estatuaren edo autonomia-erkidegoen jabetza, erabilera edo zerbitzu publikoko lurretatik nahiz ondare-lurretatik, edo probintzia edo udalerriaren erabilera publikoko lurretatik, propioetatik edo komunaletatik, igarotzeko edo horiek okupatzeko; baita horien obra edo zerbitzuetarako eta zortasun-zonetarako ere.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 2a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,
JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.
RSS