Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2026ko urriaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4534

EBAZPENA, 2026ko irailaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «Oiartzungo (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehenengo aldaketa: hiri-lurzoruaren legezko egokitzapenak eta hiri-lurzoruaren eta lurzoru ez-hiritarraren arteko muga birformulatzea»ri buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2026ko ekainaren 5ean, Oiartzungo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, honi buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko: «Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehenengo aldaketa: hiri-lurzoruaren legezko egokitzapenak eta hiri-lurzoruaren eta lurzoru ez-hiritarraren arteko muga birformulatzea» –aurrerantzean, Plana–. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko uztailaren 2an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago. Era berean, Oiartzungo Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri beharko dira, nahitaez, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago, zeinetan aurreikusten baita zer planek eta programak behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko planak edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.

Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Natura 2000 Sareko espazioei ere ez die eragiten, ezta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako araubideren bat duten espazioei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea Planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehenengo aldaketa: hiri-lurzoruaren legezko egokitzapenak eta hiri-lurzoruaren eta lurzoru ez-hiritarraren arteko muga birformulatzea»ri buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Oiartzungo Udalak indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu zuen 2015eko martxoaren 25eko osoko bilkuran, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2015eko maiatzaren 12an argitaratutako erabakiaren bidez.

Planaren xedea da indarrean dagoen hirigintza-esparrua argitzea, aplikatzekoa den araudi sektorialarekiko koherentzia hobetzea eta plangintzaren eta lurraldeko errealitatearen arteko ziurgabetasun- edo disfuntzio-egoerak murriztea.

Hiri-lurzoruan, mugaketak zuzendu dira; HAPO egokitu da zenbait arau-aldaketetara –Jarduera Ekonomikoen Lurralde Plan Sektorialera eta Donostiako aireportuko zortasun aeronautikoak aldatzen dituen ekainaren 13ko 521/2023 Errege Dekretura–; eta doikuntzak egin dira eremu hauetan:

– ALT-1 Altzibar Zaharra: 2015ean onartu ez zen HAPOko eremua. Kendu egin da eraikin berriak egiteko aukera, muga hidraulikoen arabera; eremua berriz mugatu da, eta haren perimetrotik kanpo utzi dira Oiartzun ibaiaren eta Karrika errekaren eskuineko ertzean dauden lursailak (lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu dira), eta Arditurri eta Xorrola lotuko dituen bidegorri-tartea integratu da. Ez da hirigintza-eraldaketa berririk sartu.

– Elizalde-Landetxe (ELI-1A): eremuaren mugaketa egokitu da, Hirigune Historikoko BPBrekin bat etor dadin.

– ALT-4/Olaldeko jolasgune estalia: HAPOn sartu da Altzibar auzoko jolasgune estali/frontoiaren kokapena.

– ARR-3A Ordainlekua/Arragua Hegoa Larrezabaleta Ordainlekua: mugaketa doitu da, autobiderako desjabetutako lurzoru jakin batzuk Bide Sistema Orokor gisa kalifikatzeko.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, zuzenketa eta egokitzapen hauek egin dira: lehendik dauden erabilerak erregularizatu; sailkapen okerrak zuzendu; eremuak jada eginda dauden azpiegituretara egokitu; eta lurzoru jakin batzuk sistema orokorretan edo kategoria egokiagoetan sartu. Zehatzago azalduta:

– AIU KAR-1/Karrika: bide-sistema orokorrean sartu da auzoaren sarreran dagoen lurzoru urbanizaezina, zeina gaur egun aparkaleku publiko modura erabiltzen baita.

– ALT-3 Altzibar Hegoaldeko aparkalekua: erregularizatu egin da behin-behinean aparkaleku gisa erabiltzen den lurzoru urbanizaezina: haren sailkapenari eutsi zaio (bide-sistema orokorrari atxikitako lurzoru urbanizaezina) eta baztertu egin da berau ALT-3 eremuaren hirigintza-garapenean sartzeko aukera. Horrela, bide-sistemari lotutako aparkaleku publikoaren erabilera finkatu da, eraikigarritasuna handitu gabe eta 2015eko HAPOn aurreikusitako hirigintza-oreka aldatu gabe.

– AIU UGA-10/Ugaldetxoko Poligonoa (Juansendo): tarte baten sailkapen formala zuzendu da, haren erabilera eta hiri-egoera gorabehera urbanizaezin gisa agertzen jarraitzen baitzuen.

– LAN-4 Usategieta Zerbitzugunea: eremua egokitu da, 2021ean eraikitako Garraio Zentro Integrala barne hartzeko.

– UGA-3 Mendibil parkea: parke eta espazio libreen sistema orokorrean sartu da Inmobiliaria de Oriorekin trukea eginez eskuratutako lursailen zati bat, zeina AIU UGA-3/Txara eremuan integratuta baitago (Mendibil parkea). Gaur egun, zuhaizti bat dago inguru horretan. Trukatutako gainerako lursailek balio estrategiko altuko lurzoru urbanizaezinak izaten jarraituko dute; nekazaritza-erabilerari eutsiko zaio, eta ezingo da hirigintza-eraldaketa gehiagorik egin.

– AIU KAR-1 Angulas Mayozen lurzatia, Karrikan: HAPOren dokumentazioan zegoen akats grafiko bat zuzendu da. Izan ere, Angulas Mayozen instalazioek okupatutako lurzatiaren zati bat sistema orokortzat kalifikatuta zegoen, oker. Proposamenak dagokion sailkapena emango dio lurzoru horri (okupazio antropikoko lurzoru urbanizaezinaren kategoria), egungo erabilerari eutsita, eta plangintzaren dokumentazio grafikoa egokituko du eremuaren errealitate fisiko eta funtzionalera.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da aurreikusten Planetik hirigintza-eraldaketako prozesu garrantzitsu berririk edo oin berriko urbanizazio-jarduketarik eratortzea. Planak ez du aldatzen 2015eko HAPOk definitutako lurralde-eredua, eta ez ditu handitzen lurzoru urbanizagarriaren azalera, aurreikusitako eraikigarritasuna edo erabileren intentsitate globala.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, aztertu da zein diren lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak, erabakitzeko ea Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu behar zaion ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan zer-nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak Oiartzungo udal-mugarteko hainbat lurralde-eremu hartzen ditu. Hala ere, ingurumen-dokumentu estrategikoak azaltzen duenez, proposamen hauek bakarrik izan dezakete eragina ingurumenean: lurzoru urbanizaezinari buruzko zehaztapenek eta ALT-1/Altzibar Zaharra eremuaren aldaketekin lotutakoek.

ALT-1 Altzibar Zaharra eremutik Oiartzun ibaia igarotzen da, eta UGA-3 Mendibil parkea (mendebaldeko muturra), berriz, ibai horren ertzean dago. AIU KAR-1/Karrika eta AIU KAR-1 Angulas Mayozen Lurzatia eremuak Karrika ibaiaren aldamenean daude. ALT-1 Altzibar Zaharra, AIU KAR-1/Karrika eta AIU KAR-1 Angulas Mayozen lurzatia eremuen inguruan, sare hidrologikoa Kantauri Ekialdeko Demarkazioko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan dago sartuta, espezie mehatxatuen interes bereziko eremu gisa (ugaztun hauek babesteko: desman piriniotarra eta bisoi europarra). Gainera, aipatutako erregistroaren arabera, Planaren eremu osoa mantenugaien ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-gunean kokatzen da. Oiartzun ibaia, bai eta Karrika erreka ere, Angulas Mayozen lurzatitik aurrera eta ibaian behera, LAGen azpiegitura berdean sartuta daude bilbe urdin gisa.

Planaren eremuan ez dago Natura 2000 Sareko naturagune babesturik, ez eta babestutako beste naturagunerik ere. Bestalde, eremuak ez dauka ezein inbentario edo katalogotan jasotako paisaia-baliorik edo kultura-ondare izendatutako elementurik, eta ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan jasotako geologia-intereseko lekurik –baina bai, ordea, LIG 71 «Oiartzun ibaiaren terrazak» geologia-intereseko lekuaren eragin-eremuan dauden leku batzuk–. Dena dela, Planaren eremuak Funtzionaltasun Ekologikorako Intereseko Eremu bat (FEIE) ukitzen du: Gipuzkoako Azpiegitura Berdearen proposamenaren GAB-DO-05 kodea (Gipuzkoako Foru Aldundia, 2019). Eremuak Aiako Harriko N.P. eta Bonatxoko erreka lotzen ditu, eta erreka horrek, bere aldetik, beste FEIE batzuk lotzen ditu.

Planaren xede diren eremuetan askotariko landare-unitateak daude; haien artean nabarmentzen da, duen interesagatik, harizti azidofiloak eta harizti-baso misto atlantikoak osatutako unitatea, UGA-3 Mendibil parkean eta ALT-1 Altzibar Zaharrean; unitate hori aurki daiteke, halaber, AIU KAR-1/Karrika eremuaren eta AIU KAR-1 Angulas Mayozen lurzatiaren ondoko ibaiertzetan. Gainerako landaredia erruderal-nitrofiloa da, eta horrez gain belardiak, labore atlantikoak eta baratzeak daude. Gainera, ALT-1 Altzibar Zaharrean eta UGA-3 Mendibil parkean, ibaiertzeko landaredia Batasunaren lehentasunezko intereseko habitat modura dago sailkatuta: 91E0* Ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra.

Planaren eremua –ALT-1 Altzibar Zaharra, eta AIU KAR-1/Karrikaren eta Angulas Mayozen lurzatiaren ingurua– bat dator bisoi europarra eta desman piriniotarra kontserbatzeko interes bereziko eremuekin (2004ko maiatzaren 12ko Foru Agindua eta 2004ko maiatzaren 12ko Foru Agindua, hurrenez hurren). Planaren eremuan ez da identifikatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ez eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) izendatutako abifaunarentzako babes-eremurik ere.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Planaren eremuan ibaien uholde-arriskua duten eremu batzuk daude (ALT-1 Altzibar Zaharra, AIU KAR-1 Angulas Mayozen lurzatia eta, puntualki, UGA-3 Mendibil parkea). Horrez gain, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekuak daude (AIU KAR-1, Angulas Mayozen lurzatia, zeina bat baitator aipatutako inbentarioko 20063-00147 kodeko kokalekuarekin). Bestalde, kontuan izan behar da AIU KAR-1 Angulas Mayozen lurzatia hurbil dagoela baso-sutearen arrisku oso handiko eremu batetik. Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da hauteman akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiaren edo oso handiaren ondoriozko arriskurik, ez eta sismikotasunaren ondoriozkorik ere; era berean, ez da identifikatu errepide edo trenbide bidezko salgai arriskutsuen garraioari lotutako arrisku handirik edo oso handirik, ez eta SEVESO III Zuzentarauaren mende dauden enpresetatik gertu egotearen ondoriozkorik ere.

Aurrekoa ikusita, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak lurzoru urbanizaezinean bideen/aparkalekuen erabilerak finkatzearekin eta bidegorriak eta espazio publikoak prestatzearekin lotuta daude; alegia, jarduketa hauekin: AIU KAR-1 eremuari dagokionez, bide-sistema orokorrean integratzea gaur egun aparkaleku publiko gisa erabiltzen den lurzoru urbanizaezina; Altzibar Hegoaldeko aparkalekuan, bide-sistema orokorrari atxikitako lurzoru urbanizaezina finkatzea; ALT-1 Altzibar Zaharrari dagokionez, mendebaldeko tartea birsailkatzea eta Juansendoko aparkaleku-zerrenda bat aitortzea, eta bidegorri bat eta harekin lotutako urbanizazio-lan txikiak egitea; UGA-3 Mendibil parkean, berriz, okupazioa soilik gauzatuko da baldin eta sistema orokorrean sartzeko lanetan egokitzapenak gainazal gogorren bidez egin behar badira. Nolanahi ere, aurreikus daitezkeen eraginak obra txikiekin lotuta egongo dira: makinen joan-etorriak, hondakinak sortzea, soberakinak sor ditzaketen lur-mugimenduak, ustekabeko isurketek urei eta lurzoruei eragiteko arriskua, emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenak, etab.

Bestalde, positibotzat jo da ALT-1/Altzibar Zaharra eremuan eraikitzeko aukerak araudi hidraulikora egokitzea, eta eremu horretatik kanpo uztea Oiartzun ibaiaren nahiz Karrika errekaren eskuinaldean dauden lursailak –lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuko dira–.

Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.

C) Ebazpen honetan, beherago aipatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, planak ez dezan ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik eragin, eta ez dadin beharrezkoa izan «Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehenengo aldaketa: hiri-lurzoruaren legezko egokitzapenak eta hiri-lurzoruaren eta lurzoru ez-hiritarraren arteko muga birformulatzea»ren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak bertan txertatzen badira.

Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

– Eremu batzuetako uholde-arriskuari dagokionez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetako 45. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

– Karrikan 09 industrialdeko 095 lurzatiaren zati bat bide-sistema orokorrari atxikitzeari dagokionez –E-6 planoaren arabera, 1.748 m2-ko azalera du zatiak–, ziurtatu beharko da jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuari dagozkion bost metroak, gutxienez, kalifikazio urbanistiko horretatik kanpo geratzen direla. Planak ukitzen dituen bisoi europarraren eta desman piriniotarraren interes bereziko eremuei dagokienez, espezie horien kudeaketa-planean ezarritakoa beteko da.

– Planak ziurtatu beharko du haren proposamenek ez dutela eraginik izango kultura-ondareko elementu hauetan, araudi erregulatzailearen arabera: Mikelete kaleko 14. zenbakian dagoen etxea eta Ugarteola-Txokorrene zubia, ALT-1 Altzibar Zaharra eremuan, bai eta 79.9. elementua ere (meatze-trenbidea), Mendibil parkean.

– Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ukitzeari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehenengo aldaketa: hiri-lurzoruaren legezko egokitzapenak eta hiri-lurzoruaren eta lurzoru ez-hiritarraren arteko muga birformulatzea»k ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Oiartzungo Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ez bada onartzen «Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehenengo aldaketa: hiri-lurzoruaren legezko egokitzapenak eta hiri-lurzoruaren eta lurzoru ez-hiritarraren arteko muga birformulatzea». Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala